
72. zk., 2024ko apirilaren 11, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (308 KB - 22 orri.)
- EPUB (1404 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1739
EBAZPENA, 2024ko martxoaren 14koa, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariarena, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko irailaren 12ko Aginduaren babesean eskatutako laguntzak onartu eta ukatzekoa. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatu eta garatzeko laguntzetarako deialdia egiten da (Erein programa).
Gorago aipatutako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko irailaren 12ko Aginduaren babesean aurkeztutako laguntza-eskaerak ikusi dira –ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan zerrendatuta daude– eta eskariekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertu da –espediente-zenbakiak aipatutako eranskinetan agertzen dira–.
Kontuan hartu da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduak ezartzen dituela, besteak beste, NPBren plan estrategikoen esparruan LGENF funtsaren laguntzei buruzko arauak, bai eta finantzaketa nazional gehigarriaren bidez laguntza osatzeko aukera ere.
Kontuan hartu da ezen, irailaren 19ko 134/2023 Dekretuak aldatutako abenduaren 9ko 275/2020 Dekretuarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzaileari dagokiola Europar Batasuneko LGENF funtsaren kontura finantzaturiko laguntzak ordaintzea, erakunde horrek bakarrik baitauka horretarako eskumena.
Bertan diruz laguntzen diren jarduerak eta aurreikusten diren onuradun motak aintzat hartuta, agindu honetan araututako laguntzak ez dira estatu-laguntzatzat jotzen, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen arabera.
Kontuan hartu da Balorazio Batzordeak 2023ko irailaren 12ko Aginduaren ebazpen-zatiaren hamargarren zenbakia aplikatuta egindako ebazpenaren proposamena –Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariaren 2023ko urriaren 19ko Ebazpenaren bidez izendatu zen Batzordea–.
Hori guztia aintzakotzat izanda,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko irailaren 12ko Aginduan araututako laguntzak ematea ebazpen honen I. eranskinean aipatutako eskatzaileei. Eranskin horretan, honako hauek zehazten dira: pertsona edo entitate onuraduna, diruz lagunduko den proiektua, diruz laguntzeko moduko gastuaren zenbatekoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura onartutako laguntzaren zenbatekoa. Zenbatekoa, guztira, 1.886.240,09 eurokoa da.
Bigarrena.– Aitortzea ebazpen honen II. eranskinean aipatutako eskatzaileei Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko irailaren 12ko Aginduan araututako laguntzak jasotzeko eskubidea. Eranskin horretan, honako hauek zehazten dira: pertsona edo entitate onuraduna, diruz lagunduko den proiektua, diruz laguntzeko moduko gastuaren zenbatekoa eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren kontura (LGENF) onartutako laguntzaren zenbatekoa. Zenbatekoa, guztira, 3.772.714,36 eurokoa da.
Hirugarrena.– Ukatzea ebazpen honen III. eranskinean aipatutako eskatzaileei Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2023ko irailaren 12ko Aginduan araututako laguntzak, eta ukazioaren zioak eranskin horretan zehaztuko dira.
Laugarrena.– Jarduerak edo inbertsioak gauzatzeko epea beranduenez ere, 2024ko abenduaren 31n bukatuko da, eta horiek ezin dira hasita izan 2023ko ekitaldia baino lehen. Salbuespen gisa, gauzatze-epe hori zabaltzen duten luzapenak eman ahal izango dira, betiere luzapena behar bezala justifikatzen bada eta jarduerak edo inbertsioak amaitu baino hilabete lehenago eskatzen bada.
Laguntzaren justifikazioa eta ordainketa 2023ko irailaren 12ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz egingo da.
Baimenak edo lizentziak behar diren kasuetan, horiek lortzea ezinbesteko baldintza izango da laguntza kobratzeko.
2022/129 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren III. eranskinaren 2. apartatuan informazioari publizitateari eta ikusgarritasunari buruz adierazitakoaren arabera, onuradunek LGENFtik jasotako laguntzari buruzko informazio publikoa eman behar dute, eranskin horretan adierazitako moduan.
Onartutako proiektua ez bada ezarritako epeetan egiten edo epe horretan ez badira hura gauzatu izanaren egiaztagiriak aurkezten, onuradunek dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, ebazpen-zatiaren 20 zenbakian aurreikusitako itzulketa-prozedura jarriko da abian.
Lagundutako proiektua betetzen ez bada edo laguntza ematea ekarri duten betekizunak eta baldintzak betetzen ez badira eta, bereziki, laguntza jaso duten inbertsioei eusten ez bazaie inbertsioa egin eta gutxienez ondorengo 5 urteetan, laguntzak eten egingo dira, eta, hala badagokio, eskuratutako kopuruak itzuli beharko dira, osorik edo haien zati bat.
Bostgarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta interesdunak, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluen arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 14a.
Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendaria,
JONE MIREN FERNÁNDEZ LANDA.
RSS