
148. zk., 2024ko uztailaren 30a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (149 KB - 6 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ARARTEKOA
3694
EBAZPENA, Arartekoarena, 2024ko uztailaren 15ekoa, erregistro-gaietan laguntzeko Ararteko erakundearen bulegoen eginkizunak zehazten dituena.
2016ko urriaren 2an indarrean jarri ziren 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, kanpoan utzita alderdi hauek: ahalordeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, gaitutako enplegatu publikoen erregistroa, Administrazioaren sarbide-puntu elektroniko orokorra eta artxibo elektroniko bakarra, azken horien indarraldia 2021eko apirilaren 2ra arte luzatu baitzen.
Bi arau horien xedea da administrazio elektronikoa eraginkortasunez ezartzea herritarrek administrazio publikoekin dituzten harremanetan eta administrazio horien arteko harremanetan, betiere dinamizazioa eta administrazioko prozedurak eta izapideak erraztea sustatuz.
2021eko apirilaren 2an, indarrean jarri zen 203/2021 Errege Dekretua, martxoaren 30ekoa, Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onartzen duena, lehen aipatu diren arauetako lege-aurreikuspenak garatu eta zehazteko, bai, halaber, bitarteko teknologikoen erabileran parte hartzen duten eragileei bitarteko horiek eraginkortasunez erabiltzen laguntzeko. Aldi berean, erregelamenduzko jarduketa-tarte bat ahalbidetzen duten gaiak argitu eta zehaztu ziren.
Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak bigarren xedapen gehigarrian ezartzen duenez, Ararteko erakundea Euskadiko sektore publikoaren partetzat jotzen da lege horretan jasotako antolaketa- eta funtzionamendu-printzipioen ondorioetarako, baita herritarrek botere publikoekiko harremanetan dituzten eskubide eta eginbehar komunei buruz lege horrek xedatzen dituen gainerako manuak aplikatzearen ondorioetarako ere, administrazio-zuzenbidearekin lotuta dauden jarduerei dagokienez.
Ararteko erakundeak araubide juridiko berezia du honako arau hauek eman dizkioten eginkizunak betetzeko orduan: Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 15. artikulua, Arartekoaren otsailaren 27ko 3/1985 Legea, Eusko Legebiltzarrarena, eta Arartekoaren antolaketa eta funtzionamendurako araudia, 2010eko otsailaren 18koa (EHAA, 2010eko martxoaren 24koa). Nahiz eta erakunde hau ez den berariaz aipatzen urriaren 1eko 39/2015 Legearen eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen eremu subjektiboan, Euskadiko herritarren defentsarako erakunde hau ezin da kanpoan geratu administrazio publikoen eta herritarren arteko harreman elektronikoen euskarri den egitura juridiko-antolatzailean egindako aurrerapenetatik; izan ere, Arartekoa Eusko Legebiltzarrak izendatua da goi-mandatari izan dadin pertsonen eskubideak defendatzeko EAEko administrazio publikoek egindako jarduketa eta politika publikoen aurrean (barnean direla Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, udalak edo administrazio horien mendeko erakunde publikoak).
Beraz, Arartekoak, arian-arian, administrazio orokorraren araudian administrazio publiko guztientzat ezarritako jarraibideetara egokitu du, ahal izan den neurrian, bere araudi propioa eta bere antolaketa eta funtzionamendu araudia.
Administrazio elektronikoaren arloan, Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio maiatzaren 12ko 3/2022 Legean ezarritako funtsezko printzipio batzuk aplikatzea herritarrei bitarteko elektronikoen erabilera hurbiltzeko eta errazteko aurrez aurreko arretaren esparruan, bereziki informazioa eta zerbitzuak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko eta izapideak eta prozedurak sinplifikatzeko printzipioa.
Horretarako sortzen dira erregistro-gaietan laguntzeko bulegoak, pertsonei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeko, aurrez aurre edo bitarteko elektronikoen bidez erakundearekin dituzten harremanetan.
Arartekoak, 2012ko martxoaren 26ko Ebazpenaren bitartez (EHAA, 91. zk., 2012ko maiatzaren 10ekoa), egoitza elektronikoa sortu zuen eta Ararteko erakundearekin bitarteko elektronikoen bidezko harremana ezarri zuen. Hala, 7. artikuluan zehaztu zituen haren funtzionamendua eta erregistro elektronikoaren ondorioak.
Urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16. artikuluaren 1. apartatuan ezartzen duenez, administrazio bakoitzak erregistro elektroniko orokor bat izango du, hartan idazpena egiteko edozein dokumentu aurkezten edo jasotzen dela ere administrazio horri lotutako edo haren mendeko edozein administrazio-organo, organismo publiko edo entitatetan. Bestalde, 5. apartatuan adierazten du zer araubide ezarriko den agiriak fisikoki aurkezten badira: «Administrazio publikoen aurrean eskura aurkezten diren dokumentuak administrazio-espediente elektronikoari gehitzeko digitalizatu egin beharko ditu erregistrogaietan laguntzeko bulegoak, 27. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aurreikusitakoaren arabera: zein bulegotan aurkeztu diren, bulego horrek digitalizatuko ditu, hain zuzen. Jatorrizko dokumentuak interesdunari itzuliko zaizkio, baina zenbait kasutan gerta daiteke arauak agintzea aurkezten diren dokumentuak Administrazioak zaintzekoak direla edo nahitaezkoa dela digitalizatzeko aukerarik ematen ez duen euskarri espezifikoren batean aurkeztea objektuak edo dokumentuak».
Gainera, Legearen artikulu beraren 7. apartatuan adierazten denez: «Dokumentuak elektronikoki aurkezteko laguntza emango den bulegoen zerrenda bat publiko egin behar dute administrazio publikoek, eta eguneraturik mantendu». Eta laugarren xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera, administrazio publikoek etengabe eguneraturik eduki behar dute, dagokion egoitza elektronikoan, direktorio geografiko bat, interesdunari ahalbidetuko diona bere egoitzatik gertuen duen erregistro-gaietan laguntzeko bulegoa zein den jakitea.
Hortaz, ebazpen honi jarraikiz, Arartekoaren oraingo erregistro-bulegoak aldatu eta erregistro-gaietan laguntzeko bulego bihurtzen dira. Horrenbestez, digitalizatu egin behar dira erregistro bidez aurkezten diren agiriak.
Horregatik guztiagatik, ezarri beharreko legeria aintzat hartuta, eta otsailaren 27ko 3/1985 Legeak Ararteko erakundea sortu eta arautzekoak eman dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehena.– Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoak. Eginkizunak eta atxikitako langileak.
a) Arartekoaren oraingo erregistro orokorreko bulegoei «Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoak» izena emango zaie. Oraingo helbide beretan kokatuta jarraituko dute, eta sektore publikoari ezarri beharreko administrazio-araudian ezarritako eginkizunak eta ondorioak izango dituzte.
Bulegoen kokapen geografikoa hauxe izango da:
Prado 9
01005. Vitoria-Gasteiz
945 13 51 18
Albia eraikina
San Bizente 8, 8.a
40001. Bilbao
944 23 44 09.
Arrasate 19, 1.a
20005. Donostia/San Sebastián
943 42 08 88
Gainera, Arartekoak egoitza elektronikoa du: sede.ararteko.eus/euskara.
Herritarrei kasu egiteko ordutegiak web orrian kontsulta daitezke: https://www.ararteko.eus/eu/harremanak.
b) Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoek eginkizun hauek egingo dituzte:
Bulegoan jasotako eta erakundeari zuzendutako paperezko eskaerak, idazkiak eta jakinarazpenak digitalizatzea, baita horiek erregistro elektroniko orokorrean idaztea ere.
Identifikazioaren eta sinadura elektronikoaren gaietan informatzea eta laguntzea, eskaerak, idazkiak eta jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko Ararteko erakundeko izapideetan eta prozeduretan.
Interesdunek eskaerak, idazkiak eta jakinarazpenak zein egunetan eta ordutan egin dituzten egiaztatzeko agiria ematea.
Interesduna edo haren ordezkaria bat-batean erregistro-gaietan laguntzeko bulegoan agertzen bada eta une hartan jakinarazpen pertsonala eskatzen badu, hari jakinaraztea.
c) Arartekoaren ebazpenaren bidez zehaztuko da funtzionalki Idazkaritza Nagusiaren mende dauden eta erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetara atxikita egongo diren pertsonen zerrenda. Erakunde honen hiru bulegoetan erregistro-lana egiten duten pertsona berberak izango dira.
d) Bulego horietako kideei esleitutako eginkizunak. Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetara atxikitako enplegatu publikoak eginkizun hauetarako gaituta egongo dira:
– Prozeduran interesatuta dauden pertsonak identifikatzea, haien nortasuna egiaztatuz beti nortasun agiri nazionalean edo identifikazio-agiri baliokide batean agertzen diren datuak aztertuta (izen-abizenak edo izena edo sozietate-izena).
– Arartekoari zuzendutako eskaerak, idazkiak eta jakinarazpenak jaso eta digitalizatzea, baita haiei erantsitako agiriak ere. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio; horrek ez du galaraziko berariazko euskarri batean aurkeztea digitalizatu ezin diren objektuak edo agiriak.
– Eskaerak, idazkiak eta jakinarazpenak zein egunetan eta ordutan egin diren egiaztatzen duten agiriak ematea.
– Erregistroan sarrerako idazpenak egitea, denboraren eta dataren arabera, eta aldez aurretik digitalizatutako agiriari edo agiriei lantze-egoeraren balioa edo esleipena ematea, dagokion unitatera bidali eta espedientean behar bezala sartzeko.
– Interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzea, aholkuak eta informazioa emanez Arartekoak eskainitako zerbitzu elektronikoetan sartzeko eta, bereziki, identifikatzeko eta sinadura elektronikoaren sistema lortzeko eta erabiltzeko.
– Jakinarazpena egitea, interesduna edo haren ordezkaria erregistro gaietan laguntzeko bulegoetan agertzen bada eta hala eskatzen badu. Dokumentazioa entregatu dela egiaztatzen duen jasotze-agiria hartuko da, eta gero agiri hori digitalizatu eta espedientean sartuko da.
– Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetara joan ondoren, interesdunek erakunde honetan jarduketak egiteko ematen edo baliogabetzen dituzten apud acta ahalordeetan esku hartzea.
Jarduketa guztiak idatziz jasoko dira dagokion espedientean. Bertan digitalizatuta geratuko dira aurkeztutako agiriak, eskaera egin izanaren ziurtagiria, emandako agirien zerrenda eta adierazitako nahia. Gaitutako langileek interesdunari itzuliko dizkiote aurkezturiko jatorrizko agiriak eta egindako erregistroaren agiria, non adieraziko baitira eguna, ordua, nortasuna, agirien zerrenda eta egiaztapen-kode segurua (EKS) eskaeraren ziurtagirian bertan.
Bigarrena.– Ahalordeak erregistratzeko sistema.
Arartekoak sistema bat du Ararteko erakundean bildu eta erregistratzeko emandako ahalordeak. Horiei esker, ahalordedunek aurrez aurreko izapideak eta izapide elektronikoak egin ahal izango dituzte.
1.– Sistema horretan inskribatuko dira interesdunek hirugarren pertsona fisiko edo juridikoei eman dizkieten ahalordeak edo ordezkaritzak, beren izenean jardun dezaten Ararteko erakundearen aurrean, bitarteko elektronikoak edo ez elektronikoak erabiliz.
2.– Herritarrak artatzeko bulegoetako langileek ahalorde-emailea eta ahalordeduna identifikatuko dituzte, erregistro-gaietan laguntzeko bulegoan.
3.– Beren izenean jarduteko beste batzuei ahalordea ematen dietenek nahitaez egiaztatu beharko dute emandako ahalordea, honako bide hauetako bat erabiliz:
a) Arartekoaren bulegoetara joanez eta ahalorde-emaileak apud acta ahalordea aurrez aurre ahalordedunaren alde emanez; edo agiri batzuen bitartez, zeinetan idatziz jasoko baita ahalordedunari baimena emateko borondatea, bere izenean jardun dezan Arartekoaren aurrean, aurrez aurre edo elektronikoki.
b) Agiri publiko edo pribatu baten bitartez, notarioak legeztatutako sinadurarekin. Ahalordetzearen inskripzioa ahalordedunak hasten duenean, notario-ahalorde bat eman beharko du, edo berak eta ahalorde-emaileak sinaturiko agiri bat, non adieraziko den ahalordedunari baimena ematen zaiola ahalorde-emailearen izenean jarduteko, aurrez aurre edo elektronikoki, sektore publikoko erakundeetan.
c) Erakundearen egoitza elektronikoaren bidez, horretarako prozedura eskura egoten den unetik aurrera, egoitza elektronikoan agertuz eta konfiantzako zerbitzu elektronikoak arautzen dituen araudiak onartutako identifikazio- eta sinadura-ziurtagiri digitala baliatuz. Sinadura elektronikoa duten agiri pribatuak egoitza elektrikoan agertuz bakarrik aurkeztu ahal izango dira, horretarako gaitutako izapidea erabiliz. Beraz, ez da onartuko erregistro elektroniko orokorraren bitartez eginiko inskripzioa.
4.– Pertsona fisiko edo juridiko bakarrari emango zaio ahala espediente berean komunikazioak eta jakinarazpenak jasotzeko.
5.– Erregistro hori ez da publikoa, ezta elkarreragingarria ere administrazio publikoekin.
6.– Erregistroan inskribatutako ahalordeek baliozkotasun jakin bat izango dute, inskripzio-datatik hasi eta espedientea edo helburu duten izapidea bukatu arte. Edonoiz, epe hori amaitu baino lehen, ahalorde-emaileak ahalordea baliogabetu edo luzatu ahal izango du.
7.– Emandako ahalordearen erregistro-idazpenean honako hauek agertuko dira:
a) Ahalorde-emailearen izen-abizenak edo izendapena edo sozietate-izena, nortasun agiri nazionala, identifikazio fiskaleko zenbakia edo agiri baliokidea.
b) Ahalordedunaren izen-abizenak edo izendapena edo sozietate-izena, nortasun agiri nazionala, identifikazio fiskaleko zenbakia edo agiri baliokidea.
c) Inskripzio-data.
d) Ahalorde mota. Oro har, Arartekoaren eskumen-eremuko edozein jarduketa hartuko du bere baitan.
e) Zer ekintza edo espedientetarako ematen den ahalordea.
Hirugarrena.– Gaitutako funtzionarioen erregistroa sortzea.
Arartekoak aztertuko du ea bideragarria den Arartekoak gaitutako funtzionarioen erregistro bat sortzea, erakundean beren eskaerak egiteko bitarteko elektronikorik ez duten interesdunen ordez identifika daitezen eta/edo elektronikoki sina dezaten, eta Arartekoaren eskumeneko jarduketei dagozkien espedienteetako agirien egiazko kopiak eman ditzaten.
Laugarrena.– Aurrez aurre identifikatzea eta sinatzea gailu elektronikoen bidez.
Aurrez aurreko tramitazioa erraztu eta herritarren eskubideak bermatzeko asmoz, Arartekoak sinadura elektroniko aurreratuko sistema bat jarri du erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan. Horri esker, jasota geratzen da Ararteko erakundearen aurrean eskaerak, idazkiak eta kexak aurkezten dituzten pertsonen nortasuna eta borondatea.
Horretarako, tableta bidezko sinadura elektroniko aurreratuko sistema erabiltzen da. Sistema horrek aukera ematen du sinatzailearekiko lotura berariazko modu bakarrean egiteko, hura identifikatzeko, hark bakarrik kontrolatutako sistema baten bidez sinadura sortzeko eta aurkeztutako agirietara lotzeko, haien osotasuna eta aldaezintasuna bermatuta.
Bosgarrena.– Interneteko ataria eta egoitza elektronikoa.
Indarrean jarraitzen du Arartekoaren 2016ko ekainaren 7ko Ebazpenak —zeinaren bidez 2012ko martxoaren 26ko ebazpena aldatu baitzen—; bada, 2016ko ebazpen horren bidez, https://www.ararteko.eus domeinua ezarri zen, https://sede.ararteko.eus-en kokatuta zegoen egoitza elektronikoaren helbidea aldatuta, eta Ararteko erakundearekin baliabide elektronikoen bidezko harremana ezarri zen.
Seigarrena.– Garapena.
Beharrezkoak diren barne-tresnen bidez, Arartekoak erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetako langileen gaineko erabakiak garatuko ditu, baita prozedura eta ebazpen honetan zehaztutako eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren bitarteko elektroniko eta materialen hornidura ere.
Zazpigarrena.– Erregistro-gaietan laguntzeko bulegoen publizitatea egitea.
Herritarrek bulego horiek ezagutu ahal izateko, Arartekoak bere web orrian (https://www.ararteko.eus/eu/harremanak) argitaratuko du lehen apartatuan azaldutako erregistro-gaietan laguntzeko Arartekoaren bulegoen zerrenda eguneratua, baita horien kokapen geografikoari dagokionez gertatutako behin-behineko edo behin betiko edozein aldaketa ere, halakorik bada.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 15a.
Arartekoa,
MANUEL LEZERTUA RODRÍGUEZ.