
105. zk., 2024ko maiatzaren 30a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (166 KB - 8 orri.)
- EPUB (117 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2624
AGINDUA, 2024ko maiatzaren 21ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2024. urtean Euskadi literatura-sariak arautu eta horretarako deialdia egiten dituena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei eta horien hedapenari buruzko egitekoak eta jardun-arloak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren barruan, aipatutako eginkizunak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen zaizkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez.
Euskadi literatura-sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta aurreko urtean argitaratutako literatura-lanen kalitatea saritzen dute, horrela literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzeko.
Urtero egiten da sari hauetarako deialdia, asmo bikoitzarekin: saritutako lanak zabaltzea eta egileak berak eta egin dituzten lanak ezagutaraztea.
Liburugintzaren eta literaturaren alorrean duten oihartzun eta garrantziagatik, sari hauek euskal literatura sustatzeko eta zabaltzeko tresnarik egokienetako bat bihurtu dira.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitekoa da, besteak beste, literatura-sorkuntza errazten duten jarduerak sustatzea. Beraz, zereginak betetzeko, Sailak egoki deritzo Euskadi literatura-sariak, hainbat modalitatetan, arautzeari eta horretarako deialdia egiteari.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Euskadi literatura-sariak, haien zazpi modalitateetan, arautzea eta horretarako dei egitea:
a) Euskarazko literatura.
b) Gaztelaniazko literatura.
c) Euskarazko haur eta gazte literatura.
d) Euskarazko literatura itzulpena.
e) Literatura lanaren ilustrazioa.
f) Euskarazko saiakera.
g) Gaztelaniazko saiakera.
2.– Sarien asmoa da bizirik dauden egileek aipatutako literatura generotan argitaratutako lan nabarmenenak saritzea, kontu horietan adituak direnen arabera.
2. artikulua.– Sarien izaera.
1.– Euskadi literatura-sariak 18.000 euro gordinez hornituta daude modalitate bakoitzeko. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura-sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko «Liburu Nabigatzaile» izeneko eskulturaren ale zenbatua jasoko dute.
2.– Horrez gain, saritutako lanaren egileek (euskarazko itzulpenaren kasuan salbu) beste 4.000 euro gordin ere jasoko dituzte, saritutako lana jatorrizkoa ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua sinatu ostean. Edizio-kontratua 2025eko abenduaren 31 baino lehen sinatu beharko da.
3.– Lana pertsona batek baino gehiagok egin badu, eta ez bada besterik adierazten edizio-kontratuan, ulertuko da parte-hartze berdina izan dutela lanaren sorkuntzan, eta beraz, sariaren diru-kopurua zati berdinetan banatuko da haien artean. Halakoetan, egileek «Liburu Nabigatzaile» eskulturaren ale bana jasoko dute.
3. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.
Honako deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.
4. artikulua.– Hautagaien betekizunak.
1.– Argitaratze-unean bizirik dauden egileek idatzi, itzuli edo ilustratutako lanek eskuratu ahal izango dituzte Euskadi literatura-sariak. Lan horiek lehen aldiz 2023. urtean argitaratuak izan beharko dute, ISBN (International Standard Book Number) izan behar dute, eta zabalkundea egiteko bete beharreko lege-baldintzak bete beharko dituzte. Liburu kontzeptua zer den ulertzeko, Irakurketa, Liburu eta Liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen 2.a) artikuluko definizioa hartuko da kontuan: «Liburua: lan zientifikoa, artistikoa, literarioa edo beste edozein motatakoa, liburuki bat edo gehiago izanda argitalpen bakarra eta era inprimatuan edo irakurgarria den beste edozein euskarritan argitaratu daitekeena. Liburuaren definizioan sartzen dira, agindu honetan xedatutakoarekin bat, liburu elektronikoak eta Interneten edo etorkizunean ager daitekeen beste edozein euskarritan zabaldu edo argitaratzen diren liburuak, inprimatuak, ikusizkoak, ikus-entzunezkoak edo soinua duten material osagarriak, liburuarekin batera argitaratzen badira eta liburu beraren izaera bateratuaren barruan daudenak, eta baita beste edozein argitalpen-produkzio ere». Lege-gordailuan agertzen den urtea izango da argitaratze urtea. Lanaren zati idatziaren edo grafikoaren egileak pertsona fisiko bat edo bi izango dira.
Euskaraz idatzita ez dauden lanak Espainiar estatuan argitaratutakoak izan beharko dira.
2.– Hala ere, ez dira kontuan hartuko kasuan kasuko modalitatean sari hau azken hiru deialdietako batean jaso duten, edo epaimahaiek saria jasotzeko proposatu dituzten idazle, itzultzaile edo ilustratzaileen lanak, nahiz eta goiko apartatuan zehaztutako baldintzak bete.
3.– Modalitate bakoitzaren betekizunak.
a) Euskarazko literatura: jatorriz euskaraz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak.
b) Gaztelaniazko literatura: jatorriz gaztelaniaz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak.
c) Euskarazko haur eta gazte literatura: jatorriz euskaraz idatzitako haur eta gazte literatura-sorkuntzako lanak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak.
d) Euskarazko literatura itzulpena: beste edozein hizkuntzatatik euskarara itzulitako literatura lan berriak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak (poesian izan ezik). Saria eskuratzeko aukera izango dute, baita ere, beste itzultzaile profesional batek gutxienez hamar urte lehenago argitaratutako lan beraren beste itzulpen batekin editatzen diren lanek.
e) Literatura lanaren ilustrazioa: liburu tankeran argitaratutako literatura lanak (albumak, liburu ilustratuak, eleberri grafikoak, komikiak), ilustrazio-zati esanguratsua dutenak. Lanaren zati ilustratuak originala izan behar du, aurretik liburu moduan argitaratu gabea.
f) Euskarazko saiakera: jatorriz euskaraz idatzitako ez-fikziozko lanak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak.
g) Gaztelaniazko saiakera: jatorriz gaztelaniaz idatzitako ez-fikziozko lanak eta bere osotasunean hizkuntza horretan argitaratuak.
Gainera, gaztelaniazko literatura, literatura lanaren ilustrazioa eta gaztelaniazko saiakera modalitateetan, egile guztiek Euskal Autonomia Erkidegoan jaio izana edo bertan administrazio-egoitza izatea Agindu hau argitaratzen den unean.
4.– Ezin izango dute sari hauetan parte hartu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea berekin dakarren zigor administratiboa edo penala ezarrita dutenek, ezta horretarako desgaitzen duen legezko debekua ezarrita dutenek eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera sexu-diskriminazioagatik zigortuta daudenek ere.
5.– Bakarrik lanaren parte grafikoa ilustrazio modalitatean aurkezten bada, eta idatzizkoa beste modalitate batean, parte hartu ahal izango du lan berak sarietako bi modalitatetan. Obra bat modalitate batean baino gehiagotan aurkezten bada (Ilustraziokoa ez den beste batean), lehenengo aurkeztutako eskabidea bakarrik hartuko da kontuan.
5. artikulua.– Lanak, dokumentazioa aurkeztea eta epea.
1.– Modalitate bakoitzeko epaimahaikide bakoitzak sarirako hautagai bat edo bi aurkeztuko du. Obra aurkezten duen epaimahaikidearen ardura izango da argitalpen-baldintzak betetzen dituztela bermatzea.
2.– Modalitate bakoitzeko epaimahaikideek hautagaiak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez, artikulu honen 3. apartatuan adierazten diren web helbideen bidez.
3.– Hautagaiak nola aurkeztu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en web helbide hauetan eskura daitezke:
– Euskarazko literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128144
– Gaztelaniazko literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128145
– Euskarazko haur eta gazte literatura: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128146
– Euskarazko literatura itzulpena: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128147
– Literatura lanaren ilustrazioa: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128148
– Euskarazko saiakera: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128149
– Gaztelaniazko saiakera: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0128150
Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta, horretarako, ordezkaritza https://www.euskadi.eus/ordezkariak helbidean eskuragarri dagoen Eusko Jaurlaritzaren ahalordetzeen erregistroan inskribatu ahal izango da.
4.– Hautagaiek 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Sarietan parte hartzeko baldintzak betetzeari dagokion akreditazioa beharrezkoa bada, eta hori egiaztatzen duen dokumentazioa diharduen administrazioaren esku badago edo beste edozein administraziok egina bada, deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Interesduna espresuki aurka agertzen bada, berak aurkeztu beharko ditu beharrezkoak diren agiriak.
5.– Epaimahaiek aurkeztutako hautagaien egileei posta elektronikoaren bidez komunikatuko zaie haien parte-hartzea sarietan, une horretan, gainera, administrazioarekiko komunikazio-kanala zein izatea nahi duten galdetuko zaie.
6.– Sarirako hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da eta agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da.
6. artikulua.– Epaimahaiak.
1.– Sarirako hautagaiak aurkeztu, lanen kalitatea neurtu eta Euskadi literatura saria, kasuan kasuko modalitatean, nori egokituko zaion erabakitzea, modalitate bakoitzeko epaimahaia osatzen duten epaimahaikideei dagokie. Bost kidek osatutako epaimahaiak modalitate bakoitzeko Euskadi literatura saria emateko proposamena egingo du. Epaimahaikideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan. Batzordean parte hartzeagatik epaimahaikideek jasotako informazioa konfidentzialtasunez gordeko dute.
2.– Epaimahaia osatzeko orduan, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.7 artikuluan dioena beteko da.
3.– Epaimahaikideak modalitate bakoitzean:
a) Euskarazko literatura:
– Arantxa Urretabizkaia Bejarano, aurreko urteko irabazlea.
– Maite Lopez las Heras, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) proposatutakoa.
–- Alexander Gurrutxaga Muxika, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Ane Labaka Mayoz.
– Mikel Ayerbe Sudupe.
b) Gaztelaniazko literatura:
– Alejandro Morellón Mariano, aurreko urteko irabazlea.
– Javier Sagastiberri Arruebarrena, Euskadiko Idazleen Elkarteak (AEE-EIE) proposatutakoa.
– Juan José Lanz Rivera, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Aixa de la Cruz Regulez.
– Patricia Millan Molinuevo.
c) Euskarazko haur eta gazte literatura:
– Patxi Zubizarreta Dorronsoro, aurreko urteko irabazlea.
– Larraitz Idarreta Garmendia, Galtzagorri elkarteak proposatutakoa.
– Xabier Etxaniz Erle, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Naroa Zubillaga Gómez.
– Ruben Ruiz Perez.
d) Euskarazko literatura itzulpena:
– Iñigo Roque Eguskitza, Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) proposatutakoa.
– Garbiñe Iztueta Iturrate, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Arantza Etxebarria Iturrate, Euskaltzaindiak proposatutakoa.
– Idoia Gillenea Mujika.
– Jose Manuel Lopez Gaseni.
e) Literatura lanaren ilustrazioa:
– Joseba Larratxe Berazadi, aurreko urteko irabazlea.
– Janire Orduña, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE) proposatutakoa.
– Jose Carlos Torre Sanchez, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Jose Antonio Morlesín Mellado.
– Miren Asiain Lora.
f) Euskarazko saiakera:
– Miren Billalabeitia Bengoa, aurreko urteko irabazlea.
– Ane Larrinaga Renteria, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Jon Mentxakatorre Odriozola, Mondragon Unibertsitateak proposatutakoa.
– Ainhoa Novo Arbona.
– Xabier Aierdi Urraza.
g) Gaztelaniazko saiakera:
– Ander Izagirre Olaizola, aurreko urteko irabazlea.
– Iñigo Marauri Castillo, Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutakoa.
– M.ª Jesus Pando Canteli, Deustuko Unibertsitateak proposatutakoa.
– Maria Gorosarri Gonzalez.
– Mikel Reparaz Extramiana.
4.– Idazkari-lanetan Kultura Sustapeneko teknikari bat arituko da. Iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez. Aurreko urteko sariaren irabazlea epaimahaian baldin badago bera izango da epaimahaiburua. Gainerako kasuetan, epaimahaiaren presidentea epaimahaikiderik zaharrena izango da.
5.– Modalitate bakoitzean, epaimahaikideek irizpide hauek hartuko dituzte kontuan.
a) Euskarazko literatura, gaztelaniazko literatura eta euskarazko haur eta gazte literatura modalitateetan:
– Lanen kalitate literarioa. Gehienez: % 40.
– Originaltasuna. Gehienez: % 30.
– Literatura-hizkeraren egokitasuna. Gehienez: % 30.
b) Euskarazko literatura itzulpenaren modalitatean:
– Erregistroaren egokitasuna. Gehienez: % 40.
– Jatorrizkoaren espiritua bereganatzea. Gehienez: % 30.
– Balio eta hizkuntza literarioen erantzuna. Gehienez: % 30.
c) Literatura-lanaren ilustrazioaren modalitatean:
– Ilustrazioen kalitatea. Gehienez: % 40.
– Originaltasuna. Gehienez: % 30.
– Hizkuntza grafikoaren egokitasuna. Gehienez: % 30.
d) Euskarazko saiakeraren eta gaztelaniazko saiakeraren modalitateetan:
– Lanen kalitatea. Gehienez: % 40.
– Sormena eta landutako gaiaren originaltasuna. Gehienez: % 30.
– Erabilitako hizkuntzaren egokitasuna. Gehienez: % 30.
7. artikulua.– Sariari buruzko erabakia.
1.– Epaimahai bakoitzak bere modalitatean saria emateko proposamen arrazoitua egingo du. Erabakiak botoen gehiengoaren arabera emango dira, eta, berdinketarik egonez gero, presidentearen botoak ebatziko du. Epaimahaiko idazkariak bertako jardun eta erabakien berri jasoko du aktan, baita epaia funtsatzen duen deliberamendu arrazoitua ere.
2.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bidezko agindua emango du, Euskadi Saria modalitate bakoitzean merezi duen lana izendatzeko. Agindu hori sei hilabeteko epean saridun bakoitzari jakinaraziko zaio, agindu hau buletinean argitaratzen denetik kontatuta.
3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, saritutako pertsona eta lanekin, eta hedabideetan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bidera ditzakeen zabalkunde-ekintzak egin ahal izango dira.
4.– Modalitate bakoitzean saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, epaimahaiaren iritziz lan bakar batek ere beharrezko kalitate-baldintzak betetzen ez baditu.
8. artikulua.– Sariaren ordainketa.
1.– Saria emateko agindua onartu eta gehienez hiru hilabeteko epean ordainduko da saria, ordainketaldi bakar batean. Aurretik saridunek onartu egin beharko dute saria. Horretarako, hamar eguneko epean, aginduaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, saridunek ez badiote sariari berariaz eta idatziz uko egiten, saria onartu dutela ulertuko da.
2.– Ondoren, sari-banaketa berariaz antolaturiko ekitaldi publiko bat egingo da.
3.– Saritutako lanaren egileari (itzulpenaren modalitatean izan ezik) bere lana jatorrizko hizkuntza ez den beste hizkuntza batean argitaratzeko kontratua egite aldera eman beharreko diru-kopurua, kontratua sinatu dela Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan egiaztatu ondoren ordainduko da (betiere hurrengo urteko ekitalditik aurrera). Horretarako, kontratuaren kopia bidali beharko da 2025eko abenduaren 31 baino lehen.
4.– Bestalde, saritutako lanaren egileak berak aukeratutako hizkuntzara itzulitako eta argitaratutako lan horren bi ale bidali beharko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara, lana editatu eta, gehienez, hilabeteko epean, betiere 2026ko abenduaren 31 baino lehen.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu pertsonalak.
Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.
– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.
– Helburua: sarien kudeaketa.
– Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoen izenean burutzekoa den eginkizun bat betetzeko (Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa).
– Hartzaileak: gai honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
– Eskubideak: eskubidea duzu zure datuetarako irispidea izateko, datu horiek zuzentzeko eta ezabatzeko edo datuen tratamendua mugatu edo haren aurka egiteko, informazio gehigarrian azaltzen den bezala.
Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalak babestearen arloko informazio gehiago:
– Euskarazko literatura: www.euskadi.eus/dbao/0128144
– Gaztelaniazko literatura: www.euskadi.eus/dbao/0128145
– Euskarazko haur eta gazte literatura: www.euskadi.eus/dbao/01281346
– Euskarazko literatura itzulpena: www.euskadi.eus/dbao/0128147
– Literatura lanaren ilustrazioa: www.euskadi.eus/dbao/0128148
– Euskarazko saiakera: www.euskadi.eus/dbao/0128149
– Gaztelaniazko saiakera: www.euskadi.eus/dbao/0128150
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 21a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
RSS