
138. zk., 2024ko uztailaren 15a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (231 KB - 17 orri.)
- EPUB (158 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
3444
AGINDUA, 2024ko uztailaren 9koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita 2024an dirulaguntzak emateko elkarte eta irabazi-asmorik gabeko entitate jakin batzuei; hain zuzen ere, emakumeen ekintzailetza sustatzeko edo enpresa eta antolakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzera bultzatzeko xedea duten elkarte eta entitateei. Era berean, agindu honen bidez, dirulaguntza horiek arautzen dira.
Autonomia Estatutuaren 10. artikuluak zehazten du Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela EAEko jarduera ekonomikoa sustatzeko, garatzeko eta planifikatzeko, ekonomiaren antolamendu orokorraren arabera. 9. artikuluak, berriz, ezartzen du euskal botere publikoek, beren eskumenen eremuan, bereziki bultzatuko dutela bizi- eta lan-baldintzen hobekuntza ekar dezakeen politika, eta neurriak hartuko dituztela enpleguaren hazkundea eta ekonomiaren egonkortasuna sustatzen laguntzeko.
1/2023 Legegintzako Dekretuaren 27.3 artikuluaren arabera (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena), EAEko administrazio publikoek laguntza emango diete lege honetan aurreikusten diren helburuak lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarte eta antolakundeei.
Lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7.1.d) artikuluari jarraikiz –Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen–, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, eginkizunen eta jardun-eremuen artean, enplegu-politika esleitua du, eta enplegurako lanbide-heziketa ere bai, dekretu horren 12.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Zeregin horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du, betiere zerbitzu horren erantzukizunen barruan.
Bat etorriz aipatutako 18/2024 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko lehenengo apartatuan ezarritakoarekin, iraungitako Lan eta Enplegu Saileko organo eta unitate guztiek osatzen dute Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila.
7/2021 Dekretuaren 13.j) artikuluaren arabera (7/2021 Dekretua, Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa), Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzari enpresaren eta hezkuntzaren munduarekin lankidetzan jardutea dagokio –besteak beste–, enpleguaren eta prestakuntzaren arloko ikerketarako, eta arlo horretan konponbide berritzaileak aplika daitezen sustatzea. Laguntza hori beste tresna bat da emakumeen ekintzailetza sustatzen edo enpresa eta antolakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzen laguntzeko.
Dirulaguntza Lan eta Enplegu Sailaren 2024-2027 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartzen da (plan hori Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuaren 2024ko martxoaren 5eko Agindu baten bidez onartu zen, eta EAEko Administrazioaren www.euskadi.eus Interneteko atarian argitaratu), eta haren helburuak lortzen laguntzen du, emakumeak lan-merkatuan duen presentzia bultzatzen baitu, ardatz estrategiko honen barruan: «Aukera-berdintasuna lan-merkatuan: Genero-berdintasuna enpleguan».
Dirulaguntza guztiz bateragarria da Europar Batasunaren barne-merkatuaren araubidearekin, ez baititu betetzen barne-merkatu horrekin bateraezina izateko Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako baldintza guztiak.
Deialdi honen bidez bi helburu lortu nahi dira batez ere: alde batetik, dirulaguntza-deialdi guztietan izan behar diren objektibotasun-, konkurrentzia- eta publikotasun-printzipioak bermatzeko gutxieneko legezko oinarriak ezartzea; bestetik, Lan eta Enplegu Sailak funts publikoak era egokian erabiltzen direla jakin ahal izateko bideak finkatzea.
Aintzat hartu dira honako hauek: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 10.1 artikulua; Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen 7/2021 Dekretuaren 13.j) artikulua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 7. artikulua eta bigarren xedapen gehigarria. Haietan xedatutakoaren arabera, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Eranskinetan esaten den moduan onartzea emakumeen ekintzailetza sustatzeko edo enpresa eta antolakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzera bultzatzeko xedea duten elkarte eta irabazi-asmorik gabeko entitateei 2024an dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 9a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
1. oinarria.– Xedea.
Agindu honen xedea da elkarteei eta irabazi-asmorik gabeko gainerako entitateei dirulaguntzak emateko deialdia arautzeko oinarriak jartzea 2024ko ekitaldirako, emakumeen ekintzailetza sustatzeko edo enpresa eta antolakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzera bultzatze aldera.
2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko, 175.000 euro jarri dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren 2024ko ordainketa-kreditutik.
3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Jarduera hauek lagundu ahal izango dira diruz deialdi honen bidez:
a) Entitate onuradunen instalazio eta egoitza sozialak mantentzeko eta funtzionatzeko beharrezkoak diren jarduerak eta zerbitzuak.
b) Entitate onuradunei finkatzen, indartzen eta hazten laguntzen dieten jarduerak eta zerbitzuak.
c) Emakumeen ekintzailetza sustatzeko eta emakumeak buru dituzten enpresak edo enpresa berriak bultzatzeko jarduerak.
d) Emakumeei enpresetako zuzendaritzan eta zuzendaritza-organo eta -postuetan sartzen laguntzeko jarduerak.
e) Emakume enpresaburu edo zuzendarien asoziazionismoa garatzeko jarduerak eta entitateen eta emakumeen arteko lankidetza-sareak sortzeko jarduerak.
f) Erabakiguneetan emakume enpresaburu, zuzendari eta profesionalen ikusgarritasuna sustatzeko jarduerak.
4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Gastu hauek lagundu daitezke diruz:
a) Entitate onuradunen instalazioen eta egoitza sozialen mantentzearekin eta funtzionamenduarekin zuzenean lotutako gastuak, exekuzio-aldian egindakoak; besteak beste, hornidura-gastuak eta lokala alokatzeko gastuak.
b) Entitate onuradunaren instalazioak birgaitzeko eta hobetzeko gastuak, diruz lagundutako jarduerara egokitzeko egindakoak, ez badira merkatuko prezioa baino nabarmen handiagoak.
c) Zerbitzu profesional independenteen gastuak, hain zuzen dirulaguntzaren helburuak lortzeko bidea ematen duten eta antolakundeei finkatzen, indartzen eta hazten laguntzen dieten horiek, hala nola zerbitzu profesional horien ordainsariak edo kontratatutako langileen soldatak. Aholkularitza juridikoko edo finantzarioko zerbitzuak, zehazki, esleitutako zenbatekoaren % 20 finantzatu ahal izango dira gehienez.
d) Informazio-jarduerei edo prestakuntza-ekintzei lotutako gastuak, baldin eta haien gaiak zuzenean lotuta badaude dirulaguntzaren xedearekin.
e) Bidaia-, ostatu- eta dieta-gastuak, baldin eta zuzenean dirulaguntza jaso dezaketen jarduerekin lotuta badaude eta merkatuko prezioa baino askoz handiagoak ez badira.
f) Diruz lagundu daitezkeen jarduerekin zuzenean lotutako gastronomia- edo protokolo-ospakizunek eragindako gastuak; esleitutako zenbatekoaren % 20 gehienez ere.
g) Dirulaguntzaren xedea betetzen laguntzeko balio duten bulegoko altzariak eta materiala, ekipoak, material didaktikoak edo plataforma teknologikoak erosteko gastuak.
h) Publizitate-gastuak, zabalkundekoak eta prentsako komunikaziokoak, baldin eta gastu horiek merkatuko prezioa baino nabarmenki handiagoak ez badira; justifikazio-memoriarekin batera, landutako publizitate-elementu bakoitzaren ale bat aurkeztu behar da, data eta erabilitako publizitate-bidea adierazita.
2.– Kostuei dagokienez, dirulaguntzaren xedeari arrazoiz dagokion zatia egotziko dio diruz lagundutako jarduerari entitate onuradunak, betiere eskuarki onartutako kontabilitate-arau eta -printzipioen arabera, eta, nolanahi ere, kostu horiek jarduera benetan egin den aldiari dagozkion neurrian.
3.– Ez dira diruz lagunduko gastu hauek:
a) Diruz lagundu daitezkeen jarduerekin zerikusirik ez dutenak.
b) Edozein motatako ondasunak eskuratzeko gastuak, merkatuko balioa gainditzen badute.
c) Agindu honetan adierazitako moduaren arabera behar den bezala justifikatzen ez diren gastuak.
d) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko finantza-gastuak, notario- eta erregistro-gastuak eta peritu-gastuak.
e) Banku-kontuen interes zordunak eta finantza-zehapenen interesak; ez eta interesak, errekarguak, administrazio-zehapenak eta zehapen penalak ere.
f) Prozedura judizialek eragindakoak, non eta prozesu horiek diruz lagundutako jardueraren funtsean ez dauden.
g) Zergak, tributuak, tasak, Gizarte Segurantzako kuotak eta zeharkako zergak (BEZ...) berandu ordaintzeagatik edo ez ordaintzeagatik sortutako gastuak –berreskuratu edo konpentsatu badaitezke– eta entitate onuradunaren errentaren gaineko zerga pertsonalak, salbuespen izanik entitate onuradunak hirugarrenei egindako fakturetan egindako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) atxikipenak.
4.– 2024ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean egindako gastuek jaso ahal izango dute dirulaguntza. Benetan ordaindu eta gauzatu diren gastuak hartuko dira egindako gastutzat.
5. oinarria.– Entitate onuradunak.
1.– Agindu honek arautzen dituen laguntzak eskuratzeko, entitateek betekizun eta baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Administrazio Publikoaren mende ez dauden elkarteak edo gainerako irabazi-asmorik gabeko entitateak izatea.
b) Legez inskribatuta eta legez eratuta egotea, deialdia argitaratu baino bi urte lehenagotik gutxienez.
c) Euskal Autonomia Erkidegoan izatea jarduera ekonomiko nagusia.
d) Haien helburuetako bat emakumeen ekintzailetza sustatzea edo enpresen eta antolakundeen zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzera bultzatzea izatea. Aipatutako helburu horiek entitatearen xede sozialean edo estatutuetan agertu behar dira, bi urte lehenago gutxienez. Halakorik ezean, entitateek jarduketaren justifikazio-memoria baten bidez egiaztatu beharko dute xede horiek beren jardueren eta helburuen parte direla. Memorian, azaldutako helburuei lotuta zer jarduera egin diren zehaztu behar da (II. eranskina). Memoriarekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar da.
e) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
2.– Entitateak ezingo dira agindu honek arautzen dituen dirulaguntzen onuradun izan, baldin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan edo Trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan aipatutako egoeretako batean badaude.
6. oinarria.– Eskabideak aurkezteko era, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Dirulaguntza-eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira, hemendik sartuta: https://www.euskadi.eus/hasiera
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak) helbide honetan dago: https://euskadi.eus/servicios/1112304. Fitxa horren bitartez eskuratu daiteke eskaera egiteko inprimakia.
Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak –besteak beste, jakinarazpenak, zuzenketak, justifikazioak eta, oro har, espedientean sartzea– «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko irailaren 2an amaituko.
3.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
4.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoan dagoen inprimakian bete behar da (II. eranskina), eta dokumentu hauekin batera aurkeztu behar da:
a) Eskabidea pertsona juridiko eskatzailearen izenean sinatzen duen pertsonaren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria, baldin eta ordezkaritza hori ez badago inskribatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ordezkarien erregistroan.
b) Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
c) Estatutuak, behar bezala legeztatuta.
d) Dirulaguntzaren xedearekin lotuta dauden 2023ko jardueren memoria eta 2024an egitekoak diren edo egin diren eta dirulaguntzaren xedearekin lotuta dauden jardueren memoria (V. eranskina).
e) Sarean edo beste entitate batzuekin lankidetzan egindako lana (VII. eranskina).
f) 2023 eta 2024ko jarraipen- eta emaitza-adierazleen taula (VIII. eranskina). 2023. urteari dagokion eranskina bete eta eskabideari erantsi behar zaio. 2024. urteari dagokion eranskina bete eta jarduerei buruzko amaierako justifikazio-memoriari erantsi behar zaio.
g) Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, zeina eskabidearen inprimakian baitago eta eskatzaileak bere ardurapean bete behar baitu (III. eranskina), eskakizun hauek betetzen direla egiaztatu behar da:
– Helburu bererako diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabide batzuen fasea (eskatuta, jasota edo izapidetzen), edozein administraziotatik edo ente publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozeduren egoera, halakorik izapidetzen ari bada.
– Entitate eskatzaile eta onuradunari ez zaiola ezarri, epai irmo bidez, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorrik, eta ez duela zigorrik jaso prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak direla eta.
– Erakunde eskatzaile eta onuradunak ordainduta dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4.1 artikuluan agintzen den eran (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
– Entitate eskatzaile onuradunari ez zaiola ezarri, epai irmo bidez, dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapenik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen edo beste lege batzuetan zehaztutakoaren arabera.
– Entitate eskatzaile onuradunari ez zaiola ezarri dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapen penal edo administratiborik sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik, eta, orobat, ez zaiola debeku hori dakarren zehapenik ezarri martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duena).
– Ez entitateen administratzaileak, ez haien legezko ordezkariak ez daudela egoera hauetakoren batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko egoera batean. Eta ez daudela Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.
– Bete duela desgaitasuna duten pertsonentzat lanpostuak erreserbatzeko legez gorde behar den kuota, edo, bestela, egiaztatu duela hori bete dadin neurri alternatiboak abian jarri izana.
– Ez dagoela laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
Ez dagoela Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeari buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan adierazitako egoeretako batean ere.
– Konpromisoa hartzen duela jarduerak gainfinantzaketarik ez izateko, dirulaguntza jasoz gero.
– Konpromisoa hartzen duela Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzari jakinarazteko dirulaguntza emateko eskatzen eta kontuan hartzen den baldintzaren bati eragiten dion egoera-aldaketa oro, baita edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.
– 50 langile baino gehiago dituen entitatea bada, berdintasun-plan bat duela indarrean, Estatuko araudiaren arabera, eta neurriak ezarri dituela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.
– Enpresaren eremuan jarduten badu, konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
– Egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan ageri diren datuak, eta eskatzaileak betetzen dituela dirulaguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztuko dira, zerga-organo edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organo eskudunek emanak, hurrenez hurren.
Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzak, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, zuzenean eskatuko dizkie dokumentu horiek organo eskudunei. Entitate interesdunak horren aurka egiten badu, berak aurkeztu beharko ditu ziurtagiriak.
5.– Eskabideak oinarri hauetako baldintza guztiak betetzen ez baditu, edo osatugabea edo akastuna bada, errekerimendua egingo zaio interesdunari hamar eguneko epean hutsa zuzendu dezan edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan aurreikusten diren ondorioak izango ditu.
Hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela iritziko zaio. Horretarako, baina, ebazpena eman behar du aurrez Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzako titularrak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak xedatzen duenaren arabera.
7. oinarria.– Dirulaguntza-lerro espezifikoak eta dirulaguntzak jasotzeko gutxieneko puntuazioa.
1.– Bi dirulaguntza-lerro ezartzen dira baliabide ekonomikoak esleitzeko, helburuaren eta entitate onuradunen tipologiaren arabera:
a) 1. dirulaguntza-lerroa: deialdi honen 4. oinarrian aipatzen diren gastuak, dirulaguntzen Aginduaren xede orokorraren ondoriozkoak. Elkarte eta irabazi-asmorik gabeko entitate guztientzat da.
b) 2. dirulaguntza-lerroa: tamaina edo finantza-gaitasun txikiagoko entitateei laguntzea, hazi eta sendotu daitezen. Irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat da bakarrik.
2.– Eskabideek gutxienez 45 puntu lortu behar dituzte 1. dirulaguntza-lerroan, agindu honen 8. oinarrian zehazten diren irizpide eta puntuazio-baremoen arabera. Gutxieneko puntuazio hori lortzen ez duten eskabideei uko egingo zaie.
8. oinarria.– Balorazio-irizpideak eta puntuazio-baremoak, dirulaguntza-lerroka.
Baliabide ekonomikoak esleitzeko, balorazio-irizpideak eta haiei dagozkien puntuazio-baremoak ezarri dira. Irizpide eta baremo horiek bi taula hauetan daude (dirulaguntza-lerro bakoitzeko, taula bat dago):
8.1.– 1. dirulaguntza-lerroko balorazio-irizpideak.
Deialdi hau ebazteko, artikulu honetan zehazten den dirulaguntza lerro bakoitzean, lehiaketa bidezko norgehiagoka-prozedura baliatuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusten den bezala.
(Ikus .PDF)
8.1.1.– Lurralde-ezarpena.
Entitateak jarduera-eremutzat lurralde historiko bat edo EAE guztia izatea edo eremu lokal bat soilik izatea baloratuko da. Lurralde-eremua entitatearen estatutuetan egiaztatuko da.
8.1.2.– Sareko lana: beste entitate batzuekin lankidetzan egindako jarduerak.
Kontuan hartuko da entitate onuradunak deialdiaren xedearekin zerikusia duten jarduera gehiago egitea sarean edo lankidetzan beste entitate batzuekin. Sareko lana ez da baloratuko, baldin eta bi entitate baino ez badira tartean eta haietako bat publikoa edo banku bat bada.
Jarduerak beren osotasunean hartuko dira kontuan; hau da, prestakuntza-programa bat bada, behin bakarrik zenbatuko da, eta ez prestakuntza-programaren saio bakoitza.
Balorazioa egiteko, 2024an bete den eta betetzekoa den jarduera-plana hartu behar da erreferentziatzat, bai eta 2023an egindako jarduerak ere, eta haietatik atera behar ditu entitateak sarean egindako jarduerak (VII. eranskina).
8.1.3.– Espezializazioa: zenbateraino aritzen den diruz laguntzen diren jardueretan.
Dirulaguntzaren xedearekin lotutako jarduketen inguruan zenbat eta gehiago kontzentratu jarduera entitate onuradunak 2024an, hainbat eta puntu gehiago emango zaizkio (V. eranskina).
8.1.4.– 2023an egin diren jarduerak, dirulaguntzaren xedearekin zerikusia dutenak.
Dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten eta 2023an egin diren jardueren kopurua baloratuko da. Eskabidearekin batera, deskripzio-memoria bat aurkeztu behar da (IV. eranskina), atal hauek dituena:
– Helburu orokorrak.
– Egindako jardueren deskribapena.
– Entitatearen aurrekontua.
– Aurrekontua finantzatzeko iturriak eta eskatutako edo jasotako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk.
8.1.5.– 2024rako jarduera-egitaraua.
Dirulaguntzaren xedearekin zerikusia duten eta 2024an egin diren edo egitekoak diren jardueren kopurua baloratuko da. Eskabidearekin batera, 2024. urterako deskripzio-memoria bat aurkeztu behar da, jarduera horiek deskribatzen eta zerrendatzen dituena (V. eranskina).
– Helburu orokorrak.
Espezializazio-maila: diruz lagundu daitezkeen xedeetara 2024an bideratutako jardueren ehunekoa, entitatearen jarduera osoarekin alderatua.
2024an egin beharreko jardueren egitaraua.
– Aurrekontua.
– Aurrekontua finantzatzeko iturriak eta eskatutako edo jasotako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk.
Dirulaguntza justifikatzeko memoriak koherentea izan behar du 2024ko jarduera-egitarauarekin. Aldaketarik egonez gero, arrazoiak azaldu beharko dira.
8.1.6.– Finantza-kontrola.
Aintzakotzat hartuko da entitate onuradunak efizientzia-, legezkotasun- eta berrikuspen-jardueren eta finantza-kontroleko jardueren mende jartzea bere kudeaketa dirulaguntza-deialdi honen aurreko urtean kanpo-auditoria independente bat eginez (IX. eranskina).
8.2.– 2. dirulaguntza-lerroko balorazio-irizpideak.
Eskaerak baloratzeko irizpideen eta puntuazio-baremoaren taula.
2. dirulaguntza-lerroa: tamaina edo finantza-gaitasun txikiagoko elkarteei laguntzea (VI. eranskina)
Zk. – Irizpidea – Adierazlea – Puntuazioa – Gehieneko puntuazioa, guztira.
1.– Ordezkaritza edo finantza-gaitasuna.
(VIII. eranskina).
Ekarpen txikiagoa kuotetan eta baliabide propioetan 4 10
Elkartekide gutxiago (kuotadunak eta kuotarik gabeak) 2
Kanpoko funts pribatuen ekarpen txikiagoa jarduketa-programan 2
Funts publikoen ekarpen handiagoa aurrekontuan 2
1. dirulaguntza-lerroaren balorazioan gutxienez 45 puntu lortu dituzten elkarteentzat bakarrik da 2. dirulaguntza-lerro hau. Zenbatekoa irizpide hauen arabera banatuko da:
– Kuoten eta baliabide propioen ekarpena.
– Elkartekideen kopurua (kuotadunak eta kuotarik gabeak).
– Elkartearen 2024ko aurrekontuari esleitutako kanpoko baliabide pribatuak.
– Elkartearen 2024ko aurrekontuari esleitutako baliabide publikoak.
2023ko abenduaren 31ko elkartekideen kopurua baloratuko da. Pertsonek elkartearen eskubide osoko kide izan behar dute, eta partaidetza-kuota ordaindu. Kuota ordaintzetik salbuetsita dauden bazkideak ere zenbatuko dira, baldin eta elkarteak salbuespena eta haren arrazoiak egiaztatzen baditu.
Kide kopurua egiaztatzeko, hori legez frogatzen duen edozein dokumentu aurkeztu behar da, edo, bestela, legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpen bat, entitatean 2023ko abenduaren 31n zenbat kide ziren zehazten duena. Administrazioak pertsonen datuak eska ditzake, emandako informazioa egiazkoa dela frogatzeko.
9. oinarria.– Dirulaguntza-lerroka esleitutako baliabide ekonomikoak:
Agindu honen 7. eta 8. oinarrietan jasotako dirulaguntza-lerroei esleitutako baliabide ekonomiko hauek ezartzen dira:
1.– Lehenengo lerroa: Deialdi honen 1., 3. eta 4. oinarrietan aipatzen diren gastuak, dirulaguntzen aginduaren xede orokorraren ondoriozkoak.
1. lerroari esleitutako baliabide ekonomikoak 165.000 euro dira. Oinarrizko zenbateko bat eta zenbateko aldakor bat bereizi dira:
a) Oinarrizko zenbatekoa:
Dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren 115.000,00 euro bideratzen dira lerro honetara, eta kopuru hori modu ekitatiboan banatuko da (zati berdinetan) 45 puntu edo gehiago lortzen dituzten entitateen artean, 1. dirulaguntza-lerrorako 8. oinarrian adierazten diren baremoetan lortutako puntuazioetatik abiatuta.
45 puntu edo gehiago lortu dituzten entitateen kopurua zazpitik gorakoa bada, puntuazio handiena erdietsi duten zazpi entitateen artean banatuko da oinarrizko zenbatekoa. Zazpigarren postuan geratu diren entitateak puntutan berdinduta badaude, zati proportzionala banatuko da (guztizkoaren 1/7) haien artean.
b) Zenbateko aldakorra:
Gainerako zenbatekoa, 50.000 euro, puntuaziorik onenak dituzten bost entitateen artean banatuko da, 1. dirulaguntza-lerrorako 8. oinarrian adierazten diren baremoetan lortutako puntuazioetatik abiaturik, ehuneko hauek oinarri hartuta:
– % 30 emango zaio puntuaziorik handiena lortu duen entitateari.
– % 25 puntuaziorik handienetan bigarrena lortu duen entitateari.
– % 20 puntuaziorik handienetan hirugarrena lortu duen entitateari.
– % 15 puntuaziorik handienetan laugarrena lortu duen entitateari.
– % 10 puntuaziorik handienetan bosgarrena lortu duen entitateari.
Bost entitate parte-hartzailek baino gutxiagok lortu badituzte 45 puntu edo gehiago, gutxieneko puntuazioa lortu duten entitateen artean banatuko da soberakina, modu ekitatiboan.
Puntuazioetan berdinketarik badago, ezin izango da inola gainditu balorazio aldakorreko fasean esleitutako gehieneko zenbatekoa (50.000 euro). Berdinketa egonez gero, honela banatuko da zenbatekoa: bi entitate puntuaziorik handienean berdinduta badaude (% 30), adibidez, ehuneko hori egokitu egingo da, eta % 27,5ekoa izango da entitate horietako bakoitzarentzat. Ondorioz, hurrengo sailkatua 3. postura igaroko da eta % 20 egokituko zaio, eta horrela hurrenez hurren.
2.– Bigarren lerroa: tamaina edo finantza-gaitasun txikiagoko entitateei laguntzea, haz daitezen.
2. dirulaguntza-lerroaren zenbatekoa 10.000 euro da. Zenbateko hori 1. dirulaguntza-lerroaren balorazioan gutxienez 45 puntu lortu dituzten eta oinarri sozial txikiagoa edo finantza-gaitasun txikiagoa duten elkarteen artean banatuko da, 8. oinarriko irizpide eta adierazleen taularen arabera; hori guztia, elkarteei hazten laguntzeko, bai emakumezko elkartekideen kopuruan, bai beste finantzaketa-iturri pribatu batzuk lortzeko orduan. Baliabideak esleitzeko, 2. dirulaguntza-lerrorako 8. oinarrian adierazten diren baremoetan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan.
Zenbatekoaren banaketa:
– 5.000 euro puntuaziorik handiena lortu duen entitateari.
– 3.500 euro puntuaziorik handienetan bigarrena lortu duen entitateari.
– 1.500 euro puntuaziorik handienetan hirugarrena lortu duen entitateari.
10. oinarria.– Eskabideak baloratzeko batzordea.
1.– Balorazio-batzorde batek baloratuko ditu eskabideak. Hura arduratuko da proiektuak baloratzeaz, aurreko oinarrietan ezarritako irizpideak aplikatuz, eta hark aurkeztuko du dirulaguntzen ebazpen-proposamena.
2.– Hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:
– Enrique Jose Ramos Vispo, Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendaria. Batzordeburua izango da.
Batzordekide titularrak:
– Edurne Barañano Etxebarria, Enplegu eta Gizarteratze Zerbitzuko arduraduna.
– María Sanz de las Heras, Lan eta Enplegu Saileko berdintasun-teknikaria.
– Nagore Garzón Ventades, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzako teknikaria. Idazkari-lanak egingo ditu.
Ordezko batzordekideak:
– Ibernalo Martínez de Contrasta Acilu, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzako teknikaria.
– Virginia Ormaetxea Delgado, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzako teknikaria.
3.– Batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak 15.etik 22.era bitarteko artikuluetan kide anitzeko organoetarako ezarritakoaren araberakoa izango da.
11. oinarria.– Kudeatzeko organo eskuduna, ebazpena ematekoa eta dirulaguntza emateko eta ebazteko prozedurak.
1.– Deialdi hau kudeatzea Enplegu eta Gizarteratzeko zuzendariari dagokio.
2.– Deialdian aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira, agindu honetan aurreikusitako laguntza-lerro bakoitzean. Balorazio-batzordeak txostena egin ondoren, eta organo kudeatzaileak proposatuta, Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeari dagokio ebazpena ematea.
3.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie entitate interesdunei, elektronikoki, eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian entitate onuradunen zerrenda eta emandako laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira urtean behin, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean xedatutakoari jarraituz. Dirulaguntza ukatzen duen ebazpena ematen bada, arrazoiak azaldu beharko dira, hau da, berariaz adierazi beharko zergatik ezetsi den eskaera.
4.– Dagokion prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko epea lau hilabete izango da gehienez, agindu honek ondorioak dituenetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazi ez bada, entitate interesdunek zilegi dute eskabideak ezetsi direla ulertzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hurrengo paragrafoan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa aurkeztearen ondorioetarako.
Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke enpleguaren arloko sail eskuduneko titularrari, edo haren egitekoak betetzen dituenari, hilabete igaro baino lehen, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
12. oinarria.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta ulertzen baldin bada dirulaguntzaren helburua bete egin dela eta, hala badagokio, beste edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk emandako dirulaguntzak edo laguntzak lortu badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta erakunde onuraduna izateko agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen badira. Horretarako, Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.
Gainera, dirulaguntza hau edo haren baldintzak aldatu ahal izango dira, ofizioz edo entitate onuradunak eskatuta, 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, eskakizun hauek bete behar dira:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, onuradunak, 13.e) oinarrian adierazitako betebeharra betez, jakin bezain laster jakinaraztea, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ukatzeko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
13. oinarria.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Entitate onuradunek onartu egin behar dute emandako dirulaguntza; alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epean onuradunak esanbidez uko egiten ez badio dirulaguntzari, onartutzat emango da.
2.– Entitate onuradunak guztiz bete behar ditu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluko betebeharrak; hots, betebehar hauek:
a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) Dirulaguntza eman duen erakundeari frogatzea dirulaguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko eskakizunak eta baldintzak betetzen dituela, baita jarduera egin izana ere. Jarduera hori pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak gehitu behar dira.
c) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, men egitea Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-jarduerei eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan ezarritako jarduerei, bai eta beste kontrol-organo batzuek finantzaketa dela-eta egin ditzaketen jarduketei ere.
d) Beste administrazio edo ente publiko edo pribatu batzuen dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jasotzen badituzte xede bererako, horren berri ematea entitate emaileari.
Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
e) Dirulaguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien entitateari.
Dirulaguntzak edo baliabide horiek jaso direla jakin bezain laster bidali beharko da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
f) Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, ogasun-gaietan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailburuaren aginduz erregelamendu bidez zehazten den moduan.
g) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, behar bezala ikuskatuta edukitzea kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.
h) Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko lanak egiteko behar badira ere.
i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.
j) Jasotako funtsak itzultzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina itzultzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan.
k) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.
3.– Era berean, entitate onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialen erabilera bermatu behar du diruz lagundutako proiektutik eratorritako dibulgazio-jardueretan, hedapen-materialen edizioan eta jakinarazpenetan, bat etorriz Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko oinarrizko 10/1982 Legearekin.
Gainera, 20/2023 Legearen 7.5 artikuluak ezartzen du, hizkuntza-normalizazioan sakontzeko eta euskararen erabilera zabaltzeko, hizkuntza-irizpideak hartu behar direla kontuan dirulaguntzak diseinatzean, planifikatzean, kudeatzean eta ematean.
4.– Era berean, entitate onuradunek publizitate egokia eman behar diete diruz laguntzen diren jarduketen sustapenari eta finantzaketari, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren lankidetza eta laguntza jaso dutela adierazi behar dute. Betebehar hori betetzeko, sailaren irudi instituzionala jarri behar da karteletan, inprimatutako materialetan, bitarteko elektroniko edo ikus-entzunezkoetan eta bestelako euskarrietan, bai eta komunikabideetan egindako aipamenetan ere. Horrez gain, testu bat jarri behar da aipatutako materialetan, esku-hartze publikoko programak finantzaketa publikoa duela azaltzen duena eta haren helburuaren berri ematen duena.
5.– Gainera, dirulaguntza eman aurretik egiaztatu da entitate onuradunak beteak dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Bestalde, entitate onuradunak egiaztatu behar du, bere zuzendaritza-organoetako batek egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, bete egiten dituela dirulaguntza jaso ahal izateko legediak ezartzen dituen gainerako baldintza edo betekizunak; zehazki, hauek:
a) Indarrean dagoen ordenamendu juridikoan aurreikusita dauden laguntzak eta dirulaguntzak jasotzeko arauetan galdatutako betekizunak betetzen dituela.
b) Ez zaiola ezarri zehapen penal edo administratiborik, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, eta ez dagoela hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean.
c) Ea eskuratu duen edo ez duen eskuratu, beste edozein administrazio edo entitate publiko zein pribatutatik, beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik agindu honetan diruz laguntzen diren jarduerak finantzatzeko.
d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak beteak dituela egiaztatzea.
e) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, behar bezala ikuskatuta edukitzea kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.
f) Konpromisoa adierazi behar du enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko, 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
6.– Ordain-aginduen ondorioetarako, entitate onuradunak egunean izan behar ditu Zerga Administrazioarekin eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebehar guztiak. Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du laguntza eskatu duten entitateek beteak dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta ez du erakunde onuradunaren baimenik behar horretarako. Entitate onuradunak espresuki ukatu ahal du baimen hori, eta, hala erabakiz gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
7.– Uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera (694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena, zeinak Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen baitu), diruz lagundutako proiektuaren ekintzen hartzaileak Eusko Jaurlaritzaren aseguru-poliza orokorrera atxiki ahal izango dira horrelako jardueretarako, eta poliza horrek proiektu horretan duten parte-hartzea estaliko du.
Hala, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak diruz lagundutako jarduerek, bere prestakuntza-eremuan edo beste era bateko esparruan, istripuetarako eta erantzukizun zibileko poliza bat izango dute jardueren hartzaile guztientzat. Beraz, hark bermatuko ditu estaldura pertsonalak, eta hark erantzungo die programetan eta jardueretan ondasunei edo hirugarrenei egindako kalteek dakartzaten ondorio ekonomikoei.
Prestakuntza Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko prestakuntza-ibilbideetan sartuta badago, estaldurak behar den bezala kudeatzeko, Lanbideri berari jakinarazi beharko zaizkio prestakuntza horretan izena emandako parte-hartzaileen izenak.
14. oinarria.– Laguntzak justifikatzea.
Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluari lotuta, entitate onuradunek Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzan justifikatu beharko dute, 2025eko urtarrilaren 7a baino lehen, bete egin dela dirulaguntzak ematea eragin zuen helburua. Horretarako, egindako jardueren azalpen-memoria aurkeztu beharko dute.
Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontu sinplifikatu bat aurkeztu beharko da, aurreko paragrafoan zehaztutako epean. Agiri hauek osatuko dute kontu hori:
– Jarduketa-memoria bat, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak bete direla egiaztatzen duena. Egin diren jarduerak eta lortutako emaitzak adierazi behar ditu. Jarduera hori pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak gehitu behar dira.
– Memoria ekonomiko bat, egindako jardueren kostua justifikatzen duena, hauek osatua:
* Jardueraren gastuak eta inbertsioak sailkatzen dituen zerrenda bat, alderdi hauek zehazten dituena: hartzekoduna, dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, hala badagokio, ordainketa-data. Era berean, hasieran aurrekontuan sartutako zenbatekoen eta azkenean egindako gastuaren arteko desbideratzea erantsi behar dute.
* Gastua frogatzeko balioa duten dokumentuak, hala nola nominak, fakturak eta, hala badagokio, LZN (langileen zerrenda nominala) eta KLO (kotizazioen likidazio-ordainagiria), kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen duten kotizazio-buletinak.
* Prestatzailearen nortasuna justifikatzen duen dokumentazio osoa eta bertaratuen zerrenda, izen-abizenak adierazita eta prestakuntza hori emandako egunetan bertaratu izanaren sinaduren egiaztagiria barne dagoela; edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpen bat, dirulaguntza honen xedearekin lotutako gaia duten prestakuntza-jarduera guztietan.
* Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zerrenda zehatza. Zenbatekoa eta jatorria adierazi behar dira.
Gainera, justifikazio-kontu bat erantsi beharko da (X. eranskina), kontabilitate-arauak betetzen dituena, 2024. urtean egindako gastuen zerrenda eta guzti, modu digitalean. Kontu horretan, gastu arrunten eta funtzionamendu-gastuen zerrenda jaso behar da, kontuan hartuta eskuratze-kostua –nominena, fakturena eta abarrena– ezin dela izan merkatuko balioa baino handiagoa. Gastuen agiri originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, hala badagokio, baita KLO eta LZN kotizazio-buletinenak ere (lehengo TC1 eta TC2renak), zeinek kontratatutako langileen Gizarte Segurantzako kotizazioa egiaztatzen duten, eta ordainketa egin dela egiaztatzeko bankuko agiriak ere aurkeztu behar dira.
Entitateak jatorrizko dokumentu guztiak gorde behar ditu, eta administrazio honen eskura eduki, gutxienez lau urtez, haiek duten datatik aurrera.
15. oinarria.– Ordaintzeko modua.
Ordainketa zatika egingo da, honela:
a) Lehen ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 50 ordainduko da; ordainketa dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta 15 eguneko epea igaro ondoren egingo da, berariaz uko egin ezean.
b) Bigarren ordainketa dirulaguntzaren guztizko gastua justifikatu ondoren egindako likidazioaren emaitzari dagokio, eta 2025eko urtarrilaren 7a baino lehen egin behar da.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon behar du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak kudeatutako hirugarrenen erregistro elektronikora jo behar da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
16. oinarria.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bateragarri izatea.
Agindu honen esparruan ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek xede eta helburu bererako ematen dituztenekin. Alabaina, guztira lortutako laguntzen zenbatekoa handiagoa bada diruz lagundutako jardueraren kostu osoa baino, deialdi honen babesean emandako laguntzatik kenduko da soberakina.
17. oinarria.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Dirulaguntza itzultzeko arrazoiei dagokienez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
2.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak nolabait betetzen ez direla frogatzen bada, Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, batetik, jasotako kantitateak eta, bestetik, sortutako berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz eta han agintzen den eran.
3.– Erantzukizunen araubidea 20/2023 Legean aurreikusitakoa da (20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa).
18. oinarria.– Datuak babestea.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Datu-babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo daiteke:
https://www.euskadi.eus/web01-aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1453?locale=eu
RSS