Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2024ko uztailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3364

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 1ekoa, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariarena eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariarena, zeinaren bidez entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidea egiten baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako irakasleen konpetentzia digitala egiaztatzeko prozedura arautzen duen agindu-proiektuari.

Agindu-proiektu horren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako irakasleen konpetentzia digitala egiaztatzeko prozedura arautzea, bat etorriz hezkuntza-administrazioek Hezkuntzako Konferentzia Sektorialaren Erabakian adostutako oinarrizko printzipio erkideekin (Irakasleen konpetentzia digitala ziurtatzeari, egiaztatzeari eta aitortzeari buruzko erabakia, 2022ko uztailaren 1eko Ebazpenean jasoa eta 2022ko uztailaren 12ko BOEn argitaratua).

Ebazpen honen egunera arte honako izapide hauek egin dira:

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 11.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, arau-testu juridikoaren proposamena idatzi aurretik, xedapen orokorra izapidetzea sustatzen duen organoak kontsulta publikoan eskatuko du herritarren iritzia. Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 16. artikuluak esleitutako eskumenez baliatuz, Hezkuntzako sailburuak aldez aurreko kontsulta-agindua eman zuen 2024ko martxoaren 2an. Martxoaren 6tik 26ra, etorkizuneko arauak eragin diezaiekeen pertsonen eta erakundeen iritziak bildu ziren.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 13. artikuluaren arabera, Hezkuntzako sailburuak agindu bat eman zuen 2024ko apirilaren 25ean, agindu-proiektua egiteko prozedurari hasiera emateko.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 15. artikuluaren arabera, Hezkuntzako kontseilariak agindu bat eman zuen 2024ko maiatzaren 3an, agindu-proiektua aldez aurretik onartzeko.

Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidea egin behar da, baldin eta zuzenean eragiten badiete herritarren eskubide eta interes legitimoei, eta ez badago aurreikusitako salbuespen-kausarik.

Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako irakasleei irakaskuntzako gaitasun digitala egiaztatzeko prozedura arautzen duen agindu-proiektua entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidearen pean jarriko da. Entzunaldi hori hogei egun balioduneko epean gauzatuko da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretuaren 16. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako irakasleentzako irakaskuntzako gaitasun digitala egiaztatzeko prozedura arautzen duen agindu-proiektuari entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapidea egitea, hogei (20) egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izan ditzaten, agindu-proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Legegunean (www.legegunea.euskadi.eus eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa).

Hirugarrena.– Alegazioak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaritzan eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaritzan aurkeztu ahal izango dira, aurrez aurre (Zuzenean: Herritarrentzako aurrez aurreko arreta-zerbitzua) eta elektronikoki (egoitza elektronikoa).

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 1a.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria,

AMAIA AGIRRE PINEDO.

Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria,

RIKARDO LAMADRID INTXAURRAGA.


Azterketa dokumentala