Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2024ko uztailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNU SAILA
3362

EBAZPENA, 2024ko uztailaren 3koa, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez laguntza-deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioetako eta foru-administrazioetako enplegatuen prestakuntza finantzatzeko.

Irailaren 21eko 3/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko Legearen testu bategina onartu zen, eta testu bategin horrek ezartzen du Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren xedea, besteak beste, dela: «Euskal Administrazio Autonomoko funtzionarioen edo kontratatuen prestakuntza eta trebakuntza, bai eta beste edozein administrazio publikok edo ordenamendu juridikoak agintzen dionena ere.». Orobat, xedeen artean ezartzen du «lurralde historikoekin, udalekin eta Euskadiko toki-administrazioko gainerako entitateekin elkarlana sustatzea, langileei prestakuntza eta hobekuntza emateko».

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta lege hori garatzen duen 887/2006 Errege Dekretuak oinarrizko arauak dituzte administrazio publikoek ematen dituzten dirulaguntzen araubide juridiko orokorrari buruz. Era berean, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legeak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako oinarrizko erregulazioa egokitu behar dela. Eta azken lege horrek, hain zuzen, arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren laguntzen eta dirulaguntzen sistema.

2012. urteaz geroztik aurrekontu-legeetan egin den bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak partida batzuk bereizi ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko. Partida horiek Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren aurrekontuan islatzen dira, zeinak, besteak beste, berariazko esleipenak baititu helburu hauetarako: Foru-administrazioaren prestakuntza-planak (43. atala, 1216 programa, 02 zerbitzua, 420 kontzeptua, 19/1320 partida) eta toki-administrazioaren prestakuntza (43. atala, 1216 programa, 02 zerbitzua, 421 kontzeptua, 19/1321 partida).

Abenduaren 22ko 21/2023 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, IVAPek kudeatuko ditu, kasuan kasuko deialdien bidez, organismo autonomo horren aurrekontuetan euskal administrazio publikoetako enplegatuen enplegu-prestakuntzarako zuzentzen diren kredituak.

Deialdi honek, bestalde, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren dirulaguntza lerro bat gauzatzen du. Plan Estrategiko hori indarrean dago, eta argitaratuta dago IVAPeko webgunearen gardentasun atalean eta Euskadiko Autonomia Erkidegoaren egoitza elektronikoan. Plan horren helburu estrategikoa da bultza egitea euskal administrazio publikoetako enplegatu publikoen prestakuntza-programa espezifikoak ezartzeko.

2024ko ekitaldian, guztira eskaturiko diru kopuruak gainditzen badu aurreikusitako diru-hornidura, entitate eskatzaile bakoitzean prestakuntza jaso dezaketen langileen kopuruaren arabera hainbanatuko dira diru kopuru horiek foru- eta toki-administrazioen artean.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutua ahaleginduko da baliabideak ematen interesa duten organismo publiko guztiei, efizientziarik handienarekin egin ditzaten prestakuntza-beharren analisiak edo diagnostikoak.

2024ko ekitaldian, irizpide bera mantentzen da laguntzak eskuratzeko Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik. Soilik 15.000 biztanle baino gutxiago dauzkaten udalek eskuratu ahal izango dituzte laguntza horiek, zeren ulertu da ezen 15.000 biztanletik gorako udalek baliabide nahikoak dituztela Prestakuntza Beharren Diagnostiko batean oinarritutako prestakuntza-plana aurkezteko. Laguntza-modalitate horrek indarrean jarraitzen du mankomunitateetarako eta kuadrilletarako ere, arrazoi berberengatik.

Era berean, gizartean gertatzen ari diren aldaketa digitaletara egokitzeko, uste dugu beharrezko garrantzia eman behar zaiola herritarrentzako zerbitzu publiko digital inklusiboagoak, efizienteagoak, pertsonalizatuagoak, proaktiboagoak eta kalitatezkoagoak garatzeari. Helburu nagusia da prozesuak optimizatzea eta herritarrei balio erantsi berri bat eskaintzea. Ikuspegi horretatik, ikusi da digitalizazioari buruzko prestakuntza-ekintzak hurrengo deialdietako prestakuntza-planetan txertatu behar direla. Beraz, IVAPek gomendatzen du digitalizazio-ikastaroak egitea prestakuntza-planen barruan.

Prestakuntza-planetan eta dirulaguntzak ematean ezarritako betebeharrak bete direla justifikatzen duen memorian, identifikatu beharko da zein den prestakuntza-ekintza guztietan parte hartzen duten pertsonen sexua eta zenbat pertsonak osatzen duten, guztira, entitate onuradunaren plantilla, sexuaren arabera banakatuta, genero-berdintasunari buruzko azterlanak eta estatistikak egin ahal izateko.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Laguntza-deialdia egitea, Euskadiko Autonomia Erkidegoko toki-administrazioetako eta foru-administrazioetako enplegatuen prestakuntza finantzatzeko, ebazpen honen eranskinean ageri diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENEGOA

Ebazpen honen aurka, ezin da errekurtsorik jarri administrazio-bidean, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatzen duenarekin.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegia, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; betiere, 29/1998 Legearen 46. artikuluan xedatzen duenaren arabera.

Hala ere, aldez aurretik, institutu honi errekerimendua egin ahal izango zaio, egintza erreboka dezan. Errekerimendua egiteko epea bi hilabetekoa izango da, ebazpena argitaratzen denetik aurrera. Errekerimendua Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendariari zuzendu beharko zaio, idazki arrazoitu baten bidez. Errekerimendua ezetsitzat joko da, baldin eta jaso eta hurrengo hilabetean erantzunik ematen ez bada (29/1998 Legearen 44. artikulua). Aurretik errekerimendua izan bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea zenbatzeko, kontuan izango da zein egunetan jaso den erabaki espresua jaso edo ulertzen den isilbidez ezeztatuta dela, eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 3a.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuko zuzendaria,

MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO ENPLEGATUEN PRESTAKUNTZA FINANTZATZERA BIDERATUTAKO LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTUKO DUTEN OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak ematea, hirugarren oinarrian adierazitako euskal administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzeko, 2024ko ekitaldian.

Hauek izango dira deialdi honetan diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak:

a) Euskal administrazio publikoek beren langileentzat onartzen dituzten prestakuntza-planak edo -programak, 2024ko ekitaldikoak.

Prestakuntza-planek edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, ekintza hauetako bat edo batzuk ere jaso ahal izango dituzte:

– Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo lantzea.

– Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.

– Irakaskuntzako materiala diseinatzea, lantzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.

– Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, entitateak garatzen duen prestakuntzari buruzkoak.

b) 2024an Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzea. Laguntza ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzea izango da.

15.000 biztanle baino gutxiagoko udalek bakarrik heldu ahalko diote kontzeptu horrengatik finantzatzeari, bai eta mankomunitateek eta kuadrillek ere, beren langile propioei dagokienez, betiere oinarri honen a) letran ezarritako laguntzen onuradunak izan ez badira.

Inola ere ez dira finantzatuko oinarri hauetako a) edo b) idatz-zatietatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen joan-etorri, mantenu eta egonaldien gastuak, ez eta haiek ordezkatzeko gastuak ere.

Deialdi honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak dituen oinarrizko arauak aplikatu behar zaizkio, deialdiaren xedea bat baitator Legearen 2.1 artikuluak ematen duen dirulaguntzaren kontzeptuarekin; eta orobat aplikatuko zaizkio uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko arauak, zeinaren bidez onartzen baita 38/2003 Legearen Erregelamendua. Horrez gain, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoari ere men egin behar dio.

Bigarrena.– Definizioak.

Deialdi honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, betiere kontuan izango dira honako definizio hauek:

a) Prestakuntza Beharren Analisia da pertsona batek lanpostua eraginkortasunez betetzeko egiten jakin beharko lukeenaren eta egiten dakienaren arteko aldearen azterketa.

b) Prestakuntza-plan edo -programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo ordenatu bat; multzo horretan zehaztuta geratzen dira helburuak, helburu horiek lortzeko edukiak, edukien garapenerako erabiliko den metodologia edo metodologiak eta ekintzen hartzaileak, bai eta ekintza bakoitzean parte hartuko dutenen gehieneko kopurua eta helburuen lorpenari buruzko ebaluazioa ere, hori egitea aurreikusita dagoenean.

c) Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-eremu jakin bati buruzko prestakuntza emateko eragiketa-multzoa.

d) Entitatearen langile kopurua: entitatearen guztizko plaza kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.

Hirugarrena.– Laguntzen onuradun diren entitateak.

1.– Deialdi honetan ezartzen diren laguntzen onuradun izan ahal izango dira hemen zerrendatzen diren administrazio publikoak:

a) Euskadiko Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak. Deialdi honen ondorioetarako, toki-administrazioen kategoriak udalak, mankomunitateak eta kuadrillak hartzen ditu barruan, baina ez foru-administrazioak.

b) Euskadiko Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak.

2.– Entitate hauek prestakuntza-plan edo -programa bana aurkeztu ahal izango dute deialdi honetarako, beren mendeko langileak hartuko dituena. Plan edo programa horrek aukeran dauka entitate bakoitzaren mendeko organismo autonomoetako langileak ere kontuan hartzea.

Horietaz gainera, udalez gaineko entitateek ere haiek osatzen dituzten entitateetako batzuen edo guztien langileak hartzen dituzten plan edo programak aurkeztu ahal izango dituzte. Plan horiek aurkeztuz gero, beren mendeko entitate horiek ezingo dute beren kabuz planik edo programarik aurkeztu.

3.– Deialdiko laguntzen onuradun izateko, parte hartzen duten entitateak ezin izango dira egon Dirulaguntzen Araubideari buruzko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuen eraginpean, eta bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eskatzen diren baldintzak. Bereziki:

– Egunean edukitzea indarrean dauden xedapenek ezarritako tributu-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2024ko otsailaren 13ko Aginduaren 9.2 artikulua betez, ez da egiaztatu behar betebehar horiek betetzen direla.

– Eginda izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ezarritako ordainketak. Egiaztatzeko baldintza hori betetzen dela, interesdunak egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, edo, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpena, bat etorri beharko duena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen 1/2021 Dekretuaren xedapen gehigarri bakarreko edukiarekin.

– Aurkezten den erantzukizunpeko adierazpenak fidelki jaso beharko du nola betetzen diren baldintza guzti-guztiak, eta azaldu beharko du interesdunak ez duela debekurik, aipatutako 20/2023 Legearen 13. artikulu horrek ezarritakorik.

Laugarrena.– Laguntzen diru-hornidura.

Laguntza hauen diru-hornidurak, gehienez ere, diru zenbateko hauek izango ditu, entitate motaren arabera banatuta:

Euskal Autonomia Erkidegoko foru-administrazioak: 185.000,00 euro.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki-administrazioak: 410.000,00 euro.

Guztira: 595.000,00 euro.

Toki-administrazioei esleitutako zenbatekotik 30.000 euro gordetzen dira lehenengo oinarriaren b) idatz-zatian aurreikusitako laguntzarako (ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzea).

Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, entitate interesdunek eskabide-orria aurkeztu beharko dute, oinarri hauetan zehaztutako eran.

Eskabideak aurkezteko epea 2024ko irailaren 2an amaituko da, 24:00etan.

Entitate interesdunek bitarteko elektronikoz egin behar izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Hala, eskabideak bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dira IVAPeko webguneko (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096412) Sariak eta Laguntzak atalean.

Entitate interesdun guztiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko dute nork jardungo duen beren izenean deialdi hau izapidetu eta egikaritzeko. Helbide honen bidez sar daiteke Erregistrora:

https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Prozedura honen izapide guztiak bide telematikoen bitartez egin ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen dituen ziurtagiri elektronikoetako edozein erabil dezakete entitate eskatzaileek. Onartzen diren ziurtagiri elektroniko horiek zein diren jakiteko, esteka hau kontsultatu daiteke:

https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Entitate eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa. Prozeduran zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak 2024ko ekitaldian antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik laguntza eskatzen duten entitateek behar bezala bete beharko dute eskabidea, aurkeztutako datuak egiazkoak direla eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpenak barne.

Seigarrena.– Prestakuntza-plan edo -programa aurkezten duten administrazio publikoek eskabidearekin batera aurkeztu behar duten dokumentazioa.

a) Laguntzak eskatzeko aurkeztu den prestakuntza-plan edo -programa; prestakuntza-beharren analisi bati lotu beharko zaio. Analisi hori IVAPek zehaztuta duen Prestakuntza Beharren Analisiaren metodologian oinarritu daiteke, eta ondorioztatzen diren prestakuntza-lehentasunak jasoko ditu. Laguntzak eskatzeko aurkezten diren prestakuntza-plan edo programek eduki hau, gutxienez, izango dute:

– Helburu nagusia(k).

– Prestakuntza-planaren edukien hartzaile diren taldeen deskribapena.

– Planean jasotako prestakuntza-ekintzen deskribapena (ekintzaren izena, parte-hartzaile kopurua, sexua, iraupena, prestakuntza-modalitatea, lehentasuna...).

– Prestakuntza-eskaintzaren egutegia edo plangintza.

– Eskaintza zabaltzeko bitartekoak.

b) Eskabidearekin batera, indarrean dagoen azken aurrekontu-plantillako langile kopuruari buruzko ziurtagiria.

c) Eskabidea lehenengo oinarriaren a) idatz-zatian aurreikusitako ekintzaren bati edo gehiagori badagokie, prestakuntza-eskaintzarekin batera, hau erantsi behar da gutxienez:

– Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.

– Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.

– Ekintzaren edo ekintzen kostua.

d) Eskabide-ereduan biltzen diren erantzukizunpeko adierazpenak, adierazten dutenak egiazkoak direla aurkeztutako datuak eta betetzen direla deialdian eskatzen diren baldintzak.

Aipatutako dokumentazioa prestatzeko, prestakuntza-plan eredu bat kontsulta daiteke IVAPeko webguneko egoitza elektronikoko (https://www.ivap.euskadi.eus/diru_laguntza/2024/2024-euskal-autonomia-erkidegoko-enplegatuen-prestakuntza-finantziatzeko-diru-laguntza-toki-administrazioak-eta-foru-administrazioak/z16-h2home/eu/) «Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea» ataleko «Betekizunak» izeneko zabalgarrian.

Baldin eta aurkezten diren dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak edo nahikoa ez bada dokumentuon edukiarekin, entitate eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean osatzeko eskabidea edo zuzentzeko akatsak, eta adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskaeran. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko ebazpen espresua ematera, eta ebazpen hori jakinaraztera; bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin.

Zazpigarrena.– Laguntzen esleipena.

Prestakuntza-plan edo -programei buruzko laguntzen esleipena IVAPeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako entitateen zerrenda bilduko du, bai eta entitate horietako bakoitzari dagozkion diru kopuruak eta kontzeptuak ere. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Eskuragarri egongo da, halaber, honako helbide elektroniko honetan: www.ivap.euskadi.eus

Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak prestakuntza-jarduerengatik ordaindutako matrikulen zati bat finantzatzeko diren laguntzen esleipena ere erakunde horretako zuzendariaren ebazpen baten bitartez egingo da. Ebazpen horrek diruz lagundutako entitateen zerrenda bilduko du, eta entitate bakoitzari egokitu zaion guztizko diru zenbatekoa ere adieraziko da. Ebazpena aurreko paragrafoan adierazi diren hedabideetan argitaratuko da, sinatzen den egunean argitaratu ere.

Deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak emateko, bete egingo dira printzipio eta arau hauek:

a) Lehenik eta behin, esleituko dira aurkezten diren prestakuntza-plan edo -programengatik eman daitezkeen laguntzak, entitate bakoitzari eman dakiokeen gehieneko diru zenbatekoari buruzko muga honekin:

– Kontzeptu horiengatik entitate bati esleitzen zaion laguntzak ezin du gainditu entitate horrentzat kontzeptu horiek duten kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

Horren ondorioz, hau izango da laguntzak esleitzeko prozedura:

Deialdiko talde bakoitzari esleitutako diru zenbatekoak taldeak aurkeztutako plan guztien kostuaren % 50 hartzen badu, entitate onuradun bakoitzari % 50 emango zaio.

Hona zein izango den diru-funtsak banatzeko irizpideen oinarria: finantzatzea eskatzen den prestakuntza-jardueraren kostuak, eta kredituak ez badira eskatutako guztizko diru kopurura iristen, administrazio bakoitzari dagozkion diru kopuruak hainbanatuko dira, kontuan hartuta entitate bakoitzeko langile kopurua mota bereko entitate eskatzaileetako langile kopuru osoarekiko. Hori guztia EAEko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez.

Entitate eskatzaileek prestakuntza-planak edo -programak gauzatzearen ondoriozko gastuei aurre egin ahal izateko, dagokien diru zenbatekoa dirulaguntza ematen duen ebazpenetik aurrera ordainduko da.

b) Bigarrenik, Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak antolatutako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeagatik eman daitezkeen laguntzak esleituko dira, onartutako planik edo programarik ez dagoen kasuetan, hau da, deialdi honen babesean laguntzarik jaso ez denean, honako arau hauen arabera:

– 15.000 biztanle baino gutxiagoko udalek bakarrik heldu ahalko diote kontzeptu honengatik finantzatzeari, bai eta mankomunitateek eta kuadrillek ere, beren langile propioei dagokienez.

– Laguntza izango da matrikularen zati bat finantzatzea, kasuan kasuko prestakuntza-ekintzagatik 2024an sortua bada eta entitateak abenduaren 15a baino lehen ordaindu badu.

– Matrikula bakoitzeko esleitutako laguntzak ezin izango du gainditu matrikularen kostuaren ehuneko berrogeita hamar.

– Hona zein izango den diru-funtsak banatzeko irizpideen oinarria: finantzatzea eskatzen den prestakuntza-jardueraren kostuak, eta kredituak ez badira eskatutako guztizko diru kopurura iristen, administrazio bakoitzari dagozkion diru kopuruak hainbanatuko dira, kontuan hartuta entitate bakoitzeko langile kopurua mota bereko entitate eskatzaileetako langile kopuru osoarekiko. Hori guztia EAEko 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa betez.

Foru-aldundietarako laguntza lehenengo oinarriko a) idatz-zatian ezarritako kontzeptuengatik bakarrik eman ahal izango da.

Zortzigarrena.– Entitate esleipendunen betebeharrak.

Deialdiaren xedea lortzeko, dirulaguntzaren entitate onuradunek Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzen Araubidea ezartzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legean finkatzen diren obligazioak bete behar dituzte. Bereziki, betebehar hauek dituzte:

a) Zer prestakuntza-jardun egiteko eman den laguntza, prestakuntza-jardun hori burutzea.

b) Prestakuntza-planak egin eta gauzatzen badituzte, kontuan hartzea zer gaitasun diren beharrezko emakumeen eta gizonen berdintasunaren eremuan dauden lanpostu-tipologia bakoitzerako, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 18. artikulua betez.

c) IVAPi behar bezala justifikatzea bete egin direla baldintzak eta betebeharrak, eta egikaritu egin dela laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua betez, justifikatzeko betetzen direla dirulaguntzak ematean ezarritako baldintzak, memorian, justifikatu beharko da zein den prestakuntza-ekintza guztietan parte hartzen duten pertsonen sexua eta zenbat pertsonak osatzen duten entitate onuradunaren plantilla, sexuaren arabera bereizita.

d) Onartu egin beharko dira egiaztatze-jarduketa guztiak, hala IVAPek egiten dituenak, nola Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituenak, Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratutako dirulaguntzei eta bestelako laguntzei dagokienez. Era berean, onartu beharko dira Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoak aurreikusten dituen guztiak.

e) Dirulaguntza ematen duen erakundeari, IVAPi, aditzera ematea ea beste administrazio edo ente publiko edo pribaturen batek eman dion beste dirulaguntzarik edo laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik xede bererako.

f) Baldin eta aldatu bada laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa, horren berri ematea IVAPi.

g) Jasotako dirulaguntzaren publizitate egokia egitea, eta beharrezkoak diren zabalkunde-neurriak hartzea; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18.3 eta 18.4 artikuluetan eta Dirulaguntzen Araubidea erregulatzen duen Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren arabera. Era berean, onuradunak behartuta daude jasotako dirulaguntzaren berri ematera, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Legean 5.4 artikuluan ezarritako moduan eta baldintzetan.

h) Prestakuntza-planik egiten eta gauzatzen badute, ikuspegi intersekzionala errespetatzen duen hizkuntza eta irudiak erabiltzea, bereziki sexuari eta generoari dagokienez, dirulaguntzaren xede den jarduerak edo proiektuak behar dituen dokumentazio eta material guztietan.

i) Prestakuntza-planik egiten eta gauzatzen badituzte, bermatu beharko dituzte herritarren hizkuntza-eskubideak; bereziki, bermatu beharko dute euskara erabiltzen dela diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

Dirulaguntza ematen duen ebazpena aldatu egingo da, baldin eta helburu bereko bestelako dirulaguntza edo diru-sarrera edo -eskuarterik jasotzen bada, aldi berean, beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batzuetatik, eta, ebazpen honen babesean jasotako laguntzari gehituta, horrek ekartzen badu behar baino gehiago finantzatzea laguntzeko moduko edozein kontzepturen kostua. Kasu horretan, laguntza murriztu egingo da, eta murriztu, gehienez ere, koste guztiaren zenbatekoraino.

Bederatzigarrena.– Prestakuntza-plana edo -programa aurkeztu duten administrazio publikoek laguntzak justifikatzea eta ordaintzea.

Prestakuntza-plan edo -programak betearazteagatik laguntzak esleitzen dituen ebazpena argitaratzen denean, esleitutako laguntzaren ordainketa izapidetuko da.

Planaren edo programaren betearazpena justifikatzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute entitate esleipendunek:

– Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko memoria. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua betez, dirulaguntzak ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko memorian, identifikatu beharko da zein den prestakuntza-ekintza guztietan parte hartzen duten pertsonen sexua eta zer pertsonek osatzen duten entitate onuradunaren plantilla, sexuaren arabera bereizita.

– Erakundeak betetako prestakuntza-plan edo -programaren kostuari buruzko ziurtagiria, erakundeko kontu-hartzaileak edo barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetua. Entitatearen barne-fiskalizazio-artekariak edo -arduradunak sinatu beharko du ziurtagiri hori.

– Ziurtagiri bat, adierazten duena planak edo programak ez duela jasotzen, oinarri hauen arabera esleitutako laguntzekin batera, gehiegizko finantzaketa dakarren laguntzarik, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zatiari dagokion kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.

– Ziurtagiri bat, adierazten duena ez daukala Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren inguruko gorabeheraren batengatik itzuli beharreko dirulaguntzarik itzuli gabe.

– Ziurtagiri bat, azaltzen dituena diruz lagundutako jardueretarako erabili diren diru-funts propioen edo beste dirulaguntza edo eskuarteren diru zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa.

Laguntzaren justifikazioa Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egin beharko da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Planaren betearazpena justifikatzeko epea 2024ko azaroaren 30ean amaituko da.

Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, dagokion likidazioa egingo da, gauzatutako betearazpena eta kontura jasotako diru kopuruak kontuan hartuta. Gertatuko balitz entitateak azkenean egokituko zaion diru zenbatekoen gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, itzuli egin beharko dira behar ez bezala jaso diren kopuru horiek.

Ordaindutako matrikulen zenbatekoaren zati bat finantzatzeko laguntzen ordainketa horiek esleitzeko ebazpena argitaratzen denean izapidetuko da.

Hamargarrena.– Behin-behinekoz edo behin betiko esleitutako dirulaguntzari uko egitea.

Entitate esleipendunek uko egin diezaiokete, osorik edo partez, esleitu zaien laguntzari. Laguntzaren uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko egiten zaion laguntza zatiari dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak beti onartuko du aurkeztutako uko-egitea.

Hamaikagarrena.– Laguntza itzultzea.

Egiaztatzen bada ez direla betetzen dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak eta dagozkion interesak. Bereziki, kasu hauetan itzuli behar da dirulaguntza:

a) Justifikazio-betebeharra ez betetzea.

b) Laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

c) Emandako helbururako gabe, laguntza beste zerbaitetarako erabiltzea.

d) Ez betetzea Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18 artikuluaren 4. apartatuak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 27ko 38/2003 Legearen 27. artikuluak ezartzen dituzten zabaltze-neurriak.

e) Ez betetzea laguntza edo dirulaguntza emateko erabakian ezartzen diren baldintzak.

f) Ezezkoa ematea edo oztopoak jartzea legeak ezartzen dituen kontrol-jardunei.

g) Laguntza edo dirulaguntza bakoitzaren berariazko arauetan aurreikusitako gainerako kasuak.

Emandako dirulaguntza itzuli behar denean, 20/2023 Legearen 40. artikulua bete beharko da hura itzultzeko.

Hamabigarrena.– Administrazio-isiltasuna.

Deialdiaren ebazpena indarrean sartzen denetik sei hilabete igaro, eta laguntzak esleitzeko inolako ebazpenik argitaratu ez bada deialdiaren Interneteko helbidean entitate interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dute eskabidea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoarekin.

Hamahirugarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Dirulaguntza hauek izapidetzean, IVAPek ez ditu prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen datu pertsonalak tratatu behar; beraz, entitate eskatzaileek ez dute beren langileei buruzko datu pertsonalik bidali behar. Hala ere, IVAP behartuta badago prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonei buruzko datu pertsonalak tratatzera, datu horiek tratatu, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Prestakuntza eta hobekuntza.

– Arduraduna: IVAP.

– Helburua: EAEko administrazioetako langileen prestakuntza- eta hobekuntza- ikastaroen jarraipena eta kudeaketa (eskaeren kudeaketa, bertaratze-kontrola, ziurtagiriak egitea). Hirugarrenentzako prestakuntza-ekintzak. Azterlanak eta estatistikak egitea.

– Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.

– Hartzaileak: foru-aldundiak eta toki-administrazioko beste organo batzuk.

– Eskubideak: Interesdunak eskubidea du datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: Interesdunak gure web-orrian kontsultatu dezake datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza, helbide honetan:https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/021300-capa2-eu.shtml

– Araudia: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Hamalaugarrena.– Emakumeen eta gizonen berdintasuna.

Laguntzen entitate onuradunek konpromisoa hartzen dute Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretua benetan betetzeko, bai eta hori egiaztatzeko ezarritako dokumentazioa aurkezteko eta justifikatzeko eta irizpide sozial horiei buruzko egiaztapen-jarduketak egitea baimentzeko ere.


Azterketa dokumentala