Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2024ko abuztuaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
SEGURTASUN SAILA
3844

165/2024 DEKRETUA, uztailaren 23koa, zeinaren bidez Asociación Vasca para la Defensa de la Seguridad Vial «Stop Violenciavial» / Bide Segurtasunaren Defentsarako Euskal Elkartea «Stop Bide Indarkeria» izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzen baita.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte, eta, gainera, artikulu horretan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

Aitorpen hori Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu bidez egiten da, Onura Publikoko Elkarteei eta horien Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den espedientea izapidetu ondoren, eta diskrezionala da, elkarte eskatzaileak garatutako helburuek eta jarduerek merezi duten balorazioaren arabera.

Ildo horretatik, 2024ko otsailaren 19an, Asociación Vasca para la Defensa de la Seguridad Vial «Stop Violenciavial» / Bide Segurtasunaren Defentsarako Euskal Elkartea «Stop Bide Indarkeria» elkarteak aitorpen hori eskatu zuen, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari zuzendutako idazki baten bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/23115/2020 zenbakiarekin inskribatuta dago, 2020ko martxoaren 3ko Ebazpenaren bidez.

Elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere eginkizunak, eta bide-segurtasunaren arloko kontzientziazioarekin eta sentsibilizazioarekin eta biktimei arreta ematearekin lotutako helburuak lortzera bideratzen ditu bere jarduerak.

Onura publikoa aitortzeko eskaerari entitate hauek atxiki zaizkio: Durangoko Udala, Arabako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Lagun Aro SA Aseguruak.

Bestalde, 2024ko maiatzaren 10ean, Segurtasun Sailak elkartea onura publikokoa dela aitortzearen aldeko txostena egin zuen, zeren eta txostena egitea eskatu baitzioten elkartearen xedeen gaineko eskumena duelako.

Azkenik, 2024ko uztailaren 11n, aldeko txostena eman zuen babesletzak; hau da, onura publikoko elkarteen babesletzaren arloan eskumena duen eta espedientearen instrukzioaz arduratzen den organoak. Txosten horretan, onura publikoa aitortu aurretik bete beharreko lege- eta erregelamendu-betekizun guztiak betetzen direla justifikatzen da, kasuan kasuko sailek proposatuta.

Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren eta Segurtasuneko sailburuaren proposamenez, ente eta antolakunde interesdunek emandako txostenak azterturik, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko uztailaren 23an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Asociación Vasca para la Defensa de la Seguridad Vial «Stop Violenciavial» / Bide Segurtasunaren Defentsarako Euskal Elkartea «Stop Bide Indarkeria» izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzea eta, horrenbestez, aitorpen horri dagozkion eskubideak onartzea (elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/B/23115/2020 zenbakiarekin).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko uztailaren 23an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

Segurtasuneko sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala