Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2024ko uztailaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
3733

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 15ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez ontzat ematen baita «Anoetako geltokiko komunikazio-proiektua».

Datozen urteetan Donostiako Trenbide Pasantea martxan jartzeko egindako eskari-azterketek bidaiari-kopurua nabarmen handituko dela aurreikusten dute. Trenbide-pasante berri horrek hiru geltoki berri irekitzea dakar, Bentaberri eta Kontxarako irisgarritasuna hobetuz.

Anoetaren kasuan, gaur gaurkoz 3.000 bidaiari inguru ditu egunean, eta kopuru hori epe luzera hiru aldiz biderkatu daitekeela uste da. Horren ondorioz, eta egoera berri hori kontuan hartuta, geltokiaren funtzionaltasuna aztertu behar izan da. Izan ere, gaur egun geltoki horrek sarbide bakarra du Amararako noranzkoan, eta geltokia egokitu beharko da, nasa-eremuan.

NFPA-130/2014 arauan ezarritako zehaztapenetan oinarritutako irizpideak betetzeak berekin dakar geltokira sartzeko bigarren atondo bat eduki beharra eta, hala badagokio, beharrezko larrialdi-irteerak aztertu eta diseinatu beharra.

Ildo horretan, sarbide berri hori egiteko eta dagoen sarbidea birmoldatzeko beharrezkoa den obra zibileko eta arkitekturako proiektua egiten ari dira. Proiektu horretan ez dira sartzen lotutako instalazioak, ez eta lehendik dauden instalazioetan egin daitezkeen aldaketak ere.

Horrenbestez, beharrezkoa da Anoetako geltokiko bigarren atondoko instalazioak definitzea, bai eta lehendik daudenak egokitzea ere, ETSren diseinu-irizpideetara egokitutako estazio bat izatea lortuko bada.

Proiektuaren xedea Anoetako geltokiko bigarren atondoko instalazioen proiektua idaztea da (I. lotea. Komunikazio-proiektua). Bertan, instalazio horiek definitu eta balioztatuko dira, instalatzeko eta abian jartzeko behar diren obrak kontrata bidez egiteko.

Atondo berria egin eta dagoena birmoldatzeko instalazio berriak sartzen dira bertan. Halaber, Anoetako geltokiko komunikazio-instalazioak diseinatu, fabrikatu, hornitu, instalatu, probatu eta martxan jartzea barne hartzen du, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintza egokiak dituen ustiapen-sistema bat izatea lortzeko, Euskal Trenbide Sareak ezarritako eskakizunen arabera.

Obraren helburua honako hau da:

• Anoetako geltokian, bi atondoetan (berria eta birmoldatua), ustiapen-baldintzak optimizatzeko komunikazio-instalazioak jartzea, Euskal Trenbide Sareak ezarritako eskakizunen arabera.

• Handitutako geltokia Amarako aginte-postutik ustiatzea ahalbidetzea.

Proiektu honen xedea ez da geltokiko obra zibileko edo arkitekturako jarduketak egitea, ezta ticketing-sistemaren ekipamendua ere. Hala ere, horiekin guztiekin dauden interfazeak deskribatzen dira proiektuan.

Halaber, proiektu honen xedea ez da tren-instalazioen hornidura elektrikoko instalazioetan jardutea (2,2 kV sarea, BT koadroak, etab.). Xedea da, ordea, aipatutako koadro elektrikoetatik komunikazio-ekipamendura kableatu elektrikoa ezartzea.

Proiektua egikaritzeko aurrekontua hirurehun eta hogeita hamalau mila hirurehun eta hogeita bat euro eta laurogeita hamasei zentimokoa da (334.321,96). Horrek esan nahi du lizitaziorako oinarrizko aurrekontua laurehun eta laurogeita bat mila hirurehun eta laurogeita hamar euro eta hemeretzi zentimokoa (481.390,19) dela, BEZa barne; eta Administrazioak horren berri izateko aurrekontua: hirurehun eta laurogeita hamazazpi mila zortziehun eta berrogeita hiru euro eta hamahiru zentimokoa (397.843,13), BEZa kanpo.

Obrak egiteko hamaika (11) hilabeteko epea aurreikusten da.

Euskal Trenbide Sareko (ETS) Zerbitzu Teknikoek egiaztatu dute proiektu honek bere xedeari erantzuten diola eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrak eskatutako baldintzak betetzen dituela, kontrata bidez egikaritzeko behar diren alderdi nahikoak jasotzen baititu; halaber, maila formalean berrikusi dute proiektua, eta berresten dute bete egiten duela Sektore Publikoko Kontratuen Legean eta Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorrean ezarritakoa, maila formalean, beharrezko dokumentuak eta indarrean dagoen araudia sartzeari dagokionez, edukiari, sinadurei eta alderdi formalei, beharrezko kalkulu-oinarri eta -hipotesiei eta Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 233.1 artikuluan zerrendatutako edukiari dagokienez.

Organo honek eskumena du trenbide-sareko proiektuak egiteko eta onartzeko, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 2021eko urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta oro har aplikatu beharrekoak ikusita, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– «Anoetako geltokiko komunikazio-proiektua» onartzea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua, BEZa barne, laurehun eta laurogeita bat mila hirurehun eta laurogeita hamar euro eta hemeretzi zentimokoa (481.390,19) da, eta obrak egiteko epea hamaika (11) hilabetekoa izango dela aurreikusi da.

Bigarrena.– Eraikuntza-proiektu hau onartzeak berekin dakar obrak onura publikokoak edo interes sozialekoak direla deklaratzea, okupatzeko beharra adieraztea eta dagokion eraikuntza-proiektuaren beraren eranskinean zerrendatuta dauden erasandako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen okupatu behar direla adieraztea.

Ebazpen hau ez da behin betikoa administrazio-bidean, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Idazki hori organo honi edo Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari bidali beharko zaio.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, bi (2) hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien aretoan, hargatik aldez aurretik errekerimendua egitea eragotzi gabe, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 15a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria.

(Urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren xedapen gehigarria, ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren lehen xedapen iragankorraren arabera indarrean dagoena).

Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordea,

LUIS PEDRO MARCO DE LA PEÑA.


Azterketa dokumentala