Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2024ko abuztuaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
OSASUN SAILA
3843

164/2024 DEKRETUA, uztailaren 23koa, zeinaren bidez Asociación Retina Bizkaia Begisare: Asociación de Distrofias Hereditarias de la Retina de Bizkaia izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzen baita.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen du onura publikokotzat aitortu ahal izango direla Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak, baldin eta, beren jardueren bidez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen betetzen badituzte eta, gainera, artikulu horretan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.

Aitorpen hori Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu bidez egiten da, Onura Publikoko Elkarteei eta horien Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den espedientea izapidetu ondoren, eta diskrezionala da, elkarte eskatzaileak garatutako helburuek eta jarduerek merezi duten balorazioaren arabera.

Ildo horretatik, 2023ko abenduaren 4an, Asociación Retina Bizkaia Begisare: Asociación de Distrofias Hereditarias de la Retina de Bizkaia izeneko elkarteak aitorpen hori eskatu zuen, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari zuzendutako idazki baten bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/20219/2016 zenbakiarekin inskribatuta dago, 2016ko uztailaren 19ko Ebazpenaren bidez.

Bere funtzioen lurralde-eremuak Bizkaiko Lurralde Historikoa hartzen du, eta, eratu zenetik, bere helburu nagusiak lortzera zuzentzen ditu bere jarduerak eta, bereziki, ikusmen desgaitasuna duten pertsonen giza eskubideak defendatzera, osasun-arloko lankidetzara eta ikerketa-lanak sustatzera, eta pertsona guztien gizarteratzea eta berdintasuna sustatzera.

Onura publikoa aitortzeko eskaerarekin bat egin dute entitate hauek: Observatorio Nacional de Enfermedades Raras Oculares, Asociación Es Retina, Retina Araba Begisare, Retina Gipuzkoa Begisare, Bilbo-Basurtuko ESla, Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalea eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea.

Bestalde, 2024ko maiatzaren 15ean, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak elkartea onura publikokoa dela aitortzearen aldeko txostena egin zuen, zeren eta txosten hori egitea eskatu baitzioten gaiari buruzko eskumena duelako.

Azkenik, 2024ko uztailaren 11n, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzak aldeko balorazio-txosten teknikoa eman zuen. Txosten horretan, onura publikoa aitortu aurretik bete beharreko lege- eta erregelamendu-eskakizun guztiak betetzen direla justifikatzen da, kasuan kasuko sailen proposamenez.

Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren eta Osasuneko sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2024ko uztailaren 23an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Asociación Retina Bizkaia Begisare: Asociación de Distrofias Hereditarias de la Retina de Bizkaia izeneko elkartea onura publikokoa dela aitortzea eta, horrenbestez, aitorpen horri dagozkion eskubideak onartzea (elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/B/20219/2016 zenbakiarekin).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko uztailaren 23an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

Osasuneko sailburua,

ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.


Azterketa dokumentala