
139. zk., 2024ko uztailaren 16a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (129 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
3466
AGINDUA, uztailaren 9koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, fruta- eta barazki-ekoizleen elkarteei 2024an emango zaizkien laguntzen zenbateko osoa jakinarazten duena.
Fruta- eta barazki-elkarteentzako laguntzak Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) esparruan sartzen dira, zeinaren egungo aplikazio-araudia Europako erregelamendu hauetan jasotzen baita:
– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira estatu kideek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako (NPBren plan estrategikoak) laguntzari dagokionez –Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatutako laguntza–, eta zeinaren bidez indargabetzen baitira 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak.
– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamendua, Nekazaritza Politika Bateratuaren finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.
– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2117 (EB) Erregelamendua, honako erregelamendu hauek aldatzen dituena: 1308/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritza-produktuen merkatuen antolakunde erkidea sortzen duena; 1151/2012 (EB) Erregelamendua, nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideei buruzkoa; 251/2014 (EB) Erregelamendua, mahastizaintzako eta ardogintzako produktu aromatizatuen adierazpen geografikoen definizioari, deskribapenari, aurkezpenari, etiketatzeari eta babesari buruzkoa; eta 228/2013 (EB) Erregelamendua, nekazaritza-sektorean Europar Batasuneko eskualde ultraperiferikoen aldeko neurri espezifikoak ezartzen dituena.
Nekazaritza Politika Bateratu berriak, 2023tik 2027ra aplikatuko denak, aurrekoaren funtsezko elementuak mantentzen ditu, baina baldintzak betetzean oinarrituta egon ordez, emaitza zehatzak lortzera bideratuta egongo da, hiru helburu orokor hauei lotuta: batetik, nekazaritza-sektore adimenduna, lehiakorra, erresilientea eta dibertsifikatua sustatzea, epe luzera elikagaien segurtasuna bermatuko duena; bestetik, ingurumenaren zaintza, biodibertsitatearena barne, eta klimaren aldeko ekintza babestea eta indartzea eta Europar Batasunaren ingurumen- eta klima-helburuak lortzen laguntzea, besteak beste, Parisko Akordioari jarraikiz hartutako konpromisoak; eta, azkenik, landa-eremuen sare sozioekonomikoa indartzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan, araudi berri hori guztia Nekazaritza Politikako Plan Estrategikoa ezartzeko maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuan islatzen da.
Dekretu horrek indargabetu egin du urtarrilaren 26ko 30/2010 Dekretua, Europako Erkidegoak fruten eta barazkien arloa arautzeko sortuak dituen erregelamenduak eta erregelamendu horietatik datorren laguntza-sistema Euskal Autonomia Erkidegoan nola garatu eta aplikatu arautzen duena.
Laguntza-eskabideak aurkezteko epeak mugarik gabe ezarrita daude Europar Batasuneko araudian eta maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuan (beranduenez, eskabideak aipatzen diren urtearen hurrengo urteko otsailaren 15ean).
Gardentasun- eta publizitate-printzipioak betez, agindu hau argitaratzea erabaki da, fruta- eta barazki-ekoizleen elkarteei 2024an emango zaizkien laguntzen zenbateko osoa jakinarazten duena.
Laguntza horiek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota daude –plan hori 2023ko abenduaren 28ko agindu baten bidez onartu zen–.
Hori dela bide, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.
Nekazaritza Politikako Plan Estrategikoa ezartzeko maiatzaren 28ko 66/2024 Dekretuaren 64.4 artikuluaren a) eta b) letretan 2024. urterako aurreikusitako laguntzek ezin izango dituzte honako zenbateko hauek gainditu:
– 240.000,00 euro, NBEFren konturako laguntzak.
– 360.000,00 euro, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ezartzen diren laguntzak.
Bigarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Hirugarrena.– Ondorioak.
Agindu honek ondorioak izango ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 9a.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
AMAYA BARREDO MARTÍN.
RSS