Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2024ko ekainaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2889

AGINDUA, 2024ko ekainaren 4koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdia egiten baita EAEko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuentzat, 2024-2025 ikasturtean STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak garatzeko.

Unescok «Science Education» izeneko programan ezarri du zientziaren eta teknologiaren arloko gaikuntza funtsezko elementua dela ekonomia eta gizartea garatzeko. Hori horrela, gaikuntza hori eraikitzeko, ezinbestekoa da, haren ustez, zientziaren eta teknologiaren arloko hezkuntza sustatzea, hezkuntza-maila guztietan, bai eta gizarte osoaren alfabetatze zientifikoa hobetzea ere. Nabarmentzen du, halaber, gazteak –bereziki neskak– bultzatu beharra dagoela zientziaren eta teknologiaren arloko karrera profesionalak egin ditzaten.

Horizonte Europa da 2021-2027 aldirako EBren Ikerketa eta Berrikuntzako Esparru Programa, eta funtsezko hiru zutabe proposatzen ditu: lehenengoa, zientzia bikaina sustatzea; bigarrena, erronka global handiei aurre egitea (osasuna, klima-aldaketa, energia berriztagarriak, mugikortasuna, segurtasuna, digitala, materialak, etab.), eta hirugarrena, Europa berrikuntzan aitzindari izatea.

2018ko ekainean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak STEAM Euskadi hezkuntza-estrategia aurkeztu zuen, zeinaren bidez helburu hauek sustatzen baitira:

• Heziketa eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea hezkuntza-etapa guztietan, horretarako eragile sozioekonomikoak ere inplikatuz.

• Bokazio eta helburu profesionalak inspiratzea STEAM esparruan, dibertsitate pertsonala eta kulturala kontuan hartuta, eta arreta berezia jarriz neska ikasleengan, prestakuntza egokia jaso dezaten etorkizuneko erronken aurrean.

• Euskal herritarren artean dibulgazio eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea.

Estrategia horren helburua da diziplinarteko proiektuak garatzea, STEAMen konpetentzia nagusiak garatzen direla bermatuko duten curriculum-alderdi guztiak aldi berean eta era integratuan ikasi ahal izateko, dagozkien diziplinakoez gain, pentsamendu zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikoaren kultura sustatzeko eta ikasleak bultzatzeko erabakiak hartzeko ebidentzian oinarritutako arrazoiketa erabiltzera, diziplina horiekin lana sustatzeko eta ikaslea ardatz duten hezkuntza-prozesu sortzaile eta berritzaileak gauzatzeko beharrezkoa den aldaketa metodologikoa sustatzeko. Horretarako, metodologia aktiboak baliatuko dira, hala nola lankidetza, arazoen ebazpena eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza (PBL/POI), eta ahalegina egingo da ekintzailetza, pentsamendu kritikoa, sormena eta jasangarritasunaren kultura sustatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak jasotzen duenez, Euskal Hezkuntza Sistemaren helburuen artean kultura zientifikoa eta humanitateak behar bezala uztartzen dituen hezkuntza-eredu bat ezartzea dago, arteekin eta teknologiarekin batera, jakintzaren bidez sormena, talentua, ekimen pertsonala eta espiritu ekintzailea garatuz, etengabeko hobekuntzaren, berrikuntzaren eta ebaluazioaren alde eginez.

Ildo horretan, maiatzaren 30eko 75/2023, 77/2023 eta 76/2023 Dekretuek, Haur Hezkuntzaren, Oinarrizko Hezkuntzaren eta Batxilergoren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoak, hurrenez hurren, matematikarako konpetentzia eta zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia funtsezko konpetentziak dira, eta mundua ulertzea dakar berekin, metodo zientifikoak, pentsamendu eta irudikapen matematikoak, teknologia eta ingeniaritza-metodoak erabiliz ingurunea modu konprometituan, arduratsuan eta jasangarrian eraldatzeko.

Horrela, kultura zientifiko zabala, ahalduntze teknologikoa eta haien inplikazio etiko, politiko, sozial eta ingurumenekoez hausnartzeko gaitasun kolektiboa zabaltzen lagunduko duten STEAM proiektuak garatzea proposatzen da. Irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuan diziplinarteko ikuspegia duten ekimenak, ikasleentzat esanguratsuak diren testuinguru eta eguneroko bizitzako egoerak txertatuz, irakasgai horien curriculuma garatu ahal izateko, eta beharrezkoak diren tresna digitalak eta teknologikoak erabiliz, bai eta pentsamendu konputazionala ere, arazo konplexuak konpontzeko aukera ematen baitigu, konputazio-zientzietan eta pentsamendu kritikoan oinarrituta.

Orain arte bultzatutako neurriak eta konpetentzia zientifiko eta matematikoko emaitzak hobetzeko egindakoak kontuan hartuta, Hezkuntza Sailak STEAM proiektuak aurkezteko deia egiten die itunpeko ikastetxe pribatuei, helburu hauekin: pentsamendu zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikoaren kultura suspertzea, eta ikasleak, erabakiak hartzeko orduan, ebidentzietan oinarritutako arrazoimena erabil dezaten bultzatzea, arazoak ebatziz (PBL) eta lan kooperatiboa erabiliz, jasangarritasun-irizpideak kontuan hartuta eta genero-ikuspegia txertatuta.

Dirulaguntza hau Hezkuntza Sailaren 2024. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren baitakoa da, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2024ko otsailaren 6ko Aginduaren bidez Dirulaguntza hau onartu baitzen.

Hezkuntza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala Ezartzen duen otsailaren 23ko 71/2021 Dekretua kontuan hartuta (2021eko martxoaren 5eko EHAA, 47. zk.), eta bat etorriz Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearekin eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoekin, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa badagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2024ko Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituak aintzat hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia onartzea, 2024-2025 ikasturtean STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak egin ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean jasotako oinarrizko araudia.

Agindu honetan araututako laguntzek ez dituztenez betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 4a.

Hezkuntzako sailburua,

Jokin Bildarratz Sorron.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko itunpeko ikastetxe pribatuei dei egitea, 2024-2025 ikasturtean STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak egin ditzaten.

2. artikulua.– Onuradunak.

Hauek izango dira deialdi honetan jasotako dirulaguntzen onuradunak: Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan edo Batxilergoan eskolak ematen dituztenak.

3. artikulua.– Deialdiaren kreditua.

Helburu hori lortzeko, 350.000 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kargura.

4. artikulua.– Ikastetxeen eskakizun orokorrak eta haien egiaztapena.

1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, bat etorriz deialdi honen 7. artikuluan xedatutakoarekin.

2.– Gainera, ikastetxeek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Mathematics) arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektua aurkeztea, agindu honen 5.2 artikuluan adierazitako puntuak zehazuta.

b) Proiektuaren jarraipena egiteko koordinatzaile bat izendatzea.

c) Irakasleentzako prestakuntza-jarduerak ematea gastutzat egotziz gero, proiektua egiteko behar diren irakasleen berariazko konpromisoa izan beharko da, eta bertan adierazi beharko dute parte hartuko dutela dirulaguntzaren xede den eta ikastetxeak antolatu duen prestakuntzan.

3.– Gainera, ezin izango dira onuradun izan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan azaldutako egoeraren batean dauden ikastetxeak:

a) Epai irmo bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso dutenak edo prebarikazio, eroskeria, diru publikoen erabilera bidegabea, influentzia-trafiko, iruzur eta ordainarazpen ilegal edo hirigintza-delituak direla eta zigorra jaso dutenak.

b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo direnak, konkurtsoan deklaratuta daudenak, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean edo desgaituta daudenak, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

c) Administrazioarekin egindako edozer kontratu ebazpen irmoz indargabetu bada, dena delako kausagatik errudun deklaratuak izan direnak.

d) Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasun-araubideko kasuren batean sartuta egotea legezko ordezkaritza duena, eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguak izatea, lege horretan bertan edo gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan ezarritako baldintzetan.

e) Egunean ez izatea ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamenduz zehazten den moduan.

f) Egunean ez izatea Dirulaguntzak itzultzeko betekizunen ordainketak, erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan.

g) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa dutenak, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta daudenak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.

h) Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten baina halakorik ez duten entitateak eta, 50 langiletik gorako entitatea izanik, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritakoaren arabera sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez dutenak.

i) Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik zehatuta egotea, administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, dagozkion neurri zuzentzaileak gauzatu eta zehapena bete arte.

j) Ez bete izana desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota, kuota hori betetzeko neurri alternatiboak martxan jarri direla egiaztatu gabe.

Horri dagokionez, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute ikastetxeek onuradun izateko debekurik ez dutela justifikatzeko, barne hartuta, halabar, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela adierazteko eskakizuna. Erantzukizunpeko adierazpen horren edukia egiazkoa dela egiaztatzeko, dokumentazioa aurkeztu beharko da dirulaguntza emateko prozedura ebatzi aurretik.

4.– Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan xedatutakoaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan, bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa– dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela zuzenean eta automatikoki egiaztatzeko behar beste aldiz. Eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena, III. eranskinean adierazita. Hala ere, aurka egiteko eskubidea erabiliz gero, bi dokumentuak aurkeztu beharko ditu organo kudeatzaileak hala eskatzen dionean.

5.– Hauek egiaztatuko dira eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez:

a) Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten dion inongo zehapen penalik nahiz administratiborik, eta ez dagoela sartuta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan, sexuagatiko diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.

b) Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako dokumentazioan adierazitako edukiak.

c) Ikastetxeak betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko eskakizunak, betiere indarrean den legedian jasotzen direnak.

d) Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan zehaztutako egoeretako batean.

e) Ikastetxe eskatzailearen eskola-kontseiluak aurkeztutako proiektua ezagutzen duela eta onartu egin duela.

f) Proiektuaren datuak bete dituela hemen: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115604

g) Egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

h) 50 langiletik gorako enpresa izanik, emakumeen eta gizonen berdintasunerako plana onartu duela, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.

i) 50 langiletik gorako enpresa izanik, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituela, Estatuko legediak emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako baldintzetan.

6.– Deialdiko dirulaguntzen onuradun bihurtzeko galdatutako eskakizunak harik eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete behar dira; beraz, dirulaguntza emateko orduan eta ordainketak egiteko orduan, haiek betetzen direla egiaztatuko da.

5. artikulua.– Proiektua onartzea.

1.– Ikastetxe bakoitzak STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektu bakarra aurkeztuko du, eta bost diziplinetako gutxienez bitan hainbat ikuspegi hartu ahal izango ditu modu bateratuan, STEAM ereduko bokazioak eta helburuak genero-ikuspegiarekin sustatuz.

2.– Curriculum-edukiak, landuko diren gaitasunek, erabiliko den metodologiak, xede dituen etapek, zikloek edo kurtsoek eta lortu nahi diren helburuek definituko dute proiektua, eta ikasleek beren konpetentzien garapenean lortutako maila ebaluatzeko aurreikusitako neurriak zehaztuko dira.

STEAM hezkuntza-estrategiaren arabera, hauek jaso ahal izango dira:

• Ikastetxeak berak edo STEAM diziplinekin lotutako beste erakunde batzuek antolatutako zientzia-dibulgazioko azoka, jardunaldi, lehiaketa eta/edo topaketak antolatzea eta/edo horietan parte hartzea.

• Lankidetza-mekanismoak ezartzea gizarte- eta ekonomia-sarearekin eta hezkuntza-erakundeekin, proiektuak garatzeko (unibertsitateak, online hezkuntza-proiektuak, Europako programak, berrikuntza-zentroak, teknologia-zentroak, enpresak, etab.).

• STEAM jardueretan emakumezko ikasleen parte-hartzea areagotzeko ekintza espezifikoak.

Proiektuek oinarri hartuko dituzte bizitzaren eremuei (pertsonala, soziala, globala eta lanekoa) lotuta erronka edo arazo bat sortzen duten egoerak, eta printzipio hauek hartu beharko dituzte kontuan: irakasgaien irakaskuntza integratua, STEAM ereduarekin lotutako konpetentziak garatzea, ikerketan oinarritutako ikaskuntza, eta STEAM erako bokazio eta helburu profesionalak sustatzea.

Hortaz, genero-berdintasuna sustatu beharko dute, eta ikasgeletan hainbat modutara txertatu beharko dute genero-ikuspegia, hala nola rolak berdintasunean banatuz, zientziaren zein ingeniaritzaren arloko lanbideen inguruko estereotipoak deseginez, haurrei berdintasunean garatzeko aukera ematen dieten espazioa sortuz eta abar.

