Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2024ko uztailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3361

AGINDUA, 2024ko uztailaren 3koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Euskadiko museo eta bildumetarako 2024ko dirulaguntzen oinarriak onartzeko eta deialdia egiteko dena.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren arabera, Kultura Sailburuordetzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta bildumetarako dirulaguntzen sistema kudeatzea.

Beraz, alde horretatik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egoki deritzo bide bat antolatzeari Euskadiko museo eta bildumek beren eginkizunak betetzean sustatzen eta garatzen dituzten ekintzei laguntzeko, Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Lege horren azalpen-atalaren arabera, museo-jarduerak gizartearen zerbitzurako kultura-eskaintza gisa garatu behar dira, jarduera biziak eta eraldatzaileak izan behar dute, eta eginkizun didaktiko etengabea eta erabakigarria izan behar dute, gizarte-eragileekin eta, oro har, herritarrekin etengabeko harremanetan.

Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da legezko oinarriak zehazteko tresna bat ezartzea, batetik, dirulaguntzak emateko prozesuaren objektibotasun-, konkurrentzia- eta publikotasun-printzipioak bermatzeko, eta, bestetik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak funts publikoak behar bezala erabiltzen direla jakin ahal izateko mekanismoak bermatzeko. Funts horiek deialdi honetan ezarritako balorazio-irizpideen arabera esleituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako jasotzen den aurrekontu-esleipena mugatuta.

Era berean, agindu honen dirulaguntza-lerroa barne hartuta dago bai Sailaren 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2021-2024 DPE), zeina Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu baitzen eta zenbait aldaketa izan baititu, azken aldaketa 2023ko maiatzaren 22ko Aginduaren bidez, bai 2024rako Dirulaguntzen Urteko Planean, zeina Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2024ko maiatzaren 28ko Aginduaren bidez onartu baitzen.

Horri dagokionez, adierazi behar da dirulaguntzen deialdi honek laguntzen duela aipatutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren helburuak lortzen; izan ere, Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan integratutako museoen jarduerak laguntzeko deialdia denez, Euskadiko museoen sistema garatzen laguntzen du. Era berean, museo horiek sustatutako jarduerak hedatzen eta garatzen laguntzen du, dirulaguntzaren xede diren lerroek adierazten duten moduan: bildumen ezagutzarako sarbidea kudeatzea eta hobetzea, erakusketak berritzea, jarduera didaktiko eta dibulgatzaile espezifikoak egitea, jarduera-eremuari buruzko edukia sortzea, eta berrikuntza hobetzea eta bultzatzea.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Agindu honen eranskineko oinarriak onartzea, zeinaren bidez Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan izen emanda duten museo eta bildumentzako dirulaguntzak emateko deialdia egiten baita 2024an, museo-jarduerak egiteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan xedatutakoaz gain, honako hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko uztailaren 3a.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.

ERANSKINA
EUSKADIKO MUSEO ETA BILDUMETARAKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO 2024ko DEIALDIAREN OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan izen emanda duten museo eta bildumei 2024an museo-jarduerak egiteko emango zaizkien dirulaguntzen oinarriak ezartzea.

2.– Dirulaguntza hauen helburua da Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritako funtzioak betetzeko jarduerak egiten laguntzea.

3.– Nolanahi ere, jarduerak jarduketa-ildo hauetakoren batean kokatu beharko dira, eta horien barruan, diruz lagundu beharreko jarduerak daude jasota:

a) Bilduma osatzen duten funtsak katalogatzea eta dokumentatzea.

– Museo-bildumak osatzen dituzten funts materialen eta ez-materialen inbentarioa, katalogazioa eta digitalizazioa, euskarri digitalean, oro har EMSIME informazio-sistema erabiliz, hizkuntzaren erabilera ez-sexista eginez eta bi hizkuntza koofizialak erabiliz Interneten argitaratzen diren katalogazio-fitxen edizioan. Digitalizazioak barne hartuko ditu multimedia-fitxategiak, bereizmen handiko irudiak eta hiru dimentsioko objektuen 3D eskaneatzeak, errealitatetik hurbil dauden irudikapen digitalak ematen dituztenak; laguntza honen bidez digitalizatutako objektu guztiek ikusgarri egon beharko dute, gutxienez EMSIMEn. Salbuespen gisa, beste aplikazio informatiko batzuk ere erabili ahal izango dituzte funtsak katalogatzeko, baina arrazoiak emanez egiaztatu beharko dute EMSIME sistema erabiltzerik ez dagoela sistemaren datu-eredua ez delako egokia katalogatu beharreko funts motarako. Lan horren emaitza, gerora, «Euskariana» eta «Europeana» (Europako Kultura Ondarera linean sartzeko ataria) biltzaileetan gehitu ahal izango da.

b) Erakusketa finkoa berritzea eta aldi baterako erakusketak egitea.

– Erakusketa finkoa eguneratzea haren diskurtsoaren edo espografiaren edukiei dagokienez, barne hartuta eduki osagarri hauek garatu eta ekoiztea: ikus-entzunezkoak, audiogidak edo, funtsetara eta erakusketaren edukietara hobeto iristeko, geletan publikoaren eskura ezarritako bestelako dokumentu-baliabideak. Ez da eguneratze gisa hartuko panelak eta beste elementu museografiko batzuk berritzea diseinua edo edukiak aldatu gabe, eta, beraz, ezingo dira jarduera horiek diruz lagundu, salbu erakusketa denentzako irisgarritasuna sustatzeko egokitzea.

– Museoaren lurralde-eremuarekin eta/edo gaiarekin bat datozen aldi baterako erakusketak.

c) Bakoitzaren gaiarekin eta jardun-eremuarekin bat datozen jarduera didaktikoak eta kultura-zabalkunderako jarduerak diseinatu eta eskaintzea.

– Museoaren gai-eremuarekin zerikusia duten jarduera didaktikoak eta jolas- eta kultura-jarduerak.

d) Dituzten gai eta jarduketa-eremuarekin lotutako ezagutza sortzea.

– Haien bildumak osatzen duten ondareari buruzko ikerketa-lanak edo gai-eremuari buruzkoak, horien emaitzak erakusketa-diskurtsora gehitzeko eta museoaren hezkuntza- eta zabalpen-programara txertatzeko helburuarekin. Agindu honen ondoreetarako, ez dira diruz lagun daitezkeen ikerketa-lantzat hartuko museoaren titularra den pertsonak edo erakundeak Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 63. artikulutik 74.era bitartekoak aplikatuta nahitaez egin behar dituen esku-hartze arkeologikoak.

– Edizio- eta itzulpen-lanak, museoaren bildumei eta gai-eremuari buruzko zientzia- eta dibulgazio-edukiak, formatu digitalean gutxienez, argitaratzeko (katalogoak, monografiak, aldizkako argitalpenak, ikus-entzunezko eta multimediako produktuak).

e) Museoaren kudeaketan eta zabalpen- eta komunikazio-planean berrikuntza hobetzea eta bultzatzea.

– Kudeaketa hobetzeko eta berritzeko dokumentuak eta azterlanak egitea: plan estrategikoak, plan zuzentzaileak, irisgarritasun-planak, zerbitzu-kartak, jendaurreko azterlanak, komunikazio eta marketin kulturaleko planak egitea, aurretiazko diagnostikoak eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko neurrien plangintza egitea, eta museoaren jardueran genero-ikuspegia txertatzea, bai eta irisgarritasun unibertsala eta gizarteratzea sustatzea ere, museoaren barne-kudeaketan eta jardueren programazioan.

– Museoaren webgunean orriak sortzea eta hobekuntza teknikoak egitea.

Dirulaguntza jaso ahal izango du, halaber, Euskadiko Museoei buruzko 7/2006 Legearen 2.4 artikuluan ezarritako eginkizunak artikulu honetan adierazitako ildoetakoren baten esparruan garatzen dituen jarduera orok, betiere haren museo-izaera egoki justifikatzen badute eskabidearekin batera aurkeztutako proiektuan, artikulu honen 4. apartatuan adierazitakoak salbuetsita.

4.– Jarraian zehaztutako jardueren ondoriozko gastu eta inbertsioak ez dira inola ere diruz lagunduko, eta agindu honen xedetik kanpo geratuko dira: eraikin eta instalazio orokor iraunkorrak erostea, zabaltzea, birgaitzea, hobetzea edo kontserbatzea; funtsak eskuratzeko eta horiek zaharberritzeko esku-hartzeak, erakusketa-proiektuei lotuta daudenean izan ezik; tokiko sustapen turistikoko esku-hartzeak; museoko espazioak hirugarrenei alokatzean oinarritutako jarduera ekonomikoak; hirugarrenentzako ekitaldiak antolatzea; ostalaritza- eta ostatu-zerbitzuak eskaintzea; eta merchandisingeko produktuak saltzeko jarduerak.

5.– Eskabide bakoitzean, ildo bakar bati lotutako proiektu bakar bat aurkeztuko da. Pertsona edo erakunde bakoitzak bi eskabide aurkeztu ahalko ditu gehienez.

Eskabideen xedea gai komun baten inguruko jarduera-programa bat izango da, jarduera nagusi batekin eta beste jarduera osagarri batzuekin, edo jarduera bakar bat; edonola ere, proiektuak aurreko paragrafoan zehaztutako jarduketa-ildoetako batean sailkatua egon beharko du.

6.– Deialdi honetako dirulaguntzak jaso ahal izateko, jarduerak 2024. urtean hasi eta amaitu behar dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako helbururako 1.000.000 euro erabiliko dira.

3. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Euskadiko Museoen eta Bildumen Erregistroan inskribatuta dauden museoen edo bildumen titular diren pertsona fisiko eta juridikoek, honako hauek baztertuta:

a) Foru-titulartasuneko museoak edo bildumak.

b) Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak haien gobernu-organoetan parte hartzen badu.

c) Merkataritza-erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haien kapitalean partaidetza badu.

d) Helburu bereko dirulaguntza izendunen hartzaile diren museoen eta bildumen erakunde titularrak, horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024. urterako aurrekontuetan esleituta egonik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkion gastu-partidetan.

e) Beren kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena banku-fundazio edo finantza- edo kreditu-erakunde batena duten erakundeak.

Era berean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitakoaren babesean, onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridikoen taldeak, publikoak edo pribatuak, ondasun-erkidegoak edo beste edozein unitate ekonomiko edo ondare bereizi, nortasun juridikorik izan ez arren, proiektuak, jarduerak edo portaerak egin baditzakete edo dirulaguntza ematea eragin duen egoeran badaude.

2.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1, 13.2 eta 13.4 artikuluetan aurreikusitako egoeraren batean dauden pertsona edo erakundeek, hala nola:

a) Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez izatea.

d) Dirulaguntzak lortzeko aukera galduta izatea ebazpen irmo baten bidez, lege honen edo hori ezartzen duten beste batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean eduki behar duten baina halakorik ez duten enpresek, ez eta 50 langiletik gorako enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela, Estatuko legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz ezarritakoaren arabera.

e) Pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua, zehatuta egotea arau-hauste astun edo oso astun batengatik, Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena bete arte.

f) Desgaitasuna duten pertsonen alde lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez betetzea, hura betetzeko neurri alternatiboak abian jarri izana egiaztatu gabe.

3.– Aurreko apartatuetan dirulaguntzen onuradun izateko adierazitako baldintzak bete beharko dira laguntza-eskaera aurkezten den unetik ematen den dirulaguntza likidatu arte.

4. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskakizunak ofizioz egiaztatuko dira, Administrazioaren esku dauden edo beste administrazio batek egindako dokumentuak kontsultatuta. Administrazioak beretzat gordetzen du ofizioz bildu ezin izan duen dokumentazioa pertsona edo erakunde interesdunari eskatzeko aukera.

Eskatzaileek berariaz adierazi ahal izango dute egiaztapen automatikoaren aurka daudela; kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Interesdunek dokumentazioa aurkeztu behar badute, eta adierazitako epean aurkezten ez badute, onuradun izateko baldintzak betetzen ez dituztela ulertuko da.

2.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du onuraduna ez dela Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024rako aurrekontuetan helburu bererako esleitutako dirulaguntza izendunen hartzaile.

3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Agindu hori Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa da. Eskatzaileek berariaz adierazi ahal izango dute egiaztapen automatikoaren aurka daudela. Kasu horretan, Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako administrazio-instantziek emandako ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte.

4.– Museoak 50 langile baino gehiago baditu plantillan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa betez, berdintasun-plana erregistratuta eduki beharko du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Hitzarmenen Erregistroan eta Gordailuan, edo Euskal Autonomia Erkidegoko webguneko Lan Akordio Kolektiboen Erregistroan (https://www.euskadi.eus/erregistroa/regcon/web01-a2langiz/es /), edo erregistro-ziurtagiria aurkeztu.

5.– Gainerako betekizunak eskabide-orrian jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla egiaztatzeko, subjektu onuradun gisa proposatzen direnek, ordeztutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, kasuan kasuko dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

5. artikulua.– Diruz lagundutako jardueren azpikontratazioa.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.2 artikuluaren arabera, pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin azpikontratatu ahal izango du diruz lagundutako jarduera, osorik edo partzialki, baldin eta azpikontratazio horrek ez badu eragiten diruz lagundutako jardueraren kostua handitzea jardueraren edukiari balio erantsirik erantsi gabe. Ondorio horietarako, azpikontratazioa dagoela ulertuko da erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo partzialki gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da erakunde onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

2.– Erakunde onuradunak inola ere ezin izango du diruz lagundutako jardueren gauzatze partziala honako hauekin itundu:

a) Agindu honen 3. artikulua aplikatuz dirulaguntza hauetatik kanpo geratzen diren pertsonak edo erakundeak.

b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuren bat duten pertsonak edo erakundeak.

c) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsonak edo erakundeak.

d) Bitartekari edo aholkulari gisa jarduten duten pertsonak edo erakundeak, baldin eta haien kontratuetan ordainketak eragiketaren kostu osoaren ehuneko gisa definitzen badira, non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan duen balioaren erreferentziaren arabera.

e) Pertsona edo erakunde onuradunarekin lotura duten pertsona edo erakundeekin, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31.7 artikuluaren d) letran adierazitako egoerak gertatzen direnean izan ezik.

f) Deialdi edo programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatu baina betekizunak betetzen ez dituztelako edo behar den balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsonak edo erakundeak.

3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoko kontratazioa arautzen duen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, eta, betiere, horrek berekin badakar hirugarrenekin kontratatzea, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde.

Aurkeztutako eskaintzen arteko hautaketa (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira) efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.

Baldin eta, aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera nahitaezkoa izanik eskaintza bat baino gehiago eskatzea, eskaintza horiek aurkezten ez badira, edo ekonomikoki onuragarriena ez den eskaintza bat adjudikatzen bada, justifikazio egokirik gabe, organo emaileak zerbitzuaren peritu-tasazioa eskatu ahal izango du, eta sortzen diren gastuak onuradunaren kontura izango dira. Kasu horretan, dirulaguntza kalkulatzeko, bi balioetatik txikiena hartuko da erreferentziatzat: onuradunak adierazia edo tasazioaren ondoriozkoa.

4.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako aurreikuspenak errespetatu beharko dira.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen eta lagundu ezin diren gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, ezinbestekoak direnak eta betiere deialdi honen 1.6 artikuluan eta dirulaguntza emateko ebazpenean edo izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epean egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuen eskuratze-kostua ez da inoiz izango merkatuko balioa baino handiagoa. Egindako gastutzat hartuko da justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

2.– Zeharkako kostuak diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta erakunde onuradunak diruz lagundutako jarduerari egozten badizkio oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera arrazoiz dagokion zatian, eta, betiere, kostu horiek jarduera egiten den aldiari badagozkio. Nolanahi ere, eskabidearekin batera aurkeztutako aurreikusitako gastuen aurrekontuan halakotzat sartuta eta kuantifikatuta egon beharko dute, eta justifikatu egin beharko dira.

3.– Diruz lagundutako jarduera egiten duten eremuak estetikoki edo funtzionalki egokitzeko lan txikiek eragindako gastu korronteak diruz laguntzeko modukoak izango dira, betiere proiektuan ezinbestekoak direla justifikatzen badute eta eskabidearekin aurkeztutako aurrekontuan adierazita badaude. Diruz lagundu daitekeen gastutzat hartu ahal izango da, halaber, erakusketa-espazioetako argiztapena argi hotzeko sistemara egokitzea, funtsak kontserbatzeko edo museografia hobetzeko justifikatuta dagoenean.

4.– Honako gastu hauek, berriz, ez dira diruz lagunduko:

– BEZaren zenbatekoa, berreskuratu edo konpentsatzeko modukoa denean. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da. Autonomoen fakturei dagokienez, diruz lagun daitekeen gastua zerga-oinarria edo guztizkoa izango da, kasuaren arabera, baina, nolanahi ere, PFEZaren atxikipena aplikatu gabe, onuradunak Ogasunari ordaintzean egindako gastua baita.

– Higiezina eta haren instalazio orokor iraunkorrak handitzeko, hobetzeko, birgaitzeko edo kontserbatzeko xedea duten ibilgetu materialeko inbertsioetan egindako gastuak.

– Langileen gastuak, dirulaguntzaren xede den jarduerari zuzenean ordurik egozten ez diotenak.

5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera aurkeztutakoan– artikulu honetan diruz lagundu ezin diren gastuak sartzen badira, Balorazio Batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa zehazteko; zenbateko hori dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria izango da.

6.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan ezarritako aurreikuspenak errespetatu beharko dira.

7. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta muga.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko gehieneko dirulaguntza aurkeztutako aurrekontu osoaren % 90 izango da, 45.000 euroko mugarekin proiektu bakoitzeko. Diruz lagundu daitekeen gehienezkoa baino zenbateko handiagoa eskatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, diruz lagundu daitekeen gehienezkoaren mugara egokituko da. Pertsona edo erakunde onuradun bakoitzeko diruz lagundutako proiektuen baturaren gehieneko zenbatekoa 90.000 eurokoa izango da.

8. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuz emango dira dirulaguntzak, 14. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideen arabera eskabideen arteko lehentasuna ezartzeko. Guztira 60 puntu edo gehiago lortu dituztenei bakarrik emango zaie laguntza.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak deialdiari zuzendutako gehieneko zenbateko globala banatuko du gutxieneko puntuazioa (60 puntu) lortu duten eskabideen artean. Nolanahi ere, dirulaguntzaren zenbatekoak ezin izango du eskatutako zenbatekoa edo 7. artikuluan ezarritako mugak gainditu.

a) Banaketa hori kasu bakoitzean lortutako puntuazioaren eta eskatutako zenbatekoaren arabera egingo da. Horretarako, formula hau erabiliko da:

(Ikus .PDF)

non,

Si = Programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa.

Ei = kasu bakoitzean eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

Pi = Batzordeak programa edo jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.

b) Aurreko atalean aipatutako prozeduraren bidez kalkulatutako dirulaguntzen zenbatekoen baturak aurrekontu-muga gainditzen badu, kasu bakoitzean eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa formula honen bidez zehaztuko da:

(Ikus .PDF)

non,

Si "= Programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa.

D = Dirulaguntzaren xede diren programa edo jarduera guztien artean banatu beharreko zenbatekoa.

Si = Aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren hasierako zenbatekoa.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, pertsona fisiko interesdunek bitarteko elektronikoak eta presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honen izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko. Pertsona juridikoak, aldiz, behartuta egongo dira bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera, administrazio-prozeduraren edozein izapide egiteko.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037512

Eskabideak modu presentzialean ere aurkeztu ahal izango dira, honako toki hauetan: Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); Zuzenean zerbitzuan, soilik aurretiazko hitzorduarekin https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean-helbidean erregistroaren arloko laguntza-bulegoetan (ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan arautuak, herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa eta zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoen bidez iristeari buruzkoa); edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, eskabide normalizatuaren bidez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko den. Eskabide-eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037512;

4.– Pertsona fisikoen kasuan, eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, edozein unetan alda baitaiteke.

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0037512. Bide horretatik aurkezten diren eskabide elektronikoak baino ez dira onartuko, eta erregistro elektroniko orokorraren inprimakiaren bidez aurkezten direnak baztertu egingo dira.

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Halaber, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

8.– Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (izapidetze elektronikoa egin behar duten pertsonek hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez (https://www.euskadi.eus/hirugarrenak).

9.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da; horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Hauek dira nahitaez aurkeztu beharreko dokumentuak:

a) Eskabide-orria. Inprimaki horretan, laguntza horien onuradun izateko 3. artikuluan ezarritako betekizunak egiaztatzeko beharrezkoak diren erantzukizunpeko adierazpenak jasoko dira, bai eta eskabidean eta harekin batera doazen agirietan jasotako datuak egiazkoak direla adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena ere. Eskabide-inprimakian erantzukizunpeko adierazpen bidez adierazi beharko da pertsona edo erakunde eskatzaileak BEZaren aitorpena egin behar duen eta zerga hori kendu edo konpentsatu dezakeen.

Pertsona fisikoek aurkeztutako eskabideen kasuan, eskabidean berariaz adierazten bada uko egiten zaiola nortasun-datuak automatikoki egiaztatzeari, eskaeraren titularraren eta/edo, hala badagokio, ordezkariaren NANaren fotokopia aurkeztu beharko da nahitaez.

b) Proiektuaren Datuen inprimakia, honako eduki hauekin:

– Proiektuaren memoria, agindu honen 14. artikuluaren a), b) eta c) idatz-zatietan adierazitako irizpideen arabera baloratuko dena. Memoriaren edukiak honako alderdi hauek aipatu beharko ditu, dirulaguntzaren xede den jarduerari dagokionez:

Proposatutako jardueraren justifikazio orokorra, bere helburu espezifikoak museoaren Urteko Jarduera Planean planteatutako helburu orokorrekin lotuz.

Jardueraren ezaugarrien deskribapen zehatza: formatua, edukia, jardueraren publikoa edo hartzaileak, inplikatutako giza baliabideak (kopurua, kualifikazioa eta esperientzia, bertako edo kanpoko langileak diren), erabilitako hizkuntzak eta egikaritze-kronograma (faseak, zereginak eta inplikatutako pertsonak), baita garrantzitsutzat jotzen diren beste alderdi tekniko batzuk ere.

Berrikuntzara edo hobekuntzara bideratuta egotearen justifikazioa. Atal honetan, hala badagokio, aurreikusitako ebaluazio-sistema deskribatuko da. Sistema hori espezifikoa izan daiteke, edo museoaren jardueraren ebaluazio orokor edo globaleko sistema batean integratuta egon daiteke, eta haren xedea emaitzak eta/edo garapen-prozesua izan daitezke.

Hala dagokionean, jarduerak beste kultura-, hezkuntza-, zientzia- eta gizarte-eragile batzuekin duen lotura-mailaren justifikazioa.

Genero-ikuspegia zeharka txertatzeko proiektuan jasotzen diren ekintzen laburpen xehatua.

Atal guztiak bete behar dira.

– Jardueraren diru-sarreren eta gastuen guztizko aurrekontua; orekatua izan beharko du, eta, hala badagokio, langile propioen gastuak, kanpo-zerbitzuen gastuak, hornidurak eta zeharkako kostuak bereizi beharko dira. Diru-sarreren atalean, eskatutako dirulaguntza eta laguntza publiko eta pribatuen guztizko zenbatekoa, pertsona edo erakunde eskatzaileak emandako baliabide propioak eta aurreikusitako gastuen zenbateko osoa estali arteko beste edozein diru-sarrera adieraziko dira. Proiektuaren xedea jarduera bat baino gehiago barne hartzen dituen programa bat bada, jarduera bakoitzaren kostuak zehaztuko dira, jarduera bakoitzari dagokion guztizko partziala kalkulatu ahal izateko. Era berean, hala badagokio, zerga-oinarriaren zenbatekoa eta dagokion BEZa zehaztuko dira. Aurrekontuaren edukia agindu honen 14. artikuluko d) irizpidearen arabera baloratuko da.

– Hala dagokionean, erakundeak beste administrazio nahiz erakunde publiko zein pribatuetatik helburu berarekin eskatu edo eskuratu dituen dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak zehatz-mehatz azaltzeko apartatua ere beteko dute.

c) Museoaren jardueraren memoria, 2023ko urteko jarduera-planari dagokionez. Memoria horretan, museoaren jardunaren helburuak, egindako jarduerak eta emaitzak zehaztu beharko dira gutxienez, eta, ahal denean, kultura-, zientzia-, gizarte- eta/edo ekonomia-inpaktuaren adierazle objektiboen bidez deskribatuko dira. Dokumentu horrek 14. artikuluaren e) letran adierazitako irizpidea baloratzeko balioko du.

2.– Horrez gain, beste dokumentu osagarri batzuk ere aurkeztu ahal izango dira, eranskin gisa, Proiektuaren Datuen Formularioko informazioa zabaltzeko edo ilustratzeko, baldin eta Proiektuaren Datuen Formularioan edita ezin daitezkeen objektuak badituzte, hala nola irudiak, taulak, kalkulu-orriak, grafikoak, bideoak eta abar. Kasu horretan, Proiektuaren Datuen Formularioan aipatu beharko da eranskin horretan informazio gehiago jaso dela.

11. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

1.– Eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela, aldez aurretik ebazpena emanda.

2.– Agindu honen arabera eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztera behartuta dagoen eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkeztuz zuzentzeko eskatuko zaio.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Balorazio Batzorde bat eratuko da, eskabideak onartu edo ez erabakitzeko, eta dirulaguntzaren xede diren jarduerak baloratzeko. Honako hauek osatuko dute batzorde hori:

– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Lanpostua hutsik badago, titularra kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoaren arabera ordezkatuko da.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikarien arteko pertsona bat.

– Agindu honen xede den gaian adituak diren hiru pertsona, Kultura Sailburuordetzako titularrak izendatuak; bokalak izango dira.

Balorazio Batzordeko idazkaria Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko pertsona bat izango da, Kulturako sailburuordeak izendatua. Hitza izango du, baina botorik ez. Idazkariari dagokio kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea, haren jarduketak ziurtatzea eta eratzeko eta erabakiak hartzeko prozedurak eta arauak errespetatzen direla bermatzea.

Era berean, Balorazio Batzordearen bileretara joan ahal izango dira, hitzarekin baina botorik gabe, aztertu beharreko gaien inguruan ezagutza espezifikoa duten pertsonak, bertaratuen gehiengoak onartzen baditu.

2.– Balorazio-batzordearen osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez jakinaraziko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eratu aurretik.

3.– Balorazio Batzordeko kideak abstenitu egin beharko dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan aurreikusitako baldintzetan.

4.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzean, emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera (1/2023 Legegintzako Dekretua, martxoaren 16koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena).

5.– Batzordeak, agindu honen 14. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, txosten bat egingo du, eta, bertan, egindako ebaluazioaren emaitza zehaztuko du. Txosten horretan, honako hauek jasoko dira: baietsitako eskabideak, erakunde edo pertsona onuradun bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa adierazita; diruz lagundutako jarduketa-programak; ezetsitako eskabideak eta ezesteko arrazoiak, erakunde eta pertsona onuradun bakoitzeko; eta onartu ez diren dirulaguntzak, ez onartzeko arrazoiak adierazita.

Balorazio-batzordeak Kultura Ondarearen Zuzendaritzari helaraziko dio txosten hori, eta zuzendaritza horrek, espedientea eta kide anitzeko organoaren txostena aztertu ondoren, behin betiko ebazpen-proposamena egingo du.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio-batzordeak ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabideak, baldin eta agindu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte. Horretarako, irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

a) Proiektuaren eduki teknikoaren interesa eta kalitatea, 0 eta 35 puntu bitartean. Oro har baloratuko da, honako azpi-irizpide hauek kontuan hartuta:

– Xehetasun-maila eta barne-koherentzia jardueraren deskribapenean eta plangintzan. 25 puntu, gehienez.

Gutxienez 15 puntu lortzeko, proiektuaren babesean egingo diren jarduera zehatzak adierazi beharko dituzte proiektuek, jarduera guztien helburu orokorrak identifikatuz eta jarduera zehatzak zein publikori eta zertan dautzan aipatuz. 15-25 bitarteko puntuazioa jardueraren deskribapenaren eta plangintzaren xehetasun- eta barne-koherentziaren arabera emango da.

– Berrikuntzara eta hobekuntzara bideratuta egotea, plangintzan garapen-prozesua eta jardueraren gauzatzea edo emaitzak ebaluatzeko sistema bat txertatuz. Gehienez, 10 puntu.

b) Museoaren jarduerak edo programazioak inguruko beste eragile kultural, hezitzaile, zientifiko eta sozial batzuekin duen lotura-maila, ingurunearekiko loturak indartzeko eta haren eragina areagotzeko. 10 puntu, gehienez.

c) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren edukia, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde. 5 puntu, gehienez. Proiektuak kasu hauetakoren bat bete beharko du, eta puntuazioa gauzatze-konplexutasunaren eta proposatutako edukiaren irismen potentzialaren arabera modulatuko da:

– Jardueraren helburu nagusia emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko ekintza positibo bat garatzea da.

– Proiektuak genero-azterketa barne hartzen du jorratu beharreko jarduera-ildoan edo problematikan.

– Proiektuak garatu nahi dituen jarduerei buruzko berdintasun-diagnostiko bat jasotzen du.

– Proiektuak eduki tekniko bat du, ikuspegi estereotipatuak desagerrarazten eta genero-rolak hausten laguntzen duena.

– Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du dirulaguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko jarduera-memorian proiektuarekin zerikusia duen pertsonei buruzko informazioa sexuaren arabera bereizteko.

d) Aurrekontuari dagokionez, xehetasun-maila eta arrazoizkotasuna gastuak jardueraren ezaugarrien arabera banatzean, eta diru-sarrerei dagokienez, eskatutako dirulaguntzaz bestelako baliabide propioen eta kanpokoen proportzioa. 25 puntu, gehienez.

– Aurrekontuaren xehetasun-maila eta arrazoizkotasuna, jardueraren edukiari eta irismenari dagokienez: 0 eta 15 puntu artean. Eskala honen arabera emango dira:

(Ikus .PDF)

– Eskatutako dirulaguntzaz bestelako baliabideekin finantzatutako jardueraren ehunekoa. 10 puntu gehienez, eta proportzionalki emango dira, eskala honen arabera:

(Ikus .PDF)

e) Erakundearen azkenaldian izandako ibilbideari dagokionez, museoaren edo bildumaren Jarduera Memoriaren bidez baloratuko da, 2023ko Jarduera Planari dagokionez, 25 puntura arte.

f) Euskadiko museo eta bilduma gisa aitortuta dauden museo eta bildumen puntuazioari 1,05eko koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaio, Euskadiko Museoei buruzko 7/2006 Legearen II. kapituluan eta 132/2011 Dekretuaren III. eta IV. kapituluetan ezarritakoaren arabera (132/2011 Dekretua, Euskadiko museo eta bildumen erregistroaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua onartzen duena eta museo eta bilduma bat «Euskadiko museoa» edo «Euskadiko bilduma» dela onartzeko aitorpena arautzen duena).

g) 2ko koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaio «a) Bilduma osatzen duten funtsak katalogatzea eta dokumentatzea» jarduera-ildoko proiektuen puntuazioari, baldin eta bildumako funtsak digitalizatzea eta katalogatzea barne hartzen badute.

15. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntzekin edo beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, espedientea eta balorazio-batzordearen txostena ikusi ondoren, ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta, espediente osoarekin batera, Kulturako sailburuordeari igorriko dio, ebazpena eman dezan. Prozeduran ez denez agertzen eta ez direnez kontuan hartzen interesdunek adierazitako beste egitate, alegazio eta froga batzuk, ebazpen-proposamena behin betikoa izango da.

Ebazpena gehienez ere sei hilabeteko epean jakinaraziko da, agindu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera.

2.– Ebazpenean jasoko dira bai emandako dirulaguntzak bai ukatutako eta onartu ez diren eskabideak. Emandako dirulaguntzatik diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa aurkeztutako aurrekontuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, ebazpenean adieraziko da zer gastu baztertu diren diruz laguntzeko modukoak ez izateagatik.

3.– Formula hori aplikatuta lortutako kopuruak aurreko edo ondorengo zenbaki osora biribildu ahal izango dira. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoak deialdian finkatutako kreditua gainditzen badu, finantzaketa handieneko proiektutik kendu egingo da ateratzen den aldea.

4.– Ebazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa interesdunei jakinarazteko. Abisu bat bidaliko da pertsona edo erakunde interesdunaren gailu elektronikora eta/edo helbide elektronikora, pertsona edo erakunde horrek aldez aurretik jakinarazi badu eskabidean, eta ebazpena argitaratu dela jakinaraziko zaio. Abisu hori egiten ez bada ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da. Ebazpenaren jakinarazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta),

Halaber, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, lehenik egin dena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

6.– Ebazpen-epea igaro eta interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.

17. artikulua.– Ebazpena aldatzea

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, oinarri arautzaileetan baimendutako kasuetatik kanpo aldi berean beste ekarpen batzuk lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da.

2.– Era berean, dirulaguntza ematen duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki dezake, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Alderdi batek eskatuta men eginez gero, onuradunak jakinarazpena egin dezala, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betez, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa ez handitzea.

c) Benetan egindako edo egingo den jarduera edo jokabidea oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.

d) Aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak onuradunaren borondatearen mende ez egotea.

e) Aldaketa eragin duten elementu eta inguruabar berriek, hasierako emakidan gertatu izan balira, ez zezatela dirulaguntza ukatzea ekarri, eta aldaketa hori ez dadila izan hasieran onetsitako proiektuan funtsezko aldaketa eragiten duen bezain handia.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza onartutzat joko da pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote berariaz uko egiten dirulaguntzari hamar egun balioduneko epean, dirulaguntza ematen duen ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan eskatzen duten informazio guztia ematea.

d) Publikoarekiko ahozko eta idatzizko harremanetan euskararen erabilera bermatzea.

e) Diruz lagundutako jardueran sortutako dokumentazio, publizitate, irudi edo material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili beharko da, sexuan oinarritutako irudi diskriminatzaileak eta estereotipo sexistak saihestu beharko dira, eta berdintasun-balioak, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna dituen irudia sustatu beharko da.

f) Erakunde onuradunak konpromisoa hartzen du dirulaguntza justifikatzeko aurkeztu behar den jarduera-memorian proiektuarekin lotutako pertsonei buruzko informazioa sexuaren arabera bereizteko.

g) Dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa adierazi beharko da, eta haren logotipoa sartu beharko da diruz lagundutako proiektuak zabaltzeko erabiltzen diren material guztietan.

h) Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik eta dirulaguntza ordaintzen den unean, egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzen itzulketari dagozkionak ere, hala ezarrita baitago Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.f) artikuluan.

i) Oro har, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, zehazki 14. artikuluan, eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren gainerako lege-xedapenetan jasotako beste edozein betebehar.

19. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

1.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, honela:

a) Lehenengoa, emandako dirulaguntzaren % 50ekoa, 18.a) artikuluan adierazitako epea igaro ondoren, ukorik izan ez bada.

b) Bigarrena, gainerakoa, 2025ean egingo da, onuradunak diruz lagundutako jarduketa eta haren benetako kostua 20. artikuluan adierazitako moduan egin direla justifikatu ondoren.

2.– Ezin izango da dirulaguntza ordaindu pertsona edo erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, edo dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez baditu. Egiaztapena ofizioz egingo da ordainketa bakoitza egin aurretik, betiere erakunde onuradunak aurka egin ez badu; kasu horretan, hori egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

20. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera, agindu honetan emandako dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek diruz lagundutako jarduerak justifikatzeko kontu bat aurkeztu beharko dute, diruz lagundutako jarduera edo proiektua amaitu eta hurrengo hiru hilabeteen barruan. Nolanahi ere, justifikazioa aurkezteko epearen azken eguna 2025eko martxoaren 31 izango da. Justifikazio-kontuak dokumentazio hau izan beharko du:

a) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduketa-memoria, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak zehatz-mehatz adierazita. Memorian sartuta edo bereizita erantsita, jardueraren gauzatzea edo emaitzak egiaztatzen dituzten irudiak emango dira. Aukeran, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen «justifikazio-memoria» inprimakia betez egin ahal izango da.

b) Egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, honako hauek jasoko dituena:

– Jardueraren gastuen eta diru-sarreren balantze orokorra. Egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen «Balantzea» inprimakia bete edo eredu gisa erabiliko da. Beste dirulaguntza edo diru-sarrerarik jaso ez bada, dagokion erantzukizunpeko adierazpena egingo da justifikazioa aurkezteko formularioan.

– Egindako gastuen zerrenda sailkatua, honako hauek adierazita: erakunde edo pertsona hartzekoduna eta dokumentua, zenbatekoa, jaulkipen-data, jarduerari egotzitako gastuaren zenbatekoa – hala badagokio, zerga-oinarria eta BEZa banakatuta – eta, hala badagokio, ordainketa-data. Balantzearen formularioan bertan dagoen taularen bidez egin daiteke, edo bereizita aurkeztu, kalkulu-orriaren formatuan, betiere datu-eredu berari jarraituz. Egindako gastuen ataleko kontzeptuek bat etorri beharko dute eskabidean aurkeztutako aurrekontuko gastuen ataleko kontzeptuekin.

– Egindako gastuen zerrendan sartutako zeharkako kostuak banatzeko irizpideak, hala badagokio.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste dirulaguntza edo diru-sarrera batzuen zerrenda xehatua, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

– Gastuak justifikatzeko, fakturak eta froga-balio baliokidea duten gainerako dokumentuak aurkeztuko dira, lege- eta merkataritza-trafikoan baliozkoak direnak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak, bai eta faktura elektronikoak ere.

c) Hala badagokio, pertsona edo erakunde onuradunak agindu honen 5. artikulua aplikatuz eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuen kopia edo aurkeztu ez izana justifikatzen duen memoria, 5. artikulu horretan ezarritako salbuespenekin bat etorriz.

d) Jarduerari erakunde onuradunaren langile iraunkorren gastuak egozten bazaizkio, erakunde onuradunaren erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek zehaztuta: egindako lanak, jarduerari egotzitako ordu kopurua eta dagokion kostua. Erakunde onuradunak jarduera gauzatzeko langileak aldi baterako kontratatu baditu, dagokion kontratuaren kopia, jarduera zehatza eta kontratatutako eginkizunak adierazita.

e) Jarduerari dieten gastuak egozten bazaizkio (janaria, ostatua edo bidaia), gastu horietan parte hartu duten pertsonen identifikazio-datuak eta proiektuarekin duten lotura jaso beharko dira memorian.

2.– Justifikazioa ez bada aurreikusitako epean aurkezten, pertsona edo erakunde interesdunari eskatuko zaio hamabost eguneko epean aurkez dezala. Epe hori igaro eta justifikazioa aurkeztu ez badu, dirulaguntza likidatzeko prozedurari ekingo zaio.

21. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira – betiere dirulaguntzaren helburua bete bada – edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren bat jaso bada, dirulaguntzaren zenbatekoa likidatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, non, alegazioen izapidea egin ondoren, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko baitira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5. artikuluaren eta abenduaren 21eko 20/2023 Legearen arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena; 20/2023 Legea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa).

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik edo zati batean, eman diren proiektuez bestelakoetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko egintzan ezarritakoak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den beste xedapen batek oro har ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea, bereziki Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan araututako ez-betetzeak.

2.– Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbateko guztiak edo haien zati bat eta dagozkien berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.3 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Nolanahi ere, erakunde onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada erabateko betetzera, eta erakunde onuradunak argi eta garbi egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jardun bat izan duela, dirulaguntzaren azken zenbatekoa dirulaguntzaren xede den jardueraren ez-betetze mailaren araberakoa izango da, betiere proportzionaltasun-printzipioa errespetatuta.

Ondorioz, jardueraren ez-betetze partzialak onartu ahal izango dira, baldin eta argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzeko jardun bat izan dela, eta jardueraren betetze-maila diruz lagundutako proiektuaren aurrekontu osoaren % 65era iristen dela gutxienez.

Kasu horretan, likidazio-ebazpen bat egingo da, azkenean emandako zenbatekoa murriztuz, benetan justifikatutako proiektuaren zatiaren proportzioan.

Salbuespen gisa, proiektuaren gauzatze-maila aurrez ezarritako ehunekoan lortzen ez bada, dirulaguntza kudeatzen duen organoak ez-betetze partzialak daudela erabaki ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren pertsona edo erakunde onuradunak egindako lanek ezaugarri objektibo bereziak eta espezifikoak badituzte eta, berez, balio erantsia badakarkiote diruz lagundutako proiektuaren xedeari eta xedeari.

23. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

– Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

– Helburua: kultura-ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

– Hartzaileak: arloan eskumena duten administrazioa.

– Eskubideak: eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, bai eta informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: Gure webgunean kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa1-eu.shtml

Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.


Azterketa dokumentala