
146. zk., 2024ko uztailaren 26a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (324 KB - 18 orri.)
- EPUB (393 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
3657
AGINDUA, 2024ko uztailaren 16koa, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren sektoreko elkarte profesional eta enpresarialei laguntzak emateko deialdia.
Euskadiko garraio-politikaren helburuetako bat garraio arloko elkarteak sustatzea izanik, behar-beharrezkoa da elkarte profesional eta enpresarialen jarduerak eta ekimenak bultzatzea erkidegoan elkarteak osatzen dituzten bazkideen eta enpresen interes profesional eta ekonomikoak, erkidegoz gaindi eta Europa mailan ordezkatu, babestu eta koordinatzeko direnak, eta bideratzen direnak garraiolarien lana garatu eta baldintza hobeetan egitera.
Laguntza-programa hau Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago, zeina Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bitartez onartu baitzen, eta egoitza elektroniko honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus Beraz, jarduketa hau Euskal Autonomia Erkidegoko helburuetako bat da; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sistemaren euskarrietako bat, hain zuzen ere, elkarte profesional eta enpresarialak ditugu, erakutsi baitute funtsezkoak direla harreman eraginkorrak ezartzeko garraioen arloan eskumenak dituzten administrazio publikoen eta garraio arloko ekonomiako eta gizarteko eragileen artean. Elkarte horiek betetzen duten paperaren garrantzia oso nabarmena da, batez ere kontuan hartuta garraio arloak Euskadin duen egituraketa eskasa, gogoan izan behar baita gurean enpresa txiki asko dagoela.
Eusko Jaurlaritzak, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren bidez, jarraitu nahi du neurriak hartzen errepideko garraioaren arloan elkarteak bultzatzeko; horretarako, beharrezkotzat jotzen da sistema bat arautzea ezarritako helburuekin bat etorriko diren laguntzak emateko.
Agindu honen helburua da mekanismo bat ezartzea laguntza ekonomikoak emateko Euskal Autonomia Erkidegoan errepideko garraioaren arloan diharduten elkarte profesional eta enpresarialei; izan ere, entitate horiek ekimenak abiarazi ditzakete garraio arloak dituen zenbait gabezia neurri batean konpontzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, honako dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.
Ondorioz, Lehendakariaren Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 2.k) eta 16. artikuluetan ematen dizkidan eskumenak erabiliz, Mugikortasun Jasangarriaren sailburua izendatzeko Lehendakariaren ekainaren 24ko 30/2024 Dekretuarekin lotuta, eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta hura garatzeko xedapenetan eta administrazio-zuzenbideko gainerako arauetan xedatutakoarekin lotuta, aplikatzekoak diren oinarrizko xedapenak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da laguntza ekonomikoen deialdia egitea 2024ko ekitaldirako, honako hauek egiteko: prestakuntza-ekimenak, garraioarekin lotutako albisteak zein ekimenak sustatzeko eta hedatzeko ekintzak, eta 2024. urtean (edozein kasuan 2043ko azaroaren 30era arte) Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren sektoreko elkarte profesional eta enpresarialen langile- eta funtzionamendu-gastuak ordaintzea.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Agindu honetan ezarritako laguntzak emateko, ehun eta hogei mila (120.000,00) euroko diru-zenbatekoa baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetik hartua.
3. artikulua.– Entitateak dirulaguntzen onuradunak izateko eskakizunak.
1.– Oro har, agindu honetan arautzen diren laguntzak jaso ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte profesional eta enpresarialek, haien federazioek eta konfederazioek, eta errepideko garraioaren eta jarduera osagarrien sektoreko kooperatiben federazioek eta konfederazioek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:
a) 2024ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik legez eratuta egotea.
b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
c) Xede soziala izatea soil-soilik izatea lotuta errepideko garraioaren arloko eta jarduera osagarrien interes sozioekonomikoen defentsara eta ordezkaritzara.
d) Ez izatea irabazi-asmorik.
e) Jarduketa-eremua Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritako eskakizunak betez gero, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko batasun, federazio edo bestelako organismoetan sarturik dauden elkarteek ere eskuratu ahal izango dituzte laguntza hauek, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko ordezkaritzak eragindako gastuak ordaintzeko.
3.– Ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan honako egoera hauetako batean dauden erakundeak:
a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean egotea edo desgaituta egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin dutenak.
d) Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko kasuren batean sartuta daudenak, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat dutenak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.
e) Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.
f) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.
g) Ez izatea ordainduta erregelamenduz zehazten diren kasuetan, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
h) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta izatea ebazpen irmo baten bidez, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hori ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten baina halakorik ez duten enpresek jaso ahal izango dituzte laguntzak edo dirulaguntzak, baita 50 langile baino gehiago dituzten enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.
i) Pertsona juridikoa arau-hauste astun edo oso astun batengatik zehatuta egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak gauzatu eta zehapena ordaindu arte. Arau-hauste horiek arau hauetan daude aurreikusita: Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea, eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea.
j) Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana egiaztatu gabe.
k) Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debekuen kausetan sartuta ez egotea.
l) Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuren baten eraginpean ez egotea.
Apartatu honetako e) eta g) letretan aipatzen diren betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoari jarraituko zaio (agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da).
4.– Era berean, ezingo dira onuradun izan ez-zilegitasun penalaren arrazoizko zantzuak aurkitzeagatik inskribatzeko administrazio-prozedura eten zaien elkarteak, martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, harik eta ebazpen judizial irmoa eman arte, zeinaren bidez inskripzioa egin baitaiteke dagokion erregistroan.
4. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.
1.– Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan arautzen da.
2.– Interesdunek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak, herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa eta zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoen bidez iristeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.eus-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.eus
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, non izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak eskuragarri dauden eta eskabide-inprimakian sartzeko aukera ematen duen, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0029309
Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
2.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6. artikulua.– Agiriak aurkeztea
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskabide-inprimakia aurkeztu beharko da, I. eranskinaren ereduarekin bat datorrena eta modu egokian beteta.
b) Memoria zehatza, 2024ko urtarrilaren 1etik urte bereko azaroaren 30era arte burutu dituen edo burutu nahi dituen jarduera eta ekimenei buruzkoa, eta azalduko dituena bederatzigarren artikuluan aurreikusitako gastuak eta ekintzak. Memoria horrek hurrengoa jaso beharko du, gutxienez:
1.– 9. artikuluko 1. apartatuari dagozkion prestakuntza-ekintza bakoitzeko:
– Ikastaro, jardunaldi edo mintegi bakoitzaren edukia eta iraupena.
– Egin nahi diren edizioen kopurua.
– Gutxi gorabehera noiz egingo den.
– Espero den ikasle-kopurua.
– Kostuaren aurrekontu xehatua, ikastaroaren, jardunaldiaren edo mintegiaren edizio bakoitzeko.
2.– 9. artikuluko 1. apartatuko epigrafe berari dagokion elkartearen jarduerak eta garraioarekin lotutako berriak sustatzeko eta zabaltzeko ekintza bakoitzeko:
– Zabaltze egiteak eta hedatzeak ekarriko duen kostuaren edukia eta aurrekontu zenbatetsia.
3.– Beste alderdi batzuk, laguntzaren beharra eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeenak, hala nola helburu berberak lortzeko beste laguntza batzuk egotea, hori guztia II. eranskinean agertzen den ereduaren arabera. Eredu horren egitura eta edukia ez betetzeak Agindu honen 8. artikuluan ezarritakoa izango du ondorio.
c) Aurreikusitako gastuak justifikatzeko dokumentazioa:
1.– 9. artikuluko 1. apartatuari dagozkion gastuak modu zehatzean justifikatu beharko dira, honako dokumentu hauek erantsita: proformako faktura edo memorian deskribatutako ekintza eta kostuekin lotura zuzena duen aurrekontua.
2.– 9.2.a) eta b) artikuluetan ezarritako kategoriei dagokienez, gastuen zerrenda bereizita eta banan-banan jasoko da artikulu honen b) letrari dagokion memorian, alde batera utzi gabe laguntza eman ondoren jasotako agiri bidezko justifikazioa, agindu honen 15. artikuluan xedatutakoaren arabera.
d) Eraketa-akta eta administrazio-organo eskudunak ikus-onetsitako estatutuak.
e) hala badagokio, agiri bat egiaztatzen duena entitatea sartuta dagoela batasun, federazio edo bestelako organismoren batean.
f) Zerga-identifikazioko txartela.
g) Agindu honetan aurreikusitako laguntzez baliatzeko antolakundeak edo elkarteak hartutako erabakiaren ziurtagiria.
h) Hirugarrenen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ekonomia eta Ogasun Sailak ezarritako ereduaren araberakoa, honako helbide honetan eskuragai: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak; betiere, lehenengoz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez. Fitxa hori laguntza eman ondoren aurkeztu daiteke, beti laguntzak ordaindu baino lehen.
2.– Entitate eskatzaileek aukeratu ahal izango dute zer hizkuntza ofizialetan aurkeztu laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
3.– Ebazpen-proposamena eman aurretik egiaztatuko da ea laguntzen entitate eskatzaileek egunean dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.f) artikuluan ezarritakoaren arabera. Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du ea betebehar hori betetzen den, eta ez du haien baimenik beharko. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena, eta, orduan, berak aurkeztu beharko ditu dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak.
4.– Laguntza eskatzen duen erakundeak, eskabidearekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, eskabide-inprimakiari erantsita. Adierazpen horren bidez, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, agindu honetan alderdi hauei dagokienez eskatzen diren baldintzak betetzen dituela adieraziko du:
a) Eskabideen zerrenda eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntzen edo laguntzen zerrenda, organo emailea eta zenbatekoa.
b) Agindu honen 3.3 artikuluan ezarritako alderdiak –e) letra izan ezik–.
Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, ekarriko du ezin jarraitzea prozedurarekin gertakari horiek jakiten diren unetik, alde batera utzi gabe horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du, baldin eta beharrezko jotzen badu aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko.
7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ardura izango da lanak egitea agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko.
8. artikulua.– Dokumentazioa zuzentzea.
Ikusiz gero eskatzaileak aurkezturiko agiriek ez dituztela betetzen agindu honetan eskatutako baldintzak, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko gehieneko eta luzatu ezineko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, ebazpen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.
9. artikulua.– Laguntzekoak diren gastuak eta gehieneko kopuruak.
1.– 2024. urtean, eta gehienez ere % 70eko mugaraino, honako gastu hauek lagunduko dira: garraio-sektorearen jardueran aritzeko baldintzak sustatu eta hobetzeko prestakuntza-jarduerak, aurrez arrekoak zein telematikoak, bai eta elkartearen jarduerak eta garraioarekin lotutako albisteak sustatzeko eta hedatzeko ekintzetarako direnak ere.
Diruz lagundu daitezkeen gastuek bete beharko dute abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa. Onuradunak hirugarrenekin kontratatu ahal izango ditu dirulaguntzaren xede diren ekintza guztiak, aipatutako abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritakoaren arabera eta bertan adierazitako mugekin.
2.– 2024. urtean, eta gehienez ere % 50eko mugaraino, honako gastu hauek lagunduko dira:
a) Langileen gastuak, salbu kaleratzeengatiko eta erretiro aurreratuengatiko kalte-ordainak.
b) Helburuak lortzearekin lotutako funtzionamendu-gastu hauek:
– Errentamenduak, soil-soilik entitate eskatzailearen ohiko jarduera gauzatzen den egoitzei dagozkienak.
– Entitate eskatzailearen organoetako kide ez diren profesional independenteen zerbitzuak.
– Aseguru-primak.
– Hornidurak, soil-soilik entitate eskatzailearen ohiko jarduera gauzatzen den egoitzetako ur korrontearen, argiaren eta gasaren gastuei dagozkienak.
– Beste entitate batzuetako kide izateagatik ordaindu beharreko kuotak –agindu honen 3.2 artikuluan deskribatutako esparruko batasunak, federazioak edo bestelako erakundeak barne–.
Ez da hartuko funtzionamendu-gastutzat aurreko kontzeptuetan sartzen ez den bestelako gasturik.
3.– Gehienez ere, honako kopuru hauek diruz lagundu ahal izango dira gastu-kontzeptu bakoitzerako:
a) 8.000 euro, 9. artikuluko 1. apartatuan adierazitako gastu osoan.
b) 6.000 euro, 9. artikuluko 2. apartatuko a) kontzeptuan adierazitako gastu osoan.
d) 7.000 euro, 9. artikuluko 2. apartatuko b) kontzeptuan adierazitako gastu osoan.
4.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek: aurkeztutako gastuengatik ordaindutako BEZa, eta, oro har, argi eta garbi zehaztuta ez dauden gastu guztiak, baldin eta ezin badira zuzenean identifikatu honako laguntza-programaren 9. artikuluko honen 1 eta 2 apartatuetan aurreikusitakoekin.
10. artikulua.– Bateragarritasuna.
Agindu honen arabera emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek eman ditzaketen beste dirulaguntza batzuekin.
Laguntza bateragarrien zenbatekoak ezin izango du, inola ere, diruz lagundutako jardueren kostua gainditu, beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzak eta helburu bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabideak direla-eta.
11. artikulua.– Prozedura.
Laguntzak emateko prozedura gauzatzeko, lehiaketaz bestelako norgehiagoka-sistema bat erabiliko da, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Laguntza-programa honetara bideratutako funts publikoak mugatuak direnez, baldin eta dirulaguntzetara bideratutako gehieneko zenbateko globala ez bada nahikoa aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko agindu honen 9. artikuluaren 3. puntuan jasotako gehieneko zenbatekoetan, hasieran eskabide bakoitzerako kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean hainbanatuko da zenbateko horiek osorik estaltzeko behar den guztizko zenbatekoa.
12. artikulua.– Dirulaguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Azpiegitura eta Garraio Sailburuordetzako titularraren ebazpen bidez emango dira dirulaguntzak, organo kudeatzaileak espedientean txosten bat sartu ondoren. Txosten horretan, onuradunak eskuragarri duen informaziotik ondorioztatuko da onuradunek baldintza guztiak betetzen dituztela. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio horretako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuari, hilabeteko epean.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz, eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horren bidez, dirulaguntza emango edo ukatuko da; aldekoa bada, azalduko da zein den entitate onuraduna eta zenbat eman zaion, eta, kontrakoa bada, zer arrazoi dauden ukatzeko.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada espresuki jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, interesdunek ulertu ahal izango dute eskabideak ezetsiak izan direla, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.
3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda.
4.– Agindu honetan espresuki aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauetan xedatutako prozeduraren arabera emango dira dirulaguntzak: urriaren 1eko 39/2015 Legea bai eta abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta hura garatzeko xedapenetan eta administrazio-zuzenbideko gainerako arauetan ere, hargatik eragotzi gabe aplikatzekoak diren oinarrizko xedapenak.
13. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Zer jarduerak eragin duen dirulaguntza ematea, jarduera hori gauzatzea.
b) Dirulaguntza eman duen erakundeari justifikatzea dirulaguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduera egin dutela ere.
c) Men egitea dirulaguntza eman duen organoak edo erakundeak egin beharreko egiaztapen-jarduketei, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduketei ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez. Era berean, men egitea Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoei eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenei.
d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.
Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, aurretik edo jasotako funtsei emandako erabilera justifikatzen den unean.
e) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.
Jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, aurretik edo jasotako funtsei emandako erabilera justifikatzen den unean.
f) Emandako laguntza ordaintzerakoan, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak egunean dituela egiaztatzea. Egiaztapen hori automatikoki egiaztatuko du organo emaileak.
g) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuak izatea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatzekoa den merkataritzako eta sektoreko legeriak eskatutako baldintzetan, egiaztatze- eta kontrol-ahalmenak behar bezala baliatzen direla bermatzeko.
h) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.
i) Emandako laguntzen eta dirulaguntza eman duen organoaren berri ematea haren webgunean edo sare sozialetan.
j) Enpresaren deslokalizaziorik ez izatea, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluaren arabera.
14. artikulua.– Emandako dirulaguntzak aldatzea.
1.– Baldintza hauek betetzen direnean, dirulaguntza ematen duen organoak erabaki ahal izango du, bere kabuz edo interesdunak eskatuta, aldatzea emandako dirulaguntza edo haren baldintzak:
a) Alderdi batek eskatuta men eginez gero, onuradunak 13.e) artikuluan jasotako betebeharra betez egin dezala jakinarazpena, ezagutzen duen bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu aurretik.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Benetan egindako edo egingo den jarduera jasota egotea oinarri arautzaileen xedearen barruan.
d) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak ez egotea onuradunaren borondatearen mende.
e) Aldaketa eragin duten elementu eta inguruabar berriek, hasierako dirulaguntza ematea eragin badute, ez ekartzea dirulaguntza ukatzea, eta aldaketa horrek hasieran onetsitako proiektuan funtsezko aldaketarik ez eragitea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
2.– Erakunde onuradunak emandako dirulaguntza jaso ondoren, aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitzen bada, agindu honen 17. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
15. artikulua.– Justifikazioa eta ordainketa.
1.– Emandako dirulaguntza ordainketa bakar baten bidez ordainduko da, diruz lagundutako jarduera guztiz burutu ondoren, eta egindako gastu guztiak agiri bidez justifikatu ondoren, horretarako, justifikazio-kontu bat aurkeztu beharko da. Kontu hori egiteko, ondoren zehaztutakoa bete beharko da, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluak ezarritakoaren arabera.
Justifikazio-kontu horrek, adierazpen-egilearen erantzukizunpean, honako alderdi hauek jasoko ditu:
a) Jarduketa-memoria bat, egiaztatzen duena betetzen direla dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak; bertan, adierazi beharko da zer jarduera egin diren eta zer emaitza lortu diren. Agindu honi dagokionez, zehazki:
1.– 9. artikuluko 1. apartatuari dagokion prestakuntza-ekintza bakoitzeko:
– Ikastaroaren programa, ikasleari emandako materialarekin bat etorri behar duena.
– Zer data eta leku zehatzetan egin diren ikastaroak.
– Zer ikaslek eman duten izena, eta bertaratu direnen zerrenda.
– Halakoak egotekotan, 2024ko ekitaldian egindako ikastaroen zerrenda, Lanbidek, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak edo beste edozein entitate publikok baimendutakoak eta finantzatutakoak, eta zer data eta lekutan egin diren ikastaro horiek.
2.– 9. artikuluko 1. apartatuko epigrafe berari dagokion elkartearen jarduerak eta garraioarekin lotutako berriak sustatzeko eta zabaltzeko ekintza bakoitzeko:
– Izenburua, edukiaren deskribapen laburra eta gauzatze-data.
b) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data adierazita. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera ematen bada, gertatutako desbideratzeak adieraziko dira. Agindu honen ondorioetarako, gastuen eta inbertsioen zerrenda hori bereizita eta banan-banan jasoko da memorian, 9.1 artikuluaren a) eta b) letretan eta 9.2 artikuluaren a) eta b) letretan ezarritako kategorien arabera.
c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen xehetasunak, zenbatekoa eta jatorria adierazita.
Horrekin batera, diruz lagun daitekeen gastuaren behin betiko fakturak edo horren ordainketaren egiaztagiriak aurkeztuko dira, hala nola han adierazitako informazioa egiaztatzeko balio dutenak.
Zehazki:
– 9. artikuluaren 1. apartatuari dagozkion gastuak zehatz-mehatz justifikatu beharko dira, fakturak eta harien ordainketa-data egiaztatzen duten agiriak erantsiz, eta zuzenean lotuta egon beharko dute justifikazio-jarduketaren memorian deskribatutako ekintza eta kostuekin.
– 9. artikuluaren 2. apartatuko a) eta b) epigrafeei dagozkien gastuak zehatz justifikatu beharko dira; horretarako, nominak eta langile-gastuen gainerako egiaztagiriak sartu beharko dira, bai eta funtzionamendu-gastuetako fakturak –eta haien ordainketa-data egiaztatzen duten dokumentuak– ere. Era berean, zuzeneko lotura izan beharko dute justifikazio-memorian kontzeptu horiei buruz egindako deskribapenarekin.
– Bestalde, 9. artikuluaren 1. apartatuari dagozkion prestakuntza-ekintzek, justifikazio-memorian adierazitakoa babesteko, honako dokumentu hauek beharko dituzte:
• Bertaratzearen justifikazioa:
* Ikastaro presentzialetan eta ikastaro mistoen eskola presentzialetan: bertaratze–kontrolaren eguneroko erregistroa, jatorrizkoa eta behar bezala sinatua.
* Online ikastaroetan eta ikastaro mistoetako klase telematikoetan: plataforma digitalak emandako ziurtagiria eta bertaratze–zerrenda.
• Salgai arriskutsuei buruzko ikastaroetarako, horiek egin izanaren ziurtagiria, Probintziako Trafikoko Buruzagitzak emana, edo bestelako frogabide frogagarriak.
• Lanbideren, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioaren edo beste edozein entitate publikoren ziurtagiria, 2024ko ekitaldian egin eta haiek finantzatutako ikastaroak egiaztatzen dituena.
2.– Nolanahi ere, dokumentazio hori, askoz jota, 2024ko azaroaren 30ean aurkeztu beharko da. Beraz, data horretarako gauzatuta egon beharko dira 2024ko ekitaldian garatu edo garatu behar diren onartutako programan aurreikusitako gastuak.
3.– Ez da ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak edo zordun bada itzulketa bidezkoa dela adierazten duen ebazpen baten ondorioz.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
Emandako laguntzaren zenbateko osoa itzuli beharko du erakunde onuradunak, baita aplikatzekoak diren berandutze-interesak ere, baldin eta laguntza ematea eragin zuten diruz laguntzeko moduko jarduerak edo gastuak egiten ez badira edo egin izana justifikatu ezin bada, edo abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kausaren bat gertatzen bada.
Hala ere, onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetzera, eta erakunde onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jardun bat izan dela, itzuli beharreko zenbatekoa honela zehaztuko da: emandako laguntzaren ordainketari dagokion zenbatekoaren ehuneko proportzionala kenduko zaio laguntza oinarritu zuen inbertsio osotik egin ez den ehunekoari.
17. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedura.
1.– Agindu honen aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera betetzen ez badu onuradunak, jarraitu beharreko prozedura abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan adierazitakoa izango da:
a) Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da, Garraio Plangintzaren zuzendariaren erabakiz.
b) Prozedura izapidetzean, bermatuko da erakunde interesdunak entzunaldirako duen eskubidea, 15 eguneko epean.
c) Itzultzeko prozeduraren ebazpena jakinarazteko epea, gehienez ere, 12 hilabetekoa izango da, hasteko erabakiaren egunetik zenbatzen hasita.
2.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, galdutzat emango da laguntza jasotzeko eskubidea, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak gehi laguntza ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak itzuli beharra deklaratuko da.
3.– Betebehar horrek ez du zerikusirik izango eska daitezkeen zehapenekin.
18. artikulua.– Enpresaren deslokalizazioaren deklarazioa.
1.– Abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera, enpresa deslokalizatu egingo da bi inguruabar hauek gertatzen direnean:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan enpresaren jarduera etetea edo nabarmen murriztea.
b) Aldi berean edo aurreko edozein egoera gertatu aurreko edo ondorengo hiru urteetan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko beste leku batean, enpresak lurralde horretan garatzen zuen jarduera bera garatzea, jarduera utzi duen erakunde beraren bidez edo harekin Merkataritza Kodearen 42. artikuluan aipatzen diren harremanen bat duen edo harekin lotuta dagoen beste entitate baten bidez, sozietateen gaineko zergaren araudian ezarritakoaren arabera.
Behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan, ulertuko da enpresak ez daudela deslokalizatuta, baldin eta, inguruabar horiek gertatzearekin batera, erakundeak, zuzenean edo Merkataritza Kodearen 42. artikuluan aipatzen diren harremanetakoren bat duen beste entitate baten bidez, edo harekin lotuta badago sozietateen gaineko zergaren araudian ezarritakoaren arabera, enpresa-jarduera berriak egiten hasten bada Euskal Autonomia Erkidegoan, eta jarduera horien ondorioz sortzen den lanpostu-kopurua ezabatutakoen antzekoa bada, edo ezinbesteko arrazoiengatik hasten bada.
2.– Enpresak deslokalizatzeko adierazpena Jaurlaritzaren erabakiz egingo da, laguntza ematen duen organoak proposatuta, eta aurreko paragrafoan ezarritako inguruabarrak gertatu eta hurrengo lau urteetan hasi ahal izango da.
3.– Enpresaren deslokalizazio-deklarazioak berekin ekarriko du enpresak deklarazio horren aurreko zortzi urteetan jasotako zenbatekoak itzuli beharra, baita zenbateko horietako bakoitza jasotzen denetik deklarazioaren egunera arte sortutako berandutze-interesak ere. Deklarazio horren ondorioz, deslokalizatuta dauden enpresek eta haien bazkideek ezin izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek emandako laguntzak eskuratu zortzi urteko epean, deklarazioaren datatik zenbatzen hasita.
19. artikulua.– Datuen babesa.
Agindu hau ezartzean jasotako datu pertsonalak xedapen hauen arabera tratatuko dira: 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa, eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatutakoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Mugikortasun Jasangarriko Saileko titularrari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek ondorioak izango ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 16a.
Mugikortasun Jasangarriaren sailburua,
SUSANA GARCÍA CHUECA.
RSS