Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2024ko apirilaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
1818

36/2024 DEKRETUA, martxoaren 26koa, 2024ko Urteko Estatistika Programa onartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 6. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Estatistika Plana da jarduera hori aldi batean zuzentzeko tresna. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistika Erakundeak 2023-2026 aldian egin beharreko estatistika-eragiketak 2023-2026 Euskal Estatistika Planaren azaroaren 9ko 10/2023 Legearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikaren Legearen hirugarren aldaketaren bidez onartutako egungo Planak jasotzen ditu.

Apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluak xedatzen duenez, Urteko Estatistika Programak Plana garatzeko eta gauzatzeko tresnak dira, eta Jaurlaritzaren dekretu bidez onartu behar dira. Programa horiek estatistika-eragiketen eta izaera horretako beste jarduera batzuen zerrenda jasotzen dute, baita, horietako bakoitzerako aipatutako 7. artikuluko 4. paragrafoan zehaztutako ezaugarriak, fitxa indibidualizatu gisa.

Era berean, 4/1986 Legearen 7. artikuluaren 3. paragrafoak Plana garatu eta gauzatzeko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartzen diren urteko estatistika-programen izaera arauemailea berresten du. Paragrafo hori aldatu egin da, azaroaren 9ko 10/2023 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren zortzigarren puntuaren bidez.

4/1986 Legearen 7.1 artikuluak aukera ematen dio Jaurlaritzari Euskal Estatistika Planean aurreikusten ez diren eragiketak Urteko Estatistika Programetan sartzeko. Horrela, hasiera batean 2023-2026 Euskal Estatistika Planean jaso ez ziren bi estatistika-eragiketa arautu dira: batetik, Hezkuntza Sailak proposatutako 040610- Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapa erdiko ikasleen hezkuntza-egoeraren adierazleak; eta, bestetik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak proposatutako 062000-Euskal AEko zahartzeari eta zainketei buruzko luzetarako azterlana.

Bestalde, sektore publikoko informazioa datu-iturri aparta da, eta merkatua hobetzen eta pertsona fisiko eta juridikoentzako aplikazio berriak garatzen lagundu dezake. Datuen erabilera adimendunak, adimen artifizialeko aplikazioen bidezko tratamendua barne, eragin eraldatzailea izan dezake ekonomiaren sektore guztietan.

Datu irekiei eta sektore publikoaren informazioa berrerabiltzeari buruzko 2019/1024 (EB) Zuzentarauak adierazten du balio handiko datu-multzoen zerrenda edukitzeak onura sozioekonomiko handiak sortzen dituela. Balio handiko datu-multzoen zerrenda ezartzearen helburu nagusia potentzial handieneko datu publikoak berrerabiltzeko eskuragarri jartzea da.

Batzordearen 2023/138 Betearazpen Erregelamenduak, 2022ko abenduaren 21ekoak, balio handiko datu espezifikoen multzoen zerrenda bat ezartzen du; datu horiek eranskinean agertzen diren kategoria tematikoen barruan sartzen dira. Horien artean daude, besteak beste, 4. ataleko datu estatistikoak. Dekretu honen 3.4 artikuluan zehazten dira Euskal Autonomia Erkidegoan eskuragarri egon beharko duten balio estatistiko handiko datuak.

Apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluan agindutakoa betez, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak egin du 2024ko Urteko Estatistika Programaren Proiektua. Horren edukia Euskal Estatistika Kontseiluak aztertu du, eta apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 34.b) artikuluak aipatzen duen nahitaezko txostena jaulki du Euskal Estatistika Batzordeak.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2024ko martxoaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– 2024ko Urteko Estatistika Programa onartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko 4/1986 Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2024ko Urteko Estatistika Programa onartzen da. Programa hori dekretu honen eranskinetan bildutako eragiketek osatzen dute.

2. artikulua.– Nahitaez erantzun beharra.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, dekretu honen IV. eranskineko estatistika-eragiketa bakoitzaren banakako fitxan informatzaile gisa agertzen direnek nahitaez bete behar dituzte 2024ko Urteko Estatistika Programan sartutako estatistikak.

3. artikulua.– Estatistika-emaitza ofizialak argitaratzea eta zabaltzea.

1.– 2024ko Urteko Estatistika Programan sartutako estatistiken emaitzak Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen web zerbitzarian argitaratu eta zabalduko dira, gutxienez. Gainera, sail bakoitzaren eskumeneko estatistiken emaitzak sailetako atarietan argitaratu eta zabalduko dira, edukia Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari jakinarazi ondoren.

2.– Estatistika-eragiketa bakoitzaren erakunde arduradunak bere emaitza nagusiak bidaliko dizkio Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari, argitaratzen diren egunean.

3.– Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du emaitza horien iragarkia.

4.– Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak zabalduko ditu, bere datu estatistikoen bankuan, eta aplikazioen programazio-interfazeen bitartez eta, hala dagokionean, deskarga masiboaren bidez, 4/1986 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren balio handiko datu estatistikoak (lege hori aldatu egin da, 2023-2026 Euskal Estatistika Planaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko Legea hirugarren aldiz aldatzen duen azaroaren 9ko 10/2023 Legearen azken xedapenetako lehenaren hogeita bigarren puntuaren bidez), baldin eta datuok Batzordearen 2022ko abenduaren 21eko 2023/138 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 4. eranskinean (Estatistikak) zehaztuta badaude (erregelamendu horren bidez, balio handiko datu espezifikoen multzoen zerrenda eta horiek argitaratzeko eta berrerabiltzeko modalitateak ezartzen dira), eta datu horien aldagaiak egokiak badira Euskal Autonomia Erkidegoarentzat. Zehaztu beharreko lurralde-desagregazioa Euskal Autonomia Erkidegoa izango da, lurralde historikoak, eta, hala badagokio, lurralde historikotik beherako eremuak.

Sailetako estatistika-organo espezifikoak lankidetzan arituko dira Eustat-Euskal Estatistika Erakundearekin, balio handiko datu estatistikoen zerrenda hori egiteko.

4. artikulua.– Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari informazioa ematea.

Eustat-Euskal Estatistika Erakundeari informazioaren kopia bat bidaliko diote Estatuko Administrazio Orokorreko organismoei eta haren sektore publiko instituzionalari estatistika-ondorioetarako informazioa ematen dieten Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako organismoek.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Indarraldia.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean, 2024ko abenduaren 31ra arte.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia luzatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 7. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera, programa hau amaitzean Urteko Estatistika Programa berri bat onartu ez bada, azken programa hori automatikoki luzatuko da beste programa bat indarrean jarri arte, salbu eta ezarritako epeen edo aldien arabera kanpoan utzi behar diren estatistika-jarduerei dagokienez.

Vitoria-Gasteizen, 2024ko martxoaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala