
67. zk., 2024ko apirilaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (161 KB - 8 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
1637
EBAZPENA, 2024ko martxoaren 20koa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiarena, Euskal Etxeei dirulaguntzak emateko 2024ko deialdia egiten duena.
Euskal Etxeei zuzendutako dirulaguntzen araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren –irailaren 9ko 175/2014 Dekretuak eta bigarrenez uztailaren 27ko 186/2021 Dekretuak aldatua– 8. artikuluan ezartzen du dirulaguntza horietarako deialdia urtero egingo dela, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko titularraren ebazpen baten bidez.
Laguntzen onuradun diren Europar Batasuneko euskal etxeek eta federazioek minimis araubidea bete beharko dute, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa, minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (2023ko abenduaren 15eko EBAO, L seriea).
Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Lehendakaritzaren lau urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta daude. Plan hori Koordinazio eta Gizarte Komunikazioko idazkari nagusiaren 2024ko otsailaren 12ko Ebazpenaren bidez onartu zen. Ebazpen horren bidez, Lehendakaritzaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Lau Urteko Plan Estrategikoa onartu zen, eta honako helbide honetan argitaratu zen: https://www.euskadi.eus/proiektua/lehendakaritzaren-2024ko-diru-laguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2lehen/eu/. Deitutako dirulaguntzek kanpoko euskal komunitatea indartzen laguntzen dute, eta hori da plan horretan jasotako helburu estrategikoetako bat.
Ondorioz, bat etorriz Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenekin (dekretu hori martxoaren 28ko 39/2023 Dekretuak aldatu zuen), honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Etxeentzako eta Euskal Etxeen federazio eta konfederazioentzako dirulaguntzen deialdia egitea 2024ko ekitaldirako.
Ebazpen hau arautuko dute Euskal Etxeei zuzendutako dirulaguntzen araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuak (2008ko apirilaren 11ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 69. zenbakia), irailaren 9ko 175/2014 Dekretuak (2014ko irailaren 17ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 176. zenbakia) eta uztailaren 27ko 186/2021 Dekretuak (2021eko abuztuaren 6ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 156. zenbakia) aldatutakoak, bai eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (2023ko abenduaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 247. zenbakia) xedatutakoak ere.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Europar Batasuneko lurraldean dauden euskal etxeek eta federazioek jasotako laguntzak Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EE) Erregelamenduari lotuta egongo dira. Erregelamendu hori Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da (2023ko abenduaren 15eko EBAO, L). Laguntza horiek minimis gisa kalifikatzen dira; izan ere, pertsona juridiko edo fisiko jakin bati emandako laguntza guztiak ez dira 300.000 eurotik gorakoak izango, hiru urteko edozein alditan. Muga horretatik beherako laguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edo lehia faltsutzen ez dutela jotzen da, eta, beraz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 20a.
Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARIA ÁNGELES ELORZA ZUBIRIA.
ERANSKINA
OINARRI-ARAUAK
Lehenengoa.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Euskal Etxeentzako eta Euskal Etxeen federazio eta konfederazioentzako dirulaguntzen 2024rako deialdia egitea.
Bigarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jardueren denbora-eremua.
Deialdi honetara biltzen diren programak eta jarduerak 2024ko ekitaldian gauzatu beharko dira, eta, nolanahi ere, ekitaldi horretako abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.
Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta jarduerak.
1.– Gastu arruntak eta jardueren antolaketa. IV. kapitulua: diruz lagundu ahal izango dira funtzionamendu-gastuak, bai eta irabazi-asmorik gabeko urteko programak edo jarduera zehatzak egitea ere, maiatzaren 27ko 8/1994 Legearen helburuak betetzera bideratuta badaude.
Euskal Etxeen funtzionamendurako eta mantentze-lanetarako diruz lagun daitezkeen gastuak (langileen soldata-kostuak, gizarte-segurantza, bide-gastuak, ura, argia, berokuntza, zergak, aseguruak, alokairuak eta antzekoak) ezingo dira izan jardueretako gastuak baino handiagoak, eta emandako dirulaguntzaren % 50eko muga izango dute.
2.– Azpiegitura- eta ekipamendu-gastuak. VII. kapitulua: Euskal Etxeen eta Euskal Etxeen federazio eta konfederazioen azpiegitura- eta ekipamendu-gastuak diruz lagundu ahal izango dira, honako hauei dagozkienak:
a) Kalteak konpontzea.
b) Arkitektura-oztopoak kentzea.
c) Euskal Etxeen egoitzak eraikitzea.
d) Espazioak birmoldatzea.
e) Teknologiak sartzea.
3.– Kapitulu bakoitzean emandako dirulaguntzen gutxieneko zenbatekoa 300 eurokoa izango da. Zenbatekoa zehazteko erabilitako formula aplikatuta kopuru txikiagoa ateratzen bada, ez da laguntzarik emango.
4.– IV. kapituluko dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izango da Euskal Etxeen kasuan, eta 50.000 eurokoa Euskal Etxeen federazioen kasuan.
5.– VII. kapitulurako emandako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.
6.– Erakunde onuradunak Euskal Etxeak eta Europar Batasunaren lurraldean kokatutako federazioak direnean, Europako Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoan (2023ko abenduaren 15eko EBAO, L seriea), ezarritako minimis araubideari atxikiko zaizkio laguntzak. Enpresa bakar bati emandako minimis laguntzen guztizko zenbatekoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izango hiru urteko edozein alditan.
Laugarrena.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa bederatziehun eta laurogei mila (980.000) eurokoa da, honela banatuta:
a) IV. kapitulurako: 200.000 euro, ordainketa-kreditua, eta 600.000 euro, 2025erako konpromiso-kreditua.
b) VII. kapitulurako: 45.000 euro, ordainketa-kreditua, eta 135.000 euro, 2025erako konpromiso-kreditua.
Bosgarrena.– Gastu arruntetarako eta jarduerak antolatzeko balorazio- eta hautaketa-irizpideak (IV. kapitulua).
Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan balioespen- eta hautaketa-eginkizunetan:
1.– Euskal Herriarekiko eta kanpoko euskal gizataldeekiko harreman sozial, ekonomiko eta kulturalak indartzea, Euskal Gizataldeen Aholku Batzordeak onartutako lau urteko planaren arabera (gehienez 30 puntu):
a) Inguruko Euskal Etxeekiko harremanak – gehienez 10 puntu (horretarako, 3 puntu emango dira harremanak dituen euskal etxe bakoitzeko).
b) Euskadirekiko harremanak – gehienez 10 puntu (horretarako, 3 puntu emango dira harremanak dituen Kanpoko Euskal Komunitaterako Zuzendaritzaz besteko euskal erakunde bakoitzeko).
c) Beste herrialde batzuetako Euskal Etxeekiko harremanak – gehienez 10 puntu (horretarako, 3 puntu emango dira harremanak dituen euskal etxe bakoitzeko).
2.– Sendotzeko edo hazteko garrantzia, barne-kohesioaren alde eginez (gehienez 35 puntu):
a) Bazkide kopurua – gehienez 15 puntu (puntu 1 100 bazkideko – gehienez 10 puntu; puntu 1 35 urtetik beherako 25 bazkideko – gehienez 5 puntu).
b) Programatutako jarduera-maila, aurkeztutako jardueren kopuruaren eta garrantziaren arabera – gehienez 20 puntu (horretarako, 3 puntu emango dira programatutako jarduera mota bakoitzeko).
3.– Erakunde eskatzailearen jarduera-ibilbidea (gehienez 25 puntu):
a) Jardueraren garrantzia edo kanpo-proiekzioa deialdiaren dataren aurreko urtean – gehienez 10 puntu (horretarako, puntu 1 emango da komunikabideetan egiten den argitalpen bakoitzeko, dela toki- edo eskualde-mailan, dela buletin edo plataforma birtualen bidez).
b) Azpiegiturek (egoitza, webgunea, etab.) gehieneko jarduerak egiteko duten egokitasun-maila. 5 puntu (2,5 puntu emango dira egoitza fisikoa eta/edo birtuala nahikoa/egokia bada aurkeztutako jarduera-mailarako, 1,25 puntu web bakoitzeko eta 1,25 puntu sare sozialetan egoteagatik).
c) Azken urteetako jarduera-kurba – gehienez 10 puntu (horretarako, 10 puntu emango dira hazkundea gutxienez % 50 handitzen bada; 8,5 puntu % 25eko edo hortik gorako hazkundearentzat; 5 puntu % 25etik beherako hazkundearentzat; 2,5 puntu etengabeko bilakaerarentzat eta 0 puntu atzerakadarentzat).
4.– Genero-ikuspegia garatu beharreko programa, jarduera edo ekintzetan (gehienez 10 puntu).
a) Emakumeek Zuzendaritza Batzordeetan berdintasunez parte hartzea, erregistro ofizialean eguneratutako datuen arabera. 5 puntu (horretarako 5 puntu emango dira zuzendaritza-batzordeetako emakumeen ehunekoa % 50ekoa edo handiagoa denean, gainerako puntuak modu proportzionalean kalkulatuta).
b) Jarduera edo proiektua egiteko memoria teknikoan genero-ikuspegia txertatzeko konpromisoa (gehienez 5 puntu):
– Aurreikusitako helburu eta jardueretan emakumeei eragiten dien desberdintasuna kontuan hartzea: 2,5 puntu.
– Azken memorian proiektuaren edo jardueraren genero-eraginari buruzko erreferentzia bat aurkezteko konpromisoa, jarduketaren onuradunengan edo hura gauzatuko duten langileengan: 2,5 puntu.
5.– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 30 puntu).
a) Ibilbide ekonomikoa, kontuan izanik aurreko urteetako espedienteen justifikazio maila – gehienez 10 puntu (10 puntu aurreko justifikazioak garaiz eta era egokian egin dituzten euskal etxeen eskabideei, eta baita aurreko urtean dirulaguntzarik jaso ez zutenei ere; 5 puntu era egokian baina epez kanpo justifikatutakoei, eta 0 puntu ez garaiz ez era egokian egin ez zutenei).
b) Norbere baliabideak – gehienez 20 puntu, ondoko epigrafeen arabera (ehunekoak zenbaki oso hurbilenera borobilduko dira):
– % 0-25 bitarteko autofinantzatzea: 0 eta 5 puntu artean.
– % 26-50 bitarteko autofinantzatzea: 6 eta 10 puntu artean.
– % 51-75 bitarteko autofinantzatzea: 11 eta 15 puntu artean.
– % 76-100 bitarteko autofinantzatzea: 16 eta 20 puntu artean.
Autofinantzaketa ehunekoa kalkulatzeko bi kontzeptu hauek izango dira kontuan, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izango du:
1.– Euskal etxearen diru-sarrera propioak diru-sarrera orokorren artean zatitu dira, aurkeztutako balantzeetan oinarrituta, 0 eta 10 arteko koefizientea atera delarik.
2.– Eskatutako diru kopurua eskabidean aurkeztutako guztirako aurrekontuaren artean zatitu da, aurkeztutako balantzeetan oinarrituta, 0 eta 10 arteko koefizientea atera delarik.
Seigarrena.– Azpiegitura eta ekipamendu gastuetarako eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko irizpideak (VII. kapitulua).
1.– Sendotzeko edo indartzeko garrantzia (gehienez 30 puntu):
a) Bazkide kopurua: puntu bat 100 bazkideko – gehienez 7,5 puntu.
b) Ekitaldiak eta kultura zabaltzea – gehienez 7,5 puntu (puntu bat programatutako ekitaldi mota bakoitzeko).
c) Hartzen duen eremu geografikoaren garrantzia: herria, hiria, eskualdea, herrialdea – gehienez 7,5 puntu (7,5 puntu baldin eta euskal etxearen eragin eremuak kokatzen deneko herrialde osoko erakunde sarea hartzen badu, edo herrialde horretako euskal etxe bakarra bada; 5 puntu bere eragin eremua herrialde bateko hiriburua bada; 4 puntu erregio edo estatua hartzen badu, edo itzal handiko hirian kokatzen bada; 2 puntu hiri mailakoa bada eragina).
d) Premiazko konponketak eta abian dauden obra edo ekipamendu proiektuak – gehienez 7,5 puntu (konponketa premia edo larritasunaren arabera, martxan dagoen proiektu baten jarraipenak ere aldeko balorazioa izanik; horretarako 0 puntu emango zaizkio batere presarik ez duen proiektu orori, 2,5 puntu maila ertaineko presa duenari eta 5 puntu presa handia edo larria duenari; aurretik martxan dagoen proiektuari dagokionez, 0 puntu emango zaizkio halakorik ez bada, eta 2,5 puntu bai baldin badago aurretik proiektua martxan).
2.– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (gehienez 35 puntu).
a) Ibilbide ekonomikoa ekipamendu eta obretan, kontuan izanik aurreko urteetako espedienteen justifikazio maila – gehienez 10 puntu (Zazpigarren Oinarriko 5.a) irizpidea bezala aplikatuz).
b) Norbere baliabideak – gehienez 15 puntu, ondoko epigrafeen arabera (ehunekoak zenbaki oso hurbilenera borobilduko dira):
– % 0-25 bitarteko autofinantzatzea – 0 eta 3 puntu artean.
– % 26-50 bitarteko autofinantzatzea – 4 eta 7 puntu artean.
– % 51-75 bitarteko autofinantzatzea – 8 eta 11 puntu artean.
– % 76-100 bitarteko autofinantzatzea – 12 eta 15 puntu artean.
Autofinantzaketa ehunekoa eskatutako kopuruak guztirako aurrekontuarekiko duen erlaziotik aterako da, betiere aurrekontuaren kopuru hori araudira egokitu ondoren.
c) Egoitza mota: jabegoan,10 puntu; edo alokairuan, 5 puntu; 0 puntu, egoitzarik ez badu.
3.– Proiektuaren premia eta egokitasuna (gehienez 35 puntu).
a) Obra edo ekipamenduaren premia maila – gehienez 20 puntu (hondamendi naturalak, hirugarrenek eragindako bandalismoa edo oztopo arkitektonikoak ezabatzea bezalako ustekabekoak kontuan izanda, 20 puntu emango dira premia larrikoak direnean; 15 puntu premia handikoak direnean; 10 puntu premia ertainekoak direnean eta 5 puntu premia txikia denean edo gastua atzeratzeko modukoa denean).
b) Premia horri aurre egiteko, aurrekontuaren egokitasun maila, aurrekontuak duen oreka baloratuz euskal etxeak oro har duen garrantziaren arabera – gehienez 15 puntu (15 puntu aurkeztutako aurrekontua egokia edo merkea denean; 10 puntu onargarria denean, eta 0 puntu garestiegia denean).
Zazpigarrena.– Prozedura kudeatzeko eta ebazteko eskumena duten organoak.
1.– Euskal Etxeei zuzendutako dirulaguntzen araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 7. artikuluaren arabera (dekretu hori irailaren 9ko 175/2014 Dekretuak aldatu zuen), Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiari dagokio, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzaren bitartez, laguntza-araubide honek dakartzan kudeaketa-lanak egitea.
2.– Euskal Etxeei zuzendutako dirulaguntzen araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 12.1 artikuluaren arabera (dekretu hori uztailaren 27ko 186/2021 Dekretuak aldatu zuen bigarrenez, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 21. artikuluarekin lotuta), Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiaren titularrak, organo kudeatzaileak egindako proposamena ikusita, laguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du.
Zortzigarrena.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.
1.– Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 2. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten erakundeek modu elektronikoan aurkeztuko dituzte eskabideak (dekretu hori uztailaren 27ko 186/2021 Dekretuak aldatu zuen).
2.– Deialdi honetara aurkezten diren Euskal Etxeek eta federazioek eta konfederazioek modu elektronikoan izapidetu beharko dute eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak) onartutako identifikazio- eta sinadura elektronikoko sistemetako bat erabiliz.
Horretarako, erakunde horietako lehendakariek edo legezko ordezkariek edo ahaldunek indarrean duten NANaren edo indarrean dagoen pasaportearen bidez eskuratu ahal izango dute BAK, identifikaziorako eta sinadura elektronikorako sistema gisa, honako helbide hauetan aurreikusia:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034309
https://www.euskadi.eus/euskaldunak
3.– Deialdiko laguntzak jasotzeko eskabideak eredu normalizatua betez egingo dira. Eredu hori esteka horietako edozeinen bidez eskuratu ahal izango da.
4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bederatzigarrena.– Ebaluazio-batzordea.
Hauek izango dira ebaluazio-batzordeko kideak:
– Gorka Alvarez Aramburu jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, batzordeburua.
– Andoni Martín Arce jauna, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, batzordekidea.
– José Manuel Meaurio Antón jauna, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, batzordekidea.
– María Isabel Etxabarria Pérez andrea, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusikoa, batzordeko idazkaria.
Hamargarrena.– Laguntzen ebazpena.
Euskal Etxeei zuzendutako dirulaguntzen araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 12.3 eta 12.4 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz (dekretu hori uztailaren 27ko 186/2021 Dekretuak aldatu zuen bigarrenez), ebazpena ikastetxe edo erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaie, banakako jakinarazpen baten bidez, horretarako adierazitako lekuan, sei hilabeteko epean, deialdiaren urteko ebazpenak ondorioak izan eta hurrengo egunetik aurrera.
Dirulaguntzen araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 21/2023 Legearen 8. artikulua betez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, jende guztiak horren berri izan dezan.
Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hamaikagarrena.– Laguntzen erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunek Euskal Etxeei zuzendutako dirulaguntzen araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (dekretu hori uztailaren 27ko 186/2021 Dekretuak aldatu zuen bigarrenez), bai eta Dirulaguntzen araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. artikuluan ezarritakoak ere.
Halaber, erakunde onuradunak Europar Batasunaren lurraldean kokatutako Euskal Etxeak eta federazioak direnean, helburu bererako beste dirulaguntza eta laguntza batzuk jaso dituztela jakinarazi beharko dute, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik, bai eta hiru urteko epean beste minimis laguntza batzuk jaso dituztela ere.
Dirulaguntzen araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden erakundeak ezin izango dira onuradun izan.
Hamabigarrena.– Ez-betetzeen kasuak eta itzultzeko prozedura.
Jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, eta dirulaguntza ordaintzen denetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte edo, hura baino lehenagokoa bada, zordunak itzulketa egiten duen egunera arte aplikatzekoak diren berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan jasotako kasuetan.
Jasotako zenbatekoak itzultzeko prozedura eta dirulaguntza ordaintzen denetik aplikatu beharreko berandutze-interesak Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera arautuko dira.
RSS