Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2024ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

URAREN EUSKAL AGENTZIA
2805

EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 27koa, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena. Horren bidez Oka Unitate Hidrologikoaren emari ekologikoen behin-behineko aldaketa onartzen da, «Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa: araudiaren 4. gehigarriaren behin-behineko aldaketa, Golako, Mape eta Kanpantxu ibaien arroetako emari ekologikoei dagokionez (Okako unitate hidrologikoa, Bizkaia)» txosten teknikoaren arabera.

AURREKARIAK

1.– 2023ko otsailaren 11n indarrean jarri zen Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren 2027ko ziklorako berrikuspena. Ur-masetako emari ekologikoak zehaztea hartzen du barne.

2.– Ondoren, informazio hidrologiko berria eskuratuta, egiaztatu zen Golako, Mape eta Kanpantxuko arroetan (Oka Unitate Hidrologikoa) definitutako emari ekologikoak ez datozela bat haien benetako erregimen hidrologikoarekin.

3.– Aurrekoarekin bat etorriz, eta hainbat txosten tekniko-juridiko egin ostean, Uraren Euskal Agentziak «Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa: araudiaren 4. gehigarriaren behin-behineko aldaketa, Golako, Mape eta Kanpantxu ibaien arroetako emari ekologikoei dagokionez (Okako Unitate Hidrologikoa, Bizkaia)» dokumentua egin zuen. Dokumentu horrek emari ekologikoen behin-behineko aldaketaren proposamenaren justifikazioa, proposatutako emari ekologikoak eta aldaketa egiteko prozedura jasotzen ditu.

4.– 2023ko azaroaren 15ean, EHAAn argitaratu zen Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren 2023ko azaroaren 6ko Ebazpena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita dokumentu hori, 30 egun naturaleko epean, herritarrek egoki iritzitako alegazioak egin zitzaten.

5.– 30 egun naturaleko epea igarota, ekarpen bakarra jaso zen, hain zuzen ere Golako, Mape eta Kanpantxu ibaien arroetako emari ekologikoak aldatzeko proposamenaren aldekoa.

6.– 2023ko abenduaren 21etik 2024ko urtarrilaren 31ra bitartean, kontsulta-izapidea egin zitzaien alderdi interesdunei.

7.– Kontsultak egiteko epea igarota, alderdi interesdunek ez zioten ez alegaziorik eta ez ekarpenik aurkeztu dokumentuari.

8.– Ondoren, Uraren Euskal Agentziak dokumentua finkatu du. Hura aldatzea proposatzen duen alegaziorik edo ekarpenik aurkeztu ez denez, egoera eguneratzearekin zerikusia duten aldaketak baino ez dira egin behar izan. Gainera, Agentziak dokumentu bat egin du, jendaurreko informazioaren eta alderdi interesdunei egindako kontsulten izapideei eta lortutako emaitzei buruzkoa.

9.– 2024ko martxoaren 22an, Uraren Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak adostasuna adierazi dio dokumentuari, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseilura bidaltzea erabaki du, nahitaezko txostena egin dezan.

10.– 2024ko maiatzaren 10eko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko Uraren Kontseiluak dokumentuaren aldeko txostena eman du. Egun berean, Kontseiluaren txostena ikusita, Uraren Euskal Agentziaren Erabiltzaileen Batzarrak adostasuna eman dio dokumentuari. Uraren Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari helaraztea erabaki du, bai eta izapideekin jarraitzea proposatu ere.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

I.– Oinarri juridiko formalak.

1.– Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legeak, 5. artikuluan, Uraren Euskal Agentzia sortu zuen.

2.– Uren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.a), 14.b) eta 15.a) artikuluetan xedatutakoaren arabera, Uraren Euskal Agentziaren estatutuak onartzen dituen azaroaren 28ko 178/2023 Dekretuaren 10.3 artikuluarekin lotuta, Uraren Euskal Agentziari dagokio, Uraren Kontseiluaren bitartez, nahitaezko txostenak egitea plangintza eta programazio hidrologikoari eta haren berrikuspenei buruz. Erabaki horiek Zuzendaritza Nagusiak betearaziko ditu.

II.– Oinarri juridiko materialak.

Plangintza Hidrologikoaren Erregelamenduak (uztailaren 6ko 907/2007 Errege Dekretuak onetsia) 18. artikuluan ezartzen duenez, plan hidrologikoak zehaztuko du demarkazioan dauden tarteko ur eta ibaien emari ekologikoen erregimena, aintziren eta hezeguneen ur-premiak ere barnean hartuta. Erregimen hori uretako ekosistemen eta haiekin lotura duten lehorreko ekosistemen funtzionalitatea eta egitura era jasangarrian mantentzea ahalbidetzeko moduan ezarriko da, lagungarri izan daitezen ibaien edo trantsizioko uren egoera on edo potentzial ekologikoak erdiesteko.

Kantauri Ekialdeko demarkazio hidrografikoaren plan hidrologikoa Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko eta Espainiako zatiko Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoetako plan hidrologikoen berrikuspena onartzen duen urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretuak onartu zuen. Plan horrek demarkazioko emari ekologikoen erregimena zehazten du, erregelamendu horretan ezarritakoarekin bat etorriz. Zehazki, Plan Hidrologikoaren Araudiaren 4.1 gehigarrian, ibaien eta urtegien kategorietako ur-masetako gutxieneko emari ekologikoak ageri dira. Erregimen hori Plan Hidrologikoaren Memoriaren V. eranskinean jasotako azterketen eta Plangintza Hidrologikorako Jarraibidean ezarritako esparruaren arabera ezarri da.

Indarrean dagoen Plan Hidrologikoa egiteko unean eskuragarri ez zegoen informazio berria dago Oka Unitate Hidrologikoaren inguruan. Informazio horri esker, Uraren Euskal Agentziak egiaztatu ahal izan du Golako, Mape eta Kanpantxu ibaien arroetan Plan Hidrologikoak zehaztutako gutxieneko emari ekologikoen erregimena ez datorrela bat haien errealitate hidrologikoarekin –hiru arro horiek Oka Unitate Hidrologikoaren barruan daude–. Ur-baliabideak egokiro kudeatu ahal izateko, beharrezkotzat jo da emari horiek behin-behinean aldatzea, harik eta Plan Hidrologikoaren etorkizuneko berrikuspenean behin betiko onartu arte.

Ondorioz, Uraren Euskal Agentziak dokumentu hau egin du: «Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa: araudiaren 4. gehigarriaren behin-behineko aldaketa, Golako, Mape eta Kanpantxu ibaien arroetako emari ekologikoei dagokionez (Okako Unitate Hidrologikoa, Bizkaia)». Ondoren, beharrezkoak diren izapideak egin dira; ebazpen honen aurrekarien atalean deskribatu dira.

Azaldutako guztia dela eta, Uren Legea, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoa, Plangintza Hidrologikoaren Erregelamendua, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehorte Plana, egindako txosten tekniko juridikoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Golako, Mape eta Kanpantxu ibaien arroetako (Oka Unitate Hidrologikoa, Bizkaia) emari ekologikoen behin-behineko aldaketa onartzea, «Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoa: araudiaren 4. gehigarriaren behin-behineko aldaketa, Golako, Mape eta Kanpantxu ibaien arroetako emari ekologikoei dagokionez (Okako Unitate Hidrologikoa, Bizkaia)» dokumentuaren arabera, Plan Hidrologikoaren etorkizuneko berrikuspenean behin betiko onartu arte. Dokumentua Uraren Euskal Agentziaren web-orrian dago eskuragarri:

(https://www.uragentzia.euskadi.eus/kantauri-ekialdeko-plan-hidrologikoa-2022-2027/-/hirugarren-plangintza-zikloaren-plan-hidrologikoa-2022-2027/).

Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

Hirugarrena.– Agintzea ebazpen hau interesdunari jakinaraz dakiola, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan xedatutakoarekin.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 6.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 8. artikuluarekin lotuta, eta 2021eko otsailaren 5eko Agindua aplikatuz.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maitzaaren 27a.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ANTONIO AIZ SALAZAR.


Azterketa dokumentala