
91. zk., 2024ko maiatzaren 10a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (148 KB - 3 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
2221
AGINDUA, 2024ko maiatzaren 2koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, langileek dagozkien ordainsariak jasota 2024ko ekainaren 9ko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko arauak ematen dituena.
Apirilaren 9ko 363/2024 Errege Dekretuaren bidez 2024ko ekainaren 9ko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako deia egin denez gero, beharrezkoa da sail honek behar diren neurriak hartzea langileek kontsulta horretan parte hartu ahal izan dezaten beren ordainsariak jasota.
Horretarako, indarrean dagoen legediak agindutakoa bete behar da, Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan xedatuaren arabera, eta aintzat hartuta Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 37.3.d) artikuluan zehazten dena (testu bategin hori urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen).
Ondorioz, 16/2024 Dekretuak 2. artikuluan ematen dizkidan ahalmenez baliatuz (16/2024 Dekretua, apirilaren 26koa, lehendakariarena, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua kargutik kentzea xedatzeko dena), hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena, hauteskundeen egunean astean legez dagokien eta nahitaezkoa den atsedenik ez duten langileentzakoa.
1.– 2024ko ekainaren 9an hautesle, hauteskunde-mahaiko kide, kontu-hartzaile edo ahaldun izanik egun horretan 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan xedaturiko asteko atsedena hartzerik ez duten langileek eskubidea izango dute ordainduriko baimen bat hartzeko egun horretan dagokien lanaldian, deitutako Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea baliatu ahal izateko, hurrengo artikuluetan ezartzen den eran (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartu zen).
2.– Adierazitako baimena ezin da berreskuratu, hauteslekuak irekita dauden orduen barruan baliatu behar da, eta langileak zerbitzuak normal eman balitu bezala jasoko lukeen soldata pagatuta ordaindu behar du enpresak.
3.– Baldin eta prima edo pizgarri batez osatua badago berreskuratu ezin den eta ordaindu behar den baimen horretarako eskubidea duten langileek jaso beharreko soldataren zati bat, adierazitako kontzeptuagatik aurreko azken sei hilabetean langileak jaso duen batezbestekoaren arabera kalkulatu behar da aipatutako zati hori.
2. artikulua.– Langileek bozkatzeko eskubidea baliatzeko baimenaren iraupena.
1.– 2024ko ekainaren 9an bozkatzeko eskubidea baliatu nahi duten langileek, baldin eta egun horretan dagokien ohiko lanaldia hauteslekuak irekita dauden ordutegiarekin lau ordutan edo gehiagotan bat badator, lau orduko baimen ordaindua izango dute, hauteslekuak irekita dauden ordutegiaren barruan hartzeko.
2.– Baldin eta ohiko lanaldiarekiko kointzidentzia lau ordutik beherakoa bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena, eta hauteslekuak irekita dauden ordutegiaren barruan baliatu beharko da.
3.– Baimen horien iraupena proportzionalki txikituko da, baldin eta egun horretan ohiko, legezko edo hitzartutako lanaldia baino lanaldi laburrago bat aitortua baldin badute bozkatzeko eskubidea baliatu nahi duten langileek.
3. artikulua.– Baimena erabiltzeko unea zehaztea eta haren erabilera justifikatzea.
1.– Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako kasuetan, enpresaren zuzendaritzak zehaztuko du bozkatzeko eskubidea baliatzeko baimena hartzeko ordutegia, lanaren antolamenduaren arabera; nolanahi ere, hauteslekuak irekita dauden ordutegiaren barruan izan beharko da ordutegi hori.
2.– Baliatutako baimenaren denboraren soldata ordaintzeko, enpresaren zuzendaritzak eskubidea du bozkatu izanaren egiaztagiria aurkezteko eskatzeko bere langileei, dagokion hauteskunde-mahaiak emana.
4. artikulua.– Hauteskunde-mahaietako kideentzako eta hauteskundeen egunean kontu-hartzaileen funtzioak betetzen dituztenentzako baimena.
1.– 2024ko ekainaren 9an lanaldi osoko baimena emango zaie Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 24ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan aurreikusitako asteko atsedena baliatzen ez duten eta hauteskunde-mahaietako kide direla edo bertan kontu-hartzaileen funtzioak bete behar dituztela egiaztatzen duten langileei; bai eta hurrengo eguneko lanaldiaren lehenengo bost orduetako baimen bat ere.
2.– Asteko nahitaezko atsedena bozketa-egunean baliatzen duten eta mahaiko kide edo kontu-hartzaile direla egiaztatzen duten langile guztiei aplikatzen zaie aurreko paragrafoan in fine ezartzen den lehenengo bost orduen baimena, adierazitako paragrafoak ezartzen duen modu berean.
3.– Baimen horiek ezin dira berreskuratu, eta enpresak ordaindu behar ditu, hari hauteskunde-mahaiko kide gisa edo kontu-hartzaile gisa jardun izana justifikatu ondoren.
5. artikulua.– Hauteskundeen egunean ahaldun-funtzioak betetzen dituztenentzako baimena.
Hauteskundeen egunean ahaldunak direla egiaztatzen duten eta Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan aurreikusten den asteko atsedena baliatzerik ez duten langileek berreskuratu ezin den baimen bat baliatuko dute bozketa-egunean, eta enpresak ordaindu egin beharko du, langileek justifikatu ondoren.
6. artikulua.– Txanda-aldaketak.
Baldin eta, hauteskunde-egunaren aurreko egunean, gaueko txandan lan egin behar badu agindu honen 4. eta 5. artikuluetan bildutako langileren batek, enpresaren zuzendaritzak gau horretako txanda aldatu beharko du, interesdunak hala eskatuz gero.
7. artikulua.– Posta bidezko botoa emateko ziurtagiriaren eskaera egiteko baimena.
1.– Berreskuratu ezin den ordainduriko baimen bat eman behar zaie, gehienez ere lau ordu librekoa, dagokien lanaldiaren barruan, beren lana ohiko etxebizitzatik urrun egiten dutenei edo 2024ko ekainaren 9an botoa emateko eskubidea baliatzeko zailtasunak dakartzaten bestelako egoera batzuetan lan egiten dutenei, botoa posta bidez eman ahal izateko behar den ziurtagiriaren eskaera pertsonalki egin ahal izan dezaten.
2.– Posta bidezko botoa emateko eskubidea erabiltzeko legez jartzen diren egunetan baliatu ahal izango da adierazitako baimena; kasu horretan, agindu honen 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoa aplikatuko da; eta Hauteskunde Erroldaren Bulegoko probintzia-ordezkaritzei edo Posta Zerbitzuko bulegoei egindakotzat hartu behar dira hauteslekuei edo hauteskunde-mahaiei artikulu horietan egindako aipamen guztiak.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko maiatzaren 2a.
16/2024 Dekretua, lehendakariarena, apirilaren 26koa 2. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
RSS