Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2024ko ekainaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3046

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 15ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira Fundación Gregorio Ordóñez Fenollar izeneko fundazioa azkentzeko eta likidatzeko erabakiak.

2022ko abenduaren 13an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistro Orokorrean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzari honako eskaera hau luzatuz: berrets zezan Fundación Gregorio Ordóñez Fenollar izeneko fundazioaren patronatuak 2022ko irailaren 12an hartutako erabakia fundazioa azkentze aldera. Erabaki hori patronatuaren idazkariak, presidentearen oniritziarekin, 2022ko abenduaren 5ean egindako ziurtagirian jasota dago.

Horrekin batera administrazio-espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

2022ko irailaren 12ko bilera berean, patronatuak likidazio-batzordeko kideak izendatu zituen, likidazio-eragiketak egiteko eta soberakinaren xedea bideratzeko.

Patronatuak aho batez erabaki zuen ezinezkoa zela fundazioaren xedeak gauzatzea. Espedientean agiri osagarri bat dago, fundazioa azkentzeari buruzkoa, non, besteak beste, fundazioaren xedeak betetzea ezinezkoa dela arrazoitzen baita. Fundazioak azaldu zuen zailtasunak zituela bere jarduerak garatzeko finantzaketa lortzeko, egoitza bat mantentzeko eta zuzendari kudeatzaile bat kontratatzeko; izan ere, azken horri 2014ko uztailean uko egin behar izan zioten.

Patronatuak ondare soberakina FAES, Fundación para el Análisis y los Estudios Sociales (IFZ: G83467860) izeneko fundazioari bideratzea erabaki du. Fundazio hori Justizia Ministerioaren mendeko Estatuko Fundazioen Erregistroan inskribatuta dago, 655EDU zenbakiarekin. Zehazki, ondare soberakina fundazio horren barruan eratu den «Instituto Gregorio Ordóñez» delakoari bideratu zaio.

Fundazioa azkentzeko erabakia 2024ko urtarrilaren 11ko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren ebazpen bidez berretsi zen.

2024ko otsailaren 27an, likidazio-eragiketak amaitu eta gerakina bideratu ondoren, likidazio-batzordeak likidatzeko erabakia hartu zuen.

Azkentzeko erabakia eta likidazio-eragiketak Luis Rueda Esteban notario jaunaren aurrean, 2024ko martxoaren 15ean, Madrilen egiletsitako eskritura publikoan gauzatu ziren (protokolo-zenbakia: 497).

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, azkentze- eta likidazio-espediente honen gaineko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 40., 41., 42., 43. eta 51.2 artikuluetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 48. eta 49. artikuluetan aurreikusitako baldintzak.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundación Gregorio Ordóñez Fenollar izeneko fundazioa azkentzeko eta likidatzeko erabakiak, agindu honen datarekin, Madrilen, Luis Rueda Esteban notario jaunaren aurrean, 2024ko martxoaren 15ean, egiletsitako azkentze- eta likidazio-eskrituran aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 497).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 15a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala