Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2024ko maiatzaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2294

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 10ekoa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita hondeaketatik ateratako lur naturalak betelaneko material gisa erabiliz Barrundiako (Araba) Gebarako 4. poligonoko 307., 308. eta 309. lurzatiak egokitzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena (proiektua Larrea Asteasu SLk sustatzen du).

AURREKARIAK

2024ko otsailaren 9an, Barrundiako Udalak eskaera osatu zuen Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, zuzendaritza horrek ingurumen-inpaktuaren txostena egin zezan hondeaketatik ateratako lur naturalak betelaneko material gisa erabiliz Barrundiako (Araba) Gebarako 4. poligonoko 307., 308. eta 309. lurzatiak egokitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedurari buruz. Eskabidea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen aplikazio-esparruan egin da; arau horrek arautzen ez dituen alderdietan, berriz, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen aplikazio-esparruan.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betetzeko, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren Ingurumen Ebaluazioko Zerbitzuak kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2024ko martxoaren 1ean, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko, eta organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri jarri zen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, haren inguruan interesa zuen orok aukera izan zezan ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak badauzkala ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta haien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76. artikuluko 2. apartatuan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua beharko dute arau horren II.E eranskinean jasotako proiektuek. Ebazpen honen xede den proiektua E9 taldeko 9.c) epigrafean jasotzen da: «Ibaietatik, lehorretik edo itsasotik erauzitako materialak isurtzeko edo jalkitzeko lehorreko instalazioak, hektarea bat edo azalera handiagoa hartzen badute». Proiektuaren xedea da hondeaketako lur naturalekin betelan bat egitea, lurzatiek guztira hartzen duten 18.901 m2-ko azalerako 16.777 m2 beteta, Barrundiako (Araba) Gebarako 4. poligonoko 307., 308. eta 309. lurzatietako nekazaritza-produktibitatea hobetzeko.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ondoren, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egin du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertu da, zehazteko ea ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura bete behar duen, edo, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea hondeaketatik ateratako lur naturalak betelaneko material gisa erabiliz Barrundiako (Araba) Gebarako 4. poligonoko 307., 308. eta 309. lurzatiak egokitzeko proiektuari buruz, honako baldintza hauetan:

A) Proiektuaren xedea da Barrundiako (Araba) Gebarako 4. poligonoko 307., 308. eta 309. lurzatiak egokitzea, hondeaketatik ateratako lur naturalak betelaneko material gisa erabiliz. Jarduketa 16.777 m2-ko azalera betetzean datza, lurzatiek guztira hartzen duten 18.901 m2-ko azaleraren barruan. Horretarako, 34.988 m3 lur natural erabiliko dira. Betelanak lurzati horien ezaugarri agrologikoak hobetzeko eta, aldi berean, enpresa sustatzaileak hainbat obratan hondeatutako material naturalari irteera emateko egingo dira.

B) Ebazpen honen bidez, ingurumen-inpaktuaren txostena ematen da hondeaketatik ateratako lur naturalak betelaneko material gisa erabiliz Barrundiako (Araba) Gebarako 4. poligonoko 307., 308. eta 309. lurzatiak egokitzeko proiekturako, eta proiektuaren ingurumen-agiriaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren helburua da Barrundiako (Araba) Gebarako 4. poligonoko 307., 308. eta 309. lurzatiak egokitzea, hondeaketatik ateratako lur eta arroka naturalak betelaneko material gisa erabiliz. Jarduketa aipatutako lurzatiak betetzean datza (guztira, 18.901 m2 dituzte). Horretarako, lur naturalak erabiliko dira. Betelanak lurzati horien ezaugarri agrologikoak hobetzeko eta, aldi berean, enpresa sustatzaileak hainbat obratan hondeatutako material naturalari irteera emateko egingo dira. Ingurumen-dokumentuan adierazten denaren arabera, modu horretara, lurzatiari eragiten dion arazoa konpondu nahi da, hala nola emankortasunik eza, lurra lantzean kareharri tupatsuzko lauzak altxatzea eta euri-garaietan haren behealdea istiltzea.

Betelana lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruan egingo da, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta landazabalaren babeserako eremua baita, Barrundiako Arau Subsidiarioen arabera.

Kalkuluen arabera, 34.988 m3-ko edukiera dago materiala hartzeko, 16.777 m2-ko azalera duen eremu batean, lehen aipatutako hiru lurzatiek hartzen dituzten 18.901 m2-en barruan. Lurzati horiek elkarren mugakide dira, eta gaur egun landuta dagoen multzo bat osatzen dute. 308. lurzatitik soilik sar daiteke bertara. Material onargarriak dokumentu hauetan zehaztutakoak izango dira: Hondakinak zabortegian utzita deuseztatzea eta betelanetan erabiltzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren III. eranskinekoak eta Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindukoak. Material horiek, ingurumen-dokumentuaren arabera, hondeaketetatik ateratako lurrak izango dira (landare-lurra, buztinak, lohi-tuparriak eta harkaitz meteorizatuak).

Nolanahi ere, betelanetarako aurkeztu beharreko materialak hondakin ez-arriskutsuak izango dira; hau da, kutsatu gabeko hondeatutako lurzoruak eta eraikuntza- edo eraispen-obretan hondeatutako beste material natural batzuk, hala nola lurrak, buztinak, lohiak, hareak, legarrak edo harriak, EHZ 17 05 04 (Europako Hondakinen Zerrenda) kodean jasoak. Materiala ezin izango da kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetatik atera, edo lurzoruak ikertzeko eta oneratzeko erakunde egiaztatu batek ofizialki ziurtatuta egon beharko du ez dituela gainditzen Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen A-EBA atalaseak. Erabiliko diren materialek ez dute inolako eraikuntza- eta eraispen-hondakinik izango, eta ez da onartuko adreiluen hondarrik, morterozko edo hormigoizko harri-koskorrik, igeltsurik eta aldatu gabeko lur eta harri naturalak ez diren beste elementu batzuk dituztenik.

Proiektuaren arabera, betelana bi urte eta erdian egingo dela kalkulatzen da. Zehazki, egunean 10 m3-ko 6 kamioi kalkulatzen dituzte. Lursailaren eremu garaienean, betelana 0+572,50 m-ko kotaraino egingo da, eta topografia eredu topografikoko malden arabera mantenduko da. Betelanak, gehienez ere, 2 m-ko sakonera izango du, eta batez besteko altuera metro eta erdi ingurukoa izango da. Metaketa eta betelana ekialdetik mendebaldera egingo da, materiala akabera-kotan jarriz eta zabalduz, eta hegoalderantz aurrera eginez, lurzati-bidera. Kamioiak esku-hartze eremuaren hegoaldetik sartuko dira. Etapa edo heren bakoitzaren esku hartzeko lehen eremua txilardi oromediterraneoarren landaredia duen eremuaren iparraldearekin muga egiten duena izango da.

Bete beharreko lurzatiek bi eremu bereizi dituzte: bata lehorreko laborantzarako erabiltzen da (zerealetarako, nagusiki), eta larreekin eta bazka-laboreekin txandakatzen da, produktibitate txikia duelako; bestea laborantzarako aprobetxa ezin daitezkeen ezpondek osatzen dute, eta 308. eta 309. lurzatien iparraldean daude. 309. lurzatiaren hegoaldean zerrenda estu bat dago, erkametz bat edo beste, lizardi-larreak ihitokiarekin eta harrietan hazten den landaredia dituena. Azken horiek ez dira lantzen; izan ere, ingurumen-dokumentuaren arabera, lurzoru emankorraren geruza oso mehea da eta aldapa handia dago. Geoeuskadiren arabera, iparraldeko eremu hori 4090 Batasunaren Intereseko Habitata da: txilardi kaltzikola tuparrizalea, genistekin.

Era berean, lurzatien iparraldeko zerrendan dagoen eremu bat ingurumenaren hobekuntzako kategorian sailkatuta dago, Nekazaritza eta Basogintzaren LPSren arabera. Beharrezkoa da gainazal hori balizatzea eta ibilgailuen joan-etorria eragoztea zerrenda zeharkatzen duten sarbideak egokitzean, bai eta dagoen landaredia babestea ere, esku-hartzerik gabeko eremua baita, a priori.

Proiektuan ez dago aurreikusita ezein zerbitzu-sare instalatzea (elektrizitatea, ur-hornidura, telefoniakoa, etab.). Ez da energia elektrikorik behar; inoiz behar izanez gero, elektrizitate-sorgailuz hornituriko edukiontzi-kamioi bat eramango da. Ureztatzeko ur-beharrak zisterna-kamioi batekin betetzen dira.

Behin betelana eginda dagoenean, eremua, orain arte bezala, nekazaritza-ekoizpenerako erabiliko da. Dena den, haren nekazaritza-produktibitatea handitzea eta laborantza erraztea espero da.

Ingurumen-dokumentuan 0 alternatiba (ez jardutekoa) eta proiektuak garatutako alternatiba aztertzen dira, eta, hala, jarduketa-eremu jakin horretako nekazaritza-produktibitatea hobetzeko beharra justifikatzen da.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Proiektuaren xede den lurraren egokitze-lana Barrundiako (Araba) Gebarako 4. Poligonoko 307., 308. eta 309. lurzatietan egingo da, hondeaketatik ateratako lur eta arroka naturalak betelaneko material gisa erabiliz. Trapezoide-formako landa-lurzorua da, guztira 18.901 m2-ko azalera duena, eta A-1 errepidearen iparraldean dago, 240 m-ra. Bertara, hau da, lurrak jasoko dituzten lurzatietara, 013-207-103 zenbakiarekin erregistratutako (Arabako Lurralde Historikoko Landa Bideen Erregistrokoa) lurzati-bidetik sartzen da, A-3012 errepidetik. Gaur egun, lehorreko laboreak dira nagusi, iparraldeko zerrenda batean izan ezik (txilardiak ditu, eta landaredun harriak dituzten eremuak).

Jarduera-eremuko zentroidearen koordenatuak hauek dira: UTM ETRS 89, x: 539543 eta y: 4747818.

Hauek dira eremuaren ezaugarri nagusiak:

– Gainazaleko hidrologiari dagokionez, azterketa-eremua Ebroko Demarkazio Hidrografikoko Zadorrako Unitate Hidrologikoari dagokio, eta arroko ura Uribarri Ganboako urtegira isurtzen da. Aztergai dugun lurzatitik ez da ur-ibilgu iraunkorrik igarotzen; gertuen daudenak honako hauek dira: Zadorra ibaia (iparraldean, 800 m ingurura) eta Garadia erreka (distantzia berera baina mendebalderantz).

– Akuiferoei dagokienez, eremuak ez du kalteberatasun nabarmenik.

– Lurzatien iparraldean dagoen eremuan dagoen landaredia lizardi-larre gisa katalogatzen da –ihitokia eta margo-buztinezko higaduren landarediarekin–, eta eremu goldagarria, berriz, zereal-, patata- eta erremolatxa-labore gisa.

– Eremuan ingurumen-balioa dutenak zuhaixka-larreen kategoriako eremuak dira, 4090 Batasunaren Intereseko Habitat gisa katalogatuak: Txilardi oromediterraneoar endemikoak, elorri-triskarekin (308. eta 309. lurzatien iparraldean agertzen da eta betelanetan kaltetu daiteke).

– Eremuan, betelanaren xede den eremutik 830 metro ipar-mendebaldera, ES2110011 «Zadorraren sistemako urtegiak» KBEa eta 3ES039 «Uribarriko urtegiaren muturrak» Ramsar hezegunea daude. KBEa interes bereziko eremua da bisoi europarrarentzat eta igarabarentzat, Araban onartutako kudeaketa-planen arabera (322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Arabako lurralde historikoan Mustela lutreola bisoi europarra kudeatzeko plana onartzen duena –2003-12-05eko ALHAO–; eta 880/2004 Foru Agindua, urriaren 27koa, Arabako lurralde historikoan igaraba arruntaren (Lutra lutra; Linnaeus, 1758) kudeaketa plana onartzekoa –2004-11-24ko ALHAO–, hurrenez hurren).

Era berean, Zadorra ibaia ere –bete beharreko lurzatietatik 800 m iparraldera dago– interes bereziko eremu gisa dago identifikatuta bisoi europarrarentzat.

– Eskuragarri dagoen kartografiaren arabera, esku-hartze eremuan ez dago kultura-ondare gisa katalogatutako elementurik. Dena den, jarduketa-eremuaren inguruan interes arkeologikoko bi eremu identifikatu dira, biak Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 1997ko maiatzaren 26ko Erabakian, Barrundiako (Araba) Balizko Arkeologia Guneen Izendapena egitekoan izendatuak:

• «28. lautada (kokalekua)» deritzona, esku-hartze eremutik 450 m mendebaldera.

• «Marantxonako herrixka eta Maria Magdalenaren tenplua» deritzona, 650 m ingurura, ekialdera.

– Azkenik, proiektuaren eremuan ez da hauteman uholde-arriskurik, ez eta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzorurik ere.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektu mota eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik handienak betelana egiteko fasean sortuko dira, eta makinen joan-etorrien, lur-mugimenduen eta ekarri beharreko materialaren jatorriaren ondoriozkoak izango dira. Lurzoruaren gaineko inpaktuak eragingo dituzten jarduketak: trinkotzea eta topografia aldatzea; airearen kalitateari eragitea, hautsa, zarata eta bibrazioak sortzeagatik, eta hondakinak sortzea. Fase honetan, 4090 Batasunaren Intereseko Habitatean (Txilardi oromediterraneoar endemikoak, elorri-triskarekin) eragiteko arriskua egon daiteke, makinen joan-etorriagatik edo betelanetarako materiala erortzeagatik, bai eta Lurraren gainazaleko eta/edo lurpeko uretan eragiteko arriskua ere, ustekabeko isuriak gertatuz gero.

Nekazaritza eta Basozaintzako LPSn jasota dagoen ingurumenaren hobekuntzako eremuari dagokionez, honako jarduketa hauek proposatzen dira: hura balizatzea eta ibilgailuen joan-etorria eragoztea hura zeharkatzen duten sarbideak egokitzean, eta bertan dagoen landaredia babestea, esku-hartzerik gabeko eremua baita, a priori.

Azkenik, ez da hauteman inpaktu akustikoa jasan dezakeen punturik; izan ere, hurbilen dauden landaguneak, Gebara eta Mendixur, proiektuaren xede diren lurzatietatik 1.200 eta 1.700 metrora daude, lerro zuzenean.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta beharrezkoa izan ez dadin hondeaketatik ateratako lur naturalak betelaneko material gisa erabiliz Barrundiako (Araba) Gebarako 4. poligonoko 307., 308. eta 309. lurzatiak egokitzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea, betiere ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira proiektuan.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoen aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera.

Bestalde, neurri horiek eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Horrez gain, apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:

• Betelana egiteko erabiliko diren materialen jatorria.

Betelanean onar daitezkeen material bakarrak hondakin ez-arriskutsuak izango dira; hau da, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta eraikuntza- edo eraispen-obretan hondeatutako beste material natural batzuk, hala nola lurrak, buztinak, lohiak, hareak, legarrak edo harriak (EHZ 170504 kodean jasoak: lurra eta harriak, 170503 kodean zehazten ez direnak). Ez da onartuko adierazitakoez bestelako materialik.

Proiektatutako betelanetik kanpo geratzen dira, berariaz, lehen aipatutako material naturalak, baldin eta:

a) Ikusten bada, hondeatzean, material naturalez bestelako material edo objektuekin nahasita daudela, hala nola hormigoi-hondarrekin, material zeramikoekin, metalekin, plastikoekin, zurekin eta abarrekin.

b) Lurzorua kutsatuta egon daitekeen zantzuak badaude edota materialak mota hauetako lurzoruetatik badatoz: lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat hartu dutenak, Lurzorua ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen deklaraziorako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan definitutakoaren arabera.

• Proiektuaren eremua.

Jardueraren eraginpeko gehieneko esparrua bat etorriko da proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozeduran sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan ezarritako mugekin, eta 2023ko ekaineko proiektu teknikoaren «Lurraren azken egoera» 4. planoan jasota daude.

Ezin izango zaie inolaz ere eragin proiektuan aipatutako eragin-mugetatik kanpo dauden guneei, ez betelanak egiteko zereginean, ez lur-pilaketak egitean eta makinak instalatzean, ez jarduera lagungarrietan.

Obrak, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuaren barruan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak.

Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko afekziorik egonez gero, hori zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokienak aplikatuko dira.

• Natura-ondarea babesteko neurriak.

4090 Batasunaren Intereseko Habitata (txilardi oromediterraneoar endemikoak, elorri-triskarekin) hartzen duten gainazalei ez die eragingo proiektua gauzatzeak. Landaredi horri ez eragitearren, obrak hasi aurretik, eremua balizatu beharko da ibilgailuen joan-etorria edo betelanen materialak jaustea ekiditeko eta dagoen landaredia babesteko.

Dena den, azkenean eremuari nolabait eragiten bazaio, birpopulatzea egingo da 4090 Batasunaren Intereseko Habitata (Txilar eta ipuruetan oinarritutako elorri-triska duten txilardi oromediterraneoar endemikoak) duten gainazaletan, bai eta Nekazaritza eta Basogintzaren LPSren arabera ingurumenaren hobekuntzako kategorian sailkatutako gainazalean ere, Ingurumen Dokumentuan eta proiektu teknikoan planteatutako neurriei jarraikiz. Horretarako, basogintzako organo eskudunaren aldeko txostena izango da (Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzua).

Kontrol-neurri zorrotzak hartuko dira landare-espezie inbaditzaile exotikoak (Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Amaranthus, Echinochloa, Buddleja davidii, Baccharis halimifolia, banbua, etab.) detektatzeko, gurean sartu eta hedatu ez daitezen. Jarduketa-eremuan espezie horiek badaude, kentzeko ahaleginak egingo dira. Bereziki kontrolatuko da betelanetako eta landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez dira erabiliko aipatu diren espezie horiek kutsatu ahal izan dituzten lurrak.

Edozein zuhaitz-mozketa egiteko, Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren berariazko baimena beharko da (Mendiei buruzko martxoaren 26ko 11/2007 Foru Arauaren 27. eta 43. artikuluak).

• Fauna babesteko neurriak.

Itxitura perimetralak egin behar badira, itxituraren behealdean tarte libreak utzi beharko dira: lurraren sestratik 15-20 zentimetroko garaiera izango dute. Betelanak amaitzeko fasean, itxitura guztiak kentzea gomendatzen da.

Drainatzeko eta isurketak desbideratzeko hodietan, animalia txikiak hil ohi dira itota edo atera ezinik; ahalik animalia gutxien hil daitezen, elementu horiek diseinatzean, arreta jarriko da animaliak atera ezinik geldi ez daitezen. Horretarako, drainatze-elementuek, diseinuan, ateratzeko aukera emango duten elementuak izango dituzte; adibidez, arrapala zimurtsu txikiak, 25 metrotik behin bereizita, 30.º-ko angeluekin edo ihes-zuloekin.

Halaber, drainatze-areken profila trapezoide eta uve formakoa izango da, eta ez angeluzuzena; izan ere, zailagoa da animalia txikientzat profil angeluzuzena duten ubideetatik irtetea.

• Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

Betelanean materialak metatzearekin lotutako jarduera guztietan, lurzorura, lurpeko uretara eta azaleko uretara kutsatzailerik ez isurtzeko beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak beteko dira.

Bideetako, sarbideetako eta garbiketa-ureztatzeetako jariatze-urak egoki tratatu beharko dira, eta ezingo dira zuzenean isuri. Horrez gain, obran, neurriak ezarriko dira bestelako kutsatzailerik eror ez dadin (horretarako, besteak beste, makinen mantentze-lanak kontrolatu beharko dira, bai eta lixibiatuak kudeatu ere). Hidrokarburoak xurgatzeko gai den material espezifikoa eduki beharko da (sepiolita motakoa edo antzekoa), ustekabeko isuri edo jarioren bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

Azkenean proiektuak obrako makinetarako gunea eta instalazio laguntzaileen gunea eratzea barne hartzen badu, gune horiek drainatze-sare naturaletik isolatu beharko dira. Bestalde, mantentze-lanak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, horrela ez baita oliorik edo erregairik isuriko lurrean.

Ezin izango da gainazaleko edo lurpeko urik bildu nahitaezko administrazio-emakidarik gabe, ez eta ezein isuririk egin ere ibilgura edo lurrera, dagokion baimenik gabe.

Lurzoru-geruza emankorraren gainaldea modu bereizian erretiratuko da, nekazaritza-lurzatiaren emankortasunari eusteko.

• Kaltetutako eremuak lehengoratzeko eta paisaia babesteko neurriak.

Botatako masa inguruaren morfologiari egokitu behar zaio, eta haren antzekoa izan behar du; ertzak dituzten akaberak eta gainazal lauak saihestu behar dira, eta lursail naturalaren eta betelan-gunearen arteko trantsizioak leuna izan behar du (trantsizio-eremuak leundu behar dira).

Betelanaren bolumena egokitu egin beharko zaio hura hartzen duen gainazalerari; beraz, saihestu egin beharko dira gehiegizko masak eta inguruko morfologiarekin bat ez datozenak (ezponda eta malda handiegiak).

Leheneratze-proiektuak elementu hauek identifikatu beharko ditu kartografikoki: leheneratu beharreko eremuak, erabili beharreko espezieak, landaketa-esparruak, aurrekontua, etab. Horretarako, adierazitako natura-ondarea babesteko irizpideak hartu beharko dira kontuan, eta proiektua ingurumena lehengoratzeko prestakuntza eta esperientzia frogatua duten teknikariek gauzatu eta gainbegiratu beharko dute.

Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea).

Ezarritako landaredia mantentzeko lanak gutxienez 5 urtez luzatuko dira, landareztatze-prozesuaren azken fasetik zenbatzen hasita, eta prozesu horren arrakasta ziurtatzeko beharrezkoak diren jarduera guztiak egingo dira.

Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuaren txostenaren arabera, A-3012 errepidetik (Arabako Lurralde Historikoko Landa Bideen Erregistroan inskribatuta dago, 013-207-103 kodearekin) bete beharreko lurzatietara sartzeko lurzati-bideari kalte egin diezaiokeen edozein jarduketa egin aurretik, dagokion txosten teknikoa eskatu beharko zaio Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuari, Arabako Lurralde Historikoko landa bideak erabili, artatu eta zaintzeko 6/1995 Foru Araua oinarri hartuta.

Baso-sutea izateko arrisku handia dagoen eremuetan, ez dira egingo sute bat eragin dezaketen lanak.

• Airearen kutsadura murrizteko neurriak.

Ahalik eta hauts gutxien sortuko da betelana egiten den bitartean, bai materialak garraiatzeko eragiketetan, bai materialak lurrean jalkitzean. Horretarako, neurri hauek hartuko dira:

– Sarbidean, ibilgailuen eta obrako makinen abiadura mugatuko da.

– Garraiatu beharreko zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, haren kanpoaldea ureztatuko da.

– Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts-kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera onean egon beharko dute une oro, lokatzik gabe. Garbiketa Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuak adierazten duen moduan egingo da, edo, halakorik ezean, zisterna-ibilgailuekin edo, puntu jakinetan, presioko mahukarekin edo antzeko beste gailu batzuekin ureztatuta. Ez da hondakinik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

• Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

Zarata sorburuan murrizteko hainbat jardunbide egoki aplikatu beharko dira, bereziki materialak garraiatzeko eta deskargatzeko eragiketetan, erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, makineria mugitzearen ondoriozko zarata gutxitzen saiatzean, obretan erabilitako tresnen soinu-emisioak kontrolatzean eta abarretan. Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan eta horrekin bat datorren araudian aipatutako zarata-foku berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete beharko dira beti.

Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

• Hondakinak kudeatzeko neurriak.

Sortutako hondakin guztiak Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira: hau da, prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk erabiltzea, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak ezabatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haiek balorizatzea ez dela bideragarria ez teknikoki, ez ekonomikoki, ez ingurumenaren aldetik.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia bakoitzeko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta haiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, baldin eta, haien tipologiagatik, isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

• Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

• Jarduera etetea.

Betelana amaitu ondoren, hura egitearekin zerikusia duen edozein instalazio eta oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta kendu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

Behin jarduera amaitu denean, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta, beharrezkoa bada, aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu ostean.

Betelana amaitu ondoren, kaltetutako azaleren aurretiko nekazaritza-erabilera berreskuratuko da.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere Ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez dela aurreikusi proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkoa proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea, kontuan izanda proiektua honetan datzala: hondeaketatik ateratako lur naturalak betelaneko material gisa erabiliz, Barrundiako (Araba) Gebarako 4. poligonoko 307., 308. eta 309. lurzatiak egokitzea (Larrea Asteasu SLk sustatzen du).

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Barrundiako Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 10a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala