
105. zk., 2024ko maiatzaren 30a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (126 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
2621
AGINDUA, 2024ko maiatzaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Elgoibarko Makina Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioaren Txandakako Ingeniaritza Eskola zentro atxikiaren izena aldatzea, aurrerantzean Makina Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioaren Elgoibarko Ingeniaritza Dualerako Eskola izan dadin.
Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, eta modalitate eta espezialitate orotan, arau hauekin bat: Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarria; martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoa, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea.
Unibertsitate Sistemaren martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 41. artikuluan ezartzen denez, fakultateak eta eskolak sortzea, aldatzea eta kentzea autonomia-erkidegoak erabakiko du, Unibertsitatearen ekimenez, Gobernu Kontseiluak hala proposatu eta onartu ondoren. Lege organiko horren 42. artikuluak zentroen atxikipena arautzen du.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 62. artikuluan xedatzen du unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailaren ahalmenetako bat dela unibertsitate-zentroak atxikitzea.
Hezkuntzako sailburuaren 2011ko abenduaren 19ko Aginduaren bidez, Elgoibarko Makina Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioaren Txandakako Ingeniaritza Eskola Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitzea onartu zen.
Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren 2015eko abenduaren 17ko eta 2019ko abenduaren 12ko erabakien bidez, aipatutako zentro atxikiak eta Unibertsitateak sinatutako atxikipen-hitzarmenaren luzapenak onetsi ziren.
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, 2023ko abenduaren 14ko bilkuran, Makina Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioaren Elgoibarko Ingeniaritza Dualerako Eskola Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitzeko baldintzak ezartzen dituen hitzarmena onartu zen.
2023ko abenduaren 22an, beste hitzarmen bat sinatu zen, Makina Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioaren Elgoibarko Ingeniaritza Dualerako Eskola Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitzeko baldintzak ezartzeko.
Aldez aurretik, Txandakako Ingeniaritza Eskolaren Batzarrak, 2023ko urriaren 4an egindako bilkuran eta 2023ko abenduaren 5eko ezohiko bilkuran, erabaki zuen eskolaren izen ofiziala aldatzea, eta eskatu zuen, aurrerantzean, haren izena Elgoibarko Makina Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioaren Txandakako Ingeniaritza Eskola izan ordez, Makina Erremintaren Heziketa Teknikoko Fundazioaren Elgoibarko Ingeniaritza Dualerako Eskola izatea.
Euskal Herriko Unibertsitateak proposatu zuen Elgoibarko Makina Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioaren Txandakako Ingeniaritza Eskolaren izena aldatzea eta berria erregistratzea; alegia, Makina Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioaren Elgoibarko Ingeniaritza Dualerako Eskola. Proposamenak ez dakar zentro horren izaera edo funtzioak aldatzea, izen-aldaketan oinarritutako aldaketa baita, eta horrekin zera lortu nahi da: izena hobeto egokitzea zentroak eskaintzen dituen zerbitzuetara.
Zentro atxikiak hitzeman du ezen bere arauetan eta gobernu-organoetan ordezkaritzaren funtsezko estatutu-printzipioa eta unibertsitate-komunitatearen sektore guztietakoa errespetatu eta aplikatuko duela. Gainera, Unibertsitateak eta unibertsitate-zentroak sortu, aitortu eta baimentzeko eta unibertsitate-zentroei akreditazio instituzionala emateko uztailaren 27ko 640/2021 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoa bete beharko du.
Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateen, Zentroen eta Unibertsitate Irakaskuntzen Erregistroa sortzen duen abenduaren 28ko 351/2010 Dekretua betez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea Elgoibarko Makina Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioaren Txandakako Ingeniaritza Eskola zentro atxikiaren (kodea: RUCT 20009639) izena aldatzea, aurrerantzean Makina Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioaren Elgoibarko Ingeniaritza Dualerako Eskola izan dadin.
Bigarrena.– Eskolaren jarduerak garatzean, Makina Erreminten Hezkuntza Teknikorako Fundazioaren Elgoibarko Ingeniaritza Dualerako Eskola Euskal Herriko Unibertsitateari atxikitzeko baldintzak ezartzen dituen hitzarmena beteko da, bai eta aplikatuko behar diren gainerako arauak ere.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Unibertsitateari jakinaraztea, Unibertsitateen, Zentroen eta Tituluen Erregistroa arautzen duen irailaren 12ko 1509/2008 Errege Dekretuaren 13. artikulua betez erabakia erregistro horretara bidera dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 20a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
RSS