Hezkuntza Sailak Steamgunea webgunea jarri du ikastetxeen eskura; STEAM proiektuak diseinatzeko informazio interesgarria eskaintzen du: https://steamgune.euskadi.eus/eu/inicio

Gutxienez 30 ordu aurreikusiko dira proiektu bakoitza garatzeko eta egikaritzeko. Eskabidean zehaztuko da irakasleek horri eskainitako ordu kopurua, eta horretarako kontuan izango dira ikasleekin proiektua garatzeko behar diren orduak zein koordinaziokoak eta ebaluaziokoak.

STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiektuak adierazi beharko du zein irakaslek parte hartuko duten proiektuan, eta zer diziplina ematen duten.

3.– Proiektuan puntu hauek sartuko dira:

a) Proiektuaren egokitasuna (zein arazori erantzun nahi zaion justifikatzea, inpaktu mota, berrikuntza, originaltasuna).

b) Proiektuaren deskribapena eta helburuak. Zertan laguntzen dien proiektuak garapen jasangarriaren helburuei.

c) Erabili behar den estrategia eta STEAM proiektuaren diziplinarteko tratamendua.

d) Proiektua zein etapa, ziklo edo kurtsotan garatuko den zehaztea.

e) STEAM proiektuaren curriculum-justifikazioa.

f) Erabili beharreko material eta baliabide pedagogikoak planifikatzea eta justifikatzea (jasangarritasun-irizpideak kontuan izanda material horien kudeaketan eta jarduera pedagogikoen garapenean).

g) Sistemaren deskribapena eta proiektuaren beraren jarraipen- eta ebaluazio-irizpideak, baita lorpenen adierazleak eta horien tenporalizazioa ere (kronograma).

h) STEAM arloetako bokazio zientifikoak ikasleengan, eta bereziki neska ikasleengan, sustatzeko prestatutako jarduerak eta ekintzak deskribatzea.

i) Proiektua garatzeko ikastetxeak aurreikusten dituen koordinazio- eta antolaketa-ekintzak definitzea. Proiektuaren koordinatzailea zergatik izendatu den azaltzen duten arrazoiak (prestakuntza, esperientzia, ikastetxearen ezagutza eta STEAM konpetentziekin lotutako merezimenduak).

j) Proiektua eskola-inguruan eta gizartean zabaltzeko eta hezkuntza-komunitatearen eta familien partaidetza aktiboa sustatzeko neurriak.

4.– Hezkuntza zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikorako berrikuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontu-datuak behar bezala bete beharko dira, ikastetxeek esteka honetan eskura duten aplikazio informatikoan: https://www.euskadi.eus/informazioa/deialdiak-esperientziak-proiektuak-programak-hezkuntza-zientifikoa/web01-a3htreba/eu/

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Zuzkidurak zer proiektu finantzatzeko eman diren kontuan hartuta, proiektu horiek garatzeari eta egikaritzeari zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko soil-soilik baliatuko dira diru-kopuruak, eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikulua beteko dute.

2.– Gastutzat egotzi ahal izango dira proiektua egiteko ezinbestekoak diren materialak erosteko gastuak. Diruz lagundu daitezkeen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izango merkatuko balioa baino handiagoa.

3.– Informazio- eta komunikazio-gailuak (IKT) erostea gastu egozgarritzat onartuko da, baldin eta gailu horiek erabiltzea ezinbestekoa bada proiektua garatzeko eta hala azaltzen bada, berariaz, ikastetxeak aurkeztutako proiektuan. Nolanahi ere, egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, baldin eta aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa, eta, dena dela, ezingo da 1.500 eurotik gorakoa izan.

4.– Halaber, gastutzat egotzi ahal izango dira ikastetxeak berak antolatutako edo ikastetxeak aurkeztu duen STEAM proiektuarekin zuzenean lotutako beste entitate batzuek antolatutako zientzia-dibulgazioko azoka, jardunaldi, lehiaketa edo topaketak antolatzeko gastuak edo proiektuan parte hartzen duten ikasleek horietan parte hartzeko gastuak. Kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, baldin eta aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa, eta, dena dela, ezingo da 1.500 eurotik gorakoa izan.

5.– Ikastetxeak berak jardunbide egokiak zabaltzeko tailerrak antolatzen baditu, horiek ere gastutzat egotzi ahal izango dira. Kontzeptu horrengatiko egozpena ezingo da izan aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren % 50etik gorakoa, baldin eta aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa, eta, dena dela, ezingo da 1.500 eurotik gorakoa izan.

6.– Gastutzat egotzi ahal izango da irakasleentzako prestakuntza-jarduerak ematea, baldin eta prestakuntza-jarduera horiek ezinbestekoak badira proiektua garatzeko. Prestakuntza-jarduera horien aurrekontuaren kopia aurkeztu beharko da nahitaez, proiektuarekin batera (emailearen izena, ordu kopurua eta prezioa). Nolanahi ere, aurkeztutako proiektua garatzeko aurrekontuaren % 30 egotzi ahal izango zaio gehienez kontzeptu horri, baldin eta aurrekontuak ez badu gainditzen gehieneko 3.000 euroko zenbatekoa eta, dena dela, ezingo da 900 eurotik gorakoa izan. Halaber, 100 euroko muga ezarriko da eskola-ordu bakoitzeko. Atal honetan sartu ahal izango dira bai prestakuntza-jardueraren kostua (prestakuntza emango duen entitateak aurkeztutako aurrekontuaren arabera), bai eskola-emailearen joan-etorriak, ostatuak edo mantenuak eragindako dietak, pertsona hori prestakuntza-entitatetik kanpokoa bada, baldin eta prestakuntza-saio horiek aurrez aurrekoak badira eta berrikuntza-proiektua garatzeko ezinbestekoak direla justifikatuta badago. Hizlariaren joan-etorriak, ostatuak edo mantenuak eragindako gastuei dagokienez, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duen 121/2006 Dekretuan ezarritako irizpide ekonomikoak hartuko dira kontuan. Ez dira inola ere prestakuntza-jarduerari egotz dakizkiokeen gastutzat hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleek joan-etorriengatik edo mantenuagatik egiten dituzten gastuak.

7. artikulua. – Eskabideak aurkeztea.

1.– Bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ helbidean, eta, horretarako hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Ikastetxe bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du. Eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, aurkeztutako azkenekoa soilik hartuko da kontuan, eta gainerakoak ez dira onartuko.

2.– Eskabide-eredua (III. eranskina) egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115604

3.– Ikastetxe eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten moduan. Proiektua beste artxibo batean erantsiz gero, gehienez 40 orrialde izango ditu, eta Calibri letra-mota, 11 tamaina eta 1,5 lerroartekoa erabiliko da. Prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bidez egin beharko dira eskabidearen osteko izapideak –hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte–, justifikazioaren izapidea eta egon litezkeen errekurtsoen izapideak.

4.– Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, ikastetxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.

5.– Eskabideak aurkezteak dakar berariaz eta formalki onartzea deialdi hau zehazten duten baldintzak.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Ikastetxe interesdunetako titularrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-baliabideak eta sinadura elektronikoa erabiliz egingo dituzte prozedura honetako eskabideak, kontsultak eta izapidetzeak. Helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

2.– Izapidetze elektronikoa arautua dago ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan (Herritarrei arreta integrala eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean (E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzekoa).

3.– Agindu honen eranskinetan jasota daude eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak.

4.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, zer dokumentazio-eredu erantsi behar den eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak nola egin helbide elektroniko honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115604

5.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barne, eta egon litezkeen errekurtsoen izapideak, helbide honetako «Nire Karpeta» atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

9. artikulua.– Proiektua garatzeko laguntzak.

1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak zaindu behar du STEAM berrikuntza-proiektua martxan jartzen dela, eta ikasketa-burutzak koordinatu behar du garapen guztia, bai pertsonalki, bai eginkizun hori irakasle baten esku utzita; azken horrek, hala badagokio, koordinatzaile lanak egingo ditu. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketa-burutzari proiektuaren garapenari buruzko eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen direnean.

2.– Ikastetxeak, bere burua antolatzeko duten autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-orduak proiektuetan duten eginkizunera egokitu ahal izango ditu, hala eskola-orduen kopurua nola horien banaketa; betiere, kasuan kasuko ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.

3.– Ikastetxeek, deialdi honi lotuta proiekturen bat onartzen zaienean, eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza-zerbitzuaren laguntza eta aholkularitza izango dute, onartutako proiektuaren prestakuntza-jarduerak, jarraipena eta ebaluazioa egiteko, ikastetxean proiektuaren koordinatzaile izendatutako pertsonari lagunduz zereginotan.

10. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaritzak kudeatuko du deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak meato prozedura.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Bertan, bi sexuetako ordezkariak egongo dira, eta gutxienez % 40ko oreka mantendu beharko da. Hauek osatuko dute balorazio-batzordea:

Presidentea: Etengabeko ikaskuntzako eta irakasleen prestakuntzako zerbitzuko arduraduna: Iñigo Fernández Iturrate.

Bokalak: Etengabeko Ikaskuntzako eta Irakasleen Prestakuntza Hobetzeko Zerbitzuko bi teknikari; bietako batek idazkari-lanak egingo ditu: Saioa Polo Llano, Olalla Torrontegi Vega.

Eskumena duen hezkuntzarako laguntza zerbitzuko bi aholkulari, hezkuntza teknologikoaren eta zientifikoaren alorrekoak: Karlos Sukunza Pagola, Beñat Erezuma Arisketa.

Eskumena duen hezkuntzarako laguntza zerbitzuko aholkulari bat, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako alorrekoa: Beatriz Anton Garramiola.

Balorazio-batzordea osatzen duten kideak ezin izango dira interes-gatazkako egoera batean egon beren balorazioa egitean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluan ezarritakoa betez. Artikulu horren arabera, dirulaguntzen prozeduretan beharrezko neurriak hartu behar dira, eskabideen balorazioan edo prozedura horien ebazpenean parte hartzen duten pertsona guztien interes-gatazkako egoerak saihesteko.

12. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Proiektuak II. eranskinean ezarritako balorazio-baremoaren arabera hautatuko dira.

2.– Kanpoan geratuko dira gutxienez 18 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.

3.– Balorazio-batzordeak ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkio dagokion hezkuntzarako laguntza-zerbitzuari.

4.– Proiektu finantzagarriei laguntzak esleitzeko, dagokion prozedura gauzatuko da, eta, prozedura horretan, lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira dirulaguntzak. Lehentasun-ordena finkatzeko, aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, II. eranskineko balorazio-baremoa kontuan hartuta; 12.2 artikuluak ezartzen duen gutxieneko puntu kopurua lortzen dutenen artean puntu gehien eskuratzen dutenak soilik lagunduko dira diruz, betiere, agindu honek ezartzen duen gehieneko zenbatekoa aintzat hartuta, eta balorazio-fasean lortutako puntuazioaren beheranzko hurrenkerari jarraituko zaio, harik eta dagokion prozedurari esleitutako diru kopurua agortu arte. Berdinketa gertatuz gero, apartatu bakoitzean lortutako puntuazioak izango dira kontuan, II. eranskineko balorazio-irizpideetan ageri den ordenari jarraituz. Berdinketak jarraituz gero, azpiapartatuetan lortutako puntuazioak izango dira kontuan, aipatutako eranskin horretan ageri den ordenaren arabera. Hala ere berdinketak jarraitzen badu, batzordea bilduko da puntuazio berdina duten proiektuak baloratu eta berdinketa erabakitzeko.

5.– Balorazio-batzordeak txosten bat egingo du, egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko. Txosten horretan oinarrituta, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariak ebazpen-proposamena egingo du, eta ikastetxe onuradunek beharrezko eskakizunak betetzen dituztela adieraziko du.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntzako sailburuordeak egingo du behin-behineko ebazpena, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendariaren proposamena oinarri hartuta. Ebazpen horretan, emandako eskabideen zerrenda adieraziko da, xedea, zenbatekoa, ordaintzeko eta justifikatzeko moduak zehaztuz, baita ezetsitako eskabideen zerrenda ere. Behin-behineko ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei. Eskatzaileek hamar egun naturaleko epea izango dute, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako erreklamazioak aurkezteko.

2.– Behin betiko ebazpenak behin-behineko ebazpenaren datu berdinak jasoko ditu, eta elektronikoki jakinaraziko zaie ikastetxeei behin-behineko ebazpena argitaratu eta gehienez hilabeteko epean.

3.– Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan.

5.– Behin betiko ebazpena EHAAn argitaratuko da deialdia argitaratu eta gehienez sei hilabeteko epean, emandako dirulaguntzen publizitatea egiteko.

6.– Aurreko apartatuan adierazitako epea igaro eta berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek ulertu beharko dute eskabidea ezetsi egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

7.– Ikastetxe onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaitzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

14. artikulua.– Ziurtatzea.

Hautatutako berrikuntza-proiektuak garatuko dituzten ikastetxeetako irakasleentzako 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko ditu Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak, ofizioz, baldin eta irakasle bakoitzak ikastetxe bakoitzean egindako lanordu guztien % 80 baino gehiago eskaintzen badio proiektuari. Hala ere, irakasle berari ez zaio inolaz ere 90 ordu baino gehiagoren ziurtagiria emango ikasturte akademiko bakoitzeko, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako deialdien barruan egindako prestakuntza-proiektuengatik.

15. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria izango da beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik helburu bererako jasotako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoak ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua. Halakorik gertatuz gero, eskabidean adierazi beharko da, eta, hala badagokio, dirulaguntzaren justifikazioan egiaztatu beharko da ez dela gainfinantzaketarik izan.

16. artikulua.– Hautatutako ikastetxeen berariazko betebeharrak.

Deialdi honetako dirulaguntzen ikastetxe onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluak adierazitako betebeharrak, bai eta finantzaketaren izaera publikoak dakarren publikotasun egokirako neurriak hartzeko betebeharra ere, lege beraren 27. artikuluan jasotakoaren arabera:

a) Ematen den dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, baldin eta, hamar eguneko epean –deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, ikastetxe onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntzari, onartutzat joko da.

b) Eman den helburu horrexetarako erabiltzea dirulaguntza hori, hau da, STEAM arloko hezkuntzarako berrikuntza-proiekturako eta haietan jasotako jarduerak egiteko.

c) Proiektuarekin zerikusia duten aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan, lankidetzan aritzea eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza-zerbitzuarekin, Hezkuntzako Ikuskaritzarekin eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzarekin.

d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kargura jasotako diru-zuzkidura dela eta.

e) Ezarritako epean eta moduan aurkeztea proiektua gauzatu izana justifikatzeko dokumentazioa. Halaber, aplikazio informatikoan jarraipena egiteko ezarritako inprimaki guztiak (Excel formatuan) beteko dira.

f) Berriztatzeko prestakuntza-proiektua egiteko dirulaguntza jaso duten ikastetxeek hitza ematen dute hurrengo ikasturteko ikastetxearen urteko planean jasoko dutela deialdi honetan onartutako proiektuaren inplementazioa.

17. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Proiektuari lotutako diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko dira diruz, eta gehienez 3.000 euro emango zaizkie, baldin eta aurrez ezarritako baldintzak errespetatzen badira.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuek 2024ko irailaren 1etik 2025eko ekainaren 2ra bitartean eginak behar dute.

18. artikulua. – Azpikontratazioaren ehunekoa.

Gehienez % 50 azpikontratatuko da. Azpikontratazio horrek Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 31. artikulua bete beharko du.

19. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko dirulaguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehenengoa, hautatutako partaidetza proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 80, esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, esanbidez uko egin ezean.

b) Bigarren igorpena 2025ean egingo da, hurrengo apartatuan aurreikusitako baldintzen arabera emandako dirulaguntza justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoan.

20. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– 2025eko ekainaren 16a baino lehen, ikastetxe onuradunek hauek aurkeztu beharko dituzte https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ webgunean: proiektuaren garapenari, egikaritzeari eta proposatutako helburuen lorpen-mailari, egindako jarduerei eta proiektuaren ebaluazioari buruzko txostena, eta proiektuak eragindako gastuen justifikazioko kontu erraztua. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 32. artikuluaren arabera justifikatuko dira laguntzak.

2.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, ikastetxeentzako dagoen https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1115604 ataritik; aplikazio horretako inprimaki guztiak beteko dira (IV. eranskina).

3.– Proiektuaren garapenari eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, hauek jasoko dira inpaktuaren adierazle gisa: landutako materialen kopurua eta edukia; zenbat ikaslerengan izan duen eragina; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta ea, prestakuntzaren barruan, praktikaren bat ezarri den ikasgelan.

4.– Justifikazioko kontuan, jarduerak eragindako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da, eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, adieraziko da zer desbideratze egon den aurrekontu hori oinarri hartuta, bai eta dirulaguntzako jarduera finantzatu duten bestelako sarreren xehetasunak ere, zenbat eta nondik etorri diren adierazita.

5.– Hezkuntza Sailak justifikazioko kontuan aipatutako gastuen jatorrizko fakturak bidaltzeko eskatuko die STEAM berrikuntzarako prestakuntza-proiektu bat aurkeztu duten zortzi ikastetxe onuraduni (Arabako bi lehenengoak, Bizkaiko hiru lehenengoak eta Gipuzkoako hiru lehenengoak, eskabidearen sarrera-ordenaren arabera), dirulaguntza egoki aplikatzen dela arrazoitzen duen ebidentzia jasotzeko.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik eginez gero, jakinarazi egin beharko zaie hezkuntzarako laguntza-zerbitzuei, eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari. Ondorioz, gerta daiteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

2.– Aldaketa hori gerora sortutako egoera batengatik gertatu behar da, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatu aurretik jakinarazi behar da. Ezin du ekarri zenbatekoa handitzea edo hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

3.– Proiektuari egotz dakizkiokeen gastu justifikatuek ez badute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gainditzen, zuzkidura hori murrizteko ebazpena emango da, eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.

22. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

1.– Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak arlo horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza-zerbitzuari eskatu ahal izango dio, ikasturtea amaitzean, hautatutako berrikuntza-proiektuen garapenari buruzko txosten bat. Txosten hori dagokion Lurralde Burutzara bidaliko da, eta, egokitzat jotzen bada, ikastetxe onuradunen eskura jarriko da.

2.– Ikasturtean zehar gorabehera esanguratsurik gertatuz gero proiektuaren garapenean, eremu horretan eskumena duen hezkuntzarako laguntza-zerbitzuaren zuzendaritzak Lurralde Burutzari eta Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari emango die horren berri, bigarren zuzendaritza horrek neurri egokiak har ditzan deialdi hau behar bezala bete dadin.

3.– Hezkuntzako Ikuskaritzak, ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan, diruz lagundutako proiektua zenbateraino betetzen den kontrolatuko du –proiektua ikastetxeko urteko planean jasota egon behar da–. Ez-betetzea ikusiz gero, Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari jakinaraziko dio.

23. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.

1.– Dirulaguntzen ikastetxe onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesak barne), besteak beste, kasu hauetan:

a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo justifikazio nahikoa ez izatea, lege honetan eta dirulaguntza arautzen duten oinarrietan ezarritako baldintzetan.

b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe edo horiek faltsutuz, bai eta hori eragotzi dutenak ezkutatuz ere.

c) Helburua, jarduera edo proiektua ez betetzea, edo dirulaguntzaren xede izan zen jokabidea ez hartzea.

d) Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak ez betetzea.

e) 36. artikuluan jasotako gainerako baldintza edo kasu guztiak.

2.– Itzulketarako, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. eta 41. artikuluetan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.

Proiektua eginda, ikastetxeek ez badute justifikatzen esleitutako zuzkidura adinakoak edo gehiagokoak direla hari egotzitako gastuak, esleitutako zuzkiduraren eta proiektuan egin diren gastuen arteko aldea ordainduko da bigarren ordainketan. Aldea negatiboa izanez gero, kopuru negatibo hori itzultzeko prozesua hasiko da.

24. artikulua – Datuen babesa, oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalek izen hau duen tratamendu-jarduera izango dute: «Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak».

Arduraduna: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.

Helburua: Ikaskuntzako eta hezkuntza-berrikuntzako laguntzak eta dirulaguntzak.

Legitimazioa:

– Tratamendua beharrezkoa da aplikagarriak diren legezko betebeharrak betetzeko.

– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egin behar den eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere (www.euskadi.eus/servicios/10842/).

Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala