Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2024ko apirilaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1917

46/2024 EBAZPENA, apirilaren 15ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten Justizia Administrazioko langileei euskara irakasteko Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin (HABE) sinatutako kudeaketa-gomendioaren akordioa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu egin du aipatutako hitzarmena, eta, publikotasun egokia emateko, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten Justizia Administrazioko langileei euskara irakasteko Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin (HABE) sinatutako kudeaketa-gomendioaren akordioa. Akordioa ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 15a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

MARÍA BEGOŃA OTALORA ARIŃO.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 15EKO 46/2024 EBAZPENARENA
KUDEAKETA GOMENDIOAREN AKORDIOA, BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILAREN ETA HABE HELDUEN ALFABETATZE ETA BERREUSKALDUNTZERAKO ERAKUNDEAREN ARTEKOA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN LAN EGITEN DUTEN JUSTIZIA ADMINISTRAZIOKO LANGILEEI EUSKARA IRAKASTEKO DENA
BILDU DIRA:

Batetik, Nerea Melgosa Vega andrea, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, otsailaren 13ko 6/2023 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera, eta

Bestetik, Bingen Zupiria Gorostidi jauna, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, irailaren 7ko 29/2020 Dekretuaren bidez egindako izendapenaren arabera, eta HABEren presidentea, 29/1983 Legearen bederatzigarren artikuluan ezarritakoaren arabera (29/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea Sorraraztekoa eta Euskaltegiak Araupetzezkoa).

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak ezartzen du, 35.3 artikuluan, eta 13.1 artikuluarekin lotuta, autonomia-erkidegoari dagokiola Justizia Administrazioko langileak kontratatzeko eta administrazio horrek jarduteko behar dituen baliabide material eta ekonomikoak jartzea bere lurralde eremuan.

Azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuaren bidez, Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zizkion Justizia Administrazioa funtzionamendurako baliabide material eta ekonomikoz hornitzeko eginkizunak.

18/2020 Dekretuak 13. artikuluaren 1. apartatuko e) eta i) letretan ezarritakoaren arabera (18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), administrazio horren barruan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari dagokio, besteak beste, Justizia Administrazioa jarduteko behar dituen baliabideez hornitzea eta Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak herritarrei ematen dizkien eskubideak erabili ahal izatea bermatzea Justizia Administrazioan.

Era berean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuaren 11. artikuluaren b) eta d) letrek ahalmen hau ematen diote Justizia Sailburuordetzari: «Justizia Administrazioaren funtzionamendurako giza baliabideak eta baliabide materialak eskuratzea, oro har, eta haren antolamendua eta jarduerak planifikatzea» eta «Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak herritarrei aitortzen dizkien eskubideak Justizia Administrazioaren esparruan baliatzen direla bermatzea, eta Justizia Administrazioaren euskalduntze-prozesua bultzatzea».

Bestalde, urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretu horren 12.1.d) artikuluak ahalmen hau ematen dio Justizia Administrazioko Zuzendaritzari: «Justizia Administrazioan hizkuntza-normalizazioa bultzatzea, hizkera juridikoa bateratuz eta euskararen ezarpen dokumentala garatuz, baita haren zerbitzuko langileen euskalduntzea eta alfabetatzea antolatu eta kudeatzea ere».

Bigarrena.– Euskara Euskal Herriaren hizkuntza propioa dela eta gaztelaniarekin batera hizkuntza ofiziala dela aitortuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak, 6. artikuluan, ezarri zuen herritarrek bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea zutela, eta erabilera hori EAEko erakunde komunek bermatu beharko dutela, ezagutza ziurtatzeko behar diren neurri eta baliabideak bideratuz eta arautuz.

Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak berriz aitortu zuen euskara Euskal Herriko hizkuntza propioa dela, gaztelania eta euskara hizkuntza koofizialak direla eta botere publikoek herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko behar diren neurriak hartu behar dituztela.

Honako betebehar hauek dituzte: Administrazio publikoari atxikitako langileak euskalduntzeko neurriak hartzea, bi hizkuntzak jakitea derrigorrezkoa duten lanpostuak zehaztea eta gainerako lanpostuetara sartzeko euskararen ezagutza ebaluatzeko moduko merezimendutzat hartzea.

EAEko Justizia Administrazioari dagokionez, lege horren 9.3 artikuluan xedatu zen Eusko Jaurlaritzak bultzatuko duela esparru horretan euskararen erabileraren normalizazioa. Eta, alderdi hori garatzeko xedez, besteak beste 174/2010 Dekretua eman zuen, ekainaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko hizkuntza-normalkuntzari buruzkoa; baina Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuko kidego hauetako langileei aplikatzeko: Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko kidegoa, Izapidetze Prozesal eta Administratiboko kidegoa, Laguntza Judizialeko kidegoa, Auzitegiko Medikuen kidegoa eta Laborategiko Laguntzaileen kidegoa.

Era berean, ikusi da Karrera Judizialeko eta Fiskaleko kideen eta Justizia Administrazioko Letraduen Kidegoko kideen artean euskararen ezagutza sustatu behar dela, jurisdikzio-eginkizunak behar bezala gara ditzaten, independentziaz eta eraginkortasunez, Euskal Autonomia Erkidegoko aniztasun soziolinguistikoa kontuan hartuta.

Ildo horretatik, helburu hori babesten dute jardun judizialen ofizialtasun linguistikoari buruz lege hauetan jasotzen diren aurreikuspenek: Botere Judizialari buruzko Lege Organikoa (231. artikulua), arestian aipatutako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea (9.1 artikulua) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua (35.3 artikulua, 13.1 artikuluarekin lotuta).

Hirugarrena.– Azaroaren 25eko 29/1983 Legearen bidez, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE) eratu zen, Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailari atxikitako erakunde autonomo administratibo moduan. Erakundeak, besteak beste, xede hauek ditu:

– Euskara irakastea helduei, eta Euskal Herriko helduak euskaldundu eta alfabetatu daitezen bultzatzea eta sustatzea, Eusko Jaurlaritzan hizkuntza-politikaren arloko eskumena duen organoak emandako jarraibideen arabera.

– Ikerketa sustatzea eta bere helburuak betetzeko bide, metodo eta tresna egokiak bilatzea.

– Material pedagogiko-didaktikoak sortzea eta argitaratzea.

– Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko programak aplikatzea helburu horiek betetzeko sortu diren ikastetxeetan.

– Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko ikastetxeak sortu daitezen sustatzea, plangintza arrazionala eginez eta irizpide soziolinguistikoak kontuan hartuz.

– Helduak euskalduntzeko eta alfabetatzeko lanak egiten dituzten entitate publiko eta pribatuei laguntzea, eta plan espezifikoetarako hitzarmenak sinatzea.

Laugarrena.– Helburu horiek betetzeko Justizia Administrazioko langileei dagokienez, 2000ko abenduaren 29an bi erakundeen arteko lankidetza ezarri zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan euskararen normalizazioa bultzatu eta sustatzeko hitzarmen bat sinatuz.

Hitzarmenaren indarraldia amaituta, beste lankidetza-aldi bat izan zen, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen arteko kudeaketa-gomendioari buruzko 2021eko uztailaren 23ko akordioan islatu zen, Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzuak ematen dituzten Justizia Administrazioko langileei euskara irakasteko, eta bi urte iraun zuen, eta ez zen luzatu.

Akordio horren indarraldia amaitu da, eta beharrezko jo da hura berritzea, lehen aipatutako lankidetza-beharra hor baitago oraindik.

Bosgarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, 11.1 artikuluan, honako hau xedatzen du: «Administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko beste organo edo zuzenbide publikoko entitateen gomendio utz daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, efikaziari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ez du baliabide tekniko nahikorik akordio honetan ezartzen diren eginkizunak betearazteko; HABEk, aldiz, baditu baliabide horiek. Ondorioz, kudeaketa-gomendioaren akordio hau sinatzea adostu dute, honako hauek aintzat hartuta:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Gomendioaren xedea.

Gomendioaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Administrazioko kidego eta eskala jakin batzuetako langileei emango zaizkien euskara-ikastaroak antolatzea, ikastaro horiek kontratatzea eta ikasleen jarraipena egitea. Hauek dira kidegoak:

– Kudeaketa prozesala eta administratiboa.

– Izapidetze prozesala eta administratiboa.

– Laguntza judiziala.

– Auzitegiko medikuen kidegoa.

– Eta beste hauek: karrera judizialeko kideak eta karrera horretarako hautagaiak, aldi baterako epaileak, ordezko magistratuak, ordezkoak, bake-epaileak, karrera fiskaleko kideak eta Justizia Administrazioko letraduen kidegoko titularrak eta ordezkoak.

Sistema hauek erabiliko dira euskara-ikastaroak antolatzeko:

– Autoikaskuntzako sistemak.

– Aurrez aurreko ikastaroen sistemak. Euskaltegiek emango dituzte, baina bi modutara: Administrazioaren lokaletan eta euskaltegien lokaletan.

Bigarrena.– Alderdien betebeharrak.

1.– HABEren betebeharrak:

a) Helduei euskara irakasteko oinarrizko curriculumean (HEOC) jasotzen diren mailetan euskara-ikastaroak emateko behar diren baliabideez hornitzea (baliabide materialak eta giza baliabideak), gomendio honetan ezartzen diren moduetan. Betebehar horretatik kanpo geratzen dira beharrezkoak diren gailu elektronikoak.

b) Erakundearen beraren baliabideak erabilita, honako hauek hartuko ditu bere gain: ikasleen antolaketa (mailetan eta taldeetan), antolaketarako egin behar diren mailaketa-probak, ikastaroen ikuskapena eta jarraipen tekniko-pedagogikoa, ikasleen bertaratzeari lotutako jarraipena (hilero txostenak eginez), ikasleen aurrerapena eta aprobetxamendua, eta ikasleek beren maila menderatzen ote duten jakiteko euskaltegiak egiten duen ebaluazioaren gainbegiratua. HABEk kontratatuko ditu ikastaroak, HABEren erregistroan izena emanda dauden euskaltegiekin, unean-unean indarrean dagoen esparru-akordioaren babesean.

c) Euskara-ikastaroak, lehentasunez, HABEk ezarritako moduluetara egokituko dira. HABEk, 08:00etatik 10:00etara bitarteko taldeak eratzen dituenean, kontuan hartu beharko du Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileek gehienez 20 minutu dituztela euskaltegitik bulegora itzultzeko. Beraz, langile horien euskaltegiak lantokitik gehienez ere 20 minutura egon beharko dute, oinez joanda. Ezinezkoa bada, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak berak kudeatu ahal izango ditu ikasle horiek, matrikula-orriaren bidez.

d) Berriki euskara-ikastarorik egin ez duten eskatzaileei HABEk, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskatuta, beharrezko mailaketa-probak egingo dizkie, maila egokian sailkatzeko.

e) Bertaratze-txostenei dagokienez, gomendioan zehaztu diren trebakuntza-jardueretara doazenen bertaratzeari eta aprobetxamenduari buruzko datuak emango dizkio HABEk Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari.

Aukeratutako metodoa edozein dela ere, HABEk konpromisoa hartzen du hileko bertaratzeari buruzko datu eguneratuak emateko, informatzen den aldiaren hurrengo hileko lehen hamabostaldiaren barruan, bai eta aprobetxamenduari buruzko datuak emateko ere, ebaluazio bakoitza egin eta hurrengo hilabeteko lehen hamabostaldiaren barruan.

f) HABEk bermatuko du akordio honen babesean antolatzen diren taldeei euskara-ikastaroak emango dizkieten irakasleek kalitatezko irakaskuntza emateko moduko profesionaltasuna eta esperientzia dutela.

2.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren betebeharrak:

a) Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren bitartez, euskara-ikastaroen deialdiak egingo ditu eta horientzako eskaerak jaso eta kudeatuko ditu.

Hizkuntza-prestakuntzako ikastaroen deialdia egin aurretik, HABE eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila koordinatuta arituko dira, akordio honetan aurreikusitako jarraipen-batzordearen bidez, bateragarri egiteko Justizia Administrazioaren euskalduntze-beharrak eta eskaini beharreko modulu eta ikastaroak, bai eta ondorengo prozesu guztiak arautuko dituzten egutegia eta epeak ezartzeko ere.

b) Ikastaroetarako onartu diren pertsonen zerrenda bidaliko dio HABEri, beharrezkoak diren ikastaroak prestatu ditzan. Ikastaroak honako hauek izango dira:

– Ikastaroak hiriburuetan (Gasteiz, Donostia eta Bilbao), 08:00etatik 10:00etara.

– Autoikaskuntza-ikastaroak hiru hiriburuetako Justizia Jauregietan, transferitu gabeko langileentzat.

– Ikastaro trinkoak, bost ordukoak.

– Egokitzat jotzen diren beste ikastaro batzuk.

c) HABEri agindu zaizkion jarduketak finantzatuko ditu, hirugarren klausulako tarifen eta aurreikuspenen arabera.

Hirugarrena.– Finantzaketa.

1.– Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, guztira, 430.000 euro jarriko ditu HABErentzako gomendio honen xede diren lanak finantzatzeko. Horietatik, 89.583,33 euro 2024rako ordainketa-kredituari dagozkio (martxotik abendura); 107.500 euroko hiru zenbateko, 2025., 2026. eta 2027. urteetarako konpromiso-kredituei, hurrenez hurren, eta 17.916,67 euro, 2028koari (urtarrila eta otsaila).

2.– Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakunde Autonomoak (HABE) ematen dituen zerbitzu eta jardueren prezio publikoak finkatzen dituen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko irailaren 29ko Aginduan edo hori ordezten duen araudian ezarritako tarifak aplikatuko dira.

3.– HABEk hiru hilean behin aurkeztuko dizkio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari akordioari dagozkion gastu-frogagiriak, sail horrek ordainketa agindu dezan, dagozkion egiaztapenak egin ondoren.

Laugarrena.– Jarraipen Batzordea.

Akordio hau betetzeko behar diren jarduerak koordinatzeko, eta horren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, Jarraipen Batzorde bat sortuko da. Batzorde hori alderdi bakoitzaren hiru ordezkarik osatuko dute, beren erakunde-arauen arabera izendatuak.

Batzordea osatuko duten ordezkarien artetik, alde bakoitzak koordinatzaile edo arduradun nagusi bat izendatuko du.

Batzordeburuaren postua txandaka beteko dute bi alderdiek, sei hilerako txanda bakoitzean.

Batzordea gutxienez hiru hilean behin bilduko da, eta eginkizun hauek izango ditu:

– Ikastaro bakoitzaren hasieran sor daitezkeen eta ikastaroen hartzaile izan daitezkeen langile talde espezifikoen aurreikuspena egitea. Horretarako, nahikoa izango da Jarraipen Batzordean dagoen erakunde bakoitzeko ordezkari banak gutxienez parte hartzea.

– Komunikazio-esparru bat ezartzea, Jarraipen Batzordearen bidez, aurrez ezarritako plangintzan gertatzen diren aldaketen berri emateko.

– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesuei lotutako ikaskuntza-prozesuak aztertzea, bien arteko koherentzia lortzeko asmoz.

– Irakasleek benetan dituzten hobekuntza- eta trebatze-beharrak aztertzea, akordio honen mendeko ikasleen berariazko egoeretara egokitzeari dagozkionak bereziki, eta helburu hori lortzera bideratutako ekintzak proposatzea.

– Informazio-trukeko prozesuak aztertzea eta atzeman diren arazoak konpontzeko neurriak proposatzea.

– Ikasleen gogobetetasun-inkesten emaitzak aztertzea, eta hobekuntza-neurriak proposatzea eta sustatzea, atzeman diren hobekuntza-eremuen barruan.

– Oro har, kudeaketa-gomendio honetan adostutakoa gauzatzerakoan sortzen diren oztopoak eta arazoak aztertzeko eta gainditzeko bideak proposatzea eta ezartzea.

– Kudeaketa-gomendioaren akordioa gauzatzean sortzen diren zalantzak jasotzea eta ebaztea.

– Akordioaren garapenaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

Jarraipen Batzordeak, funtzionamenduari eta araubide juridikoari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluaren II. kapituluan xedatutakoari jarraituko dio klausula honetan berariaz ezarri ez den guztian.

Bosgarrena.– Datuen babesa.

Gomendioa gauzatzean eskuratzen diren datu pertsonalak akordio honetan ezarritako helburuetarako baino ez dira erabiliko. «Justizia Administrazioaren langileak euskalduntzea» tratamendu-jardueraren parte dira, eta horren arduraduna Justizia Administrazioko Zuzendaritza da. Helburua, berriz, Justizia Administrazioan euskararen erabilera normalizatzearekin zerikusia duten jarduera guztien jarraipena eta kudeaketa egitea: hizkuntza-gaikuntzako ikastaroak, banakako planak, hizkuntza-eskakizunen egiaztapena, erabilera programak...

Arau hauek betez garatuko da kudeaketa-gomendioa: (EB) 2016/679 Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, Pertsona fisikoen babesari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez; eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11.2 artikuluarekin bat etorriz, kudeaketa-gomendioa betetzeko darabiltzan datu pertsonalen tratamendu-eragilea izango da HABE, eta, horrenbestez, datu pertsonalak babesteko araudian ezarritakoa bete behar du. Gomendio honen eranskinean agertzen den tratamendu-enkarguaren kontratua bi alderdien artean sinatu beharko da.

Seigarrena.– Indarraldia eta ondorioak.

1.– Kudeaketa-gomendioari buruzko akordio honek lau urteko indarraldia izango du, lau urtez luzatu ahal izango da eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hala ere, alderdietako edozeinek aurrez suntsiarazi ahal izango du, eta beste alderdiari jakinarazi beharko dio asmo hori, akordio hau suntsiarazi nahi den eguna baino hiru hilabete lehenago gutxienez.

Akordio hau suntsiarazten bada, alderdiek betetzeke dituzten betebeharrak bete beharko dituzte, suntsiarazpen hori gertatzen den egunera arte.

2.– Alderdi sinatzaileek noiznahi aldatu ahal izango dituzte kudeaketa-gomendioaren akordioaren baldintzak, bi aldeek adostuta betiere, eta, horretarako, eranskin bat sinatu beharko dute.

Zazpigarrena.– Akordioaren izaera.

Akordio juridiko-administratibo hau egitean, bete egin da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea).

Sinatzaileek, aurreko guztiarekin ados egonik, eta dauzkaten eskumenez baliatuz, kudeaketa-gomendioaren akordio honen bi ale sinatzen dituzte goian adierazitako tokian eta egunean.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila,

NEREA MELGOSA VEGA.

HABE,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

I. ERANSKINA
DATU PERTSONALEN TRATAMENDU-ENKARGUA

1.– Tratamenduaren arduraduna eta tratamendu-eragilea identifikatzea.

– Tratamenduaren arduraduna: gomendioa egiten duen entitatea, hau da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritza.

– Tratamendu-eragilea: gomendioa jasotzen duen entitatea, hau da, HABE.

2.– Tratamendu-enkarguaren xedea.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Justizia Administrazioko Zuzendaritzak HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen gomendio uzten du Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten Justizia Administrazioko langileentzako euskara-ikastaroak antolatzea.

Kudeaketa-gomendioan zehazten diren zerbitzuak emateko asmoz, datu pertsonalak tratatu ahal izango dituzte gomendioa jasotzen duen entitateari (HABE) atxikita dauden langileek. Bakar-bakarrik atxikitako langileek tratatuko dituzte datu pertsonalak, gomendioan ezarritakoa betetzeko helburu bakarrarekin betiere.

Eranskin honetan ezarritakoa uneren batean aldatu behar bada gomendioa gauzatzearen ondorioz, gomendioaren hartzaileak (HABE) eskatu egin beharko du, arrazoituta, eta egin nahi duen aldaketa zehazki adierazi beharko du. Gomendioaren eskatzailea (Justizia Administrazioko Zuzendaritza) bat badator eskatutako aldaketekin, eranskina eguneratuko du, eta, bertan, zehatz-mehatz jasoko du datu pertsonalen zer tratamendu egingo den.

3.– Tratamenduaren eraginpeko taldeak eta datu pertsonalak.

Gomendioa jasotzen duen entitateak (HABE) aukera izango du interesdun talde hauetara eta datu pertsonal hauetara sartzeko:

(Ikus .PDF)

4.– Datu pertsonalen tratamenduaren elementuak.

Zehazki, honetan tratatuko dira datuak:

– Biltzea/Erregistratzea.

– Sailkatzea/Egituratzea.

– Gordetzea / Segurtasun-kopia egitea.

– Aldatzea.

– Ateratzea.

– Kontsultatzea.

– Komunikatzea-Transmititzea.

– Mugatzea.

– Ezabatzea / Ezereztea / Ahaztua izateko eskubidea.

– Kopiak suntsitzea.

– Segurtasun-kopiak berreskuratzea.

5.– Enkarguaren iraupena.

Enkargu honek berari lotutako kudeaketa-gomendioaren iraupen berbera izango du.

Hala eta guztiz ere, enkargua amaitzean, indarrean jarraituko du sekretu-betebeharrak, denbora-mugarik gabe, eta horri men egin beharko diote hitzarmena betetzen jardun diren pertsona guztiek.

6.– Datu pertsonalen jarduketa, kudeaketa-gomendioa amaitzean.

Zerbitzua amaituta kudeaketa-gomendioa amaitzean, gomendioa jaso duen organoak (HABEk) bere esku dauden datu guztiak itzuli beharko dizkio tratamenduaren ardura duen organoari, tratatutako datu pertsonalen bat jasotzen duen edozein euskarri edo dokumenturekin batera. Itzultzeaz gain, gomendioa jaso duen entitateak (HABE) erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu pertsonal guztiak ezabatu beharko dira. Hala eta guztiz ere, kopia bat gorde ahalko du, datuak behar bezala blokeatuta, kudeaketa-gomendioaren betearazpena dela-eta erantzukizunei aurre egin behar dien bitartean.

7.– Tratamendu-eragilearen betebeharrak.

Tratamendu-eragileak betebehar hauek izango ditu:

– Tratatu beharreko datu pertsonalak edo dituen datu pertsonalak enkargu honen xederako baino ez dira erabiliko. Ezin izango ditu inola ere erabili bere helburuetarako.

– Datuak tratamenduaren arduradunaren jarraibideen arabera tratatuko dira, eta ezingo dira aplikatu edo erabili beste ezein helburutarako.

– Datuak hirugarrenei ez jakinaraztea, tratamenduaren arduradunak berariazko baimena eman ezean, legez onargarriak diren kasuetan.

– Tratamenduaren arduradunaren kontura egindako tratamendu-jardueren kategoria guztiak idatziz erregistratzea, datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudiak eskatzen duen edukia sartuta.

– Eskuratzen dituen datu pertsonalen konfidentzialtasunari eustea, eta tratamenduaren ardura duen entitatearekin harremanak amaitu ondoren datu horiek gordetzeko betebeharra betetzea.

– Datu pertsonalak eta, hala badagokio, datu horiek dituzten euskarriak suntsitzea edo tratamenduaren arduradunari itzultzea, eta kopiak suntsitzea prestazioa bete ondoren.

– Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek konfidentzialtasuna gordetzeko berariazko konpromisoa idatziz hartzen dutela bermatzea. Horrekin batera, tratamenduaren arduradunaren eskura jarriko du hori egiaztatzen duen dokumentazioa.

– Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalak babesteko arloan behar den prestakuntza dutela bermatzea.

– Tratamenduaren arduradunarekin lankidetzan arituko da, datuen babesari buruzko araudian aurreikusitako eskubideak baliatzen dituzten interesdunei erantzunak emateko orduan. Berehala jakinaraziko dio tratamenduaren arduradunari ukitutako pertsonek beren eskubideak baliatu dituzten tratamendu-eragilearen aurrean.

– Segurtasun-urraketak tratamenduaren arduradunari jakinaraztea, bidegabeko atzerapenik gabe eta, nolanahi ere, 72 ordu igaro baino lehen, gorabehera dokumentatzeko eta jakinarazteko informazio garrantzitsua helaraziz. Jakinarazpena ez da beharrezkoa izango segurtasuna urratzeak pertsona fisikoen eskubide eta askatasunak arriskuan jartzea gertagaitza denean.

– Hala badagokio, tratamenduaren arduradunari laguntzea datuen babesaren gaineko eraginaren ebaluazioak egiten, bai eta kontrol-agintaritzari aurretiazko kontsultak egiten ere.

– Tratamenduaren arduradunaren esku jartzea betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko behar den informazio guztia, bai eta dagozkion auditoretzak edo ikuskapenak egiteko beharrezkoa dena ere.

– Tratamendu-eragileak datu horiek beste xede baterako erabiltzen baditu, komunikatu egiten baditu edo estipulazio horiek bete gabe erabiltzen baditu, tratamendu-eragilea bera izango da tratamenduaren erantzule eta edozein arau-hausteren erantzule.

8.– Segurtasun-neurriak.

Urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuan ezarritako segurtasun-neurriak aplikatuko dira datuen tratamenduan (3/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duena Administrazio Elektronikoaren eremuan).

Datu pertsonalak babesteko, datu horiek arrazoizko konfidentzialtasuna, osotasuna eta erabilgarritasuna gal ez ditzaten antolakunde ordenatuek hartu behar dituzten neurriak erabili behar dira.

Baina, arriskuak ebaluatu ostean segurtasun-neurri bereziak aplikatu behar badira, gutxienez segurtasun-neurri hauek ezarriko dira:

– Tratamendu-sistemen eta -zerbitzuen konfidentzialtasuna, osotasuna, erabilgarritasuna eta erresilientzia iraunkorra bermatzea.

– Gorabehera fisiko edo teknikorik izanez gero, datu pertsonalak berriro erabilgarri eta eskuratzeko moduan azkar jartzea.

– Tratamenduaren segurtasuna bermatzeko ezarri diren neurri tekniko eta antolamenduzkoen efikazia aldian-aldian egiaztatu, ebaluatu eta baloratzea.

– Datu pertsonalak seudonimizatzea eta, hala badagokio, zifratzea.

Kudeaketa-gomendioa jasotzen duenak (HABE) neurri horiek ezartzeari edo ezabatzeari ezin izango dio utzi, arriskuaren analisia edo eraginaren ebaluazioa erabiliz, non eta ez den Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren berariazko baimena eskatzen horretarako.

Ondorio horietarako, kudeaketa-gomendioa jasotzen duen erakundeko langileek (HABEkoek) Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ezarritako segurtasun-neurriak bete beharko dituzte, eta sailak zehaztu duen datu pertsonalen tratamendua soilik egin ahal izango dute.

9.– Tratamenduaren arduradunaren betebeharrak.

– Kontratu honetan aipatzen diren datuak ematea tratamendu-eragileari.

– Ondo zaintzea tratamendu-eragileak bete egiten dituela, aldez aurretik eta tratamendu guztietan, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa (abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).

– Tratamendua gainbegiratzea.

10.– Tratamenduaren azpienkarguak.

Tratamenduaren arduradunak baimena ematen dio tratamendu-eragileari ikastaroak izapidetzeko zeregina azpienkargatzeko.

Tratamendu-eragileak (HABE) idatziz jakinaraziko dizkio tratamenduaren arduradunari (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Justizia Administrazioko Zuzendaritza) ikastaroak emateko azpikontratatzen diren pertsonen identifikazio-datuak eta zerrenda.

Azpieragileak tratamendu-eragile izaera ere badu, eta berak ere bete beharko ditu dokumentu honetan tratamendu-eragilearentzat (HABE) ezarritako betebeharrak eta tratamenduaren arduradunak ematen dituen jarraibideak.

Hasierako datu-eragilearen (HABE) ardura da harreman berria arautzea, berak dituen baldintza eta betekizun formal berberak izan ditzan azpieragileak, datu pertsonalak egoki tratatzeari eta ukitutako pertsonen eskubideak bermatzeari dagokienez.

Azpieragileak ez baditu betetzen baldintza eta eskakizun horiek, hasierako eragileak (HABE) izango du betebeharrak betetzeari lotutako erabateko erantzukizuna.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 8a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala