
121. zk., 2024ko ekainaren 21a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (344 KB - 35 orri.)
- EPUB (1959 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
3004
AGINDUA, 2024ko ekainaren 11koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, 2024rako dirulaguntzak arautzen dituena eta deialdia egiten duena Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kudeaketa-sistemak ezartzeko eta hobetzeko, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa sustatzeko, jasangarritasuna indartzeko eta berrikuntzari laguntzeko (Eraikal 2024 programa).
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren ekimen bat da Eraikal, eraikuntza- eta arkitektura-kalitatearen kudeaketa sustatzeko, bai obra berrian, bai Eraikinen Ikuskapen Teknikoen ondoriozko birgaitze- eta mantentze-lanak egiteko obran, bai eta eraisteko eta birziklatzeko lanetan ere, eraikinaren bizitza baliagarriaren zikloa jaso dadin. Gainera, helburua da eraikuntzaren sektorean ingurumenaren eta laneko arriskuen prebentzioaren aldagaia txertatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresetan eta profesionaletan jasangarritasuna sustatuz eta berrikuntzari lagunduz.
Bizitegi-eraikuntzaren sektorean eragile ugarik parte hartzen dute zuzenean edo zeharka, eta hainbat egiteko dituzte: proiektugilea, sustatzailea, eraikitzailea, gremioak, materialen hornitzaileak, laborategiak eta kalitatea kontrolatzeko entitateak, bezeroak, erabiltzaileak. Hori dela eta, azken kalitatean eragin dezaketen puntu kalteberak ugaritu egiten dira. Kalitatea kudeatzeko modu bakarra da sistema bat ezartzea prozesuan esku hartzen duten eragile guztien arteko harremana eta oreka bermatzeko.
Eraikal ekimenaren bitartez, EAEko bizitegi-eraikuntzaren sektorea eraldatzen lagundu nahi da, sektore hori sendotzeko eta lehiakorra eta efizientea izan dadin, enpresetan etengabe hobetzera bideratutako kudeaketa-praktikak ezarriz. Izan ere, behar-beharrezkoa da praktika horiek abiaraztea, ingurumena errespetatuko duten kalitatezko lan-prozesu seguruen arabera eraikitako etxebizitzak herritarren eskura jartzeko, horien eta oro har gizartearen beharrekin bat etorriz.
Etengabeko hobekuntza indartzea oinarrizko osagaia da lehiakortasunerako, baina ez nahikoa; hori ikusirik, Eraikalek Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean ere berrikuntza sustatzen du, sektore horren oraina ez ezik, etorkizuna ere bermatzeko. Hori dela eta, honako hauekin lotutako proiektuak sustatu nahi dira:
– Eraikinen kontserbazio-egoera.
– Eraikinen kalitatea, eraikuntzarekin lotutakoa zein arkitektonikoa.
– Energia-eraginkortasuna.
– Kalitatearen kudeaketa, kalitate-sistemak ezartzea eta eraikuntzaren informazioa modelatzea.
– Eraikuntza-prozesuen industrializazioa.
– Eraikuntza jasangarria.
– Laneko segurtasuna eta osasuna.
– Irisgarritasuna eta domotika.
XII. Legegintzaldirako gobernu-programan (2020-2024), altxatutako eraikin-parkea birgaitzen laguntzeko konpromisoa dago jasota (39. konpromisoa), etxebizitzei eta hiriak leheneratzeari eskainitako blokean. Ildo horretan, konpromiso horren 6. ekimenak aurreikusten du arkitekturaren berrikuntza eta ikerketa-proiektuak sustatzea eraikuntza jasangarriaren, eko-berrikuntzaren eta energia-efizientziaren arloan.
Gainera, Etxebizitza Sailburuordetzak eraikuntza-elementuen kalitatea jagoten eta arautzen du, eta profesionalen esku ipintzen du eraikinen kalitatea berrikuntzaren, energiaren efizientziaren eta jasangarritasunaren hobekuntzaren ikuspegitik kontrolatzeko esparrua.
Laguntza-deialdi honek helburu hori lortzen laguntzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean kudeaketa-sistemak ezartzeko, eraikuntza- eta arkitektura-kalitatea sustatzeko, jasangarritasuna indartzeko eta berrikuntzari laguntzeko sustapen-jarduerak finantzatuz.
Hala ere, eraikuntzaren sektorean jasangarritasuna sustatzeko jarduera horretarako, programa honen bidez sektoreko enpresa eta profesionalentzako jada bideratzen diren neurriez gain, eraikinek, eraikuntza-fasean, nazioartean onartutako jasangarritasun-estandarrak errespetatzeko eta kontrol- eta segurtasun-estandarrak areagotuko dituen prozesu baten emaitza izateko egiten duten ahalegina aitortzeko jarduketak hartu behar dira. Horregatik, deialdi honetan lerro berri batean bereizi da eraikuntza-prozesuan dagoen industrializazio-maila handitzen duten eraikuntza-obrak sustatzen dituzten pertsonentzako laguntza, bereziki bizitegi-sektorean, eta bereziki etxebizitza kolektibo eta babestuetan.
Laguntza-araubide hau Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bidez onartutako dirulaguntzen plan estrategikoaren barruan jasota dago, zeinaren bidez onartzen baita sailaren 2021-2024ko dirulaguntzen plan estrategikoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 7.1 artikuluan xedatzen den bezala eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Aipatutako dokumentua sei ardatz estrategikotan egituratzen da. Ardatz horiek zehaztuta daude, batetik, Sailaren dokumentu programatiko sektorialetan, eta, bestetik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari dagozkion konpromisoetan, zeinak identifikatuta baitaude XII. legegintzaldiko (2020-2024) «Euskadi martxan» gobernu-programan.
Ardatz estrategiko horietako bat da kalitatea, berrikuntza eta jasangarritasuna sustatzea etxebizitzetan. Hain zuzen ere, hori da Eraikal programaren xedea, programa horren bidez laguntzak iragartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kudeaketa-sistemak ezartzeko eta hobetzeko, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa sustatzeko, jasangarritasuna indartzeko eta berrikuntzari laguntzeko.
Horrenbestez, eta lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak (Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) ematen didaten eskumena baliatuz, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzei eta dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenetan xedatutakoarekin bat, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2024ko ekitaldirako laguntza-programaren deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kudeaketa-sistemak ezartzeko eta hobetzeko, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa sustatzeko, jasangarritasuna indartzeko eta berrikuntzari laguntzeko (Eraikal 2024 programa), bai eta deialdi horren oinarriak onartzea ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Aurreikusitakoaz gain, laguntza hauei honako hauek aplikatuko zaizkie: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 11.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
RSS