
116. zk., 2024ko ekainaren 14a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (148 KB - 5 orri.)
- EPUB (115 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2884
69/2024 EBAZPENA, ekainaren 7koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmena, NORA kale-izendegiko datu-baseak eta zerbitzuak eskuratzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmena, NORA kale-izendegiko datu-baseak eta zerbitzuak eskuratzeko. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 7a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARIA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN EKAINAREN 7KO 69/2024 EBAZPENARENA
HITZARMENA, LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILAREN, EUSTAT-EUSKAL ESTATISTIKA ERAKUNDEAREN ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ARTEAN, KALE-IZENDEGIKO NORA DATU-BASEAK ETA ZERBITZUAK ESKURATZEKO
Batetik, Ignacio María Arriola López jauna, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburua (izendapena: 26/2020 Dekretua, irailaren 7koa, Lehendakariarena), Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legeak eta urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, ematen dizkioten eskumenak erabiliz, Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 13ko saioan emandako baimena dela bide.
Bestetik, Josu Mirena Iradi Arrieta jauna, Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen zuzendari nagusia (izendapena: 419/2012 Dekretua, abenduaren 31koa), erakunde horren izenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legeak emandako eskudantziak erabiliz, Gobernu Kontseiluak 2024ko otsailaren 13ko saioan emandako baimena dela bide.
Bestetik, Ager Izagirre Loroño jauna, Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanak Herri Administrazio eta Erakundeekiko Harremanetarako foru diputatua (izendapena: 170/2023 Foru Dekretua, uztailaren 6koa, Diputatu Nagusiarena, foru diputatuen izendapena xedatzen duena; BAO, 131. zk., 2023ko uztailaren 7koa), Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2024ko martxoaren 7ko saioan emandako baimena dela bide.
ADIERAZTEN DUTE:
Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak (aurrerantzean Eustat) «Lurraldearen datu-basea» eta «Lurralde geoerreferentziatuaren datu-basea» eragiketak egiten ditu. Eragiketa horiek 200161 eta 210164 kodeekin arautzen dira 10/2023 Legean (azaroaren 9koa, 2023-2026 Euskal Estatistika Planarena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzekoa). Eragiketa horietan oinarrituta egin da «Euskal Autonomia Erkidegoko kale-izendegia». Kale-izendegi horretan Euskal Autonomia Erkidegoko kaleak eta atari ofizialak biltzen dira, bai eta helbide ofizialik ez eduki arren blokea, zenbakia eta bis eremuak dituzten eraikinak eta lokalizazioak ere.
Datu-multzo hori mantentzeko, etengabeko ahaleginak egin behar dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztiekin koordinatuta jokatu behar da, eta, gainera, denetariko erakundeen erabilpen ugariek eragiten dituzten behin-behineko altak eta gorabeherak kudeatu behar dira.
NORAren arduraduna Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila da (aurrerantzean LPEGS), Euskadiko Datu Espazialen Azpiegiturako zerbitzu guztien arduraduna (Euskadiko IDE) ere badena. NORAren barnean gordailu normalizatua eta Euskal Autonomia Erkidegoko kaleen eta atarien datu ofizial horiek erabiltzeko aplikazio eta irtenbide informatikoen sarbidea eta eraikuntza errazten duten zenbait zerbitzuak biltzen dira. NORAk lokalizazio-informaziorako sarbide-kanal batzuk eskaintzen ditu (API, javascritp, API geoEuskadi), sistema informatikoetan integratzea errazteko. Horrela, NORA zerbitzuek kaleko/atariko/hutsuneko datuak ematen dituzte eta horiei dagozkien NORA identifikatzaileak biltegiratzen dituzte; horri esker datuok zuzenean geolokalizatu daitezke lurraldean.
Bizkaiko Foru Aldundiak (aurrerantzean BFA) eskura eduki nahi ditu NORA datuak eta zerbitzuak etengabe eta sinkronizatuta (kaleak, atari ofizialak, lurralde historikoak, udalerriak, herriak, auzoak, posta-kodeak eta abar), eta katastroko erreferentziak NORAren identifikatzaileekin lotu nahi ditu NON izeneko BFAren helbide-maisu berria sortzeko.
Erakunde guztiek nahi dute Eustatek erreferentziazko informazio hori sortzen eta eguneratuta mantentzen egiten duen lan handia aprobetxatu, eta beste administrazio batzuek beren datu-baseetan NORA identifikatzaileak erabiltzea eta etorkizunean informazioa errazago trukatzea eta erabiltzea nahi lukete, eta horregatik guztiagatik jarduera publikoa koordinatu behar litzateke.
Hitzarmen honen helburua da administrazioen ahaleginak hobeto aprobetxatzea eta bikoiztasunak saihestea, klausuletan zehazten diren akordioetan oinarrituta, horrek baliabide publikoak aurreztea ekarriko duelakoan.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen du bi administrazio publikok edo gehiagok hitzarmenak sinatu ditzaketela eta hitzarmen horien bidez elkarren baliabideak, zerbitzuak eta bitartekoak erabil ditzaketela beren eskumenak edo eskumen eskuordetuak erabiltzeko. Horregatik guztiagatik, alderdiek adostu dute hitzarmen hau sinatzea klausula hauen arabera.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da prozedurak eta baldintzak ezartzea BFAk NORAren datuak eta zerbitzuak erabili ahal izateko eta horrela kale/atarien datuak ongi sinkronizatzeko eta, gainera, BFAtik behin-behineko altak egin eta gorabeherak jakinarazi ahal izateko. Beraz, NORA Eustateko kale-izendegiko datuak eguneratzeko iturria izango da.
Prozedurak ezartzeko, aurretik datu eta zerbitzu horiek truke-sareen bidez eskuratzeko erabiliko diren soluzio teknologikoak zehaztu behar dira. Sare horiek ere finkatu beharko dira.
Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.
1.– Eustat-en konpromisoak.
1.1.– Eustatek NORA atariko identifikatzaileen eta eraikinen altak detektatzeko prozeduran egin den Eustaten Lurraldearen datu-basearen eta Bizkaiko katastroaren arteko bategitearen ondoriozko eraikinen katastro-erreferentzien arteko korrespondentziak bidaliko ditu. Informazio hau urtero bidaliko da.
1.2.– Eustatek konpromisoa hartzen du Bizkaiko Foru Aldundiak NORA atariko datuak eta zerbitzuak erabiltzean sortzen diren behin-behineko altak edo gorabeherak kudeatzeko eraikinen egitura horizontaleraino.
2.– Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren konpromisoak.
2.1.– LPEGSk NORA atariko datuak eta zerbitzuak erabiltzeko eta ongi sinkronizatzeko soluzio teknologikoa eratu eta sustatuko du.
2.2.– NORA atariko datuen eta zerbitzuen etorkizuneko aldaketetan eta eguneratzeetan LPEGSk BFAren beharrizanak aztertuko ditu eta horien berri emango du.
2.3.– LPEGSk NORA atariko identifikatzaileen eta katastro-erreferentzien arteko erlazioen taula finkatuko du geoEuskadi errepositorioan, gutxienez urtean behin eguneratu eta hala bi iturrietako datuak trukatu ahal izateko.
3.– Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoak.
3.1.– BFAk Eustatek bidaltzen duen korrespondentzia aztertuko du eta fitxategian antzematen dituen aldaketen berri emango du.
3.2.– BFAk NORA atariko zerbitzuetan eraikinen egitura horizontaleraino gertatzen diren alta, baja eta aldaketen berri emango du.
3.3.– BFAk ez ditu aldatuko NORA atariko datuen eta taulen egitura eta nomenklatura.
3.4.– BFAk NORA atariko datu-baseko identifikatzaileen gakoak errespetatuko ditu.
3.5.– BFAk NORA atariko datuak eta zerbitzuak erabiltzeko eta ongi sinkronizatzeko soluzio teknologikoa (NON) eratu eta sustatuko du.
3.6.– NORA (CC by 4.0) erabili edo berrerabiliz gero, honako aipamen hau egin behar da berariaz: Eusko Jaurlaritza / Gobierno Vasco; Eustat; geoEuskadi.
Hirugarrena.– Jarraipen batzordea.
Hitzarmenaren jarraipen batzordea sortzen da. Hona batzordekideak:
• Eustaten ordezkariak:
– Estatistika Produkzio eta Analisiko Zuzendariordetzaren titularra.
– Estatistika Azpiegituraren Arloaren arduraduna.
• Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren ordezkariak:
– Lurralde Plangintza eta Hiri Agenda Zuzendaritzako titularra.
– Lurralde Informazioaren Zerbitzuaren arduraduna.
• Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak:
– Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen estrategia korporatiboa, antolaketa-egitura eta datu-gobernuaren programa definitzeaz arduratzen den Zuzendaritza Nagusiko titularra.
– Bizkaiko Foru Aldundiko Datuaren Bulegoa koordinatu, kudeatu, antolatu eta administratzeaz arduratzen den administrazio-unitateko arduraduna.
Hitzarmen honen interpretazioan edo burutzapenean gertatzen diren desadostasunak jarraipen batzordean ebatziko dira.
Laugarrena.– Finantzaketa.
Hitzarmen honen ondorioz ez da sortuko inolako kontraprestazio ekonomikorik alderdien artean, eta ez du gasturik eragingo.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta luzapena.
Hitzarmen hau alderdiek sinatutako adostasunarekin osatuko da. Nolanahi ere, erakunde bakoitzaren araudiaren arabera zenbait izapide egin beharko dira hitzarmenaren eraginkortasuna bermatzeko. Hasieran, hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa izango da.
Indarraldian zehar, hitzarmena noiznahi luzatu ahal izango da beste lau urterako aho batez hartutako berariazko erabaki baten bidez. Zortzi urte igarotakoan hitzarmena azkenduko da. Orduan, bertan ezarritako konpromisoekin jarraitu nahi izanez gero, beste hitzarmen bat sinatu beharko da.
Seigarrena.– Hitzarmena iraungitzeko eta azkentzeko araubidea.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren arabera, hitzarmen hau beraren xede diren jarduketak betetzen direnean edo suntsiarazteko arrazoia dagoenean azkenduko da. Hitzarmena azkentzeko arrazoiak hauek izango dira:
• Indarraldia bukatzea hitzarmena luzatzea adostu gabe.
• Sinatzaileek aho batez azkentzea erabakitzea.
• Alderdietako batek bere gain hartutako betebeharrak edo konpromisoak ez betetzea.
• Epaile batek hitzarmena deuseza dela adieraztea.
• Aurrekoez bestelako edozein arrazoi, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badago.
Hitzarmen honetan edo legean ezarritako arrazoi batengatik hitzarmena azkentzen bada, jarraipen batzordeak hitzarmenaren ondoriozko abiarazi eta gauzatzen ari diren jarduketak noizko amaitu beharko diren ezarriko du.
Zazpigarrena.– Betebeharrak ez betetzea.
Alderdi batek bere gain hartutako betebeharren bat betetzen ez badu, besteak errekerimendua bidali ahal izango dio 15 egun igaro baino lehen bete ditzan bete gabekotzat jotzen diren betebeharrak edota konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren jarraipen batzordeari jakinaraziko zaio. Baldin eta aldi horretan betebeharra betetzen ez bada, errekerimendua egin duen alderdiak hitzarmena suntsiarazteko arrazoia dagoela jakinaraziko dio besteari eta hitzarmena azkendutzat joko da.
Zortzigarrena.– Aldaketa.
Hitzarmen hau aldatu ahal izateko, alderdiak ados jarri beharko dira. Horretarako, alderdietako batek aldaketa proposatu beharko du eta ondoren, hitzarmena indarrean dagoela, bi alderdiek aldatzeko akordioa sinatu beharko dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 49.g) artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz.
Bederatzigarrena.– Izaera, araubide juridikoa eta jurisdikzioa.
Hitzarmen hau administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47-53 bitarteko artikuluetan xedatzen dena aplikatzen zaio.
Beste alde batetik, hitzarmenaren indarraldian sortu eta jarraipen batzordean ebatzi ezin diren gatazkak administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin bat etorriz.
Eta ados daudela adierazteko, elektronikoki eta ondorio bakarrerako sinatzen dute hitzarmen hau, 2024ko apirilaren 24an.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Eustat-Euskal Estatistika Erakundeko zuzendaria,
JOSU MIRENA IRADI ARRIETA.
Herri Administraziorako eta, Erakunde Harremanetarako Saileko Foru diputatua,
AGER IZAGIRRE LOROÑO.
RSS