Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2024ko apirilaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1875

AGINDUA, 2024ko apirilaren 12koa, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuarena, 2024an euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko lau bekatarako deialdia arautzen eta onartzen duena.

Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura zehazten du 2. artikuluan, eta sail horien artean Kultura eta Hizkuntza Politika dago. 14. artikuluak, berriz, egiteko eta jardun-arlo hauek esleitzen dizkio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste:

a) Hizkuntza-politika.

b) Euskara sustatzea.

Otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du. Bertan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren egitekoak zehazten ditu, eta horien artean daude:

13.2.a) Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika artikulatzea eta jarraipena egitea euskararen erabilera normalizatzeari dagokionez, eta Eusko Jaurlaritzak emanda Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek arlo honetan bete behar dituzten jardun-irizpideak ezarri eta garatzea.

13.2.e) Eusko Jaurlaritzako sailek edo mendeko erakundeek egingo dituzten ikerketa soziolinguistikoak edo alderdi soziolinguistikoak jasotzen dituzten bestelako lanak koordinatzea, horien eremua edozein dela ere, Jaurlaritzaren hizkuntza-plangintzak koherentzia eta efizientzia handiagoa izan dezan.

16.2.m) Bestelako hizkuntza-ikerketak egin eta bultzatzea, eta dekretu honen 13.2 artikuluko e) apartatuko ikerketak eta lanak koordinatzea.

Bestalde, nazioartean eta Europan gomendatzen den lan-estrategietako bat genero-ikuspegia txertatzea da, bai eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskal botere publikoen jarduna arautu eta bideratu behar duen printzipio nagusietako bat ere, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.5 artikuluarekin bat etorriz (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onesten du legegintzako dekretu horrek). Artikulu horrek dio euskal botere publikoek genero-ikuspegia txertatu behar dutela beren politika eta ekintza guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezartzeko.

Lege honen ondorioetarako, honako hau da genero-ikuspegia txertatzea: sistematikoki kontuan izatea emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan diferenteak, eta, horretarako, desberdinkeriak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduera espezifikoak gehitzea politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horiek planifikatzeko, betearazteko eta ebaluatzeko fase guztietan.

Era berean, kontuan hartu behar da Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen arabera II. kapituluan estatistikei eta azterlanei buruz jasotakoa, eta, zehazki, 17. artikuluan estatistiken eta azterlanen egokitzapenari buruz ezarritakoa: genero-ikuspegia eguneroko jardueran benetan integratzen dela bermatzeko, EAEko botere publikoek beren azterlanak eta estatistikak egiterakoan hainbat neurri hartu behar dituzte. Eta horien artean azpimarratzen ditugu: 17.b artikulua «Eragiketa estatistikoetan adierazle berriak ezartzea eta sartzea, emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharrizanetan dauden aldeak, haien guztien adierazpena eta aztertuko den errealitatearekin duten elkarreragina hobeto ezagutzea ahalbidetzeko», eta 17.f artikulua «Gaur egun dauden definizio estatistikoak berrikustea, eta, hala badagokio, egokitzea, emakumeen lana aitortu eta baloratzen laguntzeko eta emakumeen zenbait kolektiboren estereotipatze negatiboa saihesteko».

Era berean 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 16.1 artikuluan jasotakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onartuko du. Indarrean dagoen plan orokor hori EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana da, Gobernu Kontseiluak 2018ko ekainaren 19an onartua. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Plana EAEko botere publikoen jarduera zuzentzeko dokumentua da, legegintzaldi honetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan aurrera egiteko. Bide horretan, eta legearen 16.2 artikuluaren arabera, plan orokorraren jarraibideak eta gidalerroak garatzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzak bere planak edo jarduketa-programak egingo ditu. Beraz Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailari dagokio esku hartzeko estrategiak definitzea, berdintasun-politikak gauzatzeko bere eskumen-esparruan.

Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2022an onartu zuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Plana, eta bertan biltzen dira sailak legealdi honetan berdintasunaren alorrean sustatuko dituen politiken gidalerroak. Gidalerro horiek EAEko VII. Berdintasun Planean eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legean oinarrituta daude. Saileko planak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzari dagokionez, hainbat helburu eta konpromiso ezartzen ditu, horien artean hauek azpimarratu nahi ditugu:

G.7.– Helburua: Estatistiketan eta azterlanetan genero-ikuspegia txertatzea.

1.2.– Helburua: Emakumeek eta feminismoak euskarari egiten dizkioten ekarpenak (biziberritzea, erabilera) ezagutzen dituzten herritarren kopurua handitzea.

1.3.– Berdintasun-politiken (feminismoa) eta hizkuntza-politiken (euskalgintza) artean ezagutza eta praktika bateratuak sortzea ahalbidetuko duten esparru teorikoa, diskurtsoa eta eztabaida-foroak eraikitzea.

Legegintzaldi honetan helburu horiek lortzeko, hainbat jarduera burutu izan dira. Horien artean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egun dituen tresna estatistikoak aztertu dira eta proposamenak eta genero ikuspegia txertatzeko egokitzapenak egin dira. Baina iruditzen zaigu ditugun tresnak egokitzea ez dela nahikoa, eta generoaren eta hizkuntzaren ezagutza-markoa osatzea eta indartzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Marko horrek balio behar du emakumeen eta gizonen balio, rol, egoera, baldintza, jomuga eta beharretan dauden aldeak atzemateko eta horien guztien adierazpenak hizkuntzarekin duen elkarreragina hobeto ezagutzeko.

Ezagutza-marko berri hori eraikitzeko, ikerketa-ildo hauek esploratzea ezinbestekoa dela uste dugu: euskararen biziberritze-prozesuak generoari nola eragiten dion ulertzeko ikerketak; generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren euskararen biziberritze-prozesuei buruzko ikerketak; hainbat eremutan (hezkuntza, lan-mundua, familia, aisialdia eta kirola...) generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpusen, komunikazioen edota diskurtsoen azterketak, eta, azkenik, euskararen biziberritzean emakumeek izan duten zereginari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edota ikerketa bibliografikoak eginez).

Ezagupen horiek uztartzen dituzten azterlanak garatzea eta zabaltzea funtsezkoa da eztabaida publikorako eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia, gainerako eremuetan bezala, hizkuntza-politikan ere txertatu nahi badugu. Politikak planifikatzeko, abiarazteko eta ebaluatzeko erantzukizun politikoa eta teknikoa dutenen artean lan horiek hedatzea onuragarria da, lan-tresna garrantzitsuak izango direlako hizkuntzari eta generoari buruzko alderdiei ekiteko, alderdi horiek aztertzeko eta normalizaziorantz aurrerapausoak emateko neurriak proposatzeko. Gainera, beka-modalitatearen bidezko sustapen-jarduerak onuradunen ibilbide profesionala eta prestakuntza garatzea ahalbidetzen du. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea lau beka ematea da 2024. urtean euskara eta genero berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko.

2. artikulua.– Beken edukiak eta ezaugarriak.

1.– Esleituko diren beken bidez, ikerketa-gai hauek landuko dira:

a) Euskararen biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko, ikerketa teoriko edota metodologiko demolinguistikoak.

b) Generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren euskararen biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.

c) Generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edota diskurtso azterketak eremu ezberdinetan (hezkuntza, lan-mundua, familia, aisialdia eta kirola...).

d) Euskararen biziberritzean emakumeek izan duten zereginari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edota ikerketa bibliografikoak eginez).

2.– Beken xedearen ondoriozko lanak euskaraz egingo dira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta ordainketa.

1.– Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 2024ko aurrekontu-ekitaldiaren kontura izango dira, eta kopurua guztira 30.000 eurokoa izango da.

2.– Beka bakoitza 7.500 eurokoa izango da, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bekaren helburu den azterlana jaso, aztertu eta ontzat emandakoan ordainduko da.

3.– Beka hartu duen banakoak edo taldeak bekari uko egiten badio, galdu egingo ditu oinarri hauetan adierazitako eskubide guztiak.

Ordainketak indarrean dauden zerga-arauek ezartzen dituzten atxikipenen mende egongo dira.

Gizarte Segurantzari dagokionez, beka-deialdi hau ez dago prestakuntza-programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuaren mende, Gizarte Segurantzako sistema eguneratzeari, egokitzeari eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatzeko.

4. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako dirulaguntzak.

5. artikulua.– Ikerketa-beken onuradun izateko baldintzak.

1.– Eskatzaileak pertsona fisikoak izan behar dira, banaka edo taldeka.

2.– Eskatzaileek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean izan beharko dute, bai bekaren eskabidea egiteko unean, baita egindako lanaren justifikazioa egin eta hari dagokion diru-kopurua jasotzeko unean ere.

3.– Itzultzeagatiko betebeharrak egunean izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren Xedapen Gehigarrian xedatutakoaren arabera.

4.– Eskatzaile batek baino gehiagok ikerlan bakarra aurkezten badute, horren titularkideek euren arteko bat izendatu beharko dute Administrazioaren aurrean koordinatzaile eta ordezkari izan dadin, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 11.4 artikuluan ezarritako betebeharrei jarraikiz.

5.– Bekak jaso ditzaketen pertsona fisikoak banaka edo pertsona fisikoen taldeak aurrez beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdinik jaso gabeak izango dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako gainerako betekizunak bete beharko dituzte.

6.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzetaz gain, eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Unibertsitateko goi mailako titulazioa edukitzea. Atzerrian edo Espainiako zentro ez-estataletan eskuratu diren tituluek baliozkotuta edo aintzatetsita egon behar dute eskabidea aurkezten denean.

b) Gutxienez, Euskararen C1 ALTE ezagutza-maila ziurtatzen duen honako egiaztagiriren baten jabe izatea: HABEren C1 maila; EGA; IVAPen 3. HE; HEOren C1 maila.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik eduki berdina edo antzeko edukia duen bekarik jaso gabea izatea.

d) Ez izatea administrazio-zehapenik edo zehapen penalik sexu-diskriminazioagatik, eta ez izatea martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duenak edo beste xedapen batzuek ebazpen honetan araututako bekak eskatzeko ezgaitzen duten debekurik zehapenak irauten duen bitartean.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek, banaka, bide presentziala zein elektronikoa erabil dezakete deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Pertsona fisikoen taldeek, aldiz, ezinbestean bide elektronikoa erabili beharko dute deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

Banaka aurkezten diren pertsona fisikoen kasuan, eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –presentziala edo elektronikoa– erabiltzeak ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen baitu Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak.

– Bide presentziala: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan edo bulegoetan. Zuzenean Zerbitzuan eskabideak aldez aurretik hitzordua eskatuta baino ez dira aurkeztuko, https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidera sartuta, edo 945 01 90 00 aurretiko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko telefono esklusiboaren bidez.

– Bide elektronikoa: eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, artikulu honetako 3. paragrafoan aipatutako helbideetan.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aurrez aurre eta bide elektronikoz izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, eta honako helbide honetan eskura daitezke: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1091611

Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Pertsona fisikoek banaka zein pertsona fisikoen taldeek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

5.– Eskaerarekin batera aurkeztuko diren dokumentuak, erabilitako bidea –presentziala edo elektronikoa– edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa ahal bada PDF formatuan aurkeztuko da.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

6.– Dena den, diharduen administrazioak dagoeneko bere esku duen agiririk ez aurkezteko eskubidea izango du eskatzaileak. Ondorio horietarako, interesdunak edozein administrazioren aurrean aurkeztutako dokumentuen kasuan, noiz eta zer administrazio-organori aurkeztu zizkion adierazi beharko du interesdunak, eta, datu pertsonalak tartean badaude, kontsulta egin ahal izateko berariazko onespena ematen diola.

7.– Eskabideak aurkezteak, deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9.– Elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez, eta, horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

10.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta agiriak.

1.– Pertsona fisikoek, banaka, edo pertsona fisikoen taldeek, eskabidearekin batera, honako erantzukizunpeko adierazpen hauek aurkeztu behar dituzte:

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena izenpetzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexuan oinarritutako bereizkeriagatik, eta ez zaiola debekurik ezarri, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren itzalpean, zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako bekak eskatzeko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapenik edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela eskatu edo ez duela jaso ebazpen honetan araututako bekaren helburu bera duen dirulaguntza, laguntza, beka, diru-sarrera edo baliabiderik, beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik.

– Erantzukizunpeko adierazpena, beste erakunde publiko edo pribaturen baten beka berdin edo antzekorik ez duela jaso adierazteko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzak itzultzeari lotutako betebeharrak egunean dituztela azaltzeko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazteko, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzen dituela adierazteko.

2.– Eskabidearekin batera, pertsona bakoitzeko, curriculum-eredua behar bezala sinatuta aurkeztu beharko da.

3.– Interesdunak ez dauka Eusko Jaurlaritzaren edo beste edozein administrazio publikoren esku dauden datuak eta dokumentuak berriz aurkeztu beharrik. Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.4 artikuluarekin bat etorriz, dirulaguntzaren eskabidea aurkezteko unean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari erregelamendu horren 18. eta 19. artikuluetan ezarritako betekizunak zuzenean egiazta ditzan; kasu horretan, eskatzaileak ez dauka dagokion egiaztagiria aurkeztu beharrik. Eskatzaileek berariaz uka dezakete baimena, dagokion ziurtagiria aurkeztuta, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Eskaera izapidetzera onartu dadin, alegatutako dokumenturik ez dagoela edo formazko akatsak daudela antzematen bada, interesdunari hamar egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela; betiere, horretako, ebazpena eman ondoren.

9. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hauek osatuko dute Hautaketa:

– Josune Zabala Alberdi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria (presidentea).

– Susana Carramiñana García andrea, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko berdintasun-teknikaria (batzordekidea).

– Itziar Gandarias Goikoetxea andrea, Deustuko Unibertsitateko irakasle-ikertzailea (batzordekidea).

– Jon Aizpurua Espin jauna, Plangintza eta Azterlanetako zerbitzuburua (batzordekidea).

2.– Idazkaria Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzako Aholkularitza Juridikoko zerbitzuburua den Izaskun Azcarate Vergara andrea izango da. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Hautaketa Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

– Eskatzaileek deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten aztertzea, eta onartuen eta ez onartuen zerrenda osatzea.

– Onartutako eskatzaileen eskabideak baloratzea, deialdian ezarritako irizpideen arabera.

– Balorazio-prozedura bukatutakoan, organo kudeatzaileari balorazio-txostena bidaltzea.

10. artikulua.– Balorazio-irizpideak eta izangaiak hautatzea.

1.– Proiektuak baloratzeko, Hautaketa Batzordeak balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

A) Ikerlanaren proiektuaren kalitatea, oro har (80 puntu, gehienez):

a) Ikerlanaren esparru teorikoaren planteamendua (20 puntu, gehienez).

– Oinarri teorikoa: lanaren marko teorikoa ikerketa eta azterlan feministetan oinarrituta egotea.

– Aurrekariak: aurretik egin diren ikerketei buruzko aipamena.

b) Ikerlanaren planteamendu metodologikoa (30 puntu, gehienez).

– Ikergaiaren planteamendua: hipotesia(k), ikerketa bideratu duten galderak, helburua(k)...

– Metodoa: zein metodo proposatzen den ikerketaren fase bakoitzerako.

c) Ikerlanaren bideragarritasuna eta egutegia (20 puntu gehienez).

– Ikerketaren kronograma: ikerketaren faseak eta fase bakoitzak zer denbora-tarte hartuko duen.

d) Berrikuntzak (direla elementu berritzaileak, faktore berritzaileak, proposamen berritzailea...) (10 puntu, gehienez).

– Beste ikerketa batzuetan oinarritzen bada, zer berrikuntza dakarren.

– Ikerketa berritzailea bada, zer berrikuntza eskaintzan duen.

B) Pertsonaren edo taldearen ibilbidea (20 puntu, gehienez): genero-berdintasuna eta hizkuntza uztartzen dituzten ikerketa, proiektu edo ekimenetan lan egiten duten gizabanakoen edo taldeetako kideen ibilbidea, esperientzia (akademikoa eta soziala) eta prestakuntza; bereziki, eskatutako bekaren ikerketa-gaiari buruzkoa.

2.– Hautaketa Batzordeak eskaera-orrietan aurkeztutako proiektuak aztertu, baloratu eta puntuazioak emango ditu.

3.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

4.– Proiektuen balorazioa egin ondoren, Hautaketa Batzordeak balorazio-txostena idatzi eta organo kudeatzaileari bidaliko dio, honek behin betiko ebazpen-proposamena egin eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari bidali diezaion.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Organo kudeatzailearen behin betiko ebazpen-proposamena jaso ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ebazpen espresua emango du. Ebazpenak hauek jasoko ditu:

a) Deialdian ezarritako baldintzen arabera onartutako eta ez onartutako eskabideen zerrenda.

b) Balorazioa egin ondoren baztertutako eskabideen zerrenda.

c) Beka jaso duten proiektuen zerrenda eta ordezkoen zerrenda.

2.– Dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez esleituko dira. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen ondorioetarako, norgehiagoka izango da dirulaguntzak emateko erabilitako prozeduran aurkeztutako eskabideak konparatzea, lehentasun-ordena ezartzeko oinarri arautzaileetan eta deialdian aurrez finkatutako balorazio-irizpideen arabera, eta, betiere, deialdian ezarritako mugarekin, kreditu erabilgarriaren barruan.

3.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie banakoei zein talde onuradunei, bide elektronikoz edo postaz. Aldi berean, emandako beken zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea hiru hilekoa izango da gehienez ere, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan banakoari edo taldeari ebazpenik jakinarazi ezean, bekaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren arabera (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

5.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean.

12. artikulua.– Bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren beste beka, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuekin.

13. artikulua.– Jabetza intelektualaren eskubideak.

Jabetza intelektualaren eskubideari buruzko arauen esparruan eta indarreko legedian jasotakoaren arabera erabiliko dira beka jaso duten lanak.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren beken onuradunek –pertsona nahiz talde– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki, hau:

a) Emandako beka onartu behar dute. Horrela, beka eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek –pertsona nahiz talde– bekari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, beka onartu egin dutela esan nahiko du. Onuradunen batek beka onartu aurretik uko eginez gero, hurrengo eskatzaileari emango zaio, puntuazio-ordenaren arabera.

b) Bekaren onuradunek elkarrizketa bat izango dute Hautaketa Batzordeko kideekin. Elkarrizketan, Hautaketa Batzordeko kideek oharrak eta iradokizunak egingo dizkiete, eta, era berean, beka-deialdiaren inguruan izan ditzaketen zalantzak argitu ahal izango dituzte Hautaketa Batzordeko kideei galdetuz.

c) Beka zertarako eman den, helburu horretarako erabili behar dute, eta gutxienez hiru hilean behin, horretarako jarritako egutegiaren arabera, egindako lanaren eta lortutako emaitzen berri eman beharko diote Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari.

d) Egindako lanen argitalpen eta publizitate orotan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu beharko da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzan eska daiteke. Erakundearen logotipoa jarri beharko da beka jaso duen lanean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27 artikuluan ezarritakoa betez.

e) Diruz lagundutako lanen kopia bat bidali beharko dute Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzara, euskarri informatikoan. Lana behar bezala hedatuko da Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak herritarrak sentsibilizatzen laguntzeko eta bekadunen etorkizuneko garapen profesionala sustatzeko eta laguntzeko egokitzat jotzen dituen bide eta euskarrietan. Lanaren egileak beti aipatu behar dira eta erabat bete beharko da jabetza intelektualerako eskubidea arautzen duen araudia.

f) Onuradunek zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean izan beharko dute lanaren justifikazioa egin eta hari dagokion diru-kopurua jasotzeko unean.

g) Onuradunek egunean izan beharko dituzte itzulketa-betebeharrak ordainketa egiteko unean.

h) Onuradunek Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko dute. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke (izapidetze elektronikora behartuta dauden pertsonek horrela egin beharko dute) dagokion zerbitzuaren bidez; hirugarrenen alta egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

i) Bekak emateak ez du inolako kontratu-, lan- edo estatutu-harremanik ezartzen administrazio emailearekin, eta lana ez da administrazioaren bulegoetan egingo.

15. artikulua.– Bekaren iraupena.

Bekak zortzi hilabete iraungo ditu, deialdiaren ebazpena jakinarazten den unetik aurrera, baina ezingo da 2025eko urtarrilaren 31tik aurrera luzatu.

16. artikulua.– Dirua itzultzeko arrazoiak.

Beka emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbateko guztia eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak itzuli beharko dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5. artikuluan agindutakoari jarraituko zaio emandako beka itzultzeko.

Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. eta 37. artikuluetan jasotako ekintza eta egoerak.

17. artikulua.– Datuen babeserako informazioa.

Tratamendu-arduraduna.

Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Donostia-San Sebastián 1, 01010, Vitoria-Gasteiz, Álava.

Telefonoa: 945 01 80 00.

Web-orria: https://euskadi.eus

Datuak babesteko ordezkaria.

Donostia-San Sebastián 1, 01010, Vitoria-Gasteiz, Álava.

Telefonoa: 945 01 86 80.

Web orria: www.euskadi.eus/proteccion-datos

Helburuaren deskribapena.

– Euskararen presentzia eta erabilera indartzeko dirulaguntzak kudeatzea.

Oinarri juridikoa.

– Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

– 10/1982 Oinarrizko legea, azaroaren 24ko, Euskeraren erabilpena arauzkotzezkoa.

Gordetzeko epea.

Jaso zireneko helburua betetzeko eta egon daitezkeen erantzukizunak zehazteko beharrezkoa den denbora. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko da.

Interesdun taldeak.

– Eskatzaileak.

– Legezko ordezkariak.

Hartzaile-kategoriak (Datuak komunikatzea).

– Gaiaren gaineko eskumena duten administrazioak.

Datu pertsonalen kategoriak.

– Identifikazio-datuak.

– Ezaugarri pertsonalei buruzko datuak.

– Datu ekonomiko-finantzarioak eta aseguruei buruzkoak.

Nazioarteko transferentziak.

Ez dago aurreikusita.

Segurtasun neurriak.

Ezarritako segurtasun-neurriak bat datoz Administrazio Elektronikoaren eremuan Segurtasun Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren II. eranskinean (Segurtasun-neurriak) aurreikusitakoekin.

Informazio osagarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/234?locale=eu

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du interesdunak Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 12a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala