Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2024ko maiatzaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2509

AGINDUA, 2024ko apirilaren 26koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación EDA Drinks & Wine Campus izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

2024ko urtarrilaren 4an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Fundación EDA Drinks & Wine Campus izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Horrekin batera administrazio espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Estatutuen 3. artikuluak fundazioaren xedeak jasotzen ditu, eta hitzez hitz honela dio:

«Fundazioaren xedeak ardoaren eta edarien arloan prestakuntza, ikerketa, berrikuntza eta ekintzailetza dira. Unibertsitate, teknologia-zentro, sektoreko enpresa eta erakunde publikoekin lankidetza-prozesuak sortuko dira.

Honako helburu nagusi hauek izango ditu:

– Ardogintzan eta edarien sektorean garapen profesionala sustatzea, balio-kateko sektore guztiak barne hartuta. Horretarako, prestakuntza-eskaintza zabala ezarriko da, graduko, graduondoko eta etengabeko trebakuntza eskaintzaz osatua.

– Teknika eta estrategia berriak gauzatzea ahalbidetuko duten ikerketa eta ezagutzaren zabalkundea sustatzea.

– Ekintzaileak laguntzea ardogintzan eta edarien alorrean proiektu berriak garatzen eta abian jartzen.

– Lurralde- eta sektore-posizionamenduko ekitaldiak eta ekimenak antolatzea».

Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 euroko diru-ekarpena da, osorik ordainduak.

Jarduerak garatzeko lurralde-eremu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoa izango da.

Estatutuen 7. artikuluak ezartzen du lehenengo patronatua kide bakarreko patronatua izango dela, gehienez ere 4 urterako. Patronatua pertsona bakar batek osatzea salbuespeneko egoera denez gero, interesdunak egoera iragankor horri buruzko justifikazio-memoria erantsi dio espedienteari. Halaber, eratzeko eskritura publikoari atxikitako estatutuetan, kide anitzeko patronatua zenbatek eta nola osatuko duten aurreikusi da.

Estatutuen 8. artikuluaren 2. atalak ezartzen du kide anitzeko patronatuak gutxienez 3 kide izango dituela eta gehienez 20.

Eratzeko eskritura publikoan, Basque Culinary Center Fundazioa patronatuko kide bakar izendatzen da, José María Aicega Zubillaga jaunak ordezkatuta.

Kide berrien izendapena estatutuen 9. artikulutik 11. artikulura araututa dago.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Aholku Batzordea 2024ko apirilaren 17an bildu zen, fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasunari buruzko inskripzio-eskaera baloratzeko, eta, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.

Era berean, 2024ko apirilaren 22an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, eraketa espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan eta aplikagarri diren gainontzeko arauetan aurreikusitako baldintzak.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Fundación EDA Drinks & Wine Campus izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea F-491 erregistro zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, honako eskritura honetan jasotako baldintzetan: 2023ko abenduaren 13an Gasteizen Luis Pérez de Lazárraga Villanueva notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoa –2024ko martxoaren 27ko eginbidez zuzendua– (protokolo-zenbakia: 1105).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 26a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala