Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2024ko uztailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3368

AGINDUA, 2024ko ekainaren 19koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala izeneko elkargoaren estatutuen aldaketa.

2022ko urriaren 19an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean Euskal Autonomia Erkidegoko Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala izeneko elkargoaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaera sartu zen. Elkargokideek aho batez erabaki zuten estatutuen aldaketa 2021eko martxoaren 13an egindako ezohiko batzar orokorrean.

Estatutuen aldaketak elkargoaren izenaren aldaketa ere dakar berekin. Horri dagokionez, bete da honako xedapen hauetan xedatutakoa: Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 29.3 artikulua (lege horren 28. artikuluarekin lotuta) eta Profesionalen Elkargoei eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 29.2 artikulua.

Elkargoaren izen-aldaketa otsailaren 22ko 17/2024 Dekretuaren bidez onartu zen (2024ko martxoaren 7ko EHAA, 49. zk.). Horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Gorputz Hezkuntzako Irakasleen eta Lizentziatuen Elkargo Ofiziala izeneko elkargoak honako izena hartu zuen: Euskal Autonomia Erkidegoko Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren nahitaezko txostenak jaso dira, Profesionalen Elkargoei, Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.4 artikuluak xedatutakoari erreparatuta.

Era berean, Lehiaren Euskal Agintaritzak txostena eman zuen 2023ko apirilaren 27an.

Ondoren, elkargo interesdunak estatutuak zuzendu zituen, aipatutako txostenen iruzkinak eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak egindako berrikuspena aintzat hartuta.

Zuzenketaren ondoriozko estatutu-testua elkargoaren osoko bilkurak onartu zuen 2024ko martxoaren 22an, data berean elkargoaren idazkariak, presidentearen oniritziarekin, egindako ziurtagirian aurreikusitako baldintzetan.

Halaber, Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak estatutu-testu horren zirriborroa onartu zuen, Kontseiluaren idazkari nagusiak 2024ko otsailaren 9an egindako ziurtagiriaren arabera.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuaren 10.22 artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Profesionalen Elkargoei, Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38.6 artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikuluan xedatutakoari erreparatuta.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan eta Profesionalen Elkargoei eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan eskatutako betekizunak.

Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Horregatik guztiagatik, honako hau.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala izeneko elkargoaren estatutuen aldaketa onartzea, zeinak eranskin gisa ageri baitira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindua, bere eranskinarekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, horren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 19a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA-ERKIDEGOKO GORPUTZ-HEZKUNTZAKO ETA JARDUERA FISIKOAREN ETA KIROLAREN ZIENTZIETAKO LIZENTZIATUEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA
IZAERA JURIDIKOA ETA ORDEZKARITZA

1. artikulua.– Izaera juridikoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofiziala, uztailaren 13ko 2353/1981 Errege Dekretuaren bidez Elkargo Zentraletik banandu ondoren eratua, zuzenbide publikoko korporazioa da, Espainiako Konstituzioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak eta Profesionalen Elkargoen Espainiako eta EAEko legeek babestua, eta egitura demokratikoa, izaera ordezkatzailea eta nortasun juridiko propioa dituena. Bere eskumeneko lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da.

2. artikulua.– Egoitza.

1.– Elkargo ofizialaren egoitza soziala honako hau da: Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, Lasarteko Atea 71, 01007 Vitoria-Gasteiz. Gobernu Batzarraren erabakiz aldatu ahal izango da.

2.– Gobernu Batzarrak erabakiko du elkargo ofizialaren armarria eta/edo logotipoa.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Honako hauek arautuko dute elkargo ofiziala: Elkargoaren Estatutu Orokorrak, estatutu hauek, Barne Erregimeneko Arautegiak, Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren (aurrerantzean, Kontseilu Nagusia) erabakiek, EAEko Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak, Profesionalen Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legeak eta profesionalen elkargoen arloan indarrean dauden gainerako legeek.

4. artikulua.– Eskumeneko lurralde-eremua.

1.– Elkargo ofizialak nahitaez biltzen ditu, indarrean dauden legeek horri buruz ezartzen dutenaren arabera, Gorputz Hezkuntzako edo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatu eta graduatu titulua edo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien esparruan profesionalki jarduteko legez gaitzen dituzten unibertsitate-titulu baliokidea duten pertsona fisiko guztiak, bai eta estatutu hauetan arautzen diren sozietate profesionalak ere, baldin eta titulazio horiei dagozkien jarduera profesionalak garatu nahi badituzte eta beren egoitza profesional bakarra edo nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan badute, zerbitzu-harreman bidez administrazio publikoetako kide direnentzat izan ezik. Kontseilu Nagusiaren osoko bilkurak zehaztuko du unibertsitate-titulu baliokidea.

2.– Martxoaren 15eko 2/2007 Legean xedatutakoaren arabera, elkargoan inskribatu behar dira Merkataritza Erregistratzaileak elkargoari jakinarazten dizkion sozietate profesionalak, egoitza soziala EAEn dutelako.

5. artikulua.– Ordezkaritza instituzionala.

Elkargoaren legezko ordezkaritza, bai epaiketetan, bai epaiketatik kanpo, lehendakariari dagokio, edo horren legezko ordezkariari, eta legitimazioa izango du prokuradoreei, letraduei edo edozein mandatariri ahalorde orokorrak edo bereziak emateko, Gobernu Batzarrak hala erabaki ondoren.

6. artikulua.– Gaitasun juridikoa.

Elkargo Ofizialak gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa du, eta mota guztietako ondasunak eskuratu, besterendu, kargatu, eduki eta erreibindikatu ditzake, kostu bidez edo irabazi-asmoz; Batzar Nagusiak aldez aurretik hala erabakita, betebeharrak har ditzake, era guztietako eskubideen titular izan daiteke, eta edozein ekintza judizial, erreklamazio edo errekurtso baliatu edo jasan dezake jurisdikzio-ordena orotan.

II. KAPITULUA
XEDEAK ETA EGINKIZUNAK

7. artikulua.– Xedeak.

1.– Lanbidea esklusiboki ordezkatzea eta defendatzea, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 22. artikuluan xedatutako kasuan, bai eta elkargokideen interes profesionalak ere, eta elkargokideek ematen dituzten zerbitzuen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea.

2.– Aholkularitza-lana egitea, prestakuntza ematea, jarduera profesionala antolatzea eta kideen interes profesionalak ordezkatzea.

3.– Bere lanaren oinarri gisa, elkargokideen eskaeretara egokitzea eta horiei erantzutea, dagokion gizarte-erantzukizuna eta -funtzioa betez.

8. artikulua.– Funtzioak.

Bere xedeak betetzeko, elkargo ofizialak eginkizun hauek izango ditu:

1.– Profesionalen Elkargoei buruzko apirilaren 14ko 7/97 Legearen 5. artikuluak (1997ko apirilaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofiziala, 90. zk.) eta Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 24. artikuluak esleitzen dizkiotenak.

2.– Batetik, lanbidearen jarduna antolatzea, arlo honetan botere publikoei dagokiena alde batera utzi gabe, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoan lanbidearen ordezkaritza instituzional esklusiboa izatea eta, 18/1997 Legearen 24. artikuluan xedatutako kasuetan, hura defendatzea edozein motatako organo jurisdikzionalen, batzar edo erakunde aholku-emaileen, kontseiluen eta patronatuen aurrean, edozein dela ere horien legitimazioa, lanbidearen edo elkargoaren interesei eragiten dieten auzietan alderdi izanik.

3.– Espainiako Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren organoetan parte hartzea, legeen eta estatutu hauen arabera.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, funtzio profesionalen baldintza orokorrei buruzko lege-proiektuei edo edozein mailatako xedapenei buruzko informazioa ematea; besteak beste, eremua, eskatutako titulu ofizialak eta beste lanbide batzuekiko bateraezintasun-araubidea.

5.– Lanbidearen jarduna zaintzea eta elkargokideek printzipio etiko eta deontologikoak betetzen dituztela zaintzea, bereziki, komunikazio komertzialen arloan duten jokabidea legean xedatutakoarekin bat etor dadin, lanbidearen independentzia eta osotasuna babesteko, bai eta sekretu profesionala ere.

6.– Behar diren neurriak hartzea elkargokideek Elkargoen Kontseilu Nagusiaren eta elkargoaren beraren ebazpenak bete ditzaten.

7.– Diziplina-ahala baliatzea maila profesionalean eta elkargo-mailan elkargokideen egintzak zehatzeko, baldin eta elkargoaren ordena onaren eta diziplina-araubidearen aurkako egintzak egiten badituzte, edo arau-hauste deontologikoak egiten badituzte, profesional gisa edo beren zerbitzuen hartzaileen aurka.

8.– Elkargokideen ordezkaritza bere gain hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko eta beste autonomia-erkidego batzuetako antzeko erakundeen aurrean eta lanbide-esparruko jardueretan.

9.– Aurrekontuak onartzea eta elkargokideen ekarpenak arautzea.

10.– Elkargokideek emandako zerbitzu profesionalen kalitate-maila egokia zaintzea, lanbidearen prestigioa ziurtatuz.

11.– Lanbide-intrusismoarekin zerikusia duten gaiak aztertzea eta salatzea, eta legeek intrusismoa saihesteko ezartzen dituzten ekintzak gauzatzea, hargatik eragotzi gabe Administrazioaren ikuskapen- eta zehapen-jarduketak.

12.– Lanbidearekin zerikusia duten arrazoiengatik elkargokideen artean sor daitezkeen auzietan esku hartzea, adiskidetze edo arbitraje bidez, eta bitartekaritzaren erabilera sustatzea, uztailaren 6ko 5/2012 Legean xedatutako baldintzetan, gatazkak konpontzeko ordezko bidetzat.

13.– Eskatzen zaizkion txostenak edo irizpenak egitea. Txosten edo irizpen horiek inola ere ez dira izango elkargokideei dagozkien lan profesionalak, elkargokideek sinatu ezean, lehiaren arauei eragin gabe.

14.– Prozedura judizial edo administratiboetako zerbitzu-sari profesionalei buruzko txostenak eta irizpenak egitea.

15.– Elkargokideen onarpena ebaztea, eta, hala badagokio, elkargokideen baja ere bai, bidezko errekurtsoak ezertan eragotzi gabe.

16.– Elkargokideen lan profesionalak ikus-onestea, elkargokideek hala eskatuz gero, eta Legeak ezarritako kasuetan. Ikus-onestea ez da nahitaezkoa.

17.– Elkargokideen maila zientifikoa, ekonomikoa eta soziala etengabe hobetzea sustatzea, eskura dituen bitarteko guztiak erabiliz.

18.– Botere publikoekin lankidetzan aritzea gorputz- edo kirol-ekintzak egiten dituzten pertsonen osasuna eta segurtasuna babesteko.

19.– Elkargokideen arteko harmonia eta lankidetza bultzatzea.

20.– Zerbitzuen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak behar bezala errespetatzen direla zaintzea.

21.– Sozietateak eta zerbitzuak sustatzea, sortzea eta antolatzea, lanbideari, asistentzia soziosanitarioari, lankidetzari eta mutualismoari dagokienez, eta ildo horretan bidezko diren harremanak, itunak eta akordioak ezartzea Administrazioarekin eta dagozkion erakunde eta entitateekin.

22.– Planak eta programak formulatzen eta gauzatzen laguntzea, kirolarien eta gainerako kontsumitzaileen eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna sustatzearekin zerikusia duten gai guztietan parte hartuz.

23.– Unibertsitateekin eta beste hezkuntza-erakunde batzuekin lankidetzan aritzea ikasketa-planak egiteko eta elkargokide berriei bizitza profesionalerako sarbidea errazteko behar den informazioa prestatzeko. Haiekin eta beste erakunde batzuekin etengabe harremanetan egotea, gure tituludunei bizitza profesionalerako sarbidea errazteko.

24.– Administrazioarekin edo beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, elkargoaren helburuekin zerikusia duten jarduerak eginez eta zerbitzuak emanez, hala eskatzen bazaio, edo bere ekimenez.

25.– Beren prestakuntza eta esperientzia profesionalagatik gai judizialetan peritu gisa esku hartzeko gaitasuna duten elkargokideen zerrenda ematea auzitegiei, edo agintaritza judizialak eskatuta proposatzea.

26.– Elkargokideen erroldaz eta Sozietate Profesionalen Erregistroaz arduratzea, informazio hobea lortzeko beharrezkotzat jotzen diren datu guztiekin, bai eta indarreko legeriak eskatzen dituen datuekin ere, eta lanbidearekin zerikusia duten azterlanak, proiektuak eta proposamenak egiteko komenigarritzat jotzen diren estatistikak egitea.

27.– Gorputz- edo kirol-gaitasuneko edozein proba barne hartzen duten proben epaimahaietan parte hartzea, organo eskudunek hala eskatzen diotenean.

28.– Gorputz- eta kirol-gaitasunaren ziurtagiriak egitea.

29.– Lanbideari eragiten dioten Eusko Jaurlaritzaren edo Espainiako gobernuaren arau-proiektuei buruzko nahitaezko txostenak egitea.

30.– Bermatzea lanbidearen antolamendua arautzean ez dela mugarik ezartzen lanbidean sozietate moduan aritzeko.

31.– Erakunde publiko eta pribatuekin mota guztietako akordioak sinatzea eta lankidetza-harremanak ezartzea, betiere lanbidearen onurarako badira.

32.– Lanbidea ordezkatzea eta babestea Administrazioaren, erakundeen, auzitegien edo entitate eta partikularren aurrean, eta interes profesionalei eragiten dieten auzi guztietan alderdi legitimoa izatea.

33.– Herritarrek egiten dituzten erreklamazioei erantzutea, elkargokideek emandako zerbitzu profesionalak direla eta.

34.– Lanbidea sustatzea eta lanbiderako prestatzea helburu duten jarduerak eta zerbitzuak bultzatzea, sortzea eta antolatzea.

35.– Heziketa eta kultura fisikoari buruzko biltzarrak, ikastaroak eta hitzaldiak sustatzea, lankidetzan aritzea eta, hala badagokio, antolatzea, eta ikasketa-poltsak eta beste jarduera batzuk sortzea, lizentziadunen ezagutzak eguneratzeko eta hobetzeko.

36.– Elkargokideek erabiltzeko egokitzat jotzen diren informazio-, aholkularitza- eta dokumentazio-zerbitzuak ezartzea.

37.– Administrazio publikoek agintzen dizkioten eginkizun guztiak betetzea.

38.– Bere estatutuak eta barne-erregimeneko arautegiak onartzea, bai eta erakundearen funtzionamendu egokirako beharrezkotzat jotzen diren araudi eta/edo erregelamendu guztiak ere.

39.– Oro har, lege-xedapenek profesionalen elkargoei esleitzen dieten beste edozein eskumen, eta Batzar Nagusiak erabakitzen dituenak, legeak eta estatutu hauek errespetatuz.

III. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOAREKIKO HARREMANAK

9. artikulua.– Euskal autonomia erkidegoko administrazio publikoarekiko harremanak.

Elkargo Ofizialak harremanak izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoekin, bere eskumen-eremuarekin, xedeekin eta eginkizunekin zerikusia duen guztian.

10. artikulua.– Estatuko administrazioarekiko harremanak.

Elkargo Ofizialak harremanak izango ditu Estatuko Administrazioarekin, Gorputz Hezkuntzako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren bitartez.

II. TITULUA
ELKARGOKO ORGANOAK

11. artikulua.– Elkargoko organoak.

Honako hauek dira elkargo ofizialeko organoak:

a) Batzar Nagusia.

b) Gobernu Batzarra.

c) Lehendakaria.

I. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA

12. artikulua.– Definizioa.

Batzar Nagusia da elkargoaren gobernu- eta ordezkaritza-organo gorena. Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten elkargokide guztiek osatuko dute. Bere erabakiak lotesleak izango dira elkargokide guztientzat, betiere indarrean dagoen ordenamendu juridikoan jasotako mugak errespetatzen badituzte.

13. artikulua.– Funtzioak.

Honako hauek dira Batzar Nagusiaren funtzioak:

a) Gobernu Batzarraren kudeaketaren berri izatea.

b) Estatutuak eta, hala badagokio, Barne Erregimeneko Arautegia, Diziplina Arautegia eta estatutu hauek garatzeko beharrezkotzat jotzen den beste edozein onartzea eta aldatzea.

c) Elkargoaren aurrekontua eta urteko kontuak onartzea, hala badagokio.

d) Gobernu Batzarrak aurkeztutako jardueren urteko memoria onartzea, hala badagokio.

e) Gobernu Batzarra hautatzea.

f) Gobernu Batzarraren edo bertako kideen kudeaketa onestea edo gaitzestea. Gaitzespena eraginkorra izan dadin, gehiengo kalifikatua beharko da, hau da, Batzar Nagusira bertaratutakoen bi herenen aldeko botoa.

g) Gobernu-organoetako titularrak kargutik kentzea, Batzar Nagusiaren bi herenen zentsura-botoaren bidez.

h) Kuotak onartzea, bai eta ezar daitezkeen murriztapenak edo hobariak ere.

i) Elkargoaren ondasun higiezinak eskuratzea, besterentzea, kargatzea eta ondasun horien gaineko xedatze- edo kargatze-egintza juridikoak egitea.

j) Sariak ematea onartzea.

k) Gobernu Batzarrak aurkezten dizkion gaiak, azter ditzan.

14. artikulua.– Deialdia eta funtzionamendua.

1.– Batzar Nagusirako deia Gobernu Batzarrak egingo du, bere ekimenez edo elkargokideen gutxienez ehuneko hamarrak idatziz eskatuta.

2.– Batzar Nagusiaren bilkura guztiek gai-zerrenda bat izango dute, Gobernu Batzarrak zehaztuko duena, eta gai horiek soilik eztabaidatu ahalko dira. Galderak eta eskaerak idatziz aurkeztu beharko zaizkio elkargoko idazkari nagusiari, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago, eta ez dira eztabaidatuko, ezta bozkatuko ere. Gai guztiak gai-zerrendan duten hurrenkeraren arabera eztabaidatu eta bozkatuko dira, lehendakariak edo, hala badagokio, Batzar Nagusiak berak eztabaidaren hurrenkera aldatzea erabaki ezean, justifikatutako arrazoiengatik.

3.– Aurreikusitako eguna baino gutxienez 15 (hamabost) egutegi-egun lehenago egingo da deialdia, idazkari nagusiaren idazki baten bidez. Idazki horretan, gai-zerrendarekin batera, bilkura egingo den tokia, eguna eta ordua adieraziko dira, lehenengo eta bigarren deialdietan. Lehenengo eta bigarren deialdien artean hogeita hamar minutu izango dira, gutxienez.

4.– Erabakiak baiespenez hartu ahal izango dira, inork proposamenari eragozpenik jartzen ez dionean, edo bozketaz, kideren batek hala eskatzen duenean. Bozketak eskua jasota edo ezkutuan egin daitezke. Bozketak ezkutukoak izango dira, baldin eta lehendakariak hala erabakitzen badu edo bertaratutako eta ordezkatutako pertsonen bostenak hala eskatzen badu. Ezkutukoak izango dira, halaber, hauteskundeetako, zentsura- edo konfiantza-mozioetako eta diziplina-prozeduretako bozketak.

5.– Batzar Nagusian parte hartzen duten elkargokide guztiek boto partikularra eman dutela jasota utzi ahal izango dute aktan, eta boto horren arrazoiak ere adierazi ahal izango dituzte. Horretarako, bilkuran adierazi beharko dute boto partikularra emateko asmoa dutela, eta idatziz aurkeztu beharko dute 48 orduko epean, aktan sartzeko. Halaber, edozein kidek eskubidea izango du bere hitzen edo proposamenaren transkripzio osoa eskatzeko, betiere, egintzan edo lehendakariak adierazitako epean, bere hitzekin guztiz bat datorren testua aurkezten badu.

6.– Batzar Nagusian telematikoki eta aldi berean parte hartzeko aukera aurreikusten da, eta, hala badagokio, urruneko boto elektronikoa emateko aukera. Kasu horretan, Gobernu Batzarrak bertaratutakoak behar bezala identifikatuko ditu, eta identifikazioa benetakoa dela bermatu beharko du. Nolanahi ere, bilera elkargoaren egoitza dagoen lekuan egin dela ulertuko da. Hori guztia Profesionalen Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen seigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.

7.– Boto elektronikoak ez du balioko Batzar Nagusian hala erabakitzen den gaietan, Gobernu Batzarrak hala eskatuta.

15. artikulua.– Erabakiak baliozkoak izateko baldintzak.

1.– Batzar Nagusia behar bezala eratzeko, lehenengo deialdian boto-eskubidea duten elkargokideen erdia gehi bat bertaratu beharko dira. Quorum hori lortzen ez bada, bigarren deialdian behar bezala eratuta geratuko da, bertaratutako elkargokideen kopurua edozein dela ere.

2.– Batzar Nagusiaren deialdian, bigarrenaren ordua eta data iragarriko dira, lehenengoan eskatutako quoruma betetzen ez den kasurako.

3.– Batzar Nagusiaren erabakiak bertaratutako elkargokideek emandako botoen gehiengo soilez hartuko dira, hurrengo apartatuan berariaz xedatutako kasuetan izan ezik. Ez da boto eskuordeturik onartuko.

4.– Estatutuak onartzeko edo aldatzeko, ondasun higiezinak besterentzeko edo horien gaineko kargak eratzeko, bat egiteko, xurgatzeko, bereizteko eta desegiteko, botoen gehiengo kalifikatua beharko da, hau da, Batzar Nagusira bertaratutakoen bi herenen aldeko botoa beharko da.

4.– Batzar Nagusiaren deialdian, bigarrenaren ordua eta data iragarriko dira, lehenengoan eskatutako quoruma betetzen ez den kasurako.

5.– Elkargoa bat egitea, xurgatzea, bereiztea eta desegitea, Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez edo Eusko Legebiltzarraren lege bidez onartu beharko da.

6.– Ezohiko Batzarraren xedea zentsura-mozioa bada, bertaratze-deialdiaren betekizun berberak eskatuko dira, artikulu honen lehen apartatuan ezarritakoak, eta, hura onartzeko, bertaratutakoen bi herenen aldeko botoa lortu beharko da.

7.– Idazkari nagusiak akta egingo du, eta, bertan, jorratutako gaiak, eztabaiden puntu nagusiak eta hartutako erabakiak jasoko dira. Akta hori hurrengo bileran aurkeztuko da, hala badagokio onar dadin.

II. KAPITULUA
LEHENDAKARIA

16. artikulua.– Lehendakaria.

1.– Lehendakariak elkargoaren ordezkaritza instituzionala izango du agintaritza eta erakunde ororen aurrean, eta elkargoko gobernu-organoek emandako estatutu-aginduak, erabakiak eta xedapenak betetzen direla zainduko du.

2.– Bere eskumenen esparruan, honako funtzio hauek izango ditu:

a) Elkargoaren zuzendaritzaz arduratzea eta Batzar Nagusiaren eskumenekoak ez diren premiazko kasuetan erabakiak hartzea, eta Gobernu Batzarrari erabakien berri ematea hirurogeita hamabi orduko epean, gehienez ere.

b) Ohiko eta ezohiko Batzar Nagusietako buru izatea, bai eta bertaratzen den beste edozein bileratako buru ere; nolanahi ere, Gobernu Batzarreko beste kide bati eskuordetu ahal izango dio burutza, kasu jakin batzuetan.

c) Gobernu Batzarra eta batzordeak deitzea eta horien buru izatea.

d) Bilkurei hasiera eta amaiera ematea, eta horiek zuzentzea.

e) Aktak onartu ondoren sinatzea.

f) Banku- eta kreditu-kontu korronteak irekitzeko eta taloiak edo txekeak egiteko baimena ematea, diruzainarekin batera diru-kantitateak ateratzeko.

g) Idazkari nagusiak egiten dituen ziurtagiriak ikus-onestea.

h) Agintariei, korporazioei, elkargokideei, partikularrei eta iritzi publikoari zuzendutako txostenak eta komunikazioak baimentzea.

i) Elkargoaren izenean, hirugarrenekin egindako kontratuak, hitzarmenak eta bestelako akordioak sinatzea eta egilestea, behar diren baimenak lortu ondoren.

j) Bere sinadurarekin baimentzea apartatu honetako a) letrari dagozkion mota guztietako agiriak.

k) Gobernu Batzarreko kide guztien lana koordinatzea.

l) Batzordeetako koordinatzaileak izendatzea, horiek osatzen dituzten kideen artean, Gobernu Batzarrak proposatuta.

m) Bere botoarekin berdinketak haustea, Gobernu Batzarraren irizpenaren peko erabakiak hartzeko.

n) Agintzen zaion beste edozein.

III. KAPITULUA
GOBERNU-BATZARRA

17. artikulua.– Osaera.

Gobernu Batzarra gutxienez bost kidek osatuko dute:

a) Lehendakaria.

b) Lehendakariordea.

c) Idazkari Nagusia.

d) Diruzaina.

c) Bokala, gehienez ere hiru (lurralde historiko bakoitzeko bokal bana ezarri ahal izango da).

18. artikulua.– Agintaldiaren iraupena.

Zuzendaritza-karguen izendapen guztiek lau urteko iraupena izango dute, berrautapenerako mugarik gabe.

19. artikulua.– Gobernu-batzarraren funtzioak.

Gobernu Batzarrari dagokio elkargoa zuzentzea eta administratzea, bai eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak betearaztea ere. Hauek dira Gobernu Batzarraren funtzioak:

a) Batzar Nagusiaren erabakiak, estatutuak eta legeria betetzea eta betearaztea.

b) Estatutuak, Barne Erregimeneko Arautegia eta/edo erakundearen funtzionamendu egokirako behar diren araudi edo erregelamenduak onartzeko eta aldatzeko prozedura bultzatzea.

c) Batzar Nagusiari dagozkion gaiak proposatzea.

d) Elkargoaren aurrekontuak eta urteko kontuak egin, kudeatu eta administratzea.

e) Elkargokideen gaineko diziplina-ahala erabiltzea.

f) Batzar Nagusirako deia egitea.

g) Gobernu Batzarreko karguak betetzeko hauteskundeetarako deia egitea.

h) Gobernu Batzarreko kideak behin-behinean izendatzea, beren karguak hutsik geratzen direnean, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera.

i) Elkargoko kide egiteko eskabideen espedienteak ebaztea.

j) Zehapenak baliogabetzeko baimena ematea.

k) Elkargoak hobeto funtziona dezan komenigarritzat jotzen dituen batzordeak eta lantaldeak sortzea eta desegitea erabakitzea, eta bertako kideak izendatzea.

l) Elkargoko karguak betetzeak eragiten dituen ordezkaritza- eta konpentsazio-gastuak arautzea.

m) Hitzarmenak edo bestelako akordioak sinatzeko baimena ematea, betiere lanbideari mesede egiten badiote.

n) Erantzukizun zibil profesionaleko aseguruan elkargokideek izenpetu behar dituzten estaldurak ezartzea, indarrean dagoen legeriaren arabera. Estaldura horrek estalitako arriskuen izaerarekiko eta irismenarekiko proportzionala izan beharko du, eta elkargoak ezin izango du, inola ere, aseguru edo konpainia jakin batera atxikitzea inposatu.

o) Elkargoaren administrazio-lana antolatzea eta haren zerbitzura dauden giza baliabideen zuzendaritza bere gain hartzea, eta, horretarako, egokitzat jotzen duen oro izendatzea.

p) Elkargoko kide egiteko eskaerak ebaztea.

q) Elkargoaren zerbitzuak antolatzea, elkargokideen onurarako, eta behar diren baldintza operatiboak eta ekonomikoak eta parte hartzeko baldintzak ezartzea.

r) Batzar Nagusiak eskuordetzen dizkion gaiak ebaztea.

s) Batzar Nagusiari berariaz esleitu ez zaizkion eskumen guztiak.

20. artikulua.– Gobernu-batzarraren funtzionamendua eta deialdia.

1.– Gobernu Batzarra hiru hilean behin bilduko da, gutxienez, eta ezohiko bilera egingo da, baldin eta gutxienez bi kidek eskatzen badute edo, lehendakariaren iritziz, inguruabarrek hala eskatzen badute. Deialdia, gutxienez, 8 (zortzi) egutegi-egun lehenago egingo du idazkari nagusiak, lehendakariaren agindua jaso ondoren. Lehendakariak zehaztuko du gai-zerrenda.

2.– Gobernu Batzarreko kide guztiek gorde beharko dute bileretan jorratutako gaien konfidentzialtasuna.

3.– Lehendakariak Gobernu Batzarrera premiaz deitu dezake, egoerak hala eskatzen duenean.

4.– Zuzenbidean balio duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da deialdia, betiere Gobernu Batzarreko kideei bidali zaiela egiaztatzen bada.

5.– Lehenengo deialdian erabakiak balio osoz hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da batzarra osatzen duten kideen gehiengoa bertaratzea. Bigarren deialdian, baliozkoak izango dira gehiengo soilez hartutako erabakiak, bertaratutakoen kopurua edozein dela ere. Berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren kalitatezko botoak erabakiko du.

6.– Profesionalen Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen seigarren xedapen gehigarriaren arabera, beharrezkotzat jotzen bada, Gobernu Batzarraren bilerak edozein bitarteko telematiko erabiliz egin ahal izango dira. Kasu horretan, elkargoko Idazkaritzak bileraren akta egin beharko du, eta erabilitako bitartekoa, eguna eta ordua ziurtatu beharko ditu, bai eta bertaratutakoak eta eztabaidatutako gaiak eta hartutako erabakiak ere.

21. artikulua.– Gobernu-batzarreko kideen kargu-uztea.

Gobernu Batzarreko kideek honako arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Kargualdia bukatzea.

b) Uko egitea.

c) Heriotza.

d) Edozein kargu, publikoa izan edo ez, izendatzea, baldin eta bere eginkizunak behar bezala betetzeko behar den independentzia arriskuan jar badezake edo legezko bateraezintasuna badago.

e) Epai irmo bidezko kondena, kargu publikoak betetzeko desgaikuntza dakarrena.

f) Falta astun edo oso astunengatiko diziplina-zehapen irmoa.

g) Estatutu hauetan adierazitako hautagarritasun-baldintzak galtzea.

h) Batzar Nagusiak zentsura-mozioa onartzea.

i) Gobernu Batzarraren ondoz ondoko hiru bileratara edo aldizkako bost bileratara ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe, urte berean.

22. artikulua.– Gobernu-batzarreko kideak ordezkatzea.

1.– Gobernu Batzarreko kideen erdiek edo gehiagok dimititu edo kargua uzten dutenean, hutsik dauden karguetarako hauteskundeetara deituko da, eta lau hilabeteko epean egin beharko dira. Hautetsi berrien agintaldiaren iraupena hurrengo hauteskunde-aldira artekoa izango da.

2.– Hutsik geratzen diren postuak Gobernu Batzarreko kideen erdiak baino gutxiago badira, Gobernu Batzarrak kooptazio-sistemaren bidez beteko ditu. Gobernu Batzarrak jarduneko elkargokideen artean izendatuko ditu kargua utziko duten kideen ordezkoak, eta agintaldia hurrengo hauteskunde-aldira artekoa izango da. Izendapenak hurrengo Batzar Nagusian berretsi beharko dira.

3.– Nolanahi ere, lehendakariak dimititu edo kargua uzten badu, lehendakariordeak ordezkatuko du, eta bere kargu hutsa kooptazio-sistemaren bidez bete beharko da.

4.– Edozein arrazoirengatik Gobernu Batzarreko kargu guztiak uzten badituzte, edo kargu guztien erdiak baino gehiago hutsik geratzen badira, Kontseilu Nagusiak egoki irizten dituen neurriak hartuko ditu hura behin-behinean osatzeko. Horrela eratutako behin-behineko batzarrak hamabost eguneko epea izango du kargu horiek betetzeko hauteskundeetara deitzeko, eta bere eginkizunak beteko ditu, harik eta hauteskundeetan izendatutako pertsonak karguaz jabetu arte. Estatutu hauetan ezarritako prozeduraren arabera egingo dira hauteskunde horiek.

IV. KAPITULUA
GOBERNU-BATZARREKO KARGUAK

23. artikulua.– Lehendakariordea.

Lehendakariordeak lehendakariak esleitzen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu, eta hura ordezkatuko du, baldin eta ez badago, gaixorik badago, hiltzen bada, abstenitzen bada edo errekusatzen badute. Lehendakariak kargua behin betiko uzten badu, agintaldia amaitu arte izango du kargua.

24. artikulua.– Idazkari nagusia.

1.– Idazkari nagusiak honako eginkizun hauek izango ditu, estatutu hauetatik, indarrean dauden xedapenetatik eta lehendakariak emandako aginduetatik erator daitezkeen bestelako eginkizunak alde batera utzi gabe:

a) Elkargoaren egintza guztietarako zitazio-ofizioak idaztea eta zuzentzea, Gobernu Batzarreko lehendakariak emandako aginduen arabera eta behar besteko aurrerapenarekin.

b) Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzarraren bileren aktak idaztea, bertaratutako kideak adierazita, eta aktak dagokien liburuan sartzen direla zaintzea eta lehendakariarekin sinatzea.

c) Behar diren liburuak eramatea, zerbitzu onena eta txukunena emateko. Horietako batean, nahitaez, elkargokideei ezartzen zaizkien zehapenak jaso behar dira.

d) Elkargora iristen diren eskaera eta komunikazio guztiak jasotzea eta lehendakariari horien berri ematea.

e) Dagokion pertsona elkargoan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria sinatzea lehendakariarekin.

f) Eskatzen diren ziurtagiriak egitea, lehendakariaren oniritziarekin.

g) Urteko gorabeherak jasotzen dituen memoria idaztea urtero, eta Batzar Nagusiari jakinaraztea.

h) Agintariei, erakundeei, korporazioei, elkargokideei eta iritzi publikoari zuzendutako txostenak eta komunikazioak bidaltzea, lehendakariaren baimenarekin.

i) Gobernu Batzarrak pertsona bat elkargoan sartuta dagoela egiaztatzeko onartzen duen dokumentua baimentzea, bere sinadurarekin.

j) Egokitzat jotzen diren sozietate profesionalen erregistroak egitea eta inskribatutako erakundeen inguruan jakinaraztea erakunde ofizialei, garaiz eta forma egokiz.

k) Gobernu Batzarraren erabakiak betetzea.

l) Harreman guztietan eta, bereziki, elkargokideekin dituen harremanetan, datu pertsonalen babesten direla zaintzea.

m) Bere ardurapean dagoen dokumentazio guztia zaintzea, eta, lapurtu, galdu edo suntsituz gero, horiek osorik edo zati batean berrezartzeko behar dien neurriak hartzea; horretarako, aldian-aldian egiaztatuko du hartutako neurriak eraginkorrak direla, eta, Gobernu Batzarrak egoki iritziz gero, ezarriko ditu. Ildo horretan, arreta berezia jarriko du elkargoaren dokumentazioa legez kontra eskuratzeko ekintzetan, eta dokumentuetarako sarbide-kontrola areagotuko du.

n) Elkargoaren fede publikoa egikaritzea.

2.– Elkargoko idazkariak ahalmena izango du, elkargoaren izenean eta hura ordezkatuz, dagokion agintaritzak emandako sinadura elektronikoaren ziurtagiria eskatzeko eta lortzeko, administrazio publikoekin eta beste erakunde batzuekin dituen harreman elektronikoetan erabiltzeko. Horrez gain, zerbitzu-emaileen aurrean agertu eta dagozkion nortasun-agiriak eskatu ahal izango ditu. Ahalmen horiek zuzenbidean direnik eta zabalenak dira.

25. artikulua.– Diruzaina.

1.– Honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Elkargoaren funtsak bildu eta zaintzea.

b) Elkargoaren kontabilitatea berme egokiekin eta lege- eta estatutu-arauen arabera egiteko behar dena xedatzea.

c) Lehendakariarekin batera, aurrekontuan onartu eta elkargoan gauzatzen diren gastu eta inbertsio guztiak sinatzea, funtsak erabiltzea badakarte.

d) Aurreko urteko abenduaren hogeita hamaikan itxitako memoria ekonomikoa aurkeztea Gobernu Batzarrari eta Batzar Nagusiari, balantzearekin, emaitzen kontuarekin eta aurrekontu-likidazioarekin batera.

e) Urtero aurrekontu-proiektua idaztea, Batzar Nagusiari aurkezteko, Gobernu Batzarrak onartu ondoren.

f) Kontabilitatetik kentzen diren balantzeak eta urteko kontuak sinatzea.

g) Elkargoaren kontabilitatea aldizka kontrolatzea.

h) Elkargoaren inbertsioak kontrolatu eta gainbegiratzea, eta aldizka Gobernu Batzarrari inbertsio horien bilakaeraren eta emaitzen berri ematea.

i) Elkargoak hirugarrenekin sinatutako kontratuen eduki ekonomikoa kontrolatu eta gainbegiratzea, eta Gobernu Batzarrari kontratu horien berri ematea.

j) Idazkari nagusiari laguntzea, haren eginkizunak bere gain hartuz, ez badago, gaixorik badago, hiltzen bada, abstenitzen bada edo errekusatzen badute.

2.– Kontabilitate-lanak hirugarren bati agindu ahal izango zaizkio, Gobernu Batzarrak hala erabaki ondoren.

26. artikulua.– Bokalak.

Gobernu Batzarrak agindutako eginkizunak beteko dituzte bokalek.

27. artikulua.– Aholku-batzordeak.

1.– Lehendakariak komenigarritzat jotzen dituen batzorde guztiak eratzea erabaki ahal izango du, aholkuak emateko, elkargoaren funtzionamendua hobetzeko eta elkargoaren interesei zerbitzu egokiagoa emateko. Kasu bakoitzean, haien zeregina betetzeko behar den pertsona kopurua izango dute.

2.– Elkargoko lehendakaria izango da batzorde guztietako buru, eta eskumen hori Gobernu Batzarreko edozein kideri eskuordetu ahal izango dio.

3.– Gobernu Batzarrak berretsi beharko du aholku-batzordeen eraketa.

4.– Batzorde guztiek beren lanen berri eman beharko diote aldizka Gobernu Batzarrari.

V. KAPITULUA
ELKARGOKO KARGUEN BERME-ARAUBIDEA

28. artikulua.– Kontsiderazioak.

Elkargoaren betebeharra izango da ondorio korporatibo eta profesionaletarako hautapenezko karguei dagozkien betebeharrak betetzea, elkargo ofiziala zuzenbide publikoko korporazioa baita.

29. artikulua.– Ahalmenak.

Hautapenezko elkargo-kargu baterako izendatua izateak ahalmena ematen dio titularrari agintaldian askatasunez jarduteko, honako ahalmen hauekin:

a) Bere ordezkari-lanari dagozkion gaiei buruzko iritziak askatasun osoz adieraztea.

b) Bere karguari datxezkion elkargoaren eskubideak eta interesak defendatzeko behar diren ekintzak sustatzea.

c) Estatutuetako arauen arabera korporazioko gobernu-organoetako gainerako kideekin biltzea, elkargoaren intereseko gaien inguruan eztabaidatu, erabaki eta kudeatzeko.

d) Bere funtzioa askatasunez gauzatzeari eragiten dion edozein usurpazio, abusu edo esku-sartzeren aurka babestuta egotea.

e) Karguari datxezkion zereginetarako behar dituen informazioa, aholkularitza eta lankidetza jasotzea elkargoko organo eskudunetatik.

f) Elkargoaren ordezkaritzak hala eskatzen duenean, behar diren erraztasunak izatea.

30. artikulua.– Bileretara bertaratzea.

1.– Indarrean dauden xedapenek kasu bakoitzean adierazitako ondorioak izango ditu kargu hautetsiak elkargo ofizialaren eta Kontseilu Nagusiaren gobernu-organoek erregelamenduz deitutako bileretara joateak.

2.– Elkargo ofizialak agintaritza eskudunei eskatuko die Gobernu Batzarreko eta elkargoko edozein organotako kideei beren ekitaldi eta bileretara joateko aukera eman diezaieten.

3.– Ordezkaritza-karguak dagokion agintaritzari jakinarazi beharko dio lanpostutik kanpo egon behar duela, deialdiaren testuarekin justifikatu beharko du zergatik ez den bertaratu eta behar besteko aurrerapenarekin iragarri beharko du.

VI. KAPITULUA
GOBERNU-BATZARRA HAUTATZEKO ARAUAK

31. artikulua.– Hautagarritasun-baldintzak.

1.– Hautagai izateko, pertsona fisikoa izan behar da, bai eta elkargo ofizialean jarduneko elkargokide ere. Halaber, antzinatasun-baldintza hauek bete behar dira:

a) Lehendakari-kargurako, hautagaitza aurkeztu aurretik, hiru urtez jarraian jardunean egotea.

b) Lehendakariorde, idazkari nagusi eta diruzain karguetarako, hautagaitza aurkeztu aurretik, bi urtez jarraian jardunean egotea.

c) Bokal-kargurako, hautaketa egin baino urtebete lehenagotik jardunean egotea.

Kontseilu Nagusiak, elkargo ofizialeko Gobernu Batzarrak eskaera arrazoitua eginez gero, antzinatasun-baldintza murriztu ahal izango du hautagairik ez badago.

2.– Hautagaiak egunean izan beharko ditu elkargoko kargak, eta ez du izan beharko legezko edo estatutu bidezko debekurik edo ezgaitasunik.

32. artikulua.– Hautatzeko modua.

Gobernu Batzarreko kideentzat aurkezten diren hautagaitzak zerrenda itxi osoen sistemaren bidez aurkeztu beharko dira, eta hautagai guztiak jaso beharko dira.

Hautagai-zerrenda bakoitzean hautagai bakoitzak zein kargu lortu nahi duen adieraziko da, eta pertsona bakoitzak ezin izango du kargu bat baino gehiago adierazi.

Aurkezten diren hautagai-txartelak zerrenda osatzen duen kide bakoitzak sinatu beharko ditu, bere onarpena adieraziz.

Hautagai-zerrendak elkargokide diren pertsona fisiko guztiek bozkatuko dituzte, zuzeneko sufragio unibertsal, aske eta sekretuaren bidez.

33. artikulua.– Hauteskundeen beharrik eza.

Ez dira hauteskundeak egin beharko hautagai-zerrenda bakarra aurkezten eta aldarrikatzen bada.

34. artikulua.– Deialdia.

1.– Gobernu Batzarrerako hauteskundeetarako deialdia Batzar Nagusiak egingo du, agintaldia amaitu baino hilabete lehenago gutxienez, eta behar bezalako publizitatearekin. Egoera horren berri emango dio Kontseilu Nagusiari.

2.– Deialdiaren argitalpenean honako hauek jaso beharko dira: hauteskundeen xede diren karguak, hauteskunde-egutegia, horiek egiteko eguna eta lekua, Hauteskunde Batzordearen eraketa eta bozketa ireki eta ixteko ordutegia, bai eta botoa emateko eskubidea duten elkargokideen zerrenda ere.

35. artikulua.– Gobernu-batzarraren egoera hauteskundeetarako deialdiaren ondoren.

Hauteskundeetarako deialdia egiten den unetik, Gobernu Batzarreko kargu guztiek jardunean jarraituko dute batzar berria karguaz jabetu arte.

36. artikulua.– Hauteskunde-batzordearen osaera eta funtzioak.

1.– Hauteskundeetara deitzen denean, hauteskunde-batzorde bat eratuko da, hauteskunde-prozesu osoa kontrolatu eta burutzeko. Batzorde hori pertsona bakarrekoa izango da, eta indarrean egongo da izendatzen denetik hauteskunde-prozesua amaitu arte.

2.– Hauteskunde Batzordeak elkargoko aholkulari juridikoaren laguntza izan dezake bere eginkizunak betetzeko, hala eskatzen zaionean. Aholkulari juridikoak hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Hauteskunde Batzordeko kidea ezin izango da Gobernu Batzarrerako hautagai izan, ez eta Gobernu Batzarreko jarduneko kide izan edo legezko edo estatutupeko debekuren baten eraginpean egon ere.

4.– Hauteskunde Batzordea hauteskundeetako buru izango da, eta hauteskunde-prozesua gardentasunez eta demokratikoki burutzen dela zainduko du.

5.– Jarduneko Gobernu Batzarraren erantzukizuna da Hauteskunde Batzordeari hauteskunde-prozesua aurrera eramateko baliabide ekonomiko eta giza baliabide egokiak ematea.

6.– Hauteskunde Batzordeak funtzio hauek izango ditu:

a) Hauteskunde-prozesua zuzentzea eta gainbegiratzea, estatutu hauetako eta Barne Erregimeneko Arautegietako hauteskunde-arauen arabera burutu dadin, batez ere hautagaien arteko errespetuari dagokionez.

b) Hauteskunde-prozesura aurkeztutako hautagai zerrendek eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta kideen hautaezintasun-arrazoirik dagoen ala ez egiaztatzea.

c) Aurkeztutako hautagai-zerrendak aldarrikatzea eta hauteskunde-arauetan eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten hautagai-zerrendak edo hautagaiak baztertzea.

d) Boto-paperen eta gutun-azalen ereduak onartzea.

e) Posta bidezko botoaren sistemak behar bezala funtzionatzen duela zaintzea. Horretarako, jarraibideak eman ahal izango ditu, indarrean dauden arauak errespetatuz, bide hori erabili nahi duenari botoa behar diren bermeekin ematen laguntzeko.

f) Hauteskunde-garaian sor daitekeen edozein arau-hauste edo funtzionamendu-akats berehala zuzentzea, eta egon daitezkeen hutsuneak betetzeko jarraibideak ematea.

g) Hauteskunde-mahaiaren funtzionamendu egokia, bozketaren garapena eta zuzenean edo postaz emandako botoen zenbaketa zaintzea.

h) Hauteskunde-emaitzak eta hautetsiak aldarrikatzea, bozketa amaitzean.

i) Hauteskunde-garaian hauteskundeen inguruan aurkezten diren kexa edo erreklamazioak ebaztea. Hauteskunde Batzordeak gehienez ere bi egun balioduneko epean ebatzi beharko ditu kexa edo erreklamazio horiek, aurkezten direnetik zenbatzen hasita, behar bezala justifikatutako aparteko kasuetan eta estatutu hauetan jasotako salbuespenetan izan ezik.

37. artikulua.– Hautagai-zerrendak izapidetzea.

1.– Hautagai-zerrendak Hauteskunde Batzordeari aurkeztu beharko zaizkio, deialdia argitaratu eta hamabost egutegi-eguneko epean, idatziz. Idazki horretan adierazi beharko dira postu bakoitzerako hautagaien izena, elkargokide-zenbakia eta bakoitzaren sinadura. Hautagai-zerrenda aurkezteko unean, ordezkari bat izendatuko da Hauteskunde Batzordearen aurrean.

2.– Aurreko aldia amaitu eta hurrengo egunean, Hauteskunde Batzordeak hautagai guztien hautagarritasun-baldintzak egiaztatuko ditu, bai eta aurkeztutako hautagaitzen zuzentasun formala ere, eta berrogeita zortzi orduko epea emango die hautagaiei akatsak zuzen ditzaten.

3.– Hauteskunde Batzordeak, aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, hauteskundeetara aurkezten diren hautagaiak aldarrikatuko ditu behin-behinean. Aurkeztutako hautagai guztiei eta elkargokideei jakinaraziko zaie aldarrikapena.

4.– Hauteskunde Batzordeak hautaezintasun-arrazoiren bat duten hautagaiak zerrendatik kanpo uzteko hartutako erabakiaren aurka, kanporatutakoek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Kontseilu Nagusiari, estatutu hauetan xedatutakoaren arabera. Errekurtsoa jartzeak ez du etengo aurkaratutako egintza, ez eta hauteskunde-prozesua ere.

5.– Hautagai-zerrendak ezin izango dira aldatu onartutakoan, hautagaia hiltzen denean izan ezik.

6.– Hauteskundeetarako deialdia argitaratzearekin batera, elkargokideen eskura jarriko da hautesle errolda, eta hamar egun balioduneko epea emango da erreklamazioak aurkezteko. Erreklamazioak Hauteskunde Batzordeak ebatziko ditu, erreklamazioak egiteko epea amaitu eta hurrengo bost egun baliodunen barruan, eta erreklamazioa egin duen elkargokide bakoitzari jakinaraziko dio ebazpena.

Hauteskunde-prozesua deitu aurreko hilaren azken egunean itxiko da hautesle errolda.

7.– Hautagai bakoitzak behin betiko hautesle erroldaren kopia bat eskuratzeko eskubidea izango du, eta Hauteskunde Batzordeak emango dio. Hautagai bakoitzak datu pertsonalak babesteari buruz indarrean dauden xedapenak errespetatzeko eta betetzeko konpromisoa hartu beharko du.

8.– Hautagaitzak aldarrikatu, eta hogei eta hogeita hamar egun naturalen arteko epean egingo dira hauteskundeak.

38. artikulua.– Debekatutako jarduerak eta eztabaidak.

1.– Debekatuta dago gainerako hautagaien izen onaren aurkako edo haiekiko errespeturik eza dakarren hauteskunde-jarduera oro, edo Gorputz Hezkuntzako eta Kiroleko Deontologia Kodean jasotako printzipioekin bat ez datorren oro. Debeku hori urratuz gero, hautagaia kanporatu egingo da, Hauteskunde Batzordearen erabakiz.

2.– Hautagaien arteko eztabaida publikoak egin ahal izango dira.

39. artikulua.– Hauteskunde-prozedura.

1.– Elkargoaren jurisdikzioak hartzen duen lurralde osoak hauteskunde-barruti bakarra osatuko du, eta mahaia elkargoaren egoitzan eratuko da.

Hala ere, Hauteskunde Batzordeak beste hauteskunde-egoitza batzuk izateko baimena eman ahal izango du, eta erabaki horren berri aldez aurretik eman beharko die elkargokide guztiei.

2.– Lehendakariak, idazkari nagusiak eta Hauteskunde Batzordeko beste kide batek osatuko dute hauteskunde-mahaia zehaztutako egunean eta orduan, eta batzorde horretako gainerako kideek ordezkatu ahal izango dituzte.

Hautagai-zerrenda bakoitzak ikuskatzaile bat izendatu ahal izango du hauteskunde-egoitzan, aldez aurretik Hauteskunde Batzordeari eskaera eginda, eta hark dagokion egiaztagiria emango dio. Ikuskatzaileek gutxienez urtebete lehenagotik izan beharko dute elkargokide.

3.– Hauteskunde Batzordeak behar adina boto-paper emango dizkie elkargokide guztiei, eta hauteskunde-egunean bertan egoitzan egongo dira.

4.– Botoa gutun-azal zuri batean sartu beharko da hautetsontzi garden batean, hauteskunde-mahaiak elkargokidea identifikatu ondoren.

5.– Baliogabeak izango dira onartutako hautagai zerrendetan agertzen ez diren pertsonen aldeko botoak, bai eta hautagaiaren izena eta kargua ez diren esaldiak edo esamoldeak, zuzenketak edo zirriborroak dituztenak ere.

6.– Ezarritako orduan bozketa amaitu ondoren, botoak zenbatuko dira; zenbaketa amaitu ondoren, Hauteskunde Batzordeko lehendakariak emaitzak aldarrikatuko ditu.

7.– Idazkari nagusiak bozketaren eta horren emaitzen akta egingo du, ikuskatzaileek eta Hauteskunde Batzordeko kideek sinatua, eta Gobernu Batzarrari jakinaraziko dio, Gobernu Batzarrak boto gehien jaso duen zerrendako kideen izendapenak egin ditzan.

8.– Karguaz jabetzea Gobernu Batzarrak horretarako adierazitako egunean egingo da, gehienez ere hogeita hamar egutegi-eguneko epean.

9.– Bozketaren emaitza Kontseilu Nagusiari jakinaraziko zaio.

III. TITULUA
ELKARGOKO KIDE EGITEA
I. KAPITULUA
ELKARGOKO KIDE EGITEA

40. artikulua.– Derrigortasuna.

Lanbidean Euskal Autonomia Erkidegoan jardun ahal izateko, ezinbestekoa izango da elkargo ofizialean sartzea, baldin eta lizentziatuak edo graduatuak bere lanbide-egoitza, bakarra edo nagusia, lurralde-eremu horretan badu, «elkargokide bakarra» printzipioari kalterik egin gabe; betiere elkargoko kide izan behar bada, lanbidean jarduteko.

41. artikulua.– Baldintzak eta prozedura.

1.– Elkargo ofizialean sartzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Estatutu hauetako 4. artikuluan jasotako tituluren bat izatea.

b) Elkargoan sartzeko dagokion kuota ordaintzea.

c) Zigor-aurrekaririk ez izatea.

d) Lanbide-jardunarekiko bateraezintasun-egoeran ez egotea, arreta berezia jarriz Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean, eta lanbidean jarduteko legez desgaituta, etenda edo ezgaituta ez egotea.

e) Beren izaera eta intentsitateagatik elkargokideen betebeharrak betetzea eragozten duten oztopo fisiko edo psikikorik ez izatea.

f) Egoitza profesional bakarra edo nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

2.– Elkargo Ofizialean onartua izateko, dagokion lanbide-titulua edo horren notario-lekukotza aurkeztu beharko da eskabidearekin batera. Horrez gain, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionala edo pasaportea.

b) Banku-helbideratzea.

c) Gobernu Batzarrak ezarritako baldintzak betetzen dituen argazkia.

3.– Gobernu Batzarrak, gehienez ere hilabeteko epean, inskripzio-eskabideari buruz egoki deritzona erabakiko du, eta agiri eta argibide osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari. Epe horretan ebazpenik jakinarazi ez bada, elkargoko kide egiteko eskabidea onartutzat joko da.

4.– Unibertsitate-titulua oraindik jaso ez duten profesionalen kasuan, Gobernu Batzarrak aldi baterako elkargokide egitea onartu ahal izango du, baldin eta interesdunak dagokion titulua emateko eskubideak ordainduta dituela egiaztatzen duen unibertsitatearen ordainagiri bat aurkezten badu. Titulu hori jasotzen denean, elkargoan aurkeztu beharko du, erregistratua izan dadin.

5.– Europar Batasuneko estatu kideetako herritarrak elkargoko kide egiteko, baldin eta aldez aurretik modu iraunkorrean aipatutako estatuetako edozeinetan ezarrita badaude, Europar Batasuneko legeria eta legeria hori garatzen duen ezarpen-herrialdeko barne-zuzenbidea bete beharko dira. Beste herrialde batzuetako profesionalak elkargokide egiteko, indarrean dauden xedapenek ezarritakoa bete beharko da.

6.– Sozietate profesionalak estatutu hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira.

7.– Elkargo ofizialean sartu nahi duten pertsonek jarduera eta jardun profesionalerako sarbidea izapidetuko dute, elkargoaren web-atariko «Leihatila bakarra» atalean gaitutako eta sartutako bitarteko telematikoen bidez.

42. artikulua.– Ukatzea eta errekurtsoak.

1.– Elkargokide egiteko eskaera kasu hauetan ukatuko da:

a) Elkargoan sartzeko eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak nahikoak ez direnean eta horretarako ezarritako epean osatu edo zuzendu ez direnean, edo eskatzaileak elkargoko kide egiteko beharrezkoak diren datuak eta agiriak faltsutu dituenean edo horien zilegitasunari buruzko zalantzak daudenean.

b) Eskabidea egiteko unean lanbidean jarduteko desgaituta dagoenean.

c) Birgaitzea lortzean edo elkargokide izateko oztopoak desagertzean, elkargoak berehala eta aitzakiarik jarri gabe onartu beharko du.

2.– Gobernu Batzarrak, 41.4 artikuluan xedatutako epean, elkargokide egiteko eskaera ukatzea erabakitzen badu, interesdunari jakinaraziko dio, ukatzeko erabakiaren egunetik hasi eta hamabost egun balioduneko epean, eta arrazoien eta aurkez daitezkeen errekurtsoen berri emango dio.

3.– Ukatzeko erabakiaren jakinarazpena jaso eta hurrengo hogeita hamar egun balioduneko epean, interesdunak gora jotzeko errekurtsoak aurkeztu ahal izango dizkio Kontseilu Nagusiari.

4.– Errekurtsoa ezesten duen ebazpenaren aurka errekurtsoa jarri ahal izango du interesdunak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

43. artikulua.– Onartu ondorengo izapideak.

1.– Elkargoko kide egiteko eskaera onartu ondoren, elkargoak, interesdunak eskatuta, elkargoko kide izatearen ziurtagiria egin ahal izango du.

2.– Halaber, espediente bat irekiko da, bere aurrekariak eta lanbide-jarduna jasotzeko. Elkargokideak une oro eman beharko ditu aurrekari horiek eguneratuta edukitzeko behar diren datuak.

44. artikulua.– Elkargokide izateko betebeharra.

1.– Elkargo ofizialak elkargokide izateko betebeharra betetzen dela egiaztatzeko eta eskatzeko ahalmena du, indarrean dauden legeetan xedatutakoaren arabera.

2.– Estatuko legeriak lanbidean jarduteko elkargokide izateko baldintza ezartzen badu, pertsona batek estatutu hauetako 41. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituenean eta lanbidean elkargokide izan gabe jarduten duenean, ofizioz elkargoko kide egingo da, legez jardun dezan eta legez kontrako ekintzarik egin ez dezan, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

3.– Ofizioz elkargoko kide egiteko prozedura dagokion barne-erregimeneko arautegian garatuko da, honako gai hauek kontuan hartuta:

I) Espedientea hastea erabakitzea.

II) Gainerako administrazio publikoen informazioa biltzea, urriaren 1eko 39/2015 Legean edo hura ordezten duen lege-testuan xedatutakoaren arabera.

III) Interesdunari elkargoko kide egiteko behar duen dokumentazioa eskatzea, espedientearen hasiera adieraztea eta alegazioak egiteko epe jakin bat ematea.

45. artikulua.– Elkargokidearen izaera galtzea.

1.– Elkargokidearen izaera honako kasu hauetan galduko da:

a) Gobernu Batzarrari berak eskatuta.

b) Urteko bi kuota ez ordaintzeagatik, horretarako errekerimendua egin ondoren.

c) Lanbidean aritzeko betekizunak ez betetzeagatik. Halakorik gertatzen bada, lanbidean aritzea eragozten duen egitatea gertatu bezain laster emango zaio baja.

d) Lanbidean jarduteko desgaikuntza dakarren kondena edo zehapen irmoagatik.

e) Heriotzagatik.

2.– Aurreko apartatuko b) letraren kasuan, interesdunari eskatuko zaio era frogagarrian ordainketa egin dezala eta egoki iritzitako alegazioak egin ditzala hogeita hamar egun balioduneko epean. Epe hori igarotakoan, ordainketa egin ez badu edo bidegabea dela justifikatu ez badu, Gobernu Batzarrak elkargokide izaera kentzea erabakiko du; erabaki hori ere era frogagarrian jakinaraziko zaio. Egoera horren berri emango zaie dagokien agintariei.

Aurrekoa gorabehera, elkargokideak bere eskubideak birgaitu ahal izango ditu, zor duena eta elkargokide berri gisa dagokion zenbatekoa ordainduta.

46. artikulua. Elkargokide-modalitateak.

1.– Estatutu hauen xedeetarako, elkargokideak honela sailkatzen dira:

a) Jardunean daudenak.

b) Jardunean ez daudenak.

2.– Jardunean dauden elkargokideak izango dira lanbidearen edozein modalitatetan dihardutenak, beren kontura edo besteren kontura, edo estatutu hauetan edo legezko edo erregelamenduzko xedapen bidez aipatutako tituluren bat eskatzen duen kargu edo lanpostu batean dihardutenak.

3.– Jardunean ez dauden elkargokideak izango dira elkargo ofizialeko kide izan nahi duten baina lanbidean ez diharduten tituludunak.

4.– Kide anitzeko sozietate profesionalak izango dira martxoaren 15eko 2/2007 Legearen babesean eratzen direnak eta Elkargoko Sozietate Profesionalen Erregistroan sartzen direnak. Kide anitzeko sozietate horiek estatutu hauetan banakako elkargokideentzat ezartzen diren eskubide eta betebeharren araubidearen mende egongo dira aplikagarri zaien eta Batzar Nagusiak hala xedatzen duen guztian, eta ez dute eskubide politikorik izango, hala nola batzarrean botoa emateko eskubidea edo elkargoko organoetan hautesle edo hautagai izateko eskubidea.

47. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.

Kuotak ordainduta dituzten elkargokideek eskubide hauek izango dituzte:

a) Lanbidean irizpide deontologikoen eta profesionalen arabera jardutea.

b) Kudeaketa korporatiboan parte hartzea, eta, beraz, gobernu-organoetako kideak hautatzeko eskatzeko eskubidea eta botoa emateko eta hautagai izateko eskubidea baliatzea, estatutu hauetan jasotako prozeduren eta baldintzen bidez.

c) Elkargoak haiek ordezkatzea eta babestea agintaritzei, auzitegiei edo erakunde publiko edo pribatuei erreklamazio oinarridunak aurkeztu behar dizkietenean, eta lanbidean jardutean sortzen diren desadostasunetan. Elkargokide eskatzaileak ordaindu beharko ditu prozedurak eragiten dituen gastu eta kostu juridikoak, Gobernu Batzarrak kontrakorik erabakitzen ez badu.

d) Lanbidean askatasun eta independentzia osoz jardutea, Legean, arau deontologikoetan edo estatutu hauetan xedatutako mugak baino ez dituztela.

e) Legeek, estatutu hauek edo Batzar Nagusiak baliozkotasunez onartutako karga korporatiboak bakarrik izatea.

f) Elkargokideen esku jarritako elkargo ofizialeko ondasunak erabiltzea eta horiez gozatzea.

g) Elkargoaren organoetara jotzea, iradokizunak, proposamenak eta kexak egiteko.

h) Elkargoaren agiriak eta gai ofizialak eskura izatea, eta eragiten dieten agirien eta elkargoaren egintzen ziurtagiriak lortzea.

i) Estatutu Orokorrean, estatutu hauetan, elkargoaren erregelamenduetan eta indarrean dauden legeetan aitortzen diren gainerako eskubide guztiak.

48. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.

Elkargokideek betebehar hauek izango dituzte:

a) Estatutu hauetan eta horiek garatzen dituzten araudietan xedatutakoa betetzea, bai eta elkargoko organoen erabakiak ere, aurka egiteko eskubidea ezertan eragotzi gabe.

b) Kuotak eta elkargoko gainerako kargak ordainduta izatea, legez edo estatutuetan ezartzen den moduan eta epean, edozein dela ere haien izaera. Ondorio horietarako, karga korporatibotzat hartuko dira elkargo ofizialak ezarritako eta Batzar Nagusiak baliozkotasunez onartutako karga guztiak. Estatutuetan kuota bereiziak zehaztu ahal izango dira jardunean dauden eta jardunean ez dauden pertsonentzat.

c) Elkargoarekiko eta gainerako elkargokideekiko harremanetan leialtasunari eustea, eta lanbidean diharduen lankide bat iraintzen edo kaltetzen badute, elkargoari jakinaraztea.

d) Elkargoari bere lanbidearekin eta espezialitateekin lotuta betetzen dituen karguen berri ematea, dagokion tituluarekin, bere espediente pertsonalean jasota gera dadin.

e) Elkargoari bere datu pertsonaletan eta profesionaletan izandako aldaketen berri ematea, 30 egutegi-eguneko epean.

f) Elkargoak egiten dion edozein eskakizun betetzea, eta, bereziki, sartzen den batzorde edo lantaldeetan laguntzea.

g) Bidegabeko edozein intrusismo-ekintza edo jardun profesional irregular jakinaraztea.

h) Elkargoaren bidez Kontseilu Nagusiari egin behar zaion eskaera edo erreklamazio oro izapidetzea.

49. artikulua.– Debekuak.

Lanbidearen Deontologia Kodean adierazitako debekuez (zorrotz bete behar direnak) eta aurreko artikuluetan ezarritakoaz gain, elkargokideek ezingo dute:

a) Komunitate zientifikoaren onarpena jaso ez duten prozeduren eraginkortasun bermatua eskaini.

b) Dagokion titulua izan gabe lanbidean jardun nahi duena toleratu edo estali.

c) Beste edozein pertsona edo erakunderekin ados jarri, zuzentasun profesionalaren aurkako edo legez kontrako helburuak lortzeko.

d) Bezeroen erakarlerik erabili.

e) Zerbitzu profesionalen hartzaileei dopin-substantziarik edo -metodorik saldu, gomendatu, eman edo hornitu.

f) Izena eman kirol-zentroetako zuzendari edo aholkulari gisa, baldin eta ez badute zuzenean zuzentzen edo aholkatzen, edo indarrean dauden legeekin eta Deontologia Kodearekin bat ez badatoz.

g) Jardun profesionalean zientifikoki kontrolatu gabeko bitartekorik erabili, eta elementu diagnostiko eta terapeutikoen aplikazioa simulatu.

h) Praktika dikotomikorik egin.

i) Dagokion titulua izan arren, inongo elkargotan alta emanda ez dauden pertsonei kontsulta profesionala erabiltzen utzi.

j) Lanean intrusismoa eragin dezakeen prestakuntza-ikastarorik edo bestelako metodorik eman, sustatu edo horietan parte hartu.

50. artikulua.– Elkargokideen arteko desadostasunak.

Elkargokideen artean sor daitezkeen desadostasun profesionalak Gobernu Batzarraren jurisdikzioaren eta ondorengo ebazpenaren mende jarri ahal izango dira, bitartekaritza edo arbitrajearen bidez, interesdunek hala erabakitzen badute.

II. KAPITULUA
SARIEN ARAUBIDEA

51. artikulua.– Eskumena.

Elkargoaren Batzar Nagusiak, Gobernu Batzarrak proposatuta eta aurretiaz espedientea eginda, hainbat kategoriatako sariak eta ohoreak eman ahal izango dizkiete sariok merezi dituzten pertsona edo erakundeei, korporazioan eta/edo lanbidean lortutako merituen arabera.

52. artikulua.– Sarien araubidea.

1.– Sarien sistema bat ezartzen da Gorputz Hezkuntza, Jarduera Fisikoa eta Kirola sustatzen, zabaltzen, aztertzen eta ikertzen nabarmentzen diren elkargokide, pertsona edo erakundeentzat.

2.– Sari hori Euskal Herriko Sikzleo Saria da, baina interesdunaren aparteko merezimenduak aintzatesteko beste sari nabarmen batzuk ere eman ahal izango dira.

3.– Proposamenak, behar bezala arrazoituta, Gobernu Batzarrak edo hamar elkargokidek baino gehiagok egin ahal izango dituzte, eta proposamena egin behar zaion Batzar Nagusiaren gai-zerrendan sartuko dira.

4.– Gobernu Batzarrak proposatuta, Batzar Nagusiak araututakoez bestelako sariak ezarri ahal izango ditu, horrek estatutu hauek aldatzea ekarri gabe.

53. artikulua.– Egilespena.

Sariei dagokien publizitatea egingo zaie, eta elkargoak antolatzen dituen ekitaldi garrantzitsuetan emango dira.

54. artikulua.– Sarien erregistro-liburua.

1.– Sariren bat ematen bada, horretarako prestatutako liburuan erregistratuko da.

2.– Elkargokide bakoitzaren espediente pertsonalean edo sozietate profesional bakoitzari dagokion erregistro-orrian. Elkargoaren Batzar Nagusiaren, Gobernu Batzarraren edo lehendakariaren aldetik jasotako edozein zorion-adierazpen edo goraipamen jasoko da.

III. KAPITULUA
EKONOMIA- ETA FINANTZA-ARAUBIDEA

55. artikulua.– Eskumenak.

Elkargo ofiziala autonomoa izango da bere ondasunen kudeaketan eta administrazioan. Gobernu Batzarrari aginduko zaio lan hori, eta Batzar Nagusiak onartu beharko du. Hala ere, Kontseilu Nagusia finantzatzen lagundu beharko du.

56. artikulua.– Aurrekontuak egitea eta likidatzea.

1.– Elkargo ofizialak sarreren eta gastuen aurrekontuen proiektua egingo du urtero, eta Batzar Nagusiari aurkeztu beharko dio, onartzeko edo ezesteko.

2.– Epe barruan onartzen ez badira, automatikoki luzatuko dira aurreko urteko aurrekontuak.

3.– Aurrekontuak onartu ondoren, Gobernu Batzarraren adostasuna beharko da gastua handitzea edo diru-sarrerak murriztea dakarren edozein proposamen edo akordio izapidetzeko.

4.– Gobernu Batzarrak Batzar Nagusiari proposatu ahal izango dio inguruabar bereziak direla-eta egokitzat jotzen diren elkargokide taldeei kuotak murriztea edo hobariak ematea.

5.– Urtero, lehenengo hiruhilekoan, elkargo ofizialak aurreko urteko abenduaren hogeita hamaikan itxitako aurrekontu-balantzea eta -likidazioa aurkeztu beharko dizkio Batzar Nagusiari, onartzeko edo ezesteko. Hilabete lehenago, balantze hori, egindako diru-sarreren eta gastuen frogagiriekin batera, elkargokideen esku utzi beharko da, hala eskatzen badute.

57. artikulua.– Jarraipena, aurrekontua betetzen dela ziurtatzeko.

Aurrekontua betetzen den eta desbideratzeak dauden ikusteko jarraipena egingo da urtean zehar, eta Gobernu Batzarrak gutxienez hiru hilean behin aztertu eta onartu beharko ditu.

58. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Elkargo ofizialaren funtsak honako hauek izango dira:

a) Elkargokideen sarrera-kuotak, kuota arruntak eta aparteko kuotak. Elkargoko kuotak proportzionalak eta ez-diskriminatzaileak izango dira, eta ezin izango dira elkargokidearen diru-sarreren araberakoak izan.

b) Ziurtagiri, zigilu baimendu eta inprimaki ofizialengatik jasotako zenbatekoak, bai eta prestazioengatik, zerbitzu orokorrengatik, aditu-txostenengatik eta abarrengatik finkatutako edo aurrerantzean finkatuko den zatiagatik jasotako zenbatekoak ere.

c) Norbanakoek, profesionalek edo erakunde publiko edo pribatuek egin ditzaketen legatuak, dohaintzak, dirulaguntzak edo laguntza ekonomikoak.

d) Ondare-ondasunetatik datozen errentak.

e) Eta, oro har, elkargoaren Gobernu Batzarraren iritziz elkargoaren helburuak hobeto betetzeko eraginkorrak izan daitezkeen guztiak.

59. artikulua.– Sarrera-kuotak.

Banakako elkargokideek eta sozietate profesionalek sarrera-kuota bat ordainduko dute elkargo honetan inskribatzen direnean. Kuota horren zenbatekoa Batzar Nagusiak finkatuko du, Gobernu Batzarrak proposatuta, baina ezin izango ditu gainditu inskripzioaren izapidetzeari lotutako kostuak.

60. artikulua.– Kuota arruntak.

Estatutu honetan aitortutako edozein modalitatetako elkargokideek, bai eta erregistro ofizialean inskribatutako sozietate profesionalek ere, Gobernu Batzarraren proposamenez Batzar Nagusiak finkatutako iraunkortasun-kuotak ordaindu beharko dituzte.

61. artikulua.– Aparteko kuotak.

1.– Salbuespenezko kasuetan, Gobernu Batzarrak aparteko kuotak onartzea proposatu ahal izango dio Batzar Nagusiari.

2.– Onartu ondoren, kuotak ordaindu behar dituzten elkargokide guztiek ordaindu beharko dituzte nahitaez.

62. artikulua.– Berankortasuna.

1.– Sarrera-kuotak, kuota arruntak edo aparteko kuotak ordaintzen ez dituen elkargokideari horiek ordaintzeko eskatuko zaio. Ordainketa egiteko eskatu ondoren, hiru hilabete baino gehiago igarotzen badira ordaindu gabe, zor den zenbatekoari % 20ko errekargua erantsi ahal izango zaio, bai eta kuotak itzultzearen ondoriozko gastuak ere.

2.– Gobernu Batzarrak une bakoitzean erabaki ahal izango du zer egin behar den berandutze-egoeran dauden elkargokideei beren betebeharrak betetzeko eskatzeko, baita bide judizialetik ere. Erreklamazio judizialak ez du elkargokidea libratzen sortzen diren kuotak ordaintzetik.

3.– Gobernu Batzarrak ahalmena du kuoten ordainketa geroratzea onartzeko eta berankortasun-egoerak erregularizatzera bideratutako hitzarmen partikularrak ezartzeko, kasu bakoitzean adosten diren baldintzetan.

4.– Berandutze-egoeran dagoen elkargokideak ezin izango du elkargoaren ziurtagiririk eskatu.

5.– Berandutzen den elkargokidea ezin izango da gobernu-organoetako edo elkargoko batzordeetako kide izan.

63. artikulua.– Kuoten bilketa eta likidazioa.

Sarrera-kuotak, kuota arruntak eta aparteko kuotak elkargo ofizialak bilduko ditu, une bakoitzean egokitzat jotzen dituen bitartekoen bidez. Elkargoak dagokion ekarpena egingo dio Kontseilu Nagusiari, hark finantzaketan parte hartzeko dagoen akordioaren arabera.

64. artikulua.– Gastuak.

1.– Elkargoaren gastuak zerbitzuei eusteko beharrezkoak direnak izango dira, eta ezin izango da egin onartutako aurrekontuan aurreikusi gabeko ordainketarik, justifikatutako kasuetan izan ezik. Kasu horietan, diruzaintzak dituen baliabideak kontuan hartuta, Gobernu Batzarrak kreditu-gehigarri bat gaitzea erabaki dezake.

2.– Gobernu Batzarrari dagokio Gobernu Batzarraren beraren, Deontologia Batzordearen, Hauteskunde Batzordearen, batzorde edo lantaldeen edo edozein elkargokideren konpentsazio ekonomikoen zenbatekoa eta izaera zehaztea, elkargoak esleitzen dizkion zerbitzuengatik, kontuan hartuta arduraldi berezia, egin beharreko lan mota, iraupena eta gainerako inguruabarrak.

3.– Elkargokideren batek egiten dituen gastuak, baldin eta Gobernu Batzarrak agintzen badizkio eginkizun jakin bat betetzeko, elkargoak ordainduko ditu, eta agiri bidez egiaztatu beharko dira.

4.– Elkargo ofizialak bere jarduera hobeto gauzatzeko beharrezkotzat jotzen dituen banku-kontuak izango ditu, eta, ahal denean, horien bidez edo transferentzia bidez egingo ditu ordainketak. Gobernu Batzarrak zehaztuko ditu banku-kontu bakoitzean baimendutako sinadurak.

65. artikulua.– Elkargoa deseginez gero, ondasunak zertarako erabiliko diren.

Elkargo ofiziala deseginez gero, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 31.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

IV. TITULUA
ZEHAPENEN ARAUBIDEA

66. artikulua.– Printzipioak, eskumena eta epea.

1.– Elkargoko erregistroan inskribatutako elkargokideek eta sozietate profesionalek, aplikagarri zaien guztian, diziplina-erantzukizuna izango dute estatutu hauetan eta horiek garatzeko arauetan ezarritako kasu eta inguruabarretan, eta elkargokide egiten diren unetik bertatik egongo dira horien mende.

2.– Estatutu hauetan eta horiek garatzeko arauetan ezarritako diziplina-araubideak ez die kalterik egingo elkargokideek izan ditzaketen erantzukizun zibil eta penalei.

3.– Ezin izango da diziplina-zehapenik ezarri, ez bada horretarako bideratutako espedientearen ondorioz, titulu honetan ezarritako prozeduraren arabera eta, halakorik ezean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta hura garatzen duten arauetan jasotako prozedura-arauen arabera.

4.– Zehatzeko ahala Gobernu Batzarrari dagokio. Hala ere, Kontseilu Nagusiaren eskumena izango da Gobernu Batzarreko kideek egindako faltak epaitzea eta zehatzea.

5.– Zehapen-prozeduraren ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean eman beharko da, instruktoreari hala izendatu dela jakinarazten zaion egunetik zenbatzen hasita.

Epe hori, instruktoreak eskatuta, hiru hilabetez luzatu ahal izango du ebazteko eskumena duen organoak, kasuaren inguruabarrek hala eskatzen dutenean. Erabakitako luzapena interesdunari jakinaraziko zaio.

6.– Diziplina-zehapenak eragindakoaren espediente pertsonalean edo sozietate profesionalaren erregistro-orrian jasoko dira.

7.– Era subsidiarioan, eta soilik estatutuetan eta horiek garatzeko arauetan xedatuta ez badaude, Kontseilu Nagusiaren estatutuak eta erregelamenduak aplikatu ahal izango dira.

67. artikulua.– Arau-hausteen sailkapena.

1.– Arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

2.– Arau hauste arinak dira:

a) Estatutuetan, deontologian eta erregelamenduetan ezarritako arauak edo Gobernu Batzarrak bere eskumenen esparruan hartutako erabakiak betetzean arduraz ez jokatzea.

b) Zabarkeriaz jokatzea bizitza profesionalean izandako aldaketak (espediente pertsonalean jasotzeko) elkargoari jakinaraztean, hala nola, elkargokidearen datu pertsonalak eta profesionalak.

c) Interes orokorrak behar bezala onartutako eta justifikatutako elkargoaren jarraibideak ez betetzea.

d) Elkargoaren txosten-eskaerei edo errekerimenduei jaramonik ez egitea.

3.– Arau-hauste astunak:

a) Estatutuetan, deontologian eta erregelamenduetan ezarritako arauak edo Gobernu Batzarraren edo Batzar Nagusiaren erabakiak ez betetzea, non eta ez diren garrantzi handiagoko arau-hausteak.

b) Estatutuetan jasotako betebeharrak eta debekuak ez betetzea, non eta ez den garrantzi handiagoko arau-haustea.

c) Betebehar profesionalak ez betetzea, jarduera profesionalak eskatu edo hitzartu dituzten pertsonei kalte eginda.

d) Intrusismo-egintza oro edo arauz kanpoko beste edozein jarduera profesional elkargoari jakinarazteko betebeharra urratzea, elkargoak jurisdikzio- edo administrazio-organo eskudunei informatzeko.

e) Erantzukizun profesionala segurtatzeko betebeharra ez betetzea.

f) Lanbide bereko beste profesional batzuen edo haren gobernu-organoen duintasuna iraintzea, bai eta lanbide-jardunean harremanetan jarri den beste pertsona edo erakundeena ere.

g) Elkargoaren gobernu-organoen ohiko funtzionamendua eragozten edo aldatzen duten egintzak.

h) Sekretu profesionala modu larrian urratzea, erruz edo zabarkeriaz.

i) Ez duen eskumen edo lanbide-titulu bat adieraztea.

j) Egia esaten ez duten txostenak edo ziurtagiriak egitea.

k) Arau deontologikoak urratzen dituzten nahita egindako egintzak eta ez-egiteak, non eta ez diren arau-hauste oso astunak.

l) Arau-hauste arinak gutxienez bost aldiz errepikatzea bi urteko epean.

m) Dagokion titulua izan gabe Euskal Autonomia Erkidegoan lanbidean jardun nahi duena toleratzea edo estaltzea.

n) Sozietate profesional bat eratzea, indarrean dagoen legerian eskatzen diren baldintzak bete gabe.

4.– Arau-hauste oso astunak:

a) Lanbidean jardutea, dagokion trebakuntza izan gabe.

b) Betebehar profesionalak ez betetzea, jarduera profesionalak eskatu edo hitzartu dituzten pertsonei kalte egiten dienean.

c) Sekretu profesionala doloz urratzea.

d) Lanbidean aritzea, lanbidean aritzeko desgaituta egonda edo bateraezintasun- edo debeku-kausaren bat izanda.

e) Lanbidean aritu bitartean, dolozko delituak egitea, parte-hartzea edonolakoa izanda ere.

f) Zerbitzu profesionalen hartzaileak ez artatzea, asmo gaiztoz edo nahita.

g) Bi urteko epean bi arau-hauste astun egitea, aurreko apartatuko o) letran xedatutako arau-hausteen kasuan izan ezik.

h) Lanbide-sozietate batean bazkide profesional gisa parte hartzea, bateraezintasun- edo desgaikuntza-kausaren bat dagoenean.

i) Modu larrian iraintzea lanbide bereko beste profesional batzuen duintasuna, lanbideko gobernu-organoena, lanbide-jardunean harremanetan jarritako beste pertsona edo erakunde batzuena; eta pertsona edo erakunde horiei fisikoki erasotzea.

j) Jarduera fisikoaren eta kirolaren esparruan dopina eragin dezaketen substantziak edo produktuak ematea, agintzea, banatzea edo horretan laguntzea.

68. artikulua.– Zehapenak. Preskripzioa.

1.– Aurreko artikuluan aipatzen diren arau-hausteengatik, honako zehapen hauek jarri ahal izango dira:

a) Ohartarazpena.

b) 60.000 eurora arteko isuna.

c) Lanbidean aritzeko aldi baterako desgaitzea edo sozietate profesionalaren jarduera etetea, hurrengo artikuluan ezarritako moduan.

2.– Arau-hauste arinek zehapen hauek izango dituzte: ohartarazpena (lehendakariak berak egindako ohartarazpen pribatua, edo idatzizko ohartarazpen bat, elkargokidearen espedientean jasota geratuko dena) edo isuna, gehienez 300 eurokoa banakako elkargokideentzat eta 600 eurokoa sozietate profesionalentzat.

3.– Arau-hauste astunek zehapen hauek izango dituzte: lanbidean aritzeko desgaitzea edo sozietate profesionalaren jarduera etetea, gehienez ere urtebetez, edo 301 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna pertsona fisikoentzat, edo 601 eurotik 30.000 eurora bitarteko isuna sozietate profesionalentzat.

4.– Arau-hauste oso astunek zehapen hauek izango dituzte: lanbidean aritzeko desgaitzea edo sozietate profesionalaren jarduera etetea, urtebete eta egun batetik hogei urtera bitartean, edo isuna, 3.001 eta 30.000 euro artekoa, banakako elkargokideentzat, edo 30.001 eta 60.000 euro artekoa, sozietate profesionalentzat.

5.– Kasu bakoitzeko inguruabarren arabera ezarriko dira zehapenen mailak.

6.– Aurreko zehapenak gorabehera, dagozkien gainerako erantzukizun guztien erantzuleak izango dira zehapena jaso dutenak.

7.– Hiru zehapen larri edo bi oso larri pilatuz gero, elkargotik kanporatu ahal izango da.

8.– Diziplina-ahala egikaritzean elkargoak jasotzen dituen zehapenen zenbateko guztiak etengabeko lanbide-prestakuntzako eta prestakuntza deontologikoko programak sustatzeko erabiliko dira. Horretarako, prozedura egokia baliatuta, kasu bakoitzean erabili behar den araudiaren araberako neurriak hartuko dira.

9.– Arau-hauste oso astunak hiru urtera preskribatuko dira, astunak bi urtera eta arinak urtebetera.

69. artikulua.– Zehapenak ezartzea eta eskumena.

Elkargokideei zehapenak ezartzea Gobernu Batzarraren eskumena da, espedientea izapidetu ondoren. Espediente horretan, nolanahi ere, interesdunari entzungo zaio, eta prozedura horiek izapidetzeko, legezko edo erregelamenduzko xedapenetan ezarritako printzipioak beteko dira.

Gobernu Batzarrak, diziplina-espedientea irekitzeko erabakian, espedientearen instruktoreak eta idazkariak izendatuko ditu. Ezin izango dira inola ere Gobernu Batzarreko kide izan, eta elkargokide izan beharko dute.

Instruktoreak dagokion espedientea bideratuko du, gertakarien edukia baloratuz, zehapen-prozedurak arautzen dituzten legezko edo erregelamenduzko xedapenak betez, eta kargu-agiria emango du. Agiri hori erruztatuari jakinarazi beharko zaio, eta hamabost egutegi-eguneko epea emango zaio alegazioak aurkezteko eta froga proposatzeko.

Aurkeztutako alegazioak aintzat hartu eta froga egin ondoren, instrukzio-organoak ebazpen-proposamena egin beharko du. Proposamen horretan, zehatz-mehatz adieraziko ditu egitateak, kalifikatu egingo ditu, ustez zer arau-hauste egin diren zehazteko, eta erruztatuari egotz dakiokeen erantzukizuna adieraziko du, bai eta ezarri beharreko zehapen-proposamena ere. Erruztatuak alegazioak aurkeztu ahal izango ditu hamabost egutegi-eguneko epean, eta, aintzat hartu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena aurkeztuko zaio Gobernu Batzarrari.

Gobernu Batzarrak gehienez ere berrogeita bost egutegi-eguneko epean ebatzi beharko du espedientea, instrukzio-organoaren proposamena jasotzen duenetik zenbatzen hasita.

Zehapenak ezartzearen aurka, errekurtso arrunta jarri ahal izango da, estatutu hauetan eta aplikatzekoak diren legeetan xedatutako moduan, hargatik eragotzi gabe interesdunak egokitzat jotzen dituen beste batzuk ere jartzea.

70. artikulua.– Zehapenak ezartzea eta errekurtsoen araubidea.

Diziplina-prozedurari amaiera ematen dion Gobernu Batzarraren ebazpenaren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kontseilu Nagusiari hilabeteko epean. Epe hori igarotakoan errekurtsorik aurkeztu ez bada, ebazpena irmoa izango da ondorio guztietarako, hargatik eragotzi gabe, hala badagokio, berrikuspen-errekurtso berezia jartzea.

71. artikulua.– Kuotak ez ordaintzeagatiko baja.

Estatutu hauetako 45.1.b) artikuluan ezarritako arrazoiengatik elkargokideari baja emateko, ez da espedientearen instrukziorik beharko.

72. artikulua.– Elkargoko gobernu-organoen bileretara ez joatea.

Gobernu Batzarreko kideak, dagokion organoaren ondoz ondoko bi bilkuratara joaten ez badira justifikaziorik gabe edo ondoz ondokoak ez diren hirutara hamabi hilabeteko epean, kargutik kendu ahal izango dira, Gobernu Batzarrak hala erabakiz gero, aldez aurreko espedienterik egin behar izan gabe.

73. artikulua.– Diziplina-araubidea.

Batzar Nagusiak nahitaez onartu beharko du diziplina-araudi bat, gutxienez arau-hausteen eta zehapenen araubidea jasoko duena, eta diziplina-prozedura eta errekurtsoen araubidea arautu eta garatuko dituena, betiere aurreko artikuluetan ezarritakoa eta diziplina-prozeduraren printzipio orokorrak errespetatuz.

V. TITULUA
ELKARGO OFIZIALAREN ERABAKIEN ARAUBIDE JURIDIKO OROKORRA

74. artikulua.– Gora jotzeko errekurtsoa.

1.– Batzar Nagusiaren, Gobernu Batzarraren eta Hauteskunde Batzordearen behin betiko erabakien aurka, eta prozedura batek aurrera egitea eragozten duten edo defentsa-gabezia eragiten duten izapide-egintzen aurka, administrazio-zuzenbideari lotuta badaude, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kontseilu Nagusiari, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Errekurtsoa erabakia hartu zuen organoari aurkeztuko zaio, eta hark Kontseilu Nagusiari bidali beharko dio, bere aurrekariekin eta dagokion txostenarekin, errekurtsoa aurkeztu eta hamar eguneko epean. Errekurtsoa zuzenean aurkeztu ahal izango zaio Kontseilu Nagusiari.

3.– Errekurtsoa jartzeko hilabeteko epe hori igaro eta errekurtsorik jarri ez bada, ebazpena irmoa izango da ondorio guztietarako.

Egintza espresua ez balitz, eskatzaileak eta leudekeen interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute edonoiz, administrazio-isiltasunaren ondoreak indarrean jartzen diren egunaren hurrengotik hasita, araudi espezifikoaren arabera.

4.– Ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabete izango da. Epe hori igaro eta ebazpenik eman ez bada, errekurtsoa ezetsitzat jo ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.1 artikuluko hirugarren paragrafoan xedatutako kasuan izan ezik.

5.– Gora jotzeko errekurtsoaren ebazpenaren aurka ezin izango da bestelako administrazio-errekurtsorik jarri.

75. artikulua.– Araubide juridikoa eta jurisdikzio-aurkaratzea.

1.– Errekurtso korporatiboak agortu ondoren, zuzenean errekurritu ahal izango dira Administrazio Zuzenbidearen mende dauden elkargo ofizialaren egintzak, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

2.– Administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratzetik salbuetsita daude elkargo-gai zibilak edo penalak, dagokien jurisdikzio-araubidearen mende geratzen baitira, bai eta langileekiko harremanak ere, lan-legeriaren arabera arautuko baitira.

3.– Era berean, ondareari, kontratazioari eta aurrekoen antzeko gaiei buruzko gaiak zuzenbide pribatuaren bidez arautuko dira.

76. artikulua.– Egintzen eraginkortasuna eta etetea.

1.– Elkargoko organoek emandako egintzak baliozkotzat joko dira, eta onartzen direnetik izango dituzte ondorioak, egintza horietan besterik xedatzen ez bada, edo ondorio horiek jakinarazi edo argitaratu arte atzeratu behar ez badira behintzat.

2.– Errekurtsoa aurkezteak ez du etengo aurka egindako egintza betearaztea, xedapenen batean bestelakorik adierazten ez bada behintzat.

3.– Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, aurka egindako egintza betearaztea eten dezake Kontseilu Nagusiaren barruan errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak, bere kabuz edo errekurtsogileek eskaturik; baina, horretarako, arrazoiak emanda, neurtu egin behar du, batetik, etendurak zer-nolako kalteak eragin diezazkiokeen interes publikoari edo beste inori; eta, bestetik, errekurtsoa izan duen egintzaren berehalako eraginkortasunak zein kalte egiten dion errekurtsogileari. Dena den, hauetako baldintzaren bat bete behar da etendura horrela erabakitzeko:

a) Egintza betearazteak kalte konponezinak edo konpongaitzak ekartzea.

b) Egintzaren aurka egitea administrazio-prozedura erkidearen legerian xedatutako Batzar Orokorraren zuzenbideko deuseztasun-kausaren batean oinarritzea.

4.– Aurkaratutako egintzaren betearazpena eten dela ulertuko da baldin eta, hilabete igaro delarik Kontseilu Nagusiaren erregistro elektronikoan sartu denetik, errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak ez badu hari buruzko ebazpen espresurik eman eta jakinarazi.

5.– Eteteko erabakia hartzerakoan kautela-neurriak har daitezke interes publikoa edo beste edonorena babesteko eta aurka egindako ebazpen edo egintzaren eraginkortasuna ziurtatzeko.

VI. TITULUA
SOZIETATE PROFESIONALEN ERREGISTROA

77. artikulua.– Sozietate profesionalen erregistroa.

1.– Sozietate Profesionalen Erregistro bat egongo da elkargoan, eta bertan sartuko dira martxoaren 15eko 2/2007 Legearen babesean eratutako sozietateak, Merkataritza Erregistratzaileak elkargoari jakinarazten dizkionak.

2.– Erregistroan datu hauek sartu beharko dira:

a) Izena edo sozietatearen izena, eta sozietatearen helbidea.

b) Eraketaren eskritura publikoaren eta notario eskueslearen data eta identifikazio-oharra, eta sozietatearen iraupena, denbora jakin baterako eratu bada.

c) Sozietatearen xedea osatzen duten jarduera profesionalak.

d) Bazkide profesionalen eta ez-profesionalen identifikazioa, horien elkargokide-zenbakia eta zein elkargo profesionaletakoak diren.

e) Sozietatearen administrazioa eta ordezkaritza nori esleitu zaion, eta horietako bakoitza bazkide profesionala den ala ez.

3.– Elkargoak hiru hilean behin bidaliko die Justizia Ministerioari eta autonomia-erkidegoko organo eskudunari Sozietate Profesionalen Erregistroan egindako inskripzioen zerrenda, berariaz sortuko den Interneteko atarian argitara dadin.

VII. TITULUA
LEIHATILA BAKARRA ETA ERREGISTRO ZENTRALA

78. artikulua.– Leihatila bakarra.

1.– Elkargoak webgune bat izango du profesionalek aukera izan dezaten leihatila bakarraren bidez (Zerbitzuen eskuragarritasun- eta erabilera-askatasunari buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legeak dakarrena) elkargoko kide egiteko, kidegoan jarduteko eta baja emateko beharrezko diren izapide guztiak egiteko, puntu bakar batean, elektronikoki eta urrundik.

2.– Zehazki, leihatila bakarraren bidez, profesionalek honako hauek egin ahal izango dituzte doan:

a) Beren lanbidean hasteko eta horretan jarduteko beharrezko diren informazioa eta inprimakiak eskuratzea.

b) Beharrezko den dokumentazioa eta eskariak aurkeztea, elkargokide egiteari buruzkoa barne.

c) Interesduntzat jotzen diren prozedurak nola dauden jakin, derrigorrezko izapide-egintzen berri jaso eta elkargoak egintza horien gainean emandako ebazpenaren berri ere jaso, diziplina-espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egiterik ez badago.

d) Elkargoaren gobernu-organoen bileretarako deialdiak jaso, eta haien gai-zerrenden eta hartutako erabakien berri izan.

e) Elkargokide diren aldetik, estatutuen arabera nahitaez bete behar dituztenak bete.

3.– Leihatila bakar horren bidez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak hobeto defendatzeko, informazio hau eskainiko du elkargo ofizialak, argi, okerrik ez sortzeko moduan eta doan:

a) Elkargokideen Erregistroan sartzeko aukera. Erregistro hori etengabe eguneratuko da, eta datu hauek bilduko ditu gutxienez: profesionalen izen-deiturak, bakoitzaren elkargokide zenbakia, titulu ofizialak, lantokiaren helbidea eta lanbide gaikuntzaren egoera.

b) Sozietate Profesionalen Erregistroan sartzeko aukera. Erregistro horrek Sozietate profesionalei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan azaltzen den edukia izango du.

• Izena edo sozietatearen izena, eta sozietatearen helbidea.

• Eraketaren eskritura publikoaren data eta identifikazio-oharra, eta notario eskueslea; sozietatearen iraupena, denbora jakin baterako eratu bada.

• Sozietatearen xedea osatzen duten jarduera profesionalak.

• Bazkide profesionalen eta ez-profesionalen identifikazioa, horien elkargokide-zenbakia eta zein elkargo profesionaletakoak diren.

• Sozietatearen administrazioa eta ordezkaritza nori esleitu zaion, eta horietako bakoitza bazkide profesionala den ala ez.

c) Kontsumitzailearen edo erabiltzailearen eta elkargokide baten edo elkargoaren arteko gatazkarik egonez gero ezartzen diren erreklamazioak edo errekurtsoak.

d) Zerbitzu profesionalen hartzaileek zer kontsumitzaile eta erabiltzaile elkartetara edo erakundetara jo dezaketen (elkarteen datuak).

e) Kode deontologikoen edukia.

4.– Elkargo ofizialak behar diren neurriak hartuko ditu sistemen arteko elkarreragingarritasuna eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna bermatuko duten plataforma teknologikoak sortzeko eta mantentzeko. Horretarako, behar diren koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak abian jarri eta formalizatu ahal izango ditu.

VIII. TITULUA
URTEKO MEMORIA

79. artikulua.– Urteko memoria.

1.– Elkargo ofizialak, kudeaketaren gardentasun-printzipioa betetze aldera, urteko memoria bat egingo du, eta urteko lehen seihilekoan argitaratuko du bere webgunean.

2.– Urteko memoriak, gutxienez, honako informazio hau jaso behar du:

a) Kudeaketa ekonomikoaren gaineko urteko txostena, langileen gastuak barne, behar adina zehaztuta Gobernu Batzarreko kideen ordainsariak, karguaren arabera.

b) Kuota aplikagarrien txostena, kontzeptuen eta eman diren zerbitzu moten arabera banakatuta, eta, horrez gain, kuotak ezartzeko eta aplikatzeko arauak.

c) Informazio erantsia eta estatistikoa, instrukzio fasean diren edo dagoeneko irmoak diren informazio- eta zehapen-prozedurei buruzkoa. Arau-haustea, izapidetzea eta ezarritako zehapena ere adierazi behar dira, datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez betiere.

d) Informazio erantsia eta estatistikoa, kontsumitzaileek edo erabiltzaileek eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexei eta erreklamazioei buruzkoa, haien izapidetzeari buruzkoa ere bai, eta, hala badagokio, kexa edo erreklamazioa baiesteko edo ezesteko izan dituzten arrazoiei buruzkoa, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez.

e) Kode deontologikoen eta beste arau batzuen edukian egindako aldaketak.

f) Bateraezintasunei eta interes-gatazkei buruz estatutuetan ezartzen diren arauak.

g) Oniritzia emateko jarduerei buruzko estatistika-informazioa.

3.– Aurreko apartatuan aipatutako estatistika-informazioa betetze aldera, elkargoak lanbidearen urteko memoria egiteko behar den informazioa emango dio Kontseilu Nagusiari.

IX. TITULUA
ELKARGOKIDEAK ETA KONTSUMITZAILEAK ETA ERABILTZAILEAK ARTATZEA

80. artikulua.– Elkargokideak eta kontsumitzaileak eta erabiltzaileak artatzeko zerbitzua.

1.– Elkargo ofizialak elkargokideek aurkeztutako kexei edo erreklamazioei erantzun behar die.

2.– Era berean, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua edukiko du. Elkargokideen zerbitzu profesionalak kontratatu dituzten kontsumitzaileek eta erabiltzaileek aurkezten dituzten elkargoaren edo elkargokideen jarduerari buruzko kexak eta erreklamazioak izapidetuko ditu, baita kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek eta erakundeek horien ordezkaritzan edo interesen defentsan aurkeztutakoak ere. Gainera, hala dagokionean, horiek guztiak ebatzi ere egingo ditu.

3.– Elkargo ofizialak kontsumitzaileei edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuaren bitartez ebatziko ditu kexak edo erreklamazioak kasuan-kasuan, dela gatazkak judizioz kanpo konpontzeko sistemaren berri emanez, dela espedientea elkargo-organo eskudunei igorriz –beharrezkoak diren informazio- edo diziplina-espedienteak bidera ditzan–, dela amaitutzat joz edo beste edozein erabaki hartuz, baina betiere zuzenbidearen barruan.

4.– Zerbitzu hori erregulatzean, kontuan hartu beharko da kexak eta erreklamazioak elektronikoki aurkezteko aukera.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Estatutu hauek onartzen diren unean elkargokide diren eta estatutu hauetan xedatutako unibertsitate-tituluren bat ez duten Gorputz Hezkuntzako irakasleak azkentzear egongo dira, eta elkargokide gisa dituzten eskubideei eutsiko diete, estatutuetan xedatutakoaren arabera.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Estatutu hauek indarrean jarri aurretik elkargo ofizialak hasitako prozedurak aurreko araudiaren arabera arautuko dira, berariaz bestelakorik erabaki ezean.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kide anitzeko organoen bilera ez-presentzialak.

1.– Kide anitzeko organo guztiak eratzeko eta organo horiek bilerak deitu eta egiteko eta erabakiak hartu eta aktak bidaltzeko, aurrez aurre egonda nahiz urrutitik jardun ahalko da.

2.– Kide anitzeko organoek urrutitik egindako bileretan, kideak toki desberdinetan egon ahalko dira, betiere baliabide elektronikoen bidez (halakotzat jotzen dira bitarteko telefonikoak eta ikus-entzunezkoak ere) bermatzen bada kideen edo kideak ordezkatzen dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea nahiz kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean eta bilkurak irauten duen bitartean bitartekoak eskuragarri egongo direla. Baliabide elektroniko baliodunak izango dira, esaterako, posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

3.– Urrutitik parte hartuz gero, erabakiak elkargoak egoitza duen lekuan hartu direla ulertuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Bilerak grabatzea.

1.– Idazkari nagusiak audioan eta bideoan grabatu ahal izango ditu dagokion kide anitzeko organoak egiten dituen bilerak, eztabaidak eta erabakiak aktan hobeto islatzen laguntzeko soilik. Grabaziotik lortzen den fitxategia, grabazioaren autentikotasunari eta osotasunari buruz idazkari nagusiak egindako ziurtagiria eta bilkuran euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak bilerako aktarekin batera jarri ahalko dira, eztabaiden puntu nagusiak aktan jasotzeko premiarik izan gabe. Elkargoak ezin izango du grabazio hori beste helburu batekin egin, eta ez dago baimenduta bertaratuen ahotsa eta irudiak grabatzea, ez eta horiek zabaltzea ere.

2.– Bilera bakoitzaren akta bilkuran bertan onar daiteke, edo hurrengo bilkuran. Idazkari nagusiak lehendakariaren oniritziarekin egingo du akta, eta bide elektronikoen bidez bidaliko die kide anitzeko organoko kideei. Kide horiek bide horien bidez adierazi ahalko dute testuarekiko adostasuna edo desadostasuna, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da.

3.– Egindako bilerak grabatzea hautatu bada edo euskarri elektronikoko dokumentuak erabiltzea hautatu bada, kontserbatu egin beharko dira, fitxategi horien osotasuna eta autentikotasuna bermatzeko eta kide anitzeko organoko kideek horietarako irispidea izateko.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jakinarazpen elektronikoak.

Elkargoaren eta elkargokideen arteko jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, ezinbesteko kasuetan izan ezik.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Generoan oinarritutako diskriminaziorik ezaren printzipioa.

1.– Emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunari buruzko printzipio informatzailea betetzen dela zainduko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

2.– Estatutu hauen gaztelaniazko testuan, genero maskulinoa generiko gisa erabili da, bi sexuak izendatzeko.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean, Kontseilu Nagusiak eta elkargo profesionalen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak onartu ondoren. Une horretatik aurrera, erabat indargabeturik geratuko dira Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 1998ko uztailaren 24ko Aginduaren bidez onartutako estatutuak.


Azterketa dokumentala