
105. zk., 2024ko maiatzaren 30a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (197 KB - 8 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2618
EBAZPENA, 2024ko maiatzaren 3koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Plan Bereziaren aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa Donostiako lurzoru urbanizaezinean (Oriamendi inguruan) karabanen eta autokarabanen kanpina ezartzeko.
AURREKARIAK
Donostiako Udalak, 2024ko otsailaren 9an, lurzoru urbanizaezinean (Oriamendi inguruan) karabanen eta autokarabanen kanpina ezartzeko, Plan Bereziaren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean xedatutakoaren arabera egin da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluak eta hurrengoek arautzen duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuko prozeduraren esparruan. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, tartean, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan ezarritako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikulua aplikatuta, 2024ko otsailaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei. Jasotako erantzunen emaitzak espedientean bildu dira. Era berean, Donostiako Udalari prozedura hasi zela jakinarazi zitzaion.
Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egoki jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluari jarraikiz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago lurzoru urbanizaezinean (Oriamendi inguruan) karabanen eta autokarabanen kanpina ezartzeko Plan Bereziaren aldaketa puntuala; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edota plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak izan ditzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 75. artikuluan arautzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak (huraxe baita organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera). Txosten honetan, Planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da, eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren Plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Plan Bereziaren aldaketa puntualari (aurrerantzean, aldaketa edo Plana) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Donostiako lurzoru urbanizaezinean (Oriamendi inguruan) karabanen eta autokarabanen kanpinerako, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Aldaketaren eremua aldatu gabeko 5.475 m2-ko lursail-zerrenda bat da, eta «Lurzoru urbanizaezinean (Oriamendi inguruan) karabanen eta autokarabanen kanpinerako Plan Berezia»ren eremu orokorraren barruan dago. Plan hori Donostiako Udalak 2019ko irailaren 26an egindako bilkuran behin betiko onartu zuen. Zehazki, ukitutako lursail-zerrenda GI-3401 errepidearen eta Goiaztxiki bidearen artean dago, erabiltzen ez den Viveros Oriamendi lorezaintza-zentroaren instalazioen ondoan.
Plan Bereziak zabalgune txiki bat aurreikusten zuen establezimenduaren barruan, turismoentzako aparkaleku bat jartzeko. Haatik, egiaztatu da aurreikusitako azalera ez dela nahikoa kanpinaren beharrak asetzeko. Beraz, hautemandako aparkaleku-plazen defizitari erantzuteko, aldaketaren helburua da ibilgailu arrunten (autokarabanak ez direnak) aparkalekua antolatzea, 2019an onartutako Plan Bereziaren jarduera-eremua handitzeko. Aldaketa horrek ez dio eragiten Planaren antolamendu-eremu osoari, ez dena aldatzen. Halaber, indarrean dagoen plangintzaren gainerako zehaztapenak berdin mantentzen dira.
Hortaz, antolamenduan aparkaleku bat jartzea aurreikusten da, turismo eta motorrentzako 60 plaza inguru izango dituena, eta sarbidea Goiaztxikiko Bidetik izango duena. Aparkalekuak errespetatu egingo ditu inguratzen duten eta bideekin muga egiten duten belardiak. 1.433 m2-ko azalera izango du, lurzatiaren ia heren bat, eta ur-hornidurako sarea, drainatze-sarea eta argiteria publikoa izango ditu.
Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuak, haien gabezia justifikatzeko, esaten du Planak aparkalekua garatzeko hartzen duen jarduera-eremua dela indarrean dagoen Planaren eremu orokorraren barruan eskuragarri dagoen zabalgune bakarra eta kanpinerako sarbide zuzena duena.
Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, aldaketa Planaren gainerako jarduketekin batera egingo da, kanpin edo kanpaleku bat gauzatzeko proiektu baten eta dagokion jarduera-proiektuaren barruan.
B) Proposatutako Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta bat etorriz Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira; hain zuzen ere, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak:
Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, aldaketak handitu egiten du «Lurzoru urbanizaezinean (Oriamendiren inguruan) karabanen eta autokarabanen kanpinerako Plan Berezia»ren jarduera-eremua. Plan horren ingurumen-adierazpen estrategikoa 2018ko urriaren 5ean argitaratu zen (EHAA, 193. zk.), Planaren antolamendu-eremuaren barruan. Kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta aldaketaren ezaugarriak kontuan hartuta (zeinak azalera txikiko eremu baten erabilera ezartzen baitu udalerri mailan), ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Indarrean dagoen plangintzari dagokionez, aldaketak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragingo aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ez eta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere.
Aldaketa garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko egokia dela ondorioztatu da, eta aukera ematen duela energia-aurrezpena eta -efizientzia sustatzeko neurriak txertatzeko.
Bestalde, ez da hauteman proposatutako aldaketa gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo nabarmenik, baldin eta ukitutako eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak arlo hauetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira, besteak beste: lurzoruak, uholde-arriskua, urak, zarata eta kutsadura akustikoa, hondakinak eta isurketak, segurtasuna, osasuna eta ingurumena.
Azkenik, Plana egokitzat jo da Europar Batasuneko eta Espainiako ingurumen-arloko legeak ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Aldaketa-eremuak 5.475 m2-ko azalera hartzen du, eta Donostiako Miramon-Zorroaga auzoaren hego-ekialdeko mugan dago, Begiristain Doktorea kalea, Oriamendi pasealekua eta Goiaztxiki bidea lotzen dituen biribilgunearen ondoan, azken bi bide horien artean.
Okupatuko diren lursailak eraldatu gabe daude, eta, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, garai batean hainbat material biltzeko erabili ziren. Litologiari dagokionez, pitzaduragatik iragazkortasun txikia duten tuparri grisak daude, eta, horien gainean, Kanbisol distriko motako lurzoruak garatzen dira, erabilera moderaturako gaitasuna dutenak. Lursailak % 3tik % 5era bitarteko maldak ditu, eta, nekazaritzara bideratutakoen maparen arabera, IV. motako lurrak hartzen ditu, malda txikiak dituzten bizkar baxuetan dauden lurrak dituztenak. Eremua Nekazaritza eta Basozaintzako LPSko «Nekazaritza nahiz Abeltzaintza: Balio estrategiko altua» kategorian sartzen da.
Aldaketaren eremuan ez da ingurumen-balio nabarmenik hauteman; ez dago ez naturagune babesturik, ez korridore ekologikorik, ez interes geologikoko lekurik. Halaber, ez dago jasota ezein katalogotan (EAEko naturagune garrantzitsuen katalogo irekian, LAGetako natura-intereseko guneen zerrendan), ezta Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroan ere.
Esparruaren barruan ez dago lur gaineko inolako ur-ibilgurik.
Eusko Jaurlaritzaren 2007ko landarediaren kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremuan hiri-gainazalak eta lugorriak (landaredi erruderal-nitrofiloa) daude. Ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten duenez, lurzoruek belar-geruza erruderalizatu eta etena dute, eta, tartean behin, sahatsak (Salix atrocinerea) eta, sarritan, sasiak (Rubus sp.) ateratzen dira. Perimetroari dagokionez, besteak beste, Abelia grandiflora, Chamaecyparis leylandii eta abarrez osatutako heskai batek babesten du lurzatia. Horien artean, tarteka, konifero batzuk (Cupressus arizonica, Pinus maritimus, etab.), lizarrak (Fraxinus excelsior) eta zuhaixka batzuk nabarmentzen dira, hala nola erramua (Laurus nobilis) edo sahatsa. Ez da Batasunaren intereseko habitatik hauteman, ez eta flora-espezie mehatxaturik ere, bai, ordea, flora-espezie inbaditzaileak, hain zuzen, Cortaderia selloana.
Ez Planaren eremuan, ez haren ingurune hurbilean, ez da identifikatu mehatxatutako fauna kudeatzeko onartutako planen xede den eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagorik edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera abifauna babesteko ezarritako eremurik ere. Antza denez, eremuan dagoen fauna hiri-eremuetara egokitu diren espezie komunak dira, eremuaren ezaugarriak direla eta; oso antropizatua da eta bide-ardatzez inguratua dago.
Lurzatian ez dago babestutako kultur ondare eraiki edo arkeologikoko elementurik. Jarduketa-eremutik gertu Bentaundi baserria dago, zeina tokiko mailan babestea proposatu baita.
Hurbileko ingurunean ez dago paisaia-elementu garrantzitsurik eta ez dago sartuta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo Aurreproiektuan (Eusko Jaurlaritza 2005) katalogatutako arroetako ezeinetan.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, aldaketa-eremua ez dator bat Ihoberen Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioko kokalekuekin, ez eta uholde-arriskuko eremuekin ere; era berean, ez dago higadura-arriskurik, sismikotasunaren ondoriozko arriskurik, baso-suteen arriskurik edo akuiferoen kutsadurarekiko urrakortasun handiko edo oso handiko eremurik. Arrisku teknologikoei dagokienez, ez da hauteman arrisku handirik salgai arriskutsuak errepidez eta trenbidez garraiatzeak dakarren istripuen ondorioz, ez eta Seveso II Zuzentarauaren mendeko enpresetatik hurbil egoteagatik ere.
Egoera akustikoari dagokionez, Udalak bidalitako dokumentazioak adierazten duenez, 2019an onartutako Planarekin batera eragin akustikoari buruzko azterketa bat egin zuen Laecor enpresak, jarduera berriak (kanpinak) aldameneko espazioetan izango lukeen eragina ikusteko. Karabanen eta autokarabanen joan-etorriak sortutako zarataren eredu prediktiboa eta kanpinaren kanpoko aisia-eremuek jasaten duten eragina aztertuta, Bentaundi baserriari (F taula) eta inguruko hirugarren sektoreko eremuei dagokienez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako muga-balioak kontuan hartuta, azterketa akustikoak ondorioztatu zuen urriaren 16ko 213/2012 Dekretua betetzera egokituko dela eragina, jarduera berriei dagokienez, eta, aldiz, aldameneko espazio natural lasaiari dagokionez, eremu osoko inpaktu-mailak = 50 dB(A)-ekoak izanik, eragina GI-3410 errepidearen zaratak estaliko duela. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, aparkaleku berria egiteak ez ditu ondorio horiek aldatuko.
Deskribatutakoa kontuan hartuta, Planak indarrean dagoen plangintzan izango dituen ondorio nagusiak obra-fasean gertatuko dira, eta aparkaleku berriaren urbanizazioari lotuta egongo dira. Obrek honako ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea eta nekazaritza-lurrak galtzea, hondakinak sortzea, lurrak mugitzea eta soberakinak sortzea, makinak joan-etorrian ibiltzea, urak eta lurrak kutsatzeko arriskua izatea istripuzko isurketengatik, herritarrei enbarazu egitea emisio atmosferikoengatik eta zaratagatik, etab.
Ustiapen-fasean, eragin nagusiak aparkaleku berriaren inguruko mugikortasuna handitzearekin lotutakoak izango dira.
Aldaketak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin nabarmenik.
Proposatzen diren jarduketen eta horien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, eraginak ez dira oso handiak izango, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, eta, bereziki, lurrei, urei, zaratari eta hots-kutsadurari, hondakinei eta isurketei, ingurumenari, segurtasunari eta osasunari buruzkoa, eta obrak egitean jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartzen badira.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, aldaketatik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketek eragin nabarmenik izatea ingurumenean.
3.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, aldaketak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta ez dadin beharrik egon Lurzoru urbanizaezinean (Oriamendi inguruan) karabanen eta autokarabanen kanpinerako Plan Bereziaren aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dauden arauen arabera gauzatuko dira, baita ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera ere, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta Planean bertan adierazitakoaren arabera.
Beraz, zehaztapen hauek jaso beharko dira, besteak beste:
– Nekazaritzako lurzoruaren gaineko eraginari buruzko neurriak.
Aldatuko den eremuak nekazaritza-erabilerarik ez duen arren, EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako LPSren arabera balio estrategiko altuko lurzoruak dituenez, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera, nekazaritza-arloan eskumena duen foru-organoaren txostena eman beharko da behin betiko onartu aurretik.
– Kultura-ondarea babestearekin lotutako neurriak.
Bentaundi baserria bisualki babesteko, aparkalekua eta baserria bereizten dituen heskaia indartuko da, espezie autoktonoko zuhaitzak eta zuhaixkak landatuta.
– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruei buruzko neurriak.
Obrak egin bitartean, lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela adierazten duten zantzu sendoak agertuz gero, horren berri eman beharko zaie, berehala, Donostiako Udalari eta Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, azken horrek zehatz dezan zer neurri hartu behar diren eta zein pertsona fisikok edo juridikok gauzatu behar dituen neurri horiek, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikuluarekin bat.
– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoari buruzko azterketa horretan aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den zuzenketa-neurri horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin zaurgarrietan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Garapen-proiektuak gauzatzean aplikatuko diren neurriak lotuta egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenik ezartzen dituen zehaztapenetan txertatu:
• Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauei lotutako alderdiak izango ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretarako isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
• Obrak ez ezik, lurzorua erabiltzea dakarten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan egingo dira. Kontratistaren instalazio-eremuak, barnean hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
• Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barnean direla.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira.
Obretan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegi batera eramango dira, eta indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.
• Lurzoruak eta lurpeko urak babestea: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira dagokion obra faserako, istripuzko isurien eragina saihesteko, bereziki makinen mantentze-lanetan (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurzoruak kendu eta kudeatzea, etab.).
Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makinen mantentze-lanik ez da egingo iragazgaiztu gabeko eremuetan, eta, nolanahi ere, hondakinak (bereziki, olio erabiliak) biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta bestelako lanak, urak kutsatu ez daitezen.
• Zarata obretan: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
• Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
• Garbi mantendu beharko dira kamioiek obrara sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erratz-makinak erabiliko dira.
• Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreetako landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesurik ez gertatzeko, solidoak drainatze-sarera ez arrastatzeko, eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizaziorik ez gertatzeko.
• Espezie inbaditzaileen kontrola: identifikatutako flora aloktono inbaditzaileko aleak (Cortaderia selloana) kenduko dira, eta eremuan eta inguruan ez hedatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko dira. Inola ere ez dira erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak, eta bermatu egingo da leheneratze-lanetan erabilitako landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela.
• Gune libreen tratamendua: gune libreak landareztatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotakoari jarraituko zaio. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen eskuliburu hori. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, eta ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak zein sustatzaileak –aurrekoen aurkakoak ez direnak– hartzen badira, ez da aurreikusten Donostiako lurzoru urbanizaezinean (Oriamendi inguruan) karabanen eta autokarabanen kanpinerako Plan Bereziaren aldaketa puntualak ondorio kaltegarri nabarmenik eragingo duenik ingurumenean; ondorioz, ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Lurzoru urbanizaezinean (Oriamendi inguruan) karabanen eta autokarabanen kanpinerako Plan Bereziaren aldaketa puntuala onartzen ez bada. Hala gertatuz gero, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioaren prozedura, ez bazaio ingurumen-organoari indarraldia luzatzeko eskatzen. Luzapena eskatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz ezarritako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 3a.
Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,
JAVIER AGIRRE ORCAJO.
RSS