Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2024ko apirilaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1663

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 19koa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2024ko «Hazinnova» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea agintzen duena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko ente publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoan industria eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: arlo teknologikoa-arlo digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.

Horrekin lotuta, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia hainbat ekintza egiten ari da Euskadiko enpresetan berrikuntza txertatzea bultzatzeko.

Dagoeneko abian dauden beste ekimen batzuen osagarri gisa, «Hazinnova» izeneko programa hau jarriko da abian. Horren helburua da enpresen lehiakortasuna hobetzea, berrikuntza sustatuz; horretarako, soluzioak identifikatuko dira, eta aholkularitza-zerbitzu espezializatuaren bidez soluzio horiek ezarriko dira.

Ondorioz, laguntza-programa honen helburu nagusia da berrikuntza bultzatzea enpresa industrialetan eta produktu-prozesu industrialarekin, informazioaren eta komunikazioaren gizartearekin, logistikarekin eta handizkako merkataritzarekin lotutako zerbitzu-enpresetan.

Bestalde, Dirulaguntzen Erregimena Arautzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DEAL») 7.2.a) artikuluan eskatzen du lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publikotasun-printzipioaren arabera. Era berean, DEALen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.

Hori guztia dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2024ko «Hazinnova» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– 2024ko «Hazinnova» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2024ko martxoaren 19a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA
2024. urterako Hazinnova Laguntza-Programaren oinarri arautzaileak

Oro har, Euskadiko enpresa-kolektiboak eta, zehatzago, bertako enpresa txikiek oraindik ere adierazle baxuak dituzte berrikuntzaren erabilerari dagokionez. Hori dela eta, beharrezkoa da enpresentzako aholkularitza presentziala eta indibidualizatua bultzatzea, lehiakortasuna areagotzea ahalbidetuko dieten tresnak erabiltzen laguntzeko.

Are gehiago ekonomia globalizatuaren testuinguruan, kontuan hartuta berrikuntza ekonomien lehiakortasunerako elementu estrategikoa dela eta gizartean eragin zabalak dituela. Horregatik, gaur egungo koiunturan, berrikuntza lortu ahal izateko funtsezkoak dira hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortzea eta mantentzea.

Berrikuntza prozesu edo emaitza teknikoa baino zerbait gehiago da. Izan ere, pertsonen eta gizarte osoaren sormena erakusten duen fenomeno soziala dela esan dezakegu. Gizarte baten eta enpresen gaitasun berritzaileak pausoz pauso eraikitzen dira. Ez dira inprobisatzen eta, ondorioz, ez dira imitatzeko edo kopiatzeko errazak.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia –Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko ente publikoa– Euskadiko enpresetan berrikuntza bultzatzera zuzendutako jarduerez arduratzen da, besteak beste.

Dagoeneko abian dauden beste ekimen batzuen osagarri gisa, «Hazinnova» izeneko programa hau jarriko da abian. Horren helburua da enpresen lehiakortasuna hobetzea, berrikuntza sustatuz; horretarako, soluzioak identifikatuko dira, eta aholkularitza-zerbitzu espezializatuaren bidez soluzio horiek ezarriko dira.

Amaitzeko, ekimenaren helburua da enpresak sustatzen diharduten eragile ugarien (kasu honetan, erakunde laguntzaile gisa, Innobasque) arteko elkarlan-bidean aurrera jarraitzea, baliabideak optimizatzeko eta enpresen egiturarekiko gertutasun handiagoa lortzeko. Halaber, aipatzekoa da erakundearen 2024ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan txertatua dagoela programa hau. SPRIren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana 2023ko abenduaren 20an. Planaren helburu hau lortzen lagunduko du programak: euskal enpresen berrikuntza ez-teknologikoa bultzatzea, mikroproiektuen bidez. Mikroproiektu horiek berrikuntza txikiak eragingo dituzte produktuetan eta negozio-prozesuetan. Berrikuntzak inpaktu handikoak izango dira, eta epe laburreko emaitzak ekarriko dizkiete enpresei. Akordio horren bidez, halaber, Kontseiluak programa horri dagokion gastua onartu zuen.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da gauzazko laguntzak arautzea, Euskadiko enpresetan berrikuntza bultzatzeko, produktuetan eta negozio-prozesuetan berrikuntza txikiak sortuko dituzten mikroproiektuak eginez; berrikuntzak inpaktu handikoak izango dira, eta epe laburreko emaitzak ekarriko dizkiete enpresei.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Laguntzak emateko, zuzen jasotako eskabideak ondoz ondo esleituko dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.

2.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo de minimis laguntzak dira. Ondorioz, 2023ko abenduaren 13an Europako Batzordeak onartutako (EB) 2831/2023 Erregelamenduak xedatutakoaren mende egongo dira («2831/2023 Erregelamendua»).

3.– Programa honen baitan emango diren laguntzak itzuli beharrik gabeko gauzazko dirulaguntza izango dira.

4.– Programa honen baitan emango diren dirulaguntzak ez daude zuzenki lotuta esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportazio-jarduerari lotutako beste gastu arrunt batzuei.

3. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.

Programa honen helburuetarako, definizio hauek ezarri dira:

1.– Mikroproiektua: elkarri lotuta eta koordinatuta dauden jardueren multzoa; aurrekontu batek ezarritako mugen, ezarritako kalitateen eta aurrez finkatutako denbora-tartearen barruan helburu espezifikoak lortzea da mikroproiektu baten arrazoia. Mikroproiektuak kudeatzeak berekin dakar proiektu bateko jardueretan ezagutzak, gaitasunak, tresnak eta teknikak aplikatzea, proiektuaren eskakizunak asebete ahal izateko.

2.– Aholkularitza-enpresa espezializatua: kanpoko aholkularitza-enpresa edo -profesionala, arduratuko dena programaren enpresa onuradunean (hau da, SPRIk sustatutako lizitazio-prozesuaren adjudikaziodunean) mikroproiektu bat ezartzeko beharrezkoak diren aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuak eskaintzeaz.

3.– Lankidetza-akordioa eta proiektuaren memoria: laguntza eskatu duen enpresak eta aholkularitza-enpresa espezializatuak batera osatutako dokumentua, SPRIk emandako formatuaren araberakoa. Bertan, bi alderdiek garatu beharreko mikroproiektuak zer gai landuko dituen eta zer ezaugarri nagusi izango dituen zehaztuko da.

4.– Itxiera-txostena: aholkularitza-enpresa espezializatuak egindako eta enpresa onuradunak balioztatutako deskargu-dokumentua da. Honako hauek zehaztu beharko dira bertan: identifikatutako erronka, laneko plana (helburuak, kronograma, metodologia), bideratutako ekintzak, bilera-aktak eta ondorioak (lorpenak, gomendioak eta gorabeherak). SPRIk emandako formatuaren arabera idatziko da itxiera-txostena.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Gauzazko laguntzetarako programa honen xedera bideratuko diren baliabideak kontratatzeko, 2.700.000 euroren kopurua zenbatetsi da; baliabide horiek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan helburu horretarako ezarrita dauden aurrekontu-zuzkiduretatik eratorriko dira, zeinak 2024rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasota baitaude.

2.– Gauzazko baliabideak mugatuak direnez, laguntzak eskatzen diren unetik ematen diren unera arteko tartea ahalik eta laburrena izatea nahi du programak. Ondorioz, laguntzak modu ordenatuan esleituko dira, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.

3.– Programara bideratutako gauzazko baliabideak agortuz gero, programa amaitu egingo da. Egoera horren berri emango du SPRIko Zuzendaritza Nagusiak, ebazpen baten bidez; orobat, SPRIren webgunean (www.spri.eus) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.

4.– Gauzazko laguntzak kontratatzeko zenbatetsi den kopurua agortzen denean, ezingo da laguntza gehiago eman, eta, arrazoi hori dela eta, espresuki baztertuko dira ebatzi gabe dauden eskaerak, eta ez dira onartuko baliabideak agortu direla iragarri ondoren aurkezten diren eskaerak.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko eskakizunak.

1.– Erakunde eskatzaileek baldintzak hauek bete beharko dituzte, onuradun izateko:

a) Pertsona juridiko bat izatea eta honelako jarduerak egitea: industria-jarduerak edo industriari lotutako zerbitzuak, informazioaren eta komunikazioen gizarteko jarduerak, logistikakoak edo handizkako merkataritzakoak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat izatea. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izan beharko du inpaktua, eta bertan egin beharko da mikroproiektua.

c) Zerga-arloko betebeharrak, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarekin lotutakoak eta/edo erakunde laguntzaileekin adostutakoak egunean izatea.

d) Euskadiko ekonomia-jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean altan emanda egotea. Epigrafe hori kontuan hartuko da erabakitzeko ea enpresaren jarduera bat datorren 1.a) apartatuan adierazitako programaren xede-jardueraren batekin.

e) Gutxienez 5 langile izatea.

2.– Erakunde onuradunek ezingo dute egoera hauetakoren batean egon:

a) DEALen 13. artikuluan edo Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusten den egoeraren batean egotea, aplikagarria den heinean.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela joko da, baldin eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduak ezarritako kasuetan badaude. Hala, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean dituztela joko da, zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo zorrak etetea erabaki denean itzultzeko ebazpena aurkaratu delako.

b) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende egotea.

c) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

d) Sektore publikoetako batekoa izatea, aplikatu beharreko sailkapen instituzionalaren arauen arabera.

e) Aurreko hiru urteetan de minimis laguntza gisa 300.000 euro baino gehiago jaso izana.

f) 2023/2831 Erregelamenduaren 1.1 artikuluko sektoreren batean jarduerak egitea.

g) Diruz lagunduko den mikroproiektuaren esparruetan zerbitzuak (oinarri hauetan aurrez ikusitakoak) eskaintzen dituzten aholkularitza-enpresekin zuzenean edo zeharka loturaren bat izatea (akzioen edo partaidetzen bidez) eta/edo haien gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasuna izatea.

3.– Laguntzen onuradun izateko eskakizunak laguntza-eskaerak aurkezten diren unetik dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizun hauek betetzen direla:

– Euskadiko ekonomia-jardueren gaineko zergaren dagokion epigrafean alta emanda egotea. Epigrafe hori kontuan hartuko da erabakitzeko ea enpresaren jarduera bat datorren oinarri hauen 5.1.a) artikuluan adierazitako jardueretako batekin.

–Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat izatea, oinarri hauen 5.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta haien erakunde laguntzaileekiko betebeharrak egunean izatea.

Dena den, eskatzaileak aurka egin diezaioke ofizioz egiaztatzeari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako baldintzak 8. artikuluan adierazitako informazioa aurkeztuz edo oinarri hauen eranskinean jasota dagoen eredu normalizatuaren araberako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira. Bigarren kasu horretan, erantzukizunpeko adierazpenean jasotako dokumentazioa egiaztatzeko betebeharra izango du eskatzaileak, SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta DEALen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez akreditatutako baldintzak benetakoak direla egiaztatzeko, ikuskapen-bisitak egin ahal izango dira, edo dokumentazioa eskatu ahal izango da, hala badagokio.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Gauzazko laguntzen bidez, aholkularitza espezializatua eta indibidualizatua emango zaio enpresa onuradunari, ezaugarri hauek dituzten mikroproiektuak egin ditzan:

1.– Negozioaren produktu eta/edo prozesuetan berrikuntza txikiak sortzea, inpaktu handikoak, eta horiek enpresaren epe laburreko emaitzetan islatzea.

2.– Diruz lagundu daitezkeen proiektu moten artean egotea, gaiaren arabera multzokatuta, SPRIk deitutako lizitazioaren helburua osatzen duten sorten arabera; hau da, honako gai hauetan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuen barruan egotea:

– Arlo ekonomiko-finantzarioan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, enpresaren kudeaketa ekonomiko-finantzarioa eta kudeaketa estrategikoa hobetuko dituztenak, enpresaren errentagarritasuna kontrolatze aldera.

– Barneko administrazio-prozesuen arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, administrazio-prozesuak (eskarien kudeaketa, kobrantzak eta ordainketak, dokumentuen kudeaketa, bezeroen kudeaketa, erreklamazioen kudeaketa, berankortasuna eta abar) berriro diseinatzea ahalbidetuko dutenak, enpresaren eraginkortasuna hobetze aldera.

– Produkzio-arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza zerbitzuak, produkzio-prozesuak hobetzea ahalbidetuko dutenak, hala, enpresaren produktibitatea, kalitatea, jasangarritasuna edo segurtasuna areagotzeko.

– Logistika-arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, hornidura- edo banaketa-katea hobetzea ahalbidetuko dutenak, hala, gastuak, ingurumenarekiko eragina eta entrega-epeak murrizteko, eta bezeroenganako zerbitzua hobetzeko.

– Pertsonen arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, pertsonen kudeaketa hobetzea ahalbidetuko dutenak, pertsonek enpresetan duten konpromisoa eta motibazioa areagotzeko.

– Bezeroen arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, bezeroen ezagutza, kaptazioa, arreta edo fidelizazioa hobetzea ahalbidetuko dutenak, merkatu-kuota areagotzeko.

– Merkatu berrien arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, enpresaren marketina egokitzea ahalbidetuko dutenak, merkatu geografiko edo bezero-segmentu berrietara iritsi ahal izateko.

Produktuaren arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak, honako hauek ahalbidetuko dituztenak: (1) negozio-bolumena areagotuko duten produktu berriak eta lotutako zerbitzuak eskuratzea; (2) aurrez zituzten produktuak edo lotutako zerbitzuak nabarmen hobetzea, haien ezaugarriak aldatuta, erabilera aldatuta, bezeroaren esperientzia aldatuta, materialak ordezkatuta, diseinua moldatuta, ekodiseinua erabilita eta/edo ontziratzea aldatuta, negozio-bolumena edo salmenta-marjinak handitzeko, eta (3) industria-arloko babesa ahalbidetuko duten soluzioak identifikatzea.

3.– Aholkularitza-enpresa adjudikaziodunarekin elkarlanean ezartzea, behin SPRIk izapidetu duenean eskatutako laguntzari dagokion zerbitzu motaren lizitazio-prozesua.

4.– Proiektua gauzatzeko, baldintza hauetara egokitzea:

– Kanpoko aholkularitza-enpresa espezializatuak, gehienez, 90 egun naturaleko epea eta 50 lanorduko (in situ) arduraldia izango ditu proiektua gauzatzeko, ebazpena jakinarazten den unetik. Edozein kasutan ere, 2025eko martxoaren 31 baino lehen amaitu beharko du.

– Enpresa eskatzaileari aholkularitza-enpresa espezializatua esleitu zaiola jakinarazten zaion unetik zenbatzen hasi eta gehienez zazpi egun naturaleko epean, eta bi enpresa horien artean proiektuaren beharrak identifikatu ahal izateko lehen harremanak izan ostean, enpresa eskatzaileak egin beharreko lanaren proiektu-memoria eta lankidetza-akordioa aurkeztu beharko dizkio SPRIri, horretarako eskura jarriko den eredua baliatuz. Dokumentu hori bi aldeek sinatu beharko dute (enpresa eskatzaileak eta aholkularitza-enpresak).

– Enpresa eskatzaileak, esleitutako aholkularitza-enpresa espezializatuaren laguntzarekin, onartutako proiektua ezarri behar du, ebazpena jakinarazi eta gehienez 90 egun naturaleko epean.

Aholkularitza banaka eta enpresa onuradunaren egoitzan egingo da; edo, salbuespen gisa, modu telematikoan, inguruabar partikularrek hala egitea justifikatzen badute.

7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta kuantifikazioa.

1.– Jarraian definituko diren zerbitzuek osatzen dute gauzazko laguntza.

Laguntzaren zenbatekoa bat etorriko da diruz lagun daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren esleipeneko prezio hauekin, betiere SPRIk egindako lizitazioaren arabera:

– Arlo ekonomiko-finantzarioan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 4.500 euro.

– Barneko administrazio-prozesuen arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 4.375 euro.

– Produkzio-arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 4.550 euro.

– Logistika-arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 4.450 euro.

– Pertsonen arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 3.480 euro.

– Bezeroen arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 4.524 euro.

– Merkatu berrien arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 4.468 euro.

– Produktuaren arloan berrikuntzako soluzioak identifikatzeko eta ezartzeko aholkularitza-zerbitzuak: 4.375 euro.

Enpresa bakoitza, gehienez, bi Hazinnova proiekturen onuradun izan daiteke deialdi honetan. Lehenengo biak baietsi ondoren aurkezten diren eskaera gehigarriak ezetsi egingo dira.

2.– Programa honetan aurreikusitako laguntzak ezingo dira pilatu helburu bererako beste laguntza batzuekin edo Europar Batasunaren beste finantzaketa-modu batzuekin.

3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi gutxiagoko laguntzak edo de minimis laguntzak dira.

De minimis laguntzak emandakotzat hartuko dira enpresari laguntza jasotzeko eskubide legala ematen zaion unetik hasita.

Erakunde onuradun batek jaso dezakeen de minimis guztien kopurua ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan, hiru urteko edozein alditan zehar.

De minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, ezta arriskuaren finantzaketa-neurri berdinarentzat xedatutako Estatuko beste edozein laguntzari ere, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion dirulaguntzaren kopururik altuena. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

4.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

8. artikulua.– Laguntza-eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunean egongo diren laguntza-eskaeraren formularioak bete beharko dituzte eta, horretarako, Innobasqueren laguntza jasoko dute.

2.– Eskaera hori erakunde eskatzailea ordezkatzeko behar besteko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko aitortua). Aurkezpen-data izango da SPRIren sistemetan dokumentazio osoa erregistratu deneko data.

3.– Laguntza-eskaerak barne hartu behar ditu erakunde eskatzailea eta haren legezko ordezkaria identifikatzeko datuak, erakundearen barruko harremanetarako pertsona identifikatzekoak eta ezarriko den mikroproiektu motaren datuak, baita erantzukizunpeko adierazpena ere, oinarri hauen eranskin gisa txertatu den eredu normalizatuaren edukiaren arabera.

Zehazki, informazio hau txertatu behar da:

– Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren zenbakia (NAN) edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ).

– Erakundearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta egoitza soziala.

– Laguntza-eskaeran jasotako diruz lagundutako jarduerak egingo dituen eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen jarduera ekonomikoko zentro baten egoitza (gutxienez).

– Aurreko hiru urteetan jasotako de minimis laguntzen zerrenda; bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

– Enpresaren tamaina (langile kopuruaren arabera) zehazteko datuen zerrenda. Kopuru hori generoaren arabera banatuta zehaztu beharko da (gizonezkoak eta emakumezkoak).

4.– Espedientea tramitatzen ari den bitartean, edozein unetan, SPRIk eska dezake erantzukizunpeko adierazpenean aipatutakoarekin lotuta dagoen edozein dokumentu edo egiaztagiri aurkeztea.

5.– SPRIk izapidetutako eskaerak ongi kudeatzeko eta jarraipen egokia egiteko egokitzat jotzen den informazioa programaren erakunde laguntzaileari emateko eskubidea ematen dio laguntza-eskaerak SPRIri.

6.– Enpresak laguntza-eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora bidaliko dira dagozkion jakinarazpenen abisuak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

7.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.

9. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Oinarri hauek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2024ko urriaren 24an bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2024ko urriaren 24ko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).

Laguntza-eskaera eta aurreko artikuluan eskatutako dokumentazioa diruz lagun daitekeen jarduera hasi aurretik aurkeztu beharko dira.

10. artikulua.– Esleipenaren prozedura.

1.– Espedientea osatuta dagoen unearen arabera aztertuko dira laguntza-eskaerak. Organo kudeatzaileak kudeatuko ditu laguntza-eskaerak, hau da, SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun Sailak. Organo kudeatzaileak Innobasqueren laguntza izango du. Hark behar adina dokumentu eta/edo informazio osagarri eska diezaioke eskatzaileari, eskaera ongi ulertu eta aztertu ahal izateko.

2.– Zuzendaritza Nagusiak ebatziko du prozedura, eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera eta dagozkion sortetan balio zenbatetsia dagoen bitartean, oinarri hauetan azaldutakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazteko epea. Dokumentazio osoa aurkezten den datatik hasita, gehienez 30 egun natural izango dira ebazpena emateko. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

4.– Erakunde eskatzaileei ebazpenen berri ematean, emandako dirulaguntzaren balio ekonomikoa adieraziko da, baita hura garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere.

5.– Ebazpena egiten denetik 10 egun balioduneko gehieneko epean eman eta jakinaraziko zaio erakunde eskatzaileari. Onuradunari esleipenaren ebazpenaren berri ematean, de minimis laguntza bat dela jakinarazi behar zaio.

6.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.

11. artikulua.– Egiaztapeneko eta kontroleko jarduketak. Aurkezpen-epea.

1.– Jarduketa amaitu ondoren (6.4 artikuluan ezarrita dagoen moduan, gehienez hilabeteko epea dago horretarako), erakunde onuradunek jarduketa justifikatu behar dute erakunde laguntzailearekin elkarlanean, SPRIren webgunean eskuragarri dagoen likidazio-eskaeraren bidez.

2.– Erakunde eskatzailea ordezkatzeko behar besteko ahalordea duen pertsonak sinatu behar du likidazio-eskaera, sinadura elektronikoaren bidez. SPRIren sistemetan dokumentazio osoa erregistratzen den data hartuko da aurkezpen-datatzat.

3.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailearen eta haren legezko ordezkariaren identifikazio-datuak eta zerbitzu-prestazioaren balorazioa jaso beharko ditu.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera, erakunde onuradunak eta zerbitzua eskaintzen duen aholkularitza-enpresa espezializatuak sinatutako itxiera-txostena aurkeztu beharko da.

12. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak zuzentzea.

Laguntza-eskaera edo likidazio-eskaera osorik beteta ez badago edo eskatutako gainerako dokumentuak aurkeztu ez badira, akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko dokumentuak aurkezteko eskatuko dio SPRIk erakunde onuradunaren legezko ordezkariari. Hark, gehienez, 10 egun balioduneko epea izango du, zuzenketa egiteko edo falta diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan akatsa zuzendu ez badu, eskaeran atzera egin duela joko da (eskaera bat den kasuetan), helburu horretarako emango den ebazpen baten bidez.

13. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Oinarri hauetan jasotako arauen arabera laguntzak emateko, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia erakunde laguntzaile izendatzen da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena; aurrerantzean, «698/1991 Dekretua») eta DEALen ezarritako baldintzetan.

2.– Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia funtzio hauez arduratuko da erakunde laguntzaile gisa:

a) Programa dinamizatzea eta sustatzea.

b) Eskaerak izapidetzeko prozesuan eskatzaileei laguntzea.

c) SPRIri laguntzea aurrez egiaztatzen programako onuradun izan daitezkeenek baldintzak betetzen dituzten.

d) Programaren sustapen- eta dinamizazio-jarduerari buruzko jarraipen- eta balorazio-txostenak egitea.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak dira DEALen 14. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta, aplikagarriak diren heinean, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak. Zehazki eta xede mugatzailerik gabe, hauek:

a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) SPRIren aurrean justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

c) Emandako laguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hurrengo hiru egun balioduneko epean, erakunde onuradunak ez badio laguntzari espresuki uko egiten SPRIren aurrean, hura onartu duela ulertuko da.

d) Emandako laguntza jarduera-plana garatzera bideratzea.

e) Onartzea ezen SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.

f) Jasotako dirulaguntzak direla eta, baimena ematea SPRIri –hala badagokio– egin beharreko egiaztapen-jarduketak egin ditzan edo baimena ematea Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskuduni egin beharreko egiaztapen eta kontrol finantzarioko jarduketak egin ditzan, eta zeregin horiek betetzeko behar duten informazio guztia ematea.

g) Laguntza emateko garaian kontuan hartutako inguruabarren aldaketa oro SPRIri jakinaraztea.

h) Zabalkunde-neurri hauek ezartzea, dirulaguntza jasoko duen programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren izaera publikoari publizitate egokia eman ahal izateko, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 18.4 artikuluaren arabera:

– Jendaurrean zabaltzeko prestatzen diren dokumentuetan, karteletan, propagandan eta argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta esaldi hau jaso beharko dira: «SPRIk diruz lagundua», esteka honetan eskuragarri dagoen formatuaren arabera: https://www.spri.eus/es/logo/

– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzen argitalpenean, iragarkietan eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

j) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

k) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduketarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.

l) Onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizaziorik ez egitea.

15. artikulua.– Dirulaguntzak aldatzea eta epeak luzatzea.

1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DEALen 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

c) Oinarri arautzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DEALen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

3.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko epea luza dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, hilabetez luzatu ahal izango da proiektuak gauzatzeko epea (90 egun natural) eta inola ere ezingo du gainditu gauzatze-data (2025eko martxoaren 31).

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Laguntza itzuli beharra dagoela deklaratuz gero, zenbateko hau itzuli beharko da: emakida-ebazpenean komunikatutako zerbitzua eskuratzeko prezioaren zenbateko baliokidea. Gainera, dirulaguntza-legeriak xedatutakoa betez, dagokion berandutze-interesa eskatu ahal izango da.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, hauek jotzen dira ez-betetzetzat:

a) Kanpoko enpresa espezializatuak aholkularitza-jarduera hasi izana eta erakunde onuradunari egotz dakizkiokeen kausak direla-eta behar bezala ez garatzea.

b) SPRIren baimenik gabe, laguntzaren eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako jarduerak aldatzea. Proiektua gauzatzean aldaketaren bat egin bada eta horrek laguntza emateko garaian aztertutako baldintzak aldarazi baditu, SPRIri horren berri ez emateak ez-betetzea eragingo du, dagozkion ondorioetarako.

c) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

d) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, betiere epea aldatzeko edo luzatzeko baimenik eman ez bada.

e) Laguntza eskuratzea programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

f) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol-neurriak ez onartzea edo oztopatzea.

g) Proiektua desbideratzeko beste edozer egitea edo laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

h) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 91.etik 93.era bitarteko artikuluetan eta DEALen aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak, tartean DEALen 51. artikuluak ezartzen duen enpresen deslokalizazio-adierazpenari buruzkoa, edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta, dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, DEALen xedatutakoaren arabera zuzenbide publikoko sarrerak baitira, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRIko Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira eta, betiere, onuradunaren jarduketak zalantzarik gabe konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza partzialki ordainduko edo emango da edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulua egiteko kontuan hartuko da jarduera zer proportziotan egin den, guztizkoari dagokionez. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntza dela-eta behar bezala justifikatu den zenbatekoaren zatiarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.

6.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 7. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulketa erabakitzeko emango den ebazpenean.

7.– Borondatezko epean itzultzen ez bada, premiamendu-bideari ekin ahal izango zaio, aplikatu behar den legezko araudian xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.

2.– Dirulaguntzen abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta, aplikagarria denean, abenduaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena.

4.– Europako Batzordearen abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan («DBLO»), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko Datuak Babesteko (EB) 2016/679 Erregelamendu Orokorrean («DBEO») eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua da eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarrituta. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori gaian eskumena duen administrazio publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezerezteko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko aplikatu behar den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak datuak babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus.

Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan; hau da, SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Agintaritzan : www.avpd.euskadi.eus

SPRIk datu pertsonalen babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/lege-oharra/ web-orrialdeko pribatutasun-politikaren atalera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Onuradunek programa honen bitartez esleitutako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia egin beharko dute, oinarrietan zehaztutako baldintzetan.

I. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duena, eta adierazten du:

I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, hauek:

– Aurreko hiru urteetan de minimis laguntza gisa 300.000 euro baino gehiago ez dituela jaso.

– Eskaera egin duen unean, gutxienez, 5 langile dituela.

– Eskaera honen dagokion atalean alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:

a) Aurreko hiru urteetan jasotako de minimis laguntzak; adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

c) Enpresaren tamaina zehazteko datuak, enplegu kopuruaren arabera. Kopuru hori generoaren arabera banatuta zehaztu beharko da (gizonezkoak eta emakumezkoak).

– Programaren oinarrien 5. artikuluko 2. apartatuan aurreikusita dagoen ezein egoeratan ez dagoela, hau da:

a) Sektore publikoren batekoak izatea edo sektore publikoaren parte izatea, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalerako arauen arabera.

b) DEALen 13. artikuluan edo Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusten den egoeraren batean egotea, aplikagarria den heinean.

c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende egotea.

d) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

e) 2023/2831 Erregelamenduaren 1.1 artikuluko sektoreren batean jarduerak egitea.

f) Dirulaguntzaren helburu den mikroproiektuaren esparruetan zerbitzuak (oinarri hauetan aurrez ikusitakoak) eskaintzen dituzten aholkularitza-enpresekin zuzenean edo zeharka loturaren bat izatea (akzioen edo partaidetzen bidez) eta/edo haien gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasuna izatea.

– Adierazpen honek barne hartzen duela eskatzailearen konpromisoa enpresa ez deslokalizatzeko (DEALen 49. artikuluan jasotako baldintzen arabera) eta gehiegizko finantzaketarik ez egiteko (DEALen 9.4.h) artikuluaren arabera).

II.– I. atalean egindako adierazpena betetzen dela ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatutakoan; eta aurrez aipatutako betebeharrak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, haren eskubidearen aitortzari edo egikaritzeari dagokion denbora-tartean.

III.– Badakiela adierazpen honi laguntzen dion edo adierazpenaren barruan agertzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zehatza ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez baditu, ezingo duela ukitutako eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.

[...] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzen du.


Azterketa dokumentala