
116. zk., 2024ko ekainaren 14a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (214 KB - 11 orri.)
- EPUB (221 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2876
ERABAKIA, 2024ko ekainaren 11koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, irakasle laguntzaile doktoreak hautatzeko prozesuaren arautegia onartzeko dena.
Gobernu Kontseiluaren 2011ko apirilaren 14ko Erabakiaren bidez, aldi baterako irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko arautegia onartu zen (2011ko maiatzaren 31ko EHAA).
Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoak (2024ko martxoaren 23ko BOE) eta uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuak, unibertsitateko irakasleen kidegoetan sartzeko Estatuko akreditazioa eta kidego horietako plazetara sartzeko lehiaketen araubidea arautzen dituenak, aldaketa garrantzitsuak ekarri dituzte unibertsitateko irakasleen araubide juridikoan eta lehiaketen araubidean, eta, ondorioz, beharrezkoa da lehiaketen arautegian irakasle laguntzaile doktoreen kategoria egokitzea.
Bestalde, azken urteotan metatutako esperientzia kontuan hartuta, komenigarria dirudi aipatutako arautegian zenbait egokitzapen egitea orain, tresna erabilgarriagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Hori guztia kontuan hartuta, Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak proposatuta, Gobernu Kontseiluak
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– UPV/EHUko irakasle laguntzaile doktoreak hautatzeko prozesuaren arautegia onartzea.
Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Leioa, 2024ko ekainaren 11a.
Errektorea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ERANSKINA
IRAKASLE LAGUNTZAILE DOKTOREAK HAUTATZEKO ARAUTEGIA
1. artikulua.– Xedea.
Arautegi honen xedea da arautzea irakasle laguntzaile doktoreak kontratatzeko lehiaketa prozesua.
2. artikulua.– Irakasle laguntzaile doktoreen kategoriako plazen Balioespen Batzordeetako kideak.
1.– Balioespen batzordean izango dira bost kide titular eta zazpi ordezko. Batzordeburua eta idazkaria aukeratuko dituzte batzordeko kideek, kideen artean. Batzordeko idazkaria izango da beti UPV/EHUko kide bat, eta batzordeburu izango da kategoria eta antzinatasun handieneko pertsona, alde batera utzirik idazkaria.
2.– Batzordeko kideak izango dira unibertsitate kidegoetako funtzionarioak: unibertsitateko eta unibertsitate eskolako katedradunak, unibertsitateko edo unibertsitate eskolako irakasle titularrak (azken horiek doktore tituludunak), irakasle osoak edo irakasle agregatuak, edota irakasle-ikertzaile doktore iraunkorren beste kategoria batzuetakoak.
3.– Balioespen batzordeko kideak errektoreak izendatuko ditu, arautegi honen 4. artikuluaren arabera, zozketa bidez, plazari dagokion sailak eginiko proposamenari jarraituta.
4.– Batzordea osatuko dute gehienbat UPV/EHUtik kanpoko pertsonek.
5.– Zazpi ordezko izendatuko dira, UPV/EHUtik kanpoko kide bakoitzeko bat eta UPV/EHUko kide bakoitzeko bi.
6.– Plaza elebiduna bada, gutxienez kide bat eta haren ordezkoak gai izango dira euskaraz irakasteko.
3. artikulua.– Balioespen Batzordea osatzeko sailaren proposamena.
1.– Sailak proposatuko dizkio 17 pertsona Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeari, zenbakituak. Horien artean egongo dira:
a) UPV/EHUko 8 kide, plazari dagokion jakintza espezialitatekoak edo, bestela, antzeko espezialitate batekoak, gutxienez lau emakumeak izanik. Berdintasunerako Zuzendaritzaren arabera oso feminizatuta dauden arloetan (emakumezko irakasle-ikertzaileak % 80tik gora), emakumeentzat ezarritako gutxienekoa gizonei dagokiela ulertuko da. Plazan euskaraz irakatsi behar bada, proposaturiko UPV/EHUko zortzi pertsonetatik gutxienez bost gai izango dira hizkuntza horretan irakasteko.
b) Espainiako Estatuko gainerako unibertsitate publikoetako 9 irakasle-ikertzaile iraunkor, edo Europar Batasuneko estatu kideetakoak, unibertsitateko katedradunen edo unibertsitateko irakasle titularren posizioaren parekoa dutenak, plazari dagokion jakintza espezialitatekoak edo, hori ezinezkoa bada, antzeko espezialitate batekoak, gutxienez lau emakumeak izanik. Gutxieneko hori gizonei dagokiela ulertuko da oso feminizatuta dauden eremuetan, artikulu honetako a. letraren definizioaren arabera.
2.– Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak uste badu proposamenak ez dituela betetzen aurreko baldintzak, atzera bidaliko dio sailari, zuzen dezan, sailak egokiro justifikaturiko salbuespeneko kasuak izan ezik.
3.– Aurreko atalean adierazitakoa gorabehera, proposamena aldatu ahal izango du Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak, horretarako arrazoi justifikatua egonez gero.
4.– Proposamena argitaratuko da UPV/EHUren webgunean, deialdiaren oinarriekin batera.
4. artikulua.– Balioespen Batzordea osatzeko zerrendaren zozketa eta berrantolaketa.
1.– Plazak esleitzeko lehiaketa deialdi bakoitzean, zozketa bat egingo da, publikoa eta bakarra. Zozketaren data eta lekua iragarriko dira deialdiarekin batera. Zozketak ausaz berrantolatuko du Sailak aurkezturiko Balioespen Batzordeko kideen proposamena.
2.– Berrantolaturiko zerrendatik abiatuta, UPV/EHUko kideak aukeratuko dira. Honela:
a) UPV/EHUko bikote titular bat aukeratuko da:
a.1.– Oro har, aukeratuko da UPV/EHUko kidea den berrantolaturiko zerrendako lehen pertsona. Zehazki, plazan euskaraz irakatsi behar bada, aukeratuko da UPV/EHUko kidea den eta euskaraz irakasteko gai den berrantolaturiko zerrendako lehen pertsona.
a.2.– Ondoren, aukeratuko da UPV/EHUko kidea den eta aurrekoaren sexukoa ez den berrantolaturiko zerrendako lehen pertsona.
b) Bi aldiz errepikatuko da a) prozesua, gainerako pertsonen zerrenda hasieratik erabilita, UPV/EHUko lau ordezkoen multzoa aukeratzeko. Honela:
b.1.– Oro har, aukeratuko da UPV/EHUko kidea den zerrenda honetako lehen pertsona. Zehazki, plazan euskaraz irakatsi behar bada, aukeratuko da UPV/EHUko kidea den eta euskaraz irakasteko gai den zerrendako lehen pertsona; hori ezinezkoa bada, UPV/EHUko kidea den zerrendako lehen pertsona.
b.2.– Ondoren, aukeratuko da UPV/EHUko kidea den eta aurrekoaren sexukoa ez den berrantolaturiko zerrendako lehen pertsona; hori ezinezkoa bada, zerrendako lehen pertsona.
3.– Jarraian, berrantolaturiko zerrendatik abiatuta, aukeratuko dira UPV/EHUtik kanpoko kideak. Hala, aukeratuko da UPV/EHUtik kanpoko lehen pertsona; segidan, UPV/EHUtik kanpoko beste bost lagun, prozesua zerrendaren hasieratik errepikatuz eta aukeraketa bakoitzean sexua txandakatuz. Uneren batean hori ezinezkoa bada, aukeratuko da berrantolaturiko zerrendako lehen pertsona. Lehenengo hiru pertsonak izango dira epaimahaikide titularrak; beste hirurak, ordezkoak.
4.– Eratuko diren batzordeak argitaratuko dira UPV/EHUren webgunean.
5. artikulua.– Irakasle laguntzaile doktoreen Balioespen Batzordeen funtzionamendua.
1.– Balioespen batzordea balioz eratu eta aritu dadin, gutxien dela hiru kide bertaratu beharko dira, presentzialki edo bitarteko elektronikoak erabilita, UPV/EHUtik kanpoko kideak gehiengoa izanik.
2.– Oro har, batzordea bitarteko elektroniko bidez eratu eta arituko da. UPV/EHUko batzordekideek hartuko dute lehenengo saioa eratzeko ekimena.
3.– I. eta II. eranskinetan jasotako baremo orokor eta espezifikoetatik abiatuta, Batzordeak onartuko ditu merezimenduak barematzeko irizpideak, eta proba gainditzeko gutxieneko puntuazioa ezarriko du, inola ere ez 40 puntutik gorakoa (35, plaza elebidunen kasuan).
4.– Batzordeak onarturiko baremazio irizpideak argitaratu ondoren, izangaien dokumentuak bidaliko zaizkio Batzordeari, dagokion balorazioa egin dezan.
5.– Batzordeko kideek uko egingo diote beren zereginari eta ordezkoek hartuko dute haien lekua, baldin eta uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuak eta urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluak uko egiteko aipatzen duten arrazoiren bat badago.
6. artikulua.– Irakasle laguntzaile doktoreen lehiaketetan parte hartzeko baldintzak.
Irakasle laguntzaile doktoreen plazak betetzeko lehiaketetan parte hartzeko, ondoko baldintzak bete beharko dira:
a) Doktore titulua izatea.
b) Plazari dagokion sailaren aldeko txostena, izangaiaren irakaskuntza eta ikerketa gaitasunari buruzkoa. Txosten hori ezean, aldekoa dela ulertuko da.
c) Unibertsitate honetan edo beste batean irakasle laguntzaile doktore gisa bost urte baino gehiago (zazpi, desgaitasuna duten pertsonen kasuan) kontratatuta egon ez izana, justifikatutako arrazoiengatiko luzapenak deskontatuta.
7. artikulua.– Proba.
1.– Probak bi fase izango ditu:
a) Lehenengo fasean, Batzordeak izangaien curriculumak ebaluatuko ditu, eta baztertu ahal izango ditu plazarekin harremana ez duten profileko pertsonak. Baztertze horiek beharko dute ahobatezko justifikazio txostena.
b) Bigarren fasea izango da proba publiko bat eta UPV/EHUren instalazioetan egingo da. Izangaiak eta Batzordeko UPV/EHUko bi kideak presentzialki izango dira bertan; UPV/EHUtik kanpoko hiru pertsonak, ahal dela telematikoki. Lehiakide bakoitzak gehienez 60 minutu izango ditu bere irakaskuntza eta ikerketa proiektua azaltzeko. Ondoren, Batzordeak lehiakidearekin eztabaidatu ahal izango du, ordubetez gehienez, aurkezturiko irakaskuntza eta ikerketa proiektuari buruz eta, aukeran, alegaturiko eta egiaztaturiko merezimenduei buruz.
2.– Izangai bakarra agertuz gero, Batzordeak, salbuespen gisa eta horren inguruko adostasuna egonez gero, bigarren faseko ahozko azalpenetik eta eztabaidatik salbuetsi ahal izango du, eta zuzenean haren aldeko izendapen proposamena egin, erabakia justifikatuta.
3.– Lehiakideren batek eskabidean proba euskaraz egin nahi duela adierazi badu, bermatu egingo da Batzordeak EAEko bi hizkuntza ofizialetan jarraitu ahal izango duela proba, eta horretarako behar diren baliabideak jarriko dira. Horrelakoetan, ahalegina egingo da batzordeko kideetako bat gutxienez elebiduna izan dadin.
8. artikulua.– Balioespen Batzordearen proposamena.
1.– Proba bukatuta, Balioespen Batzordeak txosten arrazoitu bat egingo du, baremoaren atal bakoitzean lehiakide bakoitzak merezi duen balorazio kuantifikatuari buruz, eta puntuazio handiena lortu duena proposatuko du (ordezkoak ere proposatu ahal izango ditu).
2.– Puntuazio bera duten lehiakideak badaude, haien arteko lehentasun hurrenkera ezartzeko, aintzat hartuko dira I. eranskinean jasotako berdinketa hausteko irizpideak.
3.– Balioespen batzordeak hutsik utzi ahal izango du plaza, baldin eta gutxieneko puntuazioa lortu duen lehiakiderik ez badago. Kasu horretan, justifikazio txostena egin beharko da.
4.– Proposaturiko lehiakideak uko egiten badio kontratua izenpetzeari edo postua uzten badu deialdia egin eta urtebete baino lehen, kontratua eskainiko zaie ordezkoei, puntuazioaren arabera.
5.– Kontratazio proposamenak argitaratuko dira unibertsitatearen webgunean. Proposamen horien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek errektoreari, hilabeteko epean, kontatzen hasita proposamena adierazitako moduan argitaratu eta hurrengo egunetik.
9. artikulua.– Irakasle laguntzaile doktoreen kontratuaren iraupena.
Kontratuaren iraupena egokituko da Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 78. artikuluak ezarritakora.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Irakasle laguntzaile doktoreen deialdiak.
2027ko apirilaren 23ra arte eginiko irakasle laguntzaile doktoreen deialdietan, zuzenketa faktore hauek aplikatuko dira:
a) Irakasle laguntzaile doktoreen (edo irakasle atxikien) akreditazioa hartuko da lehentasunezko merezimendutzat. Beraz, puntuazioa biderkatuko da 1,30eko faktoreaz.
b) Lehentasunezko merezimendutzat hartuko da, deialdia argitaratzeko egunean, irakasle lanetan aritu izana Espainiar Estatuko unibertsitateetan gutxienez 5 ikasturtetan azken 7 urteetan, bitarteko lan kontratuekin (ordezkapenekoak edo hutsik dauden plazetan), elkartuen kontratuekin edo LOSUn aurreikusitako urtebeteko edo gutxiagoko iraupena duten beste kontratu batzuekin. Hala, proba gaindituz gero, puntuazioa biderkatuko da 1,15eko faktoreaz. Ikasturteak zenbatzean, lanaldi partzialeko kontratuak lanaldi osokoen parekotzat hartuko dira.
Hala badagokio, a) eta b) ataletako biderkatze faktoreak aplikatuko dira hurrenez hurren, baremo orokorrak eta espezifikoak aplikatzean lorturiko puntuazio orokorraren gainean. Ondorioz, xedapen iragankor hau aplikatu bitartean, 149,5 puntu lortu ahal izango dira gehienez (100x 1.3x1.15).
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Jakintza arloen araubide iragankorra.
Uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra aplikatuz, ezagutza espezialitateen zerrenda indarrean sartu arte, irakasle laguntzaile doktoreen plazak esleituko zaizkie ezagutza arloei, eta eman beharreko irakasgaiak sartu ahal izango dira haien profilean. Kasu horietan, Hautapen Batzordeak osatuko dituzte deituriko plazaren ezagutza arloko kideek edo, bestela, antzeko arlo batekoek.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egiten dira Gobernu Kontseiluak 2011ko apirilaren 14ko bilkuran (2011ko maiatzaren 31ko EHAA) onartu zuen irakasle-ikertzaileak aldi baterako kontratatzeko arautegiaren 8. artikulua, I. eranskinaren 3. atala eta V. eranskina, bai eta unibertsitate honen maila bereko edo beheragoko edozein arau ere, honen aurkakoa izanez gero.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Arautegi hau indarrean egongo da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
I. ERANSKINA
IRAKASLE LAGUNTZAILE DOKTOREEN LEHIAKETETARAKO BAREMO OROKORRAK
Irakasle laguntzaile doktoreen kategorian gehienez ere lor daitekeen puntuazioa, lehenengo xedapen iragankorra aplikatu aurretik: 100 puntu kontratu ez elebidunetan eta 91,2 puntu kontratu elebidunetan, baloratu beharreko atalak honako hauek izanik:
(Ikus .PDF)
BALORAZIOARI BURUZKO OHARRAK
a) Ezin izango da baloratu gabe utzi balorazio irizpide hauetan zehazturiko atal bat bera ere.
b) Atal bakoitzeko puntuazioa haztatu ahal izango da, 1/0,8/0,5/0,1 koefizienteak erabilita, modu arrazoituan, kontuan harturik merezimenduak plazaren ezaugarrietara egokitzen diren. Dena dela, Batzordeak 0 puntu eman ahal izango die plazaren ezaugarriekin zerikusirik ez duten –edo zerikusirik ez dutela uste duen– merezimenduei. Koefiziente horiek aplikatzean erabiliko den prozedura argi eta garbi adieraziko da merezimenduen baremoa zehaztean.
c) Atal bakoitza puntuatzeko, II. eranskineko baremoa erabiliko da baremo espezifiko gisa. Kontuan izanik Ikerketaren Ebaluazioaren Aurrerapenerako Koalizioaren (Coalition for Advancing Research Assessment, COARA) postulatuak, Batzordeak aplikatu ahal izango ditu, arrazoituta, alegaturiko merezimenduen kalitatea kontuan hartzen duten irizpideak.
d) Merezimendu bat atal batean baino gehiagotan balioetsi ahal denean, kontuan hartuko da izangaiari puntuazio handiagoa emango dion atala.
e) Ahozko azalpenean, Batzordeak baloratuko ditu, besteak beste, plazaren hizkuntza eskakizuna osatzen duten irakats hizkuntzetan diskurtsoa antolatzeko gaitasuna eta hizkuntza horien jarioa.
f) Lehiakideren batek gainditu egiten badu atal zehatz batean atal horretarako zehazturiko gehieneko puntuazioa, gehieneko puntuazio hori emango zaio eta, ondorioz, haztatu egingo dira proportzionalki gainontzekoen puntuazioak atal horretan.
g) Merezimenduak balioetsi ondoren, gehieneko puntuazio izango da 100 puntukoa kontratu ez-elebidunetan eta 91,2 puntukoa kontratu elebidunetan.
h) Batzordeak gutxieneko nota bat ezarriko du, inoiz ez 40 puntutik gorakoa (35, plaza elebidunen kasuan), kontratuaren formalizazioari begira izangaiak proposatu ahal izateko.
i) Lehenengo xedapen iragankorrean aipaturiko egunera arte eginiko hautapen prozesuetan, xedapen horretako faktoreak aplikatuko zaizkio parte-hartzaile bakoitzaren merezimendu guztien puntuazioari, baldin eta xedapen horretako baldintzak betetzen badira deialdiaren datan.
BERDINKETA HAUSTEKO IRIZPIDEAK
Puntuazio bera duten lehiakideak badaude, irizpide hauen arabera ezarriko da haien arteko hurrenkera:
1.– Gutxienez % 33ko desgaitasuna egiaztatuta izatea.
2.– Genero indarkeria pairatu izana egiaztatzea.
3.– Kontziliazioarekin zerikusia duten eszedentziak edo lizentziak gutxienez 6 hilabetez baliatu izana.
4.– Saileko irakasle iraunkorren artean ordezkaritza txikiena duen generokoa izatea.
5.– Gaituta edo akreditatuta egotea indarrean dauden irakasle-ikertzaile iraunkorren figuren lehiaketetan parte hartzeko (LOSUren 68. eta 82. artikuluak eta baliokideak).
6.– Hiru hilabetetik gorako egonaldiak egin izana UPV/EHUz bestelako unibertsitate edo ikergune entzutetsuetan, Espainiako Estatutan edo atzerrian.
7.– Puntuazio handiagoa ikerketako merezimenduen eta irakaskuntza eta gestioko merezimenduen atalak batuz (kontuan izan gabe atalerako ezarritako gehieneko puntuazioa).
8.– Puntuazio handiagoa lan esperientzia eta beken atalean (kontuan izan gabe atalerako ezarritako gehieneko puntuazioa).
9.– Puntuazio handiagoa merezimendu akademikoen atalean (kontuan izan gabe atalerako ezarritako gehieneko puntuazioa).
10.– Berdinketak jarraitzen badu, zozketa egingo da, berdinketa hausteko.
II. ERANSKINA
IRAKASLE LAGUNTZAILE DOKTOREEN LEHIAKETETARAKO BAREMO ESPEZIFIKOAK
1.– Lan esperientzia.
(Ikus .PDF)
Arduraldi partzialean eginiko zerbitzuak haztatu egingo dira, unibertsitate irakaskuntzarako unitatearen erreferentziatzat harturik urteko 24 kredituak edo asteko 8 eskola orduak. Beste motatako kontratuak antzera haztatuko dira.
– Ez da beharrezkoa izango egiaztatzea UPV/EHUn emandako irakaskuntza zerbitzuak, eta administrazioak berak erantsiko ditu ofizioz. Dena dela, lehiakideek aurkeztu ahal izango dute emandako irakasgaiak jasotzen dituen ziurtagiria.
– Irakaskuntza publikoan emandako zerbitzuak egiaztatuko dira zerbitzu orriaren eta emandako irakasgaien ziurtagiriaren bidez.
– Irakaskuntza pribatuan emandako zerbitzuak egiaztatzeko, aurkeztuko dira lan kontratua eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiria (ikastegiaren –enpresaren– izena eta alta aldia jasoko dituena). Gainera, emandako irakasgaien ziurtagiria erantsi beharko da.
– Ikertzaile gisa emandako zerbitzuak baloratuko dira doktorego ondoko ikerketaren atalean, baldin eta izangaiak doktore titulua egiaztatzen badu kontratazio horretarako. Bestela, baloratuko dira doktorego aurreko ikerketaren atalean, kontuan izan gabe izangaiak titulu hori duen ala ez.
– MEC, Eusko Jaurlaritza eta UPV/EHUren deialdi ofizialetako doktorego aurreko eta ondoko bekak zenbatuko dira zientzia, teknologia eta berrikuntza sistemara sartzeko doktorego aurreko edo ondoko ikertzaileen kontratuen modu berean.
– Oro har, lan esperientzia honela egiaztatuko da:
• Besteren konturako lan esperientzia denean, lan kontratuaren kopiaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiriaren bidez. Enpresaren ziurtagiri bat ere aurkeztuko da, betetako lanpostuak eta zereginak jasoko dituena.
• Norbere konturako lan esperientzia denean, eginiko lanen zinpeko aitorpenaren eta dagokion Ogasun Sailaren ziurtagiriaren bidez, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan izandako altak jasota. Gainera, benetan eginiko lanak egiaztatzeko agiriak aurkeztuko dira (BEZ aitorpenak, adibidez).
• Bekaldiak egiaztatzeko, beka deialdia egin duen organoaren ziurtagiria aurkeztuko da, espresuki adierazita noiztik noiz arte izan den bekaldia eta denbora horretan etenaldirik egon den ala ez.
– Denboran bat datozen lanaldiak/bekaldiak baloratuko dira 4 puntu/urte mugarekin.
2.– Ikerketako merezimenduak.
(Ikus .PDF)
3.– Irakaskuntzako eta gestio akademikoko merezimenduak.
(Ikus .PDF)
4.– Merezimendu akademikoak.
(Ikus .PDF)
Batez besteko nota: Espedientearen batez besteko nota agertzen den ziurtagiri akademikoetan, kontuan hartuko da nota hori, kasu guztietan.
Espedientean batez besteko nota agertzen ez bada, irakasgaien kalifikazioen batez besteko puntuazioa lortuko da, kalifikazio horiek zenbakiz adierazita daudenean.
Nota literala bada, baliokidetasun hauek erabiliko dira batez bestekoa lortzeko:
– Ohorezko matrikula: 10
– Bikain: 9
– Oso ongi: 7,5
– Nahikoa, gainditua, baliozkotua, gai: 5,5
Ez dira inola ere kontuan hartuko aukera askeko irakasgaiak batez besteko nota lortzeko.
Ziurtagiri akademiko pertsonala bidaltzen ez bada, ulertuko da izangaiak lortu duela gainditu ahal izateko batez besteko nota. Kontrakoa adierazten ez bada, puntuazioak unitate bakoitzeko dira.
5.– Euskara jakitea.
5.1.– Euskararen ezagutza akademikoa, irakasteko eskatzen den mailara arte (gehieneko maila bakarrik puntuatuko da, 8,80 puntu gehienez).
(Ikus .PDF)
5.2.– Euskararen ezagutzarekin edo ikastaro espezifikoekin loturiko merezimenduak (2,20 puntu gehienez) (C1 mailatik aurrera).
(Ikus .PDF)
6.– Irakaskuntza programa eta ikerketa proiektua (24 puntu).
Balioespen Batzordeak baloratuko ditu aurkezturiko Irakaskuntza Programaren eta Ikerketa Proiektuaren interesa, kalitatea eta berrikuntza maila, eta, horrez gainera, lehiakideak azalpen argiak emateko duen gaitasuna, plazaren irakats hizkuntzetan duen jarioa eta genero ikuspegia kontuan hartzen duen ala ez.
RSS