Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2024ko ekainaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2930

AGINDUA, 2024ko ekainaren 4koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten nekazarien erakunde profesionalentzako 2024ko ekitaldirako laguntzetarako deialdia egiten duena.

Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen VII. titulua ordezkaritza eta elkarte-antolaketari buruzkoa da (2008ko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren 250. zenbakian argitaratu zen legea). Horrela, hau dio 85. artikuluak: «EAEko administrazioek harremana eta zerbitzua eman behar diete laborantzan, abeltzaintzan eta basogintzan (hots, orokorrean nekazaritza eta elikagaigintzan) jarduten diren pertsonei, fisiko nahiz juridiko izan». Beraz, arloarekin zerikusia duten elkarteak eratzea eta haiei eustea bultzatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako politikak diseinatzeko erakunde solaskide garrantzitsuen izaera ematen zaie, eta, horretarako, euskal administrazioek beharrezko baldintzak sortuko dituzte elkarte horiek nekazaritza eta elikagaigintzako azpisektoreen interesen ordezkari izan daitezen. Asoziazionismoaren barruan, nekazarien erakunde profesionalak nabarmendu behar dira; halaxe jasotzen dira 87. artikuluan. Nekazarien erakunde profesionaltzat hartzen dira estatutuetan, oro har, nekazarien interes sozioekonomikoak ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizuna jasota daukaten elkarteak eta, gutxienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten dutenak. Bete behar dituzte, gainera, 87. artikuluan bertan aipatzen diren eskakizunak. Asoziazionismoa oro har eta nekazarien erakunde profesionalak bereziki solaskide eraginkorrak dira, eta haien bidez bideratzen dira, halaber, ordenamendu juridikoan jasotako kontsultak.

Lehen sektorearen egituratze sozial eta profesionaleko tresna gisa duten eginkizuna betetzean, nekazarien erakunde profesionalek gastuak izaten dituzte; haien jarduera sindikalak etengabe hobetzen jarrai dezaten laguntzeari egoki irizten dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bidez. Hori da, hain zuzen ere, agindu honen xedea: Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten nekazarien erakunde profesionalentzako laguntzen 2024ko ekitaldirako deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko eginkizunak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza sektoreari oro har eta afiliatuei bereziki orientazioa eta aholkularitza eskaintzeko haien jarduera sindikalei eusteko.

Sustapen-lan hori ez da berria, 1993ko ekitaldiaz geroztik aplikatzen ari den dirulaguntzen arloko programa bat da eta.

Laguntza hauetarako, lege eta arau hauetan xedatutakoa hartu behar da kontuan: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 8887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege berria, zeinaren bidez onuradun izateko baldintzak eguneratu behar izan baitira, bai eta izaera hori lortutakoan bete beharko dituzte obligazioak ere.

Halaber, agindu honen bidez deitzen diren laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko abenduaren 28ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024, 2025 eta 2026rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzekoa), eta Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean argitaratuta dago, sailari buruzko eremuan, ardatz-estrategiko honen barruan: I. Oparotasuna. Enplegua eta Suspertze Ekonomikoa.

Programa honen finantzaketa 2024ko ekitaldiari egozten zaio, Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean aurreikusitakoaren arabera. Deialdi honetako laguntzen zenbatekoa 241.000 eurokoa izango da.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

2024rako dirulaguntzen deialdi hau onartzea, egitea eta I. eranskinean jasotako oinarriak argitaratzea, eta II. eranskinean, eskabide-eredua ematea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ordezko erregimena.

Prozeduraren arloan oinarrietan aurreikusi gabekoari dagokionez, Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 4a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten nekazarien erakunde profesionalentzako laguntzen 2024ko ekitaldiko deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko interlokuzio sozialeko eginkizunak gauzatzeko, betiere euskal nekazaritza sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza sektoreari, oro har, eta afiliatuei, bereziki, orientazioa eta aholkularitza eskaintzeko jarduera sindikalei eutsi diezaien.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango.

2. oinarria.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko betekizunak.

Honako hauek izan daitezke sindikatu izaerako nekazarien erakunde profesionalen onuradunak: Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legearen 87. artikuluan xedatutako betekizunak betetzen badituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea xedetzat duten eta nekazaritzako profesionalez osaturik dauden erakundeak, diharduten nekazaritzaren ekoizpen-azpisektorearengatik inolako bereizketarik egin gabe; horrez gain, seigarren oinarriko betekizunak ere bete beharko dituzte.

Halaber, Emakume Nekazarien Estatutuaren urriaren 15eko 8/2015 Legetik eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretutik eratorritako baldintzak bete beharko dira, bai eta Europako, Estatuko eta autonomia-erkidegoko legeriatik erator daitezkeenak ere.

1.– Laguntza-eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, legez eratuak izatea eta Elkarteen Erregistroan inskribaturik egotea.

b) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastua bera finantzatzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.

c) Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan nekazarien erakunde profesionalei ezartzen zaizkien eskakizunak betetzea, hau da:

– Haien estatutuetan, oro har, nekazaritzan diharduten pertsonen interes sozioekonomikoak ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizuna jasotzea, eta gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita egotea.

– Nekazaritzako azpisektore batean edo batzuetan benetan ezarrita egotea.

– Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita egotea gaur egun, eta gutxienez, laguntza eskatu aurreko bi urteetatik hona, etenik gabe.

– Bulego irekiak eta giza baliabide nahikoa edukitzea, nekazariei behar bezalako laguntza emateko, edo, hala badagokio, erakunde kidetuei laguntza emateko.

– Irabazi-asmorik ez izatea.

– Zuzendaritza-organoetan emakumeak egotea, Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko 8/2015 Legearen 19. artikulua aplikatuz.

2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluaren arabera, ezingo dira lege honetan araututako dirulaguntzaren onuradun edo entitate laguntzaile izan inguruabar hauetako bat duten pertsonak edo erakundeak:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarren epai irmo baten bidez kondenatuak izan direnak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe erabiltzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez kondenatuak izan direnak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe badago.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legea. Edo ez direla Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak indarrean dauden xedapenek ezartzen dituztenak arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik ez dutenak.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta estatu-legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

i) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

j) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

k) Onuradunak enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartu behar du Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Ezingo dira onuradun izan Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 11.4 artikuluan aurreikusitako taldeak, baldin eta haien kideetako batek aurreko apartatuan adierazitako debekuren bat badu.

4.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso, halaber, entitate eta enpresa hauek: haien buru dauden pertsonak edo beste egoera batzuk kontuan hartuta, aurretik debekua jaso duten entitate eta enpresen jarraipen izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek edo entitate edo enpresa haien aldaketa, bat-egite edo ondorengo izan daitezkeela pentsatzeko bidea ematen dutenek.

5.– Ezingo dira inola ere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legean erregulatutako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuren bat jaso duten elkarteak.

Era berean, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, zigor-arloko arau-hauste baten zentzuzko zantzuak egoteagatik, inskribatzeko administrazio-prozedura etenda duten elkarteak, harik eta ebazpen judizial irmoa eman, eta, horren bitartez, dagokion erregistroan inskribatzeko aukera ematen zaion arte.

6.– Ezin izango dira onuradun edo entitate laguntzaile izan dirulaguntzei buruzko oinarrizko araudian ezarritako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak.

7.– Halaber, ezin izango dira onuradun edo entitate laguntzaile izan LGTBfobia egin, bultzatu edo sustatu duten enpresak, bihurtze-terapiak sustatu edo egitea barne.

Artikulu honetako 2 zenbakiaren b), d), e), f), g) eta j) letretan eta 3, 4 eta 5 zenbakietan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat, eta bere horretan iraungo dute kasu bakoitzean zehaztutako egoerek irauten duten bitartean.

Artikulu honetako 2 zenbakiaren a), h) eta i) letretan jaso diren debekuak automatikoki hartuko dira aintzat. Epai edo ebazpen irmoak ezarriko du debekuaren noiz artekoa. Halakorik ez badago, debekuaren noiz artekoa erregelamenduz erabakitako prozeduraren bidez ezarriko da, baina ezingo du iraun bost urte baino gehiago epai irmorik ez badago.

Artikulu honetako 2 zenbakiaren c) letran jasota dagoen debekua aintzat hartzeko eta haren noiz artekoa zehazteko, sektore publikoko kontratazioa erregulatzen duen arautegiak ezarritakoaren arabera jokatuko da.

Onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duen debekurik ez dutela frogatzeko artikulu honen 2 zenbakitik 5era bitarte aipatu dira debekuak bide hauek dituzte pertsona edo entitateek: lekukotza judiziala, ziurtagiri telematikoak edo datu-transmisioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak teknika elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeko dagokion araudian ezarritakoaren arabera, edo, bestela, ziurtagiri administratiboa, kasuaren arabera. Agiri hori agintari eskudunak egiterik ez badu, haren ordez administrazioko agintari edo notario publiko baten aurrean egindako erantzukizunpeko adierazpen bat aurkez daiteke.

Laguntza honen organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, onuradunen aldetik berariazko baimenik behar izan gabe; berariaz horren aurka agertzen direnean salbu, kasu horretan egiaztatu egin beharko baitute datu hori. Bestalde, dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, pertsona edo erakunde eskatzailearen edo onuradunaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da.

3. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.

Elkarrizketa sozialeko jarduketak diruz lagundu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektoreari buruzko gaietan, eta nekazaritza-sektoreari eta, zehazki, afiliatuei orientazioa eta aholkularitza emateko gaietan, betiere agindu honetan xedatutako eskakizun subjektiboak, objektiboak eta aldi baterakoak betetzen badituzte. Jarduketa horiek 2024ko ekitaldian zehar gauzatu beharko dira.

4. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen kostutzat hartuko dira diruz lagundutako jarduerak egitean sortutako gastuak, hala nola:

a) Jarduera sindikaletan erabiltzen diren lokalak egokiro mantentzetik eratorriak.

b) Jarduera sindikaletan diharduten langileak edukitzeko egiten dituzten lan-kontratuei eustea.

c) Nekazaritza-sektoreko profesionalei aholkularitza eta informazio sindikala emango dieten langileen lan-kontratu berriak egitea.

d) Gastu arruntak, ez inbertsiokoak.

Edonola ere, gastu horiek diruz lagundu ahal izateko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute.

2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean, gutxienez hiru eskaintza zenbait hornitzailerenak eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, proposamen ekonomiko merkeena ez denean. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.

3.– Entitate onuradunak azpikontratatu egin dezake diruz lagundutako jarduera; gehienez ere, jardueraren % 50, eta, horretarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan xedatutako eskakizunak bete beharko ditu.

5. oinarria.– Finantzaketa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legean zehaztutako aurrekontu-kredituetatik datoz agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak, 241.000 euro, zehazki.

6. oinarria.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Laguntza-eskaerak (II. eranskin gisa erantsi da eredua) Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bideratuko zaizkio.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira. Horretarako, euskadi.eus egoitza elektronikoan sartu beharko da, ebazpen-zati honetako hurrengo apartatuan adierazitako helbideen bitartez.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: www.euskadi.eus/servicios/102900010

Eskabidea aurkeztu ostean egin beharreko izapideak, berriz, bide elektroniko honetatik egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Laguntza-eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eraketa-akta eta dagokion administrazio-organoak ikus-onetsitako estatutuak. Eskakizun hori ez dute bete beharko agindu honen kargura laguntza jaso duten nekazarien erakunde profesionalek: «Agindua, 2023ko apirilaren 18koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2023ko ekitaldirako laguntza-deialdia», estatutuetan egindako aldaketen kasuan salbu (halakoetan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eman beharko zaio haien berri).

b) Ekitaldian zehar egingo diren ekintzak justifikatzeko memoria, ekintza hauek adieraziz eta kuantifikatuaz:

1) Jarduera sindikalen koordinazioa.

2) Sektoreko elkarteekiko eta administrazioekiko lankidetza.

3) Administrazioarekin zerikusia duten prozeduretan, nekazaritza-lanak egiten dituztenekiko lankidetza, aholkularitza, laguntza eta kudeaketa.

4) Prestakuntza-, informazio- eta dinamizazio-jardueren antolakuntza.

5) Nekazaritzako politiken segimendua eta zabalkundea.

6) Euren interesak defendatu eta sustatzeko, afiliatuei emandako zerbitzuak.

c) Erakunde bakoitzaren afiliatu-kopurua, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezian daudenen kopurua ere zehaztuta; hori egiaztatzeko, erakunde bakoitzeko idazkaritzak egindako ziurtagiria aurkeztuko da.

d) Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko aukeretan parte hartzeko erakundeak hartutako erabakiaren ziurtagiria.

e) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek jasotzeko:

1) Beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk eskatu diren ala ez, eta, hala badagokio, lortu diren ala ez, dagozkion zenbatekoei eta erakunde-emaileei buruzko informazio zehatza eskainita.

2) Sartuta dagoen ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta sektore publikoko beste erakunde batzuek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura batean. Erantzuna baiezkoa bada, dagokion prozedurari buruzko informazioa eman beharko du.

3) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

4) Ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen duen zehapen administratiborik edo penalik.

5) Ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko desgaitzen duen legezko debekuren batean.

6) Ez dela zehapenik jaso Ekonomia zirkularrerako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen arau-hauste astun edo oso astunengatik, salbu eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu baditu eta zehapena bete badu.

7) Ez dela zehapenik jaso Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen arau-hauste astun edo oso astunengatik, salbu eta neurri zuzentzaile egokiak egikaritu baditu eta zehapena bete badu.

8) Ez dela LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu, bihurtze-terapiak sustatzea edo egitea barne.

5.– Dirulaguntza kudeatuko duen organoak automatikoki egiaztatuko du onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baimen espresua jaso beharrik gabe, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da agindua). Egiaztapen automatikoa Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez egingo da.

Hala ere, pertsona edo enpresa eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Era berean, eskabidearen bidez, organo kudeatzaileari baimena emango zaio inskripzioa Elkarteen Erregistroan indarrean dagoela egiaztatzeko.

6.– Erakunde eskatzaileek ez dute aurkeztu beharrik aurrez edozein Administraziori aurkeztutako dokumenturik, baldin eta berariaz adierazten badute dokumentu horietan ez dela izan aldaketarik. Ondorio horietarako, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28. artikuluko hirugarren apartatuan xedatutako ondorioetarako.

7.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, entitate interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio, horrela egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

8.– Laguntza jasotzeko eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentuak nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu daitezke. Halaber, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileek aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

9.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako dokumentu edo informazio osagarriak eskatu ahal izango zaizkio erakunde eskatzaileari.

7. oinarria.– Organo kudeatzailea eta ebazpen-proposamena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio.

2.– Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzak agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituela egiaztatuko du. Era berean, dirulaguntzaren xede den jarduera deskribatzen duen memoria aztertuko dute, eta eman beharreko laguntzaren zenbatekoaren haztapena eta kalkulua jasoko dituen txosten bat egingo dute.

3.– Txosten hori kontuan hartuta, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpen-proposamen bat egingo du, dirulaguntza zer eskatzaileri ematea eta zenbateko dirulaguntza ematea proposatzen den adierazita.

4.– Prozeduran interesdunek adierazitakoez bestelako egitateak, alegazioak eta frogak ageri badira edo kontuan hartzen badira, ebazpen-proposamen hori behin-behinekoa izango da, eta interesdunei jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaie alegazioak aurkezteko. Alegazio horiek aztertuta, behin betiko ebazpen-proposamena formulatuko da.

5.– Entzunaldi-izapidea albo batera utz daitekeen kasuetan ez dagoelako interesdunek adierazitakoez bestelako egitaterik, frogarik edo alegaziorik, oinarri honen beraren 3. apartatuaren arabera emandako ebazpen-proposamenak behin betiko izaera izango du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

8. oinarria.– Ebazpena.

1.– Behin betiko ebazpen-proposamena onartuta, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren titularrak ebazpena emango du, gehienez, sei hileko epean, laguntza-eskabidea aurkeztu den egunetik hasita. Ebazpen horretan, laguntza eman edo ukatu egingo zaio eskatzaileari.

2.– Ebazpenak arrazoituta egon behar du, eta informazio hau jaso behar du, gutxienez:

a) Onartutako eskabideen kasuan:

1) Entitate onuradunen izenak.

2) Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.

3) Diruz lagundutako kopurua.

4) Aurreikusitako jarduketak gauzatzeko epea.

b) Onartu ez diren eskabideen kasuan:

1) Pertsona edo entitate eskatzaileen izena.

2) Ukatzeko arrazoiak.

3.– Bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatzen denarekin, prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, agindu hau indarrean jarri eta gehienez ere sei hilabeteko epean. Argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Era berean, argitalpenaren egunean bertan, interesdunei berri emango zaie https://www.euskadi.eus/nirekarpeta atariaren bitartez, ebazpena ikusi ahal izan dezaten. Abisu hori informatzeko baino ez da izango.

4.– Ebazpenak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.3 artikuluaren edukiaren araberakoa izan beharko du. Hala, dirulaguntza nori emango zaion edo zeintzuek jasoko duten azaltzeaz gainera, espresuki adierazi beharko du, hala badagokio, zertarako den dirulaguntza, zer kopuru ematen den, nola eta zer epetan ordainduko den, nola justifikatu behar den, zer xedapenen babesean eman den eta dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten gainontzeko baldintza eta betekizunak, bai eta gainerako eskaerak ezetsi egin direla ere. Deialdiaren oinarrietan dagoeneko ezarrita dauden edukiak errepikatzea litzatekeen baldintza eta betekizunak aipatu gabe utzi daitezke ebazpenean eta, haien ordez, egoitza elektronikorako estekak jar daitezke, deialdia eta oinarriak han kontsultatzeko.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskabidea agiri guztiekin batera aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe amaitu bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte beren eskabideak, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluari dagokionez.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8. artikuluari jarraituz, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkak eragozteko.

6.– Ebazpenak laguntza baietsi nahiz ezetsi, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango du ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, edo hiru hileko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoarekin bat.

7.– Onuradunei laguntza emateko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek aurrez eman dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen harira hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, baldintzapean emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua ezartzen duen egoera batean egoteagatik.

9. oinarria.– Laguntzak esleitzea eta zenbatekoa kalkulatzea.

Agindu honetan jasotako eskakizunak betetzen dituzten erakundeak izango dira laguntzen onuradun. Onuradun gertatzen den erakunde profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa ezin izango da justifikatutako gastuak baino handiagoa izan, eta honako prozedura honen arabera zehaztuko da:

a) Lehenengo eta behin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede horretarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa, parte berdinetan, eta ateratzen den zenbatekoa izango da lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa.

b) Honela banatuko da lurralde historiko bakoitzari egotzitako zenbatekoa:

– Heren bat uniformeki banatuko da, lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.

– Beste heren bat proportzionalki banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian izena emanda dauden afiliatu-kopuruaren arabera, bat etorriz seigarren oinarriko 4.c) apartatuan ezarritakoarekin.

– Gainerako herena proportzionalki banatuko da, justifikatzeko memorian aipatutako jardueren arabera eta jarduera horien zenbatekoa kontuan harturik.

10. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

onuradunek betebehar hauek izango dituzte, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. 27. eta 42. artikuluetan ezarritakoez gain:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

3.– Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta eskakizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela. Jarduera pertsonei buruzkoa bada, sexuaren arabera bereizitako datuak eman beharko dira.

4.– Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

5.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea hasierako laguntza eman duen erakundeari.

Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

6.– Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman dion erakundeari.

Hori jakin bezain laster eman beharko da egoeraren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

7.– Egiaztatzea, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik eta hura ordaintzeko unean, egunean dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak organo emaileari itzultzeari buruzkoak ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan ogasun-gaietako eskumena duen sailburuak agindu bidez arautuko du hori egiteko modua.

8.– Nortasun juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

9.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.

10.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

11.– Dirulaguntzen Araubidea erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak organo emaileari itzultzea edo, diruz lagundutako jardueraren edo egindako jarduketaren kostua baino gehiago jasoz gero, soberakina organo emaileari itzultzea.

12.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduerak edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan.

13.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

Gainera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 46. artikuluaren arabera, onuradunek lankidetzan jardun beharko dute eta eskatutako dokumentazio guztia eman beharko diete Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Estatuko Administrazio Orokorraren barruan kontrol-jarduerez arduratzen diren organoei, bai eta Europar Batasunaren araudiaren arabera finantza-kontrolerako eskumena duten organoei ere. Organo horiek ahalmen hauek izango dituzte xede horretarako:

a) Irispide librea izango dute egiaztatu beharreko agirietara, programa eta fitxategi informatikoak barne.

b) Negozio-lokaletan sartzen utzi behar diete, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietan eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak diren egiaztatzeko arakatu beharreko tokietan ere.

c) Eskura izango dituzte dirulaguntza behar ez bezala lortu, baliatu edo erabili dela pentsatzeko zantzuak agertzen dituzten eragiketekin zerikusia duten fakturak, fakturen baliokide edo ordezko diren agiriak eta bestelako dokumentuak, edota haien kopiak.

d) Irispide librea izango dute dirulaguntza kobratu den finantza-erakundeko banku-kontuei buruzko informaziora edo funtsak baliatzeko erabili diren kontuei buruzko informaziora.

Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudian xedatutako ondorioetarako, eta, hala badagokio, zehapenak ezarri ahal izango dira.

11. oinarria.– Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntza bi alditan ordainduko da. Lehenengo ordainketa, onartutako zenbatekoaren % 50, onartzeko ebazpena eman eta gero; eta bigarren ordainketa, gainerako % 50a, gastua justifikatu ondoren. Gastua justifikatzeko, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da, aurretik honako dokumentu hauek aurkeztuta:

a) Diruz lagundutako jarduerak eragindako gastuen zerrenda sailkatu bat.

b) Merkataritza-zirkulazio juridikoan froga-baliokide diren fakturak edo dokumentuak, edo administratiboki eraginkorrak direnak, zeinak aurreko apartatuan aipatutako zerrendan jaso baitira, eta ordainketaren ziurtagiria (egindako ordainketaren banku-ziurtagiria, aurkeztutako ordainagiriekin bat datorrena).

c) Beste administrazio edo erakunde publiko batzuek, edo izaera pribatuko pertsonek –fisikoek zein juridikoek– xede bererako emandako laguntzen ziurtagiria, baita xede bererako eskatutako laguntzena ere.

Onuradunei emandako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinek handitu egingo dute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta diruz lagundutako jarduerari aplikatuko zaizkio.

2.– Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, bi hilabetekoa izango da justifikatzeko agiriak aurkezteko gehieneko epea, laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik edo jarduerak bukatzen diren egunetik aurrera, egun hori geroagokoa bada. Nolanahi ere, justifikazioa 2025eko urtarrilaren 14a baino lehenago egin beharko da.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak dokumentu gehigarria eskatu ahal izango du beharrezkoa baderitzo, eta arrazoiak emanda, betiere.

4.– Dirulaguntzen xede diren jarduerak 2024. urtean zehar egiten ez badira, edo ezarritako epean horien ziurtagiriak aurkezten ez badira, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

5.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak dagokion hirugarren erregistroan izena emanda egon beharko du. Hirugarren interesdun gisa alta emateko edo datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenentzako erregistro telematikora jo behar da, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

12. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak ere lortzen badira, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun balioduneko epean, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Horretarako, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagaien Politikako sailburuordeak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala badagokio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

2.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, jarduerak gauzatzen ez badira, jarduerak aldatu edo birprogramatzen badira baina proiektua funtsean aldatu gabe eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza helburu bererako erabiltzen bada, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio, baina laguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

Hauek jotzen dira funtsezko aldaketatzat:

1) Aldaketa esanguratsuak egitea edo hasieran eskabidean ezarritako helbururen bat ezabatzea.

2) Aurreikusitako jarduketen egikaritze-epea.

3) Eskabidean aurreikusitako jarduketaren bat bertan behera uztea, jarduketa jakin horretarako eman bada laguntza.

4) Gastu-kontzeptuak aldatzea, hasieran onartutako gastuez gain beste batzuk ere sartuta.

5) Jarduera sindikalak modu egokian garatzeko beharrezkoak diren ekipamenduko ondasunak eta bitarteko teknikoak erabiltzeko epea bi urtetik behera murriztea, dirulaguntza eman den xede zehatzerako.

6) Onuradunaren nortasun juridikoa aldatzea, horrela, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 87. artikuluan xedatutako eskakizunak betetzen ez baditu.

Aldaketek ez dute inoiz ekarriko emandako laguntza handitzea.

Aldaketak ez badira funtsezkoak, ez dute biderik emango laguntza ematea xedatzen den ebazpena aldatzeko.

3.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu erreala onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada (laguntza zehazteko baliatu zen aurrekontu hori), emandako dirulaguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, dagokion proportzioan, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta, ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

13. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntzaren eskatzaileak atzera egin dezake laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik, betiere. Horretarako, idatzi bat helaraziko dio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, zeinak, ebazpen baten bidez, zuzenean onartuko baitu atzera-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez.

2.– Laguntzaren onuradunak uko egin diezaioke emandako laguntzari, emandako laguntza onartu eta gero eta gastua gauzatzen amaitu aurretik, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu, betiere. Uko egitea adierazteko idazki bat aurkeztu beharko dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, zeinak, ebazpen baten bitartez, esanbidez onartuko baitu uko-egite hori, eta prozedura hori amaitutzat emango baitu pertsona horri dagokionez. Behin uko-egitea onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

3.– Aurkeztutako uko-egitea ez da onartuko erakunde interesdunari ez-betetzea deklaratzeko prozedura edo deialdi honen esparruan hasitako zehapen-prozedura bat hasi dela jakinarazi ondoren. Prozedura horrek aurrera jarraituko du ebatzi arte.

14. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez baditu betetzen eskakizun eta betebeharrak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak, eta horren ondorioz desitxuratu egiten bada laguntzaren helburua, edota Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan xedatutako itzulketa-zioetako batean erortzen bada, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak beste ebazpen baten bidez adieraziko du dirulaguntzarako eskubidea osorik edo partez galdu dela eta, hala badagokio, jasotako laguntzak eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 40. artikuluekin. Horrez gain, bidezkoak diren beste neurri batzuk hartu ahal izango dira. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

3.– Guztiz edo partzialki betetzen ez badira laguntzak iragartzeko agindu honetako betekizun eta betebeharrak, eta aplikatzekoak diren gainerako arauetakoak, eta orobat betetzen ez badira dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak, galdu egingo da laguntza kobratzeko eskubidea, eta laguntza itzuli beharko da.

4.– Ezarritako baldintzak eta betebeharrak partez betetzeak, baldin eta, betiere, osorik betetzetik hurbiltzen bada modu esanguratsuan eta onuradunak argi eta garbi konpromisoak betetzeko jardun duela egiaztatzen bada, dirulaguntzaren zati bat ordaintzea ekarriko du, edo, hala badagokio, zati bat itzultzea, zeina zehaztuko baita egindako jarduera osoak guztizkoarekiko duen proportzioa kalkulatuta. Betiere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen zenbateko-zatia benetan eta behar bezala justifikatuta eman den dirulaguntzaren zenbatekoa izango da, organo emaileak justifikazioa egiaztatu eta onartu ondoren.

15. oinarria.– Bateragarritasunak.

Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, organismo edo erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako laguntzekin, baldin eta ez badu laguntzen pilaketak jardueraren kostuaren ehuneko ehun gainditzen eta ez badu gainfinantzaketa eragiten. Gainfinantzaketa badago edo mugak gainditzen badira, kendu egingo da soberakinari dagokion kopurua, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

Aurreko paragrafoak xedatzen duena gorabehera, baldin eta laguntzen mugak desberdinak badira, onuradunarentzat onuragarriena den muga hartuko da kontuan gehiegizkoa kalkulatzeko.

16. oinarria.– Datuen babesari buruzko informazioa.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz tratatuko dira datu pertsonalak.

Helbide honetan dago jasota datuak babesteari buruzko informazioa:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa2-eu.shtml

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala