Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2024ko apirilaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1612

EBAZPENA, 2024ko martxoaren 13koa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, jendaurrean jartzen duena 100 metro inguruko sakonerako hondoen gainean Gipuzkoako kostaldean, Zarautzetik iparraldera, 312 ha-ko akuikultura poligonoan ustiapeneko azpieremuak eskatzeko aukera, eta poligono horretan egon daitezkeen azpieremuen balizko eskatzaileak baloratzeko sistema bat ezartzen duena.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, akuikulturaren arloko plangintza estrategikoa aplikatuz eta aplikatu beharreko legezko izapideak egin ondoren, itsasertzeko eremu egoki batzuetan itsas haztegien jarduera ezar dadin sustatu nahi du. Bestalde, 2021-2030 aldirako EBko akuikultura jasangarriago eta lehiakorrago baterako Jarraibide estrategikoek (Europako Batzordearen Jakinarazpena. COM/2021/236 azkena) ezartzen dute espazioaren antolamenduak itsas zabaleko akuikulturaren garapena aurreikusi behar duela, baldintza naturalek ahalbidetzen dutenean.

EAEko Akuikultura Garatzeko 2030 Plan Estrategikoarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak erabaki du Getaria eta Zarautz arteko itsasertzean, itsas zabalean, espezie autoktonoetako arrainak hazteko poligono baten ezarpena sustatzea.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2024ko martxoaren 4ko Aginduak, Gipuzkoako kostaldean, Zarautzetik iparraldera, 100 metro inguruko sakonerako hondoen gainean, 312 ha-ko itsas haztegietarako gune baten ezarpena sailkatu du.

Aginduak ahalmena ematen dio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari aginduan xedatutakoa betetzeko behar diren neurriak har ditzan.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren arabera, sail horren jardun-arloen eta eginkizunen artean daude itsas akuikulturaren antolamenduari dagozkionak. Era berean, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 83. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea Gipuzkoako kostaldean, Zarautzetik iparraldera, 312 ha-ko akuikultura poligonoan, 100 metro inguruko sakonerako hondoen gainean, ustiapen azpieremuak eskatzeko aukera, Getaria eta Zarautz arteko kostaldean espezie autoktonoetako arrainen itsas zabaleko hazkuntza sustatzeko, eta azpìeremuen balizko eskatzaileak baloratzeko sistema bat ezartzea.

Arauen ondorioetarako, poligono horrek honako baldintza nagusi hauek betetzen ditu:

a) Garatuko den jarduera «akuikultura» motakoa baino ez da izango, FAOren (Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundea) definizioaren arabera uretako organismoak haien ingurunean ekoiztera eta gizentzera bideratutako jarduera, alegia.

b) Erabilitako bitartekoaren arabera, egin beharreko akuikultura «itsasokoa» izango da.

c) Jarduerak espezie autoktonoetako arrainak bakarrik hartuko ditu.

d) Jarduera akuikultura intentsibokoa izango da: ahalik eta espazio eta denbora gutxienean ekoizpen handiagoa bilatzen duen sistema.

e) Egin beharreko akuikultura «itsaso zabalekoa» izango da; ekoizpena babesik gabe eta olatuen mende dagoen itsas eremu batean kokatuko da.

f) Ekoizpenaren helburuagatik, egin beharreko akuikultura «komertziala» izango da, eta poligonoaren eta azpieremuen barruan kokatutako ekoizpen-sistemak jabetza pribatukoak izango dira (hala ere, poligonoa Administrazio Publikoak kudeatuko du).

g) Gauzatzen diren akuikultura proiektuek instalazioen funtzionamendu probaldiak izan ahal izango dituzte.

Bigarrena.– Akuikulturako poligonoa kokatuta dagoen eremua, Getaria eta Zarautz (Gipuzkoa) udalerrien parean dagoen itsasertzeko zatian.

(Ikus .PDF)

Poligonoaren barruan tamaina desberdineko hiru azpieremu proposatzen dira: A azpieremua (50 ha), B azpieremua (50 ha) eta C azpieremua (75 ha), Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpen bidez egindako deialdiaren bidez esleituko direnak. Azpieremu horiek koordenatu hauek mugatuta daude:

A azpieremua:

• 43.º 22,158’ N 2.º 11,200’ W.

• 43.º 22,257’ N 2.º 10,913’ W.

• 43.º 21,614’ N 2.º 10,864’ W.

• 43.º 21,712’ N 2.º 10,548’ W.

B azpieremua:

• 43.º 21,949’ N 2.º 10,705’ W.

• 43.º 22,108’ N 2.º 10,238’ W.

• 43.º 21,603’ N 2.º 10,471’ W.

• 43.º 21,747’ N 2.º 10,013’ W.

C azpieremua:

• 43.º 22,337’ N 2.º 10,962’ W.

• 43.º 22,564’ N 2.º 10,353’ W.

• 43.º 22,166’ N 2.º 10,080’ W.

• 43.º 21,953’ N 2.º 10,706’ W.

(Ikus .PDF)

Hirugarrena.– Poligonoaren eremuaren barruan instalatu beharreko establezimendu motak edo ekoizpen-unitateak arrainak itsaso zabalean hazteko sistemak izango dira. Urpeko instalazioek erresistentzia handia izan behar dute baldintza ozeano-meteorologiko txarrekiko, eta denboraren % 100 urpean jarduteko diseinatuta egon beharko dute, partzialki edo osorik. Instalazio horiek flotagarritasuna handitzeko sistemak eduki ahal izango dituzte, eta urazalera igotzekoak, mantenimendu edo ereintza lanetarako, sailkapenetarako edo uztetarako.

Laugarrena.– Balorazio batzorde bat sortzen da, poligonoko azpieremuren bat okupatzeko interesa duten erakundeek edo pertsonek aurkeztutako proposamenak aztertzeko. Batzordea Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako 3 pertsonak osatuko dute: Arrantza Antolamenduko zerbitzuburuak, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako aholkulari juridiko batek, eta Arrantza Antolamenduko teknikari batek.

Poligonoko azpieremuetako baten esleipendun izateko esleipen irizpideak 100era arteko puntuekin zenbatuko dira, eta honako hauek izango dira:

• Aurkeztutako proiektuaren kalitatea: itsaso zabaleko arrainen haztegiaren ezaugarriak, urpeko instalazioaren ezaugarriak flotagarritasun- eta mantzentze-bermeekin, eragin sozioekonomikoaren ebaluazioa: 50 puntura arte.

• Espazioa okupa dezaketen espezieak: hegalaburra (25 puntu), izokina edo erreboiloa (20 puntu), lupia (10 puntu), beste espezie autoktono batzuk (5 puntu).

• Eskatutako jardueran erakutsitako esperientzia: antzeko ustiategietan 5 urteko antzinatasuna egiaztatzeari 10 puntu emango zaizkio, eta puntu gehigarri bat gehituko zaio antzinatasun-urte bakoitzeko, 25 puntura arte gehienez.

Azpieremuetarako eskabideak aurkeztu ondoren, horretarako sortutako Balorazio batzordea bilduko da, eta, akta arrazoitu bidez, puntuazio handiena lortu duten pertsona edo erakunde interesdunei esleituko dizkie azpieremuak.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Behin esleipen prozesua amaituta, poligonoko hiru partzelak esleitu ez badira, eskabideak aurkezteko epea zabalik egongo da hiru partzelak esleitu arte.

Bosgarrena.– Poligonoko azpieremuren bat okupatzeko interesa duten erakundeek edo pertsonek eskaera bat aurkeztu beharko diote Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, ebazpen honen I. eranskinean azaltzen den moduan. Edo bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak onartutako edozein bide erabiliz.

Baimena emateko esleipendunen betekizunak.

1.– Proiektu irabazleen esleipendunek akuikultura proiektuaren baimena eta itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren emakida eskatu beharko dituzte. Proiektuaren ezaugarrien arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin beharko zaie.

2.– Balizamendua.

Esleipendunek baimen eta DMPT emakida baldintzak, eta behin betiko kokapena zein diren jakin ondoren, balizamendua eta itsas seinaleak diseinatu, baimenak lortu, fabrikatu eta instalatuko dira. Azpieremu bakoitzeko balizamendua emakidadunari dagokio. Beharrezkoa balitz, besteak beste azpieremu guztiak okupatu direlako, poligono osoaren balizamendua Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak egin ahal izango du.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 13a.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,

LEANDRO AZCUE MUGICA.

ERANSKINA
ESKABIDEA

..................................................................jaun/andrea,............................ NAN/IFZ zk

Honen ordezkari gisa:

Enpresa:.......................................................................................................

IFZ:.................................

Kalea eta zk.:.......................................................................................................

Udalerria:............................... Lurraldea:...................... P.K..:...........................

Email:................................

Eskatzen du: Getaria eta Zarautz artean (Gipuzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoa) itsas-lehorreko jabari publikoaren itsasertzeko akuikultura poligonoko......................... azpieremua(k) okupatzeko interesduntzat hartua izateko, eskaera honi bideragarritasun proiektu tekniko hauek................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................................. eta itsas zabaleko akuikultura ustiategietako esperientzia-egiaztagiria erantsiz.

Konpromisoa hartzen du: itsas-lehorreko jabari publikoa erabiltzeko emakida lortzeko behar den dokumentazioa aurkezteko, bai eta balizamendu proiektua ere, azpieremuetako baten esleipenduna izanez gero.

.......................................en, 2024ko..........................ren................ean.

Ahaldunaren sinadura eta enpresaren zigilua.

Datuen babesari buruzko informazioa.

Egoitza elektronikoa https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/

Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.

Behar bezala betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apririlaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, jakinarazten da datu pertsonalak tratamendu-jarduera honen barruan sartuko direla: Arrantza- eta akuikultura-sektoreko lanbide-jarduerak baimentzea.

Tratamendu-arduraduna.

Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila.

Donostia-San Sebastián 1, 01010, Vitoria-Gasteiz, Álava.

Telefonoa: 945 01 80 00.

Web orria: https://euskadi.eus

Datuak babesteko ordezkaria.

Donostia-San Sebastián 1, 01010, Vitoria-Gasteiz, Álava.

Telefonoa: 945 01 86 80.

Web orria: https://www.euskadi.eus/datu-babesa

Tratamenduaren helburua.

• Itsas arrantzaren, itsaski-bilketaren, itsas haztegien, algak edo arribazoiak erauzi edo biltzearen, angularen, akuikulturaren eta arrantza- eta akuikultura-sektoreko beste jarduera profesional batzuen arloko baimenak.

Legitimazioa.

– Tratamendua beharrezkoa da lege-betebeharrak betetzeko.

– Tratamendua beharrezkoa da misio bat betetzeko, zeina egiten baita interes publikoaren izenean, edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzeko.

– 6/1998 legea, martxoaren 13koa, itsas arrantzari buruzkoa.

Datuak gordetzeko epea.

– Jaso zireneko helburua betetzeko eta egon daitezkeen erantzukizunak zehazteko beharrezkoa den denbora. Artxiboei eta dokumentazioari buruzko araudian ezarritakoa aplikatuko da.

Hartzaileak.

Ez da daturik lagatzen.

Datuak babestearen arloko eskubideak.

a) Irispidea izateko eskubidea.

Interesdunak eskubidea dauka bere datu pertsonalen tratamendua egiten ari den ala ez egiazta diezaion tratamenduaren ardura duen organoak, eta, hala bada, datuok eskuratu ahal izango ditu.

b) Zuzentzeko eskubidea.

Bere datu pertsonal akasdunak zuzentzeko eskubidea dauka interesdunak, eta osatu gabe dauden datu pertsonalak osatzekoa, behar bada, adierazpen gehigarri baten bidez.

c) Ezerezteko eskubidea. Ahaztua izateko eskubidea.

Bere datu pertsonalak ezabatzeko eskubidea izango du interesdunak baldintza hauetan:

– Datu pertsonalak jadanik ez direnean beharrezkoak, bildu zirenean edo beste modu batez tratatu zirenean zeuden helburuen argitan.

– Interesdunak tratamendua egiteko baimena kentzen duenean, eta tratamenduak ez badu beste oinarri juridikorik.

– Interesdunak tratamendua aurkaratzen duenean, eta ez denean bestelako arrazoi juridikorik gailentzen tratamendurako.

– Datu pertsonalen tratamendua legez kontra egin denean.

– Datu pertsonalak ezereztu behar badira, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion Batasuneko edo estatu kideetako zuzenbidean ezarritako lege-betebehar baten indarrez.

– Datu pertsonalak jaso badira 8.1 artikuluan aipaturiko informazioaren gizarteko zerbitzuen eskaintzaren ingurumarian. (adingabeen datuen tratamenduari aplikagarriak zaizkion baldintzak, informazioaren gizarteko zerbitzuak direla eta).

– Datu pertsonaletarako esteka oro ezabatua izateko eskubidea izango du interesdunak, baldin eta datuok ezerezteko betebeharra badago (ahaztua izateko eskubidea).

d) Mugatzeko eskubidea.

Bere datu pertsonalen tratamendua mugatzeko eskubidea izango du interesdunak baldintza hauetan:

– Datu pertsonalen zehaztasunaren aurka egiten denean, tratamenduaren ardura duen organoak datuon zehaztasuna egiaztatzeko adinako epe batez.

– Tratamendua legez kontrakoa denean eta interesdunak datu pertsonalak ezereztearen aurka egiten duenean eta, ordainetan, haien erabilera mugatzeko eskatu.

– Tratamenduaren arduradunak jadanik behar ez dituenean datu pertsonalak tratamenduaren helburuei begira, baina interesdunak bai, erreklamazioak formulatzeko, egikaritzeko edo aldezteko.

– Interesdunak tratamenduaren aurka egin duenean, eta tratamenduaren arduradunaren arrazoi legitimoak interesdunaren arrazoien gainetik dauden ala ez egiaztatzen den bitartean.

e) Aurka egiteko eskubidea.

Interesdunak eskubidea izango du, bere egoera partikularra dela-eta, edozein unetan, tratamenduaren arduradunari galarazteko berari buruzko datu pertsonalen tratamendua egitea, tratamendua beharrezkoa bada ere interes publikoaren izenean burututako eginkizun bat betetzeko edo ahal publikoak erabili edo hirugarrenen interes legitimoa babesteko, baita profilak egiteko ere.

– Tratamenduaren arduradunak datuak tratatzeari utziko dio, noiz eta ez duen egiaztatzen interesdunaren interes, eskubide eta askatasunen gainetik arrazoi larriak daudela edo datuok beharrezkoak direla erreklamazioak formulatzeko, egikaritzeko edo aldezteko.

– Datuen tratamenduaren helburua bada ikerketa zientifikoa, historikoa edo estatistikoa, interesdunak eskubidea izango du, bere egoera partikularra dela-eta, edozein unetan, berari buruzko datu pertsonalen tratamenduaren aurka egiteko, salbu eta tratamendua beharrezkoa bada interes publikoaren izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

f) Tratamendu automatizatuta.

Eskubide honen bidez bermatu nahi da interesduna ez izatea tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen eta harengan ondorio juridikoak edo antzeko ondorio esanguratsuak dituen erabaki baten jomuga, profilak egitea barne.

Eskubideak egikaritu.

Eskubide horiek erabiltzeko aukera duzu tratamenduaren arduradunaren aurrean, eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10842/

Era berean, aukera daukazu edozein erreklamazio aurkezteko Datuak Babesteko Euskal Agentzian, edo aurretiazko erreklamazioa egin dezakezu datuak babesteko ordezkariaren aurrean: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10843/

Datu pertsonalen babesari buruzko informazio xehea.

EAEko Administrazio Publikoaren datuak babesteko ordezkariaren web orria (https://www.euskadi.eus/datu-babesa).

Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra (https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).

3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

ID: 1609.


Azterketa dokumentala