Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

91. zk., 2024ko maiatzaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELANKIDETZA-LANKIDETZARAKO ETA ELKARTASUNERAKO EUSKAL AGENTZIA
2228

EBAZPENA, 2024ko apirilaren 12koa, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita garapenerako lankidetza-programen identifikazio-faserako laguntzak emateko deialdia, 2024. urterako.

Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuan daude araututa (2024ko urtarrilaren 12ko EHAA, 9. zk.).

Geroago, 2023ko abenduaren 30ean, indarrean jarri zen Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zk.); bada, lege horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateek emandako dirulaguntzen araubide juridiko orokorra, eta indargabetuta uzten ditu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua. Horregatik, araudi berrian xedatutakoa jasotzen du deialdi honek, arlo hauei dagokienez: entitate onuradunek beren gain hartutako betebeharrak, laguntzen kudeaketa eta deialdia ebaztea, ez-betetzeen kasuak eta laguntzak itzultzeko prozedura.

Halaber, 2024ko otsailaren 29an, argitara eman da Lankidetzarako eta Elkartasunerako otsailaren 19ko 3/2024 Legea (otsailaren 29ko EHAA, 44. zk.), zeinak, besteak beste, aldatzen baitu Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izena, eta bihurtzen baitu eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia.

Azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera, garapenerako lankidetza-programek bi finantzaketa-fase dituzte, bereiziak eta ondoz ondokoak: a) Identifikazio-fasea: hasierako fasea da, eta xedetzat du zehaztea zein diren aldatu nahi diren errealitatea, arazoak eta erronkak, eta, halaber, zehatz definitzea zein den esku hartzeko estrategia egokiena eta bideragarriena, testuingurua eta agente parte-hartzaileak aintzat hartuta. b) Exekuzio-fasea: ondorengo fasea da, eta hautatutako esku-hartze estrategia garatzera bideratuta dago.

Azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuaren 10. artikuluaren arabera, dekretu horretan araututako laguntzetarako deialdia eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo da.

Deialdi bakarra egin daiteke azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuan jasotako diruz lagundu daitezkeen bi faseetarako, edo deialdi bat fase bakoitzerako. 2024ko deialdian, programen identifikazio-fasea soilik egingo da, lehen aldia baita laguntza-deialdia aipatutako dekretuaren esparruan egiten dela, eta beharrezkoa baita identifikazio hori egitea, aurretiazko baldintza gisa, aurreragoko beste ekitaldietan iragarriko diren programak exekutatzeko faseetan parte hartu ahal izateko.

Deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta honako hauek zehaztuko ditu: xedea; zuzkidura ekonomikoa; hautaketa-batzordeko kideen izendapena, eta eskaerak aurkezteko modua eta epea. Ebazpen horrek zehaztuko du, halaber, zenbateko dirulaguntza emango den identifikazio-fasean, eta entitate bakoitzak gehienez zenbat eskaera aurkez dezakeen. Deialdian ezartzen da, gainera, laguntza-kopuru bat erreserbatuko dela Afrikan garatzen diren ekimenetarako. Azkenik, eskabideak baloratzeko irizpideak ere zehaztuko dira deialdian.

Deialdiaren ebazpenak honako hauek zehaztuko ditu: izapidetze elektronikora sartzeko modua, eta formatu eta agirietara sartzeko sarbide elektronikoa, behar bezala aurkezteko.

Deialdi hau eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planaren barruan sartzen da, zeina Gobernu Kontseiluaren 2022ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez luzatu baitzen 2022-2024rako. Bai Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Plana, bai 2024ko Urteko Plana argitaratuta daude, www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian, «Nortzuk gara» atalean, «Plangintza» azpi-atalean. Halaber, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 6. artikuluan xedatutakoa betez, deialdi hau jasota dago Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoan. Plan hori eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak onartu zuen.

ELankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2024ko urtarrilaren 29ko bileran, erabaki zuen agentziaren zuzendariari proposatzea garapenerako lankidetza-programei laguntzak emateko deialdia onartzea, bai eta laguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartzea ere.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da garapenerako lankidetza-programen identifikazio-faserako laguntzen deialdia egitea 2024rako, Garapenerako lankidetza-programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuaren arabera (2024ko urtarrilaren 12ko EHAA, 9. zk.).

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

150.000 euro bideratuko dira programen identifikazio-faserako –lehia-konkurrentziako prozeduraren bidez emanak–.

3. artikulua.– Eskaerak, entitateka.

Entitate bakoitzak eskaera bat (1) egin ahal izango du gehienez.

4. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Identifikazio-fasean, 30.000 euro eskatu eta esleitu ahal izango dira, gehienez, ekimen bakoitzeko.

5. artikulua.– Afrikan garatutako ekimenak.

1.– Gutxienez, esleipen bat (1) erreserbatuko da Hegoaldeko herrialde nagusia Afrikakoa duten ekimenetarako.

2.– Esleipen hori egitea ezinezkoa bada, aurkeztutako eskabideek baldintzak betetzen ez dituztelako, bideragarriak ez direlako, genero-ikuspegirik ez dutelako edo gutxienez 50 puntu lortzen ez dituztelako, aukera egongo da laguntzak emateko beste eremu geografiko batzuetan kokatutako eskabideei.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta eskabideak nola aurkeztu eta egin.

1.– Hilabeteko epea egongo da programen identifikazio-fasera laguntza-eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Agindu honen ondoriozko eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz bakarrik egingo dira.

3.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragarri elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, bai eta eskabide-orria ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, www.euskadi.eus webgunean eskuratu ahal izango da, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.

4.– Entitate interesduna espedientean sartzeko, dokumentazioa aurkezteko eta zuzenketak, jakinarazpenak eta prozedura honekin lotutako gainerako izapideak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioa baliatu behar da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/).

5.– Eskaerarekin batera, entitate eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo entitatearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

6.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak ofizioz begiratu, ziurtatu edo egiaztatuko du, administrazio eskudunean, legezko ordezkaritzaren akreditazioa. Hala ere, ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan ebazpen honi dagozkion jarduketa guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/), edo

– Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskaerarekin batera aurkeztu beharko dena. Pertsona juridikoek ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute.

Ordezkariak egoitza elektroniko horretan onartutako bitarteko bat izan beharko du elektronikoki identifikatzeko.

Honako helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

7.– Laguntza-eskaera eta eskatutako dokumentazioa nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira.

8.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.

7. artikulua.– Eskaeraren edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabidea eta eskatutako gainerako dokumentuak eta formularioak, ebazpen honen bidez onartuak; horien artean daude 180/2023 Dekretuaren 13.3 artikuluan aipatzen diren programen profilei dagozkienak, eskuragarri daudenak https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean.

2.– Eskaera eskabide normalizatuan aurkeztuko da, eta hor jasoko dira proposatutako programaren eta eskatutako identifikazioaren funtsezko datuak. Eskabidean programaren profila agertuko da, honako hauek oro har azaltzeko dena: proposatutako esku-hartzea; parte hartzen duten agenteak; ekimena nola lerrokatzen den ikuspegi lokal-globala osatzen duten elementuekin; planteatutako identifikazio-prozesuaren azalpen zehatza; fase horretarako eskatutako dirulaguntza, eta entitate eskatzaileak eta elkartea osatzen duten gainerako entitateek laguntzak eskuratzeko bete beharko dituzten baldintzen egiaztapena.

3.– Eskaeran, identifikazio-faserako eskatzen den dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, eta exekuzio-faserako eskatzea aurreikusten dena. Bi kasuetan, adieraziko da zer ehuneko kudeatuko duen elkartea osatzen duen entitate bakoitzak.

4.– Eskabidearekin batera, 180/2023 Dekretuaren 5., 6. eta 7. artikuluetan adierazitako betekizunak ere egiaztatu beharko dira, artikulu horietan ezarritako baldintzetan.

5.– Pertsona edo entitate eskatzaileek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteak dituztela egiaztatzeko. Nolanahi ere, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak adierazpen hori egiaztatu ahal izango du, kontsulta eginez datu-bitartekaritzarako plataformei edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuei. Salbuespen kasuetan, inguruabarren baten ondorioz ezinezkoa bada aipatutako datuak eskuratzea, entitateari eskatu ahalko zaio kasuan kasuko agiriak aurkezteko.

8. artikulua.– Entitate eskatzaileak bete beharreko baldintzak.

1.– Honako betekizun hauek betetzen dituzten entitateek eskatu ahal izango dute laguntza:

1.1.– Izaera juridikoaren arabera dagokion erregistro publikoan inskribatuta egotea.

1.2.– Kudeaketa-gaitasuna izatea. Horretarako, entitate eskatzaileak betekizun hauek bete beharko ditu:

a) eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren gutxienez bi dirulaguntza eskuratu izana identifikazio-deialdiaren aurreko hiru ekitaldietan, edo, bestela, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren dirulaguntzak izatea exekuzioan identifikazio-deialdiaren aurreko bost ekitaldietako bakoitzean.

b) Identifikazio-deialdiaren aurreko hiru ekitaldietan, garapenerako lankidetzako helburuei loturiko laguntza publikoak justifikatu izana, eta, guztira, programaren exekuzio-faserako eskatu nahi den zenbateko berdinekoak edo handiagokoak izatea.

c) Exekuzio-fase guztian programa kudeatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez pertsona bat kontratatuko dela bermatzea.

1.3.– Gaitasun estrategikoa izatea. Horretarako, entitate eskatzaileak betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Plangintza estrategiko bat izatea indarrean, helburu eta ekintza-ildo espezifikoekin, zeinek erakundearen lana bideratuko baitute Euskal Autonomia Erkidegoan eta Hegoaldeko herrialdeekin; plangintza estrategiko hori koherentea izango da aurkeztutako ekimenarekin.

b) Genero-ekitatearen aldeko ekintza-plana indarrean izatea, genero-desberdinkeriak ezabatzeko, generoaren zeharkako izaera garatzeko eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko, bai erakundearen barruan, bai bultzatutako ekimenetan.

Genero-ekitatearen aldeko ekintza-planak eduki hauek izan beharko ditu, gutxienez:

– Erreferentziazko esparru teorikoa, entitate eskatzaileak genero-arloan mahaigaineratzen dituen arazoen eta erronken laburpena, eta genero arazo horiek konpontzeko hartutako estrategia.

– Helburu espezifikoak.

– Zer emaitza espero diren.

– Ekitatearen alde zer ekintza egingo den emaitzak lortzeko –ekintza bat, gutxienez, antolamendu-kulturara bideratuko da–.

– Adierazleak.

– Kronograma.

– Ekintza bakoitza egiteko giza baliabideak –ardura duten pertsonak eta arloak– eta baliabide materialak.

– Jarraipen-sistema eta planaren ebaluazioa.

c) Identifikazio-faseko deialdia argitaratu aurreko hiru urteetan, gutxienez, gizarte-eraldaketarako bost hezkuntza-jarduera gauzatu izana Euskal Autonomia Erkidegoan.

d) Gutxienez hiru urteko lan-esperientzia izatea programako gaietan, identifikazio-faseko deialdia argitaratu aurreko bost ekitaldiak kontuan hartuta.

e) Gutxienez hiru urtez aritu izana elkarlanean diruz lagundu daitekeen programaren exekuzioan, eskatzailearekin batera gehien parte hartzen duen elkarteko erakundearekin, identifikazio-faseko deialdia argitaratu aurreko bost ekitaldiak kontuan hartuta.

2.– Ezingo dira izan dirulaguntzen onuradun Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan aurreikusitako egoeraren batean dauden entitateak.

3.– Laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, entitateek ezin dute izan laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dieten zehapenik, ez administrazio-arlokorik, ez zigor-bidekorik, eta ezin dute izan halako laguntzak eskuratzeko legezko debekurik, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1.h) artikuluan ezarritakoari jarraituz; entitateek, halaber, ezin dute halako zehapenik izan LGTBIfobia egin, sustatu edo hauspotzeagatik, edo konbertsio-terapiak egiteagatik, Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

4.– Entitateei dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziak ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan abian den itzultze- edo zehapen-prozedura oro.

5.– Betekizunak egiaztatzea:

5.1.– 1.1 betekizuna egiaztatzeko, entitatearen inskripzio-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

5.2.– 1.2.c) betekizuna egiaztatzeko, berriz, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, eskabide normalizatuaren parte izango dena.

5.3.– Artikuluan adierazitako gainerako betekizunak egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Betekizunak egiaztatzeko memoria bat, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian argitaratutako ereduari jarraituz. Memoriaren xedea izango da, batetik, 1.2.a) eta b) eta 1.3.c), d) eta e) betekizunak egiaztatzea, eta, bestetik, azaltzea ekimena bat datorrela 1.3.a) betekizunean ezarritako plangintza estrategikoarekin.

b) Plangintza estrategikoaren dokumentua, indarrean dagoena, 1.3.a) betekizuna egiaztatzeko, aurreko puntuan aurreikusitakoaren osagarri.

c) Genero-ekitatearen aldeko ekintza-plana, 1.3.b) betekizuna egiaztatzeko.

9. artikulua.– Garapenerako lankidetza-programen betekizunak.

1.– Oro har, laguntzak eskuratzeko, honako betekizun hauek bete beharko dituzte garapenerako lankidetza-programek:

a) Entitate-elkarte baten bidez garatzea; elkarte horretan, entitate eskatzaileaz gainera, gutxienez, Hegoaldeko herrialde bateko erakunde batek parte hartu beharko du.

Deialdi honen ondorioei begira, Hegoaldeko herrialdeak dira, nahitaez planetaren hegoaldeko hemisferioan egon behar izan gabe, garapenerako laguntza ofiziala jasotzeko Garapenerako Laguntza Batzordeak –edo nazioarteko organismo baliokideak– hauta ditzakeenak.

b) Jarduerak egitea, eraldaketak sustatzea eta inpaktuak aurreikustea, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai, gutxienez, Hegoaldeko herrialde batean.

2.– Identifikazio-faserako, garapenerako lankidetza-programek, gainera, sei hilabeteko (6) gehieneko iraupena izan behar dute, dirulaguntza emateko ebazpena argitaratzen denetik hasita. Aldi horren barruan, identifikazioaren emaitzak aurkeztu beharko dira.

3.– 1. puntuan aurreikusitako betekizunak eskabide normalizatuan eta programaren profilean egiaztatuko dira.

10. artikulua.– Elkartean % 20tik beherako partaidetza duten entitateen betekizunak.

1.– Eskatutako dirulaguntzaren % 20an baino gutxiagoan programa exekutatzea bere gain hartzen duten elkarteko entitateek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

1.1.– Nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuta egotea, gutxienez identifikazio-faseko deialdira aurkeztu baino urtebete lehenagotik.

1.2.– Irabazi-asmorik ez izatea, edo, bestela, programara egindako ekarpena –egungoa edo etorkizunekoa, zuzenekoa edo zeharkakoa– irabazi-asmorik gabekoa dela bermatzea, eta parte-hartzea justifikatuta egotea esku-hartzearen izaerarengatik.

2.– Adierazitako gainerako betekizunak egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Estatutuen eta dagokion erregistroko inskripzioaren kopia.

Ezinezkoa baldin bada entitatea erregistroan formalki inskribatzea eta eratzea herrialdearen egoerak eragindako ezintasun juridikoa edo politikoa dela-eta, betekizun horren ordez, entitatearen esperientzia eta jarduera egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

b) Irabazi-asmoa duten entitateak badira, memoria bat aurkeztu beharko dute, programan irabazi-asmorik gabeko interesa dutela eta esku-hartzean duten parte-hartzea justifikatzeko.

11. artikulua.– Elkartean % 20tik gorako partaidetza duten entitateen betekizunak.

1.– Eskatutako dirulaguntzaren % 20an baino gehiagoan programa exekutatzea bere gain hartzen duten elkarteko entitateek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

1.1.– Nortasun juridikoa izatea eta dagokien erregistroan inskribatuta egotea, gutxienez identifikazio-faseko deialdira aurkeztu baino bost urte lehenagotik.

1.2.– Irabazi-asmorik ez izatea, edo, bestela, bermatzea programan irabazi-asmorik ez izatea –ez egun, ez etorkizunean, ez zuzenean, ez zeharka–, eta parte-hartzea justifikatuta egotea esku-hartzearen izaerarengatik.

1.3.– Kudeaketa-gaitasuna izatea. Horretarako, identifikazio-faseko deialdiaz aurreko hiru ekitaldietan garapenerako lankidetzako helburuei loturiko laguntza publikoak justifikatu izana egiaztatu beharko du, eta horien zenbatekoa, guztira, exekuzio-fasean kudeatzea aurreikusten duen zenbatekoaren % 80 edo gehiago izatea.

1.4.– Gaitasun estrategikoa izatea. Horretarako, honako betekizun hauek bete beharko ditu:

a) Plangintza estrategiko bat izatea indarrean, aurkeztutako ekimenarekin koherentea izango dena.

b) Genero-politika instituzional bat izatea indarrean, sustatutako ekimenetan genero-ikuspegia txertatzea orientatzen duena.

Genero-politika instituzionalak eduki hauek izan beharko ditu, gutxienez:

– Erreferentziako esparru teorikoa eta arau-esparrua.

– Entitateak zer aurrekari dituen genero-ikuspegia txertatzen.

– Xedeak, emaitzak eta ekintza-ardatzak.

c) Gutxienez, hiru urteko lan-esperientzia izatea programako gaietan, identifikazio-faseko deialdia argitaratu zen dataz aurretiko bost ekitaldiak kontuan hartuta.

d) Gutxienez hiru urteko lan-esperientzia izatea laguntza exekutatuko den xede-biztanleriarekin, identifikazio-faseko deialdia argitaratu zen dataz aurretiko bost ekitaldiak kontuan hartuta.

2.– Adierazitako gainerako betekizunak egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Estatutuen eta dagokion erregistroko inskripzioaren kopia, 1.1 eta 1.2 betekizunak egiaztatzeko.

Ezinezkoa baldin bada entitatea erregistroan formalki inskribatzea eta eratzea herrialdearen egoerak eragindako ezintasun juridikoa edo politikoa dela-eta, betekizun horren ordez, entitatearen esperientzia eta jarduera egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

b) Betekizunak egiaztatzeko memoria bat, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren web-orrian argitaratutako ereduari jarraituz. Memoriaren xedea izango da, batetik, 1.2 betekizuna –irabazi-asmoa duten entitateen kasuan–, eta 1.3 eta 1.4.c) eta d) betekizunak egiaztatzea, eta, bestetik, ekimena 1.4.a) betekizunean ezarritako plangintza estrategikoarekin bat datorrela azaltzea. Irabazi-asmoa duten entitateen kasuan:

c) Plangintza estrategikoaren dokumentua, indarrean dagoena, 1.4.a) betekizuna egiaztatzeko, aurreko puntuan aurreikusitakoaren osagarri.

d) Indarrean dagoen genero-politika instituzionala, 1.4.b) betekizuna egiaztatzeko.

Emakumeen erakundeen eta erakunde feministen kasuan, indarrean dagoen plangintza estrategikoak ordezkatu ahal izango du genero-politika instituzionala, betiere lehenetsitako helburuak eta ekintza-ildoak genero-desberdinkeriak murriztera, emakumeak ahalduntzera edo haien eskubideak defendatzera bideratuta badaude.

12. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Eskaerak aztertu eta baloratzeko, hautaketa-batzorde bat eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:

a) Alazne Camiña Izkara andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuko arduraduna; batzordeko lehendakaria izango da.

b) Mónica Fernández Vidal andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

c) Iker del Río Lahidalga jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; idazkari ere jardungo du.

2.– Ordezkapenen kasuan, hau da, batzordekide-plaza hutsik badago, titularra kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, honako pertsona hauek izendatuko dira:

a) Noemi de la Fuente Pereda andrea, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikokoaren Zerbitzuko arduraduna; batzordeko lehendakaria izango da.

b) Javier Galaz de la Torre jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria.

c) Mikel Valera García jauna, eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Lankidetzako teknikaria; idazkari ere jardungo du.

3.– Hautaketa-batzordeak, behar izanez gero, teknikari espezialisten laguntza izan dezake. Teknikari horiek batzordean hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botoa emateko eskubiderik ez.

4.– Batzordeak, edozein erabaki hartzeko, kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko du.

13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio-irizpideak azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuko 18. artikuluan ezarritakoak dira (dekretu horren bidez, arautzen da zer laguntza eman garapenerako lankidetza-programei); irizpideok ebazpen honen I. eranskinean daude zehaztuta.

14. artikulua.– Prozedura kudeatzea eta esleipen-proposamena egitea.

Prozedura kudeatzea eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuari dagokio, eta hark laguntzak esleitzeko proposamena egingo dio agentziako zuzendariari.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendariak, proposamena ikusita, laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpena emango du.

2.– Ebazpen horrek ez dio bukaera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakaritzari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Identifikazio-faserako dirulaguntzak emateko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpen horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu. Hala ere, informazioa emate aldera, ebazpenaren komunikazio elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez ere egingo da.

Ebazpenean onartutako eta diruz lagundutako eskaeren zerrenda zehaztuko da, eta, haietako bakoitzean, lortutako puntuazioa eta onartutako dirulaguntza adieraziko dira, bai eta emandako laguntzaren zenbateko globala ere. Halaber, ezetsitako edo baztertutako eskaeren zerrenda jasoko da, baita ezestea edo baztertzea eragin duten arrazoiak ere.

4.– Prozedura ebazteko eta ebazpena entitate interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igaro ondoren berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, eskaera ezetsitzat hartuko da.

5.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 26.2 artikuluan ezarritakoa betez, emandako dirulaguntzen zerrenda egoitza elektronikoan argitaratuko da.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Laguntzen entitate onuradunek, Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuan (2024ko urtarrilaren 12ko EHAA, 9. zk.) zehaztutako betebeharrak betetzeaz gainera, beste betebehar hauek ere izango dituzte: Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoak, eta deialdi honetako laguntzak jasotzeagatik eska daitekeen legezko beste edozein betebehar.

17. artikulua.– Laguntzak itzultzeko arrazoiak eta prozedura.

Bidegabe jasotako laguntzak itzultzeko arrazoiak eta laguntza horiek azkentzeko eta itzultzeko prozedura Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen III. tituluko 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hirugarren xedapen gehigarriko laugarren apartatuan ezarritakoaren arabera arautuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Garapenerako lankidetzaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatzen duen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23.4 artikuluak dioenez, dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian zehaztuko da entitate eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa.

Horrela, Kontseilu Errektoreak, 2024ko urtarrilaren 29an egindako bilkuran, erabaki zuen entitate eskatzaile bakoitzak, gehienez, bana daitezkeen funtsen % 7 eskuratu dezakeela, eta zenbateko horren berri emango dela argitaratzen den lehenengo deialdian. Hau da, 4.070.667,61 euro, garapenerako lankidetzaren kargura urtean onartzen diren laguntzen edozein deialditan; dirulaguntza horiek geroago ordaindu litezke, aurreragoko ekitaldietan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Garapenerako lankidetzako programetarako laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 180/2023 Dekretuan ezarritakoaz gain, ebazpen honetako dirulaguntzek honako hauek xedatutakoa dute oinarri: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 12a.

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.

ERANSKINA
BALORAZIO-IRIZPIDEAK

1.– Proposamenaren egokitasuna (15 puntu gehienez).

1.1.– Proposamenaren egokitasuna, alderdi hauek aintzat hartuta: testuingurua, lagundutako prozesuak eta eLankidetzak indarrean dituen plangintzetan ezarritako lehentasunak: 10 puntu, gehienez.

Honako hauek baloratuko dira: proposatutako programaren izaera berritzailea; programaren egokitasun-maila, zer testuingurutan garatzen den kontuan izanda; zer balio erantsi dakarren, eLankidetzak aldez aurretik finantzatutako prozesuen aldean, eta zenbateraino datorren bat indarrean dauden plangintza-tresnetan ezarritako lehentasunekin.

1.2.– Afrikan modu esanguratsuan garatu beharreko proposamena: 5 puntu.

Afrikako herrialde batean modu esanguratsuan garatzen diren ekimenak baloratuko dira.

2.– Ikuspegi lokal-globala txertatzea (70 puntu gehienez).

2.1.– Egiturazko arazoei eta erronka globalei heltzea: 15 puntu, gehienez.

Programak erantzun nahi dion egiturazko arazoa edo erronka globala argiro identifikatzea baloratuko da, bai eta programak esku hartuko duen lurraldeetan eta xede-biztanlerian duen eraginaren karakterizazioa ere. Baloratuko da, halaber, lehenetsitako erronka globala edo egiturazko arazoa koherentea izatea lurralde bakoitzean aurreikusitako helburuekin eta aurre egiteko estrategiekin.

2.2.– Iparraldeko eta Hegoaldeko entitateen arteko artikulazioa: 15 puntu, gehienez.

Honako hauek baloratuko dira: elkartea osatzen duten Iparraldeko eta Hegoaldeko entitateek garatu beharreko lan-ildo eta -estrategien arteko koordinazio-, koherentzia- eta osagarritasun-maila; aurreikuspenen arabera, zer sinergia sortuko diren entitateen artean, eta batera jarduteak zer balio-erantsi dakarren programaren helburua lortzeko.

2.3.– Aliantzak: 15 puntu, gehienez.

Honako hauek baloratuko dira: programa garatzeko eratutako elkartea; bertako kide diren entitateen arteko osagarritasun-maila; proposatutako helburuarekin duen egokitasuna, eta ekimena garatzeko elementu berritzaileen presentzia. Baloratuko da, era berean, elkarteko entitateek zer aliantza egingo duten programa lurralde eta maila guztietan garatzeko.

2.4.– Maila anitzeko ekintza: 15 puntu, gehienez.

Programaren ekintza-esparrua aztertuko da, tokiko, estatuko eta nazioarteko mailak bereizita. Maila horietarako aurreikusitako lan-ildoen artikulazio-maila baloratuko da, eta aztertuko da zer ekarpen egiten duten programaren helburua lortzeko.

2.5.– Norbanakoei laguntzea eta herritartasun globala eraikitzea: 10 puntu, gehienez.

Programan xede-biztanleriarekin planteatutako lan-ildoak eta -estrategiak aztertuko dira, eta baloratuko da zer ekarpen egiten duten kontzientzia kritikoa hartzen laguntzeko eta borondate eta ekintza eraldatzaileak bultzatzeko. Baloratuko da, era berean, programak zer ahalmen duen lurralde bakoitzeko xede-biztanleria konektatzeko.

3.– Planteatutako identifikazio-prozesua (15 puntu, gehienez; soilik aurreko apartatuek gutxienez 40 puntu batu dituzten kasuetarako).

Baloratuko da programaren esku hartzerako helburu eta estrategiak koherenteak izatea identifikazio-faserako helburuekin, aurreikusitako jarduerekin eta espero diren produktuekin. Baloratuko da, halaber, elkartea osatzen duten entitateek zer eginkizun betetzen duten identifikazio-ekintzetan, bai eta xede-biztanleek zer partaidetza duten ekintza horietan ere. Azkenik, identifikazio-prozesuan zenbait elementu sartzea baloratuko da: zehazki, programen bideragarritasuna indartzen dutenak, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lehenetsitako ikuspegi lokal-globala eta zeharkako gainerako ikuspegiak programetan sartzen laguntzen dutenak.


Azterketa dokumentala