Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2024ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2811

IRAGARKIA, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baitira Karrantza Harana (Bizkaia) uda-mugartean dagoen mindak tratatu eta biometano eta bio-ongarri organiko bihurtzeko tratamendu-instalaziorako Verdalia Bio Karrantza, S.L.U. enpresak aurkeztu dituen proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, ezartzen du ingurumen-baimen bateratua izan behar dela 1. eranskinean jasotako jardueretako batzuk egiten diren instalazioetan eraikuntza-, muntatze-, ustiapen- edo lekualdatze-lanak egiteko edo horietan funtsezko aldaketaren bat egiteko.

Ingurumen-baimen bateratuaren xedea da atmosfera, ura eta lurzorua ez kutsatzeko edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura murriztu eta kontrolatzeko baldintzak ezartzea, kutsadura prebenitzeko eta kontrolatzeko sistema integratuak ezarriz; horrela, ingurumen osoa ahalik eta hoberen babestu ahal izango da.

Bestalde, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluaren arabera, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa aurkeztu denean, horiek jendaurrean erakusteko epealdi bat ezarri behar dela, gutxienez 30 egunekoa.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, obrak, instalazioak edo 1. eranskinean jasotako jardueretako bat egin beharra dakarten proiektuei (publiko zein pribatuei) ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaie, legeak ezarritako moduan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arruntak aurreikusten du organo substantiboak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jartzeko izapidea egitea, gutxienez hogeita hamar egun balioduneko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean eta haren egoitza elektronikoan iragarri ondoren.

Bestalde, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legeak 23. artikuluan ezartzen du ingurumen-inpaktuaren adierazpena edo ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumen-organoarena denean, eta jarduera ingurumen-baimen integratuaren edo ingurumen-baimen bakarraren araubidearen mende dagoenean, bi erregimen horiei dagozkien administrazio-prozedurak eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura barne hartuko direla.

Hondakin ez-arriskutsuak balorizatzeko jarduera denez, ingurumen-baimen integratua eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen arrunta lortze aldera, proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa aldi bakarrean jarri behar dira, biak batera, jendaurrean.

Azaldutako guztia dela bide, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren iragarkiaren bidez (2024ko apirilaren 15eko zirkularra) jendaurrean jarri zen IPPC AAI00452_SOL_2023_001 espedientea, egoki iritzitako alegazioak edo oharrak egiteko.

Uraren Euskal Agentziak eskatuta, 2024ko maiatzaren 14an Verdalia Bio Karrantza, S.L.U. enpresak proiektuaren zati bat aldatu zuen, euri-uren isurketa aldatzeko asmoz. Izan ere, hasieran, zuzenean lursailera iragazten ziren ur horiek, baina, azkenean, Las Fuentes errekara bideratuko dira, ur grisetako hidrokarburoen bereizgailuan tratatu ondoren. Aldaketa horren ondorioz, azpiegitura-aldaketak ere egin beharko dira.

Adierazitako guztiagatik, aldaketak sartuta dituen IPPC AAI00452_SOL_2023_001 espedientea berriz jarriko da jendaurrean hogeita hamar egun balioduneko epean, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak eta oharrak egin ditzaten.

Jendaurreko izapidean jarriko den instalazio-espedientea Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratuko da, jendeak eskura izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 3a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala