Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2024ko maiatzaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2500

AGINDUA, 2024ko maiatzaren 14koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa arautzeko zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak administrazio elektronikoaren oinarriak arautzen dituzte, eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez emateko printzipio orokorrak ezartzen dituzte. 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera, administrazio publikoek web-atarian argitaratu eta eguneratuta eduki behar dituzte, informazio-ondorioetarako, beren eskumeneko prozeduren zerrendak, prozedura horien gehieneko iraupen- epeak eta administrazio-isiltasunak sortzen dituen ondorioak adierazita. Gainera, ezartzen dute herritarrek eskubidea dutela zerbitzu-jardueretara sartzeko eta horiek gauzatzeko beharrezkoak diren prozedura eta izapideei buruzko informazioa bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoak hainbat ekimen eta plan bultzatu ditu teknologia berrien erabilera eta informazioaren gizartearen ezarpena lortzeko.

Zehazki, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoaren egoitza elektronikoa sortu zen. Zerbitzu elektronikoak eta segurtasun-, kalitate- eta erantzukizun-berme bereziak eskatzen dituen informazioa argitaratzen diren espazio elektronikoa da egoitza. Halaber, dekretu berak egoitza elektronikoaren edukien artean ezarri zuen egoitzan eskuragarri dauden zerbitzuen katalogoa.

Dekretu hori indargabetuta geratu da ekainaren 20ko 91/2023 Dekretua onartzearen ondorioz. Dekretu hori herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateari buruzkoa da, eta zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa arautzen du 57. artikuluan.

91/2023 Dekretuaren 57. artikuluko 1. apartatuaren arabera, zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa da Administrazioko zerbitzu publiko eta prozeduren sistema zentralizatua; izan ere, giltzarri da gainerako administrazio publikoekiko elkarreragingarritasuna lortzeko, herritarrei zerbitzu pertsonalizatuak proaktiboki emateko eta Europako leihatila bakarra egikaritzeko.

Bigarren apartatuaren arabera, zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboan, zerbitzuei eta prozedurei loturik dauden eta modu sistematizatu batean kudeatu, arrazionalizatu eta normalizatu behar diren datuak eta informazioa egongo dira.

Artikulu bereko eta lege-gorputz bereko seigarren apartatuak aipatzen du herritarrentzako arretaren eskumena duen sailburuak agindu bidez zehaztuko duela zer eduki, egitura, irismen eta funtzionamendu izango dituen zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboak.

91/2023 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak, 1. apartatuko c) letran, ezartzen du ezen, dekretu honetan xedatutakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean herritarrentzako arretaren eskumena duen organoak, dekretu hau indarrean jarri eta sei hilabeteko epean, agindu bidez zehaztuko dituela zer eduki, egitura, irismen eta funtzionamendu izango dituen zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboak. Horregatik, dekretuaren agindu zuzena eta saihetsezina betez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agindu hau eman behar du.

Bestalde, Administrazio elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuaren 9. artikuluak –sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 30eko 203/2021 Errege Dekretuak aldatu zuen dekretu hori– zehazten duenez, administrazio publiko bakoitzak eguneratuta izango ditu administrazio-informazioaren inbentario guztiak, eta administrazio-prozeduren eta emandako zerbitzuen zerrenda jasoko du modu sailkatuan eta egituratuan. Administrazio publikoek elektronikoki konektatuko dituzte beren inbentarioak Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioak Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioarekin lankidetzan kudeatutako Administrazio Informazioko Sistemarekin.

Artikulu horren beraren amaieran, agintzen du administrazio publiko bakoitzak arautuko duela zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa, elkarreragingarritasun-arau teknikoek oro har zehazten dituzten baldintzetan; hala badagokio, administrazio publikoek Administrazio Informazioko Sistema eta Unitate Organiko eta Bulegoen Direktorio Erkidea erabili ahal izango dituzte, beren inbentarioak sortu eta mantentzeko.

Administrazio elektronikoaren esparruko zerbitzu elektronikoen kudeaketaren arloko eskakizun horiei guztiei eta 91/2023 Dekretuaren aginduari berari erantzun egokia emateko, formalki arautu behar da zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzu eta prozedurei buruzko informazio guztia egituratzeko, zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan. Horrek ahalbidetuko du zerbitzuak eta prozedurak egoitza elektronikoan modu integratuan argitaratzea, administrazio publikoen arteko elkarreragingarritasuna erraztea, zerbitzu elektronikoen kudeaketan inplikatutako aplikazio informatikoen arteko komunikazio koordinatua sinplifikatzea, zerbitzuak digitalizatzeko prozesua bizkortzea eta egungo lege- eta estrategia-esparruan ezarritako modernizazio-eskakizunei erantzutea.

Agindu hau egiteko, kontuan hartu dira erregulazio onaren printzipioak –39/2015 Legearen 129. artikuluan eta Gardentasunaren, informazio publikoa eskuratzeko bidearen eta gobernu onaren abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 62. artikuluan ezarriak–; halaber, premia-printzipioari erantzuten dio dekretuak, lortu nahi diren helburuak betetzeko behar den erregulazioa jasotzen du, hura lortzeko tresnarik egokiena da, eta koherentea da gainerako ordenamendu juridikoarekin.

Hori dela eta, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta harien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1 artikuluaren e), f) eta m) apartatuek emandako eskumenekin, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3. artikuluari loturik, eta dagozkion txostenak eman ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboaren funtzionamendua arautzea, zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan, administrazio-informazioko inbentarioen multzo eguneratu gisa.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu hau honako hauei aplikatuko zaie:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionalari (organismo autonomoei eta zuzenbide pribatuko ente publikoei), zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko ente instrumentalei (sozietate publikoei, fundazioei eta partzuergoei), zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan.

4.– Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 10. artikuluan araututako administrazio-agintaritza idenpendenteei, zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan.

3. artikulua.– Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboaren edukia.

1.– 4/2010 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboak eguneratuta izango du, modu sailkatu eta egituratuan, administrazio-prozeduren eta emandako zerbitzuen zerrenda.

2.– 91/2023 Dekretuaren 57. artikuluko 1. apartatuaren arabera, zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa da Administrazioko zerbitzu publiko eta prozeduren sistema zentralizatua; izan ere, giltzarri da gainerako administrazio publikoekiko elkarreragingarritasuna lortzeko, herritarrei zerbitzu pertsonalizatuak proaktiboki emateko eta Europako leihatila bakarra egikaritzeko.

3.– 91/2023 Dekretuaren 57. artikuluko 2. apartatuaren arabera, zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboan, zerbitzuei eta prozedurei loturik dauden eta modu sistematizatu batean kudeatu, arrazionalizatu eta normalizatu behar diren datuak eta informazioa egongo dira. Gainera, 91/2023 Dekretuaren 54.2 artikuluan araututako zerbitzu eta prozedura elektronikoen protokoloko datuak atzitzeko iturria izango da.

4.– Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egongo da eskuragarri, gutxienez.

5.– Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboan zerbitzuei buruz jaso beharreko gutxieneko informazioa hau izango da:

a) Zerbitzuaren izena.

b) Kodea.

c) Eremua, eranskineko sailkapenaren arabera.

d) Jarduketa-eremua.

e) Zerbitzu-familia.

f) Organo sustatzailea, kudeatzailea eta ebazlea.

g) Kolektibo hartzailea.

h) Araudi erregulatzailea.

i) Zerbitzuaren arduraduna.

j) Digitalizazio-maila eguneratua, eranskineko sailkapenaren arabera.

k) Zerbitzuaren egoera, eranskineko sailkapenaren arabera.

l) Zerbitzuari lotutako administrazio-jarduketa automatizatuak.

m) Diseinuaren eta funtzionamenduaren deskribapena.

n) Kontuak emateko eta gardentasunerako mekanismoak.

o) Konfigurazioan eta ikaskuntzan erabilitako datuak.

p) Kontsumitzen dituen elkarreragingarritasun-zerbitzuak.

q) Herritarrei arreta emateko organo eskudunak eskatutako gainerako edukia, halakorik balego.

6.– Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboan prozedurei buruz jaso beharreko gutxieneko informazioa hau izango da:

a) Prozeduraren izena.

b) Kodea.

c) Izapideak.

d) Prozeduraren gehieneko iraupen-epeak, alde batera utzita organo eskudunak, hala badagokio, erabaki ditzakeen luzapen edo eteteak eta administrazio-isiltasunaren ondorioak.

e) Prozeduraren edukiaren helbide elektronikoa (URL).

f) Organo sustatzailea, kudeatzailea eta ebazlea.

g) Kolektibo hartzailea.

h) Araudi erregulatzailea.

i) Digitalizazio-maila eguneratua, eranskineko sailkapenaren arabera.

j) Lortu nahi den digitalizazio-maila eta digitalizatzeko konpromiso-data.

k) Urtean aurreikusitako espediente-bolumena.

l) Izapidetze-egutegia.

m) Izapidetze-kanala.

n) Prozeduraren egoera, eranskineko sailkapenaren arabera.

o) Dokumentuak, halakorik izanez gero.

p) Prozedurari lotutako administrazio-jarduketa automatizatuak.

q) Diseinuaren eta funtzionamenduaren deskribapena.

r) Kontuak emateko eta gardentasunerako mekanismoak.

s) Konfigurazioan eta ikaskuntzan erabilitako datuak.

t) Prozedura bakoitzak kontsumitzen dituen nahitaezko tresnak.

u) Herritarrei arreta emateko organo eskudunak eskatutako gainerako edukia, halakorik balego.

7.– 91/2023 Dekretuaren 57. artikuluko 3. apartatuaren arabera, zerbitzu edo prozedura bati alta emateko Administrazio elektronikoaren eta herritarrei arreta emateko sistema integralaren zerbitzu eta azpiegitura komunetan, ezinbestekoa izango da aldez aurretik alta emanda egotea zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboan.

8.– Digitalizazio-maila digitalizatu gabea bada, ezinbestekoa izango da zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboari digitalizazioaren plangintza bat aurkeztea, ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen.

Herritarrei arreta emateko eskumena duen organoak egingo du 91/2023 Dekretuak 113. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan araututako txostenen xede izango diren digitalizazio-plangintzen jarraipena.

4. artikulua.– Egoitza elektronikoan argitaratzeko baldintzak.

91/2023 Dekretuaren 31.5 i) artikuluaren arabera, egoitza elektronikoak zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboan sartutako zerbitzu eta prozedurei buruzko informazioa izango du, herritarrek erraz ulertzeko moduko hizkeran eta modu irisgarrian, horretarako prestatutako web-fitxen edo antzeko beste edozein tresnaren bidez. Halaber, indarrean dagoen araudiak Interneteko presentziari buruz ezartzen dituen arauak bete beharko dituzte.

5. artikulua.– Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboaren kudeaketa.

1.– Herritarrei arreta emateko organo eskuduna izango da zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboaren arduraduna, eta, zehazki, eginkizun hauek izango ditu:

a) Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa kudeatzea.

b) Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa eratzea.

c) Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa mantentzea.

d) Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboaren aplikazio informatikoaren eskakizun funtzionalak berrikustea, zuzentzea, hobetzea eta onartzea.

e) Zerbitzu eta prozeduretan eskumena duten organoen esku jartzea zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboko informazioa kudeatzeko baliabide informatiko egokiak.

f) Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboko sarbideen altak eta bajak kudeatzea.

g) Zehazten dituen kalitate-auditoretzak egitea, zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboaren edukiak betetzen direla egiaztatzeko.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek gobernantza publikoko arduradunaren lanpostua izango dute, 91/2023 Dekretuak 127. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hauek izango dura eginkizunak:

a) Bera arduratuko da sail bakoitzeko zerbitzu eta prozedurei zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboan alta emateaz eta horietako bakoitzaren informazioa etengabe eguneratuta mantentzeaz, bai eta sailean zerbitzu eta prozeduren digitalizazioa koordinatzeaz ere, 91/2023 Dekretuaren 57. artikuluaren bosgarren apartatuarekin eta 127.1. a) eta b) letrekin bat etorriz.

b) Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboarekin zerikusia duten zeregin eta interakzio guztietarako solaskidea izango da.

c) Sailaren aplikazio informatikoek erabiltzen duten informazioa behar bezala erabiltzen dela zainduko du.

3.– Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboan jasotako zerbitzu eta prozeduretan eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitate, ente instrumental eta administrazio-agintaritza independenteek katalogoaren arduradun bat izendatuko dute entitate, ente eta administrazio independente horietako bakoitzean. Pertsona horrek, halaber, artikulu honetako 2. apartatuan ezarritako eginkizunak beteko ditu.

6. artikulua.– Gobernantza Publikoaren Sailarteko Batzordearen eginkizunak.

Gobernantza Publikoko Sailarteko Batzordea eratzen duen 91/2023 Dekretuaren 128. artikuluaren eta lege horren 130. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, Gobernantza Publikoko Sailarteko Batzordearen eginkizunak hauek izango dira, Zerbitzuen eta Prozeduren Katalogoari dagokionez:

1.– Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa beti eguneratuta mantentzen dela zaintzea.

2.– Lan-ildo egokienak bultzatzea eta kudeaketa-prozesuaren etengabeko hobekuntza sustatzea Zerbitzuen eta Prozeduren Katalogoa Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoan garatzeko zuzenbide publikoari lotutako prozeduretan.

3.– Zerbitzuen eta Prozeduren Katalogoaren egoeraren berri ematea aldizka. Datu hori 91/2023 Dekretuaren 113.7 artikuluan araututako txostenean sartuko da.

4.– Herritarrei arreta emateko eskumena duen organoak egindako zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboaren kalitate-auditoretzen emaitzen berri izatea, bai eta horiek betetzeko ekintzen berri ere.

7. artikulua.– Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboaren zehaztapen teknikoak.

Administrazio publikoek elektronikoki konektatuko dituzte beren inbentarioak Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioak Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioarekin lankidetzan kudeatutako Administrazio Informazioko Sistemarekin.

Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboak indarrean dauden elkarreragingarritasun-arau teknikoek ezartzen dituzten baldintzak beteko ditu.

8. artikulua.– Beste administrazio publiko batzuen zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa erabiltzea.

Herritarren arretaren eta zerbitzu digitalen arloko organo eskuduneko titularrak, ebazpen bidez, baimena eman ahal izango die agindu honen aplikazio-eremutik kanpoko beste administrazio publiko batzuei zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboaren zerbitzuak eta azpiegiturak erabil ditzaten.

9. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

1.– Datu pertsonalak tratatzeko orduan, unean-unean indarrean dagoen datu pertsonalak babesteari buruzko araudia bete beharko da; gaur egun, hau:

– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

16/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarena.

2.– Web-helbide honetan jaso, argitaratu eta eguneratuko da «Zerbitzu- eta prozedura-katalogo korporatiboa» datu pertsonalak babesteko tratamendu-jardueren erregistroa: https://www.euskadi.eus/web01-aprat/es/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1661

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA. Gobernantza publikoaren arduradunaren lanpostua:

Aldi baterako, 91/2023 Dekretuaren 127. artikuluan araututako gobernantza publikoko arduradunaren lanpostuak sortu eta esleitu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek agindu honen 5.2 artikuluan ezarritako funtzioak esleitzen zaizkion lanpostu tekniko parekatua identifikatu beharko dute, agindu hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA. Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 14a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA

1.– Agindu honen 3.5.c) artikuluaren ondorioetarako, hiru dira eremuak:

a) Kanpokoa: pertsona fisikoei (herritarrei), pertsona juridikoei (enpresei, elkarteei...) edo Eusko Jaurlaritzaz, haren organismo publikoez eta haren mendeko entitateez besteko administrazioei zuzendutako zerbitzuak dira.

b) Barrukoa: Eusko Jaurlaritzari, haren organismo publikoei eta haren mendeko entitateei zuzendutako zerbitzuak dira.

c) Artxibategia: kasu berezi honetan, beharrezkoa da zerbitzu bat sortzea, dokumentazioa artxibatzeko soilik.

2.– Agindu honen 3.5.j) eta 3.6.i) artikuluen ondorioetarako, hiru dira digitalizazio-mailak:

a) Digitalizatu gabea: Administrazioak ez du hartzailearen eskura jartzen zerbitzuari lotutako prozeduren izapidetze osoa Internet bidez egiteko aukera.

b) Digitalizatua: Administrazioak aukera ematen dio hartzaileari Internet bidez gauzatu ahal izateko zerbitzuarekin lotutako prozeduren izapidetze osoa (eskaerak, zuzenketak, alegazioak, jakinarazpenak, ebazpenak...), administrazio elektronikoaren tresna komunak erabiliz.

c) Proaktiboa: Administrazioak dituen ezagutza eta datuak erabiltzen ditu izapidean aurrea hartzeko, pertsonak zerbitzua eskatu beharrik gabe.

3.– Agindu honen 3.5.k) eta 3.6.n) artikuluen ondorioetarako, hiru dira zerbitzuaren edo prozeduraren egoerak:

a) Zirriborroa (Z): hasierako egoera automatikoa da, zerbitzu edo prozedura bat sortzen denekoa. Menuko nahitaezko eremu guztietako informazioa ematen denean eguneratu, eta indarrean egotera igarotzen da.

b) Indarrean (I): zerbitzu edo prozedura bat indarrean dago, aribidean badago eta indarraldi epea igaro ez bada.

c) Historikoa (H): zerbitzu edo prozedura baten epea igaro denean eta, beraz, indarrean ez dauden zerbitzu edo prozedurak direnean, haien egoera eguneratu, eta historiko izatera igarotzen da. Zerbitzu bat historiko egoerara igaroz gero, zerbitzu horren mende dauden prozedura guztiak ere egoera horretara pasako dira.


Azterketa dokumentala