
105. zk., 2024ko maiatzaren 30a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 7 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2628
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 16koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariarena, argitara emateko SPRI-Enpresen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Ekonomia eta Ogasun Sailaren arteko kudeaketa-gomendiorako hitzarmena, laguntzen eta dirulaguntzen itzulketak betearazpen-bidean biltzeari buruzkoa.
Enpresen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak kudeaketa-gomendiorako hitzarmena sinatu dute betearazpen-bidean biltzeko laguntzen eta dirulaguntzen itzulketak. Beraz, behar den publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzea Enpresen Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak sinatu duten kudeaketa-gomendiorako hitzarmenaren testua. Hitzarmen horren bidez, Agentziak kudeatu dituen laguntzen eta dirulaguntzen itzulketak betearazpen-bidean bilduko dira. Ebazpen honen eranskinean dago jasota hitzarmen hori.
Bilbao, 2024ko maiatzaren 16a.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA.
ERANSKINA
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO EKONOMIA ETA OGASUN SAILAREN ARTEKO KUDEAKETA-GOMENDIORAKO HITZARMENA, BETEARAZPEN-BIDETIK BILTZEKO ERAKUNDE HORREK KUDEATUTAKO LAGUNTZA-PROGRAMEN ITZULKETAK
ESKU HARTZEN DUTE:
Alde batetik, Pedro María Azpiazu Uriarte jauna, Ekonomia eta Ogasuneko sailburua den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluan eta Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 69/2021 Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bestetik, Aitor Urzelai Inza jauna, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusia den aldetik, azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuaren bidez (2018ko azaroaren 28ko EHAA, 229. zk.) onartutako estatutu sozialek emandako eskumenei jarraikiz.
Aldeek hitzarmen hau sinatzeko legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta, horretarako,
HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:
I.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren bidez, SPRI zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa eratu zen, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak lortzeko jarduteko gaitasun osoa dituela, eta industria-politika eta enpresen lehiakortasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita, gaur egun «Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila».
II.– SPRIren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ekonomia-sustapeneko politikarako tresna gisa jardutea, eta bere eskumenak erabiliz laguntzak eta dirulaguntzak eman ditzake, jarduera hori administrazio-zuzenbidearen arabera egitekotan, betiere.
III.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen dituen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 53. artikuluaren arabera, itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartzen dira eta SPRIk ez du baliabide nahikorik kudeatzen dituen programen bidez ematen dituen laguntzak itzultzetik eratorritako zuzenbide publikoko diru-sarrerak premiamendu-bidearen bidezko kobrantza bere gain hartzeko. Horregatik, jarduera hori erakunde baten esku utzi behar da, erakunde horrek laguntzak espezialitate-baldintza onenetan eman ditzan.
IV.– Ekonomia eta Ogasun Sailak, betearazpen-bidean biltzeko eskumena duen Zuzendaritzaren bitartez, beregain dauka eskumena, besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko diru-sarrerak biltzeko, betearazpen-aldian, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduaren (aurrerantzean, Diru-bilketa Erregelamendua) eta sail horren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretuak emandako ahalmenaren babesean.
V.– Ekonomia eta Ogasun Sailak baditu SPRIren premiei (aurretik adierazi dira) behar bezala erantzuteko beharrezko diren baliabideak eta antolaketa, eraginkor, arin eta taxuz aritzeko moduan. Batetik, nahitaezko diru-bilketarako erakunde laguntzaileen sare bat du, eta, bestetik, ezarrita du Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integrala «SIPCA» izeneko sistema informatikoa, diru-sarrerak nahitaezko aldian automatikoki erregistratu eta kobratzeko. Horrek guztiak ziur adierazten du komeni dela sail horri agintzea SPRIk kudeatzen dituen laguntza-programetatik eratorritako kredituak nahitaezko aldian biltzeko lana.
VI.– Kudeaketa-gomendio honetarako eskumena oro har aitortuta dago Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan eta Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 37.2 artikuluan.
VII.– Azaldu diren arrazoiak direla bide, SPRI eta Ekonomia eta Ogasun Saila ados daude hitzarmen hau sinatzeko, SPRIk emandako laguntzen betearazpen-bideko bilketa Ekonomia eta Ogasun Saileko organoen bitartez egin dadin. Hala, bada, Ekonomia eta Ogasun Sailak egingo du kreditu horien nahitaezko diru-bilketaren kudeaketa materiala aurrerantzean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 40.4 artikuluan aipatzen diren erakunde publiko edo pribatuen laguntzarekin), honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea eta araubide juridikoa.
Ekonomia eta Ogasun Sailak bere gain hartzen du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatzen dituen laguntzen eta dirulaguntzen itzulketen nahitaezko diru-bilketaren kudeaketa, hark hala agintzen dionean; horretarako, bere alde dituen kredituen nahitaezko diru-bilketaren kudeaketa materiala eramango du.
Hitzarmenean aurreikusitako zerbitzuak emateko eta informazioa trukatzeko, honako araudi hau bete beharko da:
a) 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua, baita horiek garatzeko eman diren edo eman daitezkeen gainerako xedapenak ere.
c) 47/2003 Lege Orokorra, azaroaren 26koa, Aurrekontuei buruzkoa; eta 58/2003 Lege Orokorra, abenduaren 17koa, Tributuei buruzkoa. Oinarrizko izaerakoan diren edo EAEn zuzenean aplikatu beharrekoak diren puntuetan.
d) 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
e) 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
f) Oro har, diru-bilketaren kudeaketaren arloan aplikatzekoa den indarreko araudia.
g) 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
h) 3/2022 Legea, maiatzaren 12koa, Euskal Sektore Publikokoa.
i) Hitzarmen honetako klausulak.
Bigarrena.– Aplikazio-eremua.
Hitzarmen honen xede diren eskubideen diru-bilketaren kudeaketa berbera izango da Estatuko lurralde osoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izaera publikoko eskubideak nahitaez biltzeko erabilitako informazio-baliabide eta prozedura tekniko berberak erabiliko dira.
Hirugarrena.– Aldeen betebeharrak.
Gomendioko kudeaketa materiala honako jarduera hauetan gauzatuko da, kasu bakoitzean zehaztuta zenbateko irismena izango duen.
1.– SPRIren organo eskudunari dagokio:
a) Bildu beharreko zorren likidazioekin lotutako errekurtsoak eta gorabeherak ebaztea.
b) Premiamendu-probidentziak ematea eta betearazpen-bidean dirua biltzeko eskumena duen zuzendaritzari probidentzia horien kopia bidaltzea, pertsona eta erakunde zordunen zerrendarekin batera.
c) Premiamendu-probidentzia horien aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoak ebaztea; aurkaratutako egintza eteteko eskaerak izapidetzea eta ebaztea, eta horren berri ematea betearazpen-bidean dirua biltzeko eskumena duen zuzendaritzari, hala badagokio, aurkeztutako bermea adieraziz.
d) Kreditu jakinak kobraezin deklaratzeko erabakia hartzea, Diru-bilketako Erregelamenduarekin bat etorriz.
e) Bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzea, egoki denean.
f) Hitzarmen honen xede diren eta konkurtso-prozesuaren mende dauden baliabideei dagozkien kobrantza-eskubideak defendatzea.
g) Eman dituen egintzei eragiten dieten epai judizialak betearaztea.
2.– Ekonomia eta Ogasun Sailari dagokio:
a) Aurreko puntuan aipatuta ez dauden premiamendu-prozeduraren jarduketak egitea.
b) SPRIk bidalitako premiamendu-prozeduren probidentzien berri ematea zordunei eta egin ezindako jakinarazpenak ediktuan argitaratzea.
c) Enbargo eta gainerako izapide materialei buruzko premiamendu-prozeduren jarduketak egitea eta, hala badagokio, zorrak kobratzeko beharrezko bahitura-eginbideak burutzea eta jakinaraztea eta horien aurka jarritako berrezartze-errekurtsoak ebaztea.
d) Informazioa eskatzea beste Administrazio, finantza-entitate eta Erregistro Publikoei, bahitura jaso lezaketen zordunen ondasun, kreditu eta eskubideei buruz.
e) Bermeak egikaritzea, Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoarekin bat.
f) Betearazpen-aldian jasotako luzapen- eta zatitze-eskaerak ebaztea eta SPRIri ebazpen horien berri ematea.
g) Premiamenduzko bidean bildutako zorren berandutze-interesak likidatzea.
h) Kobratu ezin diren kredituak adierazi eta birgaitzeko proposatzea.
i) Premiamendu-prozeduran susta litezkeen bitartekotzak ebaztea.
j) Ordaintzera behartutakoek jarritako erreklamazio ekonomiko-administratiboetan premiamendu-prozedura bertan behera uzteko eskaerak izapidetu eta ebaztea.
k) Hala badagokio, beharrezko jarduketak eginda daudela, SPRIri proposatzea erantzukizun solidario edo subsidiariotik eratorritako administrazio-egintza ebaztea, SPRIren eskubide publikoko zor bat biltzeko prozeduran zehar, betearazpen-biderako bilketarako zuzendaritza eskudunak ardura besterendu izanaren ustezko egoeren berri duenean.
l) Zorren nahitaezko diru-bilketarako beharrezko beste edozein jarduketa egitea.
3.– Aldeen arteko koordinazioa, interesdunek egindako jarduketak edo horiek edozein organoren aurrean aurkeztutako dokumentuak organo hartzaileak onetsiko ditu, eta organo eskudunari jakinarazi edo bidaliko dizkio.
Laugarrena.– Prozedura.
1.– Bilketarako kudeaketa-lana abiaraztea.
Borondatezko epea amaitzen denean dirua sartzeko, zorrak kitatu ez badira, SPRIko organo eskudunak premiamenduzko administrazio-prozedura hasteko beharrezko betearazpen-tituluak bidaliko ditu, Diru-bilketaren Erregelamenduak xedatutakoarekin bat. Betearazpen-titulu horiek, gutxienez, Erregelamendu horretan berariaz aipatutako datuak jasoko ditu.
Erreklamaziorik balego, SPRIk, hilean behin, Ekonomia eta Ogasuna sailari, horrek zehazten dituen bideetatik, premiamenduko probidentzia-zorren fitxategi xehakatua bidaliko lioke, eta, onetsi aurretik, bidalitako edukia egiaztatuko dute betearazpen-bideko bilketarako zuzendaritza eskuduneko zerbitzuek. Aipatutako fitxategiaren zehaztasun teknikoak Administrazioaren Kobratze eta Ordainketen Sistema Integralean ezarritakoetara egokitu beharko dira.
Ezingo dira bidali hasierako zenbatekoa 12 euro baino gutxiagokoa duten zorrak. Era berean, beste arrazoi batzuengatik baztertu egingo dira Diru-bilketaren Erregelamenduan eskatutako daturik gabe datozen zorrak, preskribatutakoak, eta gomendio honen alorrekoak ez diren zorrak.
Datuak okerrak badira, organo eskatzailea izango da horren ondorioz egon litezkeen ondoreen arduraduna, baldin eta ondorio horiek SPRIri leporatzeko moduko akats baten emaitza badira.
Betearazpen-bideko bilketarako zuzendaritza eskudunak betearazpen-bideko zor horiek biltzeko prozedura izapidetuko du, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.
Zor horiek biltzeko kudeaketa amaitzean, bildutako zenbatekoa hilean behin transferituko zaio jarraian adierazitako SPRIren kontuari: ES39 2095 0611 0091 1858 4906.
2.– Luzapenak eta zatitzeak.
Bata zein bestea emateko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren aldeko zorrak kobratzeko eskumena duen zuzendaritzak betearazpen-bidean aplikatzen dituen denborazko eta zenbatekozko irizpide berdinak aplikatuko ditu. Luzatzeko eskaerak SPRIren aurrean aurkezten direnean, horrek betearazpen-bideko bilketarako zuzendaritza eskudunari bidaliko dizkio, eskaera aurkezten denetik gehienez hamar egun naturaleko epean.
3.– Prozeduraren kostuak.
Premiamendu-prozeduraren kostutzat hartuko dira bilketa-jardueraren ondorioz sortzen direnak, baldin Diru-bilketaren Erregelamenduan zehaztuta badaude. Sor litezkeen kostu horiek ezin izango zaizkie zordunei kobratu, SPRIren kargura egongo dira, eta urteko likidazioan SPRIri transferitu beharreko zenbatekoa murriztuz ordainduko ditu.
4.– Prozedura etetea.
Errekurtsoak eta erreklamazioak jarri direla-eta prozedura etetekotan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren zorretarako kasu eta baldintza berdinetan etengo da.
5.– Premiamendu-errekargua aldatzea.
Premiamendu-probidentzian ohiko premiamendu-errekargua likidatu denean, eta Ekonomia eta Ogasuna Sailaren azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 40.bis artikuluan aurreikusitakoarekin bat, ordainarazpen-errekargua aplikatzea dagokionean, hasiera batean likidatutako errekargua murriztuko da.
Bosgarrena.– Datuen babesaren arloko betebeharrak.
Hitzarmen honetan xedatutakoa betearazteko Ekonomia eta Ogasuna Sailak SPRIk bidaltzen dizkion fitxategiek dituzten diru-bilketari buruzko datuetarako duen sarbidea Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Legearen 95.1.b) artikuluak xedatutakoaren babesean dago.
Edonola ere, eskaera jaso duen organoa izango da kudeaketa-gomendioa betetzean eskura lituzkeen datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna eta, horrenbestez, Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko legea aplikatuko zaio (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa). Ondorio horietarako, Hitzarmen honekin batera sinatzen den konfidentzialtasuneko eta datuen tratamenduko kontratu-ereduaren arabera arautuko da arduradunak datuei eman beharreko tratamendua.
Seigarrena.– Zerbitzuaren kostua.
Ekonomia eta Ogasuna Sailak, kudeaketa-gomendio honen xede den zerbitzua (dirua betearazpen-aldian biltzea) emateagatik, bildutako zenbateko osoaren % 14a jasoko du, prozeduraren kostutarako bildutako zenbatekoak kanpo.
Zazpigarrena.– Jarraipen batzordea.
Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratuko da, alde sinatzaile bakoitzeko ordezkariek osatua, eta bere eginkizuna izango da hitzarmenetik eratorritako betebeharrak betetzen direla ziurtatzea, eta egin beharreko jarduketen funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak izan litezkeen neurri eta zehaztasunak hartzea. Era berean, gomendio-hitzarmenaren xedapenak interpretatu eta betearaztean sor litezkeen zalantzak, gatazkak eta auzi-kontuak eztabaidatu eta ebazteko eskumena izango du.
Batzordea alde bietako edozeinek eskatzen duenean bilduko da, hitzarmena aplikatzeak sortuko lituztekeen zalantza edo zailtasunak argitzeko, edo praktikan jartzeko komeni den beste ezer egiteko bildu behar den guztietan.
Funtzionamenduari eta araubide juridikoari dagokionez, klausula honetan berariaz ezarrita ez dagoenari buruz, Jarraipen Batzordea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legean kide anitzeko organoei buruz xedatutakoaren menpe egongo da.
Zortzigarrena.– Eskumenaren titulartasuna.
Kudeaketa-gomendio honek ez dakar eskumenen titulartasuna edo jardueraren elementu garrantzitsuak lagatzea.
Bederatzigarrena.– Indarraldia.
Kudeaketa-gomendioko hitzarmen honen indarraldia 2024ko abenduaren 31n amaituko da.
Epe hori amaitzean, isilbidez luzatuko da, urtebeteko epetan segidan, non eta ez den berariaz salatzen hitzarmena, iraungitze-data baino sei hilabete lehenago, gutxienez.
Era berean, alde bietako batek hitzarmen honen xedez hartutako konpromisoetako edozein betetzen huts egiten badu, suntsitzeko moduan izango da hitzarmena.
Alde biak ados daude dokumentu honen edukiarekin eta, hori adierazteko, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatu dute.
Baimena adierazteko, alde biek hitzarmen hau sinatu dute, dokumentuaren azken forma digitalean adierazitako tokian eta epean.
Vitoria-Gasteiz, martxoaren 18a.
Ekonomia eta Ogasuna Saila:
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia:
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
AITOR URZELAI INZA.
RSS