
65. zk., 2024ko apirilaren 3a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (141 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
1587
EBAZPENA, 2024ko martxoaren 21ekoa, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita Otxandio eta Ubide (Bizkaia) eta Legutio (Araba) udalerrietan kokatutako «Kastillo» (20 MW) parke eolikoaren eta harekin lotutako azpiegituren proiekturako administrazio-baimena eta ingurumen-ebaluazioa jendaurrean jartzeko izapideari dagozkion alegazioak aurkezteko epea luzatzea.
Espedientea: 01-GE-Y-2022-00001 / 48-GE-Y-2023-00002.
AURREKARIAK
2024ko martxoaren 5ean, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2024ko urtarrilaren 26ko Iragarkia. Horren bidez, jendaurrean jarri ziren Otxandio eta Ubide (Bizkaia) eta Legutio (Araba) udal-mugarteetan dagoen «Kastillo» (20 MW) izeneko parke eolikoaren proiektuaren eta hari lotutako azpiegituren aurretiazko administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskabideak. Iragarki horretan, 30 egun balioduneko epea ezarri zen alegazioak aurkezteko, hau da, 2024ko apirilaren 19ra arte.
Jendaurreko informazioaren izapidean, alegazioak aurkezteko epea luzatzeko eskatu dute Ubideko Udalak eta hainbat partikularrek.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza da espediente hau izapidetzeko eta ebazteko organo eskuduna, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuaren 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontrako manurik egon ezean, Administrazioak, ofizioz edo interesdunek eskatuta, ezarritako epeak luza ditzake, baldin eta inguruabarren arabera komeni bada eta hirugarrenen eskubideei kalterik egiten ez bazaie, baina epe horien erdia baino ezin izango du gehitu.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak adierazten duenez, proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa jendaurrean jarriko dira gutxienez hogeita hamar egun balioduneko epean
Aipatutako lege-aginduak eta oro har aplikatzekoak diren gainerakoak ikusita, Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendariak honako hau
EBAZTEN DU:
Lehenengoa.– Jendaurrean jartzeko izapidearen barruan alegazioak aurkezteko epea 15 egun baliodunez luzatzea erabakitzea, hau da, 2024ko maiatzaren 14ra arte.
Bigarrena.– Ebazpen hau eskatzaileei eta Plauri Energy, S.L. sustatzaileari jakinarazteko eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 31.3 artikuluaren arabera, epeak luzatzeari edo ukatzeari buruzko erabakien aurka ezin da errekurtsorik jarri, hargatik eragotzi gabe prozedura amaitzen duen ebazpenaren aurka dagokiona jartzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko martxoaren 21a.
Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren zuzendaria,
ZIGOR URQUIAGA URQUIZA.
RSS