Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2024ko uztailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
3558

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 8koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Bediako geltokiko trenbide-pasagunea kentzeko eta aparkaleku berria egiteko eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2024ko martxoaren 21eko ebazpenaren bidez, «Bediako geltokiko trenbide-pasagunea kentzeko eta aparkaleku berria egiteko eraikuntza-proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2024ko apirilaren 12an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (73. zk.).

Bediako geltokiko trenbide-pasagunea kentzeko eta aparkaleku berria egiteko eraikuntza-proiektuan aztertzen da Bilbao-Donostia lineako trenbide-pasagunea (14+091 KP) kentzea, geltokirako irisgarritasuna hobetzea eta geltokiaren ondoan aparkaleku bat egitea.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloko jarduerak betearazteko beharrezkoak diren desjabetze espedienteak izapidetzeko, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 16.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera. Urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak indarrean jarraitzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren Lehen Xedapen Iragankorrean ezarritakoaren arabera.

Abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatutako Trenbide Sektoreari buruzko irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berarekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jendaurrean jartzea «Bediako geltokiko trenbide-pasagunea kentzeko eta aparkaleku berria egiteko eraikuntza-proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1 – Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Bediako udaletxeko iragarki-taulan ere erakutsiko da jendaurrean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 8a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria.
(Urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren xedapen gehigarria, ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren lehen xedapen iragankorraren arabera indarrean dagoena).

Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordea,

LUIS PEDRO MARCO DE LA PEÑA.

ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala