Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2024ko uztailaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKO LEGEBILTZARRA
3457

EBAZPENA, 2024ko ekainaren 25ekoa, Eusko Legebiltzarreko Mahaiarena, Administrazio Elektronikoari buruzko Araua aldatzen duena.

Mahaiak, 2024ko ekainaren 25ean egindako bileran, agindu du Administrazio Elektronikoari buruzko Arauaren aldaketa argitaratu dadila Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Gasteizen, 2024ko ekainaren 25ean.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria,

BAKARTXO TEJERIA OTERMIN.

8. artikulua.– Aldez aurrekoa. (Berria): Eusko Legebiltzarraren erregistroak.

Administrazio parlamentarioaren izaera berezia dela-eta, hauek osatuko dute Eusko Legebiltzarraren erregistro-sistema:

1.– Erregistro Parlamentarioa: izapide parlamentarioei lotutako dokumentuetarako sistema espezifikoa.

2.– Erregistro Administratiboa (Orokorra): Legebiltzarreko dokumentu administratiboen sarrera- eta irteera-erregistroa.

Interesdunak Erregistro Administratibo (Orokorra) elektronikora sartu ahal izango dira Eusko Legebiltzarraren egoitza elektronikoaren helbidearen bidez (https://egoitza.legebiltzarra.eus).

Aurrez aurre aurkeztutako dokumentu administratiboak Erregistro Gaietan Laguntzeko Bulegoan digitalizatuko dira, espediente administratibo elektronikoan txerta daitezen, eta jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, salbu eta arauak zehazten badu aurkeztutako dokumentuak Administrazioak gorde behar dituela edo nahitaezkoa bada objektuak edo dokumentuak digitaliza ezin daitekeen euskarri espezifiko batean aurkeztea.

8. artikulua.– (Apartatu berria).

Beste apartatu bat gehitu da (8.1 bis), eta honela dio:

1.– Eusko Legebiltzarreko Erregistro Administratiboari (Orokorra), berriz, Erregistro Gaietan Laguntzeko Bulegoak lagunduko dio, zeinak aukera emango baitie interesdunei, hala nahi badute, beren eskaerak paperean aurkezteko. Eskaera horiek formatu elektronikoan jarriko dira.

2.– Erregistro Gaietan Laguntzeko Bulegoaren zereginak arau hauetan ezarrita daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak onartzen duen Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua. Eta, bereziki, hauek dira zeregin horiek:

– Ahalordeak ematea.

– Prozeduretako interesdunak identifikatzea.

– Identifikazioan eta sinadura elektronikoan laguntzea.

– Kopia autentikoak erregistratu, digitalizatu eta jaulkitzea.

– Jakinarazpenak egitea.

– Legez edo erregelamenduz esleitzen zaion beste edozein zeregin.

3.– Interesdunetako batek, administrazio publikoekin elektronikoki harremanetan jartzera behartuta dauden subjektuak salbu, ez baditu behar diren bitarteko elektronikoak, haren identifikazioa edo sinadura elektronikoa gaitutako funtzionario publikoek egin ahal izango dute administrazio-prozeduran, horretarako daukaten sinadura elektronikorako sistema erabiliz. Horrela, identifikazioa edo sinadura elektronikoa baliozkoak izango dira. Kasu horretan, behar diren bitarteko elektronikoak ez dituen interesdunak bere burua identifikatu beharko du funtzionarioen aurrean, eta adostasun espresua eman beharko du jarduketa hori egiteko.

9. artikulua.– (Aldaketa).

Aldatu egin da 9.2 apartatua. Hau da testu berria:

2.– Xedapen espresu batek besterik esan ezean, funtzionarioek, behin-behineko langileek eta legebiltzarkideek elektronikoki egin beharko dituzte beren eginkizun eta eskubideak egikaritzean egiten dituzten jarduketa administratibo guztiak, eta horretarako ezarritako bitartekoen bidez. Behartuta ez dauden subjektuen kasuan, idazkiak paper-euskarrian aurkezten badituzte, arau honetako 8.1 artikuluan zehaztutakoa aplikatuko da.

9. artikulua.– (Apartatu berria).

Beste apartatu bat gehitu da (9.4), eta honela dio:

4.– Eusko Legebiltzarrak gaitutako funtzionarioen erregistro bat izango du, eta horrek baimenduko ditu erakunde honekin elektronikoki harremanetan jartzera behartuta ez dauden eta hala eskatzen duten interesdunen identifikazioa eta sinadura elektronikoa, bai eta dokumentu publiko administratibo edo pribatuen benetako kopiak jaulkitzea ere.

9. artikulua.– (Apartatu berria).

Beste apartatu bat gehitu da (9.5), eta honela dio:

5.– Gaitutako ordezkariek dokumentuak, eskaerak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztu ahal izango dituzte Erregistro Administratiboan (Orokorra).

Gaikuntza hori, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkideei dagokiena, erakunde horretako Idazkaritza Nagusian egingo da, dokumentu normalizatu baten bidez. Dokumentu horretan, espresuki eta modu fede-emailean jasoko da gaitutako ordezkaritza, adierazitako ondorioetara mugatua, bai eta pertsonaren edo ordezkariaren eta gaitutako pertsonaren identifikazio-datuak eta sinadura ere. Gaikuntza hori legealdia amaitzearekin batera amaituko da, non eta gaikuntza-egileak ez duen aldez aurretik atzera botatzen edo aldatzen, edo pertsona gaituak ez dion uko egiten.

9. artikulua.– (Apartatu berria).

Beste apartatu bat gehitu da (9.6), eta honela dio:

6.– Eusko Legebiltzarraren Ahalordeen Erregistro Elektronikoa sortzen da, ahalordedun gisa inskribatutako pertsonek elektronikoki jardun ahal izan dezaten Eusko Legebiltzarreko Administrazioan, hala baimentzen duten legebiltzarkide hautetsien izenean.


Azterketa dokumentala