Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2024ko ekainaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3038

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 11koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Turismoa Merkaturatzeko eta Sustatzeko 2024. urteko laguntzak (TMS programa), eta horien deialdia iragartzen baita.

Turismoaren eta Merkataritzaren 2030 Euskal Estrategia euskal merkataritzaren eta turismoaren ibilbide-orri partekatu gisa eratu da, Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean, datorren hamarkadari begira. Estrategiak aukera emango digu aurkezten zaizkigun erronkei aurre egiteko, politiken, ekintza zehatzen eta helburu argi, eraldatzaile eta kuantifikagarrien bidez. Aldi berean, etorkizun hurbilerako Euskadiko turismo- eta merkataritza-eredu erresiliente, moderno eta lehiakorra sortu ahal izango dugu.

Horrenbestez, hauxe da Turismoaren 2030 Euskal Estrategiaren xedea: Europako ardatz atlantikoko helmuga turistikoen artean lurraldea erreferentzia gisa finkatzea, lehiakorragoa, inklusiboagoa, adimendunagoa eta kalitatezkoa izanez, sinergiak sustatuz, eta sektorea merkatuaren eskakizunetara egokituko dela eta bisitari, profesional eta egoiliarrentzat balioa sortuko duela bermatuz.

Helburu estrategikoek zehazten dituzte euskal turismo-sektoreak Estrategiaren bidez bideratu nahi dituen eraldaketak, bai eta sektoreak 2030eko horizonterako izan nahi dituen inpaktu nagusiak ere. Helburu estrategiko horietako bakoitza ebaluatu egingo da, jomuga estrategiko espezifikoak monitorizatuz eta haien jarraipena eginez.

– Industriaren eta helmuga turistikoaren garapen jasangarrian, arduratsuan eta etikoan oinarritutako turismoaren kudeaketa-eredu berri baterantz aurrera egitea.

– Helmuga turistikoaren posizionamendua eta irudia sendotzea, eta helmuga turistiko askotariko, irisgarri, atsegin eta kalitate handiko gisa sustatzea.

– Industriaren eta helmuga turistikoaren lehiakortasuna indartzea digitalizazioaren, berrikuntzaren, adimen turistikoaren eta negozio-eredu berrien garapenaren bidez.

– Turismo-gobernantzaren eredua sendotzea eta sektoreko eragileen koordinazio eta parte-hartze aktibo handiagoa bermatzea.

– Sektorearen errentagarritasunaren eta turismo-jardueraren inpaktu posibleen arteko oreka bermatuko duen hazkunde sozioekonomikoa bultzatzea.

Gauzak horrela, dirulaguntzen programa honen bitartez turismo-sektoreko enpresei laguntzak ematen jarraituko da, produktu berriak garatu eta merkatura ditzaten; horrez gain, espiritu ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatuko dira, bai eta Euskadi Basque Country marka turistikoaren posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiak ere.

Eskumenen ikuspuntutik, Turismoaren uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.1.e) artikuluan, Euskadiko turismo-administrazioari esleitzen zaio turismo-eskaintza sustatu eta bultzatzeko neurri egokiak hartzeko eskumena, beste administrazio eta organismo batzuekin koordinatuta, eta haren 5.2 artikuluan adierazten da Eusko Jaurlaritzan turismo-arloko eskumena duen organoak gauzatuko duela eskumen hori.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari dagozkio turismo-arloko eskumenak, hala xedatuta baitago EAEko Administrazioaren egungo egituran eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15.1.a) artikuluan.

Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 10.1 artikuluak dio sailburuak direla bakoitzaren eremuko dirulaguntzak emateko organo eskudunak.

Azkenik, laguntza-programa honek aurrekontu-kreditu nahikoa du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan. Gainera, jasota dago, bai Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen 2024-2027 Plan Estrategikoan (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak onartu zuen plan hori, 2024ko martxoaren 8ko Aginduaren bidez), bai Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen 2024rako Plan Estrategikoan (Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak onartu zuen plan hori, 2024ko otsailaren 15eko Aginduaren bidez). Bi plan horiek Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude argitaratuta, iragarki-taulan: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da turismo-sektoreko enpresentzako laguntzak erregulatzea eta deitzea, produktu berriak garatu eta merkatura ditzaten, bai eta espiritu ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatzea eta Euskadi Basque Country marka turistikoaren posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen duten ekitaldiak babestea ere.

2.– Helburu horrekin bat etorrita, honako xede hauek dituzten jarduketak lagunduko dira diruz:

A) Euskadin garatutako turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea.

B) Euskadin egindako kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzea, baldin eta Espainian eta nazioartean oihartzun mediatikoa badute eta Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen badute.

3.– Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira laguntzak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzak emateko prozedura.

1.– Laguntzetara 984.000 euro bideratuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.

2.– Laguntzak emateko prozedura lehiaketa ez den norgehiagoka izango da; izan ere, programa honen helburua da laguntzak ematea onuradun izateko agindu honetako betekizunak betetzen dituen pertsona orori, baldin eta sasoiz eta behar bezala egin badituzte eskabideak. Horretarako, programa finantzatzeko erabili beharreko aurrekontu-zenbatekoak ez badira nahikoak agindu honen 6. artikuluan ezarritako zenbateko eta ehunekoetan aurre egiteko egindako eskabideei, eskabideen artean hainbanatuko dira, eta, kalkulua egiteko, oinarritzat hartuko da adierazitakoaren arabera kalkulatutako dirulaguntza teorikoaren zenbatekoa.

3. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, honela ulertuko dira jarraian datozen definizioak:

1.– Turismo-produktua: OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, turismo-produktutzat hartu behar da elementu material eta immaterialen konbinazio bat, hala nola baliabide naturalak, kulturalak eta antropikoak, bai eta intereseko elementu baten inguruko erakargarri turistikoak, instalazioak, zerbitzuak eta jarduerak ere, destino baten marketin-planaren funtsa ordezkatzen dutenak eta turismo-esperientzia integral bat osatzen dutenak.

2.– Zerbitzu turistikoak: helmuga turistiko batek bisitariaren eskariari erantzuteko eskaintzen duen jarduera eta prestazio oro.

3.– Ekitaldia: aldez aurretik antolatutako gertakari bat da, aurrez finkatutako denboran eta tokian pertsona kopuru jakin bat biltzen duena; bildutakoek xede bati lotutako zenbait jarduera garatu eta partekatuko dituzte, batetik sustatzeko hala merkataritza eta industria nola turismoa eta marketina, eta bestetik bultzatzeko gizarte-arloko trukea eta kultura oro har.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Hauek izan daitezke laguntza hauen onuradun:

1) Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE) edo horien arteko elkartzeak, zerbitzu turistikoak eskaintzen dituztenak eta Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatuta daudenak, baita jarduera turistiko osagarriak egiten dituztenak ere.

Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak (ETE) dira 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.

Arestian adierazitakoaren beste edozein interpretazio egiteko, kontuan hartuko da mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz Batzordeak 2003ko maiatzaren 6an emandako 2003/361/EE Gomendioan (EBAO, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa) ezarritakoa, edo hura ordezten edo aldatzen duten xedapenek ezarritakoa.

2) Irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio eta entitateak, baldin eta turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jarduerak badaude haien xedeen artean.

2.– Honako hauek ezin izango dira izan laguntza hauen onuradun:

a) Udal-mailan edo udalerriz edo eskualdez gaindikoan turismo-lankidetzarako ente gisa jarduten duten entitate publiko edo pribatuak, eta sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak, edo beste entitate batzuk, baldin eta administrazio publikoek edo haien mendeko entitateek haien kapitalean edo gobernu-organoetan partaidetzaren gehiengoa badute.

b) Kirol-federazioak, kirol-klubak eta kirol-elkarteak.

3.– Halaber, onuradun izateko, agindu honetan ezarritako betekizunak bete beharko dira, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11. artikuluan jasotakoak ere, eta ezin izango da egon aipatutako legearen 13.1 artikuluan ezarritako egoeraren batean:

a) Epai irmo bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigorrik jaso ez izana, edo delitu hauetakoren bat egiteagatik zigortuta ez egotea: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legez kanpoko ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko ez eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea (konkurtso horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen duen kasuan izan ezik), esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaitze-aldia bukatu gabe dagoela.

c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik administrazioarekin egindako kontraturen bat irmo suntsiaraztea eragin ez izana.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen Eusko Legebiltzarraren ekainaren 26ko 1/2014 Legea. Edo ez izatea Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Egunean izatea indarrean dauden xedapenen bidez ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean ez izatea.

g) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak.

h) Ebazpen irmo baten bitartez galdurik ez izatea dirulaguntzak jasotzeko aukera, betiere bat etorriz lege honekin edo halakorik ezartzen duten beste batzuekin. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Pertsona fisiko edo juridikoak, publiko zein pribatuak, ez izatea zehapenik Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astun batengatik, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota beteta izatea, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

k) Elkarteen kasuan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahasita ez egotea; edo, ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda ez egotea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, betiere ebazpen judizial irmorik ematen ez bada, haren arabera kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

l) Elkartze-araubide espezifikoa duten elkarteek, hala nola enpresa-elkarteek, dagokien erregistroan inskribatuta egon behar dute, aplikatu beharreko araudian ezarritakoari jarraituz.

4.– Egiaztatzeko eskatzaileak egunean dituela hala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak nola dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak, 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari dagokionez, eta bat etorriz aipatutako aginduaren 6.2 artikuluan ezarritakoarekin, espedientea kudeatzen duen organoak betebehar horiek betetzen direla egiaztatzen duten administrazio-ziurtagiriak eskatuko dizkie organo eskudunei, zuzenean, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, laguntza eman eta ordainketa egin aurretik. Hala ere, eskatzaileak aurka egin ahal izango dio organo kudeatzaileak inguruabar horiek zuzenean egiaztatzeari, eta, kasu horretan, bere kabuz aurkeztu beharko ditu dagozkion ziurtagiriak, agindu honen 10.3 artikuluan adierazitako moduan.

Bestalde, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak bete direla, aipatutako 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Laguntzaren erantzukizunpeko adierazpenean justifikatuko da betetzen direla artikulu honen 3. paragrafoan zerrendatutako gainerako betekizunak, agindu honen 10.1 artikuluan adierazitako moduan.

6.– Eskatzaileek eskabidea egiten duten unean bete beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan turismo-jardueran aritzeko legez eskatzen diren betekizunak. Halaber, Euskadiko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroan inskribatuta egon beharko dute, betiere ezinbestekoa bada eskatutako laguntzaren xede diren jarduketak gauzatzeko.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

1.– Diruz lagundu daitezke 2024ko ekitaldian proiektu-tipologia hauek garatzeko egiten diren jarduketak:

A) Euskadin garatutako turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzea (I. eranskinean zehazten da nolako ezaugarriak izan behar dituzten produktu horiek).

B) Euskadin egindako kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzea, baldin eta Espainian eta nazioartean oihartzun mediatikoa badute eta Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen badute (II. eranskinean zehazten da nolako ezaugarriak izan behar dituzten produktu horiek).

2.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra eta proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du.

6. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Euskadin garatutako turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzeko proiektuetarako (I. eranskinean jasotzen dira) gehieneko dirulaguntza onartutako gastuaren % 60 izango da, eta, gehienez ere, 20.000 euro onuradun bakoitzeko. Lurralde historiko batean edo Euskal Autonomia Erkidego osoan jarduten duten turismoko enpresa-elkarteen kasuan, 40.000 euro izango da gehieneko zenbatekoa.

2.– Euskadin egindako eta Espainian eta nazioartean oihartzun mediatikoa duten kultura-, gastronomia- eta kirol-ekitaldiei laguntzeko proiektuetarako (II. eranskinean jasotzen dira) gehieneko dirulaguntza onartutako gastuaren % 50 izango da, eta, gehienez ere, 7.500 euro onuradun bakoitzeko, betiere proiektuok Euskadiren irudia eta turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen badute. Ekitaldiak aurten gutxienez 5. edizioa betetzen badu, edo hiru egun jarraitutik gora irauten badu, 15.000 euro izango da gehieneko zenbatekoa.

Antzinatasunaren edo iraupenaren betekizunak betetzeaz gainera egiaztatzen bada lankidetza-akordio bat dagoela bidaia-agentziaren batekin xede-publikoari zuzendutako ekitaldiari lotutako pakete turistiko bat egiteko eta merkaturatzeko, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 10.000 euro handituko da, 25.000 euroko gehieneko zenbatekora arteko mugarekin.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira I. eta II. eranskinek horri buruz jasotako zehaztapenekin bat datozenak, betiere 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 20ra bitartean egin eta fakturatzen badira.

2.– Komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzeari, sustatzeari, merkaturatzeari eta online eta offline komunikazio-estrategiak egiteari lotutako jarduketa guztietan, publizitate egokia eman beharko zaio finantzaketaren izaera publikoari, Sailaren logoa edo Euskadi Basque Country marka turistikoa txertatuta. Irudi horiek eguneratuak izan beharko dute, eta indarrean egon, Erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera (https://www.euskadi.eus/servicios/0089408).

3.– Web-orrien sorreraren eta eguneratzeen kasuan, onuradunak, arestian aipatutakoaz gain, banner bat jarri beharko du bere web-orrian, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin esteka egiten duena.

4.– Onar daitekeen gastutzat hartuko da zenbatekoaren balio garbia, hau da, balio erantsiaren gaineko zerga kendu ostean geratzen den balioa. Nolanahi den ere, BEZa diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko da, baldin eta onuradunak egiazki ordaindu badu eta ezin badu berreskuratu edo konpentsatu zerga hori ordaintzetik salbuetsita egoteagatik.

5.– Baldin eta proiektuak beste autonomia-erkidego batzuetako baliabide edo zerbitzu turistikoak eskaintzen baditu, Euskadiri dagokion gastua bakarrik onartuko da, eta eskabidean zehaztu beharko da zein den autonomia-erkidego bakoitzari dagokion ehunekoa.

6.– Oro har, hauek ez dira diruz laguntzeko modukoak izango:

a) Inbertsio-gastuak.

b) Informatika-ekipamendua erostea.

c) Informatika-programen mantentze-kuotak, informatika-ekipamenduen bermeak, aseguruak eta kanonak, konektagarritasun-gastuak, web-ostatatze zerbitzuak («hosting»), bai eta domeinuak erregistratu, berritu eta kudeatzeko gastuak ere.

d) Eskatzailearen langile-gastuak eta gastu arruntak (mantentze-gastuak, bulegoko materiala, hornidurak eta komunikazioak).

e) Tasak (Patente eta Marken Espainiako Bulegoan marka erregistratzeagatiko tasa izan ezik) eta beste zerga batzuk.

f) Aseguruak.

g) Gonbidapenak, bazkariak eta antzekoak, non eta eskabidean ez dagoen justifikatuta beharrezko gastuak direla jarduketa gauzatzeko.

h) Eskatzailearen sustapen- eta merkaturatze-gastuak.

i) Sustapen-ekintzetan izandako garbiketa- eta tresneria-gastuak.

j) Bisita- edo aurkezpen-txartelak.

k) Babesak.

l) 100 euro garbi edo gutxiagoko fakturak.

m) Bidaia-gastu txikiak (bidesariak, kilometrajea, aparkalekuak, hiriko garraioa, taxiak eta mantenu-gastuak).

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako laguntzak bateragarriak izango dira beste entitate edo organismo batzuek emandako beste edozein laguntzarekin; bateraezinak izango dira, ordea, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kudeatutako laguntzen hitzarmen, babes edo beste agindu batzuen bidez jarduketa berberetarako ematen diren laguntzekin.

2.– Agindu honen babesean emandako laguntzaren zenbatekoak, beste entitate edo organismo batzuen laguntza edo dirulaguntzekin batera, ezin izango du inola ere gainditu diruz lagundutako jarduketaren kostua. Ondorio horietarako, diruz lagundutako jarduketaren kostutzat hartuko dira aurkeztu eta onartutako, eta, hala badagokio, justifikatutako gastu guztiak.

3.– Gainfinantzaketa gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio agindu honen bidez emandako laguntzari (Aginduaren 14.7 eta 14.8 artikuluak).

4.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis arauak errespetatuko dituzte (Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori, eta 2023ko abenduaren 15ean argitaratu zen Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean).

Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, onuradun batek gehienez 300.000 euro jaso ahal izango ditu minimis erregelamenduaren araberako laguntzetan, kontzeptua zeinahi dela ere, laguntza eman aurreko hiru urteetan.

Muga hori gaindituz gero, programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Elektronikoki aurkeztu beharko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dagoen identifikazio eta sinadura elektronikorako sistemaren bat erabiliz (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak).

2.– Elektronikoki egingo dira eskabideak, helbide honetan dagoen eredu normalizatua erabiliz: https://www.euskadi.eus/servicios/0089408

Web helbide horretan egongo dira, halaber, eskabide-orria betetzeari eta izapidetzeari buruzko argibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak.

Eskabidea egin ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Ordezkari baten bidez ere egin daitezke izapideak elektronikoki, eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da (https://euskadi.eus/ordezkariak Halaber, legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatua behar bezala bete eta eskabideari erantsita ere eman ahal izango da ordezkaritza (https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea).

4.– Laguntza-eskabidea, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, nahi den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean eta Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du. Pertsona batek eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, horietako batean atzera egiteko eskatuko zaio, eta, hala egin ezean, erregistratutako lehen eskabidea onartuko da, eta gainerako guztiak artxibatuko.

7.– Betetako eskabideak, eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, hurrengo artikuluak aipatzen duen dokumentazio euskarria ere gaineratuko du, Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 61. artikuluan xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-eguntzat.

8.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla agindu honetako baldintzak.

10. artikulua.– Eskabideen edukia eta aurkeztu beharreko beste dokumentu batzuk.

1.– Eskabidea eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko da (ikus III. eranskina), eta barnean hartuko ditu eskatzailearen datu orokorrak eta proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko behar den informazioa. Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean jasota agertzen den informazioaren egiazkotasunari buruzkoa. Hauxe da eman beharreko informazioa:

1) Laguntzaren onuradun izaerari dagokionez:

– Behar adinako aurrekontua duela eskabidearen xede den proiektua exekutatzeko.

– Betetzen dituela jarduera gauzatzeko legez eskatzen diren betekizunak.

– Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan aipatzen diren egoeretan (onuradun izatea eragozten dute horiek).

– Mikroenpresa edo enpresa txiki eta ertaina (ETE) izatekotan, betetzen dituela hala kalifikatua izateko baldintzak.

– Hala badagokio, inskribatuta dagoela bere izaera juridikoari dagokion elkarteen erregistroan, edo fundazioen erregistroan.

2) Bestelako laguntzei dagokienez:

– Zer laguntza eskatu edo lortu duen, eskabidearen xede den proiektuan aurkeztutako jarduketa berberetarako, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak kudeatutako laguntzen hitzarmen, babes eta beste agindu batzuen babesean.

– Zer laguntza eskatu edo lortu duen beste entitate edo organismo batzuetatik, eskabidearen xede den proiektuan aurkeztutako jarduketa berberetarako.

– Pertsona berak minimis izaerako zer beste laguntza jaso duen, agindu honetako 8.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3) Eskabideko datuei dagokienez:

– Betetzen dituela laguntzak arautzen dituen aginduan ezarritako betekizunak.

– Egiazkoak direla eskabidean adierazitako datu guztiak, eta bere gain hartzen duela aurkeztutako dokumentu guztien egiazkotasunaren erantzukizuna.

Erantzukizunpeko adierazpenean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

b) Eskabideekin batera, gainera, ondoren zehazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da:

– Turismo-produktuak sortzen, martxan jartzen, sustatzen eta merkaturatzen laguntzeko proiektuen kasuan, azalpen-memoria zehatza, honako hauek adierazita: zertan den turismo-produktua; helburuak; aurreikusitako jarduketen xehetasunak, eta jarduketa bakoitzari buruzko aurrekontu xehatua (horretarako, IV. eranskineko eredu normalizatua erabiliko da).

– Ekitaldien kasuan, honako hauek zehazten dituen memoria: ekitaldiaren izena (data eta tokia adierazita); zenbatgarren edizioa den; zenbat egun iraungo dituen; ezaugarriak; zer produktu mota den (kulturala, gastronomikoa, kirolekoa); helburuak; laguntzaren xede den ediziorako hedabide-plana, adierazita zer zenbateko aurreikusten den helburu horretarako (hedabideetan eta sare sozialetan agertzea, ekitaldiaren oihartzuna baloratu ahal izateko); aurreikusitako jarduketen xehetasunak, eta jarduketa bakoitzari buruzko aurrekontu xehatua (horretarako, V. eranskineko eredu normalizatua erabiliko da).

– Diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak, laguntzaren xede diren gastuak argi eta garbi identifikatuta. Euroa ez den beste dibisa bateko zenbatekoek euroan duten balioa adierazi beharko dute eskabidean eta harekin batera doan memorian.

Zenbatekoa 15.000 eurokoa (BEZik gabe) edo hortik gorakoa bada, hornitzaile desberdinen gutxienez hiru aurrekontu aurkeztu beharko dira, salbu eta haren ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago halako zerbitzurik egin edo eskaintzen duen nahikoa enpresa, edo eskabidea aurkeztu aurretik egin bada gastua.

Eskaintzarik merkeena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da zergatia memoria batean.

– Ekonomia-jardueren gaineko zergan izandako alta eta bajen ziurtagiria.

– Dagokion zerga-administrazioaren adierazpena, balio erantsiaren gaineko zergatik salbuesteari buruzkoa, hala badagokio, edo eskatzailea balio erantsiaren gaineko zergaren subjektu pasiboa ez dela egiaztatzen duen agiria, ez baitu ordainik jasotzen eskaintzen dituen ondasun eta zerbitzuengatik.

– Hala badagokio, eskatzaileak besteren konturako langilerik ez duela eta, hori dela-eta, Gizarte Segurantzari kotizatzeko obligaziorik ez duela egiaztatzen duen agiria.

– Enpresa-elkarteak sortzen badira, horiek formalizatzeko eskritura publikoaren kopia.

– Hala badagokio, xede-publikoari zuzendutako ekitaldiari lotutako pakete turistiko bat egiteko eta merkaturatzeko bidaia-agentzia batekin sinatutako lankidetza-akordioa egiaztatzen duen dokumentua.

– Ahalordeen erregistro elektronikoa erabili gabe emanez gero ordezkaritza, legezko ordezkaritza emateko inprimaki normalizatuarekin batera –behar bezala beteta–, hauek: pertsona fisikoa bada, ordezkaritza ematen duen pertsonaren NANa edo agiri baliokidea; pertsona juridikoa bada: ordezkaritza hirugarren pertsona bati ematen dion pertsonaren legezko ordezkari gisa legitimatzen duen ordezkaritza-ahalordea edo zuzenbidean horretarako baliozkoa den beste edozein dokumentu.

2.– Dirulaguntza-eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola turismo-arloko eskumena duen zuzendaritzari zuzenean eskura ditzan beste edozein administrazio publikok egindako agiri guztiak, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan.

3.– Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten badute ez dela aldaketarik izan, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharrik izango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz. Alabaina, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu ziren adierazi beharko da. Prozedurak eskatzen dituen datu eta dokumentuak kontsultatu edo bilduko eta egiaztatuko ditu administrazioak, eta ez da interesdunen adostasunik eskatuko Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan aipatutako kasuetan.

Hala ere, interesdunek aurka egin ahal izango dute. Horrelakoetan, interesdunak berariaz alegatu beharko ditu aurka egitea eragin duten arrazoiak, eta tratamenduaren arduradunak haztatuko ditu. Interesdunak tratamenduari aurka egiten diola adierazten badu, dokumentuak aurkeztu beharko ditu, hargatik eragotzi gabe eskabidearen hartzaile den organoaren egiaztatze-ahalak.

4.– Laguntza eman baino lehen eta ordainketa-proposamena egin baino lehen egiaztatuko da betekizun horiek guztiak bete diren.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea ez bada osorik bete, edo harekin batera ez bada aurkeztu agindu honetan adierazitako nahitaezko dokumentazioa, turismo-arloko eskumena duten lurralde-bulegoetako teknikariek hamar egun balioduneko epea emango diote eskatzaileari hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Horrez gain, adieraziko diote hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela eta hala adierazten duen ebazpena emango dela.

Eskabidea aztertuta egiaztatzen bada laguntzaren xede den proiektua beste apartatu bati dagokiola –eskabidean adieraziaz bestelako bati, alegia–, eta apartatu horretako laguntzak lortzeko betekizunak betetzen baditu, eskabidea zuzentzeko eskatuko zaio enpresa eskatzaileari.

2.– Jakinarazpenak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, «Nire karpeta» atalean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz sartu den haren edukian; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

12. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Turismo-arloko eskumena duten lurralde-bulegoetako teknikariek aztertu eta ebaluatuko dituzte epe barruan aurkeztu diren eskabideak, ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatuz, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio eta edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote eskatzaileari.

2.– Ondoren, eskabide bakoitzari dirulaguntza emateko proposamen bat egingo dute, eta, han, jasota utziko dute beren esku dagoen informaziotik ondorioztatzen dela onuradun izateko proposatzen dituzten pertsonek betetzen dituztela dirulaguntzak eskuratzeko eskatzen diren betekizun guztiak. Horrez gain, hautatu diren eta hautatu ez diren gastuak identifikatuko dituzte, hautatu ez dituztenak zergatik ez dituzten hautatu arrazoituta, eta agindu honen 6. artikuluan adierazitako mugen arabera eman beharreko dirulaguntzaren (dirulaguntza teorikoaren) ehunekoak eta gehieneko zenbatekoak adieraziko dituzte.

3.– Dirulaguntzaren proposamena egin aurretik, eskatzaileek egiaztatu beharko dute egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 5.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

13. artikulua.– Prozeduraren iraupena, ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Dirulaguntza-programa honen babesean emandako dirulaguntzak emateko prozedurak sei hilabete iraungo du gehienez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Turismo-arloko eskumena duen zuzendariak eman eta jakinaraziko du laguntza-deialdi hau ebazteko administrazio-ebazpena, eta han adieraziko zein diren onartutako eta baztertutako eskabideak. Onartutako eskabideen kasuan, onuradunak, finantzatutako proiektuak eta eman zaizkien zenbatekoak zehaztuko dira. Halaber, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren 7.4 artikuluan ezarritakoa bilduko du ebazpenak. Baztertutako eskabideen kasuan, zergatia adierazi beharko da.

3.– Laguntza-deialdiaren ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), eta argitalpena egin eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

4.– Sei hilabeteko epean prozedurari buruzko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskatzaileak eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko duen betebeharra.

5.– Eskatzaileek abisu bat jasoko dute beren eskabidean identifikatutako gailu elektronikoan edo helbide elektronikoan, eta bertan jakinaraziko zaie egoitza elektroniko horretan eskuragarri dutela prozeduraren ebazpenaren jakinarazpena. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

6.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke turismo-arloko eskumena duen sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egiten denetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7.– Arau honen bidez araututako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro.

14. artikulua.– Laguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

1.– Justifikazioa eskuratu eta betetzeko, «Nire karpeta» atala erabili beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Onuradunak agirien bidez justifikatu beharko du, bitarteko elektronikoak erabiliz, betetzen dituela ezarritako baldintzak eta dirulaguntzaren xede den helburua, dirulaguntza jaso duten jarduketak bukatu ondoren, eta, betiere, 2024ko abenduaren 20a baino lehen.

Horretarako, egindako gastutzat hartuko da justifikatzeko epe hori amaitu aurretik egiazki ordaindu dena.

2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 20ra arte igorritako eta ordaindutako fakturak onartuko dira. Ondorioz, ez dira kontuan hartuko epe horren aurretik edo ondoren egindako ordainketak, epeka edo geroratuta adostutakoak barnean hartuta.

3.– Ezarritako justifikazio-epea bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, luzatu ezin den hamar egun balioduneko epean aurkezteko eskatuko diote onuradunari turismo-arloko eskumena duten lurralde-bulegoetako teknikariek. Justifikazioa ezarritako epean aurkezten ez bada, baldintza hori bete gabe geratuko da, agindu honen 17. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz.

4.– Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontua erabiliko da, eta gastuaren justifikazioak eta ordainketa-egiaztagiriak aurkeztuko dira. Justifikazio-kontuak dokumentazio hau bildu beharko du:

a) Diruz lagundutako proiektua justifikatzeko memoria, dirulaguntza emateko aintzat hartu ziren jarduketak zenbateraino egin diren eta aurreikusitako helburuak bete diren zehaztuta.

b) Memoria ekonomiko bat, egindako jardueraren kostua justifikatzen duena. Honako hauek jasoko ditu:

1) Fakturen koadroa, non jarduketa bakoitzaren gastua zehaztuko baita: gastuaren kontzeptua, fakturaren identifikazioa (faktura-zenbakia eta enpresaren izen soziala), fakturaren data eta zenbatekoa (BEZa barne, diruz lagungarria bada) eta ordainketa-eguna. Laguntza aurrekontu baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri eman beharko da.

Fakturen koadroa eredu normalizatuan beteko da (ikus VI. eranskina).

2) Jatorrizko fakturak –elektronikoak izan daitezke– edo merkataritzaren trafiko juridikoan froga baliokide diren edo administrazioan eragina duten dokumentuak, aurreko apartatuan zehaztutakoekin bat etorri behar dutenak.

3) Ordainketa egiaztatzen duen dokumentazioa.

4) Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren xede den jarduera finantzatzeko jasotako laguntzei buruzkoa.

c) Diruz lagundutako jarduketen artean komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzea, sustatzea, merkaturatzea eta online eta offline komunikazio-estrategiak egitea daukatenek frogatu beharko dute publizitate egokia eman zaiola finantzaketaren izaera publikoari, Sailaren logoa edo Euskadi Basque Country marka turistikoa txertatuta. Irudi horiek eguneratuak izan beharko dute, eta indarrean egon, Erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera (https://www.euskadi.eus/servicios/0089408).

Hori egiaztatzeko, lagin grafikoak aurkeztu beharko dira.

Web-orrien sorreraren eta eguneratzeen kasuan, frogatu beharko da banner bat jarri dela web-orrian, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin esteka egiten duena.

Onuradunak betebehar hori betetzen ez badu, arau hauek aplikatuko zaizkio:

– Baldin eta oraindik posible bada betebehar hori betetzea, turismo-arloko eskumena duten lurralde-bulegoetako teknikariek gehienez hamar egun balioduneko epea emango diote onuradunari zabalkunde-neurriak hartzeko.

– Baldin eta, neurri hauen eraginpeko jarduketak egin direlako jadanik, ez bada posible haiek betetzea, zabalkunde-neurri alternatiboak ezarri ahal izango dira. Ondorio horietarako, gehienez hamar egun balioduneko epea emango diote aipatutako langileek onuradunari neurri horiek hartzeko.

5.– Turismo-arloko eskumena duten lurralde-bulegoetako teknikariek aurkeztu den dokumentazioa aztertuta egiaztatuko dute diruz lagundutako jarduketak egin diren.

6.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada konpon daitezkeen akatsak daudela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, hala jakinaraziko diote, eta hamar egun balioduneko epea emango diote akatsok zuzentzeko.

7.– Dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa kalkulatzeko, dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako finantzaketa-ehunekoa aplikatuko zaie onuradunak benetan ordaindu eta justifikatu dituen gastuei, kontuan izanik agindu honen 7. artikuluan ezarritako gehieneko ehunekoak eta zenbatekoak, eta, gainfinantzaketa gertatuz gero, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduta.

8.– Nolanahi ere, dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira, eta horrek emandako dirulaguntza murriztea badakar, turismo-arloko eskumena duen zuzendariari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamar egun balioduneko entzunaldi-izapidea emango zaio onuradunari, hala badagokio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

9.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu eta gero, turismo-arloko eskumena duten lurralde-bulegoetako teknikariek txosten bat emango dute, eta turismo-arloko eskumena duen zuzendariari igorriko diote; han, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da.

10.– Ordainketa bakarrean ordainduko da dirulaguntza, artikulu honetan eskatzen den bezala justifikatu ondoren.

11.– Dirulaguntza kobratzeko, eta betiere eskatzaileak banku-datuak aurretik jakinarazi ez badizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari, edo datu horiek aldatu nahi baditu, bide elektronikoz egin beharko du izapide hori, egoitza elektronikoaren dagokion zerbitzuan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenen-erregistro-telematikoa/web01-s2oga/eu/

12.– Dirulaguntza ezin izango da ordaindu onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzen itzulketari dagozkionak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 5.1 artikuluarekin.

13.– Turismo-arloko eskumena duen zuzendariak aginduko du dirulaguntza ordaintzeko.

15. artikulua.– Laguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntza ematen duen organoak aukera izango du emandako dirulaguntza edo dirulaguntzaren baldintzak aldatzeko, ofizioz edo interesdunak eskatuta, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen jakinaraztea interesdunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez.

b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

2.– Baldin eta, justifikazio-fasean, benetan egindako eta justifikatutako gastuaren onartutako kostua txikiagoa bada onartutako gastuaren aurrekontua baino (laguntza emateko baliatu zena), dagokion proportzioan gutxituko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, turismo-arloko eskumena duen zuzendariaren gutxitze-ebazpen baten bidez, eta oinarri berriari aplikatuko zaio emandako dirulaguntza-ehunekoa. Aurretik, betiere, entzunaldi-izapidea eskainiko zaio onuradunari, hamar egun balioduneko epean, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.

16. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak aukera izango du eskabide horretan atzera egiteko. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo-arloko eskumena duen zuzendariak, ebazpen baten bidez, osoki onartuko du atzera egitea, eta amaitutzat emango du prozedura.

2.– Onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo-arloko eskumena duen zuzendariak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du uko-egitea, eta amaitutzat emango du prozedura.

3.– Eskatzailearen uko-egitea onartu ondoren, eta laguntza ordainduta badago, hura itzultzeko prozedurari ekingo zaio.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu) edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Segidan aipatzen den gorabeheraren bat gertatzen bada, dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da:

a) Dirulaguntza justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo behar bezala ez justifikatzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta, hala badagokio, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

b) Justifikazio-agiriak ezarritako epetik kanpora aurkeztea, delako errekerimendua egin denetik aurrera.

c) Eskatzen diren baldintzak ez beteta, neurriok faltsutuz edo laguntza lortzea eragotziko luketen baldintzak ezkutatuz lortu izana dirulaguntza.

d) Dirulaguntza jaso duen helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea edo adostutako portaera ez hartzea.

e) Laguntza edo dirulaguntza emateko erabakian ezartzen diren baldintzak ez betetzea.

f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.c eta 42. artikuluetan ezarritako kontrol-jarduketei aurka egitea, aitzakiak jartzea, oztopoak jartzea edo uko egitea.

g) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan ezarritako publizitate-neurriak hartzeko beharra ez betetzea.

h) Diruz lagundutako jarduketak I. eta II. eranskinetan ezarritako gutxieneko zenbatekoa baino zenbateko txikiagoarekin egitea.

i) Enpresaren deslokalizazioa deklaratzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 51. artikuluan ezarritakoa aplikatuz.

3.– Turismo-arloko eskumena duen zuzendariari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta ebaztea.

4.– Prozedura administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoez gain, betebehar hauek ere bete beharko dituzte onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunak dirulaguntza onartu duela ulertuko da baldin eta berariaz eta idatziz uko egiten ez badio hamar egun balioduneko epean; laguntza-deialdiaren ebazpena agindu honen 13.3 artikuluan aurreikusitako moduan jakinarazten denetik aurrera zenbatuko da epea.

2.– Laguntza zertarako eman den, xede horretarakoxe erabiltzea. Gainera, justifikatu beharko du dirulaguntza emateko ebazpenean jasotako jarduketak egin direla eta aurreikusitako helburuak bete direla, agindu honetan ezarritakoari jarraituz. Jarduketa horiek pertsona fisikoei buruzkoak direnean, sexuaren arabera bereizitako datuak sartuko dira.

3.– Dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako epean gauzatzea diruz lagundutako jarduketak.

4.– Dirulaguntza ematen duen entitateari jakinaraztea beste administrazio edo ente publiko zein pribatu batzuen eskutik xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko. Eskabidean hala jakinarazi ez bada, jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, betiere, dirulaguntzaren justifikazio-agiriekin batera.

5.– Laguntza eman duen entitateari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak. Jakin bezain laster eman beharko da horren berri, eta, nolanahi ere, eman den dirulaguntza justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

6.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere, egunean dituela egiaztatzea dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean.

Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izateari buruzko betebeharra betetzen den, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe. Berariaz uko egiten badio, onuradunak egiaztatu egin beharko du alderdi hori.

7.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea jasotako laguntzen inguruan dagozkien zereginak betez eskatzen duten informazio guztia.

8.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak eta justifikazio-fakturak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko erabil baitaitezke.

9.– Onuradunek behar bezalako publizitatea eman beharko diote jarduketen finantzaketaren izaera publikoari, hemen ezarritakoak kontuan hartuta:

a) Komunikazio-euskarri grafikoak eta ikus-entzunezkoak prestatzeari, sustatzeari, merkaturatzeari eta online eta offline komunikazio-estrategiak egiteari lotutako jarduketa guztietan, Sailaren logoa edo Euskadi Basque Country marka turistikoa azaldu beharko da. Irudi horiek eguneratuak izan beharko dute, eta indarrean egon, Erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoaren arabera.

b) Web-orrien sorreraren eta eguneratzeen kasuan, onuradunak, arestian aipatutakoaz gain, banner bat jarri beharko du bere web-orrian, https://turismo.euskadi.eus turismo-atariarekin esteka egiten duena.

10.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntzaren xede den jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

11.– Herritarren hizkuntza-eskubideak eta, bereziki, euskararen erabilera bermatzea diruz lagundutako jarduketarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

12.– Enpresaren deslokalizaziorik ez egitea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

13.– Onuradunek kontratuak egiten badituzte, eta horietan diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa 15.000 euro edo gehiagokoa bada (BEZik gabe), onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru aurrekontu eskatu beharko ditu zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta haren ezaugarri bereziak direla-eta merkatuan ez badago halako zerbitzurik egin edo eskaintzen duen nahikoa enpresa, edo dirulaguntza eman aurretik egin bada gastua.

Dirulaguntzaren eskabidean azaldu beharko dira aurkeztu diren eskaintzak. Eskaintza horien artean bat aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta, eskaintzarik merkeena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da zergatia memoria batean.

14.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko zerbitzu teknikoek egokitzat jotzen dituzten ikuskaritza eta egiaztapenei men egitea. Diruz lagundutako jarduketen garapenarekin eta gauzatzearekin izango dute zerikusia ikuskaritza eta egiaztapen horiek, eta onuradunek horien inguruan eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute, bai eta eskatzen zaien justifikazio-agiri oro ere.

19. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Agindu honetan aurreikusita ez dagoenerako, dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatuko da, hemen ezarritakoaren arabera: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak eta hura garatzeko erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartu zena, eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena. Halaber, prozedurari dagokionez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean aurkez daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 11.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

I. ERANSKINA
EUSKADIN GARATUTAKO TURISMO-PRODUKTUAK SORTZEN, MARTXAN JARTZEN, SUSTATZEN ETA MERKATURATZEN LAGUNTZEA

1.– Apartatu honetan, Euskadin garatutako ekimenak babestuko dira, proiektu turistiko lehiakorrak, arduratsuak eta jasangarriak garatzen eta merkaturatzen laguntzen dutenak, baita ekintzailetza-espiritua eta berrikuntzaren kultura sustatzen dituztenak ere.

2.– Jarduketa hauek jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak:

2.1.– Turismo-produktuak sortzea eta martxan jartzea. Kontzeptu honetan onartuko dira marka sortu eta erregistratzearekin, irudi korporatiboaren diseinuarekin eta proiektua martxan jartzeko beharrezkoak diren aurretiazko azterlanekin lotutako gastuak, hala nola bideragarritasun- eta jasangarritasun-azterlanak eta proiektuaren marketin-plana.

2.2.– Estrategiak diseinatzea eta marketin-plana egitea. Kontzeptu honetan, dagoeneko sortuta dauden turismo-produktuak estrategikoki birbideratzeko gastuak onartuko dira, bai eta marketin-plan bat diseinatu eta egitekoak ere.

2.3.– Elementu grafikoak eta ikus-entzunezkoak. Kontzeptu honetan, gastu hauek onartuko dira: diseinu grafikoa, liburuxkak eta kartelak egitea, flyer-ak, argazki- eta film-bankuak eta bideoak, baita argazki- eta film-bankuak eta bideoak ere.

2.4.– Online sustapena eta merkaturatzea. Kontzeptu honetan, web-orriak sortu edo eguneratzeko; SEO eta SEM bilaketetan online posizionamendua hobetzeko; landing pages izenekoetarako, blogetarako, sare sozialetako edukirako, Social Media Manager mantentzeko eta e-mail marketina egiteko gastuetarako aurkeztu den aurrekontuaren % 50 onartuko da.

Web-orriak sortzeko edo eguneratzeko laguntza-eskabideei dagokionez, hurbileko eremu geografiko batean dauden baliabide turistikoen eskaintza ere eskaini beharko dute web-orri horiek, eskatzailearen instalazio eta zerbitzu propioak eskaintzeaz gain.

2.5.– Ohitze-bidaiak antolatzea Euskadi helmuga turistiko gisa sustatzen laguntzen duten bidaia-agentzia handizkari, kazetari eta influencerrentzat. Kontzeptu honen barruan, Euskadira iristen direnetik sortzen dituzten gastuak baino ez dira onartuko: gonbidatuen joan-etorriak, programa garatzeko beharrezkoak diren gastuak, ostatua eta mantenua.

2.6.– Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak antolatutako edo koordinatutako jarduketetan parte hartzea. Kontzeptu honetan, pertsona bakar baten garraio- eta ostatu-gastuak onartuko dira, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko. Online jarduketetan, parte-hartzeko gastuak.

2.7.– Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak parterik hartzen ez duten jarduketetara joatea. Kontzeptu honetako gastuak onartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da onuradunak ordaintzea partaidetza-kuota.

Partaidetza-kuotaz gain, diruz lagundu ahal izango dira pertsona bakar baten garraio- eta ostatu-gastuak jarduketa bakoitzeko, lurzoruaren alokairua, standa eta materialen garraioa. Online jarduketetan, parte-hartzeko gastuak.

3.– Laguntza jasotzeko eskubidea izateko egin beharreko gutxieneko gastua: 3.000 euro.

4.– Dirulaguntzaren xede diren jarduketa guztiak azpikontratatu ahalko dira, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan jasotako baldintzetan.

5.– Hauek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso:

a) Merchandisinga.

b) Jatetxeetako menu-kartak eta ostatuetako zerbitzu-katalogoak: diseinu grafikoa, inprimaketa edo eguneratzea.

II. ERANSKINA
EUSKADIN EGINDAKO KULTURA-, GASTRONOMIA- ETA KIROL-EKITALDIEI LAGUNTZEA, BALDIN ETA ESPAINIAN ETA NAZIOARTEAN OIHARTZUN MEDIATIKOA BADUTE ETA EUSKADIREN IRUDIA ETA TURISMO-POSIZIONAMENDUA SENDOTZEN LAGUNTZEN BADUTE

1.– Apartatu honetan, ekitaldi hauek lagunduko dira: euskadik bikaintasuneko eta lehiakortasuneko helmuga turistiko bezala duen turismo-posizionamendua sendotzen eta ostatu-gauen kopurua handitzen laguntzen dutenak.

2.– Ez dira onartuko herrietako urteko jaien barruan egiten diren ekitaldiak eta tokiko herri-ekitaldiak, ez eta feriak, azokak, topaketak, tailerrak eta erakusketak ere.

Kontzertuak edo bestelako ikuskizunak lagunduko dira baldin eta Euskadi helmuga turistiko bezala sustatzeko jarduera gehiago egiten diren ekitaldi baten barruan badaude.

3.– Apartatu honen ondorioetarako, ekitaldia egiteak dakartzan zeregin guztiez arduratu beharko du onuradunak, hots, ekitaldia antolatzeko, gauzatzeko, sustatzeko eta merkaturatzeko lanez.

4.– Ekitaldiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

– Oihartzun mediatikoa izatea Espainian eta nazioartean eta, hala badagokio, hainbat herrialdek parte hartzen dutelako.

– Herritar guztientzat irekita egotea.

– Online eta offline hedabideetan eta sare sozialetan agertzea.

5.– Jarduketa hauek jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak:

5.1.– Elementu grafikoak, publizitatekoak eta ikus-entzunezkoak. Kontzeptu honetan, hauek sortzeko gastuak onartuko dira: marka, diseinu grafikoa, olanak eta pankartak, photocall, kartelak eta rollupak, liburuxkak eta flyerrak, banderak, fly-bannerrak, dekorazio-panelak eta displayak, eta merchandisinga. Baita honako hauek ere: argazki- eta film-bankuak, iragarkien filmazioa, bideoak, eta irrati-iragarkien grabazioa eta lokuzioa.

5.2.– Komunikazio-estrategiak, Euskal Autonomia Erkidegoan eta handik kanpo oihartzuna dutenak: online (web-orriak sortu edo eguneratzeko; SEO eta SEM bilaketetan online posizionamendua hobetzeko; landing pages izenekoetarako, blogetarako, sare sozialetako edukirako, Social Media Manager mantentzeko eta e-mail marketina egiteko gastuak) eta offline (telebistan, idatzizko hedabideetan, irratian eta Interneten sustatzeko gastuak).

5.3.– Ohitze-bidaiak antolatzea ekitaldia zabaltzen eta Euskadi helmuga turistiko gisa sustatzen laguntzen duten bidaia-agentzia handizkari, kazetari eta influencerrentzat. Kontzeptu honen barruan, Euskadira iristen direnetik sortzen dituzten gastuak baino ez dira onartuko: gonbidatuen joan-etorriak, programa garatzeko beharrezkoak diren gastuak, ostatua eta mantenua.

5.4.– Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak antolatutako edo koordinatutako jarduketetan parte hartzea. Kontzeptu honetan, pertsona bakar baten garraio- eta ostatu-gastuak onartuko dira, parte hartzen duen jarduketa bakoitzeko. Online jarduketetan, parte-hartzeko gastuak.

5.5.– Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko sustapen-ekintzak, ekitaldia sustatzen laguntzen dutenak: azoketan, jardunaldietan edo xede-publikoari zuzendutako beste ekintza batzuetan parte hartzeko gastuak. Kontzeptu honetako gastuak onartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da onuradunak ordaintzea partaidetza-kuota.

Partaidetza-kuotaz gain, diruz lagundu ahal izango dira pertsona bakar baten garraio- eta ostatu-gastuak jarduketa bakoitzeko, lurzoruaren alokairua, standa eta materialen garraioa. Jarduketa birtualetan, parte hartzeko gastuak.

5.6.– Ekitaldia antolatzea: kontzeptu honetan, antolaketa-gastuetarako aurkeztutako aurrekontuaren % 50 onartuko da.

6.– Laguntza jasotzeko eskubidea izateko egin beharreko gutxieneko gastua: 3.000 euro.

7.– Hauek ezin izango dute dirulaguntzarik jaso:

a) Sarien gastuak (diru-zuzkidura, garaikurrak eta dominak) eta oparienak.

b) Dortsalak eta ekipamenduak.

c) Sarrerak eta akreditazioak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala