Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2024ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2797

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 22koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Gureak Inklusio Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa.

2024ko martxoaren 15ean eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Gureak Inklusio Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.

Eskabidearekin batera espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Fundazioaren patronatuak 2023ko abenduaren 18an eta 2024ko otsailaren 15ean erabaki zuen aldaketa, hurrenez hurren, eta eskritura publikoan gauzatu zen Donostian, 2024ko otsailaren 19an, José Carlos Arnedo Ruiz notarioaren aurrean, egoitza bera duen Diego María Granados de Asensio jaunaren ordezko gisa (protokolo-zenbakia: 200).

2023ko abenduaren 18ko erabakiaren bidez aldatu ziren estatutu sozialen 9., 10., 12., 17. eta 22. artikuluak, fundazioaren patronatuko kideen osaerari eta kargu-uzteari buruzkoak.

– Patronatua osatzen duten pertsonak aukeratzea, izendatzea eta kargutik kentzea (9. artikulua): emakumeak patronatuan sartzea lehenesten da, gutxienez % 40ra iritsi arte.

– Patronatuko kideak kargutik kentzeko arrazoiak (10. artikulua): kargua uzteko kausa gisa, 75 urte betetzea gehitu da, hortaz, patronatua uzteko betebeharra ezartzen da, 12. artikuluan adierazitako gehieneko epean adin hori betetzen bada.

Patronatuaren iraupena (12. artikulua): patronatukideak bere eginkizunak utzi beharko ditu bost urteko aldi baterako iraupena amaitzean, nahiz eta aldi berdinetarako berriro hautatu ahal izan, inolako mugarik gabe.

Patronatuaren eginkizunak (17. artikulua): fundatzailearen baimena edo oniritzia izan behar da beti fundazioaren estatutuak aldatzeko.

Eratzea eta erabakiak hartzea (22. artikulua): oro har, botoen gehiengoa ezartzen da. Bi herenen aldeko botoa honako kasu hauetan xedatzen du: eraldaketa, bat-egitea, zatiketa, azkentzea, kideren bat banantzea eta estatutuak aldatzea.

Era berean, 2024ko otsailaren 15eko erabakiaren bidez, estatutu sozialen 3. artikulua aldatu zen, fundazioaren xedeari dagokionez.

Fundazioaren xedeak (3. artikulua): gizarte bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen laneratzea sustatzeko tresna gisa prestakuntza sartu da. Ondorioz, prestakuntza sartu da fundazioak interes orokorreko helburuak lortzeko egingo duen jarduera gisa.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Gureak Inklusio Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, azalpen-zatian aipatutako aldaketa txertatzeko, agindu honen datarekin, 2024ko otsailaren 19an José Carlos Arnedo Ruiz notarioaren aurrean egoitza bera duen Diego María Granados de Asensio jaunaren ordezko gisa egiletsitako eskritura publikoan ezarritakoari jarraituz (protokolo-zenbakia: 200).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 22a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala