
118. zk., 2024ko ekainaren 18a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (107 KB - 2 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2932
70/2024 DEKRETUA, ekainaren 4koa, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen baitzaio «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariei baimena ematen baitzaie sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzeko adostasuna emateko.
Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginaren 110.1 artikuluak honako hau xedatzen du: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Era berean, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 111.2 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren eta instituzionalaren zuzeneko edo zeharkako titulartasuneko akzioen ordezkariek onartu behar dituzte estatutu sozialak, eta Gobernu Kontseiluak emango du horiek aldatzeko baimena.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Azaroaren 29ko 460/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietateko kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoak ehuneko berrogeita hamarreko partaidetza du sozietate horren kapitalean; Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, gainerako ehuneko berrogeita hamarrekoa du.
«Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen xedea edozein motatako obra eta sorkuntza artistiko eskuratu eta ustiatzea da, baita arte-erakusketak eta -erakustaldiak antolatzea ere.
Sozietatearen Ezohiko Batzar Orokorrak 2024ko otsailaren 29an egindako bilkuran (ez zen aldez aurreko deialdirik egin, bazkide guztiak bertan zeudelako) erabaki zuen, besteak beste, kapital-gehikuntza bat proposatzea, beharrezko baliabideak lortzeko xedez, eta horiei esker ekin ahal izateko Bilboko Guggenheim museoaren bilduma propioko eskuratze-programari 2024ko ekitaldian zehar. Proposamen horrek hau dakar: Eusko Jaurlaritzak sozietatean beste 2.495 partaidetza sozial harpidetzea, 1.499.519,95 euro guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen kapitalean duen partaidetza-ehunekoari eutsi diezaion. Halaber, sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea erabaki zuen, sozietatearen kapitalari buruzkoa.
2.495 partaidetza sozial horiek harpidetzeko kreditu egoki eta nahikoa dagoenez, eta lehen paragrafoan adierazitakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.
Horretaz gain, kapital-gehikuntzaren ondorioz, beharrezkoa da «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea, sozietatearen kapitalari dagokiona, hain zuzen.
Hori dela eta, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2024ko ekainaren 4an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte har dezan, 1.499.519,95 euroko zenbatekoan, sozietatearen batzar nagusiak erabakitako gehikuntzaren guztizko zenbatekoaren gainean; horretarako, 2.495 partaidetza sozial eskuratuko ditu –bakoitzaren balio nominala 601,01 eurokoa da–, ordainketa bakarrean.
EAEko Administrazio Orokorrak bere gain hartutako partaidetza sozialen balio nominal osoa 2024ko ekainaren 15a baino lehen ordainduko da, eskudirutan eta Europako moneta erkidean.
Gehikuntzaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak 63.801.418,57 euroko partaidetza izango du kapital sozialean, 106.157 partaidetzarekin. Kapital sozialaren % 50eko partaidetza izango du, eta beste % 50a Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio. Guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» enpresaren kapital soziala 127.602.837,14 eurokoa izango da, eta guztira 212.314 partaidetza sozial izango ditu.
2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariei, adostasuna eman dezaten «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzeko. Horrela, behar bezala idatziko da aipatutako gehikuntzaren ondoriozko kapital sozialaren zifra berria.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2024ko ekainaren 4an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
RSS