Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2024ko uztailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
3363

81/2024 EBAZPENA, uztailaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Azterlan Juridikoen Zentroarekin (E.A.) sinatutako hitzarmena, Justizia Administrazioko letraduen, auzitegiko medikuen, Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko fakultatiboen, Estatuko Abokatuen eta Justiziako Kidego Orokor eta Berezien kidegoei zuzendutako prestakuntza-jardueren arloan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Azterlan Juridikoen Zentroarekin (E.A.) sinatutako hitzarmena, Justizia Administrazioko letraduen, auzitegiko medikuen, Toxikologia eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko fakultatiboen, Estatuko Abokatuen eta Justiziako Kidego Orokor eta Berezien kidegoei zuzendutako prestakuntza-jardueren arloan. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 4a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARIA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 4KO 81/2024 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA AZTERLAN JURIDIKOEN ZENTROA-CENTRO DE ESTUDIOS JURÍDICOS, E.A.REN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA, JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO LETRADUEN KIDEGOEI, AUZITEGIKO MEDIKUEI, TOXIKOLOGIAREN ETA AUZITEGI ZIENTZIEN INSTITUTU NAZIONALEKO FAKULTATIBOEI, ESTATUKO ABOKATUEI ETA JUSTIZIAKO KIDEGO OROKOR ETA BEREZIEI ZUZENDUTAKO PRESTAKUNTZA-JARDUEREN ARLOAN ARITZEKO

Vitoria-Gasteizen, 2024ko ekainaren 19a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Nerea Melgosa Vega, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Lehendakariaren otsailaren 13ko 6/2023 Dekretuaren bidez izendatua, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuak emandako eskumenak baliatuz, hitzarmen hau sinatzeko baimena duena, Gobernu Kontseiluak 2024ko ekainaren 18an egindako bilkuran hartutako erabakiaren arabera.

Eta, bestetik, Laura Cambero Valencia, Azterlan Juridikoen Zentroa-Centro de Estudios Jurídicos erakunde autonomoaren zuzendaria, Justiziako Estatu Idazkaritzaren bitartez Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanetarako Ministerioari atxikia, otsailaren 28ko 216/2024 Errege Dekretuaren bidez izendatua eta apirilaren 26ko 312/2019 Errege Dekretuaren bidez onartutako AJZ-CEJen Estatutuaren 10.1.j) artikuluan xedatutakoa betez.

Biek, dagozkien karguen arabera eta beren erakundeen izenean eta ordezkari gisa hitzarmenak egiteko eman zaizkien ahalmenak erabiliz, honako hau

AZALDU DUTE

Apirilaren 26ko 312/2019 Errege Dekretuaren bidez onartutako Azterlan Juridikoen Zentroa-Centro de Estudios Jurídicos erakunde autonomoaren (aurrerantzean, Azterlan Juridikoen Zentroa) Estatutuaren 2. artikuluak erakunde horren helburuen artean jasotzen du Justizia Administrazioko letraduak, Auzitegiko medikuak, Toxikologiaren eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko medikuak eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko gainerako langileen kidegoetako funtzionarioak hautatzeko eta prestatzeko politikak garatzea eta betearaztea, Justizia Ministerioarekin lankidetzan. Lankidetza hori Estatuko Abokatutza Nagusiak egiten dituen planen esparruan Estatuko abokatuei etengabeko prestakuntza ematera ere iristen da, baita Estatuko Fiskaltza Nagusiarekin lankidetzan aritzera ere, Karrera Fiskaleko kideei eta bertan sartu nahi dutenei prestakuntza integrala, espezializatua eta goi kalitatekoa emateko.

Estatutuaren 3.2.a) artikuluak, gainera, ezartzen du Azterlan Juridikoen Zentroa, E.A.k «lankidetza-hitzarmenak egin ditzakeela autonomia-erkidegoetako organoekin, bakoitza bere eskumenen esparruan», bere helburuak betetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 35.3 artikuluak, 13.1 artikuluarekin lotuta, autonomia-erkidegoari aitortzen dizkio Justizia Administrazioaren beharrei erantzuteko eskumenak, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagokio eskualdatutako eginkizunak gauzatzea eta garatzea.

Bi alderdiek lankidetza-eredu bat ezarri nahi dute prestakuntza- eta dibulgazio-jardueren arloan Justizia Administrazioko letraduen kidegoei, auzitegi-medikuei, Toxikologiaren eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko medikuei, Estatuko abokatuei eta Justizia Administrazioko kidego orokorrei eta beste kidego berezi batzuei zuzenduta, eta indarrean dagoen araubide juridikoaren arabera betiere.

Bi alderdiek, interesa dutenez, hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta honako klausula hauen arabera formalizatuko da:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea:

Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Azterlan Juridikoen Zentroaren arteko lankidetza antolatzea, Justizia Administrazioko Letraduen, Auzitegi Medikuen, Toxikologiaren eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko fakultatiboen Kidegoen, Estatuko Abokatuen Kidegoaren eta Justizia Administrazioko Kidego Orokor eta Berezietako langileen prestakuntzaren arloan.

Kidego horietatik, langileen arloko eskumenak Euskal Autonomia Erkidegoari transferituta dituztenak honako hauek dira:

Auzitegi-medikuen kidego berezia.

Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko eta Laguntza Judizialeko kidego orokorrak.

Bestalde, langileen arloko eskumenak ez daude transferituta kidego hauetarako:

Justizia Administrazioko letraduen kidegoa.

Toxikologiaren eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko (TAZIN) fakultatiboen kidego bereziak, TAZINeko teknikari espezialisten kidego bereziak eta TAZINeko laborategiko laguntzaileen kidego bereziak.

Estatuko abokatuen kidegoa.

Hitzarmen honen bidez, honako helburu hauek lortu nahi dira:

Transferitutako praktiketako langileei Azterlan Juridikoen Zentroa erakunde autonomoak antolatzen dituen hautaketa-ikastaroen fase teoriko-praktikoan sartzeko aukera ematea.

Euskara ikasteko online prestakuntza eskaintzea Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko, Auzitegi Medikuen Kidegoko, Toxikologiaren eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko, Estatuko Abokatuen Kidegoko eta Azterlan Juridikoen Zentroa erakunde autonomoaren eskumen-eremu subjektiboaren pean dauden Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego orokor eta berezietako kide titularrei, bitartekoei eta/edo praktiketan daudenei, euskara hizkuntza koofiziala ez den autonomia-erkidegoetan zerbitzuak ematen badituzte. Horrek helburu bikoitza du:

Puntu honetan, Herritarrek Justiziaren aurrean dituzten Eskubideen Gutuna eta Eremu Urriko edo Eskualdeko Hizkuntzen Europako Gutuna bete daitezen erraztea.

Azterlan Juridikoen Zentroa, E.A.ren erabiltzaileei Espainiako edozein hizkuntza koofizial ikasteko aukera ematea, eta, hala badagokio, ezagutza hori merezimendu gisa egiaztatzeko aukera ematea, edozein lurraldetan bizi direla ere.

Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko, Auzitegiko Medikuen, Toxikologiaren eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko, Estatuko Abokatuen Kidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzuak ematen dituzten kidego orokor eta berezietako kideen prestakuntzaren arloan urte bakoitzerako ezartzen diren prestakuntza-jarduerak egiten laguntzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego orokorren eta berezien prestakuntzan laguntzea, eskura duten prestakuntza-eskaintza osatzeko eta ezagutza sortu eta partekatzeko.

Justizia Administrazioari buruzko prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak antolatzen laguntzea, honako helburu hauekin:

prestakuntza, ezagutzaren transmisioa nahiz sorkuntza, eta inplikatutako instantzia guztien arteko interakzioa hobetzea.

Justiziako zerbitzu publikoak kalitatezko arreta eta erantzun integrala ematea herritarrei.

Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.

Aldeek konpromiso hauek hartzen dituzte:

1.– Hautaketa-ikastaroen fase teoriko-praktikoa.

Azterlan Juridikoen Zentroa erakunde autonomoak baimena emango die praktiketako justiziako langileei, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoak horiekiko eskumenik badu, antolatzen dituen hautaketa-ikastaroen fase teoriko-praktikoan parte hartzeko, hitzarmen honen eremu subjektiboren peko kidegoei zuzenduak direnean.

Sarbide hori hitzarmen honetan jasotzen den Jarraipen Batzordeak erabakitzen duen eran egingo da.

2.– Euskara ikastea.

Euskal Autonomia Erkidegoak Justiziagela plataformara sartzeko aukera emango die hitzarmen honen pean sartzen diren Azterlan Juridikoen Zentroko erabiltzaileei. Plataforma horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten Justiziako langileek euskara ikasteko prestakuntza jaso ohi dute; era berean, destinoa beste autonomia-erkidego batzuetan dutenek, plataforma horretan sartzeko, euskara-ikastaroak egiteko eta bertan eskaintzen diren material didaktikoak erabiltzeko aukera izango dute.

Azterlan Juridikoen Zentroak lineako prestakuntza eskaintzeko erabili ohi duen plataforman sartuko du sarbide hori; horrela, destino profesionala –izendatuak nahiz praktiketan daudenak– sinatzailea ez den beste autonomia-erkidego batzuetan duten pertsonek, aukera izango dute plataforma horretara sartzeko, euskara ikastaroak egiteko eta bertan eskaintzen diren material didaktikoak erabiltzeko. Gainera, Azterlan Juridikoen Zentroak plazen deialdiak egingo ditu Azterlan Juridikoen Zentroak berak hautatzen dituen eskatzaileei zuzenduta, online ikaskuntzako tutoretzapeko zerbitzuei dagokienez, hitzarmenaren jarraipen-batzordean adosten diren baldintzetan.

Plataforma hori kudeatzen duen zerbitzuak behar beste informazio emango du hitzarmen honen eraginpeko langileek hizkuntzaren ezagutza egiaztatzeko azterketak edo probak egin ahal izan ditzaten, Autonomia Erkidegoan arlo horretan eskumena duten erakundeen bitartez.

3.– Transferitu gabeko Justiziako langileen prestakuntza (Justizia Administrazioko letraduak eta Estatuko abokatuak).

Euskal Autonomia Erkidegoak eta Azterlan Juridikoen Zentroak batera hartuko dute beren gain urte bakoitzerako aurreikusi eta EAEko lurraldeko jarraipen-batzordeak onartutako jarduera-planean programatutako prestakuntza-jarduerak antolatzea, kudeatzea, gainbegiratzea eta finantzatzea. Honako jarraibide hauek izango dituzte:

a) Bi erakundeei dagozkien eskudantziak:

Urtean zehar garatu beharreko prestakuntza-programa (urteko jarduera-plana) elkarrekin egitea eta jarraipen-batzordeak onartzea.

Irakasle-taldeak izendatzea eta haiekin hitz egitea. Talde horiek, ahal dela, Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten kidego hartzaileetako kideen artean hautatu beharko dira, eta kasu bakoitzean aukeratutako gaian esperientzia eta ezagutza frogatua izan beharko dute.

Prestakuntza-jardueren kalitate didaktikoa baloratzea, ondorengo jardun-jarraibideak zehazteko beharrezko ebaluazioaren arabera.

Urteko jarduketa-planeko jarduerak finantzatzea, hitzarmen honen bosgarren klausulan ezarritako baldintzen arabera.

Jarraipen administratiboa eta jardueren kontrola.

Jarraipen Batzordearen barruan geratzen direnak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskudantziak:

Administrazio-jarraipena eta jardueren kontrola egitea.

Espazioak (egoitzak, zerbitzuak edo instalazioak) doan lagatzea, hitzarmenaren esparruan programatzen diren jarduerak antolatzeko.

Programatutako prestakuntza-jardueretarako lokal eta ekipamendu tekniko egokiak jartzea, baita behar den laguntza didaktikoa ere.

Ikasleen parte-hartze akademikoaren eta ebaluazioaren jarraipena egitea, hala dagokionean, ikastaroaren aprobetxamendu-maila egiaztatzeko.

Gogobetetze-inkesten banaketa parte-hartzaileen artean prestakuntza-jarduera bakoitza amaitzean, eta emaitzak Azterlan Juridikoen Zentroari bidaltzea.

Prestakuntza-jardueretan parte hartzen duten pertsonen (zuzendaritza, hizlariak eta ikasleak) joan-etorrien eta, hala badagokio, egonaldiaren eta mantenuaren gastuak ordaintzea.

c) Azterlan Juridikoen Zentroa, E.A.ri dagozkion eskudantziak:

Prestakuntza-jardueretara bertaratuko direnak hautatzea eta dagozkien zerbitzu-eginkizunak esleitzea, hala dagokionean.

Jarduerak zuzentzeko irizpide orokorrak bidaltzea bai Euskal Autonomia Erkidegoari, bai zuzendaritza bere gain hartzen dutenei.

Euskal Autonomia Erkidegoari jakinaraztea hautatutako pertsonen eta ordezkoen zerrenda, bai eta gerta daitezkeen uko egiteak ere.

Jarduera bakoitzaren programa hedatzea hizlarien eta hautatutako pertsonen artean.

Prestakuntza-jardueren zuzendariei nahiz txostengileei dagozkien ordainsariak ordaintzea, betiere Azterlan Juridikoen Zentroak prestakuntza-jardueren ordainsarien baremoan onartutako diru-kopuruen arabera.

Argitara ematea Azterlan Juridikoen Zentroaren errepertorio juridiko-zientifikoko prestakuntza-jardueretan emandako txostenak, aurrez hala nahi duten zuzendaritzek eta txostengileek eskatua izango dutelarik, eta aplikatzekoa den prozedurarekin bat etorriz.

Urteko jarduera programak zabaltzea, onartu ondoren, bai eta parte-hartzaileak aukeratzeko deialdiak berak ere.

Bertaratze- eta/edo aprobetxamendu-ziurtagiriak ematea, bi erakundeen ordezkariek sinatuta.

Bere lurraldean destinoa duten aipatutako kidegoetako kideei jarduera bakoitzari buruzko informazio zehatza ematea, egutegia, ordutegia nahiz irakasleen edo hizlarien zerrenda adierazita.

4.– Transferitutako Justiziako langileen etengabeko prestakuntza.

Azterlan Juridikoen Zentroa erakunde autonomoak sarbidea emango die Euskal Autonomia Erkidegoan destinoa duten Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego orokor eta berezietako langileei antolatzen dituen online prestakuntza-jardueretara, hala zehazten denean.

Sarbidea, halaber, Azterlan Juridikoen Zentroak bere egoitzan antola ditzakeen aurrez aurreko jardueretara ere hedatu daiteke, jardueraren xedeak edo edukiek Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Zerbitzu publikoan eragin zuzena edo berezia dutenean.

Aurrez aurreko jardueretan parte hartzeko baldintza izango da, Jarraipen Batzordeak horretarako ezartzen duen aurrerapenez, Euskal Autonomia Erkidegoak zerbitzu-eginkizuna eta dagozkion dieten ordainketa baimentzea, bere eskumenekoak baitira. Horretarako ezartzen den gutxieneko epea hilabetekoa izango da.

5.– Prestakuntza- edo dibulgazio-jarduerak.

AJZ eta Euskal Autonomia Erkidegoa, bi aldeetako edozeinen ekimenez, lankidetzan aritu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak antolatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten Justizia Administrazioko langile transferituei zein transferitu gabeei zuzenduak; eta Justiziaren eremuko beste lanbide batzuetan diharduten pertsonek ere parte hartu ahal izango dute.

Hirugarrena.– Jarraipen-batzordea.

1.– Hitzarmen hau Estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denetik hilabeteko epean, Jarraipen Batzorde bat sortuko da. Batzorde hori alderdi sinatzaileek izendatutako 4 kidek osatuko dute:

AJZren aldetik 2 kide.

Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik, 2 kide.

2.– Hitzarmen honen arabera, eta administrazio publikoen arteko lankidetza instituzionalaren, gastu publikoaren ekonomiaren eta efizientziaren eta baliabide publikoen optimizazioaren printzipioei jarraiki, alderdi sinatzaileek ondoko alderdiok hitzartuko dituzte ekitaldi bakoitzean, Jarraipen Batzordearen baterako ebazpen bidez eta urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan:

Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuaren menpeko praktiketako funtzionarioak, hala badagokio, beste alderdi sinatzaileak antolatzen duen hautaketa-ikastaroaren fase teoriko-praktikoan sartuko ote diren ala ez, eta sartze horren nondik norakoak.

Hitzarmen honen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Azterlan Juridikoen Zentroari eskaintzen dion guztizko plaza kopurua aintzat hartuta, zehaztea Kidegoei urtero euskara ikasteko gordetzen zaien tutoretzapeko gehieneko plaza kopurua.

Urteko jarduketa planaren prestakuntza-jarduerak, formatua eta erabilgarri dauden plazen kopurua Justizia Administrazioko letraduen kidegoentzat, Auzitegi Medikuentzat, Toxikologiaren eta Auzitegi Zientzien Institutu Nazionaleko fakultatiboentzat, eta Estatuko abokatuentzat eta kidego orokor eta berezientzat, erakunde sinatzaileak horiez jakitun jarri eta gero, onartuak izan daitezen baterako ebazpen bidez.

Transferitutako Justiziako langileek eskura ditzaketen Azterlan Juridikoen Zentroko prestakuntza-jarduerak, eta jarduera horietan izena eman dezaketen pertsonen gehieneko kopurua.

Euskal Autonomia Erkidegoak Azterlan Juridikoen Zentroarekin lankidetzan antola ditzakeen jardueren gehieneko kopurua eta ildo orokorrak; lerroek, gutxienez, honako hauek jasoko dituzte: xedea, formatua eta kolektibo hartzaileak; gehieneko bertaratze-kopurua; plazen banaketa alderdi sinatzaileen artean; kostuen banaketa; alderdi bakoitzak gehienez bere gain hartuko dituen kontzeptuak eta jarduerak, eta definitu gabe gera litezkeen ekintza guztiak zehazteko modua.

3.– Gainera, Jarraipen Batzordeak erakunde sinatzaileen arteko koordinazioa bultzatuko du, prestakuntza-helburuak hobeto lortzeko; hitzarmena interpretatuko du, eta hitzarmena gauzatzean sor daitezkeen zalantzak argituko ditu; eta hitzarmenaren garapenaren eta gauzatzearen jarraipena eta ebaluazioa egingo du.

4.– Aldeek, bitarteko guztiak erabiliz, programatutako prestakuntza-jarduerak burutuko dituzte, eta, horretarako, behar diren harreman eta elkartruke guztiak izango dituzte, hitzarmen honen hirugarren klausulan ezarritako Jarraipen Batzordearen berezko harremanez gain.

Laugarrena.– Parte-hartzaileak hautatzea.

Parte-hartzaileak honela hautatuko dira:

Hautaketa-ikastaroen fase teoriko-praktikoa: kasuan kasuko hautaketa-prozesuetako oposizio-fasea gainditzeagatik praktiketako funtzionario izendatzen diren pertsona guztiak sartuko dira, baldin eta fase hori egitetik salbuetsita ez badaude, deialdiaren edo dagokion kidegoaren erregulazioaren arabera.

Euskara ikastea: Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Azterlan Juridikoen Zentroari jakinaraziko dio zabaltzekoa dela tutoretzapeko ikastaroetarako ikasleak hautatzeko epea, bai eta horri buruz behar den informazio guztia ere, epea hasi baino hogei egun baliodun lehenago, gutxienez. Azterlan Juridikoen Zentroak adierazitako epearen barruan hitzartutako pertsona kopurua hautatuko du, eta sail horri jakinaraziko dio onartutako pertsonen zerrenda, alta eman ahal izateko ikasle gisa.

Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzuak ematen dituzten eta transferitu gabeko langileen prestakuntza: Azterlan Juridikoen Zentroak prestakuntza-jardueretan parte hartuko duten pertsonak hautatuko ditu, hala eskatu dutenen artetik, eta zehaztu diren jarraibide orokorren arabera.

Hautaketa egin ondoren, hautatutako pertsonen eta ordezkoen zerrenda jakinaraziko dio Euskal Autonomia Erkidegoari, bai eta gerta litezkeen uko egiteak eta zerbitzu-eginkizunen onarpena nahiz baimenei dagokiena ere, hargatik eragotzi gabe egin beharreko beste izapide batzuk.

Transferitutako langileak Azterlan Juridikoen Zentroak antolatzen duen aurrez aurreko prestakuntzara sartzea. Euskal Autonomia Erkidegoak egingo du hautaketa, eta Azterlan Juridikoen Zentroari jakinaraziko dio bere datu-basean estatistika- eta ziurtapen-ondorioetarako sartzeko onartutako pertsonen zerrenda, hargatik eragotzi gabe egin beharreko beste izapide batzuk egitea.

Prestakuntza- edo dibulgazio-jarduerak batera antolatzea: hautaketa Jarraipen Batzordeak hitzartutakoaren arabera egingo da.

Kasu guztietan, onartzen diren pertsonak ondorio juridiko guztiekin sartuko dira hitzarmen honen esparruan ematen diren ikastaro eta jardueretan.

Bosgarrena.– Finantzaketa.

1.– Hautaketa-ikastaroen fase teoriko-praktikoa.

AJZk doan emango die sarbidea hautaketa-ikastaroen fase teoriko-praktikora transferitutako Justiziako Kidego Orokor eta Berezietako praktiketako langileei, hala erabakitzen denean.

Hautaketa-ikastaroa aurrez aurre ematen bada, eta transferitutako praktiketako funtzionarioen kopuruak AJZk hasieran aurreikusitakoak baino ikasgela gehiago irekitzea eskatzen badu, Jarraipen Batzordeak zehaztuko du aparteko irakasleak izendatzearen ondoriozko kostuen banaketa proportzionala (irakasleei ordaintzea, AJZren baremoa aplikatuko da, dietak...), garbiketako langileen errefortzua edo gela berriak irekitzeari lotutako beste edozein gastu. Aurreikuspen horiek aplikagarriak izango dira, halaber, hautaketa-ikastaroak online formatua badu eta arrazoi beragatik irakasle gehiago izendatu behar badira.

Hautaketa-ikastaroan parte hartzeak ez du eraginik izango Euskal Autonomia Erkidegoak era guztietako nominak eta kalte-ordainak ordaintzeko duen eskumenean, ez eta bere eskumenekoak diren transferitutako praktiketako langileei eragiten dieten giza baliabideak kudeatzeko duen eskumenean ere.

2.– Euskara ikastea.

Euskal Autonomia Erkidegoak doan emango dio Azterlan Juridikoen Zentroari JUSTIZIAGELA plataformarako sarbidea, eta bere gain hartuko du hitzarmen honen jarduera-esparruko pertsonek Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egingo dituzten tutoretzapeko ikastaroen kostua.

3.– Transferitu gabeko Justiziako langileen prestakuntza.

Hitzarmen honen esparruan eragindako pertsonak prestatzeko hitzartutako jardueren balorazio ekonomikoa 20.000 euro-koa da gehienez ere urtean (80.000 euro gehienez, hitzarmen honen indarraldiko lau (4) urteetan). Jarduerak, osorik hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Azterlan Juridikoen Zentroaren kontura finantzatuko dira, % 50na, funtzionamenduko aurrekontu arrunten kontura.

Euskal Autonomia Erkidegoak 40.000 euro jarriko ditu gehienez ere hitzarmen hau indarrean dagoen lau (4) urteetan. Euskal Autonomia Erkidegoak gehienez ere 10.000 euroko ekarpena egingo du urtean, eta 2024an kopuru hori jarraian aipatzen den partidari egotziko zaio, edo, datozen ekitaldietan, partida hori ordezkatuko luketen baliokideei:

1001011100 14110 23700 2024/000652 Hitzarmen Markoa Azterlan Juridikoen Zentroa Erakunde Autonomoarekin, elkarrekiko prestakuntzarako

Hitzarmen honen indarraldiko lau (4) urteetan, Azterlan Juridikoen Zentroa, E.A.k 40.000 euro-ko gastua egingo du gehienez. Azterlan Juridikoen Zentroak urtean 10.000 euro emango ditu gehienez. Zenbateko hori Azterlan Juridikoen Zentroa, E.A.ren gastu-aurrekontuaren aurrekontuaren honako aplikazio honi egotziko zaio, edo, bestela, datozen ekitaldietan hura ordezkatuko duten baliokideei:

13.101.111Q.226.06 Bilerak, hitzaldiak eta ikastaroak (Justizia Kidegoak).

Zenbateko horiek Estatuko Aurrekontu Orokorretan ekitaldi horietarako kreditu egokia eta nahikoa egotearen baldintzapean geratzen dira.

Aurreikusitako zenbatekoa gaindituz gero, alderdi bakoitzak dagokion soberakina hartuko du bere gain.

Urteko behin betiko likidazioa egin ondoren, bai Azterlan Juridikoen Zentroak, bai Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, hala badagokio, dagokion organo kudeatzaileari transferituko diote hartzekodun gisa dagokion diru-kopurua. Ziurtagiriarekin batera, ziurtatutako diru-kopurua osatzen duten gastuen zerrenda aurkeztuko da. Era berean, hitzarmena sinatu duten alderdietako edozeinek eska ditzake gastu horiek justifikatzeko agiriak.

4.– Transferitutako Justiziako langileen prestakuntza.

Azterlan Juridikoen Zentroak antolatzen dituen prestakuntza-jarduerak, nola aurrez aurre, hala online, doan egingo ditu erakunde horrek.

Aurrez aurreko jarduerei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoak baimendu beharko du zerbitzu-eginkizuna, eta bere gain hartu beharko ditu zerbitzuagatiko dietak nahiz kalte-ordainak, bere eskumenekoak direlako.

5.– Prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak.

Aurrez aurreko jardueretara bertaratu behar izanez gero, alderdi bakoitzak bere eraginpeko langileekiko dagozkion eskumenak hartuko ditu bere gain, jarduera egiten den tokia edozein dela ere. Beraz, alderdi bakoitzaren ardura izango da dagozkion zerbitzu-eginkizunak baimentzea, bai eta bere langileen nominak eta zerbitzuagatiko kalte-ordainak ordaintzea ere.

Jardueraren antolaketari lotutako beste edozein gastu, hala nola irakasleak, txostengileak, tutoretzak edo laguntza-langileak izendatzea, baliabide materialak alokatzea edo edozein motatako kontratazioak egitea, behar izanez gero, proportzionalki banatuko dira alderdi sinatzaileen artean, jarraipen-batzordeak zehaztutako moduan.

Justiziaren eremuko beste kolektibo profesional batzuek parte hartzen badute jarduera horietan eta alderdi sinatzaile bakar batek ere ez badu horiekiko eskumenik, parte-hartze horren kostua ez da alderdi sinatzaileen kontura izango, eta parte hartzen duten pertsonek banaka hartu ahal izango dute beren gain, edo instituzionalki, hots, beren izenean edo ordezkari gisa jarduten duten entitate edo erakundeen izenean.

Alderdiek kontrol-organoek eskatutako informazio guztia eman behar dute.

Hasiera batean, aurkeztutako fakturek formatu elektronikoa izan behar dute; salbuespen gisa, inguruabarrek hala aholkatzen dutenean eta behar bezala justifikatzen denean, paperezko fakturak egiteko baimena eman ahal izango da.

Seigarrena.– Zabalkundea.

Aldeek ohiko kanalen bidez (plataforma profesionalak, argitalpenak, webgunea, sare sozialak, etab.) zabalkunde egokia emango diete bi alderdi sinatzaileetako funtzionarioek parte hartzen duten prestakuntza-ikastaro eta -jarduerei.

Beste alderdi sinatzailearen parte-hartzeari zabaltzen zaizkion prestakuntza-ikastaroak eta -jarduerak egin aurretik, bi erakundeek elkarri jakinaraziko diote bertaratuko direnek aurrez ezagutu behar duten edukiaz sortzen den informazio guztia.

Hitzarmen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatuko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitakoaren arabera. Aldez aurretik, eta nahi izanez gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahal izango da.

Halaber, Espainiako Gobernuaren Gardentasunaren Atarian argitaratuko da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean aurreikusitakoaren arabera (abenduaren 10eko BOE). Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Gardentasunaren atarian ere argitaratu ahal izango da.

Zazpigarrena.– Iraupena, eraginkortasuna, inskripzioa eta nahitaezko publizitatea.

Hitzarmen hau, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eraginkorra izango da Estatuko sektore publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatzen denetik 5 egun balioduneko epean. Era berean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, formalizatzen denetik 10 egun balioduneko epean, hargatik eragotzi gabe erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratu ahal izatea nahi izanez gero. Lau (4) urtez egongo da indarrean, eta beste lau (4) urtez luzatu ahal izango da, baldin eta hitzarmenaren indarraldia amaitu baino lehen alderdiek luzapena adosten badute.

Zortzigarrena.– Hitzarmena aldatzea eta azkentzea:

1.– Hitzarmen hau aldatu ahal izango da, alderdiek aho batez hala erabakitzen badute, dagokion eranskin aldatzailea sinatuz.

2.– Hitzarmenak azkentzen dira haien xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoiak gertatzen direnean.

3.– Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak dira:

Hitzarmenaren indarraldia igarotzea, luzatzea erabaki gabe.

Bi alderdi sinatzaileek aho batez hala erabakitzea.

Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

Kasu horretan, beste alderdiak errekerimendu bat jakinarazi ahal izango dio bete ez duen alderdiari, epe jakin batean bete ditzan betetzeke jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Errekerimendu hori Jarraipen Batzordeari jakinaraziko zaio.

Errekerimenduan adierazitako epea igaro ondoren, ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hura zuzendu zuen alderdiak kontratua suntsiarazteko arrazoia dagoela jakinaraziko dio, eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Hitzarmena arrazoi horrengatik suntsiarazten bada, eragindako kalteak ordaindu beharko dira, Jarraipen Batzordeak zehaztutako irizpideen arabera.

Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.

Hitzarmenaren xedea betetzeko gerora sortutako ezintasunagatik.

Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo aplikatu beharreko araudian aurreikusita badago.

4.– Hitzarmena suntsiarazteak ez dio eragingo gauzatzen ari diren jarduerak amaitzeari; izan ere, hitzarmenaren Jarraipen Batzordeak ezartzen duen epe luzaezinean egin beharko dira jarduera horiek.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren araubide juridikoa:

Hitzarmen juridiko-administratibo hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen babesean egin da.

Hitzarmen honen interpretazioari, betearazpenari, aldaketari, suntsiarazpenari eta ondorioei buruz sortzen diren auziak alderdien adostasunez konpondu behar dira Jarraipen Batzordean. Bide horretatik konpontzea lortzen ez bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira.

Hamargarrena.– Datuen babesa.

Alderdi sinatzaileek, datuen babesaren arloan, honako hauek bete beharko dituzte: 2016/679 Erregelamendua (EB), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta arlo horretan indarrean dauden gainerako xedapenak.

Aurreko guztiarekin bat etorriz, sinatzaileek, beren eskumenak baliatuz, hitzarmen hau izenpetzen dute sinadura-egunean.

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILBURUA.

AZTERLAN JURIDIKOEN ZENTROA-CENTRO DE ESTUDIOS JURÍDICOS E.A.REN ZUZENDARIA.


Azterketa dokumentala