Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

116. zk., 2024ko ekainaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2882

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 28koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Fundación Instituto de Selección Escolar de Vizcaya izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.

2023ko abenduaren 28an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko erregistroan telematikoki sartu zen Fundación Instituto de Selección Escolar de Vizcaya izeneko fundazioaren estatutuak aldatzeko eskritura publikoa, zeina 2023ko abenduaren 27an egiletsi baitzen Vicente María del Arenal Otero notarioaren aurrean, ordezko gisa eta bere lankide Juan Ignacio Gomez Villa jaunaren protokolorako (2378 protokolo-zenbakia).

Eskritura publiko horretan sartu zen fundazioaren patronatuko idazkariak, presidentearen oniritziarekin, 2023ko abenduaren 27an egindako ziurtagiria, patronatuak 2023ko abenduaren 4an egindako bilerari buruz. Bilera hartan erabaki zen fundazioaren estatutuen 16. artikulua aldatzea, fundazioaren zuzkidurari eta ondareari buruzkoa.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente horri buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedientearekin batera, funtsezkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan eskatutako betekizunak. Gainera, estatutuetan egindako aldaketak bat datoz aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, agindu honen datarekin, Fundación Instituto de Selección Escolar de Vizcaya izeneko fundazioaren estatutuetako 16. artikulua aldatzea (fundazioaren zuzkidurari eta ondareari buruzkoa). Fundazioaren patronatuak erabaki zuen aldaketak egitea, 2023ko abenduaren 4an; betiere, 2023ko abenduaren 27an Vicente María del Arenal Otero notarioaren aurrean, ordezko gisa eta bere lankide Juan Ignacio Gomez Villa jaunaren protokolorako egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 2378).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari eta haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 28a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala