Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2024ko abuztuaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
3848

169/2024 DEKRETUA, uztailaren 23koa, zeinaren bidez Asociación «Mukwano-Lagun» para la ayuda de la infancia en África izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzen baita.

Asociación «Mukwano-Lagun» para la ayuda de la infancia en África izeneko elkartea onura publikokoa deklaratu zen irailaren 28ko 215/2021 Dekretuaren bidez.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuak arautzen ditu onura publikoa aitortzea lortzeko, mantentzeko eta ezeztatzeko bete behar diren baldintzak eta prozedura.

Horrez gain, aipatutako ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 44. artikuluak –zeina onura publikoko elkarteen betebeharrei buruzkoa baita– ezartzen du onura publikoko aitorpena duten elkarteek aurreko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak aurkeztu behar dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, ekitaldi hori amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45. artikuluaren arabera, onura publikoaren aitorpena Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez ezeztatu ahal izango da, baldin eta aitorpen hori eragin zuten betekizunak betetzen jarraitzen dela egiaztatzen ez bada edo elkarte mota horri dagozkion betebeharrak behin eta berriz eta modu larrian urratzen badira.

Babesletzaren 2024ko uztailaren 11ko txostenean adierazitakoaren arabera, elkarteak ez du konplitu kontuak epearen barruan aurkezteko betebeharra, 2021eko eta 2022ko ekitaldiei dagokienez. Ez-betetze hori larritzat eta behin eta berriz egindakotzat kalifikatu da Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2024ko uztailaren 12ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horrek amaitutzat ematen du elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzeko hasitako prozeduraren instrukzioa, dagozkion informazio-eginbideak eta gainerako izapideak egin ondoren, eta dekretu hau ematea proposatzen du. Hori guztia, uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren 21.– 27. artikuluetan xedatutakoa betez.

Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, emandako txostena eta instruitutako prozedura azterturik, Geboernu Kontseiluak 2024ko uztailaren 23an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Asociación «Mukwano-Lagun» para la ayuda de la infancia en África izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzea, aitorpen horri dagozkion betebeharrak larriki eta behin eta berriz ez betetzeagatik.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BAKARRA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke aurretik.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko uztailaren 23an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala