
118. zk., 2024ko ekainaren 18a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (108 KB - 3 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2928
AGINDUA, 2024ko maiatzaren 30ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Hospital de Molinuevo izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa, fundazioaren xedeak aldatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko.
2024ko martxoaren 25an, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erregistro Orokorrean, Fundación Hospital de Molinuevo izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa horren bitartez fundazioaren xedeak aldatzen dira eta estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzen dira. Era berean, patronatuaren forma aldatu da, kide bakarrekoa izatetik kide anitzeko organo izatera igaro baita, aipatutako legearen 14. artikuluaren 4. eta 5. ataletan xedatutakoari erreparatuta.
Fundazioaren estatutuak aldatzeko erabakia patronatuko kide bakarrak hartu zuen 2024ko otsailaren 28an. Erabakia publiko egin zen 2024ko martxoaren 13an, Vitoria-Gasteizen, Francisco Javier de las Fuentes Abad notario jaunaren aurrean egiletsitako eskrituraren bidez (protokolo-zenbakia: 751).
Eskabide-idazkiarekin batera espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.
Xedeen aldaketa den bezainbatean, fundazioaren jatorrizko estatutuen 1. kapitulua –Fundazioaren xedea– aldatzen da, zeinak bi artikulu barnebiltzen baititu. Artikulu horiek 3. artikulu berrian –Fundazioaren xedeak– bategin dira.
Fundazioaren xedeak arautzen dituen artikuluaren idazketa berriak helburuak fundazioaren jardueraren berezko bilakaerara egokitzea ditu, betiere fundatzailearen nahia aintzat hartuta.
Proposatutako idazketak areagotu egiten ditu fundazioaren jardueren onuradun izan daitezkeen pertsonak, xedeak egungo gizarte-errealitatera egokituz, fundatzailearen borondatea hutsaldu gabe. Halaber, idazketa berriak zerbitzuak erakunde publiko zein pribatuekin izenpetutako akordio edota hitzarmenen bidez ematea ahalbidetzen du.
Bestalde, fundazioaren jardueren berezko bilakaerari erreparatuta, xedeek berariaz jaso dute Molinuevo Eraikina gizarte, hezkuntza edota onura publikoko beste zerbitzu batzuetara bideratu beharko dela.
Erabakitako aldaketaren ondoren, fundazioaren estatutuen 3. artikuluaren idazketa honako hau da:
«3. artikulua. Fundazioaren xedeak.
1.– Fundazioak interes orokorreko helburu hauek ditu:
A) Adineko eta/edo gaixo dauden elizgizonen harrera eta laguntza sustatu eta erraztea.
B) Molinuevo Eraikina (izen hori izaten jarraituko du fundatzailearen oroimenez) gizarte, hezkuntza edo onura publikoko beste zerbitzu batzuetara bideratzea.
C) Adineko eta/edo gaixo dauden apaizak artatzeko baliabideak lortzea ahalbidetuko duten funtsak lortzea.
2.– Hori erdiesteko, fundazioak egokitzat jotzen dituen jarduerak egin ahal izango ditu, fundazioak berak zuzenean edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin izenpetutako hitzarmen edota akordioen bidez. Gainera, beste erakunde batzuetan ere parte hartu ahal izango du, estatutu hauetan eta legeetan ezarritako mugekin. Besteak beste, honako hauek izan daitezke:
A1.– Vitoria-Gasteizko Elizbarrutiko adineko edo/eta gaixo dauden elizgizonen premiak aztertzea eta baloratzea, haien kalteberatasun-egoerari aurre egiteko, arrazoi ekonomikoak, mendekotasuna, gaixotasuna edo bestelakoak direla eta.
A2.– Itzuli beharrik gabeko zuzeneko edo zeharkako laguntza ekonomikoa edo mailegu bidezkoa, adineko edo/eta gaixo dauden apaizak zaintzeko, familia- edo egoitza-ingurunean.
A3.– Itzuli beharrik gabeko laguntza ekonomikoa edo maileguen bidezkoa, eguneko zentro batean, egoitza iraunkor batean edo etxebizitza komunitario batean plaza baten kostua ordaintzen laguntzeko.
B1.– Molinuevo Eraikina egoera egokian mantentzea.
B2.– Molinuevo Eraikinaren erabilera optimizatzea, bai Fundación Hospital de Molinuevo fundazioak berak zuzenean erabiliz, bai hirugarrenek erabiliz, erabilera hori kostu bidez edo doan erakunde publiko edo pribatuei lagaz, betiere interes orokorreko helburuak badituzte.
C1.– Adineko eta/edo gaixorik dauden elizgizonei arreta emateko beharrezkoak diren baliabideak lortzea ahalbidetuko duten funtsak eskuratzeko hitzarmenak eta/edo dirulaguntzak bilatzea».
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37.1 eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Bestalde, Babesletzak estatutuen aldaketa berariaz onartu du.
Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.
Hori guztia kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Fundación Hospital de Molinuevo izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Francisco Javier de las Fuentes Abad Gasteizko notario jaunaren aurrean, 2024ko martxoaren 13an egiletsitako eskritura publikoan aurreikusitako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 751).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 30a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
RSS