
67. zk., 2024ko apirilaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (138 KB - 3 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1639
EBAZPENA, 2024ko martxoaren 22koa, Merkataritzako zuzendariarena, zeinaren bidez Bilboko udalerriko «Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak» turista-olde handiko gune izendatzen baitira 2024, 2025, 2026 eta 2027 urteetarako.
Aztertu da Bilboko Udalak aurkeztutako proposamena, Bilboko udalerriko «Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak» turista-olde handiko gune izendatzekoa merkataritza-ordutegien ondorioetarako. Honako hauek dira
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2024ko otsailaren 22an, Bilboko Udalaren Gobernu Batzarrak 2024ko otsailaren 21ean hartutako erabakia aurkeztu zen Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailean; erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegora igorri zen udalerriko zenbait gune turista-olde handiko gune izendatzeko proposamena 2024, 2025, 2026 eta 2027 urteetarako, 2021eko martxoaren 30ean Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren ebazpenak 2020, 2021, 2022 eta 2023 urteetarako egindako deklarazioaren baldintza berberetan.
Bigarrena.– Proposamenak gune geografiko hauek barne hartzen ditu: Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak.
Aztertu da Merkataritza Zuzendaritzak 2024ko martxoaren 4an aurkeztutako memoria-proposamena, zeinak jasotzen baitzuen Bilboko udalerriko «Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak» turista-olde handiko gune izendatzea 2024, 2025, 2026 eta 2027 urteetarako; hona hemen kontuan hartu diren
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Merkataritzako zuzendaria da izendapena egiteko organo eskuduna, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 13/2021 Dekretuaren 9.1.a) artikuluaren bidez esleitutako eskumenaren arabera.
Bigarrena.– Merkataritza-ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legeak, Hazkundea, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko premiazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legeak aldatua, bere 5. artikuluko «Ordutegi-araudi berezia duten establezimenduak» 1. apartatuan xedatzen duenez, Espainiako lurralde osoan askatasun osoa izango dute zabalik egongo diren orduak eta egunak erabakitzeko, gehienbat, gozotegi eta okindegiek, plater prestatu, prentsa, erregai eta karburanteen saltokiek, loradendek eta komenientziakoak deiturikoek, baita mugetan, geltokietan, lurreko, itsasoko eta aireko garraiobideetan eta turismo ugariko eremuetan daudenek ere.
Artikulu horren beraren 4. apartatuak, berriz, honako hau zehazten du; aurreko paragrafoan ezarrita dagoena betetzeko, autonomia-erkidegoek, dagozkien udalek proposatuta, euren lurralde-eremuan turista-olde handiko guneak zeintzuk diren zehaztuko dute. Turista-olde handiko gunetzat hartuko dira honako inguruabar hauetakoren bat duten eremuak, izan udalerri osoa, izan haren zati bat:
a) Nahikoa ostatu-plaza eta turismo-establezimendu izatea, kuantitatiboki zein kualitatiboki, edo nahikoa bigarren etxebizitza, ohiko etxebizitzen kopuruarekin alderatuta.
b) Gizadiaren Ondare izendatua izatea edo historia- eta arte-ondarean kultura-intereseko higiezinen bat izatea.
c) Muga-guneen eragin-eremuak izatea edo haien ondoan egotea.
d) Estatu-mailako edo nazioarteko kirol- edo kultura-ekitaldi handiak egitea.
e) Itsas bidaia turistikoak gelditzen diren eta bisitari asko dituzten portuetatik hurbil egotea.
f) Erakargarritasun nagusia erosketa-turismoa duten guneak izatea.
g) Turista-olde handiko gunea izatea justifikatzen duten inguruabar bereziak egotea.
Zerrendatutako inguruabarrak betetzen badira eta udal interesdunak turista-olde handiko gune izendatzeko egindako proposamenean denbora- edo lurralde-mugarik badago, proposamenean denbora- edo lurralde-muga hori zertan oinarritzen den justifikatu beharko da, merkataritzaren eta turismoaren interesei jarraikiz eta kontsumitzailearen mesedetan. Autonomia-erkidegoaren ustez murrizketa hori ez badago behar beste justifikatuta, udalerri osoa izendatuko da turista-olde handiko gune urte osorako.
Hirugarrena.– Bestalde, Merkataritza Ordutegiei buruzko 1/2004 Legearen 5. artikuluko 4. apartatuak honako hau ezartzen du 3. paragrafoan:
«Legerian xedatutako epean edo, horrelakorik ezean, sei hilabeteko epean autonomia-erkidego eskudunak ez badu ebatzi udal interesdunaren eskabidea, udal horrek proposatutako gunea turista-olde handiko gune izendatutakotzat hartuko da».
Laugarrena.– Merkataritza Ordutegiei buruzko 1/2004 Legearen 5.5 artikuluan zera dago jasota: «Nolanahi ere, 100.000 biztanletik gorako udalerrietan, baldin eta aurreko urtean 600.000 ostatu-gau baino gehiago erregistratu badituzte, edo aurreko urtean 400.000 bidaiari baino gehiago izan dituzten itsas bidaia turistikoekin lan egiten duten portuak badituzte, eremu bat, behintzat, turismo handiko eremutzat joko da, aurreko paragrafoan aurreikusitako irizpideak aplikatuz. Datu estatistiko horiek lortzeko, Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Estatuko Portuen Erakundearen argitalpenak erabiliko dira».
Datuok argitaratu eta sei hilabetera, autonomia-erkidego eskudunek aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen dituen udalerrian ez badute izendatu turista-olde handiko gunerik, udalerri osoa halakotzat hartuko da eta merkatariek erabateko askatasuna izango dute establezimenduak urte osoan zehar irekitzeko.
Bosgarrena.– Azaldutako esparru juridikoaren babesean, kontuan harturik Bilboko udalerriko «Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak» guneak betetzen dituela Merkataritza Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5. artikuluan adierazitako inguruabarrak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bilboko udalerriko «Abando, Indautxu, Garellano, Deustu eta Zazpikaleak» turista-olde handiko gune izendatzea 2024, 2025, 2026 eta 2027 urteetarako, 2021eko martxoaren 30ean Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren ebazpenak 2020, 2021, 2022 eta 2023 urteetarako egindako deklarazioaren baldintza berberetan, hau da, adierazpen hau indarrean egongo da adierazitako urteen uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean.
Bigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.
Hirugarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen; beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da beronen aurka, Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 22a.
Merkataritzako zuzendaria,
MARÍA ELENA MORENO ZALDIBAR.
RSS