Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2024ko apirilaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1661

AGINDUA, 2024ko martxoaren 19koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Arte Plastiko eta Ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko eta garatzeko 2024ko ekitaldiko dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuak ezartzen duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jardunekin eta horien hedapenarekin loturiko egitekoak eta jardun-arloak. Egiteko horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, zeinak ezartzen baitu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala.

Horiek horrela, jardun-arlo gisa ezarriak dituen ahalmenen eremuan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egoki deritzo arlo pribatuak arte plastiko eta ikusizkoen eremuan sustatzen eta garatzen dituen ekintzei laguntzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Neurri horren bitartez, batez ere sustatu nahi dira ikerlana, artelanen ekoizpena, arte garaikidearen zabalkundea eta euskal artisten sorkuntza-lana, eta gainera, ahalbidetu nahi da betetzen duten zeregin artistikoaren errekonozimendua jaso dezatela.

Esandakoagatik guztiagatik, beharrezko iruditu zaigu tresna egokia jartzea, alde batetik, dirulaguntzak emateko prozesuan objektibotasun-, konkurrentzia- eta publikotasun-printzipioak bermatuko dituzten gutxieneko lege-oinarriak zehazteko eta, bestetik, mekanismo aproposak finkatzeko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru publikoak egoki erabili diren ziurta dezan. Hortaz, diseinatutako laguntza-esparrua nahikoa zabala da era horretako jarduerak zorroztasunez bete nahi dituzten pertsonek dirulaguntza hauek jaso ahal izan ditzaten. Alde horretatik, bi muga baino ez dira jartzen: aurrekontu orokorretan ekitaldi honetarako berariaz ezarritako diru-kopurua eta deialdi honetan ezarritako balorazio-irizpideak.

Halaber, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzen plan estrategikoaren barnean dago. Plan estrategikoa Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu da 2021-2024 urteetarako, eta Sailaren web orrian argitaratu da (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/).

Dirulaguntza-programa honi araudi hau aplikatzen zaio: 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta haren garapen-erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen xedea da 2024. urtean arte plastiko eta ikusizkoen arloan burutuko diren jarduera zehatzetarako dirulaguntzak emateko baldintzak ezarri eta horretarako deialdia egitea, ondoren datozen artikuluetan ezartzen denaren arabera.

2.– Deialdi honetan jasotako laguntzen xederako laurehun eta laurogei mila (480.000) euro izango dira gehienez, EAEko 2024ko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarrita dauden aurrekontu-partiden kargura.

2. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.

1.– Agindu honen kargura dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte aginduan aurreikusten diren jarduerak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuek, betiere agindu hau argitaratzean Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude edo helbidea edo sozietate-egoitza bertan badute.

2.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeko prozeduren ondorioz sortutako betebeharrak egunean izatea. Baldintza horiek betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, hortaz, laguntza emateko unean eta ordainketak egiterakoan egiaztatuko dira.

Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

3.– Ezingo dute agindu honetako dirulaguntzarik eskatu honako hauek:

a) Nagusiki kapital publikoa duten entitate pribatuek, ezta ere fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza nagusiki publikoa duten entitateek.

b) Laguntza publikoak edo dirulaguntzak lortzeko aukera kentzen duen zigor administratibo edo penalen bat dutenek, edo horretarako desgaikuntza dakarren legezko debekuren bat dutenek, sexu-diskriminazioa dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13.1 eta 13.4 artikuluetan jasotako gainerako debekuren bat duten pertsonek edo erakundeek.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen modalitateak eta jarduerak.

1.– Sustapen-zabalkundearen modalitatea.

Arte plastikoen eta ikusizkoen eremuan arte garaikideko gertakizun eta adierazpenak antolatzea: erakusketak, lehiaketak, batzarrak, jardunaldiak, kongresuak, lantegiak, hitzaldiak eta abar, horien helburua bada Euskadin bizi diren artistak sustatzea eta zabaltzea eta Euskadin arte garaikidea sustatzea. Jarduketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko dira.

Modalitate honetan ez da lagunduko jaialdiak antolatzea, ezta urteko programazioak egitea ere.

2.– Argitalpenen modalitatea.

Arte plastiko eta ikusizkoen eremuan euskarri desberdinetako argitalpenak egitea, horien xedea bada Euskal Autonomia Erkidegoko arte garaikidea zabaltzea eta bertako artistak eta haien lana sustatzea.

3.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea.

Arte plastiko eta ikusizkoen sorkuntza-ekoizpenaren eremuan proiektuak egitea: artelanak ekoiztea eta ikertzea.

4.– Proiektu bakoitza modalitate eta laguntza bakarrean aurkeztu ahalko da.

5.– Deialdi hau Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.1 artikuluan aurreikusitako lehiaketa bidezko prozeduraren bidez ebatziko da, artikulu honetan jasotako modalitate bakoitzerako.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoen banaketa.

1.– Sustapen-zabalkundearen modalitatea: 55.000 euro.

2.– Argitalpenen modalitatea: 135.000 euro.

3.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea: 290.000 euro, honako dirulaguntza eta zenbateko hauetan banatuta:

a) 5.000 euroko 22 dirulaguntza.

b) 8.000 euroko 18 dirulaguntza.

c) 12.000 euroko 3 dirulaguntza.

4.– Modalitate bakoitzean izendaturiko baliabideak modalitate horietako bakoitzean baloratutako eskabideetara bideratuko dira, ezarritako prozedura eta irizpideen arabera.

5.– Hala ere, sustapen-zabalkundearen eta argitalpenen modalitateetan, eskabide ezagatik, eskabideek betekizunak ez betetzeagatik edo, 14.3 artikuluan ezarritako irizpideen arabera, gutxieneko kalitatea eta bideragarritasuna duen proiekturik ez egoteagatik modalitateetako bati esleitutako diru-kopurua ahitzen ez bada, diru hori beste modalitateari ezarri zaion kopurua handitzera pasa liteke. Horren aipamena jasoko da balorazio-batzordeak Kulturako sailburuordeari aurkezten dion ebazpen-proposamenean, eta publiko egingo da Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

6.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean izendaturiko baliabideak soil-soilik modalitate horretan aurkeztu diren eskabideetara bideratuko dira, laguntza zenbatekoa den kontuan hartuta.

Hala ere, 5. puntuan aipaturiko egoerak direla eta, zenbatekoren batean ezarritako laguntza guztiak esleitzen ez badira, laguntza horiei dagokien diru-kopurua beste zenbatekoei dagozkien proiektuei esleituko zaie, betiere deialdian ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Esleipena lehentasun-hurrenkeraren arabera egingo da, diru-kopurua agortu arte.

5. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Pertsona fisikoek bide hauek dituzte eskabideak aurkezteko:

– Bide presentziala: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, aldez aurretik hitzordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimendu edo organoen aurrean.

– Bide elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honen 4. apartatuan zehaztutako helbide elektronikoa baliatuz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –presentziala edo elektronikoa– ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan; alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, hala jasotzen du-eta ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarte elektronikoz irispidean izatekoa).

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, artikulu honen 4. apartatuan zehaztu den egoitza elektronikoko helbidean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.

4.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazio-agiriak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen duten argibideak helbide elektroniko hauetan daude ikusgai:

Sustapen-zabalkundearen modalitatea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094724

Argitalpenen modalitatea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094725

Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0094726

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak hemen egin behar dira bide elektronikoa erabiliz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6.– Pertsona eta entitate eskatzaileek nahi duten EAEko hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak eta atxiki beharreko dokumentuak. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

7.– Eskaera eta ondorengo izapideak pertsona edo entitate eskatzailearen ordezkari batek egin ahal izango ditu, hori ere modu elektronikoan; horretarako ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu ahalko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

8.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan definitzen diren baldintzak espresuki eta formalki onartzea.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, hasieran erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da honako baldintza hauek betetzen direla:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo ente publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan de minimis arauaren mendeko laguntzarik jaso izana jakinaraztea.

– Pertsona edo entitate eskatzaileak ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko desgaikuntza dakarren legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko 2. artikuluan ezarritako betekizunak betetzea.

– Pertsona edo erakunde eskatzailea ez egotea Trans pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikuluan ezarritako ezein egoeratan.

– Enpresen deslokalizazioa ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskaera-orria, sinatuta; 6. artikuluaren 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan dago eskuragarri eskaera-orria.

2.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

– Eskatzailearen nortasuna egiaztatzea: nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo antzeko agiriren bat.

– Eskatzaileak agindu hau argitaratzen den egunean bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan duela egiaztatzea: erroldatze-ziurtagiria.

Egiaztapenak aurkeztuko dira, soil-soilik, eskatzaileak berariaz uko egiten badio organo kudeatzaileak datu horiek jasotzeari.

b) Pertsona juridikoa izanez gero:

– Eraketa-eskritura, estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria. Agiriok aurkeztea ez da beharrezkoa izango, baldin eta elkartea, fundazioa edo kooperatiba inskribatuta badago dagokion Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan. Eskabidea egiteko formularioan erregistroko datuak zehaztuko dira.

Organo kudeatzaileak 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar diren dokumentuak edo egiaztagiriak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, edo, hala badagokio, parte hartzen duen administrazioari edo fundazio-ondarerako baliabideak jarri dituenari.

– Legezko ordezkariaren nortasun-agiri nazionalaren kopia autentikoa, ahalordetze-eskritura edo dagokion organoak egindako egiaztagiria.

– Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.

c) Dirulaguntza edo laguntza hau jaso aurreko hiru urteetan enpresek de minimis motako laguntzak jaso badituzte, haiei buruzko adierazpena, eskaera-formularioan jasoko dena.

3.– Proiektuari dagokion dokumentazioa:

a) Proiektuaren laburpen-fitxa, zeinaren eredua 6. artikuluko 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan eskuragarri baitago.

b) Proiektuaren memoria, honako hauek jasoko dituena:

– Proiektuaren deskribapen zehatza, helburuak azalduko dituena (zer egin nahi den), bai eta horretarako erabiliko diren ekintza zehatzak ere.

– Programa edo lan-plana, egutegi osoa, proiektua garatzeko faseak. Proiektua 2024. urtearen barruan gauzatu beharko da.

– Jarduera burutzeko aukeratutako espazioak (sustapen-zabalkundearen modalitatearen proiektuetarako bakarrik).

– Argitalpenaren banaketa-plana (argitalpenen modalitatearen proiektuetarako bakarrik).

– Proiektua erakusteko aurreikuspen-plana eta egindako kontaktuak (sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean, 12.000 euroko proiektuetarako bakarrik).

– Euskararen erabilera proiektua gauzatzerakoan.

c) Eskatzailearen curriculuma. Argitalpenen eta sorkuntza-ekoizpenaren modalitateetan eskatzaileak aurretik egindako lanak sartu ahalko dira.

d) Proiektuaren aurrekontu banakatua eta xehatua, non adieraziko baitira aurreikusitako gastuak eta diru-sarrerak eta eskatzen den diru-kopurua. Horretarako erabili behar den eredua 6. artikuluko 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan dago eskuragarri.

e) Proiektu berarentzat eskatu diren beste dirulaguntzen gaineko adierazpena eta haien egoera, eskaera-formularioan jasoko dena.

Proiektuari dagokion dokumentazioa (3a, 3b, 3c, 3d ataletan jasotakoa), ahal dela, formatu elektronikoan aurkeztuko da.

4.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoek –alde batera utzita bide elektronikoan edo presentzialean aurkeztu diren– ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko moduko ereduak erabiliko dira, eta, ahal dela, ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.

b) Memoria dokumentu bakar batean aurkeztuko da, ahal dela PDF formatuan.

c) Curriculuma dokumentu bakar batean aurkeztuko da, ahal dela PDF formatuan.

d) Aurkeztuko den dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 MB izango da.

e) Bideoak web-helbide baten bidez aurkeztu ahalko dira, eta helbide hori dagokion dokumentuan jarri beharko da.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, eskatzaileek eskubidea dute administrazio publikoen esku dauden datuak eta dokumentuak ez aurkezteko. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko da zein administrazio-organotan eta zein egunetan aurkeztu diren agiri horiek.

9. artikulua.– Dokumentazioa ikuskatzea eta akatsak zuzentzea.

1.– Ikusten bada eskabidea izapidetzeko onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

2.– Pertsona juridikoek eskaera aurrez aurre egiten badute, elektronikoki aurkeztuz zuzen dezatela eskatuko zaie eta, ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

10. artikulua.– Dirulaguntzak emateko modua, zenbatekoak eta mugak.

1.– Lehiaketa bidezko norgehiagoka prozeduraren bitartez esleituko dira dirulaguntzak; ondorio horietarako, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, 14. artikuluan modalitate bakoitzerako finkatzen diren aukeraketa- eta balorazio-irizpideen arabera.

Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira dirulaguntzak, balorazioaren ordena eta puntuazioaren arabera, aurreikusitako aurrekontu-zuzkidurak agortu arte.

2.– Baldin eta 11. artikuluan diruz lagundu ezin daitezkeen gastuak biltzen badira eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, kendu egingo dira, onartutako guztizko aurrekontua zenbatekoa izango den zehazteko, eta hori izango da dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarria.

3.– Sustapen-zabalkundearen modalitatean, esleituko den diru-kopurua lortutako puntuazio-ehunekoari dagokion aurrekontuaren portzentaje-zatia izango da. Proiektu bakoitzeko emango diren diru-kopuruak ez dira izango eskatutako zenbatekoa baino handiagoak, ezta 20.000 euro baino handiagoak ere. Orobat, ez dira izango eskatutako zenbatekoaren % 50 baino txikiagoak.

4.– Argitalpenen modalitatean esleituko den diru-kopurua eskatutakoaren adinekoa izango da, eta ez da izango 14.000 euro baino handiagoa argitalpenen kasuan, ezta 6.000 euro baino handiagoa ere web-orrien kasuan.

Modalitate horretan laguntza jaso dezakeen azken proiektuak oso-osorik dagokiona jasotzerik ez duenean jadanik nahikoa diru-zuzkidurarik ez dagoelako, bakarrik emango zaio dirulaguntza, baldin eta eman dakiokeen laguntzaren zati horrek proiektuaren bideragarritasuna bermatzen badu. Ildo horretan, bideragarritzat joko da esleitu beharreko kopurua eskatutako guztizkoaren % 85 baino handiagoa bada. Arrazoi horrengatik argitalpenen modalitateari ezarri zaion diru-kopuru osoa esleituko ez balitz, soberakinak sustapen–zabalkundearen modalitateari ezarritakoa handitzera pasa litezke.

5.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean kasu bakoitzeko esleituko den diru-kopurua izango da eskatzaileak modalitate honetan finkatuta daudenen artean eskatu duenaren adinakoa.

6.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean ezin zaio eman pertsona edo entitate eskatzaile berberari dirulaguntza bat baino gehiago, eta sustapen-zabalkundearen eta argitalpenen modalitateetan, bi baino gehiago. Guztira hiru modalitatetan gehienez bi dirulaguntza eman ahalko zaizkio pertsona edo entitate bakoitzari.

Horrez gain sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean ezingo zaie eman aurreko bi deialdietan, hau da, 2022 eta 2023koetan, sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean dirulaguntzak lortu dituzten pertsonei.

11. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat honako hauek joko dira: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta deialdi honetan eta laguntzak emateko edo aldatzeko ebazpenetan ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.

2.– Edozein kasutan, agindu honen harira diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 30. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.

3.– Sustapen-zabalkundearen modalitatean, dirulaguntzak proiektuaren honako gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira:

– Gastu teknikoak, jarduera garatu eta ekoiztekoak (ekipamendu teknikoa alokatzea, ekitaldirako espazioa alokatzea, zerbitzuak kontratatzea: garraioak, muntaketak, itzulpenak...).

– Proiektuan parte hartzen duen pertsonal artistikoaren edota kolaboratzailearen gastuak (artista, hizlari eta irakasleen ordainsariak; bidaia- eta ostatu-gastuak...).

– Jarduera edo ekitaldiaren promozio-, publizitate- eta zabalkunde-gastuak (kartelak, txartelak, webguneak, komunikazio-gastuak...), eta proiektuarekin lotutako argitalpenen gastuak (diseinua, inprimatze-edizioa, itzulpenak).

– Antolaketa- eta produkzio-taldearen gastuak: jardueraren gestio-, koordinazio- eta zuzendaritza-lanak.

– Egitura-gastuak, jarduerak iraun bitartean: lokala alokatzea, kontsumoak, bestelako gastu arruntak (zehaztu egin behar dira).

Modalitate honetan, kostuei lotutako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

– Inbertsio-gastuak kanpoan geratuko dira.

– Antolaketa- eta produkzio-taldearen gastuek (gestio-, koordinazio- eta zuzendaritza-lanak) ez dute guztizko aurrekontuaren % 25 gaindituko.

– Antolaketa- eta produkzio-taldearen gastuak eta egitura-gastuek ez dute guztizko aurrekontuaren % 40 gaindituko.

– Kontuan hartuko dira soilik jarduerak sortzen dituen bidaia-, ostatu- eta dieta-gastu espezifikoak. Hortaz, halakoak jardueraren ekintza zehatz bati lotuta egongo dira beti –memorian zehaztuko da–, ekintza gauzatzeko epearen barruan egingo dira, eta aurrekontuan adierazi eta zehaztuko dira. Inolaz ere ez dira aintzat hartuko joan-etorrien eta dieten gastu arruntak.

– Eskatzailea pertsona juridikoa bada, antolaketa- eta produkzio-taldeari egotz dakizkiokeen bidaia-, ostatu- eta dieta-gastuek ez dute guztizko gastuen % 5 gaindituko, eta, gainera, aurreko puntuan zehaztutako baldintzak beteko dituzte.

4.– Euskarri ezberdinetako argitalpenen modalitatean, dirulaguntzak proiektuaren honako gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira:

– Argitalpenak: diseinu grafikoa, materialak prestatzea eta egokitzea, autoreen ordainsariak (kolaboratzaileak, testuen egileak...), itzulpenak, ISBN, inprimatze-edizioa eta zabalkundea.

– Web-orriak: diseinua eta programazioa, web-domeinuaren alta eta ostatatzea (hosting), autoreen ordainsariak (kolaboratzaileak, testuen egileak...) eta itzulpenak.

Ez dira aintzat hartuko honako gastu hauek: inbertsio-gastuak, jardueraren gestio- eta koordinazio-gastuak, artelanak ekoiztea, artisten ordainsariak, dietak, joan-etorriak eta bestelako gastu arruntak.

5.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean, dirulaguntzak proiektuaren honako gastu hauek ordaintzeko erabiliko dira:

a) Ekoizpeneko zuzeneko kostuak: ekoizpenerako erabilitako material eta zerbitzuak, laguntzaren zenbateko osoaren % 100 arte.

– Proiektua ekoizteko material eta lanabesak.

– Obra ekoiztearekin zuzeneko lotura duten joan-etorriak eta ostatu- eta garraio-gastuak. Gastu horiek nahitaezkoak izango dira proiektua garatu ahal izateko; beraz, proiektua gauzatzeko ezarritako epearen barruan egingo dira. Horrez gain, memorian adieraziko dira, eta aurrekontuan zehaztuko. Ez dira aintzat hartuko ohiko joan-etorrietarako gastu arruntak eta dieta-gastuak.

– Zerbitzuak kontratatzea.

– Artisten ordainsariak (eskatzailea pertsona juridikoa bada soilik).

– Artelana edo proiektua ekoizteak sortutako zuzeneko beste gastu espezifiko batzuk.

Ez dira aintzat hartuko honako gastu hauek: inbertsio-gastuak; hainbat material erostea, hala nola liburuak, fotokopiak edo bulegoko materiala; artelanaren promozioarekin edota zabalkundearekin lotutako gastuak; artelanaren ekoizpenarekin bat ez datozen erakusketen edo bestelako jarduketen ekoizpen-gastuak.

b) Egitura-gastuak:

– Estudioa edo lokala alokatzea, hala badagokio; kontsumoak: argia, ura, telefonoa, Internet eta gasa; langileen nominak (eskatzailea pertsona juridikoa bada soilik); beste gastu arrunt batzuk (eskatzailea pertsona juridikoa bada soilik).

– Egitura-gastuak proiektuaren iraupenarekiko proportzionalak izango dira: bi hilabeteri dagozkion egitura-gastuak, 5.000 euroko laguntzetan; hiru hilabeteri dagozkionak, 8.000 euroko laguntzetan, eta lau hilabete eta erdiri dagozkionak, 12.000 euroko laguntzetan.

– Egitura-gastuak gehienez laguntzaren zenbateko osoaren % 20 artekoak izango dira, eskatzailea pertsona fisikoa bada, eta % 30 artekoak, berriz, eskatzailea pertsona juridikoa bada.

c) Sorkuntzara dedikatzeko oinarrizko euskarriaren kontzeptuari dagozkion kostuak:

– Kontzeptu hori ulertuko da proiektuaren kostu osoaren gainean sorkuntza bultzatzera bideratuta dagoen ehuneko gisa; alegia, zenbateko horrek laguntza emango dio artistaren lanari, alde sortzailetik eta zeharkako euskarri gisa.

– Eskatzailea pertsona fisikoa (artista) denean bakarrik aplikatuko da.

– Kostuok laguntzaren zenbateko osoaren % 60 arte egotz daitezke: gehienez 3.000 euro, 5.000 euroko proiektuetarako; 4.800 euro, 8.000 euroko proiektuetarako; eta 7.200 euro, 12.000 euroko proiektuetarako.

6.– Sustapen-zabalkundearen eta sorkuntza-ekoizpenaren modalitateetan, onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatu ahalko du jarduera, azpikontratu guztien prezioak batuta diruz lagundutako jardueraren % 100era arte. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak diruz lagundu den jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

Argitalpenen modalitatean, onuradunak hirugarren batzuekin jardueraren % 100 azpikontratatu beharko du, azpikontratu guztien prezioak batuta.

Azpikontratu bakoitzak garatutako lana edo eskainitako zerbitzua jasoko du, eta horiek aurrekontuko epigrafeetan jasotako kontzeptuekin bat etorri behar dute.

Ezin izango dira azpikontratatu egitura-gastuak, ez eta sorkuntzara dedikatzeko kostuak ere.

Edozein kasutan, onuradunei eta kontratistei Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 31. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie.

12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Deialdi honen kargura emango diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu berberaz beste edozein entitate publiko edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, bestelako diru-sarrera eta baliabideekin, betiere gainfinantzaketarik ez badago. Hori gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Halere, deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak emandako dirulaguntzekin –ez proiektu bera egiteko, ez proiektuaren zatiren bat egiteko–, dirulaguntzak izendunak, zeharkakoak nahiz musika, arte eszeniko, ikus-entzunezko, ikusizko arte, liburugintza eta literatura alorretako aginduen babesean emandakoak izan. Berariaz adierazten da laguntza hauek bateraezinak direla Bitartez eta ekoizpen editorialerako deialdietako dirulaguntzekin.

13. artikulua.– Diruz lagundutako jarduera egiteko epea.

Deialdi honen bidez diruz lagunduko diren jarduerak 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi, eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaiturik egongo dira.

14. artikulua.– Eskaerak aukeratzeko eta baloratzeko irizpideak.

Dirulaguntzak emateko eta bakoitzaren diru-kopurua finkatzeko, irizpide hauek batera betetzea baloratuko da:

1.– Sustapen-zabalkundearen eta argitalpenen modalitateak:

a) Garatuko den jarduerak dituen intereseko elementuak eta kalitatea (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 55, gehienez). Ondorio horietarako, alderdi hauek izango dira kontuan:

– Ekimenak artearen eta kulturaren aldetik duen garrantzia, interes maila eta haren garapenaren koherentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 40, gehienez).

– Ekimenak arte garaikidearen zabalkundean duen eragin kulturala eta herritarrek sormen garaikidearekiko duten sentsibilizazioari egiten dion ekarpena. Proiektuaren xedea bada artista-katalogo bat egitea bada edo arte garaikideko gertakizunetan parte hartzea, jarduera horrek pertsona eskatzailearentzat zer sustapen-interes duen baloratuko da (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 15, gehienez).

b) Pertsona fisiko edo juridikoak izan duen ibilbidea deialdiaren xedean zehazten den eremuan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 15, gehienez).

c) Aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna jarduerari dagokionez. Atal honetan baloratuko da zenbateraino egokitzen zaion aurrekontua aurkeztutako jarduerari: aurrekontu osoa, proposatutako kontzeptuak eta finantzaketa-plana (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

d) Emakumearen parte-hartze profesionalaren sustapena (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez):

– Proiektuan parte hartzen duten profesional eta kolaboratzaileak emakumeak izatea (% 5 arte)

– Proiektuak gai eta edukiaren aldetik gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde egiten duen ekarpena (% 5 arte).

e) Proiektuan euskarak duen presentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

2.– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatea:

a) Garatuko den jarduerak dituen intereseko elementuak eta kalitatea (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 55, gehienez). Ondorio horietarako, alderdi hauek izango dira kontuan:

5.000 eta 8.000 euroko laguntzetan:

– Proiektuak duen garrantzia, interes maila eta bere garapenean duen koherentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 45, gehienez).

– Ekimenak berrikuntzarako duen ekarpena sorkuntza artistikoaren arloan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

12.000 euroko laguntzetan:

– Proiektuak duen garrantzia, interes maila eta haren garapenaren koherentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 35, gehienez).

– Proiektua erakusteko aurreikuspen-plana eta egindako kontaktuak (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

– Proiektuak berrikuntzarako duen ekarpena sorkuntza artistikoaren arloan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

b) Pertsona fisiko edo juridikoak izan duen ibilbidea deialdiaren xedean zehazten den eremuan (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 15, gehienez).

c) Aurkeztutako aurrekontuaren egokitasuna jarduerari dagokionez. Atal honetan baloratuko da zenbateraino egokitzen zaion aurrekontua aurkeztutako jarduerari: aurrekontu osoa, proposatutako kontzeptuak eta finantzaketa-plana (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

d) Emakumearen parte-hartze profesionalaren sustapena (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez):

– Sortzailea emakumea izatea (% 5 arte).

– Proiektuak gai eta edukiaren aldetik gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde egiten duen ekarpena (% 5 arte).

e) Proiektuan euskarak duen presentzia (guztira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren % 10, gehienez).

3.– Gehienez lor daitekeen puntuazioaren erdia edo gehiago lortzen duten proiektuek edo jarduerek gutxieneko kalitate- eta bideragarritasun-baldintzak betetzen dituztela joko da. Beraz, modalitate bakoitzean ezarritako balorazio-baremoko puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

15. artikulua.– Balorazio-batzordeak.

1.– Hiru balorazio-batzorde osatuko dira: bat sustapen-zabalkundearen modalitaterako, bat argitalpenen modalitatetarako, eta beste bat sorkuntza-ekoizpenaren modalitaterako.

2.– Balorazio-batzordeetako kideak honako hauek izango dira:

– Lehendakaria: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

– Bokalak: Kulturako sailburuordeak agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik izendatutako 3, 4 edo 5 bokal.

3.– Batzordearen idazkari-lanak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari batek egingo ditu, zeina Kultura Sustatzeko zuzendariak izendatuko baitu; bileretan hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Balorazio-batzordeetako kideak izendatzerakoan, martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginaren 21. artikuluan xedatutakoa beteko da.

5.– Balorazio-batzordeen osaera EHAAn argitaratuko da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

6.– Nolanahi ere, errespetatu egingo da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan abstenitzeari eta errekusatzeari buruz ezarrita dagoena.

7.– Balorazio-batzordeen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak aztertzea eta ebaluazio-txostena egitea; espedientea ikusi ondoren, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Kulturako sailburuordeari.

8.– Organo kudeatzaileak proiekturik ez onartzeko proposamena egin dezakete, bai eta aurreikusitako diru-zuzkidura guztia ez agortzekoa ere, baldin ondorioztatzen badu aurkeztutako eskaeren kalitatea ez dela nahikoa edo eskaerek ez dutela betetzen beste edozein baldintza.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio deialdi honetan jasotako dirulaguntzak emateko ebazpenak hartzea; modalitate bakoitzeko ebazpen bat emango du.

2.– Ebazpenetan propio jaso beharko dira, batetik, pertsona onuradunak, eta, bestetik, ukatutako eta baztertutako eskabideen zerrenda, ukatzeko eta baztertzeko arrazoia zein izan den adierazita. Dirulaguntzen onuradunen kasuan, xedea eta dagozkien zenbatekoak ere adieraziko dira, ordaintzeko epeak eta moduak eta justifikatzeko modua, bai eta agindu honetan aurreikusitako beste edozein baldintza ere, emandako dirulaguntzak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko.

3.– Ebazpenak dirulaguntzen eskatzaileei banaka jakinaraziko zaizkie, gehienez ere bost hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik zenbatzen hasita. Banakako jakinarazpena egiteaz gainera, esleipen-ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Nolanahi ere, jakinarazpen-datatzat hartuko da interesdunari lehenik egin zaion jakinarazpenarena.

4.– Ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari. Beraz, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatuta, horrela baitago xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

5.– Artikulu honen 3. apartatuan ezarritako epea igaro eta interesdunei ez bazaie ebazpena jakinarazi, dirulaguntza emateko eskaera administrazio-isiltasunez ezetsi dela ulertuko da, 4. apartatuan adierazitako gora jotzeko errekurtsoa jartzearen ondorioetarako.

6.– Ebazpenetan adieraziko da programa honen babesean emandako laguntzak de minimis laguntzak direla, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2023/2831 Erregelamenduan oinarrituta, zeina Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa baita (DOUE-L-2023-81820).

17. artikulua.– Jakinarazpenak egitea izapidetze presentzialean eta telematikoan.

1.– Izapideak presentzialki eginez gero, jakinarazpena egintzat joko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 42. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpen-egintza jaso eta hurrengo egunetik hasiko da zenbatzen.

2.– Izapideak elektronikoki eginez gero, aldiz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena egintzat joko da interesdunak edo, kasuan-kasuan, behar bezala identifikatutako ordezkariak jakinarazpenaren edukia eskuratzen duenean. Jakinarazpena ez onartutzat joko da interesdunak edo behar bezala baimendutako ordezkariak ez badu haren edukia eskuratzen jakinarazpena eskura jarri eta hamar egun natural igarotakoan.

18. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Onuradunek ez badiote dirulaguntzari berariaz uko egiten hamabost eguneko epean, dirulaguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso duten egunetik zenbatzen hasita, dirulaguntza onartu dutela ulertuko da.

b) Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-agiria aurkeztea, baldin eta dirulaguntzaren onuraduna ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan edo erregistro horretan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu.

c) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea.

e) Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatuko dizkion agiri guztiak haren eskura jartzea, diruz lagundutako proiektuak egoki gauzatzen direla bermatzeko egokitzat joko dituen ikuskapenak egiteko.

f) Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.

g) Dirulaguntza eman duen organoari jakinaraztea beste laguntza edo dirulaguntza batzuk jaso ote diren xede bererako, Estatuko nahiz nazioarteko beste administrazio edo ente publiko edo pribatuek emanda.

h) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz eta argi aipatzea, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitaratzen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko zein soinudunetan, dirulaguntza jaso dutela jakinarazteko ebazpena jasotzen dutenetik aurrera.

i) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak.

19. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Agindu honen kargura emango diren dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, prozedura honi jarraituz:

a) Emandako dirulaguntzaren % 75, Kulturako sailburuordeak emandako ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denetik aurrera eta agindu honen 18. artikuluak laguntzari berariaz uko egiteko jasotzen duen epea agortu eta gero.

b) Gainerako kopurua 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, 20. artikuluaren arabera dirulaguntza justifikatzeko eskatutako agiriak aurkeztu ondoren.

Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak kenduko zaizkio, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz.

Dirulaguntzak ez dira ordainduko, onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, edo zorduna bada dirulaguntzak itzultzeko beharra deklaratzen duen ebazpen baten indarrez.

Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoak kudeatutako Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

20. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Dirulaguntzen onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, diruz lagundutako jarduera amaitu eta bi hilabeteko epean –betiere justifikatzeko azken eguna 2025eko martxoaren 10a izango da–:

a) Burututako jardueraren memoria tekniko zehatza: garapena eta ebaluazioa.

b) Egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, hauek adierazita:

– Diruz lagunduriko jarduera gauzatzeko izan diren diru-sarrera eta gastuen balantzea, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu ereduaren arabera.

– Jardueraren gastuei buruzko zerrenda sailkatua. Eredua 6. artikuluaren 4. apartatuan adierazitako helbide elektronikoan dago eskuragarri.

– Proiektuko gastu guztiak justifikatzeko agiriak: fakturak, nominak eta alokairuaren kontratuak, hileroko ordainketa-agiriekin batera.

– Sorkuntza-ekoizpenaren modalitatean soilik, eta sorkuntzara dedikatzeko oinarrizko euskarriaren kontzeptuari egozteko moduko gasturik badago, laguntzaren onuradun den pertsona sortzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baita proiektuaren sorkuntzara dedikatzeak eragindako kostu osoa.

c) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako eskuratu diren bestelako dirulaguntzen zerrenda.

d) Diruz lagunduriko jarduera dela-eta sortutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinudunaren ale bana, non espresuki adieraziko baita Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa izan duela.

2.– Behin betiko exekuzio-aurrekontuko gastu-kontzeptuetan desbideratzeak egon daitezke aurrekontu onartuarekin alderatuta, baldin eta erabat justifikatutako arrazoiak badaude eta diruz lagun daitezkeen gastuei buruz 11. artikuluan ezarritakoa betetzen bada.

3.– Pertsona fisikoek justifikazio-agiriak aurkezteko bide presentziala nahiz elektronikoa erabili ahal izango dute:

– Bide presentziala erabiliz, justifikazio-agiriak Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan aurkez daitezke, aldez aurretik ordua eskatuta (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimendu eta organoen aurrean.

– Bide elektronikoa erabiliz, justifikazio-agiriak https://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean aurkeztu ahalko dira.

4.– Pertsona juridikoek bide elektronikoa erabiliz aurkeztu beharko dituzte justifikazio-agiriak; hain zuzen, lehen adierazitako helbide elektronikoa baliatuz.

5.– Justifikazio-agiriak bide presentziala nahiz elektronikoa erabiliz nola tramitatu behar diren azaltzen duten argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude ikusgai, agindu honen 6.4 artikuluan aipaturiko helbidean.

21. artikulua.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea. Likidazioa.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 16.4 atalean ezarritakoarekin bat etorriz, oinarri erregulatzaileetan baimendutako kasuetatik aparte beste ekarpen batzuk ere izaten badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, dirulaguntzaren oinarri erregulatzaileetan ezarritakoaren arabera. Horretarako, dirulaguntza eman duen organoak, ofizioz edo interesdunak eskatuta, emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabaki ahal izango du, 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen direnean.

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein partzialki, aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honek ezartzen dituen obligazioak ez betetzea.

c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazitako zenbatekoa, hala badagokio, horretarako ezarri den epearen barruan ez itzultzea.

d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako edozein ez-betetze.

e) Salbuespen gisa, jardueraren exekuzioko ez-betetze partzialak onartu ahal izango dira, baldin eta argi eta garbi egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzeko joera dagoela eta jardueraren exekuzio-maila eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iritsi dela, gutxienez. Kasu horretan, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emango den zenbatekoa murriztu egingo da, aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan.

2.– Artikulu honen aurreko apartatuan jasotako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, ez-betetzetzat joko da hori, eta onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote jasotako zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Laguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimena behar, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2028/2831 Erregelamenduan oinarrituta (erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan hiru ekitaldi fiskaletan. Horren ondorioz, laguntza eman aurreko hiru urteetan jaso diren de minimis motako dirulaguntzei buruzko adierazpena aurkeztu beharko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datu pertsonalei buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak «kultura- eta sormen-esparrurako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.

Arduraduna: kultura sustatzeko zuzendaritza, kultura eta hizkuntza politika saila.

Helburua: kultura- eta sormen-sektoreko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatzearen alde egindako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: gaian eskumena duten administrazioak.

Eskubideak: datuak irispidean izateko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza gure web orrian kontsulta dezakezu:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/024300-capa2-eu.shtml

Araudia:

Datuak babesteko erregelamendu orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/es/txt/html/?uri=celex:32016r0679&from=es)

3/2018 lege organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa (www.boe.es/buscar/doc.php?id=boe-a-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 19a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala