Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2024ko uztailaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUN SAILA
3699

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 23koa, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ebazten baita Eibar, Elgeta eta Bergarako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) Basalgo parke eolikoa jartzeko administrazio-baimena eskatzeko lehia-prozedura.

Espediente-zk.: 20-GEY-2024-00007.

AURREKARIAK

1.– 2024ko maiatzaren 9an, Arena Power Solar 10 SLU sozietateak aurretiazko administrazio-baimena eskatu zuen Eibar, Elgeta eta Bergarako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) Basalgo parke eolikoa jartzeko proiekturako.

2.– Maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuaren 4. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, eskaera hori jendaurrean jarri zen, lehian beste eskabide batzuk aurkezteko aukera emateko, eta iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen, 2024ko maiatzaren 24an, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2024ko maiatzaren 24an.

3.– Arauz aurreikusitako epean ez da lehiarako baimen-eskaera gehigarririk aurkeztu.

OINARRI JURIDIKOAK

1.– Energia elektrikoa ekoizteko parke eolikoak eraikitzeko, aurretiazko administrazio-baimena eskuratu behar dela ezartzen dute Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 21. artikuluak, Energia elektrikoaren garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoan parke eolikoetako energia eolikotik energia elektrikoa ekoizten duten instalazioei baimena emateko prozedura arautzen duen maiatzaren 28ko 115/2002 Dekretuak.

2.– Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariak, 115/2002 Dekretuan emandako ahalmenez baliatuz, hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Arena Power Solar 10 SLUren aurreproiektua hautatzea Eibar, Elgeta eta Bergarako udal-mugarteetan (Gipuzkoa) Basalgo parke eolikoa jartzeko; izan ere, aurkeztu den bakarra izan da.

Bigarrena.– Sei hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Arena Power Solar 10 SLU enpresak 115/2002 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu beharko du, aurretiazko administrazio-baimena izapidetzeko.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz, betiere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 23a.

Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

ZIGOR URKIAGA URKIZA.


Azterketa dokumentala