Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2024ko ekainaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELANKIDETZA-LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL AGENTZIA
3008

EBAZPENA, 2024ko ekainaren 6koa, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariarena, lankidetza-erakundeei laguntzak emateko deialdia egiten duena, 2024ko ekitaldirako genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko.

Martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuak (2018ko apirilaren 9ko EHAA, 67. zk.) lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeotan genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak sustatzeko.

Dekretu horren 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, bidezko da lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzetarako deialdia egitea, 2024. urterako genero-berdintasunaren aldeko antolaketa-aldaketako prozesuak susta ditzaten.

Deialdi hau Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planaren barruan sartzen da, zeina Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez luzatu baitzen 2022-2024rako. Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Plana, luzatua eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia Kontseilu Errektoreak onartua, eta dirulaguntzen lau urteko plan estrategikoa, 2024ko otsailaren 23ko Ebazpenaren bidez onartua, www.elankidetza.euskadi.eus webgunean daude argitaratuta, «Nor gara» atalean, «Plangintzan».

Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia sortzeari buruzko ekainaren 9ko 5/2008 Legeak 10.b artikuluan ematen dizkion ahalmenen barruan, Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak erabaki zuen, 2024ko urtarrilaren 29an egindako bilkuran, Lankidetza-Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari proposatzea laguntza-deialdi hau aktibatzea, eta dirulaguntza horiek emateko oinarrizko irizpideak onartzea.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Lankidetza-erakundeentzako laguntzen deialdia egitea, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko 2024ko ekitaldirako.

Ebazpen honetan deitzen diren laguntzetan bete egingo da ebazpen honetan erantsitako deialdien oinarrietan ezarritakoa:

Hasiera batean aurreikusitako urte anitzeko banaketa honako hau da:

– 2024. urtea: 269.000,00 euro.

2025. urtea: 164.000,00 euro.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian.

Horrela, Kontseilu Errektoreak, 2024ko urtarrilaren 29an egindako bilkuran, erabaki zuen entitate eskatzaile bakoitzak, gehienez, bana daitezkeen funtsen % 7 eskuratu dezakeela, eta zenbateko horren berri emango dela argitaratzen den lehenengo deialdian. Hau da, 4.070.667,61 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 40/2023 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honetako dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa dute oinarri: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 6a.

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

ERANSKINA
LANKIDETZA-ERAKUNDEEI LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK, GENERO-BERDINTASUNAREN ALDEKO ERAKUNDE-ALDAKETAKO PROZESUAK, MARTXOAREN 27KO 40/2018 DEKRETUAN ARAUTUTAKOAK, SUSTATZEKO, 2024KO EKITALDIRAKO

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da lankidetza-erakundeentzako laguntzen deialdia egitea 2024. urterako, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko. Laguntza horiek martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan araututa daude, lehiaketa-prozeduraren bidez, eta martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 3., 4., 7., 10., 16. eta 17. artikuluetan jasotzen dira, hurrenez hurren, laguntzak esleitzeko baldintza orokorrak.

Nolanahi ere, ezarritako eskakizun guztiak betetzen dituzten eskabideak bakarrik onartuko dira, eta, haien artetik, 100 puntutik 50eko puntuazioa gainditzen dutenak, dagokion deialdiaren ebazpenean ezarritako aurrekontu-zuzkiduraren mugara iritsi arte, gehienez ere.

Era berean, dekretu arautzailearen 2. artikuluan jasotzen den bezala, antolaketa-aldaketaren prozesua hasita duten erakundeek finantzaketa eskatu ahal izango dute prozesuaren ondorengo faseetarako. Kasu horietan, baremazio-irizpideak aplikatu aurretik, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuen baldintzak betetzen direla bermatu beharko da (martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 3. artikuluan jasotakoak).

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko ezarritako zuzkidura ekonomikoa 433.000 eurokoa izango da.

2.– Diruz lagundu daitezkeen faseetariko bakoitzerako jarritako diru-zuzkidura hau da:

a) Generoaren partaidetza-diagnostikoa egitea eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzea: 210.000 euro.

b) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzea: 16.000 euro.

c) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa ezartzea eta ondoren plana ebaluatzea. 200.000 euro.

d) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpena ebaluatzea: 7.000 euro.

3.– Antolaketa-aldaketek lau fase izaten dituzte, eta gehienez bi fasetarako dirulaguntza eskuratu ahal izango da, baldintza hauek betez:

a) Generoaren Partaidetza Diagnostikoa egitea eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzea. Kasu horietan, plana gauzatzeko epea 6 eta 24 hilabete artekoa izango da (martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 4.1 artikulua) eta dirulaguntza 42.000 eurokoa izango da gehienez (martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 6.1 artikulua).

b) Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa ezartzea eta ondoren plana ebaluatzea. Kasu horietan, plana gauzatzeko epea 18 eta 36 hilabete artekoa izango da (martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 4.2 artikulua) eta dirulaguntza 40.000 eurokoa izango da gehienez (martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 6.3 artikulua).

Martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 3.a) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituen generoaren partaidetza-diagnostiko bat duten erakundeek finantzaketa eskatu ahal izango dute soilik Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa egiteko. Plana gauzatzeko epea 6 eta 9 hilabete artekoa izango da (martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 4.1 artikulua), eta gehienez 16.000 euroko finantzaketa izango du (martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 6.2 artikulua).

Era berean, plana dekretuaren 3.c).1 artikuluan ezarritako baldintzetan ezarri duten erakundeek haren ezarpena ebaluatzeko soilik eskatu ahal izango dute finantzaketa, gehienez ere 6 hilabeteko egikaritze-epearekin (martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 4.2.c artikulua), eta 7.000 eurora arteko gehieneko finantzaketarekin (martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 6.4 artikulua).

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta eskabideak nola aurkeztu eta egin.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta epemuga-hilean amaituko da, argitaratu zen egunean. Epemuga-hilean ez badago epea hasi den egunaren baliokiderik, hilaren azken egunean bukatuko da epea.

2.– Antolaketa-aldaketek lau fase izaten dituzte, baina, deialdi honetan, gehienez bi fasetarako dirulaguntza eskuratu ahal izango da, aukera hauetako bat landuz:

a) Generoaren Partaidetza Diagnostikoa egitea eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzea.

b) Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa ezartzea eta ondoren plana ebaluatzea.

3.– Deialdi honen ondoriozko eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz baino ezin dira egin.

4.– Eskaera-orria eskuratzeko eta betetzeko, www.euskadi.eus egoitza elektronikora jo beharko da; laguntzen eta dirulaguntzen apartatura, zehazki.

5.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskaera-orria ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskadi.eus webgunean eskuratu ahal izango da, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.

6.– Entitate interesduna espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

7.– Eskaerarekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

8.– eLankidetza- Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak, interesdunak baimena eman ondoren, legezko ordezkaritzaren akreditazioa ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du administrazio eskudunean. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduera guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo

– Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskaerarekin batera aurkeztu beharko dena. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute, edo ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartutako bitarteko bat izan beharko du elektronikoki identifikatzeko.

Honako helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

9.– Laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira.

10.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.

4. artikulua.– Eskaeraren edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskaria egiteko, eredu normalizatua erabili behar da. Entitate eskari-egileak oso-osorik bete behar du, telematikoki, beharrezkoak diren bere datu orokorrak emanez.

Eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat ere barne hartuko du, zeinean eskatzaileak onartuko baitu alderdi hauek betetzen dituela:

a) Ez du eskatu edo jaso dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik xede eta helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batek emana.

b) Betetzen ditu laguntza jasotzeko baldintzak, eta badu hori egiaztatzen duen dokumentazioa, eta, halaber, bermatzen du eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentazio guztian jasotako datuen ziurtasuna eta zehaztasuna.

c) Ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan edo Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako inolako debeku-egoeratan.

d) Ez zaio ezarri laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ez du halakorik eskuratzeko legezko debekurik, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak gerora ezarritakoak barne, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen beraren 13.1.h) artikuluaren arabera, edo LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzeagatik, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

e) Ez dago laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

f) Konpromisoa hartzen du jakinarazteko «de minimis» erregimenari lotutako laguntzak lortu izana, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak 2022ko, 2023ko eta 2024ko zerga-ekitaldietan de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamenduaren arabera.

g) Ez dago Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikuluan aurreikusitako egoera eta kasu bakar batean ere.

2.– Eskaera-inprimakiarekin batera, erakundean kontratatutako gutxienez hiru pertsonaren lan-kontratuen kopia digitalizatua aurkeztu beharko da.

3.– eLankidetza-Lankidetzarako era Garapenerako Euskal Agentziak ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela, datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez.

Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak espresuki egin diezaioke uko egiaztatze horri, eta, hala eginez gero, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Eskariak baloratzeko, entitateak honako dokumentazio hau aurkeztu ahal izango du:

a) Baldin eta Generoaren Partaidetza Diagnostikoa egiteko eta Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa prestatzeko bada finantzaketa:

– Proposamen teknikoa, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen apartatuan, eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» apartatuan.

– Aurrekontua, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen apartatuan, eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» apartatuaren «Deialdiak» azpi-apartatuan.

– Genero-egituren egokitasuna baloratzeko: genero-kontuetarako pertsona erreferentearen curriculum vitaea eta haren esperientzia eta prestakuntza egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria, bai eta kontratua ere.

– Kanpo-dinamizazioa egiten duten pertsonen egokitasuna baloratzeko (pertsona bat edo gehiago izan daitezke): haien curriculum vitaea, eta horretarako egokiak direla egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria.

b) Eskaera Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa egiteko baldin bada:

– Proposamen teknikoa, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen apartatuan, eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» apartatuan.

– Aurrekontua, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen apartatuan, eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» apartatuaren «Deialdiak» azpi-apartatuan.

– Generoaren gaineko partaidetza-diagnostikoa, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan 3.a artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu horretan dago arauturik lankidetza-erakundeei zer laguntzak emango zaizkien antolaketa aldatzeko prozesuak egin ditzaten genero-berdintasunaren alde.

– Genero-egituren egokitasuna baloratzeko: genero-kontuetarako pertsona erreferentearen curriculum vitaea eta haren esperientzia eta prestakuntza egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria, bai eta kontratua ere.

– Kanpo-dinamizazioa egiten duten pertsonen egokitasuna baloratzeko: curriculum vitaea eta horretarako egokiak direla erakusteko kanpo-frogagiria.

c) Eskaera baldin bada Genero Berdintasunaren Aldeko Ekintza Plan Estrategikoa osorik edo zati batean ezartzeko eta ebaluatzeko:

– Proposamen teknikoa, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen apartatuan, eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» apartatuan.

– Aurrekontua, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen apartatuan, eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» apartatuaren «Deialdiak» azpi-apartatuan.

– Genero Berdintasunaren aldeko Ekintza-plan Estrategikoa, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan 3.b artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu horretan dago arauturik lankidetza-erakundeei zer laguntzak emango zaizkien antolaketa aldatzeko prozesuak egin ditzaten genero-berdintasunaren alde.

– Genero-egituren egokitasuna baloratzeko: genero-kontuetarako pertsona erreferentearen curriculum vitaea eta haren esperientzia eta prestakuntza egiaztatzen duen kanpo-egiaztagiria, bai eta kontratua ere.

– Kanpo-dinamizazioa egiten duten pertsonen egokitasuna baloratzeko: curriculum vitaea eta horretarako egokiak direla erakusteko kanpo-frogagiria.

d) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpena ebaluatzea:

– Proposamen teknikoa, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen apartatuan, eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» ataleko «Deialdiak» apartatuan.

– Aurrekontua, horretarako eredu normalizatua erabiliz: www.euskadi.eus web-orrian dago, laguntza eta dirulaguntzen apartatuan, eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian, «Laguntzak, bekak eta sariak» apartatuaren «Deialdiak» azpi-apartatuan.

– Genero Berdintasunaren aldeko Ekintza-plan Estrategikoa, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan 3.b artikuluan ezarritakoaren arabera. Dekretu horretan dago arauturik lankidetza-erakundeei zer laguntzak emango zaizkien antolaketa aldatzeko prozesuak egin ditzaten genero-berdintasunaren alde.

– Genero Berdintasunaren aldeko Ekintza-plan Estrategikoaren ezarpenari buruzko txostena, martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuko 3.c artikuluan ezarritako baldintzen arabera (dekretu horretan dago arauturik lankidetza-erakundeei zer laguntza eman, antolaketan aldaketa-prozesuak egin ditzaten genero-berdintasunaren alde).

– Kanpo-dinamizazioa egiten duten pertsonen egokitasuna baloratzeko: curriculum vitaea eta horretarako egokiak direla erakusteko kanpo-frogagiria.

5.– Diruz lagundutako prozesuan zehar sortzen diren agiri guztietan, bai eta memoria eta txostenetan ere, sexista ez den modu batez erabiliko da hizkera.

6.– Erakunde eskatzaileak publikoki jakinaraziko du parte hartuko duela berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuan.

7.– Baliteke diruz lagundutako prozesua kanpotik ebaluatzea. Kanpo-ebaluaketa hori Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak sustatuko du.

5. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzordeak baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izango ditu:

– Batzordeburua: Alazne Camińa Izkara andrea, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna. Postu hori hutsik badago, edo batzordeburua kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Noemí De La Fuente Pereda andreak ordezkatuko du, zeina Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoko arduraduna den.

– Batzordekidea eta idazkaria: Edurne Bengoechea Sorozabal andrea, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren genero-arloko programetako teknikaria.

– Batzordekidea: Manuel Gregorio Domínguez Pérez jauna, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako aholkulari juridikoa. Postu hori hutsik badago, edo batzordeburua kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Ana Isabel Rojo González andreak ordezkatuko du, zeina Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako Aholkuritza Juridikoko arduraduna den.

Hautaketa-Batzordeak teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.

6. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio-irizpideak martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuko 16. artikuluan aurreikusitakoak dira (40/2018 Dekretua, martxoaren 27koa: han dago arauturik lankidetza-erakundeei zer laguntza eman aldaketa-prozesuak sustatzeko).

7. artikulua.– Kudeaketa eta esleitzeko eskumena duen organoa.

Prozedura kudeatzea Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko Zerbitzuari dagokio.

Organo kudeatzaileak, espedientea eta Hautaketa Batzordearen txostena ikusita, dagozkion laguntzak ematea proposatuko dio Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariari. Zuzendariak, azkenik, eskatutako laguntzak esleitzeko eta ukatzeko ebazpena ezarriko du.

8. artikulua.– Ebazpena.

1.– Martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 17.3 eta 4 artikuluekin eta Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluarekin bat etorriz, eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epea igaro ondoren esanbidezko ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan ezarritakoa betez, emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da.

9. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Laguntzaren erakunde onuradunek, laguntzen dekretuan zehaztutako betebeharrez gain, Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, baita deialdi honetan aipatzen diren laguntzak jasotzeagatik eska daitezkeen legezko gainerako betebehar guztiak ere.

10. artikulua.– Laguntzak itzultzeko arrazoiak eta prozedura.

Bidegabe jasotako laguntzak itzultzeko arrazoiak eta laguntza horiek azkentzeko eta itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. Tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hirugarren xedapen gehigarriko laugarren apartatuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.


Azterketa dokumentala