
65. zk., 2024ko apirilaren 3a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (412 KB - 25 orri.)
- EPUB (160 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1588
AGINDUA, 2024ko martxoaren 19koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arte eszenikoak sustatzeko programetarako 2024ko ekitaldian emateko dirulaguntzak arautzen baitira, eta horietarako deialdia egiten.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio arte- eta kultura-jarduerei eta horien zabalkundeari buruzko eginkizunak. Eginkizun horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagozkio, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren bidez.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritza horren ustez, egokia da arte eszenikoen esparruan prestakuntza-, sustapen- edo erakustaldi-jarduera profesionalak sustatzea ahalbidetuko duen bide bat ezartzea, bere eskumenen baitako zeregina den aldetik, eta, horretarako, dirulaguntzak eman daitezke arte eszenikoen sustapenean biltzen diren prozesuetarako (antzerkia, dantza eta zirkua).
Arte eszenikoetako profesionalen prestakuntza sustatuz, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza erraztuko duen bide bat ezarriz eta dantza-ikuskizunen eta kaleko arteen erakustaldia bultzatuz, sektorearen profesionalizazioan aurrera egin nahi da, eta kalitatezko kultura-eskaintza irisgarria ziurtatu herritar guztientzat.
Era berean, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Dirulaguntzen 2021-2024 aldirako Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu zuen plan hori 2023ko urtarrilaren 26ko Aginduaren bitartez, eta aipatutako sailaren web-orrian argitaratu zen.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da arte eszenikoak (antzerkia, dantza eta zirkua) sustatzeko 2024ko ekitaldian egiten diren prestakuntza-, sustapen- edo erakustaldi-programa eta -jardueretarako dirulaguntzak arautzea eta horietarako deialdia egitea.
2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak deialdi honetan jasotako modalitate bakoitzari dagozkion kapituluetan zehaztutakoak izango dira.
2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza horietarako, guztira, 825.000 euro erabiliko dira.
2.– Zenbateko oso hori honela banatuko da deialdiko lau laguntza-modalitateen artean:
a) Prestakuntzarako laguntzen modalitate bat:
– 160.000 euro, arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntzarako.
b) Sustapenerako laguntzen modalitate bat:
– 160.000 euro, arte eszenikoak sustatzeko proiektuetarako.
c) Erakustaldirako laguntzen bi modalitate:
– 255.000 euro, arte eszenikoen kaleko erakustaldietarako programak garatzeko.
– 250.000 euro, SAREA dantza-zirkuitua garatzeko.
3.– Hargatik eragotzi gabe modalitate bakoitzean adierazitako zenbatekoak, modalitateetako batean ezarrita dagoen zenbatekoa agortzen ez bada, dela eskabiderik aurkeztu ez delako, ezarritako eskakizunak bete ez direlako edo aurkeztu diren eskabideen kalitatea behar bestekoa ez delako, balorazio-batzordeak edo, hala badagokio, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, arrazoituta, beste modalitate batean ezarritako zenbatekoa handitzea proposatuko dio Kulturako sailburuordeari, betiere modalitate hartzailea ebatzi gabe badago oraindik. Horretarako, honako irizpide hauek jarraituko dira: apartatu berean dagoen modalitateak izango du lehentasuna, artikulu honen 2. puntuan egindako sailkapenaren arabera. Dirua ezin bada modalitate batetik bestera eraman, lehentasuna izango du eskatutako zenbateko osoaren eta hasierako zenbatekoaren arteko desoreka handiena duen modalitateak.
3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko eskakizunak.
1.– Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte, artikulu honetan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, hurrengo kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzerako zehazten direnak ere betetzen dituztenek.
Pertsona fisikoek edo juridiko-pribatuek (II., III. eta V. kapituluetan araututako modalitateak) eta udal-titulartasun publikoko kapital soziala duten udalek, toki-erakunde autonomoek eta erakundeek (IV. kapituluan araututako modalitatea), dagozkien kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzerako zehazten diren eskakizunak betetzen badituzte.
2.– Agindu honen bidez ematen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dira, eta itzultzeagatiko obligazioak ordaintzerakoan, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Aginduan eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren 4. eta 7. artikuluek ezarritakoak bete beharko dira.
Deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du dirulaguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen hori egitearen aurka egin ahal izango du; kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
3.– Honako hauek ezin izango dituzte eskuratu agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak:
a) Sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoek, kasuan kasuko zehapenean ezarritako epean. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten enpresek, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri dituztela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legedian ezarritako baldintzetan.
b) Kapital sozialean, fundazio-ondarean edo gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena edozein administrazio publikori edo instituzionali, sektore publikoko, finantzako edo kredituko erakunderi dagokion erakundeek.
c) Titulartasun publikoko sortze-gune kultural baten gainean zerbitzu-kontratu baten edo zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratu baten esleipendun gisa eskaera egiten duten pertsonek.
d) Berreskuratzeko agindu baten mende dauden pertsonek, Europako Batzordeak aldez aurretik erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.
e) Krisian dauden enpresek, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-dirulaguntzei buruzko jarraibideen definizioaren arabera (AO, C249, 2014-07-31). Hori Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 18. apartatuan dago definituta.
f) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden pertsonek edo erakundeek.
4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Pertsona fisikoek aurrez aurrez zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete eskabideak:
– Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, establezimenduetan eta dependentzietan. Zuzenean Zerbitzuan eskabideak aurkezteko, aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da: https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean
– Bide elektronikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 4. apartatuan adierazitako helbideen bitartez.
Eskabidea eta agiriak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.
3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, arestian aipatutako helbide elektronikora sartuta.
4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren esteka honetan daude eskuragai:
– Arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033319
– Arte eszenikoak sustatzeko proiektuak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033320
– Arte eszenikoen kaleko erakustaldietarako programak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033321
– SAREA dantza-zirkuitua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1033322
Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Izapidetze elektronikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistroan aldez aurretik inskribatutako ordezkariaren bidez egin ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragai: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
7.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
8.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
9.– Eskabidearekin batera, hurrengo kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzerako zehazten diren agiriak ere aurkeztu beharko dira.
10.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek aukera dute proiektu bat baino gehiago aurkezteko laguntza-modalitate bakoitzean, baina proiektu bakar batek jaso ahal izango du dirulaguntza eskatzaile eta laguntza-modalitate bakoitzeko Horrelakoetan, balorazio onena lortzen duenari emango zaio, eta ezetsi egingo dira eskatzaile horrek egin dituen gainerako eskabideak.
5. artikulua.– Eskakizunak egiaztatzea.
1.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, hasieran erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da honako eskakizun hauek betetzen direla:
a) Eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
b) Beste edozein administrazio, entitate edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, lortu direla jakinaraztea.
c) Erakundeak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratiborik edo penalik, eta ez duela horretarako legezko inolako debekurik, sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren arabera.
d) Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izatera behartuta dauden enpresek plan hori indarrean izatea. 50 langiletik gorako enpresek sexu-jazarpenaren edo sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta borroka-neurriak ezarri izana.
e) Halaber, eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak.
2.– Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako alderdiak egiazkoak direla egiaztatu beharko dute beren burua onuradun gisa proposatzen dutenek, emakida-prozedura ebatzi aurretik.
6. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan jasotako dirulaguntzak kudeatzea, bai eta erakustaldietarako bi laguntza-modalitateetan ebazpen-proposamena egitea ere.
7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
1.– Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agiriak edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.
2.– Pertsona juridiko batek eskabidea aurrez aurre egiten badu, aurkezpen elektronikoaren bitartez egin beharra adieraziko zaio, eta, horri dagokionez, aurkezpen elektronikoa egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
8. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bana eratuko da modalitate bakoitzeko, erakustaldietarako laguntza-modalitateetan izan ezik. Hona kideak:
a) Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta, bera falta denean, batzordekide adinekoenak ordezkatuko du.
b) Batzordekideak: arte eszenikoekin lotutako profesionalen eta agindu honen xede den arloan aditu diren pertsonen artean aukeratutako 2 edo 3 kide, Kulturako sailburuordeak izendatuak.
2.– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da balorazio-batzordeko idazkaria, Kultura Sustatzeko zuzendariak izendatuta. Hitza izango du, baina botorik ez.
Era berean, balorazio-batzordearen bileretara joan ahal izango dira, gai espezifikoak aztertzeko, eta hizpidearekin baina botorik gabe parte hartu ahal izango dute aztertu beharreko gaietan ezagutza espezifikoa duten pertsona guztiek, bertaratutako pertsona gehienek onartzen badituzte.
3.– Balorazio-batzorde bakoitzaren osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, batzordea eratu aurretik, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, interesdunek errekusaziorako eskubidea baliatu ahal izan dezaten, legez ezarritako kasu eta baldintzetan.
4.– Balorazio-batzordeak eratzeko unean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko martxoaren 16ko 1/2023 Legearen 3.10 artikuluan ezarritakoa beteko da.
5.– Batzorde horiek txostena egingo dute modalitate bakoitzean ezarritako balorazio-irizpideetan oinarrituta eskaerak ebaluatu ondoren, eta bertan azalduko dituzte egindako ebaluazioaren emaitzak.
6.– Balorazio-batzorde horietarako izendatutako aditu-profesionalek erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honako hauek frogatzeko: ez daudela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 8.5 artikuluaz bat eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako ezein kausatan; konfidentzialtasuna bermatzen dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egingo dela, eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.
9. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordeak egindako txostena ikusita, organo kudeatzaileak ebazpen-proposamen bat egingo dio Kulturako sailburuordeari, eta proposamen horretan jasoko ditu ze dirulaguntza ematea proposatzen den, honako hauek adierazita: onuradun gisa proposatutako pertsonen edo erakundeen nortasuna, balorazio-fasean lortutako puntuazioa, ematea proposatzen den jarduera eta emandako zenbatekoa, bai eta ukatzea proposatzen direnak ere, ukatzeko arrazoiak adierazita.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
3.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkie interesdunei. Aipatutako jakinarazpenak egiteaz gain, ebazpen horien edukia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Lehenik egin den jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
Ebazpena elektronikoki jakinaraziko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Sei hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdi honen agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
5.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, hala dagokionean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.
10. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, betiere horren ondorioz ez badira gainditzen agindu honetan aurreikusitako mugak eta diruz lagundutako jardueraren bat gainfinantzatuta gertatzen ez bada. Mugak gainditu edo gainfinantzaketa gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da emandako dirulaguntza.
2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektu eta helburu berberarentzat edo proiektu edo helburu horren zati batentzat emandako edozein dirulaguntzarekin, izan dirulaguntza izenduna edo izan musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte edo liburu eta literatura arlo, Bitartez, KSI, Sorgune, Jaialdi eta Kultura Publikoetako dirulaguntzen aginduen babesean emandako beste edozein dirulaguntza.
11. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntzari berariaz uko egiten ez badiote dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, laguntza onartutzat emango da.
b) Dirulaguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.
c) Ogasuna eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.
d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu den baldintzetan garatzea.
e) Dirulaguntza ematen duen organoari jakinaraztea Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren.
f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute proiektuak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate, sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan.
g) Agindu honetan ezartzen direnak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura laguntzak eta dirulaguntzak jasotzearen ondorioz ezartzen diren beste betebehar eta eginbehar guztiak. Halaber, pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotakoak.
h) Onuradunak ezingo du enpresa-deslokalizaziorik egin Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoarekin bat.
12. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Honela ordainduko dira emandako dirulaguntzak:
a) Dirulaguntzaren % 75 dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren eta 11.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren ordainduko da.
b) Gainerako % 25a, betiere 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatu ondoren eta behar bezala justifikatu ondoren diruz lagundutako jarduera osoa, bat etorriz 13. artikuluan eta modalitate bakoitzari dagokion artikuluan adierazitako moduan aurkeztutako gastuen aurrekontuarekin.
2.– Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekotik kenduko dira, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, zergaren araudia aplikatuz legozkiokeenak. Hala badagokio, onuradunak eskatu beharko du jarduera hasteagatiko atxikipen-tasa.
3.– Pertsona edo erakunde onuraduna erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunaren alta-inprimakia aurkeztu beharko du. Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu ahal izango da, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
13. artikulua.– Justifikazioa: modua eta tokia.
1.– Dirulaguntza hauen onuradun diren pertsonek edo erakundeek modalitate bakoitzari dagozkion agiriak aurkeztu beharko dituzte, diruz lagundutako jarduera amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, eta, betiere, 2025eko martxoaren 31 baino lehen.
2.– Pertsona fisikoek aurrez aurre zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete justifikazioak:
– Hala nahi duten pertsona fisikoek aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, ahal dela, Herritarrei Arreta Emateko Zuzenean Zerbitzuaren bulegoetan (aurrez hitzordua eskatuta 945 01 90 00 telefonoan), https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean edo EAEko erregistro osagarrietan (Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasoak), eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, eskabide normalizatuaren bidez, behar bezala beteta. Eskabide-eredua eskuragarri dago EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.
– Justifikazioak, halaber, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahalko dira, gune honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, arestian aipatutako helbide elektronikora sartuta.
4.– Justifikazioak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, agindu honen 4.4 artikuluan zehaztutako helbidean.
14. artikulua.– Dirulaguntzak aldatzea.
1.– Aitortutako dirulaguntza benetan garatutako neurrietara egokitzeko eta behin betiko likidazioa egiteko, hasieran aurkeztutako gastu-aurrekontua baino gastu handiagoak justifikatzeak ez du inola ere eskubidea emango hasieran onartutako dirulaguntza handitzeko.
2.– Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren eta behar bezala justifikatuta dagoela ulertuta, ordaintzeke dagoen zenbatekoa ordainduko da.
3.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere helburua betetzat jotzen bada, eta benetako kostuak aurrekontuan jasotakoa baino txikiagoak badira edo beste erakunde publiko edo pribatu batek aldibereko beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera bat eman badio ezarritako mugak gaindituz, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Nolanahi ere, deialdian eskatzen den gutxieneko autofinantzaketa-ehunekoa errespetatu beharko da: % 20.
4.– Jarduera partzialki bete ahal izango da, baldin eta egiaztatzen bada diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzera bideratutako jarduera bat egin dela eta jardueraren betetze-maila, gutxienez, eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 85era iristen dela. Kasu horretan, bidezkoa izango da dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, azkenean emandako zenbatekoa benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan murriztuz aurrekontu osoarekiko.
Nolanahi ere, deialdian eskatzen den gutxieneko autofinantzaketa-ehunekoa errespetatu beharko da: % 20.
5.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egingo da, halaber, dirulaguntza osoa deuseztatu behar denean eta agindu honen 14. eta 15. artikuluetan aurreikusitako kasuetan.
6.– Kulturako sailburuordeak emango du emandako dirulaguntzaren zenbatekoak aldatu edo berregokitzeko likidazio-ebazpena, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
7.– Jasotako zenbateko osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar bazaio, likidazio-ebazpenean bi hilabeteko epea emango da, hura jasotzen denetik, dagokion itzulketa egiteko, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritako prozedura errespetatuz. Justifikatzeko betebeharra ez betetzeagatik itzuli behar bada dirua, 15 eguneko epea izango da egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko.
15. artikulua.– Dirua itzultzeko arrazoiak.
1.– Honako hauek izango dira dirua itzultzeko arrazoiak:
a) Jasotako dirulaguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan aurreikusitako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa, hala badagokio, ez itzultzea horretarako ezarritako epean.
d) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako gainerako itzulketa-arrazoietako edozein.
2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
II. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOETAKO PROFESIONALEN ETENGABEKO PRESTAKUNTZA
16. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak arte eszenikoetako profesionalen etengabeko prestakuntzarako 2024ko ekitaldian egiten diren jarduerak laguntzeko dira.
2.– Hauek dira modalitate honetan jasotzen diren jarduera zehatzak:
a) Etengabeko prestakuntzako ikastaro edo tailerrak.
b) Berariazko prestakuntzako ikastaro edo tailerrak.
c) Profesionalen ikerketara eta etengabeko prestakuntzara bideratutako laborategiak eta antzeko espazioak.
d) Entrenamendu jarraituko espazioak profesionalentzat.
3.– Berariaz kanpoan geratzen dira honako jarduera hauek:
– Praktika edo prestakuntza eszenikoa aisialdiko jarduera gisa.
– Berariazko lanbide-aurreko ikastaroak, arautuak izan zein ez.
– Arte eszenikoen sektoreko profesionalentzat zabalik ez dauden ikastaro edo tailerrak.
17. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko eskakizunak.
Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte, 3. artikuluko eskakizunak betetzeaz gain, honako eskakizun hauek ere betetzen dituztenek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen:
– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuak izatea.
– Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, dagokion epigrafean, alta emanda egotea eskabidea aurkezten den unean, eta, pertsona juridikoen kasuan, jarduera eszenikoen garapenarekin bat datorren helburu edo xede soziala izatea.
18. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Pertsona edo erakunde eskatzaileari buruzko agiriak.
a) Pertsona fisikoen kasuan:
– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko agiria.
b) Pertsona juridikoen kasuan: administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, baina ez da beharrezkoa izango inskripzioa egiaztatzen duen agiria aurkeztea.
Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute beren nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena, honako dokumentazio honen bitartez:
– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.
– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.
– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta duen legezko ordezkatze-ahalmenaren egiaztagiriak.
c) Pertsona fisikoen zein juridikoen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen 4. artikuluko 4. apartatuan adierazitako helbideetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Horren bidez jakinaraziko dute ea aurreko hiru ekitaldi fiskaletan «minimis» araubideari lotutako beste laguntzarik jaso duten, agindu honen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera. Halakorik jaso badute, laguntzaren jatorria, xedea eta zenbatekoa zehaztu beharko dituzte.
d) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da.
2.– Proiektuari buruzko agiriak.
a) Aurkeztutako proiektuaren eta eskatzaile eta irakasle-taldearen ibilbidearen memoria zehatza https://www.euskadi.eus/zerbitzuak helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
b) Aurrekontua, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
c) Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi diren bestelako agiri osagarria.
3.– Honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte aurkeztu beharreko agiri elektronikoek, erabilitako bidea edozein dela ere (aurrez aurrekoa edo elektronikoa):
a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, baldin eta halakorik badago. Bestela, ahal dela, PDF formatuan aurkeztuko dira.
b) Aurkeztutako dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.
c) Bideoak aurkezteko, web-helbide bat eman ahal izango da agirian, bertan kontsultatu ahal izateko.
19. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.
1.– Balorazio-batzordeak txostena egiteko, irizpide hauek aplikatuko ditu:
a) Baloratu beharreko programaren interesa, batez ere programa EAEko arte eszenikoetako profesionalen beharretara egokitzen den kontuan hartuta (guztizko puntuazioaren % 25).
b) Programaren zehaztasun-maila: helburuak, metodologia eta antolaketa-alderdiak (% 20).
b.1.– Prestakuntzaren helburuak eta sorkuntza-premiei emandako erantzunak, beste inongo gunetan kontuan hartu ez direnak (0-7 puntu).
b.2.– Erabilitako metodologia (0-5 puntu).
b.3.– Azpiegiturak eta baliabide teknikoak, giza baliabideak, baliabide materialak eta eskainitako zerbitzuak (0-8 puntu).
c) Irakasle-taldearen ibilbide profesionala (% 15).
d) Pertsona edo erakunde eskatzaileak prestakuntza-programak egiten duen esperientzia (% 15).
e) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (% 10).
e.1.– Finantzaketa publikoa (FP), deialdian eskatutakoa barne (0-5 puntu). Formula honen bidez kalkulatuko da:
Puntuazioa = 12,5* (% FP) – 5.
Non % FP eta proiektua garatzeko finantzaketa publikoaren ehunekoa berdinak diren.
e.2.– Gastuak (0-5 puntu). Formula honen bidez kalkulatuko dira:
% 45 baino gutxiago: 0 puntu.
% 75 baino gehiago: 5 puntu.
% 45 eta % 75 artean: puntuazioa = [40* (% JSG) - 15]/3.
Non % JSG eta jarduera- eta sustapen-gastuen ehunekoa berdinak diren.
f) Euskararen erabilera ikastaroetan eta komunikazioa eta hedapena (% 10).
f.1.– Euskararen erabilera eskainitako ikastaroetan (0-6 puntu). Euskaraz egindako ikastaroen ehunekoa ikastaro guztiekiko. Baremo hau aplikatuko da:
Eskainitako ikastaroak > % 50 - < % 80: 2 puntu, eta > % 80: 6 puntu.
f.2.– Euskararen erabilera komunikazioan eta hedapenean (0-4 puntu).
> % 50 - < % 80: puntu 1, eta > % 80: 4 puntu.
g) Genero-parekotasuna erantzukizuneko lanpostuetan (irakasleak, kudeaketako eta administrazioko langileak) (% 5).
– 5 puntu emango zaizkie parte-hartzaileek oro har 0,4 eta 0,6 arteko sexu ratioa aurkezten duten proiektuei.
– 0 puntu emango zaizkie parte-hartzaileek, oro har, parekotasunetik desbideratuago dagoen sex ratio bat aurkezten duten sorkuntza proiektuei.
2.– Balorazio-baremoko puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ez dira hautaketan sartuko.
3.– Proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, proiektu bakoitzak balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera banatuko da zenbateko ekonomiko osoa, ezarritako irizpideen arabera, betiere jaso beharreko laguntzak eskatutako zenbatekoaren % 70 gainditzen badu banaketa proportzional horren arabera.
20. artikulua.– Laguntzen mugak.
Pertsona edo erakunde onuradunari gehienez 20.000 euroko dirulaguntza emango zaio, edo aurrekontuaren % 70.
21. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu behar diren agiriak.
Dirulaguntzen onuradun diren pertsona edo erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:
a) Diruz lagundutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza.
b) Gauzatutako aurrekontua, eredu deskargagarriaren arabera: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak
c) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da, https://www.euskadi.eus helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honen 4. artikuluko 4. apartatuan adierazitako zuzendaritzetan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa. Horren bidez, aurreko bi zerga-ekitaldietan eta ekitaldi honetan minimis araubideari lotutako beste laguntzarik jaso duten jakinaraziko dute, agindu honen lehenengo xedapen gehigarriaren arabera, eta, hala bada, laguntza horien jatorria, xedea eta zenbatekoa zehaztuko dituzte.
e) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten egiaztagiri guztien zerrenda, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus
f) Egindako gastuaren egiaztagiriak eta fakturak.
g) Katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsio desberdinetako aleak, berariaz adierazten dutela Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela.
22. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, ezinbestekoak direnak eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere izango merkatuko balioa baino handiagoa.
2.– Nolanahi ere, agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 30. artikuluarekin bat datozenak.
3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa.
4.– Beste Gastu batzuk, guztira, ezin izango dira aurrekontuaren % 5 baino gehiago izan.
5.– Proiektuari egotzitako pertsona edo erakunde onuradunaren langile-kostuen guztizkoak ezin izango du kostu osoaren % 40 gainditu.
23. artikulua.– Kontratazioa.
1.– Pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino, kontratu guztien prezioak batuz.
2.– Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira pertsona edo erakunde onuradunak prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea eta sustatzaileak diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko egin behar dituen gainerako gastuak.
3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, pertsona edo erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haren ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, baldin proposamen ekonomiko merkeenaren alde egiten ez bada. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.
4.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.
III. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOAK SUSTATZEKO PROIEKTUAK
24. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak arte eszenikoak sustatzeko programak garatzeko dira, arte eszenikoen konpainien eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal-titulartasun publikoko espazio eszenikoen arteko lankidetzarekin egin badira 2024ko ekitaldian.
2.– Hauek egon daitezke lankidetza-programa horien artean:
a) Sentsibilizazio-jarduerak.
b) Publikoekiko bitartekaritza-jarduerak.
c) Prestakuntza-jarduerak (kanpoan geratzen dira profesionalei zuzendutako prestakuntza-jarduerak).
d) Arte eszenikoak sustatzeko programak, konpainia egoiliar batek garatuta.
25. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko eskakizunak.
Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte, 3. artikuluko eskakizunak betetzeaz gain, honako eskakizun hauek ere betetzen dituztenek eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen:
– Bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuak izatea.
– Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, dagokion epigrafean, alta emanda egotea eskabidea aurkezten den unean, eta, pertsona juridikoen kasuan, jarduera eszenikoen garapenarekin bat datorren helburu edo xede soziala izatea.
– Produkzio eszenikoan lan egitea eta azken 5 urteetan gutxienez 2 ikuskizun estreinatuta izatea.
– Prestakuntza-jarduera nagusi den arte eszenikoak sustatzeko proiektuetan, pertsona edo erakunde eskatzaileek ez dute aurreko baldintza bete behar izango baldin eta jarduera ekonomikoen gaineko zergan hezkuntzarekin lotutako epigrafe batean alta emanda badaude.
26. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Pertsona edo erakunde eskatzaileari buruzko agiriak.
a) Pertsona fisikoen kasuan:
– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko agiria.
b) Pertsona juridikoen kasuan: administrazio honi dagozkion erregistroetan inskribatutako erakundeek eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribatuta, baina ez da beharrezkoa izango inskripzioa egiaztatzen duen agiria aurkeztea.
Beste administrazioetako erregistroetan dauden erakundeak egiaztatu beharko dute beren nortasun juridikoari dagokion legezko eraketa, ordezkaria den pertsonaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritzako ahalmena, honako dokumentazio honen bitartez:
– Sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.
– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartela.
– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea eta duen legezko ordezkatze-ahalmenaren egiaztagiriak.
c) Pertsona fisikoen zein juridikoen kasuan:
– Azken 5 urteetan 2 ikuskizun estreinatu izanaren egiaztagiria.
– Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da, https://www.euskadi.eus helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
2.– Proiektuari buruzko agiriak.
a) Aurkeztutako proiektuaren eta eskatzailearen ibilbidearen memoria zehatza https://www.euskadi.eus/zerbitzuak helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera. Aurkeztutako proiektuaren memoria, https://www.euskadi.eus helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
b) Aurrekontua, https://www.euskadi.eus helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
c) Eskabidea baloratzeko aurkeztu nahi diren bestelako agiri osagarria.
3.– Honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte aurkeztu beharreko agiri elektronikoek, erabilitako bidea edozein dela ere (aurrez aurrekoa edo elektronikoa):
a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, baldin eta halakorik badago. Bestela, ahal dela, PDF formatuan aurkeztuko dira.
b) Aurkeztutako dokumentazio elektroniko guztiaren gehieneko tamaina 30 Mb-koa izango da.
c) Bideoak aurkezteko, web-helbide bat eman ahal izango da agirian, bertan kontsultatu ahal izateko.
27. artikulua.– Hautapena eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.
1.– Balorazio-batzordeak txostena egiteko, irizpide hauek aplikatuko ditu:
a) Aurkeztutako proiektuaren garrantzia eta interesa. Horretarako, proiektua bere osotasunean hartuko da kontuan, inplikatutako baliabideak, proposatutako jarduerak edo horien hartzaileak kontuan hartuta (guztizko puntuazioaren % 40).
b) Programaren zehaztasun-maila: helburuak, metodologia eta antolaketa-alderdiak (% 20).
b.1.– Helburuak, antolaketa eta egutegia (0-7 puntu).
b.2.– Erabilitako metodologia (0-5 puntu).
b.3.– Proposatutako baliabide teknikoak, giza baliabideak, baliabide materialak eta sustapen-jarduerak (0-8 puntu).
c) Pertsona edo erakunde eskatzaileak antzeko programak egiten duen esperientzia (% 15)
d) Proposatutako proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa (% 10).
d.1.– Finantzaketa publikoa (FP), deialdian eskatutakoa barne (0-5 puntu). Formula honen bidez kalkulatuko da:
Puntuazioa = 12,5* (% FP) – 5.
Non % FP eta proiektua garatzeko finantzaketa publikoaren ehunekoa berdinak diren.
d.2.– Gastuak (0-5 puntu). Formula honen bidez kalkulatuko dira:
% 55 baino gutxiago: 0 puntu.
% 85 baino gehiago: 5 puntu.
% 55 eta % 85 artean: puntuazioa = [40* (% JSG) - 19]/3.
Non % JSG eta jarduera- eta sustapen-gastuen ehunekoa berdinak diren.
e) Euskararen erabilera proiektuan eta komunikazioa eta hedapenean (% 10).
e.1.– Euskararen erabilera proiektuan (0-4 puntu). Baremo hau erabiliko da:
> % 50 - < % 80: puntu 1, eta > % 80: 4 puntu.
e.2.– Euskararen erabilera komunikazioan eta hedapenean (0-6 puntu).
> % 50 - < % 80: 2 puntu, eta > % 80: 6 puntu.
f) Genero-parekotasuna erantzukizuneko lanpostuetan (irakasleak, kudeaketako eta administrazioko langileak) (% 5).
– 5 puntu emango zaizkie parte-hartzaileek oro har 0,4 eta 0,6 arteko sex ratioa aurkezten duten proiektuei.
– 0 puntu emango zaizkie parte-hartzaileek, oro har, parekotasunetik desbideratuago dagoen sex ratio bat aurkezten duten sorkuntza proiektuei.
2.– Balorazio-baremoko puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ez dira hautaketan sartuko.
3.– Proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema bat aplikatuko da. Horren arabera, proiektu bakoitzak balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera banatuko da zenbateko ekonomiko osoa, ezarritako irizpideen arabera, betiere jaso beharreko laguntzak eskatutako zenbatekoaren % 70 gainditzen badu banaketa proportzional horren arabera.
28. artikulua.– Laguntzen mugak.
Hautatutako proiektu bakoitzari emango zaion gehieneko zenbatekoak ezin izango ditu gainditu honako muga hauek:
– 25.000 euro, 35.000 euroko edo gehiagoko aurrekontua duten proiektuetan.
– 10.000 euro, 35.000 eurotik beherako aurrekontuetan.
– Edonola ere, ez dute aurrekontuaren % 70 gaindituko.
29. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu behar diren agiriak.
Dirulaguntzen onuradun diren pertsona edo erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:
a) Diruz lagundutako jardueraren gauzatzeari, betetze-mailari eta ebaluazioari buruzko memoria zehatza.
b) Gauzatutako aurrekontua, eredu deskargagarriaren arabera: https://www.euskadi.eus
c) Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuen ekarpenak. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena erantsi beharko da, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus
d) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten egiaztagiri guztien zerrenda, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus
e) Egindako gastuaren egiaztagiriak eta fakturak.
f) Katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsio desberdinetako aleak, berariaz adierazten dutela Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela.
30. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari erantzuten diotenak, ezinbestekoak direnak eta deialdi honetan eta emateko ebazpenean edo hark izan ditzakeen aldaketetan ezarritako epearen barruan egiten direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ez da inola ere izango merkatuko balioa baino handiagoa.
2.– Nolanahi ere, agindu honen esparruan diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 30. artikuluarekin bat datozenak.
3.– Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa.
4.– Ez dira diruz laguntzeko gastutzat hartuko espazio eszenikoaren programazioarekin lotutako gastuak.
5.– Proiektuari egotzitako pertsona edo erakunde onuradunaren langileen kostuek, guztira, ezin izango dute guztizko kostuaren % 30 gainditu.
6.– Beste Gastu batzuk, guztira, ezin izango dira aurrekontuaren % 5 baino gehiago izan.
31. artikulua.– Kontratazioa.
1.– Pertsona edo erakunde onuradunak hirugarrenekin hitzartu ahal izango du diruz lagundutako jarduera gauzatzea, gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50eraino, kontratu guztien prezioak batuz.
2.– Kontzeptu horretatik kanpo geratzen dira sustatzaileak diruz lagundutako plana bere kabuz egiteko egin behar dituen gainerako gastuak. Tailerrak edo antzeko prestakuntza-prozesuak egotekotan, kanpo geratzen da, halaber, irakasleen kontratazioa.
3.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak gainditzen baditu, pertsona edo erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, haren ezaugarri bereziak direla eta, merkatuan ez badago horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Efizientzia- eta ekonomia-irizpideen arabera hautatuko da aurkeztutako eskaintzen artean, eta berariaz justifikatu beharko da hautu hori, memoria batean, baldin proposamen ekonomiko merkeenaren alde egiten ez bada. Eskaintza horiek justifikazioarekin batera aurkeztu beharko dira, edo, bestela, dirulaguntza-eskabidearekin batera.
4.– Nolanahi ere, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritako mugak eta betebeharrak aplikatuko zaizkie onuradunei eta kontratistei.
IV. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOEN KALEKO ERAKUSTALDIETARAKO PROGRAMA
32. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak.
1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak EAEko konpainiek aire zabaleko espazio publikoetan 2024. urtean antzeztutako arte eszenikoen (antzerkia, dantza eta zirkua) erakustaldi-programak garatzeko dira.
2.– Honako eskakizun hauek bete behar dituzte erakustaldi-programa horiek:
a) Biztanle-tarte bakoitzerako ezarritako gutxieneko antzerki-, dantza- edo zirku-ikuskizunak programatuko dira:
– 20.000 biztanletik gorako herrietan: bost ikuskizun.
– 20.000 eta 10.001 biztanle arteko herrietan: lau ikuskizun.
– 10.000 eta 5.001 biztanle arteko herrietan: hiru ikuskizun.
– 5.000 eta 1.001 biztanle arteko herrietan: bi ikuskizun.
– 1.000 biztanletik beherako herrietan: ikuskizun bat.
b) Diruz lagunduko diren ikuskizunak bizilekua edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten konpainia profesionalek antzeztuko dituzte. Biztanle-tarteen arabera eskatzen den gutxieneko ikuskizun-kopurua betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko konpainien ikuskizunak ere hartu ahal izango dira kontuan.
c) Berariaz aire zabaleko espazio publikoetan erakusteko diseinatu diren ikuskizunak bakarrik sartuko dira.
d) Ezin izango da sarrerarik kobratu ikuskizunak ikusi ahal izateko.
e) Jaietan programatutako bi ikuskizun ere sartu ahal izango dira gehienez.
3.– Hauek kanpoan geratuko dira:
a) Tradiziozko ekitaldiei lotutako emanaldiak.
b) Beste herri batzuetan antzezteko moduko diseinua ez duten ekoizpenak.
c) Soilik musikalak diren emanaldiak.
33. artikulua.– Erakunde onuradun izateko eskakizunak.
a) Antzezleku egokiak, seinaleztatuak eta mugatuak izatea, indarrean dagoen legediak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak betetzen dituztenak; erantzukizun zibileko aseguru bat izatea programatzen diren ikuskizunetarako, eta lokal egokiak izatea kamerino eta aldagela gisa erabiltzeko.
b) Programaren alderdi tekniko guztiak koordinatuko dituen arduradun bat izatea.
34. artikulua.– Dirulaguntzen banaketa.
255.000 euroko zenbateko osoa honela banatuko da laguntza-modalitate honek barne hartzen dituen 5 biztanle-tarteen artean:
a) 65.000 euro, 20.000 biztanletik gorako herrietan antolatzeko arte eszenikoen kaleko programazioak.
b) 55.000 euro, 20.000 eta 10.001 biztanle arteko herrietan antolatzeko arte eszenikoen kaleko programazioak.
c) 50.000 euro, 10.000 eta 5.001 biztanle arteko herrietan antolatzeko arte eszenikoen kaleko programazioak.
d) 75.000 euro, 5.000 eta 1.001 biztanle arteko herrietan antolatzeko arte eszenikoen kaleko programazioak.
e) 10.000 euro, 1.000 biztanletik beherako herrietan antolatzeko arte eszenikoen kaleko programazioak.
35. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:
a) Pertsona edo erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren identitatea egiaztatzeko agiria.
b) Emanaldi guztien zerrenda.
c) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da, https://www.euskadi.eus helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
36. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
1.– Dirulaguntzak lehiaketa bidez emango dira. Horretarako, 32.2 artikuluan zerrendatutako biztanle-tarte bakoitzean, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, kontuan hartuta aurkeztutako programazioaren kontratazioaren kostua, haien arteko beheranzko lehentasun-hurrenkera ezartzeko.
2.– Prozedura bakoitzean lehentasun-hurrenkera hori ezarri ondoren, honela adjudikatuko dira laguntzak:
a) Lehenengo fasean, aurkeztutako programan sartutako gehienez hiru ikuskizuni dagozkien laguntzak adjudikatuko dira, harik eta, hala badagokio, prozedura horretako aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Aurkezpen-ordenaren arabera aukeratuko dira ikuskizunak.
b) Baldin eta lehenengo fase honetan ez bada agortzen biztanle-tarteren batera bideratutako zenbatekoa, honela jokatuko da:
– Hasiera batean, biztanle-tartearen aurrekontu-zuzkidura agortu delako kanpoan geratu ahal izan diren proiektuen lehen hiru emanaldietarako dirulaguntzak adjudikatzeko erabili ahal izango da sobera dagoen kopurua.
– Bigarren une batean, oraindik ere aurrekontu-zuzkidura badago agortu gabe, diruz lagun daitezkeen hiru emanaldien muga gainditu ahal izango da, lehenengo geratu den eskabidetik hasita, kontuan hartuta aurkeztutako programazioaren kontratazioaren kostua, eta muga unitate batean handituta; horrela hurrenez hurren, aurkeztutako emanaldi guztiak diruz laguntzen diren arte edo aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte.
Bigarren fase honetan, aurkeztutako eskabideen lehentasun orokorra hartuko da kontuan.
37. artikulua.– Dirulaguntzak kuantifikatzeko irizpideak eta mugak.
1.– Emanaldi bakoitzari dagozkion dirulaguntzak aurkeztutako ikuskizunen ordainsariaren arabera (BEZa barne) kalkulatuko dira. Ordainsari gisa ulertuko da kontratatutako alderdiak bere jarduketagatik jasotzen duen kontraprestazio ekonomikoa.
a) Katxearen % 40 lagunduko da diruz (% 45 ikuskizuna euskarazko testu batean oinarrituta badago).
2.– Nolanahi ere, ez dira muga hauek gaindituko:
a) Ikuskizun bakoitzeko dirulaguntza inoiz ez da izango 3.000 eurotik gorakoa (3.200 euro ikuskizuna euskarazko testu batean oinarrituta badago).
b) Erakunde onuradun bakoitzari gehienez 10.000 euro emango zaizkio.
c) Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioarekin ikuskizun bereko emanaldi bat baino gehiago egiten badira, euskarazko bertsioak bakarrik jaso ahal izango du dirulaguntza.
38. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu behar diren agiriak.
Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:
a) Egindako arte eszenikoetako erakustaldien zerrenda.
b) Diruz lagundutako programaren barruan egindako funtzio guztien kontratuak. Kontratu horietan, kontratatutako erakundeak lege, zerga eta lan-betebeharrak betetzeko duen betebeharra adierazi beharko da.
c) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz besteko dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera egina.
d) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten egiaztagiri guztien zerrenda, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus
e) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien fakturak.
f) Fakturen ordainagiriak.
g) Katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko edo soinudunen hizkuntza-bertsio desberdinetako aleak, berariaz adierazten dutela Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dutela.
V. KAPITULUA
SAREA DANTZA-ZIRKUITUA
39. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen arloak.
Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak Eusko Jaurlaritzak 2024. urtean sustatutako SAREA dantza-zirkuitua garatzeko dira.
Dantza-zirkuituko antzokien zerrenda osoa I. Eranskinean dago jasota.
40. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradun izateko eskakizunak.
Laguntza hauek eskatu ahal izango dituzte SAREA dantza-zirkuituko antzokietako programazioetan ikuskizunen batekin parte hartzen duten dantza-konpainiek, baldin eta, 3. artikuluko eskakizunak betetzeaz gain, beste eskakizun hauek ere betetzen badituzte eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen:
– Eskabidea aurkezten den unean jarduera ekonomikoen gaineko zergan, dagokion epigrafean, alta emanda duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea; eta, pertsona juridikoen kasuan, dantza-jardueren garapenarekin bat datorren helburu edo xede soziala izatea.
41. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Dirulaguntza horietarako, guztira, 250.000 euro erabiliko dira.
42. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Pertsona edo erakunde eskatzaileari buruzko agiriak.
a) Pertsona fisikoen kasuan:
– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko agiria.
b) Pertsona juridikoen kasuan:
– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren identitatea egiaztatzeko agiria, bai eta haren ordezkaritza-ahalordea egiaztatzeko agiria ere.
– Identifikazio fiskaleko zenbakia egiaztatzen duen txartela.
– Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz bestelako dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera.
2. Proiektuari buruzko agiriak.
a) SAREA Dantza-zirkuituan sartutako antzezpen guztien egiaztatzen duen agiria.
b) Dantza-zirkuituko antzokiak kudeatzen dituen erakunderen batekin kontratatutako emanaldien kostua egiaztatzeko, kontratuak, aurrekontratuak, kontratua egiteko promesak edo zuzenbidean balioa duen beste edozein betebehar-dokumentu aurkeztu behar da.
43. artikulua.– Dirulaguntzak kuantifikatzeko irizpideak eta mugak.
1.– Emanaldi bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, jarraian adierazitako ehunekoak aplikatuko dira aurkeztutako programan bildutako ikuskizunen ordainsarien gainean (BEZa barne). Ordainsari gisa ulertuko da kontratatutako alderdiak bere jarduketagatik jasotzen duen kontraprestazio ekonomikoa.
a) Euskal Autonomia Erkidegoko konpainiak: ordainsariaren % 45 arte, gehienez 2.500 euro emanaldiko (% 50 baldin eta kontratatutako ikuskizunaren koreografoa emakumea bada).
b) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko konpainiak: ordainsariaren % 40 arte, gehienez 3.000 euro emanaldiko, dantza-zirkuituan egindako emanaldi-kopuruaren arabera (gehienez 3 emanaldi).
2.– Antzoki batean ikuskizun beraren emanaldi bat baino gehiago egiten badira bertsio desberdinetan, horietako bat bakarrik lagundu ahal izango da diruz, euskaraz eginikoa.
3.– Aurreko puntuan ezarritako zenbatekoei aurre egiteko nahikoa baliabide ekonomiko ez badago, laguntzak hainbanatu egingo dira, aurreko puntuan ezarritako irizpideetatik abiatuta eskabide bakoitzari dagozkion dirulaguntzen arabera.
44. artikulua.– Justifikazioa: aurkeztu behar diren agiriak.
Dirulaguntzen onuradun diren pertsona edo erakundeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte 13. artikuluan ezarritako epean:
a) Diruz lagundutako programaren barruan egindako funtzio guztien kontratuak. Kontratu horietan, kontratatutako erakundeak lege, zerga eta lan-betebeharrak betetzeko duen betebeharra adierazi beharko da.
b) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten egiaztagiri guztien zerrenda, helbide honetan eskuragarri dagoen ereduaren arabera: https://www.euskadi.eus
c) Diruz lagundutako programaren barruan egindako emanaldi guztien fakturak.
d) Fakturen ordainagiriak.
e) Beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuen ekarpenen erantzukizunpeko adierazpena. Pertsona edo erakunde onuradunak ez badu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaz besteko dirulaguntzarik jaso, horretarako egindako erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak helbidean eskuragarri dagoen ereduaren arabera egina.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen II. Kapituluan jasotako laguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EE) Erregelamendua, «de minimis» laguntzen Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa. Laguntza hauek «de minimis» moduan izendatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako guztizko laguntza ezin da izan 300.000 eurotik gorakoa, dirulaguntza eman aurreko hiru zerga-ekitaldietan. Diru-kopuru horretatik beherako dirulaguntzek ez daukate eraginik merkataritzan, eta ez dituzte lehia-baldintzak desitxuratzen; hori dela eta, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen III., IV. eta V. kapituluetan jasotako laguntzek ez dituzte betetzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako baldintzak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak eta ez da beharrezkoa Europako Batzordeari jakinaraztea.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatuko dira, eta «Kultura- eta sormen-esparrurako laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Helburua: kultura- eta sormen-sektoreko dirulaguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatzearen alde egindako eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua.
Hartzaileak: gaian eskumena duten administrazioak.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza web-orrian kontsulta dezakezu:
www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/es/transparencia/024300-capa2-es.shtml
Araudia: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bidez, 2. artikuluan esleitutako zenbatekoak handitu ahal izango dira, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 23. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Kontuan hartuta eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta horiek ebatzi aurretik. Horretarako, 2.3 artikuluan aipatutako irizpidea aplikatuko da. Ebazpen hori EHAAn argitaratu beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, pertsona edo erakunde interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 19a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
RSS